Euskararen Gramatika

37. Helburuzko perpausak

37. Helburuzko perpausak

37.1. Sarrera. Zer diren. Harremanak kausalekin eta ondoriozkoekin

37.1a Perpaus mota desberdinak sartu izan dira gramatiketan HELBURUZKO PERPAUSEN MULTZOAN. Batetik, perpaus nagusian aipatzen den gertakariaren xedea adierazten dutenak dira, edo, zehatzago esanda, gertakari horren egilearen xedea seinalatzen dutenak; horrelako gehienak -tzeko formarekin edo subjuntiboarekin eratzen dira: Lagunak autoa saldu du etxebizitza erosteko; Mailegua eman diote lagunari etxebizitza eros dezan. ‘Etxebizitza erostea’ da, lehen adibidean, autoa saltzean lagunak izan duen helburua, eta hori bera, bigarrenean, mailegua eman diotenen xedea.

Badira, ordea, forma horiek berak erabili arren borondatezko xedeaz bestelako zertarakoak adierazten dituzten perpausak, hau da, ‘asmorik’ eta berariazko egilerik gabeko erlazioak aditzera ematen dituztenak, hala nola, esate baterako, baliagarritasuna (egokia da likido hau autoa garbitzeko; sasoi egokia da uda atseden har dezagun), gaitasuna (gai da azterketa guztiak gainditzeko), prestasuna (prest nago lanean hasteko), aukera (hizkuntzak ikasteko aukera ematen die ikasleei Erasmus programak) eta horrelakoak.

37.1b Formetan bat datozen arren, aldeak badira perpaus mota bi horien artean. Helburua adierazten dutenak osagai adjuntuak dira, predikatuak hautesten ez dituenak eta, hortaz, aukeraz erantsiak; ‘xedearen’ adierazpena gehitzen diote predikatuak adierazten duenari. Autoa saldu dut perpausak, esaterako, berez du zentzua, bestelako osagairik gabe ere; etxebizitza erosteko perpausa erantsita, berriz, aipatu gertakariak duen xedearen adierazpena gehitzen da. Zein-nahi predikaturekin adierazten dute helburua horrelako perpausek, esaldi gramatikalak eratuz, esanahiaren egokitasuna gorabehera: {Autoa saldu dut ∼ mailegua eskatu dut ∼ lagunekin mintzatu naiz ∼ gogor lan egin dut ∼ korrika ibili naiz ∼ belauniko jarri naiz ∼ zigarroa erre dut…} etxebizitza erosteko. Bestelako zertarakoak adierazten dituzten perpausak, aldiz, predikatuak eskatzen edo hautesten dituen osagarri argumentalak dira —labur, ‘osagarriak’—, haren sare semantikoaren barnean direnak. Beharrezkoak dira osagarri horiek, esaldia herren geratuko ez bada. Gure haurra prest dago esaldiari, adibidez, dagoen dagoenean zerbait falta zaio; osagarria behar du, agerian ez bada isilean —‘zertarako prest dagoen’ adierazten duen osagarria, alegia—. Eta, bestalde, predikatuaren araberakoa da perpausak aditzera ematen duen nozioa: baliagarritasuna, aukera, gaitasuna, nahikotasuna… —ahaleginak egin, aukera izan, egoki izan, baimena izan, balio izan, falta izan, gai izan, gogoa izan, libre izan, prest izan, aski izan eta horrelakoak dira, hain zuzen ere, perpaus horien predikatuak—; kuantifikazioa adierazten duen sintagma ere izan daiteke horrelakoen predikatu: Handiegia da atetik sartzeko. Lehen motakoak ‘helburuzko perpaus‘ adjuntuak dira, hots, ‘helburuzkoak’ zentzu hertsian, eta bigarren motakoak, berriz, ‘zertarako-osagarriak’. Aurrerago azalduko da badirela mota bi horien tarteko perpausak ere, § 37.4.4b.

37.1c Badira, hirugarren, mugimenduzko predikatuen jomuga adierazten duten perpausak, edo, zehatzago esanda, jomugako gertakaria seinalatzen dutenak; -tzera formarekin eratuak dira horrelakoak —-tzen, bizkaieraz—, eta predikatuak bere sare semantikoan integratzen dituen perpaus osagarriak dira hauek ere, ‘zertara-osagarriak’ (erosketak egitera joan da azokara; garbitzera eraman du autoa). Joan, bidali, bultzatu, eraman eta horrelakoak dira perpaus hauen predikatuak.

37.1d Gramatikak ez datoz bat perpaus hauen sailkatze kontuan. Batzuek lehen motako perpausak bakarrik sartzen dituzte ‘helburuzkoen’ multzoan, hau da, berariazko egilearen xedea adierazten dutenak. Beste batzuek, berriz, formetan eta nolabaiteko xede-esanahian dituzten antzak kontuan hartuta, hiru perpaus motei egiten diete leku ‘helburuzkoen’ multzo zabalean, zentzu hertsiko helburuzkoez gain, baita zertarako-osagarriei eta zertara-osagarriei ere. Gramatika honetan aurreko motakoei ematen zaie ‘helburuzko’ deitura zehatza, eta horiek aztertuko dira berariaz kapitulu honetan; beste biei buruzko aipamenak ere egingo dira, hala ere, han-hemen, helburuzkoekin dituzten antzak eta aldeak agertzeko, baina horrelakoen azalpen betea perpaus osagarrien kapituluan egiten da.

37.1e Zentzu hertsiko helburuzko perpausen oinarrian gertakari biren arteko KAUSA-ONDORIO erlazioa dago, beste perpaus mota batzuen oinarrian bezala. Besteetan ez bezala gauzatzen da, ordea, erlazio hori helburuzkoetan. Izan ere, izaera bikoitza erakusten dute hauek. Alde batetik, bistan da, perpaus nagusiko gertakariaren ondorio dena seinalatzen dute —autoa saltzearen ondorio da etxebizitza erostea, goiko adibidean—; ondorio hori, ordea, ez da gertakari gauzatu moduan agertzen, gertakizun moduan baizik, hau da, egilearen borondatean dagoen ondorio moduan. Helburuzko perpausak, hain zuzen ere, ez du berez ondorioa gauzatu denetz esaten —hori beste nonbaitetik jakin dezakegu edo testuinguruari esker ondorioztatu—; gertakari nagusiaren egileak ondorio hori lortzea duela xede, hori da helburuzko perpausak dioena. Beste alde batetik, berriz, xede hori perpaus nagusiko gertakariaren eragilea ere bada —etxea erosteko asmoak eragin du autoaren saltzea, adibidean—. Ondorioa eta eragilea da, hortaz, helburuzko perpausak aipatzen duen gertakaria; helburua eta kausa aldi berean. Eta ezaugarri hori dute bereizgarri, hain zuzen ere, helburuzko perpausek, kausa-ondorio erlazioari dagokionez, hurbileko dituzten beste perpaus moten aldean.

37.1f Hurbilekoak dituzte, hasteko, kausazko perpausak, helburua eragile ere baden neurrian (§ 38.1.2). Antzeko ezaugarriak dituzte perpaus mota biek. Batetik, zergatik motibatiboari erantzun diezaiokete batzuek eta besteek: Zergatik mugitu duzu aulkia? —{Traban zegoelako ∼ Trabatik kentzearren}. Helburuaz galdetzen duen zertarako galdetzailea —zertako, zerendako, aldaerak— kausaz galdetzeko ere erabiltzen da, zergatik komunaren pare: Zertako ez haiz gurera agertu? (Epaltza). Postposizio motibatiboekin eginiko -tzeagatik eta -tzearren formek kausazko nahiz helburuzko perpausak era ditzakete, kausa bezala helburua ere izan baitaiteke gertakariaren motibo: Marka ontzeagatik {sari handia eman diote ∼ entrenamendu gogorrak egiten ari da}. Aurrerago ikusiko den bezala, bestalde, antzeko jokabide sintaktikoak dituzte kausazko perpausek eta helburuzkoek, predikatuaren barneko eta kanpoko konplementuak eratzeari, galdegaien kontrasteari eta horrelakoei dagokienez.

Aldeak ere badira, ordea, perpaus mota bien artean. Kausazkoek adierazten duten gertakaria gertakari nagusiaren aurrekoa, edo aldiberekoa, da beti: Euria egin duelako daude kaleak bustita; Gazteegia delako baztertu dute. Helburuzkoak, aldiz, prospektiboak dira, gertakari nagusiaren ondoko gertakaria aipatzen baitute beti: Autoa saldu du etxebizitza erosteko —aurrena autoa saldu, ondoren etxebizitza erosi—. Gauzaturiko gertakaria ematen dute aditzera kausazkoek (‘euria egin du’, ‘gazteegia da’, adibideetan) eta gertakizun dena, berriz, helburuzkoek (etxebizitzaren erosketa gertakizun da autoa saldu duenean). Helburuzkoek, bestalde, berariazko egilea eskatzen dute; ez hala kausazkoek, hauetan kausa borondateduna nahiz borondateaz bestelakoa izan baitaiteke. Ezaugarri horiek bereizten dituzte, hain zuzen ere, aurrerago ikusiko den bezala, -tzeagatik eta -tzearren formetako kausazko perpausak eta forma horiek berak dituzten helburuzkoak (§ 37.5.1).

37.1g Ondoriozko perpausak ere helburuzkoen hurbilekoak dira, semantikari dagokionez, perpaus nagusiko gertakariaren ondorioa aipatzen baitute biek, baina aldea bada hauen artean ere. Ondoriozkoek ondorio gauzatua aipatzen dute, egilearen borondatea gorabehera burutua: Leherketa hain handia izan da, non denak isil-isilik gelditu baitira. Helburuzkoek, berriz, esan bezala, gertakizun den eta berariazko egilearen borondateari dagokion xede-ondorioa ematen dute aditzera: Garrasi egin die irakasleak, isil daitezen. Lehen adibidean ‘denak isiltzea’ gauzaturiko ondorioa da, perpaus nagusian berariazko egilerik aipatzen ez delarik; bigarrenean, berriz, irakaslearen borondatea ematen da aditzera perpaus nagusiko gertakarian eta ondorioa, ‘ikasleak isiltzea’, gertakizun da. Argi ikusten da perpaus mota bien aldea biak biltzen dituen esaldi honetan: Lehenbailehen ikasten has zitezen irakasleak halako errieta egin zien, non ikasle denak isil-isilik gelditu baitziren; lehen mendekoak, helburuzkoak, irakasleak lortu nahi duen ondorioa ematen du aditzera (ikasleak ‘ikasten hastea’); bigarrenak, ondoriozkoak, gauzatutako ondorioa (ikasleak ‘isil-isilik gelditzea’).

Hauek dira, bada, labur esanda, kausa-ondorio erlazioan helburuzko perpausek dituzten ezaugarri bereizgarriak: perpaus nagusian xedea lortu nahi duen berariazko egile bat aipatzen dela, eta xedea, bistan dena, gertakari nagusiaren ondokoa dela.

37.1h Xedea adierazteko, subjuntiboaz beste, -(ra)ko, -tzat, -gatik edo -arren postposizio destinatibo edo kausazkoekin eraturiko sintagmak erabiltzen dira batez ere. Postposizio horiek perpaus nominalizatua gobernatzen dutenean helburuzko perpausak eratzen dira —edo zertarako-osagarriak, -ko atzizkiaren kasuan, baina izen sintagma arrunta gobernatuz ere erabil daitezke, genitiboari erantsita zenbaitetan, zentzu zabaleko helburuarekin zerikusia duten sintagmak eratuz (etxerako, zuretzat, diruagatik…). Postposizio sintagmak dira denak, baina batzuetan perpausa dute bere gobernuaren pean, perpaus nominalizatua —[PS [(etxera lehenbailehen iriste)a]gatik]—, eta besteetan ohiko izen sintagma —[PS [(sari)a]gatik]—.

Gertakariaren onuraduna —pertsona edo gauza— seinalatzen dute askotan izenarekin eginiko sintagma hauek: Lagunarentzat erosi dut liburu hau; Etxerako erosi dut margo polit hau; gertakari izenarekin eginak direnean, berriz, gertakariaren gauzatzea seinalatzen dute eskuarki helburu bezala: Erabaki ezazu behingoz eguna ezkontzarako, hots, ‘ezkontza egiteko’; onuradunik edo gertakari izenik ez denean, aditzen bat suposatzen da askotan, sintagmari bere esanahia ematen diona: Oporretarako erosi du liburua, ‘oporretan irakurtzeko’; Hazitarako utzi, ‘hazia eman dezan’; Diruagatik egin du lan gogor hori, ‘dirua irabazteko’. Motibatiboak kausa zein helburua adieraz dezake sintagma hauetan ere: Sariagatik {poztu da ∼ ari da hainbeste saiatzen}, hots, ‘saria irabazi duelako’ edo ‘saria irabazteko’.

