Euskararen Gramatika

38. Kausazko perpausak

38. Kausazko perpausak

38.1. Sarrera: kausa, ondorioa, helburua

38.1.1. Kausa-ondorioaren adierazpenak

38.1.1a Bat baino gehiago dira gertakarien arteko ‘kausa-ondorio’ erlazioa aditzera ematen duten perpaus motak, edota erlazio hori oinarri dutenak. Kausazko perpausek perpaus nagusiko gertakaria eragin duen kausa seinalatzen dute: Euria egin duelako datoz ibaiak haziak; baldintzazkoak ere (ikus 34. kapitulua) erlazio horren gainean eraikiak izan daitezke, gertakari eragilea hipotesi moduan aurkeztuta: Euria egiten badu, ibaiak haziko dira; kontzesiozkoek (ikus 39. kapitulua) kausa gauzatu dela esan bai, baina hark iradokitzen duen ustezko ondorioa bete ez dela adierazten dute: Euria egin badu ere, ez dira ibaiak hazi; helburuzko perpausek (ikus 37. kapitulua), berriz, aurrera begiratu eta lortu nahi dena seinalatzen dute perpaus nagusiko gertakariaren eragile modura, xedea delarik haren kausa: Errieta egin nien haurrei, isil zitezen; eta ondoriozkoek ere aurrera begiratzen dute, perpaus nagusiko gertakariak eragin duen ondorioa seinalatuz: Halako euri jasa egin zuen, non ibaiak hazita baitzetozen.

38.1.1b Kausa-ondorio erlazioan oinarritzen dira, bada, perpaus horiek guztiak, zein bere modura bada ere. Ikusten den moduan, kausazkoek, baldintzazkoek eta kontzesiozkoek erlazioaren lehen elementuari begiratzen diote, kausari (‘euria egin’), baina baldintzazkoek hura hipotesi moduan aurkeztuz (‘egiten badu’) eta kontzesiozkoek, esan bezala, haren betetzeak iradokitzen duen ondorioa ukatuz (‘euria egin du’, bai, baina…). Helburuzkoek eta ondoriozkoek, berriz, bigarren elementuari begiratzen diote, ondorioari, helburuzkoek hura xede gisa seinalatuz (‘haurrak isiltzea’) eta ondoriozkoek gauzaturiko gertakari moduan aurkeztuz (‘ibaiak haziak etortzea’).

38.1.2. Kausazko perpausak eta helburuzkoak

38.1.2a Aipatutako perpaus horietan guztietan kausazkoak eta helburuzkoak dira elkarrengandik hurbilen daudenak. Gertakariaren kausa adierazten dute biek, baina ez datoz bat kausa hori aurkezteko moduan. Kausazkoek atzera begirako ikuspegia dute, gertakari nagusia eragin duena haren aurretik —edo, artean irauten badu, aldi berean— kokatuz eta, hortaz, gauzatutzat emanaz (‘euria egin du’, goiko adibidean). Helburuzkoak, berriz, prospektiboak dira; gertakari nagusitik aurrera begiratzen dute, subjektu egileak duen xedea haren eragile gisa aurkeztuz eta hura gauzatu denik esan gabe (ez da esaten, goiko adibidean, ‘haurrak isildu diren’, baina helburu hori lortzea da errieta egitearen kausa).

38.1.2b Aldeak alde, ordea, ezaugarri berdinak ere badituzte kausazko eta helburuzko perpausek, biak ere kausaren adierazle direnez. Hasteko, biak izan daitezke zergatik galderaren erantzuna: Zergatik mugitu duzu aulkia? —{Traban zegoelako ∼ Trabatik kentzearren}. Bestalde, juntaturik ere ager daitezke: Dirua behar duelako eta gurasoen nahia betetzearren hasi da lanean; Ez da kontzertuetara joaten musika maite duelako, bere burua agertzeagatik baizik; Gaur goiz etxeratu da, edo nekatua zegoelako edota, beharbada, telebistan futbol partida ikusteko. Eta, are gehiago, forma gehienetan bereiz badira ere, -tzeagatik eta -tzearren formetan bat datoz, forma ‘motibatibo’ horiek kausazko nahiz helburuzko perpausak era baititzakete, aurrerago ikusiko den moduan: Ilunpean ibiltzeagatik {erori da ∼ itzali du argia} (§ 38.4).

Kausazko perpausak aztertuko dira kapitulu honetan, helburuzkoak beste kapitulu baterako utzita (37. kapitulua). Aipatu ditugun beste perpaus motak, berriz, zein bere lekuan aztertzen dira.

38.1.3. Kausa adierazten duten egiturak eta hura iradokitzen dutenak

38.1.3a Berariaz kausa seinalatzea xede duten perpausek eta sintagmek forma jakinak erabiltzen dituzte adierazpen hori gauzatzeko, -lako, bait-, -gatik eta horrelakoak, alegia: etorri delako, etorri baita, etortzeagatik; nekeagatik. Horiek gabeko perpaus batzuek, hala ere, berariaz seinalatu ez, baina iradoki behintzat egiten dute kausazko adiera, irakurketa hori erantsiz, inferentziaz, beren esanahiari.

38.1.3b Hala, juntaturiko perpausetako lehenak kausa iradoki dezake (gau iluna da eta ez da ezer ikusten), edo alboraturiko perpausetakoak (gau iluna da, ez da ezer ikusten). Berdin, erabilera zabala duen -larik formarekin eginiko perpausek: Hain ona delarik, nola ez maita (Lafitte). Edo partizipioarekin eginiko sintagma adberbialek: Partida irabazita, pozik ziren jokalariak; Polizia ikusitakoan, lasterka hasi ziren. Zenbaitetan, perpausen esanahia bera aldatu egiten da; hala, esate baterako, denborazko formakoek kausa edo azalpena adieraz dezakete: Horrek esan duenean, ez da zalantzarik horrela dela; Laguna larri ikustean, ospitalera eraman zuten; Zuk erran duzun puntutik, sinesten dut (Lhande); Amodiotik aingeru hori kontzebitu den ordutik, / ni segur nago Jainko maiteak deitzen duela zerutik (Xalbador).

38.1.3c Aditz batzuek ere berekin daramate kausazko esanahia: Eurite handiak uholdeak ekarri ditu; Harrokeriak eraman zuen txorakeria horiek esatera. Horrelako egiturak, iradokizun mailako edo aldaturiko kausa-adierazpena egiten dutenez gero, ez dira hemen aztertuko.

38.1.4. Kausa adierazten duten formak

38.1.4a Berariaz kausa adierazten duten formak, bere aldetik, ez dira denak mota batekoak eta ez dituzte denek egitura sintaktiko berak eratzen. Diskurtso markatzaileak dira batzuk, testu mailakoak, esaldien edo solas zatien arteko lotura gauzatzen dutenak: Etxera joan da; izan ere, nekatuta dago. Perpaus mailako egitura sintaktikoak eratzen dituzte beste batzuek. Postposizio sintagmak eratzen dituzte postposizioek, izen sintagma gobernatuz: Zugatik egin du; menderagailuek, berriz, mendeko perpaus jokatuak eratzen dituzte: Gehiegi erre dutelako hondatu zaie janaria; bestalde, postposizioek aditz izena gobernatuz mendeko perpaus jokatugabeak ere era ditzakete: Semaforoa gorrian pasatzeagatik jarri diote isuna.

38.1.4b Diskurtso markatzaile guztiek bezala, kausazkoek ere esaldi bi elkartzen dituzte, markatzailea daramanak bestean esaten denaren azalpena eskaintzen duelarik, baina haren mendeko izan gabe. Hala, izan ere, alabaina, bada, ezen, zeren eta zergatik (eze) kausazko markatzaile gisa erabil daitezke (ikus 42. kapitulua).

Izan ere esapidea bere osoan da diskurtso markatzaile, perpausaren hasieran nahiz tartean kokatua: Auto berria erosi du; izan ere, zaharra ez zebilen ondo; Zaila da, izan ere, testuak ongi ulertu ahal izatea (Mitxelena). Gipuzkoan eta Bizkaian erabiltzen da batez ere, XIX. mendearen amaiera aldetik hona382. Alabaina batez ere aurkaritzako markatzaile gisa erabiltzen da gaur egun mendebaldean, baina kausazko bezala batez ere ekialdean: Zer jendetzak bildu ahal ziren haren aditzeko! Alabaina halako famako predikaria zen (Zerbitzari); Ikaslerik nehor kasik ez, edo guti. Gizon gazteak alabaina […], nahiago hiri handia (J. Etxepare). Bada lokailuak —lagunartean, ba— bestelako erabilerak ditu, baina inoiz kausa ere adierazten du, Hegoaldeko euskalkietan batez ere: Ez dut agurtu, bada ez dut ezagutu; Eraman ezazu, bada on egingo dizu383. Ezen —edo ezi(k)— Iparraldeko euskalkietan erabiltzen da kausazko adieran: Segur naiz plazer eginen diodala, ezen bera ere kantari pollita da (Xalbador). Zeren eta zergatik (eze) formak -n edo bait- menderagailuekin erabiltzen dira maizenik, baina haiek gabe ere erabiltzen dira, aurrerago ikusiko den moduan: Presta zaitezte ondo partidarako, zeren nork irabazten du ondo prestatu gabe?; Agudo plater pare bat, zergatik gosearekin ez dugu ikusten (Soroa).

38.1.4c Beste postposizioek bezala, kausazkoek ere ohiko postposizio sintagmak eratzen dituzte, izen sintagmarekin doazenean. Hala, -gatik: Nekeagatik utzi nuen lasterketa; Nigatik egin dute hori; Eskerrik asko opariagatik; ‘kausazkoak’ dira horrelako sintagmak, nigatik egin dute esanda, esate baterako, ‘nire kausaz’ egin dutela adierazten baita, eta, hain zuzen ere, kausazko perpausekin juntaturik eman daitezke: Ni euskarari nago, bihotzez eta gogoz, ez ederrarengatik bakarrik, baina gurea delakotz (Xalbador). Postposizioa berez genitiboari eransten zaio (Koldorengatik, semearengatik, semeengatik), baina izenkia mugatzailerik gabea edo mugatu singularra denean genitiboaren atzizkia agerian eman gabe utzi daiteke (Koldogatik, nigatik, semeagatik) (EGLU-I: 433-437). Erakuslearekin eginiko horregatik sintagmak aurretik aipatutako zerbaiti egiten dio erreferentzia, hura perpaus nagusiko gertakariaren kausa edo arrazoi gisa seinalatuz: Ez dut ezer txarrik egin. (Arrazoi) horregatik, ez diet epaileei beldurrik.

Postposizio hori emankorra da euskalki guztietan izen sintagmak gobernatuz. Ez horrela, ordea, mendebaldeko -arren postposizioa, hau ez baita, aditz izenaz beste, izen gutxirekin baizik erabiltzen kausa adieran (beldurrarren, lotsarren, pozarren): Lotsarren negar-malko onik isuri omen zuen (Zaitegi); Pozarren dira andreak erotu (Arrese Beitia); Beldurrarren esan ditu Nikanorrek, esan dituenak (Erkiaga).

Instrumentalaren -z atzizkiarekin eginiko postposizio sintagmek ere kausa adieraz dezakete, moduaz gain, gogo edo gorputz egoerarekin zerikusia duten izenekin batik bat: Ez da gosez hilko (Labaien); Egin behar ez nituenak eta beldurrez nahiz lotsaz egin ditudanak, (Mitxelena); esapide intentsiboa eratzen da izen bereko genitiboa aurretik duela: Beldurraren beldurrez ez zekien zer egin ere (F. Bilbao); Damuaren damuz alde egin zuen mutikoak Nekaneren albotik (Erkiaga). Halaber, -en kausaz esapideak, testu zaharretan ageri denak, adiera hori du, bistan denez: Bere hutsen kausaz Jaunak sutara egotziak (Etxeberri Ziburukoa); Zeinaren kausaz askok egin ohi dituen ezer balio ez duten matrimonioak (Otxoa Arin). Berdin, -en indarrez esapideak ere: Penaren indarrez egun guzti hartan mokadurik irentsi ez zuen (G. Arrue). Eta -en kariaz Iparraldekoak edo goi mailakoak: Lagunen kariaz egin du hori.

Kausa adierazten duten postposizio gisa joka dezakete beste forma batzuek ere: -i esker(rak), esate baterako: Sebastian honi eskerrak, jan eta lo ederki egiten genuen (I. Alkain eta A. Zavala); Arta zenbaiti esker, aberea ez zen horretarik hil (Lafitte). Iradokizun negatiboa du, berriz, -en erruz esapideak: Lagunaren erruz galdu zuen diru guztia. Orobat aipa daitezke, azkenik, aurrerago azalduko diren dela-eta eta dela kausa esapide eginak: Hurrengo partida dela eta, aztoratuta dabiltza zaleak; Bozak direla kausa, sutan jarria da herria.

38.1.4d Bestelakoak dira, azkenik, kausazko perpausak eratzen dituzten formak. Adizki jokatuarekin eginek menderagailua daramate: Berandu {etorri delakoetorri baitaetorri denez gero}; jokatugabeak, berriz, esan bezala, aditz izenari postposizioa erantsita eratzen dira: Berandu {etortzeagatik ∼ etortzearren}. Perpaus horiek dira, jokatuak zein jokatugabeak, ondoko ataletan aztertuko direnak.

38.2. Kausazko perpausak: motak eta formak

38.2.1. Predikatuaren barneko osagai direnak, kausalak

38.2.1a Kausazko perpaus deitzen ditugu, bada, kausa adierazten duten formekin eratzen diren perpaus mendekoak. Perpaus horiek ere ez dira denak mota eta izaera batekoak. Aitzitik, mota desberdinak bereiz daitezke haien artean, jokabide sintaktikoari eta balio semantikoari dagokienez. Batzuk perpaus nagusiaren barneko modifikatzaileak dira, predikatuaren barneko osagaiak, eta perpaus kausal beteak eratzen dituzte; beste batzuek, berriz, kanpotik modifikatzen dute predikatu nagusia, eta azalpenezko perpausak eratzen dituzte.

38.2.1b Hasteko, esan bezala, predikatuaren barneko osagai direnak bereiz daitezke. Perpaus nagusiaren barneko modifikatzaile dira hauek eta predikatuan aipatzen den gertakariaren kausa adieraztea dute xede. Kausa hori objektiboa izan daiteke (su biziegia zutelako erre dira babarrunak), oinarri logikoa duena (euskalduna naizelako mintzo naiz euskaraz) edo arrazoi nahiz motibo subjektiboa adierazten duena (adiskidea zaitudalako egin dizut galdera hori). Kausa mota desberdinak dira horiek, nozio desberdinetan oinarritzen direnak, baina euskarak ez ditu formalki bereizten; forma berak erabiliz ematen dira denak (-lako, adibideetan). Predikatuak aipatzen duen gertakariaren eragilea seinalatzen dute denek. Hortaz, semantikari dagokionez, kausal beteak direla esan daiteke (labur: kausalak).

Ezaugarri jakin batzuk dituzte perpaus hauek, predikatuaren kanpoko osagai direnetatik bereizten dituztenak:

a) Zergatik galderari —zertako, zerendako, ekialdean— zuzenki erantzun diezaiokete: Zergatik agertu dira itoginak? —Euri asko egin duelako; Zergatik huts egin duzu autobusa? —Berandu jaikitzeagatik.

b) Esaldiko galdegaia izan daitezke: Euri asko egin duelako agertu dira itoginak.

c) Ezezkoaren barruko ukagaia eta hari kontrajarritako galdegaia izan daitezke, ez-bai kontrasteko egituran: Ez dizut galdera hori jakintsua zarelako egin, adiskide zaitudalako baizik; Adiskide zaitudalako egin dizut galdera hori, ez jakintsua zarelako.

d) Perpausari hanpadura berezia ematen dioten baina, ere eta bakarrik bezalako partikulak onartzen dituzte: Gainditu duzu azterketa, baina ariketa guztiak egin dituzulako —horrela ez balitz, ez zenuen gaindituko, alegia—; Espezializazioaren bidea hartu dute, gaur egun ildo horrek funtzionatzen duelako. Eta baita Bilbon bertan “beharra” zegoelako ere (Berria); Ez baita bidezko irakurleari euskarazko idazlanak, euskaraz daudelako bakarrik, irakurtzeko eskatzea (Mitxelena).

e) Beren artean junta daitezke mota horretako perpausak: Adiskidea zaitudalako eta asko dakizulako egin dizut galdera hori.

38.2.1c Perpausak bezala, bestalde, postposizio sintagmak ere izan daitezke kausa adierazten duten predikatuaren barneko osagaiak: a) Zergatik joan da ihesi? —Beldurragatik; b) Lagunei eskerrak lortu du lanpostua; c) Dudan tituluagatik lortu dut lanpostua, ez euskaragatik; d) Diruagatik bakarrik ezkondu da harekin; e) Saiatu naizelako eta euskarari esker lortu dut lanpostua.

38.2.2. Predikatuaren kanpoko osagai direnak, azalpenezkoak

38.2.2a Predikatuaren kanpoko osagai direnak, berriz, perpaus nagusiaren modifikatzaile dira, eta hartan esaten denaren azalpena edo justifikazioa ematen dute aditzera: Amaitu egin beharko dugu biltzarra, berandu baita. Adierazpen bat egiten da perpaus nagusian, edo galdera nahiz agindu bat, eta haren justifikazio edo azalpena eransten da mendekoan —‘biltzarra amaitzeko’ proposamenaren azalpen edo justifikazio gisa aipatzen du hiztunak ‘berandu izatearena’, adibidean—. Ematen den azalpenak ere kausa objektibo bat izan dezake oinarri (erre egin dira babarrunak, su biziegia zuten eta), oinarri logikoa duena (euskaraz mintzo naiz, euskalduna bainaiz) edo arrazoi nahiz motibo subjektiboa adierazten duena (adiskidea zaitudanez gero, zuri egin dizut galdera). Baina dena delako arrazoi edo kausa hori adierazpen nagusiari ‘erantsi’ zaion azalpen gisa ematen da. Semantikari dagokionez, bada, horrelakoak azalpenezko perpausak direla esaten da. EGLUn ‘kausazko perpaus’ edo ‘kausal’ izen generikoa ematen zaie mota bietako perpausei, ‘kausal bete’ predikatuaren barnekoei eta ‘azalpenezko’ predikatuaren kanpokoei. Hemen, ‘kausazko perpaus’ izen orokorra atxiki dugu, baina ‘kausal’ ditugu predikatuaren barnekoak (EGLUko ‘kausal beteak’, alegia) eta ‘azalpenezko’ kanpokoak.

Perpaus hauek predikatuaren barnekoek ez bezalako ezaugarriak dituzte:

a) Ez dira egokiak zergatik? galderari erantzun zuzena emateko; hala, esate baterako, Errurik ez duenez gero, lasai dago esan daitekeen arren, Zergatik dago lasai? galderari ez zaio *Errurik ez duenez gero erantzuten.

b) Predikatuaren kanpokoak izanik, bestalde, ezin dira galdegai izan: *Errurik ez duenez gero dago lasai; *Lasai, errurik ez duenez dago.

c) Ez dute ukagai-galdegai kontrastea eratzen: *Ez dago lasai errurik ez duenez gero, epaileak adiskide baititu baizik.

d) Ez da ohikoa perpaus hauek juntatzea: ?Errurik ez duenez gero eta epaileak adiskide dituenez gero, lasai dago; *Merkea baitzen eta polita zenez gero, erosi egin nuen.

e) Ez dituzte ondoan baina, ere eta bakarrik bezalako partikulak onartzen: *Etxera noa, baina berandu da eta; *Merkea zenez gero ere, erosi egin nuen; *Ondo egin duzunez bakarrik, gainditu duzu azterketa.

f) Perpaus hauek izan ere diskurtso markatzaileaz parafrasea daitezke: Lasai dago; izan ere, ez du errurik; Erosi egin zuen; izan ere, merkea zen.

Horrelako perpausa duten esaldiak urrats bitan ematen dira, esan bezala, perpaus nagusiari dagokiona bat eta kausazkoari dagokiona bestea; eten batek bereizten ditu biak —idatzian eskuarki komaz seinalatua—, eta intonazioak ere bitasuna adierazten du: Merkea zenez gero # erosi egin zuen. Esaldi berean kausala eta azalpenezkoa ematen direnean, argi ageri da hura predikatuaren barnekoa dela eta hau kanpokoa, etenaren ondon kokatua: Aspertuta nengoelako atera naiz kalera, haizea hartzea ona izaten da eta. Asertzio bi ditugu adibide honetan ere, perpaus kausala barnean duena bat, ‘asperdurak eraman nau kalera’, eta kanpoko azalpenean adierazten dena bestea, ‘haizea hartzea ona da’.

38.2.2b Predikatuaren kanpoko osagai diren perpaus hauetan, hau da, azalpena adierazten dutenetan, dedukzioa oinarri dutenak bereiz daitezke: Partida galdu dute, burumakur baitatoz denak; Euria egin du, kaleak bustiak daude-eta. Hauetan kausa-ondorio erlazioari buelta eman zaio, eta gertakari baten ustezko ondorioa denetik haren kausa deduzitzen du hiztunak (‘jokalariak burumakur etortzetik’ ondorioztatu du hiztunak partida galdu dutela, adibidean; eta ‘kaleak bustiak egotetik’ euria egin duela); gertakarietan ondorio dena dedukzioaren kausa edo oinarri bilakatu du. Horregatik dedukziozko azalpenak izenda ditzakegu perpaus hauek, hiztunak egin duen dedukzio baten adierazpena baitira384. Zenbaitetan perpaus nagusian segurki edo antza bezalako adberbioak ematen dira, dedukzioaren izaera adierazteko: Galdu dute, antza, burumakur baitatoz. Beste batzuetan adizki nagusiak betetzen du egiteko hori, probabilitate modalitatea hartuta: Galdu egingo zuten, burumakur baitatoz; Euria egingo zuen, kaleak bustiak daude-eta. Gerta daiteke, jakina, hiztunaren dedukzioa okerra izatea (jokalariak ‘burumakur etortzea’ beste arrazoi bategatik izatea, eta berdin ‘kaleak bustiak egotea’), baina horrek ez du aldatzen azalpenaren izaera, hau dedukzio batean oinarritzen baita, kasu honetan okerra dena. Esaldi hauetan mendeko perpausa nagusiaren eskuinean ematen da beti, adibideetan ikusten den bezala, eta ezin dira aurreratu: *Burumakur baitatoz denak, partida galdu dute; *Kaleak bustiak daude-eta, euria egin du.

38.2.2c Azalpenezko perpaus askok enuntziatua arrazoitzen dutela esaten da, eta beste batzuek, berriz —dedukziozkoek, esate baterako— enuntziazioa. Haietan, izan ere, adierazpen nagusian esaten denaren azalpena ematen du mendekoak, haren edukia —hartan aipatutako gertakaria— justifikatzeko. Burumakur datoz denak, partida galdu baitute esaldian, adibidez, jokalariak burumakur etortzea da adierazpen nagusiaren edukia, eta horren arrazoia azaltzen du mendekoak. Dedukziozkoetan, berriz, esaten dena ez, esatea bera arrazoitzen da, zergatik esaten den, alegia. Partida galdu dute, burumakur baitatoz esaldiko adierazpen nagusia ‘partida galdu izana’ da, eta ‘burumakur etortzea’ ez da galdu izanaren kausa edo arrazoia; aitzitik, ‘burumakur etortzeak’ azaltzen duena da zergatik esan duen hiztunak ‘partida galdu dutela’. ‘Esan’ gisako inplizitu bat dago perpaus horretan: ‘partida galdu dutela diot, burumakur baitatoz’. Agindua ematea azaldu dezake, orobat, azalpenezko perpausak: Ireki leihoa, otoi, bero dago eta; ‘bero egoteak’ azaltzen du zergatik eskatu duen hiztunak leihoa irekitzeko, aginduan ere ‘esan’ inplizitu bat baitago (‘leihoa irekitzeko esaten dizut, bero baitago’). Hitz batean laburbiltzeko, bada, ‘esaten dena’ arrazoitzen dute batzuek, eta ‘esatea’ bera, berriz, beste batzuek.

38.2.2d Perpaus hauetan ematen den azalpenak hiztunak solaskidearekin partekatzen duen informazioa biltzen du batzuetan —edo, bederen, ezaguntzat eta partekatutzat aurkezten dena—; -nez gero eta nola… -n formen bidez adierazten dira horrelakoak: Hemen zaudenez gero, lanean hasiko gara. Azalpenak informazio berria ematen duenean, berriz —edo, bederen, hiztunak ezagun eta partekatu gisa aurkezten ez duen informazioa eskaintzen duenean—, bait- edo -eta enklitikoa erabiltzen dira: Zaudete pixka batean, lagunduko dizuet eta (Atxaga). Ustekizun desberdina salatzen dute, hortaz, honako esaldi bi hauek: Kirolzalea denez gero, kiroldegiko bazkide egin da Lupe eta Kiroldegiko bazkide egin da Lupe, kirolzalea baita. Lehenbizikoan ezaguntzat ematen da Luperen kirolzaletasuna; bigarrenean, berriz, ezaguna izan edo ez, ez da horrela aurkezten. Ohiko ordena ere desberdina dute esaldi mota biek, horretan egin daitezkeen aldaketak gorabehera: informazio ezaguna ematen duten perpausek nagusiaren aurrean dute ohiko lekua, eta haren ondoan, berriz, informazio ‘berria’ dakartenek.

38.2.3. Kausalak eta azalpenezkoak

38.2.3a Dedukziozko perpausak eta nagusia aginterazkoa dutenak azalpenezkoak dira berez, eta ezin dira kausalak izan: Euria egin du, kaleak bustita baitaude, baina *Euria egin du, kaleak bustita daudelako; Egon isilik, ezer ez dakizu eta, baina *Egon isilik, ezer ez dakizulako.

38.2.3b Bestelakoetan, ordea, adierazitako kausa predikatuaren barneko ‘kausal’ gisa edo kanpoko ‘azalpenezko’ bezala aurkeztea hiztunak erabakitzen du, zer jarrera hartzen duen; euria egin-kaleak busti erlazioko kausa, esate baterako, adierazpen nagusian txertatuta nahiz hari erantsita eman daiteke. Euria egin duelako daude kaleak bustiak esaldian euria egin izana ‘kausal’ gisa aurkezten du hiztunak, adierazpen nagusiaren barnean txertatuta; ‘euria egin izana’ ‘kaleak bustita egotearen’ eragile gisa aurkezten da, besterik gabe. Kaleak bustita daude, euria egin du eta esatean, berriz, bere ‘azalpena’ ematen ari da hiztuna, asertzio bati beste bat erantsiz; ‘kaleak bustita egotearen’ zergatikoaz berak ematen duen azalpena da ‘euria egin izana’. Esanahia bertsua bada ere, aukera bakoitzak bere ezaugarriak ditu, sintaktikoak eta semantikoak, gorago ikusi den moduan. Alde bera ikusten da, esate baterako, Ihesi joan dira beldur zirelako eta Ihesi joan dira, beldur baitziren perpausen artean, lehenak kausa adierazten baitu zuzenean eta bigarrenak azalpena eskaintzen.

38.2.4. Formak

38.2.4a Kausazko perpausen formak ez dira denak esandako mota bietan erabiltzen; aitzitik, mota bakoitzak bere formak ditu, zenbaitetan forma batek bietarako balio badu ere.

Kausal deitu ditugun perpausen forma nagusia -lako(tz) da gaur egun, aditza jokatua dutenetan: Autoa hondatu zaielako iritsi dira berandu. Jokatugabeko aditza dutenetan, berriz, aditz izenaren gainean eraikitako -tzeagatik da perpaus kausalak eratzen dituen forma: Gaizki aparkatzeagatik zigortu naute; maizenik helburuzkoa den -tzearren formak ere kausa adieraz dezake zenbaitetan: Erdaraz egitearren markesak zirela uste zuten.

Bait- menderagailuak mota bietako perpausak era ditzake, ekialdeko euskalkietan; kausalak eratzen ditu zenbait egituratan: Ez omen baita ere denborarik galtzeko, horra zertako etorri naizen (J. B. Elizanburu); Hori erran zuen, ez behardunez axola zuelakotz, baina ohoina baitzen (Jesu Kristoren Berri Ona). Baina azalpenezkoak ere eratzen ditu euskalki horietan, eta gaur egun baita mendebaldekoetan ere: Banoa, berandu baita; Jan ezazue gogoz, zuek ez baituzue errurik (X. Amuriza).

38.2.4b Zeren partikularekin eraturiko formek ere mota bietako perpausak eratzen dituzte. Zeren… -n menderagailuak kausalak eratzen ditu, ekialdeko euskalkietan: Emaztekia, zergatik egiten duzu negar? […] Negar egiten dut zeren eraman duten ene Jainkoa, eta zeren ez dakidan non ezarri duten (Larregi). Eta, orobat, zeren bait- formak ere: Emaztekia, zergatik egiten duzu negar? […] Zeren eraman baitute ene Jauna, eta ez dakit non ezarri duten (Duvoisin). Baina azalpenezkoak ere eratzen dira zeren bait- formarekin: Senda ezazu ene arima, zeren bekatu egin baitut (Duvoisin); mendebaldean ere erabiltzen da gaur egun forma hori, azalpenezko perpausak eratzeko.

Azalpenezkoak eratzen ditu, bestalde, mendebaldeko euskalkietan, -eta enklitikoarekin eraturiko formak: Aita, barka iezaiezu, ez dakite-eta zertan ari diren.

38.2.4c Eta informazio ezaguna bideratzen duen -nez gero forma, berriz, bere aldaerekin, euskalki guztietakoa da: Aberatsa denez gero, hari eskatuko diogu diru pixka bat. Mendebaldean -nez soilak eta -n legez formak ere izan dezakete adiera hori: Ezer gertatu ez zenez, bertan utzi zuten (Atxaga). Iparraldean -naz gainean forma ere erabiltzen da: Hirialat bazoazenaz gainean, nahi duzua eraman ene xamarra? (DRA). Azkenik, esan dezagun «{nola ∼ zelan}… -n» forma ere erabiltzen dela balio horrekin: Nola eztizalea naizen txit, ez nintzen argizariaz oroitzen (A. P. Iturriaga).

Hona, bada, kausazko forma nagusien erabileraren koadroa, aldaerak alde bat utzita (+ = orokorra, e = ekialdeko euskalkietakoa; m = mendebaldekoa):

Illustration

38.3. -lako(tz), kausala

38.3a Gaur egun -lako da, mendebaldeko euskalkietan, perpaus kausal jokatuak egiteko erabiltzen den forma nagusia; -la menderagailuari -ko adnominala erantsita eratutako forma da, izenaren perpaus osagarrietan ageri dena bera. Hortaz, erabilera bi ditu mendebaldean forma honek, izenlagunari dagokiona bat (gezurra esan diotelako kontu horrekin asper-asper eginda nauka) eta aditzaren modifikatzaileari dagokiona bestea, kausazkoa (gezurra esan diotelako haserretu da)385. Ekialdeko euskalkietan ere erabiltzen da forma hori, -lakotz aldaeran usu, era horretan bereiziz izenaren osagarria (gezurra esan diotelako kontua) eta aditzaren modifikatzailea (gezurra esan diotelakotz haserretu da)386.

38.3b Predikatuaren barneko osagai izanik, gorago aipatu diren ezaugarriak ditu -lako perpausak. Hala, zergatik? galderari erantzun diezaioke: Zergatik errespetatzen duzue? —Zaharra delako. Eta galdegaia ere izan daiteke, jakina, aditzaren aurre-aurrean kokatua inoiz (zaharra delako errespetatzen dugu), baina maizago aditzaren eskuinera atzeratua, batez ere luze samarra denean, horrelakoetan ohikoak diren eten-intonazioekin: Errespetatzen duguurteek pertsona beneragarria egin dutelako. Ezezko perpausetan ere, zergatik osagaia izan daiteke esaldiko galdegaia, ezeztapenak perpaus osoa besarkatzen duenean, eta -lako perpausak bete dezake orduan funtzio hori, baiezkoetan bezala: Zergatik ez da etorri? —Gaixorik delako ez da etorri387. Beste batzuetan, ordea, kausazko perpausa da ezeztapenak besarkatzen duen ukagaia, eta orduan ohiko lekuan kokatzen da hau, adizkiaren ondoan, sintetikoetan, eta adizki bien artean, analitikoetan (ez dugu zaharra delako errespetatzen, hau da, ‘errespetatzen dugu, baina ez horregatik’)388; horrelako perpausei kontrasteko galdegai baieztatua gehitzen zaie maiz, zergatiko ukatuari baiezko bat kontrajarriz, ez A, B baizik egituran: Ez dugu zaharra delako errespetatzen, jakintsua delako baizik. Ezezko mota honetan ere atzeratu egiten da maiz -lako perpausa, baina aditzaren ondoko eten-intonazio bereziak egin gabe: Ez dugu errespetatzen urteek pertsona beneragarria egin dutelako, jakintsua delako baizik. Ez-baiko kontraste hori alderantziz ere egin daiteke: Jakintsua delako errespetatzen dugu, ez zaharra delako. Kontrastean emandako osagai biak -lako forma dutenak izan daitezke, goiko adibideetan ikusten den bezala, baina beste kausazko nahiz helburuzko forma batzuekin konbinatuta ere eman daiteke -lako perpausa: […] eta hargatik triste ziren; ez baitezpada galdu zituztelakotz, baina zeren ez zitzaien emana haiei ere Jesus Jaunarentzat beren odolaren isurtzea (Joanategi); Gutik lan gaitzagorik dute besarkatu, ez gaitz delakotz hainbat kanten ematea, baina minbera baita egia maitea (Hiribarren); Ez diote nota txarra eman azterketa gaizki egin duelako, lagunari kopiatzegatik baizik; Ez du lasterketa utzi nekatua zelako, lagunari laguntzeagatik baizik.

38.3c Sarritan -lako perpausa aurreko hargatik, horregatik edo horrelako elementu kataforiko batek iragarria ematen da: Hargatik maite ditut gaurko gazte asko: tentaldiaren ihesi ez dabiltzalako (Mitxelena); Horregatik saldu zidan bada etxe hau, bera Dublinera zihoalako (Atxaga). Erakuslearen edukia biltzen duen aposizioa da -lako perpausa, horrelakoetan, eta galdegaitzat har daiteke, hura galdegai denean (‘tentaldiaren ihesi ez dabiltzalako [maite ditut]’, alegia).

Gorago aipatu ditugun hiru kausa motak adieraz ditzake -lako perpausak, objektiboa, oinarri logikoa duena edo motibo subjektiboa seinalatzen duena. Harritu, damutu, izutu, lotsatu, poztu, loriatu, ikaratu, miretsi, deitoratu eta gisa horretako aditzek adierazten dituzten giza jarrera edo emozioen kausa ere adieraz dezake: Aberastuta natorrelako harritu al zarete?; Miresten dituzte langile trebeak direlako.

38.3d Mintzagaia ere izan daiteke -lako perpausa, perpaus nagusiaren eskuinaldean kokatua inoiz: Lagun guztiak haserretu zaizkizu gezurra esan duzulako; Ez zara agertu, beldur zinelako (Labaien); Nire nagusiak orain hiru egun, bidean utzi ninduen, gaixotu nintzelako (Lardizabal). Baina ezkerraldean kokatua beste zenbaitetan, galdegai-aditzen aurrean, nolabaiteko hanpadura markatuz: Gezurra esan duzulako, lagun guztiak haserretu zaizkizu; Hiru urte lehenago lapur bat aurkitzen lagundu ziolako, oso adiskide zuen (Garate). Beste mintzagai baten ondoan ere joan daiteke, haren eta galdegaiaren artean tartekatua: Euskal letretan, apal izanagatik edota apala delako, aski nabarmendu da bere boza azkenaldi honetan (Mitxelena).

38.3e Mintzagai diren -lako perpaus kausal hauen ‘pareko’ dira, itxuraz, azalpenezko formekin eratzen diren perpaus batzuk: Auto berria erosi du zaharra ondo ez zebilelako; Auto berria erosi du, zaharra ez zebilen-eta ondo. Itxura gorabehera, ordea, eta esanahia bertsua izanik ere, desberdinak dira perpaus mota bi horiek, gorago esan den bezala: -lako perpausak, predikatuaren barnekoa izanik, honek aipatzen duen gertakariaren kausa ematen du aditzera zuzenean; azalpen perpausak, berriz, perpaus nagusiaren kanpoko modifikatzaileak dira eta hartan esandakoaz hiztunak eransten duen azalpena ematen dute aditzera. Eta, jakina, bakoitzak bere ezaugarriak ditu; hala, § 38.2 atalean aipatzen direnez beste, goragoko perpaus baten mendekoaren mendeko izateari dagokiona (auto berria erosi badu zaharra ondo ez zebilelako, ederki egin du; *auto berria erosi badu zaharra ondo ez zebilen-eta, ederki egin du), edo galderaren barneko osagai izateari dagokiona (partida galdu behar al dugu gaur ere sasoian ez zaudetelako?; *partida galdu behar al dugu gaur ere, sasoian ez baitzaudete?)389.

38.3f Gogoan izan behar da, bestalde, azalpenezko perpaus guztiek ez dutela parean -lako perpaus kausalik; hala, esate baterako, dedukziozkoek (etxean daude, leihoak irekiak baitaude*etxean daude leihoak irekita daudelako). Aginte perpausek ere berezkoa dute azalpenezko perpausa hartzea, agindua ematearen justifikazioa eskaintzen baitu mendekoak (joan zaitez ohera, {berandu baita ∼ berandu da eta}), eta, hortaz, ez dute erraz onartzen -lako perpausa (?joan zaitez ohera berandu delako); onargarria dute, ordea, mendeko perpausa aginduaren esparruan sartzen bada (joan zaitez ohera berandu delako, ez nik esan dizudalako), agindua ez baita hor ‘ohera joatea’, ‘horregatik joatea’ baizik.

Dena dela, egungo hiztun batzuek -lako perpausaren erabilera zabaltzeko joera dute, eta azalpenezkoez bereizi gabe jotzen dute hartara. Berdintsu zaie Etxera joan da, berandu baitzen esatea nahiz Etxera joan da, berandu zelako esatea. Ez da egokia, ordea, -lako formaz baliatzea predikatuaz kanpoko azalpen perpausak eratzeko. Halakoetan, aurrerago ikusiko den moduan, bait- edo -eta enklitikoa dira forma egokiak: Ez duzu gaindituko azterketa, gutxi landu duzu-eta gaia — ?Ez duzu gaindituko azterketa, gutxi landu duzulako gaia (Garzia 2014a: 161). Eta, zer esanik ez, dedukziozkoetan eta agintezkoetan: *Galdu dute, burumakur datozelako; *Isil zaitez, ezer ez dakizulako.

38.3g Zenbaitetan bi perpausetan banatua ematen da esaldia, aurrenekoan esandakoari argibideak eransten dizkiolarik bigarrenak, -lako perpausak: Lasterketak interes berezia izango du, bertan izango direlako munduko txirrindularirik handienak (Euskadi Irratian entzuna). Perpaus nagusiko osagaitzat —haren mintzagaitzat— har daiteke hor, beharbada, mendeko perpausa; baina pentsa daiteke, halaber, alboratutako perpaus bi ditugula, hau da, lehena esan ondoan bestea eranstea bururatu zaiola hiztunari, hartan esandakoa nolabait argitzeko-edo. Lehena erabat osatua da, bere galdegaia eta guzti (‘interes berezia’), eta bigarrenak beste galdegai bat ematen du, -lako perpausa hain zuzen ere, bigarren perpausari dagokiona; galdegaia baizik ez du ematen bigarren honek, perpausaren gainerakoa aurrekotik berreskuratzen baita. Honako hau izango litzateke, bada, esaldi horren irakurketa: Lasterketak interes berezia izango du. Bertan munduko txirrindularirik handienak izango direlako [izango du interes berezia]. Alboratutako perpaus bi direnez, tartean etena egiten da; idatzian koma, puntu eta koma nahiz puntua eman daitezke390. Dena dela, zalantzakoa izan daiteke batzuetan, idatzian batez ere, -lako perpausa nagusiaren osagaia —haren mintzagaia— ala gehikuntzaz alboraturiko perpausa den.

38.3h -lako perpausen barneko ordenari dagokionez, esan behar da beste mendeko askotan bezala hauetan ere perpausaren azken buruan ematen dela menderagailua bere aditzarekin. Horrela da beti, hain zuzen ere, galdegai izanik aditz nagusiaren aurrean denean: [Gezurra esan duzulako] nago haserre; *[Esan duzulako gezurra] nago haserre; haren eskuinean denean ere azkenean doa inoiz: Ez dizut ezer eskatuko, behar dudan guztia badudalako; hasieran eta tartean ere eman daiteke, menderagailua aditz nagusira hurbilduz: Ez dizut ezer eskatuko, badudalako behar dudan guztia; Ez diot ezer aipatu, berak badakielako gorabehera guztia (Arejita 1985: 190). Ezezkoetan, berriz, azken buruan joan ohi den adizki jokatua aurrera ekar daiteke: [Agurrik egin ez dizutelako] al zaude haserre?, baina baita [Ez dizutelako agurrik egin] al zaude haserre? ere.

38.3i Hiztun guztiek onartzen ez badituzte ere, batzuentzat onargarriak dira -lako perpausaren barruko osagai bati buruzko galderak, eta ez bakarrik oihartzun-galdera gisa: Nor etorri delako zaudete pozik?; Zer ikusi dutelako hasi dira korrika?; Zeinen aurka jokatu behar dutelako daude hain urduri Aviron taldekoak?

38.3j Sintagma motibatiboek balio kontzesiboa izaten dute inoiz. Balio hori izan dezake -lako perpausak ere, perpaus nagusia ezezkoa denean: Hitz berri gehiegi dituelako ez diogu ukatu behar ondo merezi duen txaloa (Mitxelena). Aurkaritza adierazten dute horrelako perpausek: horrela, adibidean, ‘hitz berri gehiegi izateak’ txaloa ukatzea ekarriko lukeela pentsa daiteke, baina kasu honetan ez da hala gertatzen (“Hitz berri gehiegi baditu ere, ez diogu txaloa ukatu behar”).

38.3k Forma honi inesiboko -n atzizkia erantsita -lakoan forma eratzen da. Oinarrian izenlaguna dagoenez, pentsatzekoa da forma horren azpian ez- ageriko izen bat dagoela, ‘uste’, ‘iritzi’ edo horrelako adiera duena, hain zuzen ere; etorri delakoan perpausaren azpian, esate baterako, etorri delako [uste]an perpausa dagoela, alegia. Ikusten denez, [uste]an da sintagma horren burua, eta horrek erabakitzen du sintagmaren esanahia eta balioa. Zenbaitetan egon aditzaren osagarria da, Adiskide zintudalakoan nengoen, baina beste batzuetan kausa adierazten duen adjuntua da: Lapurra zelakoan atxilotu zuten; Barbero batengana eraman omen zuten, hark sendatuko zuelakoan (Atxaga). Aldea badago -lako eta -lakoan perpausen artean: -lako perpausa, kausal betea da (Igandea zelako geratu zen ohean); -lakoan perpausa, berriz, ustezko kausal modura irakurtzen den perpausa da, esan bezala (Igandea zelakoan geratu zen ohean). Ustea, iritzia edo aitzakia adierazten du -lakoan perpausak, uste hori perpaus nagusiko gertakariaren zergatiko gisa ulertuz; hortik, adieraren ‘subjektibotasuna’391. Inoiz -lako soila erabiltzen da -lakoan formaren lekuan, forma biek duten erlazioa agerian utziz: Peril handia da nihork bata har dezan bertzea delako [], zeren bata on izanagatik, bertzeak kalte egin lezake (Pouvreau).

38.4. -tzeagatik eta -tzearren, kausalak

38.4a Perpaus jokatugabeetan -tzeagatik da perpaus kausal beteak eratzen dituen forma nagusia. Aditz izenari -gatik kausazko postposizioa erantsita sortutako forma da, eta, hortaz, horrekin eraturiko sintagmak postposizio sintagmak dira, kapitulu honen sarreran ikusi ditugunen modukoak (§ 38.1.4b), postposizioak, kasu honetan, perpaus jokatugabea gobernatzen du. Perpaus nagusiko gertakariaren zergatikoa ematen dute aditzera perpaus hauek ere: Lapurretan egiteagatik giltzapean eduki dute (Anabitarte); Neureak eta bi entzun ditut hura puskatzeagatik (Txillardegi).

Predikatuaren barneko osagaia izanik, galdegai izan daiteke -tzeagatik formako perpausa ere, -lako formakoa bezala, (Zergatik zigortu dute lekukoa? —Gezurra esateagatik; Gezurra esateagatik zigortu dute lekukoa), eta harekin juntaturik eman daiteke: Liberalak behin baino gehiagotan salatuak izan ziren antiklerikalak izateagatik eta erlijioaren aurka zihoazelako (Ramirez de Okariz); galdegai kontrastatiboa eratzeko ere erabil daiteke: Ez diote nota txarra eman azterketa gaizki egiteagatik, lagunari kopiatu diolako baizik. Mintzagai ere izan daiteke, baina predikatuaren barneko osagaia izanik, kausala da horrelakotan ere, ez azalpenezkoa: Gezurra esateagatik, jende asko zigortu dute; Jende asko zigortu dute gezurra esateagatik. Galdegai izan nahiz mintzagai izan, bere hartan uzten da, haren perpaus nagusia goragoko beste perpaus batean txertatzen denean: Gezurra esateagatik zigortu bazaituzte, ondo egin dute; Ez dakizu gezurra esateagatik jende asko zigortu dutela?

Azalpenezko perpausak egiteko, ordea, ez du balio forma honek ere, dedukziozkoetan eta aginduetan ikusten den moduan: *Partida galdu dute, burumakur etortzeagatik, baina Partida galdu dute, burumakur baitatoz; *Isil zaitez, gauza gutxi jakiteagatik, baina Isil zaitez, gauza gutxi dakizu eta.

38.4b Jokatugabea izanik, -tzeagatik perpausen aditzak ez ditu subjektu-objektuak markatzen; horixe dute alde nagusia -lako perpausekin. Semaforoa gorrian pasatzeagatik jarri diote isuna Koldori esaldian, esate baterako, ez da subjekturik aipatzen mendekoan, baina perpaus nagusiari esker berreskuratzen da: ‘Koldo’ da semaforoa gorrian pasatu duena. Subjektua aditzean markatua ez delarik, ondo egokitzen da forma hau zentzu orokorra duten perpausekin, hau da, subjektu zehaztugabea dutenekin, eta, hortaz, hura hobesten da horrelakoetan, zehaztasun gehiago ematen duen -lako forma jokatuaren aldean: EGA titulua izateagatik, bi puntu ematen dira, baina *EGA titulua izaten delako, bi puntu ematen dira.

Forma honetako perpausak, bestalde, perpaus nagusiko jasaile bati begira egon ohi dira. Askotan ez-ageriko osagai bat izaten dute, subjektua edo besteren bat, perpaus nagusian ‘jasaile’ gisa agertzen den osagai batekin erreferentekide dena. Gezurra esateagatik zigortu dute lekukoa esaldiaren mendekoan, esate baterako, ‘lekukoa’ da ez-ageriko subjektua, hau da, ‘gezurra esan duena’, eta horixe bera ageri da perpaus nagusian, jasaile gisa. Ez da ezinbestekoa, ordea, osagai erreferentekideak izatea: Badute gure etxean zerbait irentsirik, nik bertsolarigoan irauteagatik (Xalbador). Edozein kasutan, perpaus nagusian jasailerik ez agertzeak eragozten du mendekoan -tzeagatik forma erabiltzea. Hala, ?Mapa horiek ondo gordeak daude, militarrenak izateagatik esaldia, esate baterako, zalantzakoa da, mapak nekez izango baitira jasaile.

38.4c Kapitulu honen sarreran esan den bezala, -tzeagatik formak kausazko perpausak eta helburuzkoak era ditzake. Nola bereizten dira, bada, biak? Testuinguruak laguntzen du horretan. Perpaus nagusian helburua lortzeko borondatea duen ‘egile’ bat izatea eskatzen du helburuzkoak; hori ez denean, kausazkoa da perpausa, batez ere perpaus nagusian ‘jasaile’ bat baldin bada. Argi erakusten du alde hori ondoko adibide pareak: Gehiegi estutzeagatik apurtu zaio Mikeli gerrikoa eta Lapurreta egiteagatik apurtu du Mikelek kristala; lehenbizikoan gerrikoa apurtzearen jasailea da Mikel, eta hortaz, kausazkoa da perpausa; bigarrenean, berriz, kristala nahita apurtu duen egilea da Mikel, eta, beraz, helburuzkoa da perpausa. Lehenbizikoa -lako perpausaz ordezka daiteke (‘gehiegi estutu duelako’), eta -tzeko perpausaz bigarrena (‘lapurreta egiteko’), § 37.5.1.

Zenbaitetan, itxura bestelakoa izan arren, ‘jasailea’ duena da perpaus nagusia, eta, hortaz, kausazkoa da mendekoa. Barkamena eskatzen dizut zure egunean ez deitzeagatik perpausean, esate baterako, badirudi ‘barkamena eskatzea’ egile bati dagokiola, eta, hortaz, perpausak helburuzkoen taxua duela; baina, ondo begiratuta ohartzen gara barkamena eskatzen duenak ‘barkatua izatea’ eskatzen ari dela, barkamenaren hartzaile izatea, alegia, jasaile izatea, kausazko perpausei dagokien bezala.

38.4d Izan daitezke perpaus anbiguoak, jakina, batera zein bestera uler daitezkeenak, testuinguru komunikatibotik edo egoera pragmatikotik kanpora entzuten badira, behintzat. Auzokoak izutzeagatik zigortu zuten epaileek gizona esaldiko perpaus nagusian ‘jasaile’ bat (gizona) eta ‘egile’ batzuk (epaileak) ditugu; hortaz, bietara uler daiteke esaldia. Jasaileari erreparatuta, kausazkoa izan daiteke mendeko perpausa eta ‘gizona’ haren subjektua (‘gizona’ zigortu zuten, ‘gizonak’ auzokoak izutu zituelako); egileari erreparatzen badiogu, berriz, helburuzkoa izan daiteke perpausa eta ‘epaileek’ haren subjektua (‘epaileek’ zigortu zuten gizona, ‘epaileek’ auzokoak izutzea nahi zutelako). Anbiguoa izan daiteke, halaber, perpausa, jasaile-egile erlazioa argi ez denean: Zer sari dago, lan hori egiteagatik?, hau da, ‘lan hori egin delako’ nahiz ‘lan hori egiteko’. Horrelako kasuetan izan ezik, ordea, ez da zalantzarako biderik izaten perpausotan.

Ezaugarri horietaz gain, bestalde, kontuan izan behar da nagusiaren aurretik gertatu den zerbait edo irauten duen egoera bat aipatzen duela kausazkoak (Gaizki aparkatzeagatik zigortu dute; Gizena izateagatik ukatu diote sarrera), eta prospektiboa dela, aldiz, helburuzkoa, hau da, nagusiko gertakaritik aurrera, etorkizunera, begiratzen duena (Kurtsoa gainditzeagatik saiatu da gaiak ondo ikasten —aurrena saiatu, gero kurtsoa gainditu, alegia—).

Hitz batean esateko, bada, perpaus nagusian jasaile bat izaten da mendekoa kausazkoa denean eta honetan adierazitako gertakariaren aurreko edo aldibereko zerbait aipatzen du. Egunkariko izenburu honek dituen ezaugarriak, hain zuzen ere: Bizkaiko Aldundiak 49 saltoki zigortu ditu, erosketa tiketak gaizki egiteagatik (Berria). Tiketak gaizki egin dutenak dira zigorraren jasaileak, eta zigorraren aurrekoa da tiketak gaizki egitea.

38.4e Kausazko -tzeagatik eta kontzesiozko -tuagatik formen oinarrian dauden adizkiak aspektuak bereizten ditu: etortze aditz izena, esate baterako, [-burutua] da, eta etorri partizipioa, berriz [+burutua]; -gatik atzizkia hartzen dutenean, ordea, neutralizatu egiten da bereizketa hori. Adiera semantiko baterako espezializatu da horietako bakoitza: burutugabeko -tzeagatik formak kausa —edo helburua— adierazten du, bai gertakaria burutugabea denean (Eskerrik asko lanean segitzeagatik), baina baita gertakaria burutua denean ere (Eskerrik asko etortzeagatik, hau da, ‘etorri zarelako’); -tuagatik forma burutua, berriz, kontzesiozkoak eratzeko espezializatu da: Ahalegin franko eginagatik, {ez zuen lortu ∼ ez du lortzen ∼ ez du lortuko} lanpostua.

Gaur egun entzuten dira inoiz partizipiodunak kausal moduan, batez ere izan partizipioaren laguntzarekin392: ?Eskerrik asko etorri izanagatik; ?Zoriondu dute, azterketa ondo egin izanagatik. Ez dirudi erabilera gomendagarria denik, ‘etortzeagatik’ eta ‘egiteagatik’ baitira hor forma egokiak. Alderantzizkoa ere ez da gomendatzekoa, jakina: Eta izugarri izateagatik, ez al zitekeen bihozbera izan…? (Anabitarte). Kontzesiozkoa denez, izugarri {izanagatikizan arren} izango litzateke hor forma egokia.

38.4f Mendebaldekoa den -tzearren forma ere kausazko perpausak eta helburuzkoak eratzen ditu, -tzeagatik formak bezala. Hau ez bezala, ordea, batez ere helburuzkoetan erabiltzen da hura. Kausazkoetan ohikoegia ez izan arren, ez da, hala ere, ezina: Erdaraz egitearren markesak zirela uste zuten; Eskerrik asko denei, guri laguntzearren. Honekin ere izan daitezke perpaus anbiguoak: Zer sari daukagu hori egitearren?

Postposizio honekin ere gertatzen da -tzearren kausa-helburuzkoaren eta -tu arren kontzesiozkoaren arteko aldea: Mila esker etortzearren, baina Garaiz etorri arren ez du lekurik aurkitu aretoan.

38.4g Ekialdeko euskalkietan -turik forma erabiltzen da inoiz giza jarrera adierazten duten eskerrak (eman), atsegin izan, urriki izan eta ahalke izan gisako aditzekin: Jainkoari eskerrak bihurtzen dituzte […], batek irabazi handi bat eginik, bertzeak bere burua irabazterat utzirik (Laphitz); Etxerat itzuli (zen), ziolarik, atsegin zuela, Jainkoaren aitzinean agertzeko behar zuena eginik (Hiriart-Urruti); Urriki dugu Iruñean ez gelditurik, ostatu on batean (J. Etxepare); Aita ahalge zen semeak ohointza hori eginik (Lafitte).

Perpaus jokatugabeez ari garela, gogora daiteke -turik, -tuta, -tutakoan eta -tzean formekin eraturiko perpausek modua, denbora edo dena delakoa adierazteaz gain, azalpena ere iradoki dezaketela zenbaitetan: Polizia {ikusirik ∼ ikusita ∼ ikusitakoan ∼ ikustean}, korrika hasi ziren manifestariak. Formari dagokionez perpaus horiek kausazkoak ez diren arren, adiera hori ere iradokitzen dute, kausazko irakurketa erantsiz inferentziaz perpausaren esanahiari (§ 38.1.3).

38.5. Bait-, kausala eta azalpenezkoa

38.5a Erabilera zabala du bait- formak menderakuntzan. Mota desberdinetako perpausak eratzen ditu; erlatiboak, osagarriak eta ondoriozkoak, besteak beste, baina baita kausazkoak ere: Banoa, ordu baita 2. arauan (“<em>baitu</em>, <em>baikara</em>, <em>bainaiz</em>”; Bilbon, 1994ko urriaren 28an onartua).</p> ">393. Menderagailua izanik, ez da adizki alokutiboekin bateragarri: Hik ere etxera joan beharko huke, berandu {baita ∼ *baituk ∼ *baitun}. Bestalde, menderagailuekin ohi denez, ez du perpausean beste menderagailurik onartzen (*etorri baitelako)394, eta aditzak ez/bai, omen/ei edo bide partikulak daramatzanean, hauek bait-en aurreran kokatzen dira: Orai sos poxi baten igortzen hasia natzaio, mementoan lanik gabe omen baita (J. B. Etxepare); Astia bagenu, hobekixeago beha geniezaioke, ez bide baita nolanahikoa (J. Etxepare).

Menderagailu hau berez ekialdeko euskalkietakoa da, zubereran beit- aldaera du. Bestelako adieretan ez ezik, kausazko balioarekin ere maiz erabiltzen da euskalki horietan, eta, hain zuzen ere, bai kausalak eta baita azalpenezko perpausak eratzen ditu. Mendebaldeko euskalkien tradizioan, berriz, ezezaguna izan da ez hain aspaldi arte, baist- formak bizkaierazko testu zaharretan dituen agerpen batzuk gorabehera; azken aldian, hala ere, eta ekialdeko euskalkien eraginez beharbada, sartua da mendebaldeko euskalkietan ere, gipuzkeran XIX. mendetik aurrera eta bizkaieran XX. mendetik aurrera batez ere395. Euskalki hauetan, ordea, ekialdekoetan ez bezala, kausazko adiera baizik ez du, eta, hain zuzen ere, azalpenezko perpausak eratzen ditu. Hori dela eta, bereiz aztertuko dira ondoko paragrafoetan bait- kausalak eta bait- azalpenezkoak, ekialdekoak haiek eta euskalki guztietakoak hauek. Hurrengo atalean ikusiko dira, berriz, menderagailu honek aurretik zeren partikula duelarik eratzen dituen perpausak.

38.5b Bait- kausala. Gehienetan azalpenezko perpausetan erabiltzen da bait- menderagailua, baina testuinguru jakin batzuetan kausal gisa interpreta daitezkeen perpausak ere eratzen ditu, esan bezala, ekialdeko euskalkietan. Hala, esate baterako, perpausak zertako? galderari erantzuten dionean: Eta hori zertako? Komunioak Sakrifizioa osotzen eta betetzen baitu (J. P. Arbelbide). Edo hura anaforiko duenean: Ez omen baita ere denborarik galtzeko, horra zertako etorri naizen (J. B. Elizanburu). Halaber, -lako perpausarekin juntaturik doanean: Baina epela baitzara eta ez zarelakotz ez hotza ez beroa, hasiko natzaizu ene ahotik aurtikitzen (Duvoisin). Edo harekin, nahiz -lakoan perpausarekin, kontrastean denean: Gutik lan gaitzagorik dute besarkatu, ez gaitz delakotz hainbat kanten ematea, baina minbera baita egia maitea (Hiribarren); […] otso batek bildots gazte bat jan zuela, gose baitzen eta ez bildotsa baino azkarragoa zelakotz (M. Elizanburu); […] kartsuki miresten ninduzula zeruko aingeruen gisan, ez aingeru bat nintzelakoan, baina zurea bainintzen (Xalbador).

Halaber, giza jarrera edo emozioak adieratzen dituzten atsegin izan, damu izan, urriki izan eta horrelako aditzekin ere erabiltzen da bait- perpausa: Atsegin dut ikusten baitzaituztet ene inguruan (J. Etxepare); Urriki bezala dut, beldur zozo batengatik egoten bainaiz etxetik gehiago atera gabe (Barbier); Damu dut ez bainuen bihi bat paperetan ezarri (Xalbador). Horrelakoak, kausal gisa eta, batzuetan bederen, osagarri gisa ere uler daitezke; bait- menderagailua, hain zuzen ere, adierazpen perpausen osagarrien menderagailua izan daiteke (§ 30.6.2.5).

Bait- perpausa ez da, edozein kasutan, guztiz -lako perpausaren parekoa, ez baitirudi aditzaren aurre-aurrean kokatzeko aukera duenik galdegai gisa, baiezko perpausetan (*berandu baita joan dira), eta ezta adizkien artean ukagai gisa, ezezkoetan (*ez da haserre baita joan).

38.5c Bait- azalpenezkoa. Aipatutako kasu jakin horietan izan ezik, azalpenezkoak dira bait- formarekin eraturiko perpausak. Hauek, gainera, esan bezala, bai ekialdean bai mendebaldean erabiltzen dira gaur egun. Predikatuaren kanpoko modifikatzaile dira, ohi bezala, bait- perpausa horrelakoetan. Argi ikusten da hori aginduetan: Jauna, Zuk otoi zerbait zerutik egizu, / gure behar orduen berri baitakizu (Xalbador); Jan ezazue gogoz, zuek ez baituzue errurik (X. Amuriza). Edo galderetan: Zer gertatu zaio zure lagunari?, kolore txarra baitu. Baina adierazpenetan ere gauza bera dugu: Ez dut mundu honetan izan sosegurik, ez baitut ezagutu amaren mintzorik (J. P. Arbelbide); Entzun, ez zuen ezer entzuten, bikotea urrun samar baitzegoen (Garate). Adierazpenezkoak, hala ere, anbiguoak izan daitezke, zalantza zor baitaiteke zenbaitetan bait- perpausa predikatuaren barnekoa den eta, hortaz, kausala, ala kanpokoa den eta azalpenezkoa. Etxean ez zen jateko eskasik, baitzen ausarki ogi, esne, arno, atzar, eta bildots (Narbaitz) esaldian, adibidez, ‘ogia ausarki izatea’ etxean ‘jatekorik eskas ez izatearen’ arrazoi edo kausa gisa uler daiteke (‘ogia ausarki zelako’), baina baita idazleak ematen duen azalpen gisa ere (‘ogia ausarki zen eta’). Arrazoi bera aurkezteko modu bi dira, gorago esan den bezala.

38.5d Dedukziozko perpausetan, bai, agerikoa da azalpen balioa (zerbait gertatu zaio lagunari, kolore txarra baitu; ez daude etxean, ez baitute telefonoa hartzen); segurki, antza eta horrelako adberbioek edo aditzaren modalitateak indartu egiten dute inoiz perpausak duen dedukzio balioa: Irudipen bat izan duzu segurki, esan zion Xalbatek, nik ez baitut ezer entzun (Etxaide); Ahaztu egingo zitzaion gutuna bidaltzea, beti izan baita pertsona serioa.

Azalpenezko bait- perpausa, bestalde, -eta enklitikozkoaz edo izan ere diskurtso markatzailea duenaz —edo are juntadura soilaz— ordezka daiteke: Zerbait gertatu zaio, kolore txarra du eta; Zerbait gertatu zaio; izan ere, kolore txarra du; Zerbait gertatu zaio, kolore txarra du.

Zenbaitetan badirudi azalpenezko bait- perpausa, ohiko jokabidearen aurka, mendeko baten mendekoa dela, ondoko adibide honetan bezala: Eta berak aitortu behar zuen egun batez nehon ez zela izango urosago, nehon ez baitzen izan hor bezala orotaz gabetua (Laphitz). Ez dago, ordea, hor inolako kontraesanik, bait- perpausa ez baita perpaus osagarriaren mendeko, aurreko esaldi osoarena baizik ([Eta berak aitortu behar zuen egun batez nehon ez zela izango urosago], nehon ez baitzen izan hor bezala orotaz gabetua).

38.5e Bait- azalpenezkoaren ohiko lekua nagusiaren eskuinean da, goiko adibideetan ikusten den bezala, adierazpenaren, aginduaren edo galderaren ondoan haien arrazoia ematen delarik. Dedukziozkoetan berezkoa dute leku hori eta ezin dira nagusiaren aurrera pasatu: ??Burumakur baitatoz, partida galdu dute. Gainerakoetan, ordea, ez da debeku ezker muturrean joatea: […] eta zahagirik ez baitut nik hemen, errekako uretik edan ezak, ordainez, trago bat ona (Barbier); Baina hotza baitzen gaua eta haize bizi bat ari, laster ernatu zen (J. P. Arbelbide); Baina Jainkoaren loriak hala galdatzen baitu, urteak eta urteak ez zaizkio sobera izanen liburuen erdian (Laphitz). Ez eta nagusian tartekatua joatea ere: Bospasei egunez, negua baitzen, elurrean bide egin zuten (Laphitz); Ez nuke honekin, lekua ez baita batere egokia, aurrera jo nahi (Mitxelena). Adibideetan ikusten denez, bestalde, mendeko aditza perpausaren azkenean ematen da maiz (bikotea urrun samar baitzegoen), baina baita ondoan beste osagairen bat duela ere inoiz (hotza baitzen gaua).

38.6. Zeren…-n eta zeren…bait-, kausalak eta azalpenezkoak

38.6a Zeren partikula ere erabiltzen da kausazko adiera duten formetan, -n edo bait- menderagailuekin batera mendeko perpausak eratuz (zeren joan den, zeren joan baita), edo haiek gabe perpaus juntatua edo alboratua bideratuz (zeren joan da). Zeren hori zer galdetzailearen genitiboa da, zenbait testuingurutan zergatik galde hitzaren parekoa: Ez dugu zeren ahalke izan gure mintzairaz (J. P. Arbelbide). Mintzo batzuetan arrunta da “esker mila”, edo “eskerrik asko” esatean Ez da zeren batekin erantzutea. Baina, azentugabe bilakatua, kausa adierazteko erabiltzen da aipatu formetan. Erabilera hori ez da, ordea, berdina izan ez denbora guztian ez euskalki guztietan. Ekialdean zeren… -n eta zeren… bait- formak erabili izan dira, biak, mendekoak eratzeko, baina XX. mendearen hasieratik haien aurkako joera garbitzailea sortu zen gramatikari eta idazleen artean, erdararen kalko direlakoan, eta, hala, mende horretan alde bat uzten hasi ziren batzuek idatzian, ahozkoaren erabilera gorabehera. Mendebaldean, berriz, zeren… -n forma bakarra erabiltzen zen aurreko mendeetan —ezezaguna baitzuten bait- menderagailua—, baina euskalki horietan ere nagusitu zen joera garbitzailea, XX. mendearen hasieran, eta handik aurrera ia erabat baztertu dute forma hori idazleek396. Gaur egun, hala ere, batasunaren ondoko urteetan batez ere, zeren bait- forma erabiltzen hasiak dira mendebaldeko idazle batzuk, bait- soila bezala, ekialdeko euskalkien bideari jarraiki.

Gorabehera horiek guztiak halakoak izanik, zeren duten forma hauen balioa ere ez da beti bat eta zehatza izan, ez eta berdina ere, esan bezala, euskalki guztietan. Hala, ekialdeko zeren… -n forma kausalak eratzeko erabili izan da batez ere, eta zeren… bait- formak, aldiz, bai horrelakoak bai azalpenezkoak eratzen ditu. Mendebaldean, berriz, gaur egun bazter utzia den zeren… -n forma bakarrarekin mota bietako perpausak eratzen ziren aurreko mendeetan; azken aldian ekialdeko euskalkietatik hartu den zeren… bait- formak, berriz, azalpenezko perpausak eratzen ditu.

Beste partikula zenbaitek bezala, bestalde —nahiz eta, baldin eta, edota—, zeren-ek ere eta espletiboa har dezake ondotik (zeren eta joan den, zeren eta joan baita).

38.6b Zeren…-n kausala, ekialdeko euskalkietan. Erabilera gehienetan -lako formaren parekoa da ekialdeko zeren… -n forma, perpaus barneko modifikatzaile. Horrek bereizten du, hain zuzen ere, kausazko mota bietako perpausak eratzen dituen zeren… bait- formatik. Hasteko, zertako edo nolaz galderaren erantzuna izan daiteke: Nolaz bada hori? Ikus erraz da: zeren duten, elkar lagunduz, orok bat egiten (J. Etxepare). Eta baiezko perpausetan gehienetan aditzaren aurre- aurreko lekuan ematen ez den arren —perpaus aski luzeak eratzen baititu—, zenbaitetan galdegaitzat har daiteke: Zergatik egiten duzu negar? […] -Negar egiten dut zeren eraman duten ene Jainkoa, eta zeren ez dakidan non ezarri duten (Larregi). -lako nahiz bait- perpausekin edo dela kausa formako sintagmarekin junta daiteke: Ez diozu zuk ene izenari altxaturen etxerik, zeren zaren gerla-gizona, eta odola isuri duzulakotz (Duvoisin); Eduki behar da [azienda] ahalaz begien aitzinean, zeren den izipera eta beldurrak ahultzen baitu (Duvoisin); Bentzutuak izatea […] merezi genuen […] gure inpietatea eta gure tzarkeriak zirela kausa, bai eta zeren genuen […] Aita saindua bere etsaier largatu (M. Elizanburu).

Ez-bai kontrastea adierazteko ere erabiltzen da: Ene bila zabiltzate, ez zeren mirakuluak ikusi dituzuen, baina zeren jan baituzue ogietarik, eta resasiatu izan baitzarete (Leizarraga); Eta haur erraiten du hunela, ez zeren dantzatzea bera hain gauza gaixtoa den, baina zeren dantzatik anitz okasino behar ez denik sortzen den (Axular); Baldin zure bihotza kexatua sentitzen baduzu, ez zenbait objet agradarrientzat duzun amodioa dela kausa, baina zeren duzun ezinbestezko higuintza bat presuna batentzat […] (Haraneder); Lotsatua beraz eta tristatua, ez mundutik joateaz, baina zeren agertu behar zuen Jainkoaren aitzinean Biatiko Saindua gabe (Joanategi).

Goragoko perpaus baten mendekoaren mendeko izan daiteke zeren… -n perpausa: Diote ere hango ardiek gureek baino ile gehiago eta ederragoa dutela zeren kanpoan egoten diren (Duvoisin); Diputatu haiek konparatzekoak ziren azkenik bere etxe handi eta ederra erre lezakeen gizon bati, zeren dituen etxe hartan zenbait parte erreberritzeko (M. Elizanburu).

38.6c Perpaus kausalak eratzen dituzten beste formak bezala, hau ere maiz erabiltzen da giza jarrera adierazten duten aditzekin, hala nola, eskerrak eman, kexu izan, ahalketu, urrikaldu eta damutu gisakoekin. Perpausa zenbaitetan kausal eta osagarri gisa uler daiteke: Eskerrak darozkitzut zeren deitu nauzun behar dudan ohorera (Joanategi); Ahalke gaitezen zeren hoin guti egiten dugun (Jauretxe); Ez gara kexu izan behar zeren Jainkoak ez gaituen sorrarazi aitoren seme edo burges handi (Duvoisin); Frantses armadako aitzindariek […] holako gerlaria zeren ez den frantsesa deitoratzen dute (Laphitz).

Mintzagai gisa ere erabiltzen da zenbaitetan zeren… -n perpausa, perpaus nagusiaren ezkerrean emanda: Zeren handiegi niretzat kausitu dituzun olata horiek, ez da ogirik eginen gehiago etxe honetan (Barbier); eskuinean: Hona berrogei milioi gehiago pagatzeko, zeren gobernamendua errienten beldurrez dagoen ikaran (Hiriart-Urruti), nahiz tartean dela: Askok, zeren ez diren beldur izatu, bere herbaltasunaz esperientzia doloragarri bat egin dute (Baratziart). Pentsa daiteke, beharbada, hauek ere zalantzakoak direla, bait- formakoak bezala, hau da, kausal zein azalpenezko gisa uler daitezkeela; hala ere, dedukziozkoetan nekez erabil daitezkeenez (??Partida galdu dute, zeren burumakur datozen; ??Etxean dira, zeren leihoak irekiak diren), egokiago dirudi perpausaren barneko modifikatzailetzat eta, hortaz, kausaltzat hartzea.

Esan izan da zeren… -n formak arrazoi subjektiboa baizik ez duela adierazten ekialdeko euskalkietan (ikus Villasante 1986: 253); zehaztu behar da, ordea, maiz balio hori duen arren —aipatu adibideak lekuko—, oinarri logikoa duten perpausek ere ez dutela arrotz: Zein ederki derabilkazuen euskara hori, zeren den zuen mintzaira, sortzetik zuen odolean duzuen hura (Barbier); Bizio hau gure naturalezaren pozoiduratik heldu den efektu bat da: ordea, zeren den naturala, hargatik da ezagutzeko gaitzagoa (Haraneder). Mintzaira ‘berea’ izatea ez da, lehen adibidean, hura ederki erabiltzera bultzatzen duen motibo subjektiboa, hala erabil ahal izatea bideratzen duen arrazoi objektiboa edo, gutxienez, oinarri logikoa duena baizik; bizioa ‘naturala’ izatea ere ez da, bigarrenean, hura ez ezagutzeko motibo subjektiboa.

38.6d Perpausaren barneko ordenari dagokionez, agerikoa da zeren partikula aurre samarrean emateko joera dagoela, emandako adibideetan ikusten den bezala; hasieratik beretik seinalatzen da horrela perpausa kausazkoa dela, eta lagungarri gertatzen da hori batez ere hura luzea denean. Dena dela, zeren-ek aurretik osagai bat duela ere eratzen da perpausa zenbaitetan: Badoa, ur hozketa, egarriak zeren duen itoa (Oxobi); Zeinetan, iduriz, ez baita deus gaiztorik, fundatuak zeren diren arrazoi ederren gainean (Haraneder); Ez direlakotz joan behar, legea bera zeren alde duten (Hiriart-Urruti).

Bestalde, -n menderagailua daraman aditza maiz perpausaren amaieran badoa ere (Ez dira bihotzez estekatuak, zeren erlisionea kasik orok haurdanik mintzaira hartan ikasia duten, Hiriart-Urruti), sarritan beste osagairen bat ondotik duela ageri da, adizki jokatua —zenbaitetan adizki sintetikoa— zeren-en ondo-ondoan ematen delarik: Iduri eta itzaingoa ez dela beste edozein bezain bizibide, zeren den asko baino nekeago (Hiriart-Urruti); Zeinak nahi bailituzke tratatzen duen eriari menbroak pikatu, zeren dituen menbro hetan zenbait min eta minxka (M. Elizanburu); Eta zeren duen hori, azken urte hauetan ikusi dugun bezala, bete, zor genion gure ezagutza (Hiriart-Urruti). Ezezkoetan, azkenik, laguntzailearen aurreratzea gauza daiteke, perpaus lokabeetan bezala: Hoztasunetan jarririk zeren ez ditugun igorri zizkigutenak oro hemen ezarri beti (Hiriart-Urruti).

38.6e Zeren… bait-, kausala eta azalpenezkoa, ekialdeko euskalkietan. Maiztasun handiagoz erabiltzen da ekialdeko euskalkietan zeren… bait- forma, eta erabilera zabalagoz. Izan ere, perpaus kausalak eta azalpenezkoak eratzen ditu forma honek, bait- soilekoak bezala. Zenbaitetan agerikoa da, testuingurua lagun, zein den perpausaren balioa, baina beste batzuetan balio bietara irekia izan daiteke perpausa.

Hala, kausala da, zeren… -n formakoa bezala, zertako? galderari erantzuten dionean: Zertako? Zeren ez baitziren apezen beldur (Hiriart-Urruti); ez-bai kontrastean ageri denean: Ene bila zabiltzate, ez zeren mirakuluak ikusi dituzuen, baina zeren jan baituzue ogietarik, eta resasiatu izan baitzarete (Leizarraga). Berdin goragoko baten mendekoaren mendeko denean: Errientak erran digu eskolan ez dela otoitz egiterik, zeren ez baita Jainkorik, (Hiriart-Urruti). Jarrera edo emozio aditzekin ere erabiltzen da: Eskerrak dizkiote egun herritarrek zeren kopla batean aipatu baititu […] Baigorriko mendi maite[ak] (J. Etxepare); Urriki dut eta dolore, zeren […] zuregandik urrundu bainaute (Andre-dena).

38.6f Besteetan, ordea, esan bezala, azalpenezko perpausak eratzen ditu, predikatuaren kanpoko osagai gisa. Agerikoa da hori aginduetan: Mintza zaitez, zeren zure Seme maiteak entzuten baitzaitu, eta zeren segurki ardietsiko baituzu guretzat galdeginen duzun guztia (Andre-dena); Hauta ezazu hautsarekilako [eltze]a, zeren urrea hark bakarrik izanen baitu barnean (Barbier). Eta dedukziozko perpausetan: Nora joan da jendea?, zeren hemen ez baita inor. Adierazpenekoek ere maiz balio hori dutela pentsa daiteke: Eta ez natzaiote mintzatuko, zeren eta Jainkoak ez baitu nahi horiei erakuts diezadan zeruko bidea (Joanategi); Izan zituen hirurogeita hamar seme, zeren baitzituen asko emazte (Duvoisin).

Azken hauek, hala ere, anbiguoak izan daitezke inoiz, bait- soila dutenak bezala, kausal nahiz azalpenezko gisa uler baitaitezke: Zerua goibel zegoen, zeren ekia lainoek ardura kukutzen baitzuten (M. Elizanburu); Handik gero […] Frantzia barneko hiri baterat ekarri zuten, zeren hiri hartan eginak baitzituen lehenago bere balentriarik handienak (Hiriart-Urruti); Baina gehiago gostako da, zeren irakinaldi bakoitzean ur garbia behar baitu (Duvoisin). Ulertu, zerua goibel zegoela lainoek ekia ‘kukutzen zutelako’ nahiz ‘kukutzen zuten-eta’ uler daiteke, beharbada, lehen adibidean; hirira ekarri zutela balentriak ‘han eginak zituelako’ nahiz ‘han eginak zituen-eta’, bigarrenean; eta gehiago kostatuko dela ur garbia ‘behar duelako’ nahiz ‘behar du-eta’, hirugarrenean. Arrazoi bera modu bitan azaltzea izango litzateke hau ere, besteetan bezala.

38.6g Adibideek erakusten dutenez, nagusiaren eskuinean eman ohi da gehienetan zeren… bait- perpausa, nagusian egindako adierazpenaren, aginduaren edo galderaren arrazoia ematen duelarik, esaten denaren arrazoia edo esatearena: Triste daude, zeren eta partida galdu baitute; Egon lasai, zeren ez baita ezer gertatuko. Ez da debeku, ordea, nagusiaren ezkerrean ematea, Eta zeren Noe baitzen gizon prestua eta Jainkoaren zerbitzaria, bere etxatiarrarekin salbatu zuen barka batean barrena (Etxeberri Sarakoa), dedukziozkoetan izan ezik: *Zeren leihoak irekiak diren, etxean dira; *Zeren hemen ez baita inor, nora joan da jendea?397

38.6h Zeren… -n, mendebaldeko euskalkietan. XIX. mendea arte erabiltzen zuten mendebaldeko idazleek zeren… -n forma (inoiz zerren… -n), adiera bietan. Kausal moduan: Eta zergatik hain firmeki sinesten dugu, esan digun guztia? Zeren Jainkoa ezin engaina daitekeen (Ubillos); Nahi du gainera Jesusen […] imajina ere onratzea, ez zeren gai honekin, edo harekin eginak diren, baizik zeren Zeruan dagoena aditzera ematen diguten (Agirre Asteasukoa). Eta azalpen moduan: Ez sinestu osotoro gauza gaiztoa; zeren askotan engainatzen garen (Agirre Asteasukoa); Eta zeren kontuak […] hango Euskararen grazia handia duen, Bizkaitarra banintz bezala, haien gisa kontatuko dut (Kardaberaz); Zeren izan zen Apostoluen artean Judas gaizto bat, Apostol onak ere gaiztoak dira? (Mendiburu). XIX. mendetik aurrera, ordea, horrelako formek ez dute lekurik mendebaldeko idatzietan398.

Zeren-en ordez, herri hizkeran zergatik erabili izan da gipuzkeran —ze bizkaieran— (zergatik… -n), bai kausal moduan: Zergatik egia den, hitz egin behar diozu gurasoari modu hain itsusian? (Agirre Asteasukoa), bai azalpen gisa: Zeinek [pegatu dizu baztanga]? —Txertuk; zergatik ardotegian beti nire ondoan esertzen den (Iraola). Ezen partikula lagun duela ere erabili izan da forma hau, ahozkoan batez ere, zergatik {ezen ∼ eze ∼ ze}… -n aldaeretan: Guk apustua irabazita / halere geunden serio, / zergatik eze panparreriak / inon eztuen balio (P. Errota).

38.6i Gaur egun, ekialdeko usadioari jarraiki, zeren… bait- forma erabiltzen dute batzuek, azalpenezko perpausak egiteko: Ez daude inon, zeren ihes egin baitute (Atxaga). Azalpenezko perpausa konplexua izateak bideratzen du inoiz perpauson erabilera: Hau hizkuntza idatzian egiazta daiteke batik bat, zeren eta, gauza nabaria denez, egungo egunean izkribuen bidez, eta ez bestela igerriko baitiogu, hor nonbait, nolakoa zen orduko hizkuntza mintzatua (Mitxelena)399.

38.6j Zeren, zergatik, ezen, azalpenezko partikula. Menderagailua lagun duela erabiltzen da maizenik zeren partikula, eta horrela eratutako formak dira aurreko ataletan aztertu ditugunak. Menderagailua gabe ere erabiltzen da, ordea, kausazko moduan, azalpena adierazteko (§ 42.23.2). Perpausak menderagailua hartuko duen aditzik ez duenean, ezinbestean gertatzen da hori; hala, esate baterako, aipamena denean (Hori horrela da, zeren, aitak dioen bezala, “Nik dut beti arrazoia”; Hori ez da harritzekoa, zeren Quid prodest homini?), edo galdera (Presta zaitezte ondo partidarako, zeren nork irabazten du ondo prestatu gabe?). Baina horiek gabe ere erabiltzen da menderagailurik gabeko partikula gisa, alboraturiko perpausen arteko lotura eginaz: Dohatsu dira presuna emeak eta mantsoak, zeren halakoek lurra gozatuko dute (Materre); Arma hauekin ni ezin higi naiteke, zeren ez naiz usatua (Axular).

38.6k Modu berean erabiltzen da, mendebaldean batez ere, zergatik galdetzailea ere; ezinbestean batzuetan: Aprobetxatu orain, dirua duzula, zergatik “Dagoenean bon-bon, ez dagoenean egon”. Eta besterik gabe, beste batzuetan: Hark egia esan du, zergatik oraintxe bere ikusten nago (Etxeita). Zergatik ezen ere —ahozkoan zergatik (e)ze— modu berean erabiltzen da: Eta kontuz bizi, zergatik ze, esetsiko digute tentazio handiek (Añibarro).

38.6l Ezen ere —edo ezi(k) aldaera— maiz erabiltzen da, azalpenezko partikula gisa400: Segur naiz plazer eginen diodala, ezen bera ere kantari pollita da (Xalbador). Perpausaren hasieran joan ohi da, baina perpaus barnean ere, tartekatua, ager liteke: Hala ere, azken alderat, ezen aspaldi zendua da, egin zizkigun bisita batzuk (Xalbador)

Balioari dagokionez, azalpena adierazten dute partikula hauek, esan den bezala, eta izan ere diskurtso markatzaileaz ordezka daitezke: Segur naiz plazer eginen diodala; izan ere, bera ere kantari pollita da.

38.7. -eta enklitikoa, azalpenezkoa

38.7a Kapitulu honen sarreran esan den moduan, juntadura soilak iradoki dezake, perpausen esanahia halakoa izaki, kausa-ondorio erlazioa: Gau iluna da eta ez da ezer ikusten. Erlazio horren adierazpena argiagoa egiten da, mendebaldeko euskalkietan, eta juntagailua aurreko perpausari enklitikoki atxikita ematen denean: Gau iluna da-eta, ez da ezer ikusten. Ahozkoan -eta enklitiko hori -ta egiten da maiz bokalen ondoan (iluna da-ta) eta -da, berriz, n edo l kontsonanteen ondoan (hala zen-da); idatzian, idazle batzuek marratxoa edo koma ipini izan dute enklitikotasuna seinalatzeko (iluna da-ta; iluna da ta, goazen), hori gabe zalantzakoa izan baitaiteke juntadura arrunta ala enklitikoa den 27. arauari jarraiki (“<em>Hori eta</em>, <em>hori edo</em> eta horrelakoen idazkera”). Eta, bestalde, marra edo koma ipintzea ere egoki da, anbiguotasuna argitu behar denean.</p> ">401. Kontua are argiagoa da, gainera, -eta enklitikoa daraman perpausa bestearen eskuinean ematen denean: Ez da ezer ikusten, gau iluna da eta. Perpausen arteko kausa-ondorio erlazioa da, hain zuzen ere, eta enklitiko bilakatzea eta perpausen ordena trukatzea bideratzen dituena.

38.7b Kategoriari dagokionez, esan behar da -eta enklitikoa ez dela menderagailua, ez baititu menderagailuek dituzten ezaugarriak: a) menderagailuak adizki jokatuari itsatsiak dira beti (ba-, bait-, -n, -la); -eta enklitikoa, aldiz, aditzari itsatsita joan daiteke, baina perpausaren beste osagairen baten enklitiko ere izan daiteke: Jaramonik ez dit egingo-eta, bihotza erdibituko zait (J. Altuna); Zulatu zaigu txalupa-eta, laster hondatuko da (Etxeita); b) menderagailuak, bestalde, ez dira bateragarriak adizki alokutiboekin (*etorri baduk, *eseri dunala); -eta enklitikoak ez du horrelako debekurik (etorri duk-eta, eseri dun-eta). Baditu, ordea, bestalde, juntagailuek ez dituzten ezaugarri batzuk: a) juntagailua [+azentuduna] da eta juntaturiko perpaus bien artean ematen da, ezker-eskuin etenak dituela; -eta enklitikoa, berriz, [-azentuduna] da eta aurrekoari itsatsita doa, etena ondoan egin daitekeelarik: Berandu da-eta, goazen etxera; b) bestalde, juntaturiko perpausak ezin dira nolanahi trukatu (Etxera deitu nion eta tabernan elkartzekotan geratu ginen eta Tabernan elkartzekotan geratu ginen eta etxera deitu nion ez dira gauza bera), are gutxiago juntagailua bera ere atzeratuz (*Tabernan elkartzekotan geratu ginen, etxera deitu nion eta), eta horixe da, hain zuzen ere, -eta enklitikoarekin egiten dena, atzeratu, azalpen zentzua emateko: Goazen etxera, berandu da eta.

Esan daiteke, bada, -eta enklitikoa ez dela juntagailu soil, eta, bestalde, menderagailu ez bada ere, halakoa izateko bidean dela. Eta, orobat, harekin eginiko perpausak mendeko perpaus ez badira ere, halakoak izateko bidean direla.

38.7c Balioari dagokionez, agerikoa da -eta enklitikozko perpausak azalpenezkoak direla, perpaus nagusiaren kanpoko modifikatzaileak direnez. Bait- erabiltzen ez zuten mendebaldeko euskalkietan sortu zen, hain zuzen ere, ez hain aspaldi402, azalpenezko perpausak eratzeko beste forma hau.

Juntagailutik sortua izanik, mota guztietako perpausen lagun erabil daiteke. Hala, maiz erabiltzen da agindu gisako perpausen ondoan, izan agintera, adizki hortatibo nahiz iusibo, haiei dagokien azalpena emateko: Utzi nazazu, egunsentia da eta; Gauden erne, etsaia hurbil da eta; Dihoala urrutira, ez dugu horren beharrik eta. Baina adierazpenen ondoan ere erabiltzen da: Ez naiz luzatuko, berandu da eta; Neuk jarraituko dut, aspaldi ez dut hitz egin eta (Atxaga). Dedukziozko azalpenak ere eratzen ditu, bistan da: Partida galdu dute, burumakur datoz eta. Horrelakoetan, ohi bezala, esaten dena ez, esatea azaltzen du -eta perpausak: Partida galdu dute[la diot], burumakur datoz eta403.

38.7d Forma honetako perpausak nagusiaren ondoan du ohiko lekua, adibideetan ikusten den bezala, baina aurretik ematea ere ez du debeku (Berandu da-eta, goazen etxera), ezta haren barnean tartekatua ematea ere: Bere lagunak, agure zen eta, zeukan lepoa makurra (E. Azkue).

Bere perpausean, berriz, -eta enklitikoa azkenean ematen da maiz, adizki jokatuaren ondoan: Ez barrerik egin, egia da eta (Azkue). Beste osagai baten ondoan: Zatozte pixka batean barrura, oraindik badugu astia eta (Etxaniz). Baina barnean ere joan daiteke: Ez ihes egin […]; zaldun bat bakarra da-eta ekiten dizuena (Berrondo).

38.7e Eta enklitikoa -la perpausei atxikita ematen da zenbaitetan: Gaixorik nengoela eta, oheratzeko agindu zidan medikuak; Juanak bere ama ikusi behar zuela eta, Basaburuko bidea hartu zuen (Etxaniz). Perpaus horietan ‘esan’ edo ‘pentsatu’ gisako aditz nagusi inplizitua dago: Gaixorik nengoela (‘esan’) eta, oheratzeko agindu zidan medikuak; Juanak bere ama ikusi behar zuela (‘esan/pentsatu’) eta, Basaburuko bidea hartu zuen. Ez-ageriko aditzaren subjektuari egozten zaio maiz mendeko perpausak eskaintzen duen azalpena (medikuak ‘esan’ du gaixorik nagoela, lehen adibidean, oheratzeko aginduaren azalpen gisa; eta Juanak ‘esan/pentsatu’ du ama ikusi behar zuela, Basaburuko bidea hartzeko erabakiaren azalpen moduan; uste edo aitzakia horietan oinarrituta egin dute egin dutena, alegia). Beste bat ere izan daiteke, ordea, ‘esatearen’ subjektua: Migeli txiki gelditu zitzaizkiola eta, nik jantzi beharko nituen oheko jantzi haiek, urtebete barru (Lertxundi). Jantziak Migeli txiki gelditu zitzaizkiolakoa ez du, kasu honetan, perpaus nagusiaren subjektuak esaten. Galdegai gisa ere erabiltzen da inoiz forma hau: Lehiaketa irabazi duela-eta dabil harro (Juan Garzia).

Galdegai denean aditz nagusiaren aurrean du kokalekua forma honetako perpausak, ohikoa denez, tartean etenik ez dela. Mintzagai denean ere perpaus nagusiaren ezkerrean joan daiteke, tartean etena delarik, goiko adibideetan ikusten denez (Gaixorik nengoela eta, oheratzeko […]); baina haren eskuinean ere eman daiteke: Sendagile bat sartu da gaixoren bat dagoela eta (Garate).

38.7f [Izan + -la] forman oinarrituta, postposizio esapideak eratzen dira, izen sintagmari eransten zaizkionak: [IS] + {dela etadela kausa ∼ dela bide ∼ dela medio}. Horrelakoen oinarrian perpausa bada ere (IS + da), forma horietan postposizio gisa lexikalizatu direla esan daiteke —kapitulu honen hasieran aipatu direnen pareko—, eta, hortaz, ez ditugu perpaustzat hartuko.

38.7g Hala, hasteko, [IS + dela-eta] gisako esapidean, dela-eta formak aurrean duen IS —da aditzaren subjektua— seinalatzen du perpausean esaten denaren kausa moduan: Dirua dela-eta, haserre handiak sortu dira. Dela-eta esapidea postposizio gisa lexikalizatua da, esan bezala; hala, zer dela-eta? eta zergatik? galderak, esate baterako, baliokideak dira, eta orobat hori dela eta eta horregatik esaldiak: {Dirua dela-eta ∼ diruagatik}, haserre handiak sortu dira. Bereizi egin behar dira, bada, aurreko atalean ikusi ditugun egiturak, ‘esan’ edo ‘pentsatu’ inplizitu bat dutenak (Gaur jai dela-eta, pozik dira ikasleak = ‘jai denez’), eta atal honetan ikusi ditugunak, azalpenaren oinarri izen bat dutenak (Gaurko jaia dela-eta, pozik dira ikasleak = ‘gaurko jaiagatik’).

Oinarrian aditza duelarik, numero komunztadura betetzen du esapideak: Dirua dela-eta, kezkatua dabil jendea; Kirolak direla-eta, eztabaida beroak sortzen dira. Aldiari dagokionez, berriz, jokabidea askeagoa da; esapidea iraganean ematen bada, nagusiak ere iraganean behar du: Dirua zela-eta, kezkatua {zebilen ∼ *dabil} jendea; orainaldiko forma lexikalizatuagoa dago eta aldi guztietako nagusiak onartzen ditu: Dirua dela-eta, kezkatua {zebilen ∼ dabil ∼ ibiliko da} jendea. Beste pertsonekin erabiltzea ez da debeku: Eta orain zein zindo negar egiten duen, ni naizela-ta (Zaitegi).

Esan behar da, dena dela, esapidearen balioa ez dela beti kausari lotua. Halakoa da gorago eman diren adibideen modukoetan: Ordua dela-eta, ohera joan dira etxekoak; Eskolako lanak direla-eta, ez du lagunetara joateko modurik izan. Beste zenbaitetan, ordea, gaia-edo ematen du aditzera, -i buruz postposizioaren edo zertaz sintagmaren pare: Plajioa dela-eta, ideiak oso garbi dauzkate (Atxaga); Politika dela-eta, ez dut ezer esango. Adiera hori du itzuliak idatzien titulu gisa ematen denean: Euskararen izter-lehengusuak direla eta (Mitxelena).

38.7h Eta enklitikoarekin ez ezik, kausa, bide edo medio bezalako izenekin ere eratzen dira esapide eginak, izan aditza dutenak eta izen bat seinalatzen dutenak azalpenaren oinarri: Ez dauka, haatik, inork italianoa hobetzat bereizkuntza hori dela kausa (Mitxelena); Herri hau dela kausa dit orai min (Mirande); Nik, eta bestek […] hiztegia zela bide jakin genuen Euskaltzaindia bazela (Mitxelena); Terreno batzuk zirela medio zuten auzi hori (Uztapide). ‘Bereizkuntza hori’, ‘herri hau’, ‘hiztegia’ eta ‘terreno batzuk’ dira, adibideetan, kausa modura seinalatutako izen sintagmak.

Postposizio bilakaturiko esapideak dira horiek ere, esan bezala, -gatik postposizioaren parekoak: Dirua {dela kausadela bidedela eta} haserretu ziren = Diruagatik haserretu ziren. Kausa adierazten dutenez, galdegaien ez-bai kontrastean erabil daitezke: Zure bihotza kexatua sentitzen baduzu, ez zenbait objet agradarrientzat duzun amodioa dela kausa, baina zeren duzun ezinbesteko higuintza bat presuna batentzat (Haraneder).

Esapidearen aditza orainaldian ematea da ohikoena esapide hauetan ere, baina iraganean ere eman daiteke, goiko adibideetako hiztegia zela bide eta terreno batzuk zirela medio perpausek erakusten duten moduan; hori bai, hala denean, perpaus nagusiko aditza ere iraganean ematen da, adibideetako jakin genuen eta zuten bezala. Hura orainaldian denean, berriz, nagusia aldi guztietakoa izan daiteke: Dirua dela kausa, haserre {zeuden ∼ daude ∼ egongo dira}.

Maiztasun handikoak ez badira ere, bestelako pertsonekin eginiko formak ere era daitezke: Paga ahal banitza nik nolazpait ere ni naizela medio sufritu dituzuen nekeak (Mitxelena).

38.8. -nez gero, azalpenezkoa

38.8a Gero adberbioak argiro erakusten duenez, -nez gero formak jatorriz denbora adierazten du. Eta jatorria ez ezik, erabilera ere horrelakoa du zenbaitetan, gertakariaren noizdanikoa ematen baitu aditzera. Baina perpaus nagusian aipatzen denaren azalpena adierazteko ere erabiltzen da beste batzuetan.

Denborazko perpausak aztertzen diren kapituluan azaltzen den bezala, badira ezaugarri batzuk adiera biak bereizten dituztenak (§ 36.9c). Hala, azalpenezko perpausa ezin denez galdegai izan, halakoa denean denborazkoa izango da perpausa: Eguna argitu duenez gero ari da lanean, ‘noiztik’ alegia; perpausen esanahiak ere erakutsi dezake inoiz zein den adiera: Ameriketara joan zenez gero, ez da itzuli esaldiko perpausa, esate baterako, ez da kausazkoa, norabait joatea ez baita, arrunki behintzat, ez itzultzeko arrazoia. Beste batzuetan, ordea, kausazko adiera nagusitzen da. Hala, egoera iraunkorra adierazten duten perpausak azalpenezkoak dira, ezin baitira denborazkoak izan (Europarra denez gero, pasaporterik gabe ibil daiteke Europa guztian); berdin uneko irakurketa nekez duen egoera adierazten dutenak (Jakintsua denez gero, harengana jotzen dugu aholku eske), edo ezezkoak (Entzulerik etorri ez denez gero, bertan behera utzi dugu hitzaldia); orobat, perpaus nagusia iraupenekoa ez denean (Eguna argitu duenez gero, lanera joan da), edo geroari dagokionean (Eskatu didazunez gero, emango dizut aholkua; Londresa joan zarenez gero, balia ezazu aukera ingelesa ondo ikasteko).

38.8b Izan daitezke, hala ere, anbiguoak gertatzen diren perpausak, batez ere aditzaldia iraganekoa denean, hauek denborazko izateko joera nagusitzen den arren: Ikasturtea amaitu zenez gero, oporretan dabil, hau da, ‘amaitu zenetik’ nahiz ‘amaitu zenez’. Ohartzekoa da, hori bai, azalpenezkoak direnetan -nez soilaz ordezka daitekeela -nez gero forma konplexua, mendebaldean bederen: Ikasturtea amaitu zenez, oporretan dabil; denborazkoa denean, berriz, -tuz gero perpaus jokatugabeaz ordezka daiteke: Ikasturtea amaituz gero, oporretan dabil. Aldaketa horiek argituko lukete, hain zuzen ere, adibideko anbiguotasuna.

Ekialdeko euskalkietan -naz {gero ∼ geroz ∼ geroztik} aldaerak ditu forma honek; azken biak dira erabilienak, eta, denbora ere seinala dezaketen arren, azalpena adieraztea dute ohikoena. Hegoaldean, berriz, -nez {gero ∼ geroz ∼ geroztik} dira aldaerak; lehenbiziko biak dira erabilienak, eta horiek dira, hain zuzen ere, maizenik azalpena adierazten dutenak 26. araua (“-<em>z gero</em>”).</p> ">404.

38.8c Balioari dagokionez, agerikoa da forma hau azalpenezkoa dela, ez kausal betea, perpausaren kanpoko modifikatzailea baita. Hortaz, ez dio zergatik galderari erantzuten, Zergatik baztertu dute? -*Atzerritarra denez gero, eta ezin da galdegai izan: *Atzerritarra denez gero baztertu dute. Hiztunak solaskidearekin partekatzen duen informazioa ematen du -nez gero perpausak azalpen gisa —edo, bederen, partekatu gisa aurkezten dena— (hemen zaudenez gero, lanean hasiko gara); horrek bereizten du -eta perpausak bideratzen duen azalpenetik, hau informazio berri bezala aurkezten baita, edo, bederen, ezaguna eta partekatua ez den informazio bezala: Zaudete pixka batean, lagunduko dizuet eta (Atxaga).

Perpaus nagusian esaten denaren azalpena eskaintzen du zenbaitetan -nez gero perpausak: Ni apaiza naizenez gero, aholkularitzat hartu nau (Garate); Gerezi sasoian gaudenez gero, ona litzateke gereziren bat ikustea (Atxaga). Aholkulari hartu izanaren zergatikoa azaltzen du mendekoak lehen adibidean, eta gereziren bat ikustea ona izatearena bigarrenean. Baina esatearen beraren azalpena ere eman dezake aditzera: Baserri hau, galde egin duzunez gero, joan den mendekoa da. Galdera egin izana ez da baserria zaharra izatearen zergatikoa, hori esatearena baizik: Baserri hau, galde egin duzunez gero, joan den mendekoa de[la esaten dizut].

Perpaus nagusia adierazpena izan daiteke (ateri denez gero, paseatzera joan dira), baina baita agintea ere (ateri denez gero, zoazte paseatzera), edo galdera (ateri denez gero, zergatik ez joan paseatzera?).

Mintzagai gisa espezializaturiko esapidea eratzen du -nez gero perpausak, eta, hortaz, perpaus nagusiaren aurrean du ohiko lekua, goiko adibideetan ikusten den bezala. Ager daiteke, hala ere, tartean, haren mintzagai hanpatuaren ondoren: Aho literatura, paperik erabiltzen ez duenez gero, berez da suntsikorra (Mitxelena). Edo guztiz eskuinean: Paga ezazu zerorrek, zeuk ere zor duzunaz geroztik (Axular).

38.8d Iparraldeko euskalkietan -naz gainean forma ere erabiltzen da, usu ez bada ere, -nez gero formaren balio berarekin; perpaus nagusiaren ezkerrean zein eskuinean joan daiteke hau ere: Hirira bazoazenaz gainean, nahi duzu eraman ene xamarra? (DRA); Bai, bai, erosiko diat saldu nahi duenaz gainean (Cerquand).

38.8e Mendebaldeko euskalkietan -nez soilak azalpenezko perpausak era ditzake, forma horren berezko esanahia moduzkoa bada ere. Literaturan ez da gehiegi ageri, azken urteotan ez bada. Gorago esan den moduan, aditzaldia iraganekoa denean anbiguoa gerta daiteke -nez gero perpausa, denborazko zein azalpenezko irakurketa izan baitezake; anbiguotasun hori argitzeko-edo, azalpenezkoetan -nez soila erabiltzera jotzen dute gaur egun mendebaldeko euskaldun batzuek. Forma honetako perpausak ere mintzagai gisa espezializaturik daude; nagusiaren ezkerrean eman ohi dira maiz: Ezer gertatu ez zenez, bertan utzi zuten (Atxaga); Bihozbera zenez ereslari eta musikazale porrokatua zen (Azkue). Baina eskuinean ere eman daitezke: Hitzaurreaz bi hitz esango nituzke, Tolstoizalea naizenez (Mitxelena).

38.8f Dagokion lekuan azaldu den moduan, -n legez formarekin konparaziozko eta moduzko perpausak eratzen dira, baina, ohiko erabilera horrez gain, azalpenezko perpausak egiteko ere erabil daiteke: Eurek ez zaituzten legez zeu ikusten, ez dira beldurtzen (J. J. Mogel). Aldaera, ohikoa, -n lez du: Eta nik irakurleentzat ez daukodan lez gauza isilekorik, hementxe eman behar dautzuet asmo honen berri (Kirikiño). Azalpen balioa azpimarratzeko, haugatik edo hargatik bezalako anafora bat sartzen da inoiz perpaus nagusian: Atzetik dauzkan legez oin bi luzeago, hargatik nahi duenean egiten du salto (De la Fuente).

Kokaguneari dagokionez, forma honetako perpausek nagusiaren ezkerrean dute ohiko lekua, goiko adibideetan ikusten den bezala. Perpausaren beraren barneko hurrenkeran, berriz, {adizkia + -n legez} osagaia perpausaren azkenean ez ezik, haren barnean ere joan daiteke: Karga zen legez handiegia, […] (Mogel); Ez den legez gomutetan inor zoritxarrakaz jazo artean, […] (Uriarte).

38.8g Berez denborazkoa den -netik forma, azkenik, kausa edo azalpena adierazteko ere erabiltzen da bizkaieraz: Zaldunak, gizon gogorra zenetik, agindu zuen biak zigortzea […] (T. Etxebarria).

38.9. Nola… {bait-; -n}, zelan…-n azalpenezkoak

38.9a Modu eta kausa adieren arteko hurbiltasunak eraginda, nola edo nolatan galdetzaileak moduaz galdetzeko ez ezik, kausaz galde egiteko ere erabiltzen dira ez gutxitan: Nola utzi duzu aukera hori galtzen?; Nolatan ez didazu lehenago esan? Era berean, nola-rekin eginiko nola… {bait-; -n} formak modu-konparazioko perpausak eratzeko ez ezik, azalpena adierazten duten perpausak eratzeko ere erabiltzen dira zenbaitetan, -nez gero perpausen parekoak: {Nola zuhurra den ∼ Zuhurra denez gero}, aholku egokiak emango dizkigu.

Zeren partikularekin eginiko formetan gertatzen den banaketaren antzekoa gertatzen da nola-rekin egindakoetan ere: -n menderagailua mendebaldeko euskalkietakoa da batez ere: Berdin litzateke zaldi esan beharrean asto esango bagenu. Baina nola ez dugun elkar hartuko asto esatean, ezin genezake nahi dugun bezala hizkera alda (Mitxelena); Nola nire larrua / den aski handia, / nirekin egin nahi du / segurki zahagia (A. P. Iturriaga). Aldiz, bait- menderagailua ekialdekoa da batik bat, mendebaldeko idazleek ezezaguna ez badute ere: Baina nola baitzen kaskoz arinxkoa, mundua ikusteko hartzen du gogoa (Goihetxe); Nola han bainaiz sortua, han utziko dut mundua (J. B. Elizanburu); Gu bizi ginen etxea nola baitzegoen Lezoko partean, aita, ama eta […] Lezoko kanposantuan lur hartuak dira (S. Salaberria). Bizkaieran, bestalde, zelan… -n forma erabiltzen da: Zelan inork ez dituen elkarren gainean tolestu, […] zulo, tarte, hutsune eta inguruetatik sartzen zaie ura polito-polito (Agirre); Jakin begite […] zelan den berau orritsu eta besangaz zabala, bere azpian zaharren Batzarrak oraindik egingo direla (Arrese Beitia).

38.9b Esan bezala, forma honekin eginiko perpausek azalpenezko balioa dute; perpaus nagusian esaten denaren justifikazioa eskaintzen dute: Nola Bretainiak mintzaira bat baitu gurea bezala zaharra eta alde guztiz ederra, mintzaira horretako gizon jakintsuenak ikusi nahi izan ditut (J. P. Arbelbide); Baina nola hutsegilea judua baitzen […] juduen aldeko kazeta guztiak berehala isildu ziren (Hiriart-Urruti). Ez dirudi, ordea, dedukziozko azalpenetan erabiltzen denik: ??Nola burumakur baitatoz, partida galdu dute. Are gutxiago, dedukziozkoa nagusiaren ondoan dela: *Partida galdu dute, nola burumakur baitatoz.

Nola … halatan korrelazioak konparazioa bideratzen du askotan, baina azalpena ere eman dezake aditzera zenbaitetan: Eta nola bi gauza egiten baititu, halatan ditu merezi ere bi pena eta gaztigu (Axular).

38.9c Kausa adierazten duenean {nola / zelan}… -n perpausa gehienetan nagusiaren ezkerretara kokatzen da: Nola izango duen urdaia lodia, hartuko dut honekin nik diru handia (A. P. Iturriaga). Mendeko perpausaren barnean, berriz, nola / zelan hitzak, galdetzaile izateari utzi dionez, ez du aditzaren aurre- aurrean joan beharrik. Perpausaren hasieran eman daiteke: Eta nola Murtutsen berririk ez baitzuten, galdegin zioten bertze apez-kondaira ttipi bat (Lafitte). Baina baita barnean: Eta nahimenak nola adimenari jarraitzen dion, bizi-nahia ere horrelakoxea dugu (Villasante). Eta aditzaren aurre-aurrean: Gobernu txarra zelan zeukan, hamar urte gehiago iruditzen zuen (Arrese Beitia).

382Izan + ere’ sekuentzia zenbaitetan ez da diskurtso markatzaile, izan aditzarekin eginiko «aditza, aditza + ere» egitura enfatikoa baizik (bolada txarra etorri zaigu, etorri ere; lasai dago eserita, egon ere bezala, alegia, halakoxea da, izan ere, ‘izan’ aditza bere indarrean delarik). Villasanteren iritziz, egitura horretatik sortu da, hain justu, izan ere markatzailea (1986: 241). Edozein kasutan, zaila da, izan ere edo halakoxea da, izan ere bezalakoak bietara uler daitezke, ‘izan’ aditzaren esanahia indarrean duen egitura gisa nahiz diskurtso markatzaile bilakaturiko esapide bezala (§ 42.23.6).

383 Gaztelaniaren pues-en parekoa da erabilera hau. Azkuek (1923-1925: sec. 725, 491) eta Altubek (1929: 10) okertzat eman zuten.

384 EGLU-VI liburukian (163) alegiazko azalpenak deitzen dira.

385 Kausazko -lako formaren jatorria izenlaguna dela iradokitzen du de Rijkek: “As to origin, causal -lako can be identified with the suffix used to link sentential complements to nouns, provided one allows a non-overt instrumental noun to account for the meaning ‘cause or reason’” (2008: 600).

386 Villasantek dio aski berria dela -lako(tz) forma hau, kausazko adieran: “Sorprende en gran manera el constatar que este sufijo, tan usado hoy para expresar la causalidad, no aparezca hasta bastante tarde en los textos” (1986: 241). Mitxelenak, hala ere, gogoratzen du ex silentio froga herrena dela beti, eta honako Leizarragaren testu hau aipatzen du: Ez dizuet izkiriatu ukan, egia ezagutzen ez duzuelakotz; aitzitik zeren hura ezagutzen duzuen, eta gezurrik batere ez baita egiatik (1 Jo 2,21) (Villasante 1976: 150 oh.).

387 Bestelakoa da, noski, Gaixorik delako, ez da etorri esaldia, zeinetan galdegaia ez adberbioa baita eta perpaus kausala, berriz, mintzagaia den.

388 Ikus de Rijk 1998b, Ortiz de Urbina 2003b eta Garzia 2014a.

389 Galderatik kanpo eman daiteke azalpenezko perpausa (Partida galdu behar al dugu gaur ere? Ez baitzaudete sasoian), baina, ikusten denez, esanahia desberdina da, egindako galderaren arrazoia azaltzen baitu azken honek.

390 Hala dio Garziak, zeinek gehikuntza deitzen dion horrela antolatzen den funtzio informatiboari (2014a: 51, 70). “Funtzio berezi bat baino areago, egia esan, galdegai-funtzioaren agerraldi berezi bat da” (2014a: 71 oh.).

391 Villasante mintzo da ‘subjektibotasun’ honetaz, Txillardegi aipatuz (Villasante 1986: 242).

392 Tradizioan ere aurkitzen dira kausazko -tuagatik batzuk (ikus § 39.3.3); -tu izanagatik formakoak, berriz, gaztelaniazko ‘por haber hecho’ gisakoen parekoak izan daitezke.

393 Ikus menderagailua aditzari lotzen zaionean gertatzen diren aldaketa fonetikoak eta horien idazkeraz Euskaltzaindiak eman duen 2. arauan (“baitu, baikara, bainaiz”; Bilbon, 1994ko urriaren 28an onartua).

394 Izan ere diskurtso markatzailearekin, berriz, erabiltzen da inoiz, ohikoa ez den arren: Izan ere hik gure pozari / pozik erantzun baitiok (E. Arrese), ikus OEH s. v. izan ere.

395 Ikus, honi buruz, OEH s. v. bait.

396 Villasanteren iritziz, Hiriart-Urruti idazlea eta Lafitte gramatikaria izan ziren joera berriaren arduradun nagusiak ekialdean; mendebaldean, berriz, Azkue, Orkaiztegi eta Altube (Villasante 1986: 17-18).

397 Testuetan ageri dira zenbaitetan bestelako forma berezi batzuk. Hala, zergatik… bait- forma (Jendeak zituen haren hitz ederrak miretsi, zergatik mintzatu baitzen guztiz miragarriki, Etxeberri Ziburukoa) edo zeren ezen… bait- gisakoa (Zer ere erremedio eman baitut sabeltasunarentzat, baliatuko zarete uxadarentzat, zeren ezen biak bat bezala egiten baitira, Dassanza).

398 De Rijk: “Many literati in Guipuzcoa and Biscay have been holding to the opinion that clause-initial causal conjunctions are superfluous and inconsistente with Basque idiom. None are found in the works of Txomin and Toma Agirre, A. Labayen, S. Mitxelena, N. Etxaniz, G. Garate, and many others. As for K. Mitxelena […] only one instance of zeren can be found in his extensive writings” (2008: 616).

399 Galdetzaileekin eginiko forma hauek prosarako egokiak ez ezik beharrezkoak ere izan daitezkeela defendatu zuen Villasantek berariaz, batez ere testu diskurtsiboetarako (ikus Villasante 1986: 258). Harena da testu hau: Ez dago eskandalurako biderik, zeren-eta bai oinazea eta bai gure arteko borroka hori ere beste zerbaiti buruz jarriak dauden (Villasante).

400 Ohikoa ez bada ere, inoiz bait- menderagailuarekin erabiltzen da: Izugarria izan behar da, hasteko, haren maltzurkeria; ezen zenbait orduren buruko, ez baitzaie lili maiteer galtzekorik gelditzen deus (J. Etxepare).

401 Idatzian egokiena eta osorik ematea da, Euskaltzaindiaren 27. arauari jarraiki (“Hori eta, hori edo eta horrelakoen idazkera”). Eta, bestalde, marra edo koma ipintzea ere egoki da, anbiguotasuna argitu behar denean.

402 Gregorio Arruek 1885. urtean idatzitako lanean aurkitu zuen Villasantek kausazko -eta enklitikoaren lehen agerpena (1986: 169).

403 Horrelakoetan, -eta enklitikoa eta horregatik diot esaldiaren lekuan dagoela iradokitzen du de Rijkek (2008: 606).

404 Forma hauen ahoskerari eta idazkerari buruz, ikus Euskaltzaindiaren 26. araua (“-z gero”).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper