70eko hamarkadaren hastapenean dut lehen aldiz entzun mintzatzen artikulu honen gaia izanen denaz, hots euskara batuaz. Zuberoako Basabürüan egin zen familia bilkura honen oroitzapen aski argia daukat gogoan, non, batere ez dakidan zein arrazoiengatik (hamar bat urte baizik ez nuen), gaia bazkari denboran aipatua izan zen. Izan ere, bat-batean doinua azkartu zen bazkaltiarren artean eta horrek egiten du berrogeita bost urte berantago oraino oroit naizela. Argi zen mahaiaren inguruko jendeak ez zirela ados, baina ez dakit nor zen norekin ez ados, are gutiago gai hori orduan ez baitzen, nintzen mutiko gaztearen arranguretan batere sartzen. Hala ere, osabak bota zuen esaldi bat ene memorian sarturik gelditu zen: « Hori ez dük eüskara, espainola dük! ».
Anekdota horretan den irringarriena da, berriz pentsatzen jartzen naizenean eta hor ziren jendeak ezaguturik, euskararen gaia ez zela batere, baina batere, familia bilduaren kezka bat. Apairu hauetan, baserriko lanez, ihiziaz, auzoez edo politikaz mintzo zen baina orduan, euskalduna izatea ez zen mintzagai bat, Enbata zikinak mundu zaharra inarrosten hasirik baziren ere. Zuberotarrak ginen, beraz euskaldun eta kito; hortik kanpo ez zen deus ere. Guk, haurrak, bazterreko mahai batean jaten genuen eta guti zuen etxeko emazteak bazkaltiarren mahaiean jartzen zirela haiekin jateko; beste iraultza bat…
Dena den, Basabürüko herri bazter horretan, prestatzen ari zenaz mintzatzen entzun zuten eta ez zuten denek begi onez ikusten…
Egun, galdera da jakitea zer den euskara batuaren lekua Iparraldean. Onartua ote da? Transmisioaren eragilea ote da? Nork erabiltzen du, zein arlotan, garatuko ote da eta euskalkiak hilko ote ditu…?
Ondoko lerroetan, ene-eneak diren gogoeta eta lanbideko nola nihaurenak diren esperientzien ondorioak azalduko ditut. Baina uste dut argigarriak izan daitezkeela zeren, aita zenak lanarengatik Zuberoatik kostaldera joan behar izanik, familia guzia jarraiki zitzaion eta gisa horretan nuen Ipar Euskal Herria bere orokortasunean ezagutu, nahiz hastapenean Nafarroa Beherea eremu hein bat lausoa iruditzen zitzaidan, sekulan gelditu gabe pasatzen ginen leku bat baizik ez.
Euskararen erakaskuntza orduan, bere hastapenean zen baina bazen, eta seigarrenetik beretik, Donibane Lohizuneko Ducontenia kolegioan izena eman nuen, ahozkoaren ulermen orokorrean mugatuak ziren ene orduko konpetentziak azkartu nahiz. Baina hor, zubererarik ez. Gure erakaslea Mendiharat anderea zen eta hari zor diot ziur aski ene hizkuntza ibilbidearen zati on bat. Liburu bat ere bagenuen, Oñatibia metodoa deitzen zena, eta maleruski geroztik galdua dut. Baina hau izan zen, dudarik gabe, ene lehen harremana euskara idatzi ez-zuberotarrarekin (orduko zuberotar idatzia gehien-gehienik meza liburuetan atxematen zen). Delako metodo honek lapurtera lantzen omen zuen baina ongi pentsaturik, zare edo gare bezalako aditz ezaugarri batzuk aparte, edo ere «eskuara metodoa» liburuaren beraren izenburua aparte, Iparraldeko euskara batuaren aldeko lehen urrats bat zen, gazteentzat egina, nahiz batzuetan lexiko eztabaidagarria proposatzen zuen (adibidez enparantza, plazaren lekuan…).
Ikasle talde aski gotorra ginen, hamabost bat, eta ongi oroit naiz ene ikaskideak batzuetan nitaz trufatzen zirela ene «zuberotar azentu bereziarengatik», batzuek erraten baitzuten ere segurki paristarra nintzela (laidoa zen hori). Horrek erran nahi zuen, ene ustez, ez nintzela hangoa. Nehork ez zuen orduan Euskal Herria bere osotasunean ikusten. Bakoitza bere xoko txikiaren alde ari zen. Baina Zuberoan berdin egiten genuen, eta egiten segitzen dugu, erraten dugularik adibidez «Manexetik ez aize honik, ez jente honik». Hala ere, orduan, gizartea euskalduna zen eta egunero eta denetan euskaraz mintzatzen entzuten zen, baita kostaldean ere. Eta euskara etxean ikasten zen…
Egun dena aldatua da. Euskara etxean ikasia salbuespena bilakatua da eta gurrasoek onartzen dute gure hizkuntza eskolan ere, edo bereziki, ikasten dela. Beraz, gehienek erakasleen bizkar uzten dute euskararen erakastearen «lana» eta denbora berean onartzen dute beren haurrak ez daitezen mintza beren gurasoen hizkuntza ber-berean. Gogoan dut Beskoitzeko ikasle euskaldun gazte batek (bakarretarik) egun batez erran zidana: bere aitatxik azaldu omen zion euskaraz «sapin» sapina erraten zela eta ez izaia, nik ausarki erakutsi nahi izan nuen bezala… Azkenean, gure hizkuntzaren momifikaziotik ateratzen gara! Zenbat aldiz ez dut entzun euskaltzain autoproklamatu batzuen ahotik, sinonimo bat erabili nuelako «hau ez dük gure eüskara», edo sorddes «hau ez dük egiazko eüskara». Jende hauek bistan da, betidanik ama hizkuntza ezinago ontsa ematen zuten, beren probintzia eta hizkuntza mugetatik kanpo diren haren aberastasun eta ñabardura guziak ezagutu gabe, hala ere. Egun, nehor ez zait gehiago ausartzen holakorik erratera; adinaren abantaila beharbada…
Iparraldeko euskara batuaren azterketa egiten, garrantzia eta geroa aipatzen hasi aitzin, ikus dezagun labur-labur zein diren haren ezaugarriak. Hainbeste denboraz gutietsia eta baztertua izan den batu hau, lehen-lehenik, ene ustez, elkar ulermenaren hizkuntza da. Hari esker, Hendaiatik Santa Graziraino euskaldunekin mintzatzen ahal baikara, Iparraldeko euskal eremu guzian hots. Desberdintasunen onarpenean eta eskolako erakaskuntzan oinarriturik den komunikazio nahikunde baten ondorioa da, hizkuntza «onetik» hizkuntza baliagarrira iraganez.
Argi da Euskaltzaindia dela hondoko olatu horren iturburuan, hori baita euskararen geroaren garantia gure Iparraldeko probintzietan, nahiz ez den bakarra. Behin baino gehiagotan aipatuko dut Zuberoako euskalkiaren kasu berezia.
Morfosintaxiaren xehetasunetan sartu gabe, hau ez baita gaiaren inportantzia, Ipar Euskal Herriko batua da, ene ustez, euskalkien bilduma bat. Bakoitzaren berezitasun berezienak bazterturik direlarik, XXI. mendeko euskaldunen hizkuntza bilakatu arte, Iparraldeko lexiko garbizale eta moderno baten inguruan antolatua da (sinonimoak beti!). Telebista, argazkia, kirola, hegazkina edo garapena… bezalako hitzek, «televisionea», «fotoa», «sporra», «aviona» edo «developamentia»… ordezkatu dituzte jagoiti gazteen aho-mihitan.
Aditz batua erabiltzen du gero eta gehiago eta, ene uste apalean, dagoeneko nehork gehiago zalantzan ezartzen ez duen sistema ortografiko bat. Uste dut frantses ortografiaren gainean oinarrituriko sistema defendatu zuen azkena Ximun Peyran izan behar zela, orain dela guti arte Le miroir de la Soule aldizkarian oroitzapen kronika bat idazten baitzuen. Nork idatziko du egun «goure » edo»? Elkar ikhouchi ulermenaren ikuspuntutik aitzinamendu handia dudarik gabe, hori baita ororen buruan euskara batuaren helburua. Zuberoako euskalkiaren ezaugarri fonetikoek zailtzen dute dudarik gabe esaldi batzuen ulermena, baina dena argi gelditzen da gauza bera ikusten duzularik idatzia. Froga, azken urte hauetan, pastoraletako liburuxketan ez dela gehiago «batuko» egokitzapenik! Iparraldeko batuaren garapenean hala ere, dena ez da sukre eta ezti; bigarren denbora batean, saiatuko naiz erakustera nolako leku eta erabilera duen bizi sozial, kultural edo ekonomikoan.
Hor da ene ustez, baina segur naiz, Iparraldeko batua eraikitzen. Izan ere, non ikasten da irakurtzen eta idazten, lehenago aipatu arauen arabera? Non jakiten da euskal literatura garaikidea badela, bai eta %95 Iparraldeko euskaraz idazten duen euskal prentsa badela, eskolan ez bada? Ongi ezagutzen ditudan erakasleek badakite hori, gure hizkuntzaren «zaldun xuriak» dira… Lehen mailan eta kolegioan euskalkiei leku handia egiten bazaie ere (aitatxi-amatxiek ematen dutena da eta aberastasuna eta hizkuntzarekilako sentimenduzko lokarria dira) hastapen-hastapenetik, gorago aipatu ditudan ortografia eta hiztegi «modernoaren» gainean oinarritzen da eskolako hizkuntza. Amikuze zolan edo Zuberoako Basabürüko bortuetan, eguneroko bilakatu dira marrazki, hegazkin edo bilkura bezalako hitzak.
Aditzari doakionez, testu ofizialetan idatzia ez bada ere, Hezkunde Nazionaleko ikuskaritza pedagogikoak bultzatzen duen arauak dio, idatzian, emeki-emeki batuaren formak erabili behar direla, utziz ahozkoan euskalkietakoak baliatzeko parada (hala nola gira/gara), ikasleek ezagutzen badituzte bederen.
Bide beretik, baxoko edo kolegioetako brevetako azterketa idatzientzat. Ikasleek euskaraz idatz ditzaketen historia-geografiako eta matematikako proben kontsignak euskara batuan emanak dira. Osoki normala da, zeren azterketa hauetan parte hartzen baitute Hendaiatik Atharratzerainoko ikasleek.
Iraganeko kontuak dira garaiak non baxoko LV2ko azterketa idatziarentzat hautagaiei hiru proposamen egiten zitzaizkien, hautuan, zubererazko bat, behe-nafarrerazko bat eta batuan zen bat. Hamar bat urte badu gai bakarra dela, batuan.
Lehen mailako eskoletako erakasle euskaldunak hartzeko konkurtso bereziko idatziaren azterketarentzat, zehaztua da gaiek ez dutela euskalki forma markaturik jaso behar; artikulu honen gaia da, bete-betean. Nahi badute eta bat baldin badute, kandidatuek beren euskalkian idazten ahal dute. Baina, orduan, hizkuntza koherentzia handiena eskatzen zaie. Horrek egiten du, salbu Zuberoako kandidatu bakar batzuenak, kopia gehienak Iparraldeko batuan idatziak direla.
Bigarren mailako kolegio eta lizeoetako erakasleak hartzeko konkurtsoan galdera ez da pausatzen ere.
CM2 eta 3. bukaeran ikasle elebidunek pasatzen dituzten hizkuntza ebaluaketetan azkenik, kontsignak beti batuan idatziak dira, salbu Zuberoako ikasleentzat.
Ulertu den bezala, gure hizkuntzaren berreskupenerako hain garrantzitsua den erakaskuntzaren arloa oinarrizko eragilea da Iparraldeko euskara batu baten alde.
Agosti Xahok Baionan sortu Ariel edo Uskal Herriko Gaseta kontuan hartzen badugu, prentsa idatzia media zaharrena da. Idazle hark, 1836tik beretik erraten zuen eskoletan euskaraz bakarrik erakatsi, euskararen akademia eta ortografia batu bat sortu, liburutegiak eraiki, eremu zientifiko eta tekniko guzietan euskarazko literatura eta liburuak idatzi behar zirela. Gomendio horiek mende bat goaitatuko dute obratzen hasi baino lehen… Egun, Berria egunkaria (ostiraleko Iparraldeko gehigarriarekin) eta Herria astekaria dira nagusiki Iparraldean euskara batuaren bultzatzaileak, bakoitza bere berezitasunekin. Saltzapenetan haien hedapena oso handia ez izanik ere, hauek Iparraldeko batuaren zabaltzearen tresna itzuriezinak dira.
Bestalde, irratiak dira, ene ustez, Ipar Euskal Herriko batuaren hedapenaren eragile bizienak. 80ko hamarkadaren hastapenean agertu ziren, irrati libreen garai hartan (lehena izanik, uste dut, Radio Adour Navarre, geroztik desagertu dena). Bost dira egun gure lurraldean emititzen dutenak. 7 urtetik 77 urtera arteko euskaldunek edo euskalduntzen ari direnek anitz entzuten dituzte eta hauetarik lauk (euskal irratiak horiek dira: Antxeta Irratia, Gure Irratia, Irulegiko irratia eta Xiberoko Botza) ideia ona izan dute, egunaren une batzuetan, programazio bateratua proposatzea. Horri esker, publiko guziek euskalki desberdinak entzuten ahal dituzte eta ez da bekan gertatzen, joko batzuen karietara, Lapurdiko edo Nafarroa Behereko entzule batek, zubereraz ari den animatzaile baten galderei erantzutea. Euskadi Irratia eta Xorroxin Irrati nafarra ere entzun daitezke, azken honek Iparraldeko batutik oso hurbil den hizkuntza proposatzen duelarik.
Telebista luzaz akulturazio tresna eta euskararen suntsitzaile gisan aurkeztua izan da. Uste dut iritzi hau oso zuzena dela zeren urte luzetan sukaldeen erdian jarri ondoan, zaharren zuhur hitzak isilaraziz, haren mezu ustez moderno, zentralizatzaile eta frantsesezkoak zabaldu baititu (ez naiz segur estatuetako telebistetan hau anitz aldatu denik, ez dakit gaur egun ez denez sorddes). 80ko hamarkadaren hastapenean, Euskal Telebista agertu zelarik iraultza tiki bat izan zen, nahiz, onartu behar da, orduan zerabilen hizkuntza ulergaitza zen Iparraldeko euskaldun gehienentzat. Beharrik, denborarekin gauzak hobetu dira eta behar bada gure beharriak ere doi bat ohitu zaizkio mintzatzeko era berriari, hots euskara batuari. Emankizun batzuk nahiko arrakastatsuak dira gure bazterretan, hala nola asteburuetako pilota partidak edo eguerdiko albistegiak, besteak beste. Doi bat harritua gelditu nintzen ikusirik nola 2000ko urteetan Zuberoa zolako jende adindu batzuek ez zuten neholaz ere Goenkale telesaileko zati bat huts egin nahi… Telebistaren gaineko kapitulu hau ezin liteke bukatu aipatu gabe Kanaldude elkartea zeinek, baliabide gutirekin, jakin izan baitu denborarekin hurbileko eta kalitateko telebistaren alorrean sartzen (TVPIrekin elkarlanean), kasik osoki euskaraz den programazio bat eskainiz, hain inportantea den sektore honetan. Zerbitzu publikoari dagokionez ez dut deus erranen, ez bada kritikatzeko euskararekin duen axolagabetasun osoa.
Telebista edo irratia ez bezala, internetek hastapenetik bereganatu du gure hizkuntza eta deus ez da errexzagorik egun euskarazko informazioa aurkitzea baino, bilaketa motorrean euskaraz idazten duzun ber. Hor aldiz, euskalki edo bestelako ñabardurarik ez, batu klasikoa da erabiltzen. Badakit tresna hau anitz baliatua dela (bereziki erakaskuntzan) eta oso gauza ona dela diot, are gehiago, kasu gehientsuenetan proposatua den hizkuntza zuzentasun onekoa delako. Euskararen geroaren parte bat media horretatik pasatzen da dudarik gabe. Gizarte sareen gaia ez dut aipatuko, alde batetik eremu pribatua baita eta, beste batetik, ez baitut ontsa ezagutzen…
Literatura azkenik. Informazioaren egiazko eragilea izan gabe, ideiak, oroitzapenak, emozioak zabaltzen ditu eta batuaren hedapena laguntzen du. Jokoan denaz konziente eta gure hizkuntzaren geroaz arduratsu, J. B. Dirassar edo D. Landart bezalako idazle garaikide batzuek jakin dute, 80ko hamarkadaz geroztik beretik, batuaren eremuan sartzen, beren dohaina eta hizkuntzaren ezagutza miresgarria baliatuz. Erreferentziazko obrak idatzi dituzte. Hegiko bordatik lehenarentzat (1995) eta Aihen ahula bigarrenarentzat (1989) baizik ez ditut aipatuko hemen. Ildoa zabalik zen eta ondoko idazle gazteagoak (I. Borda adibidez) bide berari jarraikitzen zaizkio, Iparraldeko euskara batuari bizitzeko, azkartzeko parada emanez, bai eta eremu euskaldun osoan ezagutua izateko. Gutiegi ezagutua den Maiatz aldizkari-argitaletxeak mugimendu horretan parte hartzen du, urtero kalitate handiko testu edo liburuak argitaratuz, XVI. mendean B. Etxepare gure aitzindariak eman kontsigna gauzatuz, «Euskara jalgi hadi plazara!».
Aipamen bat kapitulu horrekin bukatzeko, literatura eta interneten mugan den « Nola erran » hiztegi elektronikoaz, iniziatiba eder eta baliagarri haren agurtzeko, modernitatea eta Iparraldeko euskara batua elkartzen baititu.
Bizi publikoan euskarak duen lekuaz ohartzeko, administrazioaren maila desberdinak berezi behar dira.
Estatuaren administrazioaz deus guti bada errateko. Ofizialtasun ezak euskara guziz baztertzen du eta ez du beraz neholako lekurik…
Hurbilagoko mailetan (departamendua, Euskal Hirigune Elkargoa…) baizik ez du gure hizkuntzak, zenbait aldiz, agertzeko parada. Lehen hitz bat hasteko, 90eko hamarkadan departamenduak bide seinaleetan egin zuen indarraz, nahiz ez zen borrokarik gabe izan. Euskaltzaindiaren laguntza argituaz, gure bide bazterretan agertu ziren leku eta herri izenak, euskara arautuan idatziak. Onartu behar dugu berezitasun batzuk iraunkorrak direla eta ondorioz «Ongi Ethorri» edo «D. Lohitzun» bezalako izenak oraino ikusten ditugu han-hemenka... Koherentzia batzuetan ez da errespetatua, beste batzuetan ortografia arautua ere ez. Hala ere, erran daiteke lehen baino hobeki dela, zeren orduan herriko etxeek hartu iniziatibak baizik ez baitziren, bide seinale gorri berde pixka bat folklorikoak landatuz herrien sargietan. Egia da, baina pentsatzen dut aitzinamenduak egin daitezkeela oraino arautze eta egokitzapen argiaren zentzuan. Honen idaztean, gogora datorkit A63 autobidean den seinaletika zeinak Heletako, edo beste nonbaiteko gidariari proposatzen baitio «hurrengo irteera» exotiko bat, Donibane Lohizuneko hegoko ateragunean, besteak beste. Uste dut, euskara batua garatzeko, proposatua zaion populazioak zailtasunik gabe ulertu behar duela. Seinaletika hau da, ene iritziz, egin behar ez denaren adibide argia.
Dena den, bertako administrazioetan (herriak, herri elkargoak…) indar handia egiten ari da egun euskararen ezagutza eta erabilera bultzatzeko eta horretarako euskara teknikariak formatzen dira. Hauek ondotik, bakoitza bere eskualdean, Iparraldeko euskara batu egokitua zabaltzen dute. Orain dela guti, froga polita izan dut Senpereko turismo bulegoan. Gaizki idatziak diren bide seinaleak ikusten dira oraino, han-hemenka, eta ez dakigu zergatik gertatzen den hori. Seinaletika egilea erdalduna? Eman zaion eredua gaizki ortografiatua? Hori erratean bururatzen zaizkit Mauleko herri guzian agertu diren «lantegi erremüa» bezalako bide seinale okaztagarriak eta maleruski adibideak ez dira guti. Horrek are gehiago jotzen nau gauza bera ez baita sekula gertatzen frantsesez; gaur egungo diglosia egoeraren beste ondorio bat naski.
Zati hau ezin da bukatu azken 11 urtetan Euskararen Erakunde Publikoak ereamaten duen lan izigarri baliosa azpimarratu gabe. Euskararen aldeko hizkuntza politika eraginkor baten alde buru beharri lan egiten dute, gizartearen alor guzietan!
Erakunde edo pratika hauen adierazpideen aldetik bi puntu azpimarratuko ditut: karrikako presentzia (afixak, eskuorriak, publizitate taulak…) eta eragileen hitzak (kirolariak, politikariak, elkarte arduradunak…).
Aitzineko urteetan baino gutiago erabiltzen badira ere (modernitate informatikoa dela medio) afixak komunikazio tresna garrantzitsua izaten dira oraino informazioak emateko. Sail horretan, erran daiteke batua jaun eta jabe sartu dela. Izan ere, aski da gure pareta edo afixa taulei so egitea horretaz ohartzeko. Aste egunak osoki normalizatuak dira (Nafoarroa Behereko ibiakoitzaren desagerpena larunbataren onetan adibidez…) eta horrek balio du tenoreen, lekuen edo aktibitateen adierazpenetan (kantaldi, bilkura, elkarretaratze…). Ohar bat berriz ere Zuberoari buruz, non bertako sinonimoak erabiltzen diren (neskenegün, aühari, barantaila…) nahiz batuaren lexikoak hitz batzuk ordezkatu dituen, txapelketa zoinlehenkaren ordez edo errugbi zelaia rugby stadaren ordez… Baiona bezalako hirietan kultur, kirol edo gertakarien seinaletika gero eta elebidunagoa eta batuagoa da, nahiz batzuetan, ene uste apalean, Hego Euskal Herriko eragina sentitzen den Iparraldeko sinonimoen kaltetan, hala nola lehenago aipatu A63 autobidearen adibidea. Zernahi gisaz, euskara gero eta gehiago ikusten dugu egunero eta gauza ona da. Anitz gelditzen da egiteko, baina ohargarria da ikustea nola Euskal Herritik iparraldera joaten zarenean bat-batean seinaletika guzia frantsesezkoa bilakatzen den…
XXI. mende honen hastapenean kirolak oinarrizko gizarte jarduera izaten segitzen du eta zorigaitzez artikulu honen kezketatik urrun gelditzen da. Noiztenka Ipar Euskal Herriak goi mailako kirolariak ekoizten baditu ere, haien hizkuntza konpetentziak ez dira araberakoak. Pilota bezalako kirol tradizional batzuetatik kanpo, oso bakanak dira euskaraz hitz egin dezaketen kirolariak. Salbuespen batzuk badira errugbiaren munduan. Azpimarra dezagun Seaska federazioaren iniziatiba surfa eta euskara lotzeko indarra egiten duelako, baina oharturik ere kirol honen arizaleak gure hizkuntzatik franko urrun egoten direla.
Hitz publikoa politikarien eta sindikalisten ahoan ere entzuten da bistan da. Sail horretan, erakunde abertzaleak eta hurbil dituztenak dira euskararen defendatzaile kasik bakarrak. Ohar berezi bat mugimendu altermondialistarentzat molde elebidunean eta euskara batu onean komunikatzen baitu. Bestalde, Frantzia mailako alderdi politikoetan nehor ez da gehiago, ene ustez, Etxepareren hizkuntzan mezuak zabaltzen ahal dituenik, 90eko urteetan alderdi sozialistako edo Berdeetako jende batzuek egin zezaketen bezala. Euskara batuak leku guti zuen haien hitzaldietan, nahiz erabilitako hizkuntza etxean ikasia oso zuzena eta polita zen. Gaur egun, boterean den alderdian (La République en Marche) edo aurkakoetan (Les Républicains, La France insoumise…) nehor ez da, ene ustez, euskaraz hitz egin edo idatz dezakeenik… Nahiz azken 50 urteetan euskara ez den anitz erabilia izan ideia politikoak zabaltzeko, gibeltzapen kezkagarri bat ikusten dut hor, erran nahi baitu gure hizkuntzak ez duela komunikazio baliorik haien begietan. Haren egoeraren berri ematen digu horrek. Denbora berean inkoherentea da zeren Euskararen Erakunde Publikoak daraman hizkuntza politika alderdi guziek sustengatzen baitute…
Langile sindikatuen aldetik, gauza bera; LAB (Langile Abertzaleen Batzordeak) da euskara erabiltzen duen bakarra. Bide luzea dugu…
Kapitulu hau seinaletikarenean sar zitekeen, baina, ene ustez, zerbait gehiago merezi du. Izan ere, egun ekonomia gauza ororen motorra delarik, interesgarria (lasaigarria?) da ikustea sektore hain garrantzitsu hark, Hendaiatik Atharratzeraino, nolako lekua egiten dion gure hizkuntzari, jakinik zein laster baztertua den ustez errentagarria ez dena oro. Denbora gehiago mereziko lukeen gai horretan sobera luzatu gabe, uste dut zerbait baikorra gertatzen ari dela hor euskararentzat Iparraldean. Bi adibide baizik ez dut aipatuko: Hiriburuko Ametzondo eremuan plantatu diren nazioarteko komertzioko salgune erraldoiak eta barnealdeko txintxuketa saltegia. Zer dute elkarrekilanko? Euskara erabiltzen dute barneko eta kanpoko seinaletikan. Kitezko altzari saltegi famatuak eta ondoan jarri zaion hipermerkatuak, biek euskara konplexurik gabe baliatzen dute pasabide guzietan. Badakigu, bistan da, mezu hauen hartzaile lehenak Hegoaldetik jin bezeroak direla. Baina gure hizkuntza argitan ematen dute eta denbora berean, beren gisan, batuaren sustapena egiten dute Iparraldean (altzari saltegiaren webgunea bide beretik doa nahiz euskarazko informazioak komertzio zentroaren ordutegiak eta hara hurbiltzeko bideak ematen dituen bakarrik). Barnekaldeko txintxuketa saltegiari doakionez motibazioak ez dira berak eta mezuak bertako jendeentzat dira. Baina denen begien bistan hiztegi anitza ezartzen dute, berezitua eta batua, erosleen lexiko konpetentziak handi ditzakeena. Aipatu gabe gure hizkuntza idatzia ikustearen plazera…
Ezin liteke kapitulu hau bukatu publizitate taulak, bizitegi berrien izenak, komertzioen edo lekuen izenak labur aipatu gabe: Hiri-ondo (bizitegiak), Belharra (bizitegiak eta klinika), Mendi alde (bizitegiak), Aturri (kolegioa), Makila (kali jokoa), Hormadi (izotz gunea), Pleita gunea, Hasiera (jatetxea), Bi ahizpa (hotela)… zuzenak eta batzuetan hutsak, euskararen ezagutza faltaren adierazgarriak Pinpilina (jostailu saltegia), Xiloa gurmenta (jatetxea), Etxe Peio (urdeki saltegia)… Erabilia den hizkuntza ez bada ere beti oso koherentea ez eta oso arautua, iniziatiba hauek euskararen aldeko interes komertziala erakusten dute eta kultur nortasuna eta hizkuntza bizi baten irudipena ematen dute, ñabardura oso potolo batekin hala ere: nork onartuko luke frantsesez idaztea: pappillon, le gourmand trou ou Peio maison…? Argi da izen hauek ez direla euskaldunentzat eginak, itxura emateko baizik!
Iparraldeko euskara batuaren egoera aztertu eta gure hizkuntzaren geroan ukanen duen eraginaz egin dudan lan laburregi honen bukatzeko, Alex Gurrutxagaren iritzi artikulu bat aipatu nahi nuke lehenik (Berria egunkaria, 2018/02/09) non batua eta euskalkien arteko harremanak aztertzen dituen. Bistan da, Hegoaldeko gertakari batzuen gainean oinarritua dela baina aski eredugarria iruditzen zait, gogoan harturik beti euskara hizkuntza ofiziala izan edo ez egoerak sortzen duen desberdintasun izigarria. Artikulu horretan euskalkidunen jarrera gogor kritikatzen du (kirolariak askotan) beren hitz publikoa (telebistan eta irratian bereziki) ematen baitute, batere kontuan hartu gabe nor izanen diren entzuleak edo ikusleak, non hedatuak izanen diren beren hitzak (Hegoaldean edo sorddes Iparraldean), elkar ulermenaren kaltetan, beren eskualdeko jendeentzat bakarrik mintzatzen balira bezala: non da kontzientzia nazionala?
Artikulu berean, Jean-Louis Davant aipatzen du, honek erraten duelarik:
Etorkizuna batutik pasatzen da nahi al ez. Zuberoera frantsesak hiltzen du, ez batuak. Alderantziz, batuak du biziaraziko. Zuberoera eta batua biak behar ditugu, elkarren laguntzaile eta osagarri. Batuaren erroak eta sustraiak eta zahiak dira euskalkiak. Hauek gabe ezin da bizi batua. Hizkera hotz eta motz, artifizial, mineral bat gerta liteke, sendimendurik barik, bizirik gabekoa, esperantoa bezala ».
Osoki ados naiz prefosta iruzkin honekin eta gidatu beharko gaitu, hasten baizik ez den mende honetan, oreka bat atzemateko zeinaren gainean biharko euskara eraikiko den.
Iritzi pertsonal batekin urrendu nahi dut. Zorionekoa da nonbait belaunaldi gazteenak euskaldunenak izatea (nahiz Iparraldean oraino lan oso handia gelditzen den egiteko), bereziki erakaskuntzan egin diren indarrei esker, zeren hauek izanen baitira biharko euskaldunak. Gazteak, gehituak baino gehiago mugitzen dira; eskualde batetik bestera erraz pasatzen dira, iparraldetik Hegora eta alderantziz, eta euskararen ezagutza onargarria baldin badute, karrikako euskara eraikiko dute, munduko edozein herri eta edozein hizkuntzatan gertatzen bezala. Elkar ulertzea eta euskal kontzientzia, hauek dira biharko euskararen oinarriak.
Jakes Sarraillet
Euskaltzain urgazlea
2018/03/14
Azkue Biblioteka eta Artxiboa Euskaltzaindiaren zerbitzura dago. Horrez gainera, zabalik dago ikertzaile ororentzat, eta bere ahalbideen neurrian euskal kultura gaien ikerkuntza eta hedapena sustatzen eta laguntzen saiatzen da.