Helburua adieraz dezakete, halaber, «[-tzeko + izena] + postposizioa» egiturako sintagmek, izenak asmoa edo xedea adierazten duenean (irabazteko asmotan, garaiz iristeko helburuz, laguntzeko xedearekin); -tzeko izenlaguna duen izen sintagmarekin eginiko postposizio sintagmak dira horiek: [PS [[(laguntzeko) xede]a]rekin]. Sintagma mota honetatik sortuak dira, hain zuzen ere, helburuzko perpausak egiteko erabiltzen diren forma zenbait; izena isilpean utzita eratutako formak izan daitezke horrelakoak, hala nola -tzekotan (irabazteko asmotan > irabaztekotan), edo erabilerak forma finko bilakatuak, hala nola -tzeko amoreagatik, non amoreagatik postposizio bilakatu den (irabazteko amoreagatik).

Postposizio sintagma horiek bere lekuan aztertuak direnez (ikus 21. kapitulua), gobernupean perpausa dutenak, hots, helburuzko perpausak, aztertuko dira kapitulu honetan.

37.2. Helburuzko perpausak: formak eta motak

37.2.1. Formak

37.2.1a Subjuntiboa bera aski da, -n morfema duena, beste atzizki edo partikularik gabe, helburuzko perpausak eratzeko: Liburu bat oparitu diot oporretan irakur dezan. Helburuaren nozioa areago markatzeko, hala ere, postposizio motibatibo bat erantsi izan zaio inoiz subjuntiboari, «egin {dezantzatdezangatikdezan amoreagatik}» gisako forma konplexuak eratuz, edo partikula bat eman aurretik, «{amoreagatik (eta)arren (eta) ∼ nahiz(ik) eta} egin dezan» gisakoak antolatuz; egin dezan beldurrez eta beldurrez egin dezan gisakoek, berriz, ezezkako helburua ematen dute aditzera, saihestu nahi dena, alegia. Menderagailu konplexutzat har daitezke, bada, -ntzat, -ngatik, -n amoreagatik, amoreagatik …-n eta gainerakoak. Foma konplexu horien erabilera, halaz ere, urritzen joan zen XIX. eta XX. mendeetan zehar, aurrerago azalduko den bezala.

37.2.1b Adizki jokatugabea dutenetan, -tzeko forma da helburuzko perpausetako formarik maizkoena: Liburu bat erosi dut oporretan irakurtzeko. Helburuzko esanahia areago markatzeko, berriz, postposizioa eransten zaio inoiz forma honi ere, -tzekotzat, -tzekotz, -tzekotan eta -tzeko amoreagatik forma konplexuak eratuz.

Postposizio motibatiboa duten -tzeagatik eta -tzearren formek ere helburuzko perpausak eratzen dituzte: Lanera garaiz iristeagatik jaiki naiz horren goiz; Mina arintzearren hartzen ditut botika horiek.

Alde(ra) postposizioarekin eraturiko -tze alde(ra) forma ere erabiltzen da gaur egun helburuzko perpausak eratzeko, besteak beste: Protestak iragarri dituzte, presioa egite aldera; Beldurrak airean geunden, egia esate aldera.

37.2.1c Forma jokatugabe horiek guztiak -tze atzizki nominalizatzailearen gainean eraikiak daude, ikusten denez. Atzizki hori aditzoinari eransten zaio —dagozkion egokitzapen fonetikoak eginda—, eta, horrela, aditz izena eratzen dela esan ohi da (ekartze, egite, igarotze…) (§ 25.3). Esan behar da, edozein kasutan, atzizkia aditzari itsasten bazaio ere eta, hortaz, aditz izenaz mintzo garen arren, perpaus osoa dela nominalizatzen dena361. Dirua aurrezten ari naiz etxe berria erosteko esaldian, adibidez, (nik) etxe berria eros perpausa da -tze atzizkia hartuta nominalizatu dena edo, bestela esanda, -tze nominalizatzaileak gobernatzen duena: [(nik) etxe berria eros]te. Eta horri eransten zaio -ko postposizioa, edo, kasuan-kasuan, -gatik, -arren edo aldera postposizioak.

Hori horrela izanik, -tzeko, -tzeagatik, -tzearren eta -tze aldera formez mintzo garenean, hau adierazi nahi dugu: forma horiek aditzari eransten zaizkiola, bai, baina honek biltzen duen perpaus osoari dagozkiola; perpaus nominalizatuari helburua adierazten duen postposizioa erantsita eratzen dela, alegia, helburuzko perpausa: [HelP [Pnom [P nik etxe berria eros]te]ko]. Erabilerak, ordea, batu eta gramatikalizatu egin ditu -tze + -ko, -tzea + -gatik, -tzea + -arren edo -tze aldera multzoak, besteak beste helburuzko perpausak egiteko erabiltzen diren -tzeko, -tzeagatik, -tzearren eta -tze aldera forma finkoak eratuz. Hortaz, honela aurkezten ditugu hemen perpausok: [HelP [P nik etxe berria eros]teko]362.

37.2.1d Hona, bada, labur bilduta, helburuzko perpausen formak:

a) Perpaus jokatuak, subjuntibodunak

subjuntibo soila (egin dezan)

«subjuntiboa + postposizioa»:

(egin {dezantzat ∼ dezangatik ∼ dezan amoreagatik ∼ dezan beldurrez})

«partikula + subjuntiboa»:

({amoreagatik (eta) ∼ arren (eta) ∼ nahiz(ik) eta, ∼ beldurrez} egin dezan)

b) Perpaus jokatugabeak, aditz izenaren gainean eraikiak

-tzeko soila (egiteko)

«-tzeko + postposizioa»: -tzekotzat, -tzekotz, -tzekotan eta -tzeko amoreagatik

-tzeagatik eta -tzearren motibatiboak

-tze aldera

37.2.2. Motak

Jokabide sintaktikoari dagokionez, kausazkoen antzeko ezaugarriak dituzte helburuzko perpausek (§ 38.2). Predikatuaren barneko nahiz hartaz kanpoko konplementu izan daitezke hauek ere; kanpokoak, dena dela, maiztasun txikikoak dira.

37.2.2a Helburuzko perpausak predikatuaren barneko osagaiak dira gehienetan, hura —ez perpaus osoa— modifikatzen dutenak. Hortaz, ezaugarri jakinak dituzte: informazio berria dakarren galdegaia izan daitezke, zertarako? galderari erantzunez: Zertarako erosi duzu liburu hori? —Oporretan irakurtzeko, edo galderarik gabe: Oporretan irakurtzeko erosi dut liburu hori; bai-ez kontrastean ere erabil daitezke, helburuzko perpausa ukagaia delarik: Ez dut liburua besteri emateko erosi, neronek irakurtzeko baizik; kontrastean ematen direnak helburuzkoak eta kausazkoak izan daitezke: Ez dut hori esan zuri poza emateagatik, egia delako baizik; perpausari hanpadura berezia ematen dioten murriztaileak onartzen dituzte: Egia esan, Irujo jokatzen ikustearren bakarrik merezi du etortzea (Berria); Zertarako eman zait bestela adimenaren argia, bilatzeko baizik? (Txillardegi); beste helburuzko perpausekin, kausazkoekin edo postposizio sintagma destinatibo nahiz motibatiboekin juntatuak eman daitezke: Etxea apaintzeko eta lagunari poza ematearren ekarri dut margo eder hori; Berandu delako eta etxera garaiz iristearren hartu dut autobusa; Osasunagatik eta naturaz gozatzeko egin dut ibilbide hori.

Predikatuaren barneko perpaus hauek bere hartan uzten dira haien nagusia beste baten mendekoa denean ere: Gizartean aurrera egiteko gezurretan aritzen dena ez da urrutira joango; Mailegua etxebizitza erosteko eskatu zuen arren, jokoan gastatu du diru guztia.

37.2.2b Predikatuaz kanpoko konplementu ere izan daitezke perpaus hauek zenbaitetan, hau da, perpaus osoaren modifikatzaile. Helburuzko perpausak ez du horrelakoetan predikatuak esaten duenaren xedea azaltzen, esatearena berarena baizik: Don Kijotek, egia esateko, gauza harrigarri asko egin zituen. ‘Egia esatea’ ez da, adibidean, Don Kijotek gauza harrigarri asko egitearen helburua, enuntziazioarena berarena baizik; ‘egia esateko diot hori’, alegia. Aurrerago ikusiko den bezala, esapide birformulatzaile gisa erabiltzen dira zenbaitetan horrelakoak.

Ondoko adibideek erakusten dute argiro perpaus mota bien arteko aldea. Diapositibak erabili ditu hitzaldian gauzak zehatzago adieraztearren esaldian predikatuaren barnekoa da mendeko perpausa, aditz nagusia modifikatzen baitu; diapositibak zertarako erabili dituen ematen du aditzera. Erakunde horren barnean, gauzak zehatzago adieraztearren, estatu behartsuek bakarrik ez, baita estadu aberatsek ere parte hartzen dute (Argia) esaldian, berriz, mendekoa predikatuz kanpokoa da, perpaus osoa modifikatzen baitu; ‘gauzak zehatzago adieraztea’ ez da estatuek erakundean parte hartzearen helburua, hori esatearen helburua baizik —‘hau diot gauzak zehatzago adieraztearren’, alegia—.

37.3. Subjuntiboarekin eginiko helburuzko perpausak

37.3.1. Subjuntibo soilarekin eginak

37.3.1a Helburuzko perpausak eratzeko aditz jokatugabea dutenak dira erabilienak, -tzeko forma batik bat. Zenbaitetan, hala ere, batez ere perpaus nagusiko subjektua eta helburuzkoarena erreferentziakide ez direnean, subjuntiboa erabil daiteke: Liburu bat ekarri dut oporretan irakur dezazun; Nehork ez zezan ezagut, eskale errumesenaren itxura hartu zuen (Laphitz); Madian ez da zure eskuan jarriko, Israel harrotu ez dadin, eta esan ez dezan: nire indarrez libratu nintzen (Lardizabal). Aditza orainaldikoa nahiz iraganaldikoa izan daiteke, aurreko adibideetan ikusten den bezala, baina baita baldintza hipotetikoari dagokiona ere: Dirua emango balio etxea eros lezan, mesede handia egingo lioke. Helburuzko balio hori du subjuntibo soilak aditzaren adjuntu denean, goiko adibideek erakusten duten bezala.

Esan den moduan, perpaus nagusiko subjektua eta helburuzkoarena erreferentziakide ez direnean izaten da helburuzko perpausean subjuntiboa erabiltzeko aukera: Naiarak liburu bat ekarri du, (zuk) oporretan irakur dezazun, ‘hark-zuk’. Subjektuek erreferentzia bera dutenean, berriz, -tzeko forma izaten da aukera ia bakarra, beherago aipatuko diren salbuespenak salbuespen. Hala, esate baterako, Naiara bera denean liburuaren irakurlea Naiarak liburu bat ekarri du oporretan irakurtzeko esaten da, eta ez #Naiarak liburu bat ekarri du oporretan irakur dezan, azken hau entzunda, liburuaren irakurlea beste bat dela ulertzen baita. Beste subjekturik ulertu ezin denean, berriz, perpausa ez-gramatikala da: *Autokarabana alokatu dugu oporretan Italiara joan gaitezen.

37.3.1b Salbuespenak baditu, hala ere, arau horrek, subjektuek erreferentzia bera dutelarik ere erabiltzen baita inoiz subjuntiboa, -tzeko formaz beste. Hori gertatzen da, esate baterako, perpaus nagusiko subjektua agente ez denean: Gure laguna hautatua izan da festetako pregoia irakur dezan; Uretan ipintzen da bakailaoa, bera dadin. Adibide horietan perpaus nagusiaren eta mendekoaren subjektu gramatikalek erreferentzia bera dute (‘laguna’-‘lagunak’, ‘bakailaoa- bakailaoa’), baina nagusiarenak ez dira, bistan da, agenteak, gertakariaren objektua baizik, eta agentea besteren bat dela suposatzen da: ‘gure laguna hautatu dute’, ‘bakailaoa uretan ipintzen dute’ (‘haiek-hark’ eta ‘haiek-hura’, beraz). Gauza bera gertatzen da helburuzkoaren subjektua agente ez denean ere: Foru ogasunarekin arazorik izan ez dezadan, akzioak saltzen hasiko naiz; ‘arazorik paira ez dezadan’ esan nahi du esaldi horretako helburuzkoak, non ‘ni’ hartzailea den, ez agentea. Eta areago gertatzen da hori, noski, ez subjektu batak ez besteak ‘agente’ ezaugarria ez dutenetan: Liburuak marrazkiak izango ditu, atseginagoa izan dadin; ‘liburua marrazkiz {hornituko dute ∼ hornitua izango da}’ esan nahi du perpaus nagusiak, eta ‘atsegina izatearen’ subjektua ere ez da agentea. Horrek argitzen du, hain zuzen ere, ondoko esaldi bien arteko aldea: Retegiri deitu diot finalean leku egokian izan nadin, baina *Retegiri deitu diot, finalerako sarrera lor dezadan. Hitz batean esateko: subjektuak erreferentziakide izatea debeku du subjuntiboak biak agente gisa ulertzen direnean.

37.3.1c Subjuntiboa erabil daiteke, halaber, subjektuek erreferentzia bera izanik ere, perpaus nagusia aginterazkoa denean: Ibil zaitez poliki, eror ez zaitezen; Jan ezazu neurriz, […], ase eginik oka ez dagizun (Axular). Eta berdin perpaus nagusiak nahi edo behar gisako modalitatea duenean ere: Batasuna lortu behar dugu, bakean bizi gaitezen; Gaia ongi azal dezazun, sakon aztertu beharko duzu aurretik.

Orobat, azkenik, onartzen da subjuntiboa erreferentziakidetasuna partziala denean, hau da, helburuzko perpausaren subjektua nagusikoa barnean izanik hura baino zabalagoa denean: Etxea handitu dut, denak kabitu gaitezen.

37.3.1d Predikatuaren barneko konplementua da eskuarki helburuzko perpaus subjuntibozkoa, eta, hortaz, gorago aipatu diren ezaugarriak ditu (§ 37.2.2a). Esaldiaren galdegaia izan daiteke, zerta(ra)ko edo zergatik galderei erantzuten diena: Zertarako itxi duzu atea? —Kaleko hautsa sar ez dadin; edo, berdin, aditzaren aurre-aurreko ohiko lekuan kokatua: Kaleko hautsa sar ez dadin itxi dut atea, baina haren ondoan ere eman daiteke, perpausa luzea edo pisua denean, horrelakoetan ohikoak diren eten-intonazioak eginez: Atea itxi duthaizeak kaleko hautsa gela barrura ekar ez dezan. Horretarako, horregatik edo gisa horretako aurrekaria izan dezake perpausak: Neure ibilera makurren berri […] horretarako bakarrik eman gogo nioke inori: hurrengo beste bat eskarmenta dezan (Mitxelena). Bai-ez kontrasteko perpausetan ere erabil daiteke: Jainkoak ez du bere Semea mundura bidali, mundua gaitzestera, mundua haren bidez gaizka dadin baizik (Iraizoz); Argitu nahi zaitut, ez baitezpada ene buruaren garbitzeko, bainan Jesu-Kristok goretsi duen bertute bat ez dezazun zuk apalets (Laphitz).

Gainerakoetan aditz nagusiaren ondoan dute perpaus hauek ere ohiko lekua: Errieta egin diet, geldi egin daitezen; Leihoa ireki dut, gelako airea berritu dadin. Helburua nabarmendu nahi denean, hala ere, aditzaren aurrean eman daitezke, mintzagai aurreratu moduan: Erabat senda zaitezen, egunero hartu behar dituzu botika hauek.

37.3.1e Aipatzekoa da, bestalde, adizki nagusiaren ondoan ematen dela maiz laguntzailea ezezkako perpausetan, lokabeetan ez bezala; etor ez dadin gisara, alegia, eta ez ez dadin etor gisara. Segida hori hobesten dute idazleek, Hegoaldekoek zein Iparraldekoek: Gero okerrik izan ez dadin orain kontuak atera (Txirrita); Joan behar dut, etxean artega egon ez daitezen (Etxaide); Bere ahotsaren oihartzuna gal ez dadin, ez dut inorekin hitzegin nahi (Txillardegi); Gibela ezazu zeure oina adiskidearen etxetik, ez han maiz ibil, ase ez dezazun (Axular); Gauden erne sar ez dadin ahalke hori gutara (Zaldubi); Bidearen erdi-erditik gu, eztiki, leunki, inarroste den gutienik izan ez dadin (J. Etxepare). Ez da debeku, hala ere, laguntzailea nagusiaren aurrera pasatzea, hots, ezezkako lokabeetan ohikoa duen lekura: Hiru barnetan ezarriak ditugu, elkarrekin ez daitezen gurutza (Larzabal); Horrexegatik, nagiak aitzakiarik ez dezan izan, arindu zion bidea irakurleari Urkixo jaunak (Mitxelena); Ihes egin nuen hemendik, ez zezaten nirekin egin, nire gizonarekin egin zutena (Aresti).

37.3.1f Eskuarki predikatuaren barneko osagaia bada ere, esaldi jakin batzuetan haren kanpoko konplementu gisa erabiltzen da inoiz subjuntibozko perpausa, enuntziazioaren helburua seinalatzen duen azalpen moduan: Azkeneko arrantzalea ere, jakin dezazun, bere gorbatekin joango da arrantzara; […] bere gorbata ederra han eramango du lepoan dotore jarria (Iraola); Argiroago jakin dezazun, lehenengo hiztuna Alkatea zen (Azkue). ‘Zuk argiroago jakitea’ ez da ‘lehenengo hiztuna alkatea izatearen’ helburua, noski, esatearena berarena baizik; ‘jakin dezazun esaten dizut hori’ da perpaus horrekin adierazten dena.

37.3.2. Subjuntiboa postposizioarekin edo aurretiko partikularekin

37.3.2a Subjuntibo soila helburuzkoak eratzeko aski marka bada ere, zenbaitetan postposizioa edo aurretiko partikula bat erantsi izan zaio, helburuzko esanahia areago markatzeko (egin dezantzat, egin dezangatik, egin dezan amoreagatik, arren (eta) egin dezan…). Aurreko mendeetan horrelako formak erabiltzeko joera zuten idazleek, Iparraldekoek batez ere. Gaur egun, ordea, helburuzko perpaus jokatuak eratzeko subjuntibo soila erabiltzeko joera dago, hori aski marka delakoan363.

37.3.2b Hala, -tzat postposizio destinatiboa erantsita eginiko «subjuntibo + -tzat» forma maiz erabili izan zuten aurreko mendeetako idazleek, Iparraldekoek batik bat. Ohiko lekuan kokatua ageri da askotan, aditz nagusiaren eskuinean: Etsenplua eman dizuet, nik egin dudan bezala zuek ere egin dezazuentzat (Duhalde); Lehenbizikoak oihalaz estaltzen eta estekatzen dio buru guzia, oihurik egin ez dezantzat (J. P. Arbelbide). Haren ezkerrean ere eman daiteke, mintzagai aurreratu gisan: Zure ospe betikoa nik ardiets dezadantzat, zuk zer egin ez duzu? (Duvoisin). Inoiz, horretarako aurrekaria duela ere ageri da, galdegai gisa: Horretarako gara xoilki munduan, gai bihur gaitezentzat hartaz eternitatean gozatzeko (Jauretxe). Batzuetan, baizen partikularekin: Zeren Jainkoak ez baititu permetitzen gure erorikoak, […] lehen baino hobeki gure buruak ezagut ditzaguntzat baizen (Haraneder). Eta bai-ez kontrastean: Gudura bihurtu behar dugu gure bihotza betikotz garbitu nahi dugun bizio haren kontra; harenzat ez xoilki herra saindu bat kontzebi dezaguntzat, baina oraino hura mespretxatzekotzat (Haraneder).

Hegoaldeko idatzietan ez da hainbeste ageri forma hau, baina idazle batzuek erabili izan dute, hala nola, esate baterako, Añibarrok eta Enbeitak: Zeuretu nagizu, zeurea guzti hau izan nadintzat, (Añibarro); Jel bidez beti zintzo egin dagigun lana, zoriondu dadintzat Euzkadi laztana (K. Enbeita); Esan, bai, poztu nadintzat (Otxolua)364.

XIX. mendean urrituz joan zen forma honen erabilera, baina han-hemen ageri da ondoko urteetan ere: Itxasoan urrutitik ere ikusi dadintzat nonbait [jarria dago ermita]: goi-goian eta zuri-zuria (M. Lekuona); Bestalde, irlandazale batzuek liburu-klub bat moldatu dute, 2500 harpidedun dituena, Irlandarazko argitalpenak hobeki sal daitezentzat (Mirande).

37.3.2c Halaber, -gatik motibatiboarekin eraturiko «subjuntiboa + -gatik» forma erabili izan dute Iparraldeko idazleek helburuzko perpausak eratzeko. Perpaus nagusiaren ondoan kokatua ematen zuten hau ere, ohi bezala; hala, esate baterako, hura agintera denean: Emaiezu zure zerbitzarien arimei bere bekatu guztien barkamendua, ardiets dezatengatik gure orazione umilen moianez beti desiratu duten grazia (Gazteluzar); Zerbait onik baduzu, sinets ezazu bertzeek hobeagorik dutela, umiltasuna begira dezazungatik (Pouvreau). Baina haren aurrean ere eman daiteke, mintzagai aurreratu moduan: Horrela egitera gonbidatzen zaitut, eta hobeki endelega dezazungatik, jakin ezazu pairatzen ditugun gaitzetarik batzuk direla mendretsiak, eta bertzeak direla ohorezkoak (Pouvreau). Zergatik? galderari erantzun diezaioke: Eta zergatik galdegin zion honela? Bere bekatua gogora zezan eta gogorarik kofesa zezangatik (Axular). Eta galdegai ‘atzeratu’ moduan ere erabil daiteke: Zenbat Kortezale ehunetan urtean sartzen dira Printzearen ganbaran hari mintzatzeko esperantzarik gabe: bainan xoilki hark ikus ditzangatik (Pouvreau). Pouvreau izan zen forma hau maizenik erabili zuena baina, ikusten den bezala, ez zen bakarra izan.

37.3.2d Idazle batzuek -gatik hau postposizio asketzat dutela dirudi, aditzetik bereiz idatzita ematen baitute (nadin gatik, dezan gatik). Zenbaitetan koordinazioz juntaturiko subjuntiboetako azkenaren ondoan ematen da postposizioa: Ezen inspirazione saindu hura [heldu zaizu…], bertuteetan aitzina zaitezen, umiltasun handiagoan jar zaitezen, etorkizuneko guduetara prepara zaitezen, niri zure bihotz osoz atxeki diezadazun, eta ene zerbitzatzera borondate bero batez entseia zaitezengatik (Pouvreau).

Hegoaldeko idazleek ez dute forma hau erabili, salbuespen batzuk gorabehera: Ama Birjinari errezatu hirur Abe Maria goarda dezangatik garbi gure gorputz arima, ta libra gaitzan amets gaiztoetatik (Lizarraga); Batzuei itxaroten die Jaungoikoak luzaro; eta beste batzuei ez hainbeste. Eta zergatik ez? Denik bekatu mortal txikiena bere egiten, beldur izan gaitezengatik (Añibarro)365.

Forma honen erabilera ere urrituz joan zen XIX. mendetik aurrera. XX. mendeko idazle batzuek erabiltzen dute, halaz ere, inoizka: Hastetik berehala ematen ditut izenak […], ez dezazuengatik uste izan ez naizela egiaz mintzo (Hiriart-Urruti); [esku huskako partida zer den] jakin dezazungatik, ene haurtasuneko [partida] batez mintzatuko natzaizu (J. Etxepare).

37.3.2e Postposizio horren lekuan amoreagatik postposizioa ere erabili izan da helburuzko esanahia areago markatzeko, «subjuntiboa + amoreagatik» forma eratuz (izan dadin amoreagatik)366. Aldaera bat baino gehiago ditu postposizio honek: amoregatik, amoreagatik, amoreakgatik, amurekatik (zubereraz)367.

Horrela eraturiko perpausa ere perpaus nagusiaren eskuinean ematen da maiz: Aitzitik pazientzia handi batekin iguriki didazu orain artean, egiazko penitentzia batez zuregana itzul nendin amoreagatik (Materre); Zer inguru eta gorabehera darabil zuri kalterik etor ez dakizun amoreagatik (Harizmendi). Aditzaren aurreko mintzagai ere izan daiteke: Halarikan ere osoki satisfatuak geldi zaitezten amoreagatik, oraino nahi nizueke xeheroki erakutsi, hala bataren egiazko abantailak, nola bertzearen enganio, eta lausengu itxurapenezkoak (Etxeberri Sarakoa). Inoiz, zertako edo zergatik galderei erantzuteko erabiltzen da: Zertako uste dugu Jainkoak eztitasun hauek ematen dizkigula? Bat bederaren aldera eme, eta harengana amoriotsu garen amoreagatik (Pouvreau); Zergatik pizteko egon zen hirurgarren eguneraino? Haren hiltzearen eta piztearen gainean dudarik batere izan ez zedin amoreagatik (Akizeko katixima). Galdegai ‘atzeratu’ gisa: Kontserbatu ditu zauri sakratu haien markak, izan daitezen amoreagatik giristinoentzat graziazko eta benedikzionezko iturburuak (Jauretxe). Bai-ez kontrastea adieraziz: Zeren obligatu zara exenplo onaren emaitera […] ez zure saindutasuna ager dadin, baina Jainkoa lauda dadin amoreagatik (Axular).

37.3.2f Barneko ordenari dagokionez, ohikoa da «subjuntiboa + amoreagatik» forma mendeko perpausaren amaieran ematea: Haien imitatzera entseia gaitezen, haiek bezala, gu ere Jainkoari agrada gakizkion amoreagatik (Jesusen Bihotz). Baina haren hasieran ere eman daiteke: Emadazu entelegia, jakin ditzadan amoreagatik zure manu saintuak (Maister). Eta are tartean ere: Itzultzen da Iruiñera, zeinaren murailak, erreboltaturik altxa ez zekion amoreagatik, aurtiki baitzituen lurrerat (Etxeberri Sarakoa).

XIX. mendearen azkena arte erabilia izan zen forma hau Iparraldeko idatzietan. XX. mendean, berriz, forma horren aldeko den Villasantek erabili zuen aski maiz eta urriago beste batzuek: Hori, bai, testua, beronen aipamenak errazago egin daitezen amoreagatik, ataletan banatu dugu eta atal bakoitzari dagokion zenbakia orri-bazterrean ezarri zaio (Villasante); Aro horretako gizonek zer egiten zuten? Jainkoak eta Jainkosak erruz asmatu, gure eginbideen sostenguak izan zitezen amoreagatik (Villasante); Kastelak besoa tinkatzen zion, isil zedin amoreagatik (Borda); Urrikalpen hura, ordea, oker-ulertze batean zegoen oinarriturik: dolumin-adierazpenak egiten zitzaizkidan, baina beti ere ahalik-eta azkarren kontsola nendin amoreagatik (J. A. Arrieta)368.

37.3.2g Amorez aldaera ere erabili izan da inoiz, mota honetako perpausetan: Jaungoikoak, pasio txarrak kendu ditzagun amorez, opa edo eskaintzen dizkigu Zeruko sari handi eta ederrak (Mogel).

Aurrerago ikusiko den moduan, bestalde, -tzeko-rekin erabiltzen da inoiz gaur egun postposizio hau, -tzeko amoreagatik forman zenbaitetan eta -tzearen amoreagatik forman inoiz. Eta maizago ageri da, jakina, izenlagunaren ondoan ohiko postposizio sintagma eratuz (zure amoreagatik, bakearen amoreagatik).

37.3.2h Postposizioak bezala, beste zenbaitetan partikula batzuk ematen dira subjuntiboaren aurretik perpausaren helburuzko esanahia areago markatzeko. Hala, amoreagatik partikula, besteetan postposizioa dena; Iparraldean erabilia izan da hau ere, zubereraz batik bat, «amoreagatik (eta) + subjuntiboa» forman. Perpaus nagusiaren ondoan kokaturik ematen da askotan forma horrekin eraturiko perpausa: Igor ezazu zure egiaren argia, amoreagatik lurra argi dezan (Maister). Haren aurrean ere eman daiteke: Amoreagatik arima garbienek probetxuekin irakur ahal dezaten Axularren liburu ederra, garbitu, leundu eta apaindu ditugu leku […] gordinegi zirenak (Intxauspe). Adibideetan ikusten den moduan, amoreagatik partikula perpausaren hasieran ematen da beti; aditza, berriz —hots, subjuntiboa—, perpausaren barnean nahiz amaieran eman daiteke.

Eta espletiboa hartuta, amoreagatik eta itxura hartzen du maiz partikulak. Zubereraz ez ezik, beste euskalkietan ere erabili izan da inoiz forma hau, aditz nagusiaren ondoan kokatua maiz: Banketxeak eta Bizkaiko diputazioak baldintza fiskal bereziak bideratu dituzte, amoreagatik eta xantier hori ez zedin Korea aldeetara eskapa (Herria). Baina baita aurrean ere: Amoreagatik eta uste izan ez nezan joan zela etxera ni han utzirik, ezarri zituen bere makila eta maripulisa, bat bertzearen aldean, ohearen zangoetan, nik, atzartzean, berehala ikusteko gisan (J. B. Elizanburu).

XIX. mendera arte erabilia, gerora urrituz joan ziren «amoreagatik (eta) + subjuntibo» formaren agerraldiak euskara idatzian, XX. mendeko idazle batzuek erabiltzen badute ere —eta espletiboarekin beti369—: Juje justuaren aitzinean agertzen garenean gure eskuak beteak izan daitezela orai artio bildu fruituez, […] amoreagatik eta gure saria izan dadin handia eta ederra (Baionako katixima); Egizue bada behar dena, amoreagatik eta dohatsu izan gaitezen (Lafitte).

37.3.2i Arren ere erabili izan da, subjuntiboaren aurreko partikula gisa, «arren (eta) + subjuntiboa» forman370. Perpausaren hasieran ematen da hau ere gehienetan: Egiozu ofrenda zure bihotzaz, arren jar dadin haren gainean jaun, jabe eta nagusi (Pouvreau); Beila bat egina nuen, arren zu senda zintezen (Goihetxe). Baina ez beti: Nik dakidan bezala guztiek arren jakin dezaten (J. B. Elizanburu). Askeago darabilte zenbaitetan partikula hau, eta espletiboarekin: Eskola nagusi jarri, arren eta haurrak, […] ez zitezen itsu geldi, eskeko bidean (Hiribarren); aditzaren ondoan, postposizio moduan: Euskaldun guztia da egun gonbidatzen has dadin izpirituz zerbaiten moldatzen, jakin dezaten arren gure ondokoek nolako gaiak zituzten haiekin arbasoek (Hiribarren); bai eta -tzat postposizioaren ondoan ere: Aipatu lekura bera da joan nahi, ez dadintzat arren tronpatua geldi (Goihetxe).

Iparraldeko idatzietan ageri da «arren (eta) + subjuntiboa» egitura hau ere, XIX. mendera arte; XX. mendeko idatzietan ez da ageri371.

37.3.2j Nahiz(ik) eta partikula partizipioarekin erabiltzen da maiz: Eriarena eginez, maltzurki, dena ele goxo ariko zaizkik nahiz eta hi kontsolatu (J. B. Etxepare). Subjuntiboarekin ere joan daiteke, helburuzkotasuna areago markatzeko: Hetaz ere arta hartzen du, nahiz eta noizpait bederen harenganat itzul daitezen (Duhalde)372.

37.3.2k Beldurrez ere postposizio nahiz aditzaren aurretiko partikula gisa erabiltzen da zenbaitetan, subjuntiboari erantsita helburuzko perpausak eratuz; ezezka emandako helburuzko perpausen esanahi bertsua dute horrela eraturiko perpausek: Ihes egin du erre zezaten beldurrez (Laphitz), hots, ‘erre ez zezaten’. Sortzez, izen sintagma gobernatzen duen postposizio sintagma da hau ere, non subjuntiboko perpausa beldur izenaren osagarria den: [[(erre zezaten) beldur] + -z]; pentsa daiteke, hala ere, erabilerak postposizio edo aurretiko partikula finko bilakatu duela beldurrez forma ere, amoreagatik formarekin gertatu den antzera.

Postposizioa denean perpaus nagusiaren eskuinean doa maiz harekin eginiko perpausa, ohiko moduan: Utzi ditut anitz gauza, sobera mintzatuz ene obra fastikagarri egin dadin beldurrez (Etxeberri Sarakoa); Ihesari eman zitzaizkion, nora eta nola ez zekitela, lurrak jan zitzan beldurrez (Lardizabal). Baina mintzagai aurreratu gisa ere joan daiteke: Bada bizirik Jesus geldi zekion beldurrez, hilerazi bazituen ere honen denborako beste haur guztiak (Mendiburu); Solasa luzeegi dakidan beldurrez, ez naiz mintzo kazeta on batek erlijioneko eta gizontasunezko egiez kanpo bertzalde dakartzan argiez (Hiriart-Urruti).

37.3.2l Subjuntiboaren aurreko partikula gisa erabiltzen da beste zenbaitetan: Josuek zorrozki gomendatu zuen ez behintzat deusik hartzeaz hiri hartan, beldurrez nihork erakar zezan populu guztiaren zorigaitza (Larregi); Beldurrez gainerat eror nenkion, ihes egin zidan (J. B. Elizanburu). Eta espletiboa duen beldurrez eta forma ere erabiltzen da: Haien buruzagiak, […], beldurrez eta bere lagunek Jainkoa arnega zezaten, ez zituena berak hil ezpata ukaldika? (Narbaitz).

Zenbaitetan ez espletiboa darama perpausak: Otso gaiztoa beti / gure ihes dabil, / beldurrez ez dezagun / atzeman eta hil (A. P. Iturriaga); Begiratzen zuen ardura handiagaz gauzarik txikienetan, ezertan bere hutsik egin ez zegien beldurrez (Uriarte). ‘Beldurrez atzeman dezagun’ eta ‘beldurrez hutsik egin zegien’ esan nahi dute perpaus horiek, hurrenez hurren. Ondoko testuan subjuntiboari -lako atzizkia erantsita eratu da forma: Haren diszipuluak, hobitik gorputza ostu, eta eraman zezatelako beldurrez, ipini zituen hobia zaintzeko guardak (Ubillos).

Subjuntiboarekin ez ezik, bestalde, aditzoinarekin ere —edo partizipioarekin— erabil daiteke postposizio edo aurretiko partikula gisa: Beilariek ezagut beldurrez, Iñazio goizik atera zen Mont-Serratetik (Laphitz); Haurrik ez daiteke sar haren ganbararat, beldurrez eta eritasuna bil (J. B. Etxepare); Edota, lehengoan bezala, emazteak legeari salatu beldurrez ihes egin ote zuen mendira (Etxaide).

Forma honen erabilera ere urrituz joan zen XX. mendean zehar373.

37.3.3. Helburuzkoen hurbileko subjuntibozko perpausak

37.3.3a Helburuzko perpausak egiteko bezala, zertarako-osagarriak eratzeko ere maizago erabiltzen da -tzeko forma subjuntibozkoa baino; hau ere erabil daiteke, ordea, zenbaitetan bederen, harekin egindako perpausen errankideak eratuz: Oraindik txikiegia zara lan horretan {jardun dezazun ∼ jarduteko}. Kapitulu honen sarreran azaldu den moduan, osagarrion perpaus nagusian ez da ‘asmoa’ duen egilerik, eta, bestetik, konplementazio erlazioari dagokionez, mendeko perpausa predikatu nagusiak eskatzen edo hautesten duen osagarri argumentala da; ‘txikiegia izateak’, esate baterako, zertarakoa eskatzen du (§ 32.10.2).

37.3.3b Osagarriotan ere ohikoagoa da subjektuak erreferentziakideak ez izatea: Berandu da atea ireki diezaguten; Badira tokiak sobera bihar Bilbon batzarra egin dezazuen; halere, helburuzkoek baino errazago onartzen dute erreferentziakidetasuna: Oraindik txikiegia zara lan horretan jardun dezazun —(zu)/(zuk)—; Besaulki bat falta dut sala osaturik eduki dezadan —(nik)/(nik)—. Gehienetan, halaz ere, erreferentziakidetasuna garbi dagoenean, subjuntibozkoak baino ohikoago eta naturalago dira -tzeko formakoak: Oraindik txikiegia zara lan horretan jarduteko; Besaulki bat falta dut sala osaturik edukitzeko.

37.4. -tzeko formarekin eginiko helburuzko perpausak

37.4.1. -tzeko soila

37.4.1a -tzeko da helburuzko perpausak egiteko maizenik erabiltzen den forma. Hori erabiltzen da, eskuarki, perpaus nagusiaren eta helburuzkoaren subjektuak erreferentziakide direnean: Liburu bat ekarri dut oporretan irakurtzeko —(nik)/(nik)—. Baina berdin erabil daiteke erreferentziakidetasuna subjektuaz bestelako osagai batekin gertatzen denean: Liburu bat ekarri dizut oporretan irakurtzeko —(zuri)/(zuk)—, edo, erreferentziakidetasuna izan gabe, helburuzkoaren subjektua berariaz aipatua bada: Liburu bat ekarri dut zuk irakurtzeko; horrelakoetan, aurreko atalean esan den moduan, subjuntiboa ere erabil daiteke: Liburu bat ekarri dizut oporretan irakur dezazun; Liburu bat ekarri dut zuk irakur dezazun. Helburuzkoaren subjektua seinalatua ez denean, ordea, nagusikoarena bera dela ulertzen da, eta, esan bezala, -tzeko forma erabiltzen da (aurreko atalean aipatu salbuespenetan izan ezik, § 37.3.1a): Lan handia egin dut kurtsoa gainditzeko —(nik)/(nik)—; Mailegua eskatu al duzue etxebizitza erosteko? —(zuek)/(zuek)—.

37.4.1b Predikatuaren barruko osagaia da gehienetan helburuzko perpausa, eta horrelakoei dagozkien ezaugarriak ditu (§ 37.2.2a). Zerta(ra)ko edo zergatik galderei zuzenean erantzun diezaieke: Zertako zen, Juduak fedegabeko jendeen artean bizitzea? -Jende berei Jainko egiazkoaren ezagumendua emateko (Ubillos); Eta, dena zertarako eta galtzeta-orratzak eta tronpa-puntak egiteko (San Martin); Zerendako euskara? Munduan, burua tente eta goiti ibiltzeko (Herria). Ondoan -tzeko baizik gisako perpaus murriztailea duela egin daiteke galdera: Zertarako eman zait bestela adimenaren argia, bilatzeko baizik (Txillardegi). Galdegaia ere izan daiteke, aditzaren aurreko lekuan kokatua: Itsasoa ikusteko igoko gara gain hartara. Edo ‘atzeratuta’, ohiko eten-intonazioekin, helburuzkoa luzea denean batez ere: Gain hartara igoko garaitsasoan dabiltzan ontziak hobeto ikusteko. Bai-ez kontrastean ere erabiltzen da: Argitu nahi zaitut, ez baitezpada ene buruaren garbitzeko, baina Jesu-Kristok goretsi duen bertute bat ez dezazun zuk apalets (Laphitz); Inbentarioa ez zen egina deusen ebasteko, bainan bai deus gal ez zedin (Hiriart-Urruti); Eta Angirok Japonia utzia zuen ez bakarrik ihesari emateko, baina bihotzean sendi zuen karga nolazpait bidean uzteko (Narbaitz). Galdegai ez delarik aditz nagusiaren eskuinean ematen da maiz, horrelakoetan ohikoa denez: Gain hartara igoko gara itsasoa ikusteko. Ezkerrean ere joan daiteke, mintzagai aurreratu gisa: Itsasoa ikusteko, gain hartara igoko gara.

37.4.1c Adibide horietan guztietan predikatuaren barneko osagaia da helburuzko perpausa, baina kanpoko konplementu gisa ere erabiltzen da inoiz. Hala nola, esate baterako, enuntziazioaren helburua adierazten duten perpausetan, esan aditzarekin eginak batik bat: Bixentari, egia esateko, nazka eman zion eta ez zuen erantzuteko asmorik (J. A. Irazusta); Egiaren den bezala errateko, biziki ofizio polita zitzaidan (J. Etxepare); Zehatzago esateko, gipuzkera osotua daukat begi aurrean (Mitxelena). Adibide horietako -tzeko perpausek ez dute perpaus nagusiko gertakariaren helburua adierazten —‘nazka ematearen’ xedea ez da hiztunak ‘egia esatea’, alegia, lehenengo adibidean—; enuntziazioaren beraren xedea ematen dute aditzera perpaus horiek —esaten dudan hau ‘egia esateko’, ‘zehatzago esateko’ eta abar esaten dut, alegia—. Horrelako perpaus batzuek diskurtsoaren markatzaile gisa funtzionatzen duten esapide neurri batean finkoak eratu dituzte, hala nola egia esateko, zehatzago esateko, labur esateko, hitz batean esateko…, egia esan edo egia esanda gisakoen pareko direnak (ikus 43. kapitulua).

37.4.1d Zenbaitetan, helburuzkoen izaera prototipikotik aldenduz, bestelako ñabardura edo nozio batzuk ematen dituzte aditzera -tzeko perpausek. Hala, ustezko helburuaren kontrako ondorioa adierazten dute batzuetan: Gure taldekoak aurkariak baino hobeto aritu ziren denbora guztian, azkenean partida galtzeko; Orduak egin ditu baratzean lanean, lau tomate ziztrin biltzeko; Zergatik Ejiptotik atera gaituzu, hemen egarriak hiltzeko? (Lardizabal).

Baldintza balioa ere izan dezake -tzeko formako perpausak: Min hartzeko arrisku handia dut eta horrela ibiltzeko hobe da uztea (Berria); Horrela ibiltzeko, hobe lukete etorri ez balira (Berria); Gaizki bizitzeko alferrik da dirua izatea. ‘Gertakaria halakoa izango bada’, horra zer adierazten duten adibideetako perpausek; ‘horrela ibili behar badut’, ‘horrela ibili behar badute’ eta ‘gaizki bizi behar bada’ eran parafrasea daitezke.

Balio kontzesiboa ere izan dezake beste zenbaitetan: Horren entrenamendu gutxi egiteko, ez duzu partida txarra egin; Hain ospetsua izateko, kasu gutxi egiten dizu jendeak. Ikusten den moduan, maila adierazten duen elementua darama maiz -tzeko perpausak, horrelakoetan, eta perpaus nagusiak, berriz, zenbatzailea edo zerbaiten pisua edo balioztatzea adierazten duen esapide bat. Kontzesiozko egituraren bat erabiltzea ohikoagoa da horrelakoetan: Horren entrenamendu gutxi egin arren, ez duzu partida txarra egin.

Azalpen balioa du beste batzuetan, harridurazko esaldietan batez ere: Gogor egingo zuen lan, horren nekatua egoteko! —‘Gogor egingo zuen lan, horren nekatua dagoenez gero’, alegia—.

Helburua ez, baina kontrastea edo denbora-segida adierazten dute beste batzuek: Anoetako hartan txistuka hasi ziren ikusleak, txaloka amaitzeko; Bostetan egingo dugu entrenamendua, partida seietan jokatzeko. Horrelakoak juntaturik ematea da ohikoena: ‘Txistuka hasi ziren eta txaloka amaitu’, ‘Bostetan egingo dugu entrenamendua, eta seietan jokatuko partida’.

37.4.2. «-tzeko + postposizioa» egiturako formak

37.4.2a Aski da -tzeko forma bera helburuzko perpausak eratzeko, eta horrela erabiltzen da eskuarki gaur egun, esan den moduan, baina postposizio bat erantsi izan zaio inoiz forma honi ere, helburuzko adiera areago markatzeko edota ñabarduraren bat gehitzeko. Hala, -tzat postposizioa erantsita -tzekotzat forma eratu da, Iparraldean, -tzeko perpausen balio bereko helburuzko perpausak egiteko: Josuek igorri zituen aitzinetik isilik jendeak, jakitekotzat hiri hartako berri (Larregi); Jesu-kristo atera zen mortutik gizonen artean agertzekotzat (Larregi); Oren erdi baten buruan, bihia ateratzen da eta idorrarazten gero eraitekotzat (Duvoisin).

37.4.2b Era berean, -tzekotz forma eratu da, batik bat Iparraldean hau ere, helburuzko perpausak egiteko374: Egia honetaz fede gehiago egitekotz sinatzen ditut letra hauek (Argainaratz); Baserritar bilkurak alegeratzekotz koblak egiten zituzten orain (Mirande); Goriot isilean egon zen une batez, eginahal guztiak eta bi egiten bide zituela bere indarren biltzekotz (Makirriaingo katixima).

Forma honekin eginiko perpausek ere baldintzazko balioa izan dezakete, -tzeko soileko perpausek bezala: Horrela ibiltzekotz, hobeto duzu uztea.

37.4.2c Bere aldetik, -tzeko formari mugagabeko -ta- eta inesiboko marka erantsita eratu den -tzekotan formarekin ere helburuzko perpausak egiten dira. Postposizioaren gobernupean den izen sintagmaren izena isilpean utzita sortua da forma hori —[[(-tzeko) izena] -tan]—; bat baino gehiago dira horrela isil daitezkeen izenak: [[(-tzeko) {asmokontupuntuordu}] -tan]. Inguruak iradokitzen du zein den kasu bakoitzean isildutako izena. Hala, perpausak asmoa adierazten duenean pentsa daiteke asmo izena dela isilpean utzitakoa, eta -tzeko asmotan esapidea duela horrelakoetan -tzekotan formak oinarri (Goenaga 1980: 372). Esanahiari dagokionez, baliokideak dira asmo izena agerian duten perpausak eta hura isilduta dutenak: Zerbait irabazteko asmotan saldu zuen autoa eta Zerbait irabaztekotan saldu zuen autoa (Goenaga 1980: 372). Sintagmen egituran dago aldea, esan bezala: irabazteko asmotan sintagman [PS [[(perpausa) -tzeko] izena] -tan] egitura dago agerian; izena isildua dutenetan, berriz, zuzenean lotzen zaio -tan atzizkia -tzeko formari, eta horrela sortutako -tzekotan atzizkia forma egina bilakatu da, nolabait esan, besteak beste helburuzko perpausak eratzen dituen forma finkatua. Ekintza baten xedea edo helburua adieraz dezake horrela eginiko perpausak: Dena den, Etxamendi eta Larralderen kantuak dioenez “Pentze onaren erostekotan artaldea dugu saldu” (Argia).

Forma hau ere maiz erabiltzen da baldintza balioarekin, Hegoaldean batik bat: Inori laguntzekotan, zuri lagunduko dizut; Norbaiti eskerrak ematekotan, Ane ezin dugu alde batera utzi (ikus § 34.10a).

37.4.2d Hegoaldeko idazle batzuek, azkenik, -tzeko amoreagatik egitura erabiltzen dute: Pritchard andreak hogeita hamar milia ere egin zitzakeen, inoren hilotza ikusteko amoreagatik (Otegi); Ez lokartzeko amoreagatik, saiatuak ginen isiltasunari tarterik ez uztera (Epaltza). Egitura horretan amore izenak gobernaturiko izenlaguna dagoela esan daiteke, ‘ikusteko amore’, alegia, lehen adibidean, ‘ikusteko gogo’, ‘ikusteko nahi’ eta horrelakoen pare; areago pentsa daiteke, ordea, amoreagatik hori genitiboa eskatzen duen postposizio bilakatu dela (zure amoreagatik, irabazteko amoreagatik), subjuntiboa ere goberna dezakeena. Iparraldean amoreagatik (eta) aurretik dela erabiltzen da forma hau: Didier Borotra […] ernatu zen bere ekipo teknikoari manatzera lotura egin zezan kontratuaren eramaileekin, amoreagatik eta Miarritzek eskuratzeko diru zama larriak itsas hegiko uren garbitasunarentzat (Herria). Aurrekoek ez bezala, forma honek ez du helburuzkoaz bestelako erabilerarik, ez baldintzazkorik ez bestelakorik.

Idazleren batek, bestalde, -tzearen amoreagatik egitura erabiltzen du: Ezkerreko alderdiekin edo abertzaleekin ez joatearen amoreagatik, Nafarroaren eskumenen kontra bozkatzeko gai da (Berria).

37.4.3. Helburua eta ezinbesteko baldintza

37.4.3a Helburua gauzatzeko perpaus nagusiak dioena nahitaez bete behar dela ematen dute aditzera -tzekotz eta -tzekotan formekin eginiko perpausek, nagusian behar edo nahitaez bezalakoak ageri direnean (Kurtsoa {gainditzekotz ∼ gainditzekotan}, gehiago ikasi beharko duzu). Helburua eta beharra jartzen dituzte erlazioan egitura horretako perpausek. Honela parafrasea daiteke, hain zuzen, adibideko esaldia: ‘kurtsoa gainditzea baldin baduzu helburu, gehiago ikastea ezinbestekoa duzu’ (§ 34.2).

Horien parekoak dira, bestalde, baldintzan -ko aspektuko adizkia eta ondore perpausean beharra aipatzen duten baldintzazko perpausak: Kurtsoa gaindituko baduzu, gehiago ikasi behar duzu; Lanera garaiz iritsiko bazara, autoz edo trenez joan beharko duzu; Badaukat nik horren beharra egunero ogia jango badut (Arratibel). Ondore perpausak aipatzen duen gertakaria nahitaez bete behar dela adierazten dute esaldi horiek ere. Baldintzazko forma, baina helburuzko esanahia dute.

37.4.3b Ikusten denez, baldintza-ondorio harremana ohiko baldintzazkoetan ez bezala gertatzen da esaldi hauetan: ondore perpausean aipatzen dena dator aurrena, eta haren ondoren, berriz, baldintzazko perpausak aipatzen duena —‘kurtsoa gainditzea’ ikastearen ondokoa da, lehen adibidean—; formalki baldintza denak ondorioa adierazten du, eta formalki ondore denak baldintza.

Helburuaren eta gertakari nagusiaren arteko inplikazioa indartsuagoa da perpaus hauetan helburuzko arruntetan gertatzen dena baino. Batetik, perpaus nagusiko edo ondore perpauseko behar modalak indar berezia ematen dio esaldiari, eta, beste alde batetik, etorkizuneko baldintzazko forma edo {-tzekotz ∼ -tzekotan} formak erabiliz, behar hori baitezpadakoa dela seinalatzen da. Alderatu hiru esaldi hauek:

Hiztegia erosi du, ingelesa ikasteko.

Hiztegia erosi behar du, ingelesa ikasteko.

Hiztegia erosi behar du, ingelesa {ikasiko baduikastekotzikastekotan}.

Lehenbiziko esaldian gertakari bat aipatzen da —‘hiztegia erostea’, alegia— xede bat duena —‘ingelesa ikastea’—; bigarrenean, gertakari hori xedea lortzeko beharrezkoa dela esaten da; eta hirugarrenean, areago, nahitaezkoa dela (§ 34.10c).

37.4.4. -tzeko formarekin eginiko helburuzkoez bestelako perpaus mota batzuk

Helburuzko perpausak ez ezik bestelako egiturak ere eratzen dira -tzeko formarekin, haien hurbilekoak batzuk. Hala, besteak beste, zertarako-osagarriak (prest nago lanean hasteko), izenlagunak (autoak garbitzeko makina; oporrak egiteko gogoa), eta predikazio egiturak (ikustekoa da).

37.4.4a Kapitulu honen atarian esan den moduan, helburuzkoetatik hurbil daude zertarako? galderari erantzuten dioten perpaus osagarriak. Aldea, berriro esan, bikoitza da; batetik, helburuzkoek egile borondateduna eskatzen dute (ondo prestatu behar ditugu gauzak bihar Bilbon batzarra egiteko) eta osagarriek ez (badira tokiak sobera bihar Bilbon batzarra egiteko); bestetik, konplementazio erlazio desberdina dute: helburuzkoak predikatuak hautesten ez dituen konplementu adjuntuak dira, erabiltzen duten formari esker betiere xedea adierazten dutenak; osagarriak, aldiz, predikatuak hautesten dituen konplementu argumentalak dira, predikatuaren araberako esanahia dutenak.

37.4.4b Ez da beti zehatza, ordea, helburuzko perpausen eta zertarako- osagarrien arteko muga, bai baitira batera zein bestera uler daitezkeen perpausak. Hala, esate baterako, lorkizuna edo ondorioa patu moduan aurkezten dutenak (gu denok hondatzeko sortu zen zoritxarreko gerra —gerra da hondamendia ekarri duen patua edo zoria, egileen borondatea gorabehera—), edo zerbaitek duen edo norbaitek ematen dion erabilera adierazten dutenak (urratsetan laguntzeko {da ∼ dut} makila —hau da, ‘erabiltzen {da ∼ dut}’). Hala ulertuta, helburuzkotzat ere har daitezke perpaus horiek, edo, behintzat, helburuzkoen eta osagarrien artekotzat. Esan behar da, bada, mutur biak aski garbi zehaztuak diren arren —helburuzkoak batetik eta osagarriak bestetik—, badela bien artean muga lausoko eremu bat, zeinetan perpausak batera zein bestera uler daitezkeen (ikus 30. kapitulua; EGLU-VII: 504).

Gauza bera gertatzen da -tzekotan formako perpaus batzuekin. Erdibidekoak izan daitezke hauek ere; egile inplizitua dutenak izan daitezke, edo lorkizuna patu moduan aurkezten dutenak: Nor da munduan mende oso bat bizitzekotan sorturik? (Larre).

37.4.4c Hurbilekoak dituzte helburuzko perpausek, halaber, -tzeko formarekin eginiko izenlagunak (bizarra kentzeko makina, zinera joateko gogoa). Perpausak gobernatuetan bezala, izenak gobernatzen dituen hauetan ere -tzeko perpaus mota bi bereiz daitezke: adjuntuak eta osagarriak. Izan ere, batzuk aukerako laguntzaileak dira, izenak hautesten ez dituenak (lo egiteko pilulak; arrautzak frijitzeko zartagina; autoak garbitzeko makina; hautsa kentzeko zapia); adjuntuak direnez, izenlagunik gabe ere badute zentzua izen horiekin eginiko perpausak: Pilulak hartu ditut; Zartagina erosi dut; Makina berria jarri dute; Emadazu zapia. Beste batzuk, berriz, izenak hautesten eta eskatzen dituen osagarriak dira (mendira joateko asmoa; lagunak ikusteko gogoa; emeki ibiltzeko aholkua); osagarririk gabe herren geratzen dira izen horiekin eginiko perpausak: ?Asmoa duzu?; ?Gogoa dugu; ?Aholkua eman dio —osagarri inpliziturik ez badute, zerbait falta dute perpaus horiek—.

37.4.4d Izenlagun adjuntu horiek izenak adierazten duenaren funtzioa ematen dute aditzera: Emadazu leihoak garbitzeko zapia; Lo egiteko pilulak hartzen ditu; Uda igarotzeko etxea erosi dut —zapiaren funtzioa ‘leihoak garbitzea’ da, pilulena ‘lo eragitea’, eta etxearena ‘uda igarotzea’—. Esanahiari dagokionez, bada, helburuzko perpausen antzekoak dira izenlagunok, baina ez guztiz errankideak, borondatedun egilerik ez baitago hauetan; hortaz, esan bezala, funtzioa adierazten dute, ez helburua. Egitura ere desberdina dute, bistan da, eta ahozkoan gauzatze diferentea dute. Konpara, esate baterako, ondoko esaldi bi hauek: Lo egiteko, pilulak hartzen ditu eta Lo egiteko pilulak hartzen ditu. Esanahi bertsukoak izan arren, egitura desberdina dute. Lehenbizikoa helburuzko perpausa da, eta honela irudika daiteke, labur: lo egiteko, [(pilulak) hartzen ditu]; ikusten denez, pilulak da aditzaren objektu zuzena, eta lo egiteko sintagma aditza modifikatzen duen adjuntua. Bigarrena, berriz, izenlaguna da, eta honela irudika daiteke: [(lo egiteko) pilulak] hartzen ditu; hor lo egiteko pilulak sintagma da aditzaren objektu zuzena, eta lo egiteko perpausa pilulak izenaren izenlaguna da. Lo egiteko sintagmak helburua adierazten du aditzaren konplementu denean, hots, helburuzko perpausa denean, eta funtzioa, berriz, izena modifikatzen duenean (§ 30. kapitulua).

37.4.4e Osagarrietan, berriz, izenak hautesten du -tzeko formako izenlaguna: [(-tzeko) {aholkuusteiritzibeldurkezkakeinu…}]. Hauen esanahia ere ez da berez helburuzkoa, izen gobernatzailearen araberakoa baizik; ‘aholkuaren’, ‘ustearen’, eta gainerakoen objektua da, kasuan-kasuan, -tzeko perpausa. Izena asmo, xede edo helburu baldin bada, sintagmak xedea adierazten du, jakina, baina ez egituragatik, izenagatik baizik: Partida irabazteko asmoa dugu; Lagunak agurtzeko xedea zuen; izen sintagmari postposizioa erantsita eraturiko [(-tzeko) {xedearekin ∼ helburuarekin ∼ nahiarekin ∼ ideiarekin ∼ asmotan}] gisako sintagmak postposizio sintagmak dira, eta, hain zuzen ere, izenari dagokion ‘xede’, ‘helburu’ edo ‘asmo’ esanahia ematen diote esaldiari. Helburuzko perpausen errankide dira, hortaz, egituran den aldea gorabehera: Oporretan irakurtzeko {xedearekin ∼ ideiarekin ∼ asmotan} erosi dut liburua = Oporretan irakurtzeko erosi dut liburua; Berehala itzultzeko {xedearekin ∼ ideiarekin ∼ asmotan} joan da = Berehala itzultzekotan joan da. Ohiko postposizio sintagmak dira aurrenak, postposizioaren gobernupean izen sintagma dutenak, eta perpausa gobernatzen dutenak, berriz, bigarrenak, helburuzko perpausak. Gorago esan den moduan, hain zuzen, -tzeko asmotan sintagmatik sortua da, izena isilpean utzita, perpausetako -tzekotan forma finkoa.

Helburuzko perpausak eta izenlaguna dutenak sintagma mota desberdin bi direnez, biak ager daitezke perpaus berean: Egunkaria irakurtzeko, hurbiletik ikusteko betaurrekoak jantzi behar ditut; Liburu pare bat erosteko asmoa daukat, oporretan irakurtzeko.

37.4.4f Aditz kopulatiboekin ere joan daiteke -tzeko formako perpausa, predikatu funtzioan —izan, egon eta *edun, eduki aditzekin, alegia—, aditz perifrasiak eratuz zenbaitetan: Harritzeko da zenbat lan egin duen; Jaialdia hasteko zegoen. (Ikus EGLU- II: 468-470).

Esanahiari dagokionez, bat baino gehiago dira mota honetako perpausak aditzera eman ditzaketen nozioak. Inguruaren arabera ulertzen dira; asmoa adieraz dezakete (aurten ere Berlina joatekoa naiz oporretan ≈ ‘joateko asmoa dut’), egoera (zakarretara botatzeko dago txirringa zahar hori ≈ ‘botatzeko moduan’), obligazioa (lan hori zuek egitekoa da ≈ ‘zuek egin behar duzue’). Zerbaiten ‘neurria’ edo ‘balioa’ azpimarratzeko erabiltzen dira batzuetan (ikustekoak dira uholdeak eragindako kalteak; kontuan hartzekoak dira haren aholkuak); balorazio esanahi horrekin darabil maiz Axularrek egitura hau, Villasantek azaldu zuen bezala (kontsideratzekoak dira hitz hauek; laudatzekoa zen errege hura)375.

37.4.4g Erdiespena adierazten duten aditzekin, haren gauzatzearen berehalakotasuna seinalatzen du zenbaitetan -tzeko perpausak, aditz nagusia aspektu burutugabekoa denean: Aurreko eguneko maiseolaria horma gain batetik jauzi egiteko zegoelarik, atzetik isilka ondoratuta, bultzada batez buruz behera bota zuen horma gainetik (Barrensoro); Eta mahaitik altxatzeko zeudela: tan-tan, atea (Ugalde); aspektu inkoatiboa adierazten duten esaldi horien oinarrian jauzi egiteko zorian, altxatzeko puntuan edo gisa horretako postposizio sintagmak egon daitezke, izena eta atzizkia isilpean utzita sortuak. Aditz nagusia aspektu burutukoa denean, berriz, gertakaria gauzatzeko egon bai, baina gauzatu gabe geratu dela iradokitzen da: Bere burua leiho batetik behera botatzeko egon zen (J. I. Arana); Ahotik kendu didak; neu bere horixe itauntzeko egon naiz (Azkue); Burruntzian zegoela kosk egiteko egon ninduan (Altzaga).

37.4.4h Zerbaiten falta edo gauzatu gabeko zerbait adieraz dezake, berriz, egon edo eduki aditzekin doanean: Ikusteko dago zer ekarriko duen datorren agintaldiak (Argia); Zu eta gu lezio asko jasotzeko gaude oraino (Argia); Duela urtebete ez bezala, sasi gutxiago dauka garbitzeko (Berria). Gabeziaren adiera hori argi ikusten da -tzeko perpausa -tzeke atzizkia dutenen errankidea denean: Egiteko dago zorioneko Euskal atlas hori (Mitxelena); Euskal sintaxi osoa, edo ia osoa, egiteke daukagu (Mitxelena). Ondoko adibide honetan, forma biak ageri dira juntaturik: Garapen gutxiko literaturetan alderantzizkoa da sentsazioa, egiteke eta egiteko dagoela gehiena (Berria).

Egitura predikatibo hau dute, azkenik, zerbaiten erabilera adierazten duten perpausak eta, goraxeago azaldu den moduan, helburuzkoen eta osagarrien tartean koka daitezkeenak: Urratsetan laguntzeko {da ∼ dut} makila. Itzuli hau da, predikazio egitura hauetan, helburuzko perpausetatik hurbilen dagoena.

37.4.4i -tzekotan formako perpausa ere izan, egon, ibili edo geratu bezalako aditzekin doa askotan, predikatu gisa, eta ekintza baten xedea baino areago, zerbait egiteko asmo edo intentzioa adierazten du: Legebiltzarrean bilera ezohikoa egitekotan dira gaur alderdiak (Berria); Biharamunean bilera bat egitekotan geratu dira (Berria); Etzi etortzekotan lotu gara (Urrutikoetxea). Argia da esanahi hori -tzekotan perpausa asmo izena daraman perpausarekin juntatua denean: Dantza eta masaje tailerra egiteko asmoa dugu, eta barre terapia egitekotan ere bagara (Berria). Mugimendua adierazten duten aditzen konplementu ere izan daiteke forma honekin eginiko perpausa: Goizean joan zen mendira, bazkaltzera itzultzekotan, baina ez zen bueltatu (Berria); Hurrengoan itzultzekotan joan da, pozik (Goienkaria).

Asmoaz bestelako nozioak ere adieraz ditzake, hala ere, isilpeko izena bestelakoa denean; egoera, besteak beste: Nafarrek partida nahiko eskasa egin zuten, eta berriro kale egitekotan izan ziren (Berria); Aseguru etxea porrot egitekotan zegoenean, Gobernuak diru laguntzak eman zizkion (Berria).

37.4.4j Balio inkoatiboa du beste zenbaitetan, -tzeko perpausak bezala, erdiespena edo gauzatzea adierazten duten aditzekin, aditz nagusia aspektu burutugabekoa denean: Euskaltegitik atera berri den ikasle bat alboko tabernara sartzekotan da (Berria); Autoa errepide nagusira ateratzekotan zela, bide horretan zihoan kamioi batek jo zuen atzetik (Berria). Eta gertakaria gauzatzeko puntuan egonda, gauzatu gabe geratu dela adieraz dezake, aditz nagusia aspektu burutukoa denean: Lehen zatiaren amaieran bigarren gola sartzekotan egon ziren (Berria); Alpeetan barna ere ibili da, eta Perura joatekotan egon zen duela urte batzuk (Berria).

37.5. -tzeagatik eta -tzearren formekin eginiko helburuzko perpausak

37.5.1. -tzeagatik eta -tzearren formak, kausazko eta helburuzko

37.5.1a Postposizio motibatiboarekin eraturiko -tzeagatik eta -tzearren formetako perpausek perpaus nagusiak adierazten duenaren ‘motiboa’ ematen dute aditzera, agerikoa denez. Motiboa, kapitulu honen atarian esan den moduan, bitara uler daiteke: ondoko gertakaria ekarri duen kausa moduan edo aurreko gertakaria eragiten duen xede bezala. Beraz, aurreko ataletan aztertu diren formek ez bezala, forma hauek perpaus mota biak era ditzakete: kausalak (marka {ontzeagatik ∼ ontzearren}, sari handia eman diote) eta helburuzkoak (marka {ontzeagatik ∼ ontzearren}, entrenamendu gogorrak egiten ari da). Forma hauetan ikusten da, bada, argien kausazko perpausen eta helburuzkoen arteko hurbiltasuna.

37.5.1b Kapitulu honen atarian esan den bezala, perpausak batera edo bestera ulertzeko bereizgarriak bi dira. Gertakarien segidari dagokiona da bat. Kausazkoek adierazten duten gertakaria nagusikoaren aurrekoa —edo aldiberekoa— da, eta helburuzkoak, berriz, prospektiboak; hauek nagusiko gertakariaren ondoko gertakaria, gertakizun dena, ematen dute aditzera. Aurrena, ‘marka ontzea’ gauzatzen da, kausazko goiko adibidean, eta ondoren dator ‘saria hartzea’; ‘marka ontzea’, berriz, ‘entrenamenduen’ ondokoa da, helburuzkoan. Bigarren bereizgarria egileari eta hartzaileari dagokie: kausazkoaren perpaus nagusian izan daiteke egileren bat, beharrezkoa ez bada ere, baina funtsezkoa da hartan jasaile edo hartzaile bat izatea —saria hartu duena, adibidean—; helburuzkoetan, berriz, perpaus nagusiko gertakariaren subjektua egile borondateduna da beti —marka ontzeko entrenamenduak egiten dituenak berariaz egiten ditu—.

37.5.1c Gehienetan argia izaten da perpausaren izaera, hots, kausazkoa ala helburuzkoa den. Zenbaitetan, ordea, anbiguoa izan daiteke perpausa, bataren nahiz bestearen bereizgarriak dituena. Hala, esate baterako, Zenbat diru eman dizute gela garbitzeagatik? esaldia bietara uler daiteke: ‘gela garbitu duzulako’ —kausazkoa aurretik eta ‘zuri’, diru hartzailea, nabarmendua—, nahiz ‘garbi dezazun’ —helburuzkoa ondotik eta ‘haiek’, sari emaileak, nabarmendua—. Kausazkoa bada, -lako perpausaz ordezka daiteke —gela garbitu duzulako—, eta -tzeko perpausaz edo subjuntiboaz helburuzkoa baldin bada —gela garbitzeko edo garbi dezazun— (ikus § 38.3).

Forma biek ez dute erabilera bera euskalki guztietan. Hala, -tzeagatik forma erdialdeko eta ekialdeko euskalkietan ageri da mendebaldekoetan baino maizago, bizkaierazko testuetan ere zerbait ageri bada ere —hala nola Agirre, Arrese Beitia, Iturzaeta eta beste batzuen lanetan—; -tzearren forma, berriz, erdialdetik mendebaldera erabiltzen da batez ere. Eta kausa-helburu adieren banaketan ere kontuak ez dira berdinak. Forma biek bietako perpausak eratzen dituzten arren, maiztasunak bana dabiltza: -tzeagatik forma gehienbat kausala da, baina helburuzko gisa ere erruz erabiltzen da; -tzearren, berriz, kausazkoa izan badaiteke ere, maizago erabiltzen da helburuzko esanahia duela.

37.5.2. Helburuzko -tzeagatik forma

37.5.2a Beste helburuzko perpausek bezala, kausalen erabilera bertsua du helburuzko -tzeagatik perpausak ere, predikatuaren barneko osagaia denean. Zerta(ra)ko edo zergatik galderei zuzenean erantzutea ohikoa ez badu ere, ez du debeku horrela egitea, zergatik motibatiboarekin batik bat: Izan ere, zergatik egiten duzu hori? -Beste on bat, bakea, lortzeagatik (Villasante); Ebak erantzun zion: Jakizu zergatik: fruitu hori jan ondoan ez hiltzeagatik (A. P. Iturriaga). Galdegaia ere izan daiteke: Enrique ikusteagatik, sentitzeagatik eta laztantzeagatik etorri zen Helen iaz berriro ere sanferminetara (Berria); Egiten duten guztia, jendeak ikusteagatik egiten dute (Elizen arteko Biblia). Murriztailearekin: Biderik luzeena hautatu nuen, urtegia ikusteagatik bakarrik (Cano); Hori ikusteagatik bakarrik merezi du azoka bisitatzea (Berria). Bai-ez kontrastea adieraziz ere erabil daiteke, beste helburuzko nahiz kausazko perpausekin edo bestelako sintagmekin: Jainkoa zerbitzatzeko behar dena emango dizut, eta ez gehiago: eta hori ere ez zuri gustu emateagatik, ezpada Jainkoak agintzen, ta nahi duena egiteagatik (Kardaberaz); Beltzak zanpatu zuen; baina ez dirua kentzeagatik […], iruzur egin zigulakotz baizik (Izeta); Diktadura garaian jende askok errebindikazio politikorako gune zelako jotzen zuen antzokietara, ez antzerkia ikusteagatik (Argia).

37.5.2b Gainerakoetan aditz nagusiaren eskuinean du honek ere ohiko lekua: Nire arima salduko nuke zerrenda horretan nortzuk dauden jakiteagatik (Berria); Zaleek dirua ordaintzen dute gu ikusteagatik (Berria). Baina haren aurrean ere koka daiteke: Eta gero ahaideoi poz pixka bat emateagatik, han zerabilen bere ontzitxoa baga indartsuen gainean gora eta behera (Agirre); Horiekin ibiltzeagatik ni ere sartuko nintzateke futbolista (X. Mendiguren Elizegi).

37.5.2c Predikatuaz kanpoko perpausak ere era daitezke forma honekin, -tzeko formarekin bezala. Halakoak dira, hain zuzen ere, enuntziazioaren helburua adierazten dutenak: Aitzakiak bilatzeagatik ez da, baina Alavesek denboraldi hasiera gogorra izan du (Egunkaria); Ez da justifikazio errazak bilatzeagatik, baina norbera, gaztea denean, okertu egiten da maiz (Alonso); ‘aitzakiak’ edo ‘justifikazioa’ bilatzea ez da perpaus nagusiko gertakariaren helburua, esatearena berarena baizik.

37.5.3. Helburuzko -tzearren forma

37.5.3a Mendebaldeko -tzearren formarekin eginiko perpausek -tzeagatik formarekin eginikoen erabilera bertsua dute, hau da, galderari erantzunaz: Zertarako? Zerbait egitearren, agian (Berria); galdegai moduan: Soldadutza ez egitearren hasi nintzen Gurutze Gorrian (Goienkaria); Bere baitan bor-bor zituen galderei erantzunak bilatzearren murgildu zen Albert Einstein zientziaren munduan (Berria); ukagai gisa: Ez dut idazten literatur eta gramatika ariketa hutsa egitearren (Berria); Baina hau guztia idazten ez nabil propaganda egitearren bakarrik (Berria). Bai-ez kontrastea aditzera emateko ere erabiltzen da, kontrastea forma bereko perpausarekin edo bestelako batekin eratuz: Polemika sorraraztearren egin zuen, ez justizia bilatzearren (Urzelai); Baina ni zuek ikustearren etorri naiz. Ez amaren kontakatilua izateko (Goenkale); Ez dute galizieraz idatzita dagoelako irakurtzen eta mesede egitearren, gustuko dutelako baizik (Berria).

37.5.3b Gainerakoetan aditz nagusiaren eskuinean joan ohi da maiz forma honetako perpausa ere: Abadeak erdaraz irakasten zuen dotrina, gobernu berriari eder egitearren (Sarrionandia); Ez dakit zer ez nukeen emango hori ikustearren (Juan Garzia). Haren ezkerrean ere joan daiteke: Azkenean, etxetik hurbilago egotearren, Hendaiara bizitzera joatea erabaki zuen (Soto); Orain bezala ez bizitzearren, hiltzeko prest gaude (Berria).

Adibide horietan ikusten den bezala, -tzearren forma daraman aditza mendeko perpausaren azkenean ematea ohikoa bada ere, hura aurrean dela ere eman daiteke: Ahalik eta gehien luzatzen zuen isilune hori […], ikustearren jendearen artetik sortzen ote zen inolako erantzunik (Berria); Tentazioa sentitzen du bengala bat botatzeko, ikustearren ea, sabaitik harago, beste zerbait ote dagoen espazio honetatik aparte (Markuleta).

37.5.3c Predikatuaz kanpoko konplementua ere izan daiteke, -tzeagatik formakoa bezala, perpaus nagusiko gertakariaren xedea baino areago esatearena edo enuntziazioarena berarena aditzera emanaz: Adibide sinple bat aipatzearren, telefono-zerrendatik zoriz pertsona bat aukeratu eta pertsona horrek ehun eta hogeita bost kilotik gora izateko probabilitatea oso txikia da (J. Zabaleta); Ez da presio egitearren, baina ia sarrera guztiak agortu dira (Goienkaria).

37.5.4. Esateagatik esan gisako esaldiak

37.5.4a Esateagatik esan eta egitearren egin gisako esaldiek esandakoak edo egindakoak bestelako helbururik ez duela ematen dute aditzera, hau da, esate edo egite hutsa beste xederik ez duela: Ez kezkatu, esateagatik esaten ditu horrek horrelako astakeriak; Kontua da nahasita zaudela eta gauzak egitearren egiten dituzula (Goienkaria). Alderantziz, ezezka emanda esate hutsaz edo egite hutsaz bestelako helburu bat badela seinalatzen da, hain zuzen ere: Gerrak ez dira egiteagatik egiten; Lege hori ez dute egitearren egin, derrigor bete beharra da.

37.5.4b Esan-ekin eginiko esaldiak benetakotasunik eza eman dezake aditzera: Esateagatik esan du hori, ez benetan; Esateagatik esan dut -zuritu zuen bere burua Clarak, irribarre eginez (Biguri). Ezezka emanda, berriz, esanaren benetakotasuna azpimarratzen da: Hala sinesten nuen, eta ez dut esateagatik esan; Lagunduko digula agindu digu, eta ez du esatearren esan.

37.6. -tze aldera formarekin eginiko helburuzko perpausak

37.6.1. Aldaerak eta adierak

37.6.1a Aldera postposizioarekin eginiko -tze aldera formak ere helburuzko perpausak era ditzake gaurko euskaran. Hizkera mintzatua islatuz San Martinek idatzitako lanetan aurki daitezke adibide batzuk, -tze alde aldaeran: Berari laguntze alde, serenoa bere hasi zen duro bila; Pernandori adarra jotze alde, hasi zen kantuan. Gaur egungo idatzietan gero eta erabilera zabalagoa du formak, Hegoaldekoetan batez ere, eta baita hizkera mintzatuan ere; -tze aldera da ohiko forma, baina -tze alde ere erabiltzen da inoiz, eta are -tu alde forma ere376.

37.6.1b Adiera bat baino gehiago ditu forma honek, bere aldaera bietan, eta ñabardura desberdinak eman ditzake aditzera. Helburua, besteak beste: Galdeketa egite aldera azkenera arte borrokatuko gara. Bestetik, esate aldera esan, egite aldera egin eta gisa horretako esaldiak daude, zeinetan xedea esatea edo egitea berak direla esaten den, beste helbururik gabe; hirugarrenik, ekintza bat beste baten truke gauzatzen delako adierazpena dago: Zaldia emaztearentzat, eta aizturrak berorrentzat, testamentua egite aldera (Urruzuno). Hiruretan, ikusten denez, -tzeagatik / -tzearren formen hurbileko erabilera du forma honek.

37.6.2. Erabilera

37.6.2a Helburua adierazten duenean, gainerako helburuzkoen antzeko jokabidea du forma honek, haien erabilera guztietara hedatu ez bada ere. Hala, esaterako, ez da ohikoa forma hau zergatik edo zertarako galderei zuzenean erantzuteko erabiltzea, baina galdegai izan daiteke: Bide horretan indar egite aldera deitu dute bihar elkarretaratzera (Berria). Bai-ez kontrastean ere erabiltzen da: Bai, baina ez esate aldera, hitanoa gure gizartean dagoelako baizik (Argia). Eta bere hartan uzten da mendekoaren mendeko denean: Baita krisiari aurre egite aldera gobernuak abian jarri dituen bestelako ekimenek ere (Berria); Gogoeta egite aldera idatzitako liburua da (Berria).

37.6.2b Bestelakoetan, aditz nagusiaren eskuinean ematen da maiz: Elkarrizketa bukatuta, entzuleei hitza ematen saiatuko dira antolatzaileak, solasaldi zabalak egite aldera (Berria); Orain atsegina zen nirekin eta esaten zidan edozein gauza emango lukeela ni pozik ikuste aldera (P. Lizarralde). Baina ezkerrean ere eman daiteke: Antzezlan erreala egite aldera, benetako arazoak planteatu ditugu obran (Berria); Errepide hobea egite aldera, eta, batez ere, segurtasuna handitze aldera, hobekuntza lanak egiten ari dira (Berria). Bai eta predikatuan tartekatua ere: Hobe da, beraz, paisaiaren zabala ikuste aldera, azalari erreparatzea (Berria).

37.6.2c Predikatuaz kanpoko konplementua da, berriz, perpaus nagusiko ekintzaren helburua ez, baina esatearena berarena adierazten duenean: Konparazio bat egite aldera, Euskal Herriko txirrindulari tropelean egoera arras ezberdina da (Berria); Neu ere harritu nau esaldiak, egia osoa esate aldera (Berria).

37.6.3. Esate aldera esan gisako esaldiak

Esate aldera esan edo egite aldera egin gisako esaldietan ere adierazten da helburua, baina hau ez da perpaus nagusian adierazten den ekintzaz bestelako zerbait, ekintza hura gauzatzea bera baita helburua: Egia esan, egite aldera egin dizut galdera (Argia)377. Ezezkoa denean, berriz, helburua esate edo egite hutsa ez dela ematen da aditzera, xedea beste zerbait dela, alegia: Eta ez diot esate aldera (Argia); Daukaguna hobetu dezakeen jokalariren bat parean jarriz gero, saiatuko gara fitxaketaren bat egiten, baina egite aldera ez dugu ezer egingo (Berria). Esateagatik esan itzuliaren parekoa da hau.

37.6.4. Trukearen adierazpidea

Zerbait beste zerbaiten truke eman edo egiten dela adierazten dute zenbaitetan forma honetako perpausek: Erleak emate alde txerria merkeago saltzen da378. Bitara uler daitezke perpaus hauek, pareko -tzeagatik/-tzearren formetakoak bezala. Gertatutako zerbaiten trukea bada, hura kausa gisa uler daiteke: Zaldia emaztearentzat, eta aizturrak berorrentzat, testamentua egite aldera (Urruzuno) —hau da, ‘egin izanaren truke’ edo ‘egin duelako’—. Gertakizun den zerbaiten trukea bada, berriz, hura helburu gisa ulertzen da: Ez egun bateko galtzea ez, baita lau egunekoa ere egingo nuke hauxe ikuste alde (Berrondo) —‘hauxe ikustearen truke’, alegia—379. Bietara uler daitezkeen perpaus anbiguoak ere eratzen dira forma honekin: Etxea margotze aldera mila euro eman dizkio —‘margotu izanaren truke’ nahiz ‘margotu dezan’, alegia—. Bitasun hori bera gerta daiteke, gorago ikusi den moduan, -tzeagatik eta -tzearren formetako perpausetan ere.

37.6.5. -tze aldera, helburuzkoez bestelakoetan: zertarako- eta zertara-osagarri

Helburu esanahiarekin eta helburuaren inguruko adieran ez ezik, zertarako- osagarri gisa ere erabil daiteke forma hau: Horrek zailtasunak dakartza akordio orokorrago bat egite aldera (Berria), ‘zailtasunak zertarako’, alegia. Bai eta zertara-osagarri gisa ere: Horrek geldialdi gutxiago egite aldera bultza ditzake (Berria), hau da, ‘zertara bultza’; Horrek esan nahi du, besteak beste, gizarte-bizitza makurtu egiten dela telebista ikuste aldera (I. Zabaleta), ‘zertara makurtu’, alegia.

37.7. -tzera formako osagarriak eta helburuzko perpausak

37.7a Mugimendua adierazten duten etorri, igo, ekarri, eraman, bultzatu edo bidali gisako predikatuen zertara-osagarriek mugimenduaren jomugako gertakaria seinalatzen dute: Afaltzera joan dira; Teilatua garbitzera igo da; Erosketak egitera bidali naute. Ez dute, ordea, ikusten denez, jomuga fisikoa adierazten, jomugako gertakaria baizik; ez nora? galderari dagokiona, alegia, zertara? galderari dagokiona baizik (afaltzera, teilatua garbitzera eta erosketak egitera, hurrenez hurren, goiko adibideetan); -tzera forma hartzen dute osagarri horiek ekialdeko eta erdialdeko euskalkietan, eta -tzen forma, eskuarki, mendebaldekoan: Erosketak {egitera ∼ egiten} joan da.

‘Jomuga’ eta ‘helburua’ hurbileko nozioak direnez, helburuzko perpausen sailean sartu izan dituzte batzuek osagarri hauek ere. Perpaus mota desberdinak dira, ordea, bai egituraz eta baita, neurri batean bederen, esanahiz ere. Helburuzko perpausak erantsitako adjuntuak dira, behin eta berriro esan den moduan, eta haien forma da, hain zuzen ere, esaldiari helburuzko nozioa ematen diona (egin dezan, egiteko, egitearren). Liburua irakurri dut esaldian, esate baterako, ‘irakurri’ predikatuak ez du helburuzkorik iradokitzen; azterketa prestatzeko eransten badut, horrek ematen dio helburuaren nozioa esaldiari. Aldiz, -tzera osagarrien kasuan predikatuak berak ematen dio esaldiari jomuga adierarako bidea. Hala, esate baterako, joan aditzaren esanahiak berarekin darama jomugaren noziorako aukera eta zertara-osagarria agertzen bada, haren argumentu sarean integratua ageri da. Hondartzara joan da perpausari bainu bat hartzera eransten badiot, joan predikatuari bere argumentuen sareko osagarri bat erantsi diot; -tzera osagarriak joan gisako predikatua ‘eskatzen’ du, eta joan predikatuak, bere aldetik, -tzera osagarria du bere argumentuen sarearen barnean.

37.7b Horregatik, gorago esan den moduan, helburuzko perpausa edozein predikaturekin joan daiteke, esanahiaren egokitasuna gorabehera, haren formak ematen baitio esaldiari helburuzko nozioa, predikatua zein-nahi izanik ere: Azterketa prestatzeko {liburu hori irakurri dut ∼ akademian eman dut izena ∼ praktika asko egin ditut ∼ lagunarekin hitz egin dut ∼ lasaitze ariketak egin ditut ∼ gela bat alokatu dut ∼ autobusa hartu dut ∼ zigarroak erretzen aritu naizahuspez jarri naiz…}. Osagarria, aldiz —baita -tzera formakoa ere—, osagarri mota hura hautesten duen predikatuarekin doa beti: Erosketak egitera {joan da ∼ etorri naiz ∼ agertu da ∼ bidali dute…}. Hitz batean esateko, bada, helburuzkoek ez bezala, -tzera perpausek predikatuaren argumentu sarean dute lekua (ikus 30. kapitulua; EGLU-VII: 451).

Alde hori dela eta, hain zuzen ere, egituraz perpaus mota bi direnez, biak ager daitezke esaldi batean: Gabonetako kantak abestera atera dira, aspaldiko ohitura ez galtzearren.

37.7c Esanahiari dagokionez, berriz, antzekoak dira, bai, perpaus mota bi hauek, baina ez guztiz berdinak, hala ere. Helburuzkoek, behin eta berriro azaldu denez, berariazko egile baten asmoa adierazten dute, eta -tzera osagarriek, berriz, mugimendu baten jomugako gertakaria ematen dute aditzera. Jomuga subjektuaren asmoarekin bat dator sarritan, agerikoa denez, baina jomuga da, ez helburua, perpausean berariaz seinalatzen dena. Erosketak egitera joan da perpausean, esate baterako, joanaren jomugan erosketak egitea dagoela da berariaz adierazten dena, jomuga hori subjektuaren borondatearekin bat datorrelarik380. Zenbaitetan, hala ere, zertara-osagarria ez, baina helburuzko formako perpausa izan dezakete mugimendu aditzek inoiz konplementu, eta orduan esaldiak helburua seinalatzen du, ez jomuga: Joanek erakusten die […] Kristoren aurrean etorria dela, Hari bidea apaintzeko, hura nor den erakusteko eta jendea harengana erakartzeko (Iraizoz); Senarra oraintxe etorriko da zuk egindako eskariaz mintzatzeko (Etxaide).

Praktikan, hala ere, perpaus mota batekoak nahiz bestekoak erabiltzen dira zenbaitetan, esanahi bertsuarekin: Laguntzera etorri da — Laguntzeko etorri da381. Egitura desberdineko esaldiak dira horiek, esanahian bat datozenak. Lehena osagarria da; bigarrena, berriz, helburuzko adjuntua.

361 De Rijk: “Firmly established as it is, the term «verbal noun», due to canon Inchauspe (1858), is actually a dangerous misnomer. What is nominalized is not the verb but rather the whole clause conteining it. As an illustration, consider (1) Ez da ona gizona bakarrik egotea […]. The grammatical subject of example (1) is the nominalized clause gizonak bakarrik egotea […]” (2008: 140-141).

362 HelP: helburuzko perpausa, hau da, kasu honetan, gobernupean perpausa duen postposizio sintagma; PNom: perpaus nominalizatua; P: perpausa.

363 Lafitte: “Généralement, le subjonctif traduit suffisament le but par lui-même” (1962: 397). «Subjuntiboa + -tzat» eta «subjuntiboa + -gatik» formak “sont lourdes” (1962: 455).

364 Larramendik forma honekin lotzen ditu helburuzko perpausak: “Las oraciones, que en Romance significan algun fin, y traen esta voz para, para que, se hazen en Bascuenze con la posposición tzat, que se añade a la terminación del verbo: etorri-dadintzát, para que se venga; artú-cenezantzát, para que lo tomasses […]” (1729: 321). Hurrengo mendean Larramendiren gramatika atal askotan ia hitzez hitz kopiatu zuen Lardizabalek, berriz, azalpen desberdina ematen du kontu honi dagokionez: “Las oraciones que significan algun fin, y traen en Romance esta voz para, para que, á fin que, se hacen de varios modos. 1. Poniendo el verbo determinado en subjuntivo con su n final: v. g. vamonos para que veamos, goacen, icusi dezagun […]. En el dialecto Labortano y en algunos puntos de Vizcaya se le añade tzat y se dice goacen icusi dezagun-tzat […]. 2. Poniendo el verbo en gerundio de dativo: v.g. goacen icusteco […]” (1856: 72). Lardizabalek berak ez du «subjuntibo + -tzat» forma erabiltzen.

365 Axularrek honela dio pasarte horretan: beldur garen amoreakgatik.

366 Ikus EH: “(Helburuzko perpaus baten hasieran nahiz amaieran, indargarri gisa). Batez ere Ipar.” (amoreagatik, s. v. amore).

367 Ikus OEH: “La forma es poco clara: ¿det. o indet.? ¿sing. o pl? ¿-katik arcaico por -gatik? En cuanto al valor, cf. cast. nav. por (a)mor de, que; gascón pramou, permou, proumou que” (s. v. amore).

368 Idazle klasikoen moldea jarraituz idatzitako Lur bat haratago eleberrian usu darabil Joan Mari Irigoienek forma hau, amoreakatik aldaeran.

369 OEH: “Bien documentado en autores septentrionales hasta finales del s. XIX. En el s. XX sólo lo encontramos en CatJauf [Baionako katixima], Lafitte y Etchebarne (en los tres amoreagatik eta)” (s. v. amore).

370 EH: “(Helburuzko perpaus baten hasieran, indargarri gisa). Ipar.” (s. v. arren).

371 OEH: “(Con oración subordinada final, normalmente al comienzo de frase). Para que, a fin de que […]. Exclusivamente septentrional; no hay testimonios del s. XX” (s. v. arren).

372 Lafitte: “Parfois ce subjonctif final est annoncé par arren-eta, nahizik-eta, nahiz eta, afin que […]. Ex. : nahiz-eta ikas dezan, afin qu’il apprenne […]. Quelques souletins eta Bas-Navarrais disent: ikas dezan nahiz […]” (1962: 397).

373 OEHk beldurrez formaren erabileraz: “Su complemento suele ser un sustantivo (gralmente. en genitivo), o una oración; ésta aparece en subjuntivo sobre todo en los textos más antiguos, pero desde mediados del s. XIX y sobre todo en el XX este uso pierde frecuencia en favor de las otras construcciones: con -(e)n (que por otra parte se encuentra ya en Dechepare y Leiçarraga), con -tzeko, con rad. vbal. o part., y, en menor medida, con -(e)la o -(e)lako” (s. v. beldur).

374 Lafittek -tzat prolatiboaren forma moztutzat du -tz atzizkia: «A côté de la forme en -kotzat, il existe un prolatif tronqué en -tz» (1962: 219). De Rijkek, ordea, «the adnominal instrumental -koz, dialectally -kotz» dela irizten dio (2008: 430). Gramatika honetan ere instrumentalaren postposiziotzat hartzen da atzizki hori (§ 34.10a). Horrela bada, forma hori postposizioak gobernatzen duen izen sintagmaren izena isilpean utzita sortutakoa dela pentsa daiteke (-tzeko (asmo)z).

375 Villasante: “Cuando Ax. emplea este -ko con artículo obtiene una suerte de adjetivo o nombre, con un significado análogo al castellano «digno de», «apropiado para» […]. Convendría para expresar este sentido, servirse de este procedimiento, en vez de recurrir al sufijo derivativo -garri, cuyo signifcado fundamental es el de «productor» o «agente»” (1976: 141).

376 Hala erakusten dute Garatek (1988) ematen dituen adibideek (10 eta 281).

377 “Irakurtze alde ari zaren hori” itzultzen du Berrondok erdarazko “Desocupado lector” esaldia: Irakurtze alde ari zaren horrek, zinik gabe ere sinistu zenezake liburu hau […] libururik ederrena […] izatea nahi nukeela.

378 OEHk ‘A cambio (de), en pago (de)’ itzultzen du, besteak beste, forma honetako postposizioa (s. v. aldera).

379 “A trueco de verle” esaldiaren itzulpena da hauxe ikuste alde.

380 Predikatu hauek zenbaitetan ez dute mugimendua adierazten, borondaterik gabeko subjektua dutelarik. Gerra txarren bat etorriko da mundutarrok bakantzera (Basarri) esaldiak, esate baterako, denbora adierazten du, etorkizuna, mugimendua baino areago; ‘gerra txarren bat izango da’ esan nahi du.

381 De Rijk: “In that case, what we are faced with could well be a purpose clause disguised as a gerundive” (2008: 395); adibide gisa aipatzen du Testamentu Berriko esaldi batek bietako itzulpenak izan dituela euskarazko bertsioetan: gu galtzeko etorri zara? Eta gu galtzera etorri zara?

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper