Euskara eskuz esku

198. araua. Euskara Batuaren Ortotipografia. EBO (III). Letra-estiloak

Gramatika-atalak: Idazkera eta morfologia
  • Idazteko sistemen oinarrizko osagaiak grafemak dira, hau da, hizkuntza bat idazteko baliatzen diren gutxieneko unitate grafiko zatiezin eta bereizgarriak. Grafemak, hizkera arruntean, letrak dira.
  • Idazkera alfabetikoa duten hizkuntzetan ―hala nola euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa eta abar― grafemen bidez adierazten dira grafikoki hitz egitean ahoskatzen diren hots bereizgarriak, fonemak alegia.
  • Grafemez gainera, beste baliabide grafiko batzuk ere baliatzen dira idazteko: zeinu ortografikoak. Adibidez, puntuazio-markak, zeinu diakritikoak eta beste zeinu lagungarri batzuk. Badira baliabide grafiko gehiago ere: letra larri edo maiuskulak eta letra xehe edo minuskulak, laburdurak eta sinboloak (zenbakiak, adibidez, sinboloak dira).

Estilo tipografikoak

  • Hitz egitean hitzen bat edo adierazpen jakin bat nabarmendu nahi denean, ahoskatze-indar handiagoa edo tonu-aldaketa ezartzen zaio nabarmendu nahi den horri. Idaztean, ahozko enfasiaren baliokidea enfasi tipografikoa da, eta enfasia emateko ohiko prozedura letraren ezaugarriak aldatzea da. Baliabideetako bat letra-tamaina handitzea da:

    enfasia → enfasia

    edo letraren kolorea aldatzea:

    enfasia → enfasia

  • Letra-tipo bakoitzak oinarrizko forma bat du, letra arrunta deritzona. Horretaz gainera, lau aldaera daude: letra etzana edo letra italikoa, letra larrien tamaina aldatuta, letra larri txikia, letra lodia eta letraren azpian marra bat jarrita, letra azpimarratua.

    letra arrunta
    letra etzana
    letra larri txikia
    LETRA LARRI ARRUNTA
    letra lodia
    letra azpimarratua

  • Bestalde, letra etzana, letra lodia, letra azpimarratua eta larri txikiak konbina daitezke elkarrekin.

Letra arruntaren erabileraz

  • Letra arrunta da, lehentasunez, testuetan erabili beharreko letra-estiloa. Ezen, ohiko testu arruntei dagokien letra da letra arrunta, bera baita testu luze bat irakurtzeko errazena eta nekerik txikiena sortzen duena.

Letra etzanaren erabileraz

  • Letra etzana oinarrizko prozedura bat da adierazteko testu bateko hitz batek edo hitz-multzo batek esanahi berezi bat duela, hizkuntzaren lexiko orokorrean duenaz bestelakoa dela. Esanahi horretarako baliatzen diren beste bi prozedura badira: komatxoak eta letra larriak.
  • Letra etzanaren oinarrizko zeregina, letra arruntez idatzitako testu batean txertatzean, testu arruntetik nolabait bereiztea edo nabarmentzea da: hitza ez dela ohikoa edo ezaguna, nahita gaizki idatzita dagoela, hizkera berezi bati dagokiola edo ez dagoela diskurtsoan bere berezko esanahiarekin txertatuta. Adibidez:

    Lanean dagoela? Ez dira gauza bera lanean egotea eta lan egitea.
    Behin eta berriro aipatu zuen frantsesezko hitz bera: liberté (askatasuna).
    Niri kotxolatea asko gustatzen zait.
    Billy Wilder zuzendariaren Some Like It Hot (Batzuei bero gustatzen zaie) filma.
    Berria, Le Monde eta The Times egunkariak gainbegiratzen ditu egunero.
    ETBko Teknopolis programa 1999an sortu zen.
    Hona hemen euskarazko hiru blog: Sustatu, ZuZeu eta 31 eskutik.
    Auguste Rodinen eskulturarik ezagunena Pentsalaria da.
    Ekainaren 5ean, Emakumeak bertso munduan mahai-ingurua Martin Ugalden.
    Dolores Ibarruri Pasionaria.
    Prestige itsasontzia.
    El Niño fenomenoa.
    Homo sapiens espeziea.

  • Letra etzanez idazten den hitza absolutiboan badago eta artikulua baldin badu, artikulua ere (-a) letra etzanez idazten da. Adibideak:

    Euskaltzaindiaren Hiztegia hiztegi arauemailea da; 1991n egiten hasi eta 2015ean burutu zen Hiztegi Batua da haren oinarria.

  • Kasu-markak letra arruntez idaztea da gomendioa.

    Saizarbitoriaren Ehun metron antiheroi gisa agertzen da protagonista.
    Auguste Rodinen Pentsalariaren bi pieza daude, biak brontzezkoak.
    Adibide hori Laborantzako liburutik hartua da; ez Hiztegi Batutik.

  • Letra etzanaren eta kasu-markaren artean marratxoa aukerakoa da.

    Adibideak Euskaltzaindiaren Hiztegitik atera ditugu.
    Adibideak Euskaltzaindiaren Hiztegi-tik atera ditugu.
    New York homelessez beteta zegoela iruditu zitzaion.
    New York homeless-ez beteta zegoela iruditu zitzaion.

  • Letra etzana eta puntuazioa. Testu batean, hitz jakin batzuk nabarmentzeko, letra etzana erabiltzen denean, hitz horien puntuazio-markak ere letra etzanez idatziko dira. Adibidea:

    Palindromoa da, adibidez, Utzi penak Ane, piztu! erranaldia. (Harridura-marka ere letra etzanen estiloan da.)

Letra lodiaren erabileraz

  • Tipografian, lodia letra-tipo baten aldaera bat da. Letra lodiaren zeregin nagusia testuaren parte bat nabarmenago agerraraztea da. Letra etzanak ez bezala, ez du izaten semantikari edo asmoari lotuko zereginik, eta nagusiki enfasia emateko baliatzen da.

    letra arrunta; LETRA ARRUNTA
    letra lodia; LETRA LODIA

    Ekitaldira joateko bazara, jakinarazi guri maiatzaren 25a baino lehen, otoi.

  • Ohikoa da hiztegi eta entziklopedia inprimatuetan sarrerak letra lodiz nabarmentzea. Adibidea:

    azpizun iz. Abereetan, bizkarraren eta saihetsen arteko haragi-zerrenda, sukaldaritzan guztiz aintzat hartzen dena. Ik. solomo. Txerriaren azpizuna.

Letra azpimarratuaren erabileraz

  • Azpimarratzea nabarmendu nahi den hitzaren (edo hitzen) azpian lerro bat marraztea da. Batzuetan bigarren mailako enfasi gisa erabiltzen da azpimarra, hau da, jada letra lodiz edo letra etzanez nabarmenduta dagoen pasarte batean hitzen bat are nabarmenago adierazteko. Adibidez:

    Hau egin behar duzu: inprimakia bete, izenpetu eta maiatzaren 25a baino lehen harrerako postontzian utzi. Epe horretarik kanpo helduko diren eskabideak ez dira onartuko.

  • Arau honek 196. araua, «EBO (I). Laburtzapenak: laburdurak eta siglak », eta 197. araua, «EBO (II). Sinboloak», osatzen ditu.
Euskaltzaindiaren araua
198. arau osoa ikusi

Azkue Biblioteka eta Artxiboa

ORDUTEGIA
9:00 - 14:00

Azkue Biblioteka eta Artxiboa Euskaltzaindiaren zerbitzura dago. Horrez gainera, zabalik dago ikertzaile ororentzat, eta bere ahalbideen neurrian euskal kultura gaien ikerkuntza eta hedapena sustatzen eta laguntzen saiatzen da.

Es bueno saber que cada vez que gastas una moneda para tu placer culpable, ayudas a alguien que lo necesita. Ice Casino es conocido por sus generosas campañas benéficas en toda Europa. ¡Pero no olvides jugar responsablemente!

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.