Plazaberri


Bertze prediku batzuk liburua sarean jarri du Euskaltzaindiak, eta Akademiaren webgunean kontsulta daiteke, hemen. Liburu hau Euskaltzaindiaren "Euskaltzainak" bildumaren 16. zenbakia da. Gratien Adema "Zaldubi"ren lana jaso da bertan, eta Henri Duhau da prestatzailea.

azala bi txikia

Euskaltzaindiak Euskera Euskaltzaindiaren agerkariaren bi zenbakiak, 2012. urteari dagozkionak, argitaratu ditu. Euskera 2012,1-2 eta Euskera 2012, 3.

Euskera 2012, 1-2 liburua eskuratzeko sakatu hemen.

Euskera 2012, 3 liburua eskuratzeko sakatu hemen.

 

habe logo

Euskararen ezagutzan, erabileran eta sentsibilizazioan eragiteko, eta hainbat ikerketa bultzatzeko asmoz, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntze Erakundeak, HABEk, eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatu dute abenduaren 13an. HABEren izenean Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak sinatu du, HABEko presidente den heinean, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak.

Euskal Herriko Udalen Izendegia liburua sarean jarri du Euskaltzaindiak, eta Akademiaren webgunean kontsulta daiteke, hemen. Akademiaren Onomastika batzordeak landutako izendegia da, arau izaera du eta "Izenak" bilduma berriaren 1. zenbakia da.

Euskaltzaindiaren webguneak 85.896 bisita izan zituen azaroan. Bestalde, webguneko orriek 499.886 bistaratze izan zituzten hil berean.

 

kaltzakorta txikia1

Euskaltzaindiak Literatura arloko bi batzordeetan arduradun berriak izendatu ditu. Hala, Ana Toledo da Literatura Ikerketa batzordeko arduradun berria, eta Jabier Kaltzakorta Herri Literatura batzordekoa.

Gaur, abenduaren 20an, Euskaltzaindiak ageriko bilkura egin du Baionan, Herriko Etxean, Jean Haritschelhar zenaren omenezko hilberri txostena irakurtzeko.

Euskaltzaindiaren ustez, batzorde guztiak dira balio berekoak eta euskaltzain oso guztiak mailakideak.

Euskaltzaindian lehenago ere gertatu dira ezadostasunak eta elkarrizketaren bidez gainditu dira.

Gaur, abenduaren 19an, Euskaltzaindiak argitaratzen duen eta Bernardo Atxaga euskaltzainak zuzentzen duen Erlea aldizkariaren zenbaki berria, zazpigarrena, aurkeztu da Bilbon, Akademiaren egoitzan. Besteren artean, erbestea eta lorak, hutsuneak eta antologiak, dira zenbaki honen protagonista. Atxagaren hitzetan, "oso ale trinkoa da".

Aldizkaria eskuratzeko, sakatu hemen.

Datorren ostiralean, abenduaren 20an, Euskaltzaindiak ageriko bilkura egingo du Baionan, Herriko Etxean, arratsaldeko 15:00etan, Jean Haritschelhar euskaltzainburu ohia omentzeko.

Atzo, abenduaren 17an, Zarauzko Sanz Enea Kultura Etxean, Basarri. Zarauzko berriak. 1931-1936 liburua aurkeztu zen. Joxemari Iriondo kazetari eta ohorezko euskaltzainak idatzia, Auspoa bildumaren barruan kaleratu da liburua, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Abenduaren 19an, ostegunean, Euskaltzaindiak argitaratzen duen eta Bernardo Atxaga euskaltzainak zuzentzen duen Erlea aldizkariaren zenbaki berria aurkeztuko da Bilbon, Akademiaren egoitzan, goizeko 10:30ean. Zazpigarren zenbakia da. Besteak beste, erbesteaz eta gatazkaz, eta eurek eragiten dituzten tristeziaz eta minaz hitz egiten du.

Abenduaren 13an, Luis Villasante Euskararen Ikergunean, Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa batzordeak Literaturaren Historiografia. II. Jardunaldiak antolatu zituen. Batzordea Antologia bat osatzen ari da, eta bigarren jardunaldi horien helburua Antologian periodizazioa nola zehaztu argitzea zen, besteak beste; horretarako, hainbat adituren ekarpenak jasotzea egoki ikusi zen.

Arabako Foru Aldundiak abiatutako “badu bada” kultura programa zabalaren barruan, gaur, abenduaren 16an, Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultura Etxean Aiarako toponimia nagusia / Toponimia mayor de Ayala izeneko liburua aurkeztu da. Euskaltzaindiaren onomastika gaietako Izenak bildumaren hirugarren zenbakia da eta, tituluak aditzera ematen duen gisara, Aiara udalerriko toponimia du gai nagusia.

Liburua eskuratzeko sakatu hemen.

Abenduaren 9an, "Toponimia Administrazioaren eguneroko jardunean" izeneko ikastaroa egin zen Baionan, Euskararen Erakunde Publikoaren egoitzan. Euskaltzaindiak eta EEPk elkarlanean antolatu zuten, eta Patxi Salaberri Onomastika batzordeko buruak, eta Patxi Galé, Mikel Gorrotxategi, Paskual Rekalde eta Felix Mugurutza batzordeko kideek eman zuten.

Arabako Foru Aldundiak abiatutako "badu bada" kultura programa zabalaren barruan, abenduaren 16an, goizeko 12etan, Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultura Etxean Aiarako toponimia nagusia / Toponimia mayor de Ayala izeneko liburuaren aurkezpena izango da.

Gaur, abenduaren 12an, Bilbon, Euskararen Herri Hizkeren Atlasa-ren V. liburukia aurkeztu du Euskaltzaindiak. Aurrekoak bezala, EHHA-ren bosgarren liburukia Laboral Kutxaren babesarekin argitaratu du Akademiak. Liburuki berriak euskararen morfologia jorratzen du, izenaren morfologia zehazki. Liburuarekin batera, CD bat argitaratu da.

Datorren ostegunean, abenduaren 12an, Euskararen Herri Hizkeren Atlasa-ren V. liburukia aurkeztuko du Euskaltzaindiak. Liburuki berriak euskararen morfologia jorratzen du, izenaren morfologia zehazki. Liburuarekin batera, CD bat argitaratu da. 

Josu Zabaleta Kortaberria itzultzaile eta euskaltzain urgazleak irabazi du Espainiako Itzulpengintzako Sari Nazionala, euskarara egindako itzulpenengatik. Epaimahaiaren arabera, "euskarazko itzulpengintzan aitzindaria izan da eta hizkuntza literarioak eta poetikoak sortu eta garatu ditu". Sari hau Espainiako Kultura Ministerioak ematen du.

Urtero bezala, Durangoko Azokan izan da Euskaltzaindia. Abenduaren 5etik 8ra bitartean egin den Azokan, saltokia jarri du Akademiak eta urte osoan kaleratutako liburuak izan ditu salgai.

William Douglass antropologo eta ohorezko euskaltzainak jaso du Durangoko Azokaren Argizaiola saria. Abenduaren 6an jaso zuen, Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidentearen eskutik. Euskal kultura ikertu eta zabaltzeagatik eman diote saria.

Euskaltzaindia, urtero legez, abenduaren 5etik 8ra egingo den Durangoko Azokan izango da.  Euskaltzaindiko zenbait argitalpenez gain, 2013ko nobedadeak ere izango ditu salgai. Besteak beste, berriki kaleratutakoak erakutsiko ditu: Akademiaren agerkari ofizialaren azken zenbakiak, Euskera 2012, 57, 1-2 eta Euskera 2012, 57, 3, eta Gasteizko Toponimia IV, Langraiz argitalpena.

Datorren astelehenean, abenduaren 9an, "Toponimia Administrazioaren eguneroko jardunean" izeneko ikastaroa egingo da Baionan, Euskararen Erakunde Publikoaren egoitzan. Herrietako toponimia ikertu, finkatu, erabili eta zaintzeko ikastaroa izango da, eta Euskaltzaindiak eta EEPk antolatu dute, lankidetzan. 

Leioako leku-izenak liburua sarean jarri du Euskaltzaindiak, eta Akademiaren webgunean kontsultaa daiteke, hemen. Liburuan, Leioako toponimia ikerketa-lanaren emaitzak batu eta herritarren esku ipini dira. Iratxe Lasa, Goizalde Ugarte eta Mikel Gorrotxategi ikertzaileek burutu dute lana. Euskaltzaindiak argitaratzen duen "Izenak" bildumaren 2. liburukia da eta Leioako Udalaren eta Akademiaren arteko lankidetzaz kaleratu da.

Atzo, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Eusko Jaurlaritzak Jean Haritschelhar omendu zuen. Gasteizen egindako ekitaldian, omenezko plaka bana jaso zuten familiak eta Euskaltzaindiak. Honela dio plaka: "Jean Haritschelhar. Euskararen Nazioarteko Eguna 2013. Eusko Jaurlaritza". Familiaren izenean, Xabier Haritschelhar semeak hartu zuen, eta Akademiaren izenean Andres Urrutia euskaltzainburuak. 

Gaur, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Bernard Etxepareren 1545eko Linguae Vasconum Primitiae liburuaren edizio berri bat aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrak eta Euskaltzaindiak. Jatorrizko testuaz gain, katalan, galiziera, errumaniera, arabiera, kitxua eta txinerazko itzulpenak ditu edizio berriak. Gaurko ekitadian, gainera, Jean Haritschelhar zena gogoan izan dute.

Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren (EHHA) IV. liburukia sarean jarri du Euskaltzaindiak, eta Akademiaren webgunean kontsulta daiteke. Liburu horretan kontzeptu ugari bildu eta landu dira, eremu biren inguruan: etxe-abereak eta etxea bera. Hala, liburukiaren lehen partea hainbat etxe-abereri eskainia dago (txerriak, hegaztiak, txakurrak, erleak) eta bigarren partea, batez ere, etxearen esparruari dagokio.

Joxe Austin Arrieta idazle, itzultzaile eta euskaltzain urgazleak "Comment traduire Proust?" itzulpen jardunaldietan parte hartu du, Parisen, mundu osoko aditu askorekin batera. Jardunaldiok azaroaren 28 eta 29an egin dira, Société d’Etudes des Pratiques et Théories en Traduction (SEPTET) eta Réseau Asie-Imasie (CNRS) erakundeen ekimenez, Marcel Proust-en Du côté de chez Swann-en mendeurrenaren kariaz. Arrietak bertan aurkeztu duenaz gain, Jean-Baptiste Orpustan itzultzaile eta ohorezko euskaltzainaren txosten bat ere irakurri da.

Gaur, abenduaren 2an, El Correo egunkariak eta Euskaltzaindiak hiru urteko iraupena izango duen lankidetza hitzarmena sinatu dute, Bilbon, Akademiaren egoitzan. El Correoren izenean Juan Carlos Martínez zuzendariak sinatu du, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak. Haiekin batera, Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkaria eta Pedro Ontoso El Correoko zuzendariordea izan dira.

Joan den asteazkenean, azaroaren 27an, ehun urte bete ziren Inazio Eizmendi Basarri bertsolari, kazetari, idazle eta ohorezko euskaltzaina jaio zela. Mendeurrena dela-eta, urte osoan zehar Basarriren omenezko ekitaldiak egiten ari dira. Euskaltzaindia ere Zarautzen izan da, eta gaur, hilaren 29an, osoko batzarra egin du Udaletxean. Ondoren, Udalarekin batera, ageriko bilkura egin du.

elcorreo logo bis

Datorren astelehenean, abenduaren 2an, El Correo egunkariak eta Euskaltzaindiak hiru urteko iraupena izango duen lankidetza hitzarmena sinatuko dute, Bilbon, Akademiaren egoitzan, eguerdiko 12:00etan. El Correoren izenean Juan Carlos Martínez zuzendariak sinatuko du, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak.

Datorren asteartean, abenduaren 3an, Eusko Legebiltzarrean, goizeko 11:00etan, Bernard Etxepareren 1545eko Linguae Vasconum Primitiae liburuaren edizio berri bat aurkeztuko da, txinerara, arabierara, kitxuara, errumanierara, katalanera eta galizierara eginiko itzulpenekin. Legebiltzarrak eta Euskaltzaindiak argitara eman dute eta erakunde bion arteko elkarlanaren emaitza da.

Valonia-Bruselako “Fenêtre Ouverte” jaialdian parte hartu du gaur Euskaltzaindiak. Euskadiren Europar Batasuneko ordezkaritzan egin den mahai-inguruan, Andres Urrutia euskaltzainburua mintzatu da, Akademiaren izenean, eta “Euskara eta Corpus Planning-a: Euskaltzaindiaren Lana (1918-2013)” izeneko hitzaldia eman du.

Hona ekarri dugu Andres Urrutiak eman duen hitzaldia.

Hitz-ordena. Erabilera estrategikoa liburua sarean jarri du Euskaltzaindiak, eta Akademiaren webgunean kontsulta daiteke, hemen. Liburua Akademiak argitaratzen duen “Jagon” bildumaren 14. zenbakia da eta Euskaltzaindiaren Corpus batzordeak landu du, Pello Esnal batzordekideak koordinatu duelarik.

Gaur, azaroaren 27an, ehun urte bete dira Inazio Eizmendi Basarri bertsolari, kazetari, idazle eta ohorezko euskaltzaina jaio zela. Mendeurrena dela-eta, urte osoan zehar Basarriren omenezko ekitaldi batzuk egiten ari dira, Zarauzko Udalaren eta "Montxia" Bertso Eskolaren ekimenez. Euskaltzaindia ere Zarautzen izango da, eta ostiralean, hilaren 29an, osoko batzarra egingo du Udaletxean. Ondoren, Udalarekin batera, ageriko bilkura egingo du.

Euskal Herriko kultura izaten ari da protagonista, egunotan egiten ari den Valonia-Bruselako “Fenêtre Ouverte” jaialdian. Aurtengo egitaraua Etxepare Euskal Institutua eta Fédération des Jeunesses Musicales Wallonie-Bruxelles erakundeek prestatu dute, elkarlanean. Euskaltzaindia ere han izango da, eta datorren ostegunean, azaroaren 28an, euskaltzainburuak parte hartuko du Bruselan, Euskadiren Europar Batasuneko ordezkaritzan egingo den mahai-inguruan.

Nafarroako Unibertsitateko Euskal Hizkuntza eta Kultura Katedrak 50 urte bete ditu aurten. Hori dela eta, hainbat ekitaldi egiten ari dira azaroan zehar. Amaiera ekitaldia hilaren 27an izango da. Egun horretan, urte askoan Euskal Hizkuntza eta Kultura Katedraren zuzendari izandako Ana Etxaide irakasle eta ohorezko euskaltzaina omenduko dute, Unibertsitateko Areto Nagusian, arratsaldeko 18:00etatik aurrera.

Azaroaren 21ean, Madrilen, Espainiako Institutu Geografikoaren egoitzan, bilera egin zuen Izen Geografikoen batzorde espezializatuak. Euskaltzaindiak parte hartu zuen, eta Mikel Gorrotxategi Onomastika zerbitzuko arduraduna bertan izan zen.

Azaroaren 19an, Euskal Herrira egiten ari den bisita baliatuz, Euskaltzaindiaren egoitzan izan zen Txema Salcedo, Euskal Herrian jaio baina ia bizitza osoa Perun eman duen kazetari eta zinemagilea.

Europako Parlamentuaren hizkuntza gutxituei buruzko talde artekoan parte hartu zuen atzo, azaroaren 21ean, Euskaltzaindiak, Estrasburgon. Parlamentuaren osoko bileraren baitan egin zen talde artekoaren bileran aritu ziren, Akademiaren izenean, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Xarles Videgain buruordea.

Atzo, azaroaren 21ean, egin zen Euskaltzaindiaren egoitzan Harri eta herri, 50 urte jardunaldietako hirugarren saioa. Jardunaldiok Bilbo Zaharra Forumek antolatu ditu, Gabriel Arestiren liburuaren 50. urteurrenean. Koldo Izagirre eta Joseba Tapiak "Zorrotzako portuaren errealismoa" eskaini zuten. 

 

Euskaltzaindiaren webguneak 89.467 bisita izan zituen urrian. Webguneko orriek 496.718 bistaratze izan zituzten hil berean.

Atzo, azaroaren 20an, Bilbo Zaharra Forumek antolatutako Gabriel Arestiren Harri eta herri liburuari buruzko jardunaldien bigarren saioan, Xabier Amurizak "Arestiren koplak ahoan" emanaldia eskaini zuen, Euskaltzaindiaren aretoan.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Euskaltzaindia bisitatu du gaur, azaroaren 20an. Andres Urrutia buru zutela, Akademiaren Zuzendaritzako kide guztiek hartu dute lehendakaria. Berarekin batera Patxi Baztarrika Hezkuntza Politikarako sailburuordea eta Jokin Azkue Euskara sustatzeko zuzendaria ere izan dira.

Datorren urtean, 2014an, Gabriel Arestiren Harri eta herri argitaratu zela 50 urte beteko dira. Hain zuzen ere, liburu hori izango da Klasikoen 7. irakurraldi jarraituaren protagonista. Hala, ikasturtean zehar, Bilbo Zaharra Forumeko jardunaldi guztiak Arestiren liburua izango dute ardatz. Hitzaldiak Euskaltzaindiaren egoitzan izango dira. Gaur, iluntzeko 19:00etan, Xabier Amuriza arituko da.

"Shtandart" fragatako bidaiariak Euskaltzaindian izan dira gaur, azaroaren 19an, eta Akademiaren egoitza bisitatu dute. "Shtandart" Pedro Handia tsar errusiarrak 1703an eraiki zuen ontziaren erreplika da, eta gaur egun gazteentzako eskola-ontzia da.

Eguraldi txarra iragarri dute biharko. Hori dela eta, "Toponimia Administrazioaren eguneroko jardunean" ikastaroa atzeratu dute Euskararen Erakunde Publikoak eta Euskaltzaindiak. Bihar egitekoa zen ikastaroa, beraz, beste egun batean egingo da. Data berria garaiz iragarriko da.

Datorren asteazkenean, azaroaren 20an, "Toponimia Administrazioaren eguneroko jardunean" izeneko ikastaroa egingo da Baionan, Euskararen Erakunde Publikoaren egoitzan. Herrietako toponimia ikertu, finkatu, erabili eta zaintzeko ikastaroa izango da, eta Euskaltzaindiak eta EEPk antolatu dute, lankidetzan. 

Gaur, azaroaren 15ean, Akademiaren Sustapen batzordeak antolatuak, XVIII. Jagon Jardunaldiak egin dira Iruñean, Kondestablearen Jauregian, "Euskara Nafarroatik" izenburupean. Jardunaldi hauetan, euskararen sustapenean ari diren elkarte eta erakundeekin batera, euskararen inguruan gogoeta egin nahi du Euskaltzaindiak: “Nafarroan zertan ari garen, nora joan nahi dugun, eta Nafarroatik zer ekarpen egiten ari garen, eta egin dezakegun, euskararen normalizazioan aztertu nahiko genuke bertan”.

Bihar, azaroaren 15ean, Akademiaren Sustapen batzordeak antolatuak, XVIII. Jagon Jardunaldiak egingo ditu Euskaltzaindiak, Iruñean, Kondestablearen Jauregian, "Euskara Nafarroatik" izenburupean. Jardunaldiak goizez eta arratsaldez burutuko dira, goizeko 9:00etan hasita.

XVIII. Jagon Jardunaldien egitaraua (PDF, 100,29 KB)

Gaur, azaroaren 14an, Euskaltzaindiaren egoitzan, Juan Bautista Eguzkitzaren Neure entzule maiteak liburua aurkeztu du Labayru Ikastegiak. Aurkezpenean esan dutenez, "liburu honek berebiziko aukera ematen digu Eguzkitzaren lorpen idatziak eta ahozkoak erkatzeko eta haztatzeko, eta hortik erakartzeko hark erdietsi zuen komunikazio maila, hain zuzen ere, herri euskaldunarekin biribildu zuena".

Gaur, azaroaren 13an, Gasteizko Toponimia IV, Langraiz/ Toponimia de Vitoria IV, Langraiz argitalpena aurkeztu dute Euskaltzaindiak eta Gasteizko Udalak, Gasteizen. Euskarri digitalean eskaintzen da eta Langraiz antzinako merindadeko herrien toponimo historikoak eta gaur egungoak, era sailkatu eta normatibizatuan biltzen ditu. Lanaren garrantzia azpimarratzeko, Elena Martínez de Madina egileak eta Patxi Salaberri egitasmoaren zuzendariak kontzeptu bera erabili dute: "Toponimia, gure ondare immaterialaren partea da".

Liburua eskuratzeko sakatu hemen.

Datorren ostegunean, azaroaren 14an, Euskaltzaindiaren egoitzan, Juan Bautiste Eguzkitzaren Neure entzule maiteak liburua aurkeztuko du Labayru Ikastegiak. Andres Urrutia edizioaren arduradunak eta Adolfo Arejita Labayru Ikastegiko zuzendariak aurkeztuko dute lana, goizeko 10:15ean.

Azaroaren 13an, Gasteizko Toponimia IV, Langraiz/ Toponimia de Vitoria IV, Langraiz argitalpena aurkeztuko dute Euskaltzaindiak eta Gasteizko Udalak, Gasteizen, Montehermoso Kulturunean (Fray Zacarías Martínez kalea, 2), eguerdiko 12:00etan. Argitalpena CD-ROM euskarrian eskaintzen da.

Euskaltzaindiaren 2012ko Oroitidazkia Euskaltzaindiaren webgunean irakur daiteke. Lan hori Euskaltzaindiak 2012an egin zituen lanen berri ematen duen txostena da, eta PDF formatuan eskaintzen da.

Aurelia Arkotxa idazle eta euskaltzain osoa izango da Pauen, asteburu honetan -gaurtik igandera- egingo den "Encontres literaris internaionaus 2 penents" literaturari buruzko topaketaren laugarren edizioan. Bertan, euskarazko, katalanezko, okzitanierazko, frantsesezko eta gaztelaniazko zenbait idazle batuko dira. Aurtengo gai nagusia itzulpengintza izango da.

Gaur, azaroaren 7an, hil da Resu Orbe Monasterio, Bilbon, bere etxean, gaixotasun luze baten ondorioz. Euskaltzaindiko langile apal eta fina, aldi berean alaia eta umoretsua, arrasto sakona utzi zuen erakunde honetan.

Hileta elizkizuna bihar, azaroaren 8an, izango da, Errigoitiko Idibalzagako Andra Mariaren Zerutatzea parrokian, arratsaldeko 18:00etan.

Azaroaren 15ean, ostiralean, Akademiaren Sustapen batzordeak antolatuak, XVIII. Jagon Jardunaldiak egingo ditu Euskaltzaindiak, Iruñean, Kondestablearen Jauregian, "Euskara Nafarroatik" izenburupean. Sagrario Aleman Sustapen batzordeko buruak esan bezala, “Nafarroan zertan ari garen, nora joan nahi dugun eta Nafarroatik zer ekarpen egiten ari garen eta egin dezakegun euskararen normalizazioan aztertu nahiko genuke bertan”.

Gaur, azaroaren 5ean, Miguel Izu Bellosoren El régimen lingüístico de la Comunidad Foral de Navarra liburua aurkeztu da Iruñean, Euskaltzaindiaren ordezkaritzan. Liburuak euskarak Nafarroan izan duen -eta duen- erregimena eta egoera ditu aztergai, eta Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikoa aztertzeko Fundazioak argitaratu du.

Datorren asteazkenean, azaroaren 6an, Euskaltzaindiaren XVIII. Jagon Jardunaldiak aurkeztuko dira Akademiaren Iruñeko ordezkaritzan (Conde Oliveto, 2, 2), goizeko 11:30ean. Jardunaldiok “Euskara Nafarroatik” izenburua izango dute, eta Akademiaren Sustapen batzordeak antolatu ditu.

EUDELek eta Euskaltzaindiak udalei toponimia alorrean laguntza emateko duten hitzarmenaz baliatuz, Tolosako Udalak leku izenak arautzeko eta gizarteratzeko egitasmo bat zabaldu zuen Akademiarekin 2012. urtean. Lan horri amaiera emateko, atzo, urriaren 30ean, Akademiaren Onomastika zerbitzuko arduraduna hurbildu zen hirira, toponimoei buruzko hitzaldia ematera.

Gaur, urriaren 29an, Ondarearen Europako Jardunaldietako azken saioa egin da Euskaltzaindian. Xabier Kintanak "Axular eta bere liburua: Gero (1643)" izeneko hitzaldia eman du, eta, liburuaz eta egileaz era askotako azalpenak emateaz gain, liburuaren zenbait ale erakutsi ditu.

Ramon Saizarbitoria idazle eta euskaltzain urgazleak irabazi du Euskadi Literatura Saria, euskarazko narratiba alorrean, Martutene liburuarekin. Epaimahaikideek azpimarratu dutenez, "afektibotasuna, gizartea eta literatura dira lan handi honen hiru ardatzak".

Datorren asteazkenean, urriaren 30ean, "Tolosatik Izaskunera, gure leku izenen, deituren eta pertsona izenen historia" izenburuko hitzaldia emango du Mikel Gorrotxategi Euskaltzaindiko Onomastika zerbitzuko arduradunak. Tolosako Udaletxeko batzar aretoan izango da, iluntzeko 19:30ean. Udaleko Hizkuntza Politika eta Hezkuntza batzordearen ekimenez antolatu da.

R. M. Azkue Literatura Sarietarako lanak aurkezteko epea zabalik da, abenduaren 16ra arte. Bilbao Bizkaia Kutxak eta Euskaltzaindiak urtero antolatzen duten sariketa hauetan bi genero saritzen dira: narrazioa eta olerkia. Genero bakoitzak bi maila ditu: A maila, 11 eta 14 urte bitarteko gazteentzat; eta B maila, 15 eta 18 urte bitartekoentzat.

Gaur, urriaren 22an, Ondarearen Europako Jardunaldietako saio berria egin da Euskaltzaindian. Jabier Kaltzakortak "Euskal Herriko kantak" hitzaldia eman du, eta, besteren artean, Resurreccion Maria Azkueren bildumako kanta zahar batzuen testigantzak eskaini ditu.

Irailaren 20an, Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa batzordearen ekimenez, Eusebio Maria Azkue (1813-1873) euskal idazlearen omenezko jardunaldia egin zuten Lekeitioko Udalak eta Akademiak. Jon Kortazarrek, Josu Bijuescak eta Xabier Altzibarrek hitzaldi bana eman zuten.

Datorren asteartean, urriaren 22an, Ondarearen Jardunaldien barruan, Jabier Kaltzakortak "Euskal Herriko kantak" izeneko hitzaldia emango du, eguerdiko 12:00etan, Euskaltzaindiaren egoitzan.

 

Irailaren 20an, Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa batzordearen ekimenez, Eusebio Maria Azkue (1813-1873) euskal idazlearen omenezko jardunaldia egin zuten Lekeitioko Udalak eta Akademiak. Jon Kortazarrek, Josu Bijuescak eta Xabier Altzibarrek hitzaldi bana eman zuten.

Atzo, urriaren 16an, Europar Parlamentuak Bruselan duen egoitzan, Euskaltzaindiak jaso zuen 2013ko Europar Hiritarraren Saria. Erakundearen izenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak jaso zuen, Martin Schulz Parlamentuko presidentearen eskutik. Euskaltzainburuak, euskarak Europan jokatu behar duen rola azpimarratu zuen. Bere esanetan, sariak, euskarari, behar eta aldarrikatzen duen ikusgarritasuna ematen dio. Euskalgintzari dagokiola ere nabarmendu zuen.

Gaur, urriaren 16an, Euskaltzaindiak jasoko du 2013ko Europar Hiritarraren Saria. Sari emate ekitaldia arratsaldeko 16:30ean izango da, Bruselan, Europar Parlamentuaren egoitzan. Erakundearen izenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak jasoko du, Martin Schulz Parlamentuko presidentearen eskutik.

2013ko Xalbador Eguna iragana da dagoeneko; joan da aurtengoa, aurreko asteburu luzean egin baita, Xalbador eta Iñaki Eizmendi "Basarri" -hurrengo azaroan beteko dira ehun urte jaio zela- gogoan.

 

Gaur, urriaren 15ean, Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) eta Euskaltzaindiak bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute Baionan, Euskaltzaindiaren ordezkaritzan. Euskal Kultur Erakundearen izenean Frantxua Maitia presidenteak sinatu du, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak.

Gaur, urriaren 15ean, Euskaltzaindian Ondarearen Europako Jardunaldien bigarren eguna izan da. Gaurko hitzaldia Aritz Abaroa, Amaia Jauregizar eta Gorka Intxaurbe Euskararen Herri Hizkeren Atlasa egitasmoko teknikariek eman dute, "Bonaparte printzearen euskalkien mapa" gaiari buruz.

 

Jose Ariztimuño Aitzol (Tolosa, 1896 - Hernani, 1936) omenduko dute datorren asteazkenean, hilaren 16an, Donostiako Antzoki Zaharrean. Omenaldian Aranzadi Zientzia Elkarteak ekoitzi duen Aitzol, Euskal Pizkundearen heriotza izeneko dokumentala estreinatuko da.

Hiztegi Batuaren azken bertsioa eskura dago Euskaltzaindiaren webgunean. Kontsultak egin ahal izateko, bilaketa mota bi erabil daitezke: batetik, konsulta interaktibo gisa, eta bestetik, A-tik Z-ra arteko PDF dokumentu bakar gisa.

Urriaren 10ean Euskaltzaindiaren egoitzak bi bisitari nabarmen izan ditu: Errumaniak Bilbon duen kontsula, Monica Mihaela Stirbu andrea, eta Delia Cristea, nazio bereko andereño hispanista eta itzultzailea.

 

eep logoa

Datorren asteazkenean, urriaren 15ean, Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) eta Euskaltzaindiak 2013. urteari dagokion lankidetza-hitzarmena sinatuko dute Baionan, Akademiaren ordezkaritzan, goizeko 11:00etan. EEPren izenean Frantxua Maitia presidenteak sinatuko du, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak.

Miguel de Unamunoren Sonetos de Exilio lana euskaraz eta frantsesez ere irakur daiteke. Erbesteko Sonetoak / Sonnets de l'exil izenarekin argitaratu du Maiatz elkarteak. Jean-Louis Davantek egin du itzulpena, eta Unamunoren munduan murgildu da. Euskaltzainak esan duenez, "plazer hartu dut horien irakurtzean frantsesez itzultzean eta gehienik euskal sonetotan egokitzean. Hitzez hitzetik urrundu naiz zentzu sakonari lotzeko, bereziki euskaraz".

Xalbadorrekin batera, Basarri izango du gogoan 2013ko Xalbador Egunak. Urriaren 11tik 13ra Urepelen egingo den festaren goiburua "Xalbador eta Basarri" izango da. Urriaren 11n, Benito Lertxundik kontzertua eskainiko du, eta 12an Xalbadorren itzalean, hamar urte Joxemari Iriondok idatzitako liburua aurkeztuko da. Sebastian Lizaso, Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe II, Amets Arzalluz eta Joxe Luis Gorrotxategi bertsolariak Urepelen izango dira.

Bihar, urriaren 10ean, goizeko 11:00etan, Euskaltzaindiaren egoitzan, Bilbon, Miguel de Unamunoren Sonetos de Exilio liburuaren edizio berri bat aurkeztuko da, hiru hizkuntzatan: jatorrizko gaztelaniazko bertsioan, eta euskaraz eta frantsesez ere. Jean-Louis Davant euskaltzainak egin ditu itzulpenak eta Maiatz elkarteak argitara eman du liburua.

Gaur, urriaren 8an, 2013ko Ondarearen Europako Jardunaldien lehen saioa egin da Euskaltzaindiaren egoitzan. Mikel Gorrotxategi Euskaltzaindiaren Onomastika zerbitzuko idazkariak jardunaldi hauetako lehen hitzaldia eman du, "Bizkaiko toponimoak, historiaren lekuko" izenburupean.

Urtero bezala, Nafarroa Oinez Nafarroako ikastolen aldeko festarekin bat egin du Euskaltzaindiak. Urriaren 4an, Tuteran, aurtengo Nafarroa Oinez antolatzen duen Argia ikastola bisitatu zuten euskaltzainek.

 

Euskaltzaindiaren webguneak 69.874 bisita izan zituen irailean. Webguneko orriek 390.644 bistaratze izan zituzten hil berean.

Institut d´Estudis Catalans (IEC) eta Consello da Cultura Galega erakundeekin batera, Euskaltzaindia Madrilgo Liber Azokan da. Azoka profesionala urriaren 2tik 4ra egiten ari da. Hiru erakundeok erakustoki berean dira, eta hortxe daude ikusgai Akademiaren azken lan eta argitalpenak.

Euskaltzaindiaren Arabako ordezkaritza lekuz aldatu da. Hau da helbide berria: Pedro Asua, 2 - 2. solairua. 01008 Gasteiz.

oinez1

Urtero bezala, Nafarroa Oinez Nafarroako ikastolen aldeko festarekin bat egingo du Euskaltzaindiak eta bihar, urriaren 4an, Tuteran izango da.

Bizkaiko Foru Aldundiak egitarau zabala antolatu du Ondarea gaitzat hartuta. Hala dio argitaratu den liburuxkak: “Bizkaiko bazter guztiak doako jarduerez josiko duen hilabetea”. Euskaltzaindiak ere bat egin nahi izan du asmo horrekin, eta lau hitzaldi eta erakusketa bat antolatu du bere egoitzan, Bilboko Plaza Barrian.

Aspaldiko urteetan egiten diharduen lanari jarraituz, GARABIDE Eskoriatzako Kooperazio-Elkarteak irakasle eta arduradun talde bat gonbidatu du Euskal Herrira aurten ere, beren jatorrizko hizkuntza eta kulturak berreskuratzen ahalegintzen diren nazioetakoak, berton era horretako esperientziak hurbiletik ezagut ditzaten.

Gaur, urriaren 1ean, lau urteko iraupena izango duen lankidetza-hitzarmen berria sinatu dute Maite Iturbe Euskal Irrati Telebista (EiTB) erakundeko zuzendari nagusiak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak, EiTBren Bilboko egoitzan. Hitzarmen horren helburuetako bat EiTBko hedabideetan euskararen erabilera ona sustatzea da.

Gaur, irailaren 27an, urtebeteko iraupena duen hitzarmena sinatu dute Iruñeko Udalak eta Euskaltzaindiak. Udalaren izenean, Enrique Maya alkateak eta, Euskaltzaindiarenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatu dute.

558737 logo eitb foto300x168

Datorren asteartean, urriaren 1ean, lau urteko iraupena izango duen lankidetza-hitzarmen berria sinatuko dute Maite Iturbe Euskal Irrati Telebista (EiTB) erakundeko zuzendari nagusiak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak, EiTBren Bilboko egoitzan. Goizeko 10:30ean sinatuko dute.

Euskaltegien sareak antolatutako “Zatoz euskaltegira!” kanpainaren barruan, gaur, irailaren 26an, hirugarren agerraldi publikoa egin da. Aurreko bietan bezala, Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan batu dira eragile asko eta euskara ikasteko eta euskaltegietan izena ematera deia zabaldu dute.

logoAyuntamientoPamplona

Irailaren 27an, ostirala, Iruñeko Udalak eta Euskaltzaindiak bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena sinatuko dute. Udalaren izenean Enrique Maya alkateak sinatuko du, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak.

Joan den ostiralean, irailaren 20an, Lekeitioko Udalak eta Euskaltzaindiak Eusebio Maria Azkueren omenezko jardunaldia egin zuten Lekeition, bere jaiotzaren bigarren mendeurrenaren harira.

Gaur, irailaren 23an, Euskaltzaindiak jaso du 2013ko Europar Hiritarraren Saria. Saria jasotzean, Europan euskararentzako lekua aldarrikatu du Andres Urrutia euskaltzainburuak.

Datorren astelehenean, irailaren 23an, Euskaltzaindiak 2013ko Europar Hiritarraren Saria jasoko du, Madrilen, Europar Parlamentuak Espainian duen ordezkaritzan. Andres Urrutia euskaltzainburuak jasoko du saria, Akademiaren izenean, Enrique Barón epaimahaikidearen eskutik. Sari-emate ekitaldia goizeko 11:00etan izango da.

Urtero bezala, aurten ere Ondarearen Europako Jardunaldiak antolatu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. Urrian zehar, "Eraldatutako ondarea" gaiaren inguruan, 150 bat ekitaldi egingo dira Bizkaiko 60 herritan. Euskaltzaindiak "Gure hizkuntza eta literatura berreskuratuz" izeneko hitzaldi zikloa eta "Liburuen bizitza eta iraupena" erakusketa antolatu ditu.

Euskaltzaindiaren webguneak 38.002 bisita izan zituen abuztuan. Webguneko orriek 233.265 bistaratze izan zituzten hil berean.

Euskaltzaindiaren webguneak 48.873 bisita izan zituen uztailean. Webguneko orriek 265.468 bistaratze izan zituzten hil berean.

Euskaltegien sareak antolatutako “Zatoz euskaltegira!” kanpainaren barruan, gaur, irailaren 18an, lan arloko eragileen txanda izan da. Haiek egin dute euskara ikasteko deia, Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan egin den agerraldian.

Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa batzordearen ekimenez, datorren irailaren 20an Akademiak eta Lekeitioko Udalak Eusebio Maria Azkue (1813-1873) euskal idazlea omenduko dute bere jaioterrian, hots, Lekeition. Hori dela eta, hitzaldi sorta bat eskainiko zaio hiru ikerleren eskutik: Jon Kortazar, Josu Bijuesca eta Xabier Altzibar.

Gaur, irailaren 17an, Euskaltzaindiaren egoitzan, Bertsolari Txapelketa Nagusia aurkeztu du Bertsozale Elkarteak. Txapelketa irailaren 29an hasiko da, Villabona-Amasan (Gipuzkoan) eta 43 bertsolarik hartuko dute parte. Horietatik, zazpi sailkatuko dira finalera, 2009ko txapelketako irabazle Maialen Lujanbioz gain. Abenduaren 15ean jokatuko da finala Barakaldoko BEC-en (Bizkaia).

Jean-Baptiste Orpustanek Jean Haritschelhar zenaren omenez artikulu bat idatzi du, euskaraz eta frantsesez. "Jean Haritschelhar jaun erakaslea (1923-2012): bizi bat erakaskuntzari eta euskararen zaintze 'ta aitzinatzeari emana" du izena, eta hona ekarri dugu.

Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatua eta Ana de Castro Euskara zuzendari nagusi berria izan dira gaur Euskaltzaindiaren egoitzan, Bilbon, eta Akademiaren ordezkariekin batzartu dira. Andres Urrutia euskaltzainburuak, Xabier Kintana idazkariak, Joseba Zabaleta kudeatzaileak eta Erramun Osa idazkariordeak hartu dituzte Aldundiko ordezkariak.

Gaur, irailaren 11n, Editorial Iparragirrek eta Euskaltzaindiak bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan. Editorial Iparragirreren izenean Iñaki Alzaga presidenteak sinatu du, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak. Bingen Zupiria eta Joseba Santamaria Deia eta Noticias de Navarra egunkarietako zuzendariak eta Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkaria ere ekitaldian izan dira.

Gurasoei begira, eta euskararen transmisioa bermatzeko asmoz, "Transmisioa gure esku. Gurasoei begira" izeneko kanpaina aurkeztu da gaur, irailaren 11n, Euskaltzaindiaren egoitzan. Euskaltegietako eta hezkuntza arloko eragile asko izan dira gaurko agerraldian.

Jean Haritschelhar euskaltzainburu ohiaren heriotza dela-eta, Nafarroako Parlamentuak Haritschelhar zenaren lana aitortu du, "euskararen alde egindako lan eta ahalegin guztiengatik. Bereziki legez ezarritako hizkuntz aholkularitzan Nafarroako erakunde eta gizarteari eskainitako elkarlanarengatik".

Datorren asteazkenean, irailaren 11n, Editorial Iparragirrek eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatuko dute, Bilbon, Akademiaren egoitzan, eguerdiko 12:00etan. Editorial Iparragirreren izenean Iñaki Alzaga presidenteak sinatuko du, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak.

Gaur, irailaren 6an, arratsaldeko 18:30ean, berak idatzitako René Cassin pastoralari buruzko mintzaldia eskainiko du Jean-Louis Davant euskaltzainak, Baionako Euskal Museoan. René Cassin pastorala uztailaren 28an eta abuztuaren 4an Sohütan (Zuberoa) egin zen, eta irailaren 15ean berriro antzeztuko da, Baionan, Lauga gelan.

Gaur, 2013ko irailaren 1ean, Jean Haritschelhar euskaltzain eta euskaltzainburu ohia hil da, 90 urte zituela. Idazlea, euskaltzalea, euskaltzaina, hogeita lau urtez euskaltzainburuorde eta hamasei urtez euskaltzainburu izan zen.

Udako oporrak direla-eta, Euskaltzaindia itxita egongo da abuztuan. Irailaren 2an, astelehena, Akademia lanean hasiko da berriro, ohiko ordutegiarekin.

Barkatu eragozpenak eta opor onak izan.

Euskaltzaindiak urtarriletik uztaila bitartean kaleratu dituen liburuak bildu dira hemen. "Iker", "Euskaltzainak" edota "Mendaur" bildumetako azken lanak aurkeztu dira; hauek dira: Itzulpenari buruzko gogoeta eta itzulpen-praktika Joseba Sarrionandiaren lanetan; Koldo Mitxelenaren zinema- eta liburu-kritiketako diskurtso-estrategiak: enuntziatu parentetikoak; Jon Mirande, olerkaria; Antoine D'Abbadie, Abbadiaz; Gratien Adema "Zaldubi"ren Gaineratekoen bilduma; Nafarroako ipar-mendebaleko hizkeren egitura-geolinguistikoa; eta BBK Fundazioak eta Euskaltzaindiak deitutako 2012ko Resurreccion Maria Azkue sarietan irabazle suertatu ziren narrazioak eta olerkiak biltzen dituen liburua, Narrazioak eta olerkiak 2012.

Jose Maria Jimeno Jurio zenaren Toponimia navarra. V. Cuenca de Pamplona - Cendea de Oltza lana aurkeztu zen joan den asteazkenean, uztailaren 24an, Iruñean, Euskaltzaindiaren ordezkaritzan.

Munduko leku-izen nagusiak arautu ondoren, Euskal Herriaz haraindiko toponimia nagusia amaitzeko, gure planetaz kanpoko lekuen izenei ere, astroen izenei, erreparatu die Euskaltzaindiak. Astronimia toponimiaren atalik ezezagunetakoa da, hain zuzen ere, guregandik urrutien dauden izenez arduratzen baita.

Eibarko Udalak, Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) laguntzarekin, Juan San Martin izena duen ikerketa-bekarako deia egin du. Juan San Martin bekak helburu bikoitza du, euskarazko ikerketa sustatzea, eta Juan San Martin euskaltzain eta ikertzaile eibartarra omentzea. Aurtengoa 11. edizioa da eta kazetaritza izango du ikerketa esparrua. Eskaerak eta gainerako agiriak aurkezteko epea irailaren 2tik urriaren 11ra arte egongo da zabalik.

 

Jabier Kaltzakorta da euskaltzain oso berria. Gaur, uztailaren 19an, Bilbon egin den osoko batzarrean, Jose Luis Lizundia euskaltzain emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsunea betetzeko bozketa egin du Euskaltzaindiak. Kaltzakortak, Euskaltzaindiaren Arautegiak eta Barne-erregelek agintzen duen gehiengo osoa lortu du.

El movimiento de las ikastolas. Un pueblo en marcha liburua sarean jarri du Euskaltzaindiak, eta Akademiaren webgunean irakur daiteke, hemen. Liburu hori Euskaltzaindiaren Jagon bildumaren 13. zenbakia da. Akademiaren eta Ikastolen Elkartearen arteko lankidetzaren emaitza da eta BBKren laguntzarekin argitaratu zen.

Eugène Goyheneche: Onomastique du nord du Pays Basque (XIéme - XVéme siècles) liburua interneten jarri du Euskaltzaindiak, eta Akademiaren webgunean dago, hemen, denon eskuragarri. Liburua Xarles Videgain euskaltzain osoak prestatua da, eta Akademiak argitaratzen duen "Iker" bildumaren 27. zenbakia da.

Euskal Gramatika. Lehen Urratsak – VII (Perpaus jokatugabeak) liburua sarean jarri du Euskaltzaindiak, eta Akademiaren webgunean kontsulta daiteke, hemen. Liburuki hori Euskaltzaindiaren Gramatika batzordeak egin duen lanaren emaitza da eta amaiera ematen dio Euskal Gramatika. Lehen Urratsak izeneko bildumari.

Jakina da alfabeto grekoaren letrak -letra guztiak- zientzian eta teknologian ere erruz erabiltzen direla (fisikan, kimikan, biokimikan, astronomian, ingeniaritzan...). Hiztegi Batuan ere, alfabeto grekoaren pi eta omega letrak agertzen dira orain, baina gainerakoak ez dira oraindik sartu. Hala ere, Euskaltzaindiak alfabeto grekoaren letra guztien izenak arautu berri ditu.

Alfabeto grekoaren letren euskarazko izenak arautu ditu Euskaltzaindiak (PDF, 1,19 MB)

Euskaltzaindiaren webguneak 64.168 bisita izan zituen ekainean. Webguneko orriek 321.583 bistaratze izan zituzten hil berean.

Txomin Peillen idazle eta euskaltzain emerituak Aldjezairia askatuta liburuaren edizio berritua argitaratu du. Peillenek Aljerian egin zuen soldaduska, 1960ko hamarkadan, Aljeriako independentzia gerraren garaian. Borroka hori ardatz hartuta, zortzi ipuin idatzi zituen, eta 1982an kaleratu, Hordago argitaletxearekin. Orain, Txalaparta argitaletxearen eskutik, edizio berritua aurkeztu du. Joseba Sarrionandiak egin du hitzaurrea.

Antoine de Saint-Exupéryk idatzi zuen Le Petit Prince (Printze txikia) ipuina zubereraz dugu orain, Printze ttipia. Obra famatu hori 1943an argitaratuta izan zen frantsesez eta ingelesez, eta geroztik hizkuntza anitzetan itzulia izan da. Bibliaren ondotik hori da, omen, munduan liburu itzuliena eta salduena. Orain, beste bertsio bat badaukagu, zubererazkoa.

Narrazioak eta olerkiak 2012 liburua kalean da. Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioak eta Euskaltzaindiak deitutako 2012ko Resurreccion Maria Azkue sarietan irabazle izandako narrazioak eta olerkiak batzen dira liburu honetan. Euskaltzaindiak eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioak urtero deitzen dute lehiaketa hau, eta urtero argitaratzen dute liburua. Euskal eskola-umeak eta gazteak literaturara bultzatzeaz gainera, euren artean irakurketa indartzea dute helburu nagusi sari hauek.

Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekak dohaintza garrantzitsu bat jaso du: Gordailu: pedagogi aldizkaria (1970-1973) bilduma oso bat, hemeretzi zenbakikoa. Emailea Pako Eizagirre euskaltzalea izan da.

2013ko Basarri Bertsopaper saria abian da. Euskara suspertu eta bertsogintzari lagundu nahian, Zarauzko Udalak sari horren XXIX. edizioa antolatu du. Aurten, Inazio Eizmendi, "Basarri"-ren jaiotzaren mendeurrena dela-eta, bertsopaperek gai jakina izango dute: Inazio Eizmendi, "Basarri".

Itziar Laka eta Jabier Kalzakorta euskaltzain oso izateko hautagaiak dira. Joan den ostiralean, ekainaren 28an, Jose Luis Lizundia euskaltzain emeritu izatearen ondorioz sortu den hutsunea betetzeko hautagaiak aurkezteko epea amaitu zen.

Gaur, ekainaren 28an, Euskaltzaindiak Orotariko Euskal Hiztegiaren 3. argitaraldia aurkeztu du Gasteizen, Eusko Legebiltzarrean. Bertsio berriak, guztira, ia 3.000 sarrera berri -sarrera nagusi eta azpisarrera- izango ditu. Aurkezpena honako hauek egin dute: Andres Urrutia euskaltzainburuak; Ibon Sarasola egitasmoaren zuzendariak; eta Gabriel Fraile teknikariak. Eurekin batera, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentea izan da.

 

Ekainaren 11n, IKER ikerketa gunearen eta ARPIST dokumentazio sarearen ekimenez, "Ikerketarako dokumentazio-tresna eta zerbitzu numeriko edota digitalak: Akitania eta Euskal Herriko lan ildoen elkartrukaketa" jardunaldia egin zen Universite de Pau et des Pays de l'Adour Unibertsitatearen Baionako campusean. Andoni Sagarna euskaltzainak eta Pruden Gartzia Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekako zuzendariak parte hartu zuten, eta "Euskaltzaindia: liburutegia, artxiboak eta euskal eduki sozialak" hitzaldia eman zuten.

"Absurdoko kontuak ez dira kontu absurdoak. Ele hauen xedea ez da zentzugabekerian edo kontraesanean murgiltzea, baizik gizakiaren grinak herriaren ikuspegi “nor-anizkotik” aztertzea eta deskribatzea, norbanakoaren ikuspegitik beharrean; talde ikuspegitik, alegia. Maitasuna, sexua, agintea, biziraupena, sinesmena, pobrezia, gorrotoa, zentzu ona eta abar, norbanakotik harantzago badauden fenomenoak baitira [...]".

Datorren ostiralean, ekainaren 28an, Euskaltzaindiak Orotariko Euskal Hiztegiaren (OEH) 3. argitaraldia aurkeztuko du. Bertsio berriak, guztira, ia 3.000 sarrera berri -sarrera nagusi eta azpisarrera- izango ditu.

OEHren lehen bertsioa paperean argitaratu zen. Azken liburukia -hamaseigarrena- 2005ean kaleratu zen, eta handik lau urtera, 2009an, hiztegi osoaren oinarrizko bertsio elektronikoa sarean jarri zen. 2011n, bigarren argitaraldia eskaini zuen Akademiak eta orain, 2013an, hirugarrena. Bigarren argitaraldian, hasierako bost liburukien berrikuspen sakona egin zen, eta testu zahar batzuetako lekukotasunak gehitu ziren. Datorren ostiralean aurkeztuko den hirugarren argitaraldian, berriz, gainerako hamaika liburukien berrikuspena egin da.

Euskaltzaindiaren Osoko Bilkura ostiralean egingo da, Gasteizen, Eusko Legebiltzarrean, goizeko 10:00etatik aurrera. Bertan egingo da OEHren 3. argitaraldiaren aurkezpena, goizeko 11:30ean, Tomas Moro aretoan.

Euskaltzaindiaren webguneak 83.658 bisita izan zituen maiatzean. Webguneko orriek 405.526 bistaratze izan zituzten hil berean.

Gaur, ekainaren 21ean, .eus domeinua onartua izan dela ospatzeko ekitaldia egin da Bilbon, Euskal Herriko Unibertsitatearen Bizkaia Aretoan. Domeinua sustatu duen Elkarteko kideek azaldu dutenez, "PuntuEus  Fundazioko kideetatik harago, instituzio publiko, elkarte, enpresa eta proiektua lagundu eta babestu duten herritarrengana irekitzea" izan da gaurko ekitaldiaren helburua. ".eus -gaineratu dute, pozik- denon artean lortu dugu eta denok batera ospatu behar dugu".

Ekitaldian Andres Urrutia euskaltzainburuak, Iratxe Esnaola .eus proiektuko koordinatzaileak eta Iñigo Urkullu lehendakariak hartu dute hitza. Hirurek, .eus domeinuak euskararen garapenean duen garrantzia eta euskararen eta euskal kulturaren sustapenean egingo duen ekarpena azpimarratu dute. Ekitaldian, Ruper Ordorika igo da oholtzara eta Egin Kontu abestia kantatu du. Amaitzeko, Joan Mari Torrealdai euskaltzain eta PuntuEus Fundazioko presidenteak itxi du ekitaldia. Fundazioko kide guztien izenean, Iratxe Esnaolari oroigarri bat eman dio, "egin duen lan bikainagatik".

eus2 txikia
eus4 txikia eus3 txikia

Bilbo Zaharra Forumak antolatutako Bernardo Atxagaren Obabakoak liburuaren irakurketa jarraitua egiten ari da gaur, ekainaren 20an, Bilboko Arriaga Antzokian, goizeko 8:00etatik iluntzeko 20:00etara. Hau da Klasikoen Irakurraldia egitasmoaren seigarren edizioa. 2008an Axularren Gero irakurri zen, 2009an Mogelen Peru Abarca, 2010ean Jon Miranderen Haur besoetakoa, 2011n Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso eta iaz Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox.

Euskaltzaindiaren aldetik, urtero bezala, kide batzuk parte hartzen ari dira. Goizeko 8:00etan, liburuaren lehenengo hitzak Bernardo Atxagak berak irakurri ditu, eta ondoren 400 lagun inguruk pasarte bana irakurriko dute, txandaka, horien artean Andres Urrutia, Xabier Kintana, Adolfo Arejita eta Jose Luis Lizundia euskaltzainak direla. Egunean zehar, euskaltzain urgazle batzuk ere izango dira irakurketan.

Gaur, ekainaren 19an, Euskal Kultur Erakundeak (EKE) eta Euskaltzaindiak bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute Baionan, Euskaltzaindiaren ordezkaritzan. Euskal Kultur Erakundearen izenean Pantxoa Etxegoin zuzendariak sinatu du, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak. Haiekin batera hauek izan dira: Terexa Lekunberri EKEko Etnologia eta Kultura ondare immateriala sailekoa, Xabier Kintana eta Jean-Baptiste Coyos, Euskaltzaindiko idazkaria eta Jagon sailburua, hurrenez hurren. Piarres Xarriton euskaltzaina ere izan da.

Hitzarmen horrek Euskal Kultur Erakundearen eta Euskaltzaindiaren arteko harremana indartu eta beste eremu batzuetara ere eramatea du helburu. Oro har, bi erakundeok lankidetzan arituko dira, euskara eta euskal kultura zabaltzeko ekimenak areagotzeko asmoz.

eke2 txikia

Atzo, ekainaren 18an, Berria egunkariak bere estilo liburu digitala aurkeztu zuen. "Kontsultarako tresna eraginkorra, edonorentzat baliagarri, kazetari izan edo ez". Horrela hitz egin zuen Irene Arrarats Berriako euskara arduradunak. Aurkezpena Euskaltzaindiaren egoitzan egin zen, eta Arraratsekin batera hauek izan ziren: Martxelo Otamendi egunkariko zuzendaria, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Mario Fernandez Kutxabankeko presidentea.

Estilo liburu digitalak bilaketa sistema erabilgarria du, liburuaren atalak (hiztegia, munduko eta Euskal Herriko geografia, deontologia, ortotipografia, onomastika...) arakatu ahal izateko. Kontsulta solteak egiteko aukera ematen du, eta azalpenak ere eskaintzen ditu. Besteak beste, Estilo Liburuan egindako azken eguneraketak nabarmenduko dira, gaikako hiztegi txikiak eskainiko dira, eta iradokizunak egiteko modua emango da.

Obabakoak liburuak 25 urte bete ditu, eta urteurrena ospatzeko Bernardo Atxagaren lanaren edizio berri bana kaleratu dute Erein eta Alfaguara argitaletxeek, euskaraz eta gaztelaniaz, hurrenez hurren. Edizio biak atzo, ekainaren 18an, aurkeztu zituzten, Bilboko Arriaga Plazan jarritako karpa batean. Atxagarekin batera, hauek izan ziren aurkezpenean: Iñaki Aldekoa Ereineko editorea, Pilar Reyes Alfaguarako zuzendaria, Marta Cardenas artista -hamahiru ilustrazio egin ditu edizio berrirako- eta Pedro Alberdi Bilbo Zaharra euskaltegiko ordezkaria. Karpa horretan bertan egiten ari dira Obabakoak nobelari buruzko ekitaldi ugari. Izan ere, Bilbo Zaharra euskaltegiak liburuari eskainiko dio Klasikoen 6. irakurketa jarraitua.

Liburuari buruzko hiru hitzaldi antolatu dira asteon. Hala, atzo eta herenegun, bi hitzaldi eman ziren: astelehenean, ekainaren 17an, Bernardo Atxagak berak hitz egin zuen; atzo, Ibon Sarasola eta Inazio Mujika mintzatu ziren; eta gaur, ekainaren 19an, 19:00etan, Iñaki Irazu eta Joxean Goikoetxea arituko dira. Bestelako ekimenak ere egiten ari dira aste osoan zehar. Azkena, esan bezala, 6. irakurketa jarraitua izango da. Bihar, ekainaren 20an, egingo da, Bilboko Arriaga Antzokian, goizeko 08:00etatik iluntzeko 20:00etara. Urtero bezala, hainbat euskaltzain bertan izango dira, besteak beste, Andres Urrutia, Xabier Kintana eta Adolfo Arejita. Bernardo Atxaga ere bai, noski.

Datorren asteazkenean, ekainaren 19an, Euskal Kultur Erakundeak eta Euskaltzaindiak bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena sinatuko dute, Baionan, Akademiaren ordezkaritzan, goizeko 11:00etan. Euskal Kultur Erakundearen izenean Mikel Erramouspe lehendakariak sinatuko du, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak.

Hitzarmen horrek Euskal Kultur Erakundearen eta Euskaltzaindiaren arteko harremana indartu eta beste eremu batzuetara eramatea du helburu. Oro har, bi erakundeok lankidetzan arituko dira, euskara eta euskal kultura zabaltzeko ekimenak areagotzeko asmoz.

 

logo eke

Bihar, ekainaren 18an, Berria egunkariak sareko estilo liburua aurkeztuko du. Berriak 2006an kaleratu zuen bere lehen Estilo Liburua. Orain, Estilo Liburu gaurkotua sarean jarriko du. Beraz, edonoren eskura egongo da interneten, eta atal berriak eskaintzeaz gain, iruzkinak egiteko aukera emango du.

Aurkezpena irekia izango da, eta Bilbon egingo da, arratsaldeko 19:30ean, Euskaltzaindiaren egoitzan.

Urtebete oso bat ebaluazio fasean eman ondoren, ICANN erakundeak Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitatearen .eus domeinua onartu du.  PuntuEus Elkarteko kideen esanetan, "iritsi da urteetako lana eta pazientzia eskatu duen prozesuaren emaitza. Euskararen herriaren nazioarteko aitortza: .eus lehen mailako Interneteko domeinu bat baita, hau da, komunitatearen garapen lokalerako tresna global bat". Hala adierazi zuten joan den larunbatean, ekainaren 15ean, Euskaltzaindiaren egoitzan emandako prentsaurrekoan. Euskaltzaindia sorreratik bertatik da PuntuEus-eko kide, eta Joan Mari Torrealdai Akademiaren ordezkaria da.

ICANN erakundeak .eus domeinua onartzea, fase berri baten hasiera da. Elkarteko kideek argitu dutenez, ".eus domeinuaren benetako ibilbidea oraintxe hasi da. Bospasei hilabete inguru beharko ditugu domeinua martxan jartzeko falta diren urratsak emateko. Eta behin martxan jarrita, domeinua erabiltzea, ikustea eta indartzea da .eus domeinuari zentzua emateko modua. Hain zuzen, horixe da, nazioarteko aitortzatik harago, euskararen herria munduaren aurrean ikusgarri bilakatzeko modua".

PuntuEus Elkartearen oharra irakurtzeko, sakatu hemen.

Bestalde, domeinua onartua izan dela ospatzeko ekitaldi bat egingo dute datorren ostiralean, ekainaren 21ean, 13:00etan, EHUko Bizkaia Aretoan, Abaindoibarran, Bilbon.

Euskaltzaindiak euskararen aldeko neurri zehatz eta eraginkorrak hartzeko eskatu dio Aurélie Filipetti Frantziako Kultura eta Komunikazioko Ministerioko buruari. Ministroari igorri dion gutun baten bitartez, euskararen etorkizunaz bere kezka azaltzen du Akademiak, eta hizkuntza aniztasuna bermatze aldera -”ondare historikoaren eta materiagabekoaren adierazpena da, honen ezin preziatuzko balioa UNESCO erakundeak azpimarratu duen bezala”- euskararen aldeko politika eraginkorra aldarrikatzen du. “Uste dugu -dio Euskaltzaindiak- egingarria eta beharrezkoa dela hizkuntza aniztasuna antolatzea eta bizkorrago egitea, aldeko urratsak eta laguntzak sustatuz”. Aurélie Filipetti Frantziako Kultura eta Komunikazioko ministroaren erantzunaren zain geratu da Akademia.

Gaur, ekainaren 13an, Eusko Ikaskuntzak eta Euskaltzaindiak bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan. Eusko Ikaskuntzaren izenean Iñaki Dorronsoro lehendakariak sinatu du, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak. Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkaria eta Rosa Miren Pagola Eusko Ikaskuntzako Bizkaiko lehendakariordea ere izan dira ekitaldian.

“Lan egiteko tresna”. Horixe da, Andres Urrutiaren esanetan, gaur sinatu den hitzarmena. “Bi erakundeon arteko adostasun bat, aurrerantzean elkarrekin proiektuak garatzeko borondatea” adierazten duen dokumentua da, gaineratu du Iñaki Dorronsorok. Funtsean, eta hala adierazi du beren-beregi euskaltzainburuak, “egun pozgarria da. Pozgarria, hitzarmenak egonkortasun bat ematen digulako. Eta elkarlanean aritzeko gogoa badugula esan nahi duelako”.

Euskaltzaindiak garatzen duen Euskararen Herri Hizkeren Atlasa iker egitasmoaren argitalpena saritua gertatu da “Instituto Bibliográphico Manuel de Larramendi” 2012. urtean eratu zuen Argitaratze-kalitatearen “Juan de Yciar” Sariaren barruan, urte horretan argitara eman duen EHHA bildumaren IV. liburukiaren argitalpena dela eta.

yciar saria2 txikia
atlasa IV azala txikia yciar saria1 txikia

IKER ikerketa guneak eta ARPIST dokumentazio sareak antolatuta, "Ikerketarako dokumentazio-tresna eta zerbitzu numeriko edota digitalak: Akitania eta Euskal Herriko lan ildoen elkartrukaketa" izeneko jardunaldia egin zen atzo, ekainaren 11n, Universite de Pau et des Pays de l'Adour Unibertsitatearen Baionako campusean. Andoni Sagarna euskaltzainak eta Pruden Gartzia Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekako zuzendariak parte hartu zuten, eta "Euskaltzaindia: liburutegia, artxiboak eta euskal eduki sozialak" hitzaldia eman zuten.

Datorren ostegunean, ekainaren 13an, Eusko Ikaskuntzak eta Euskaltzaindiak bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena sinatuko dute, Bilbon, Akademiaren egoitzan, goizeko 11:30ean. Eusko Ikaskuntzaren izenean Iñaki Dorronsoro lehendakariak sinatuko du, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak. Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkaria eta Rosa Miren Pagola Eusko Ikaskuntzako Bizkaiko lehendakariordea ere izango dira ekitaldian.

Euskaltzaindiak eta Eusko Ikaskuntzak, erakunde bakoitzaren izaera eta helburuen barnean, bien arteko lankidetza proiektuak sustatu eta garatu nahi dituzte euskal hizkuntzaren eta kulturaren esparruan. Testuinguru horretan, elkarrekin ikerketak gauzatu nahi dituzte hizkuntza eta kultura izaerako gaietan, bai eta hizkuntzaren, kulturaren eta gizartearen arteko harremanak sendotzea xedetzat duten egitarauen inguruan ere. Horiek horrela, bi erakundeon arteko lankidetza euskal hizkuntzaren eta kulturaren eremuan gauzatuko da, bai eta hizkuntzaren, kulturaren eta gizartearen arteko harremanak sendotzea xedetzat duten egitarauen inguruabarrean ere.

 

eusko ikaskuntza

"Bostak Bat" taldearen Adorez Hiztegiak - 5000 Hiztegia (euskara-gaztelania, gaztelania-euskara) Azkue Fundazioaren webgunean kontsulta daiteke, gaurtik aurrera. Hiztegi hau 2009an argitaratu zen paperean, eta ordutik hona erabat berritu da. Sarean jarri denak 62.306 sarrera ditu euskara-gaztelania atalean, eta 41.779 gaztelania-euskarazkoan. Horren aurkezpena gaur egin da, Euskaltzaindiaren egoitzan. Patxi Uribarren eta Juan Luis Goikoetxea "Bostak Bat" taldeko kideek egindako lanaren nondik norakoa azaldu dute. Haiekin batera, Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkaria eta Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura diputatua izan dira. Bizkaiko Foru Aldundiak laguntza eman du argitalpen hori digitalizatzeko.

Aurkezpenean azaldu dutenez, aurreko bertsiotik hona, Euskaltzaindiak onartu dituen sarrera eta azpisarrera guztiak, 39.400 inguru, jaso eta tratatuta eskaintzen dira datu-base berrian. Bestalde, interneten eskegi den bertsioak 32.557 sarrera dituen Sinonimoen Hiztegia ere eskaintzen du.

Miren Lourdes Oñederra hizkuntzalari eta euskaltzainak parte hartuko du datorren astean -ekainaren 12tik 14ra- Leideneko Unibertsitatean (Herbehereak) egingo den "Prescription and Tradition in Language" (Araua eta tradizioa hizkuntzan) izeneko biltzarrean. Oñederrak ekainaren 14an hartuko du parte, eta "Basque pronunciation: dialectal richness vs. strength of the Standard in a minority language" (Euskararen ahoskera: euskalkien aberastasuna eta estandarraren indarraren aurrez aurre, hizkuntza gutxitu baten kasuan) hitzaldia emango du.

Euren historian zehar, hizkuntzek izan dituzten estandarizazio prozesuak kontuan hartuz, oso estatus ezberdina duten hizkuntzen esperientziak aztertuko dira biltzarrean. Kultura, erlijioa, ideologia, politika edota hezkuntza bezalako faktoreen eraginaz mintzatuko dira adituak, besteak beste.

Oñederra euskaltzain osoa da, 2007ko azaroaren 30ean izendatua. Filologia Hispanikoan lizentziaduna, eta Euskal Filologian doktorea, Euskal Herriko Unibertsitateko katedraduna da. Idazlea ere bada, eta besteren artean, Eta emakumeari sugeak esan zion liburuaren egilea da, sari asko jaso zuena. Orain gutxi Intemperies (babes bila) lana argitaratu du.

Zail da adiskide eta maisu izan duzunaz iraganean hitz egitea. Halaxe gertatzen zait lerrook idaztean, osasunez pattal zebilela jakin arren, joan den azaroan bezain irribarretsu imajinatu nahi baitut Txuma Lasagabaster.

Omenaldi xumea egin genion KM kulturunean, merezi zuena baino askoz xumeagoa, baina bertaratu ginen lankide, kritikari, edo adiskide guztion esker on eta miresmena jasotzeko balio izan zuena. Betiko diskrezio eta apaltasunez eskertu zituen bertaratu ginenon hitz onak, emozioz onartu laudorioak.

Euskaltzaindiak 2013ko Europar Hiritarraren Saria jasoko du, gaur, ekainaren 6an, Europar Parlamentuak jakinarazi duenez. Parlamentuak berak aditzera eman duenez, Europa osoko 21 herritako 43 hautagai sarituak izan dira aurten, horien artean Akademia. Saria urrian emango diote Euskaltzaindiari, hilaren 16an eta 17an, Bruselan, Europar Parlamentuaren egoitzan egingo den ekitaldian.

Europar Parlamentuak 2008an sortu zuen Europar Hiritar Saria. Horren helburua, Europako balioak, hiritar guztien gizarteratzea edota Europar Batasunean dauden estatuen arteko elkarlana sustatzen dituzten pertsonak edo erakundeak saritzea da.

Parlamentuak jakinarazi duenez, Izaskun Bilbao europarlamentariak aurkeztu zuen Euskaltzaindiaren hautagaitza. Bestalde, PAH Hipotekak Kalte Egindakoen Plataformak ere jaso du saria.

Arantxa Urretabizkaia idazle eta euskaltzain urgazleak Zazpi Kale saria jaso du gaur, ekainaren 6an, 3 Mariak eta Las tres Marías liburuengatik. Bilboko Udalak, Liburu Ganbarak eta Liburu Azokak ematen duten sari hau Sabin Anuzita Udaleko Euskara zinegotziaren eskutik jaso du Urretabizkaiak. Idazleak eskerrak eman, eta 3 Mariak nobelak satisfazio handiak eman dizkion liburua dela esan du.

Arantxa Urretabizkaiak 2010ean argitaratu zuen 3 Maria, Erein argitaletxearekin.

Urtero bezala, eta aurten hamaikagarren edizioa izan da, Miranda Argan (Nafarroa) Euskararen Eguna ospatu zuten maiatzaren 25ean, Euskararen Lagunak elkartearen eskutik.

Miranda Argan ez ezik, inguruko herrietan ere euskal kultura ezagutzera ematea xede duen egun horretan ekitaldi ugari antolatu zen. Besteak beste, "Erdialde" euskarazko idazlan laburren 6. lehiaketaren sariak banatu ziren. Lehiaketa horrek Euskaltzaindiaren laguntza izaten du urtero, Akademiak emandako liburu sortak banatzen baitira saria jaso dutenen artean.

Ez da erraza gai horri buruz, hots, euskal literatura eta emakumeak, ganorazko ezer esatea, bazter guztietatik ihes egiten dizula sentitu gabe. Zinez gai serioa baita, ez ariketa akademiko soil bat edo, oraindik gutxiago, gure gizartean hain ugariak eta indartsuak diren jolas kontsumista eta ikuskizunzale horietako bat. Baina hala egokitu zait niri eta langintza hori betetzen saiatuko naiz, zailtasun horiek oro aipatzeke utzi gabe, haatik.

Lehenengo eta behin, bada oinarrizko egiaztapen bat, halabeharrez ororen buru jarri beharrekoa: emakumeak zapalkuntza historiko sistematiko baten biktima izan dira gure gizartean, menderik mende, lehen albiste historiko ziurrak ditugunetatik eta, ziur aski, lehenagotik ere. Dramatismoan erori gabe ere, komeni da datu hori buruan atxikitzea ondoko erakusketaren nondik norakoak ulertu nahi badira.

Erakusketa zabalik egongo da Liburu Azokak iraun bitartean, Bilboko Areatzan.

Euskaltzaindia parte hartzen ari da Bilboko Liburu Azokan. Maiatzaren 31tik ekainaren 9ra bitartean Areatzan egiten ari den Azokan, saltokia jarri du Akademiak eta urte osoan argitaratutako liburuak ditu salgai. Besteren artean, Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak, Erlea aldizkariaren zenbakiak edota Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren liburukiak daude Akademiaren saltokian.

Bestalde, Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekaren laguntzarekin antolatu den "Euskal emakume idazleak" izeneko erakusketa zabalik egongo da Azokak iraun bitartean. Azokak duen ordutegi bera izango du erakusketak: 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.

Julen Urkiza idazle eta Karmel aldizkariko zuzendariak Bilboko Liburu Azokaren Urrezko Luma jaso du gaur, Areatzan egindako ekitaldi batean. Urkizak Gonzalo Olabarria Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendariaren eskutik jaso du saria. Ana Urkiza idazleak eta Asier Muniategi liburu azoken antolatzaileak ere parte hartu dute ekitaldian.

Azokaren izenean, Ana Urkizak gorazarre-hitzak izan ditu Julen Urkizarrentzat eta Karmel aldizkarian egindako lana goraipatu du. Hala, aldizkaria idazleen topaleku bihurtu duela esan du. Izan ere, euskal kulturaren inguruko pertsona askok parte hartu du aldizkarian, bai idazle ezagunak, baita hasiberriak ere, eta hori, Ana Urkizaren esanetan, Julen Urkizaren meritua izan da. Idazle horietako batzuk gaurko ekitaldian izan dira, besteak beste, Andres Urrutia, Patxi Uribarren, Juan Luis Goikoetxea, Patxi Juaristi edota Miren Agur Meabe.

Gaur, maiatzaren 31n, Euskaltzaindiak atal berri bat zabaldu du interneten, bere webgunean. “Herri Literatura Jardunaldietako Antologia” du izena eta hemen kontsulta daiteke. Atalean Euskaltzaindiaren Herri Literatura batzordeak antolatu dituen herri-literaturari buruzko jardunaldietako ekarpenik mamitsuenak bildu dira. Horietako bi -Antonio Zavalak eta Bernardo Atxagak 1994an eta 2005ean eman zituztenak- lehen aldiz argitaratzen ditu Akademiak. Are gehiago, Atxagarena argitaratu gabea da eta lehenbiziko aldiz jartzen da orain publikoaren eskura.

Pello Esnal batzordeko idazkariak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak egin dute atal berriaren aurkezpena, Donostian. Biak ala biak pozik agertu dira, eta herri-literaturaren garrantzia azpimarratu dute. Hala, bada, Esnalen hitzetan, “paregabeko altxorra da herri-literatura. Hor dago bildua gure tradizioa, eta tradizioa aintzat hartu gabe ez dago etorkizuna eraikitzerik”. Andres Urrutiak ere horixe bera azpimarratu du, eta gaur denon eskura jarri den materailaz gain, Euskaltzaindiaren webgunean “Auspoa” bilduma osoa kontsulta daitekeela ere azpimarratu du. “Horrek guztiak -esan du- gure corpusak eta gure hiztegiak aberasteko material ederra ematen digu”.

Datorren ostiralean, maiatzaren 31n, Euskaltzaindiak atal berri bat zabalduko du interneten, bere webgunean: “Herri Literatura Jardunaldietako Antologia” du izena eta Akademiaren Herri Literatura batzordeak antolatu dituen herri-literaturari buruzko jardunaldietako ekarpenik mamitsuenak denon eskura ipiniko ditu. Horren aurkezpena Donostian egingo da, Luis Villasante Euskararen Ikergunean, goizeko 11:30ean.

Euskaltzaindiak 1989an egin zuen herri-literaturari buruzko lehen jardunaldia, eta 2005ean azkena. Jardunaldi horietan guztietan hainbat gai landu dira: kontapoesia, herri-narratiba, ahozkotasuna, paremiologia, herri-antzerkia, euskal fraseologia, kantu laburrak eta, azkenik, herri-prosa eta ahozkotasuna.

Besteren artean, Juan Mari Lekuona, Antonio Zavala, Bernardo Atxaga, Jose Mari Satrustegi, Martxel Etchehandi, Pello Esnal, Joxemari Aranalde, Jean-Louis Davant edota Joxe Ramon Zubimendi dira atal berrian jaso diren testuen egileak.

 

Unelibros aldizkariak eta Unerevistas gehigarri elektronikoak, Linguistika sailean, Euskaltzaindiaren hainbat argitalpenen berri ematen dute udaberrian kaleratu diren zenbaki berrietan. Argitalpen biak Unión de Editoriales Universitarias Españolas-ek (UNE) argitaratzen ditu, urtean bitan, udaberrian eta udazkenean.  Bertan, argitalpen zientifikoaren alorrean sortzen diren berrikuntza eta albisteen berri emateaz gain, elkartea osatzen duten erakundeek argitaratzen dituzten liburu eta aldizkarien zenbaki berrien edukiak iragartzen dira.

2013ko udaberriko Unerevistas-en zenbakian, besteak beste, Euskera 2011, 1-2 eta Euskera 2011, 3 zenbakien eta Erlea aldizkariaren 6. zenbakiaren berri ematen da. 2013ko udaberriko Unelibros-en zenbakian, besteak beste, Antoine d´Abbadie, Abbadiaz; Euskaltzaindiaren Hiztegia; Gratien Adema "Zaldubi": Gaineratekoen bilduma; Nafarroako ipar-mendebaleko hizkeren egitura geolinguistikoa;eta Koldo Mitxelenaren zinema- eta liburu-kritiketako diskurtso estrategiak:enuntziatu parentetikoak argitalpenen berri ematen da.

unerevistas azala txikia

Larunbatean, maiatzaren 18an, Jean-Louis Davant euskaltzainaren Antoine d’Abbadie, Abbadiaz liburua aurkeztu da Maulen, Euskaltzaindiaren eta Mauleko Herriko Etxeko Kultura Sailaren ekimenez.

Mixel Etxebest Maule-Lextarreko auzapezaren ongietorriaren eta Andres Urrutia euskaltzainburuaren eskerren ondotik, Jean-Louis Davantek azaldu du nor zen XIX. mendeko zientzialari, euskalari eta euskal kulturaren mezenas hori (1810-1897).

Atzo, maiatzaren 22an, egin zen Ipar Euskal Herriko euskaltzainen urteko bilkura, Baionako ordezkaritzan. Bilera hau urtero egiten da, Frantziako Estatuko Elkarte-legeak dioena betez, eta Iparraldeko euskaltzainek -oso, ohorezko eta urgazleek- parte hartzen dute. Iparraldeko euskaltzainez gain, Euskaltzaindiaren Zuzendaritzako kideak izan ziren.

Andres Urrutia euskaltzainburuak hasiera eman zion bilerari. Ondoren, 2012ko ekitaldien txostena aurkeztu zuen Xarles Videgain Iparraldeko ordezkariak, baita Iparraldeko berariazko egitasmo eta argitalpenena ere. Bestalde, Joseba Zabaleta kudeatzaileak 2012ko kontuen txostena eta 2013ko aurrekontua aurkeztu zituen. Azkenik, 2012. urteari dagokion aditegi txostena ere aurkeztu zen.

Txosten guztiak aho batez onartu ziren.

baiona bilkura txikia

Euskaltzaindiaren webguneak 83.041 bisita izan zituen apirilean. Webguneko orriek 410.067 bistaratze izan zituzten hil berean.

Ohi bezala, Akademiaren webgunean gehien bisitatutako edukiak Euskal Onomastikaren Datutegia eta Hiztegi Batua izan ziren. Hauek dira datuak:

1) Bisitak, guztira 83.041
2) web-orrialde bistaratzeak:  
Zuzeneko sarbideak webguneko atarira 11.760
Hiztegi Batua 83.249
Euskaltzaindiaren Arauak 5.332
OEH (Orotariko Euskal Hiztegia) 51.646
JAGONET zerbitzua 4.817
EODA (Euskal Onomastikaren Datutegia) 106.930
Argitalpenen Katalogoa 2.786
Plazaberri bloga (atariaz gainekoak) 6.662
Beste guztiak 136.885
Web-orrialde bistaratzeak, guztira 410.067

 

Bihar, maiatzaren 22an, Ipar Euskal Herriko euskaltzainen urteko bilkura egingo da, Euskaltzaindiaren Baionako ordezkaritzan, Gaztelu Berrian. Bilera hau urtero egiten da, Frantziako Estatuko Elkarte-legeak dioena betez, eta Iparraldeko euskaltzainek -oso, ohorezko eta urgazleek- parte hartzen dute. Euskaltzaindiaren Zuzendaritzako kideak ere badoaz bilerara.

Maiatzaren 17an, Alemaniako Konstantzako Unibertsitateko ikasle talde bat Euskaltzaindian izan zen eta Pruden Gartzia Azkue Bibliotekako zuzendariak lagundurik, Akademiaren egoitza bisitatu zuen. Ikasleak Enara Perez de Heredia Unibertsitate horretako Euskara eta Euskal Kulturako irakurlearen eskutik etorri ziren Euskal Herrira, eta, Akademiaz gain, beste hainbat leku bisitatu zuten.

Euskara eta Euskal Kultura irakurletza programa 2011-2012 ikasturtean jarri zen abian Konstantzako Unibertsitatean, erakunde horrek eta Etxepare Institutuak sinatu zuten hitzarmenari esker.

Bilbora egiten ari den bisita baliatuz, Euskaltzaindiaren egoitzan izan da gaur, maiatzaren 17an, Yucatango (Mexiko) Unibertsitate Autonomoko ordezkaritza bat. Hala, Juan de Dios Pérez Unibertsitate horretako Plangintza eta Garapenerako koordinatzailea eta Karla González Egitasmo Instituzionalak saileko arduraduna Akademia bisitatu, eta Euskaltzaindiaren historia eta zereginak gertutik ezagutzeko aukera izan dute, Pruden Gartzia Azkue Bibliotekako zuzendariaren eskutik.

Yucatango Unibertsitate Autonomo ordezkaritza, Bilbao Internacional elkartearen eskutik etorri da Euskaltzaindira.

Datorren larunbatean, maiatzaren 18an, Jean-Louis Davanten Antoine d'Abbadie, Abbadiaz liburua aurkeztuko da, goizeko 10:30ean, Mauleko Herriko Etxean. Aurkezpena d'Abbadie euskalari eta euskal kulturaren mezenas zenari eskainiko zaion omenaldiaren barruan kokatuko da. Davantekin batera, Michel Etchebest Mauleko aüzapeza eta Andres Urrutia euskaltzainburua izango dira.

Antoine D'Abbadie, Abbadiaz Euskaltzaindiak argitaratzen duen "Euskaltzainak" bildumaren 19. zenbakia da eta aurtengo Sarako Idazleen Biltzarrean aurkeztu zuen Akademiak. Testu desberdinak baliatuz, Jean-Louis Davantek Antoine D´Abbadieren (1810-1897) bizitza aztertzen du liburuan. D´Abbadiek alor asko landu zituen: astronomoa, zientzialaria eta esploratzailea izateaz landa, hizkuntza asko zekizkien. Euskal Herria beti izan zuen gogoan, eta bizilekua Hendaian finkatu ondoren, euskal kulturgintzaren bultzatzaile handia izan zen, besteak beste, lore jokoak antolatu eta sustatuz.

Euskera agerkariaren 2011ko hiru zenbakien edukiak, Azkue bibliotekan katalogatu eta indexatu ostean, Euskaltzaindiaren webguneko Euskera agerkariaren hemerotekan integratu dira. Euskera agerkariaren hiru zenbaki argitaratzen dira urtero; 2011ko zenbakiei dagokienez, hiru zenbaki horiek bi liburukitan bildu ziren: Euskera 2011, 56, 1-2 eta Euskera 2011, 56-3.

Euskera 2011, 56, 1-2 liburuak Euskaltzaindiaren bizitza akademikoa biltzen du. Besteren artean, honako gaiak bildu dira: Jean-Baptiste Coyos euskaltzainaren sarrera-hitzaldia; Nafarroa Oinez ospakizunaren haritik, Tafallan egin zen ageriko bilkura; edota Jose Antonio Arana, Vahan Sarkisian, Xabier Gereño eta Fernando Mendizabal euskaltzainen omenez irakurri ziren hilberri-txostenak.

Euskera 2011, 56, 3 liburuak ikerketa-lanak jasotzen ditu. Gai nagusiak hauek dira: Euskaltzaindiaren XVI. Jagon Jardunaldiak ("Arabatik Arabara euskaraz") eta Akademiak "Agosti Xaho eta Erromantizismoa Euskal Herrian" izenburupean Baionan egin zuen jardunaldia.

Portada Euskera 2011  txikia

Euskera agerkarian biltzen diren artikulu guztiak, Euskaltzaindiaren webgunetik landa, Inguma, ISOC eta Dialnet datu-baseetan ere jasotzen dira. Datu-base hauetan, agerkariaren aurreko zenbakietan, egile jakinek idatzi eta ikerketa lantzat har daitezkeen edukiak ere aurki daitezke.

Maiatzaren 15ean, asteazkenean, Aiaraldeko mapa toponimikoa aurkeztuko da. Aiaraldea izenaz, Aiarako Eskualdea edo Kuadrilla ezagutzen da, eta bost udalerriz osatuta dago: Aiara, Amurrio, Artziniega, Laudio eta Okondo. Aurkezpen ekitaldia 19:00etatik aurrera egingo da, Laudioko Kultura Etxeko (Lamuza, z/g) Etxe Nagusian, "Arraño" aretoan. Mikel Lasa Kuadrilla-buruaren hitzek hasiera emango diote saioari. Jarraian, Felix Mugurutzak jardungo du maparen eta toponimiaren gorabeherez, bera izan baita lanaren ardura izan duena. Mugurutza euskaltzain urgazle eta Onomastika batzordeko kidea da; hori dela-eta, Euskaltzaindiaren izenean ere arituko da aurkezpen ekitaldian.

Lanerako, azken urteotan udalerri horietan egindako toponimia mapak hartu dira oinarri gisa. Toponimo horiek guztiak bat datoz Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren datu-basearekin. Maparen edizioa eta lanaren koordinazioa Dunba Argitalpen Lanak, S. L. enpresak egin du eta bere argitalpenerako Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzaz baliatu da Aiarako Kuadrilla. Euskaltzaindiak, mapan islatutako toponimoen kalitate linguistikoa bermatzeko lanak egin ditu, Akademiak Eudelekin duen lankidetza-hitzarmenari esker.

Koldo Mitxelena ikerketa bekaren XII. edizioa abian da. Errenteriako Udalak bi urtetik behin antolatzen duen ikerketa bekan parte hartzeko deialdia egin du, eta ekainaren 28ra arte izango da aukera eskaerak aurkezteko. Bekaren helburua euskal kulturaren alderdi guztien -historia, artea, soziologia, antropologia, ekonomia, linguistika, literatura, etnologia, zuzenbidea eta humanitateak, oro har- gaineko ikerketa bultzatu eta sustatzea da.

Eskaeran zenbait arlo zehaztu beharko dira: lanaren ikerketa esparrua, aurrekariak eta gaiaren egungo egoera, ikertzailearen esperientzia, materiala eta metodologia, etab. Lana hamabi hilabeteko epean egin beharko da; horretarako, Udalak 9.010 euroko laguntza (gordina) emango du. Oinarriak eta informazio osagarria hemen daude kontsultagai.

Euskaltzaindiak Narrazioak eta olerkiak 2010 liburua euskarri digitalean eskaintzen du. Argitalpen digital hau BBK-Euskaltzaindia literatura atalaren barruan kokatu da, eta Azkue sariketak (Haur eta Gazteak) azpiatalean kontsulta daiteke. Bertan sarituak izan diren haur eta gazteen idazlan guztiak zerrendatu dira, eta gainera 1991tik aurrera saritutako narrazio eta olerki guztien bertsio digitala eskaintzen da. 2010eko deialdian sarituak izan zirenen lanak zerrenda horren amaieran ikus daitezke.

Euskaltzaindiak eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioak urtero deitzen dute Azkue Sariak literatur lehiaketa, eta urtero ere liburua argitaratzen dute. Euskal eskola-umeak eta gazteak literaturara bultzatzeaz gainera, euren artean irakurketa indartzea dute helburu nagusi sari hauek.

2010eko Azkue sariak 2011ko martxoaren 22an eginiko ekitaldi batean banatu ziren.

Euskararen Kontseilua osatuko duten hamasei kideren izenak jakinarazi zituen atzo, maiatzaren 8an, Nafarroako Gobernuak. Kide horien artean Andres Iñigo dago, Euskaltzaindiaren izenean. Iñigo Akademiako Nafarroako ordezkaria da, eta lau urterako izendatu dute.

Gainerako kideak hauek dira: José Pablo Sotes, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ordezkari; Luis Echarri, Nafarroako Unibertsitatearen izenean; Mikel Aranburu, Eusko Ikaskuntzakoa; Enrique Maya, Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federaziokoa; Pello Mariñelarena, Nafarroako Ikastolen Federaziokoa; eta Gabriel Imbuluzqueta, Nafarroako Prentsa Elkarteko ordezkari. Horiek guztiak lau urteko agintaldirako izendatu dira.

 

Aurtengo azaroan ehun urte beteko dira Iñaki Eizmendi “Basarri” bertsolari, kazetari, idazle eta ohorezko euskaltzaina jaio zela. Hori dela-eta, urte osoan zehar haren omenezko egitarau zabala prestatu dute Zarauzko Udalak eta "Montxia" Bertso Eskolak, Zarautz Abesbatza, Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Bertsozale Elkartea eta Foru Aldundia erakundeekin batera. Maiatzaren egitarauari dagokionean, lehen ekitaldia aste honetan bertan izango da: etzi, maiatzaren 9an, Pello Esnalek eta Nikolas Zendoiak "Basarri. Hitza eta itzala" hitzaldia emango dute. Arratsaldeko 19:00etan izango da, Sanz Enea Kultur Etxean.

Maiatzaren 3an eta 4an, Mendebalde Kultura Alkarteak XVII. Jardunaldiak egin zituen Euskaltzaindiaren egoitzan, "Gogoa kirolean" izenburupean. Jardunaldien aurkezpena hauek egin zuten: Kaxildo Alkorta Alkarteko zuzendariak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak.

Jardunaldiok lau atal nagusi izan zituzten: kirola bizitzan, euskara kirolaren bidez, kirol-istorioak eta euskara, kirola eta komunikabideak. Hizlariak hauek izan ziren: Juan Ramon Fernández-López, Aritz Urdampilleta, Iker López, Iratxe Ibarra, Jose Joakin Gallastegi, Maider Unda, Ibon Gaztañazpi, Pedro Mari Goikoetxea, Jose Ramon Uriarte eta Dabi Piedra. Moderatzaileak Eneko Barrutia, Karmele Perez, Juan Luis Goikoetxea eta Udane Goikoetxea izan ziren. Larunbatean, Jose Angel Iribar omendu zuten; bere gorazarrea Iñaki Sarriugartek egin zuen.

Mendebalde Kultur Alkartea 028 txikia

Atzo, 2013ko maiatzaren 2an, Karmele Rotaetxe hizkuntzalari eta ohorezko euskaltzaina hil zen Bilbon, 81 urte zituela. Haren aldeko hileta elizkizuna maiatzaren 6an, astelehenean, izango da, arratsaldeko 19:00etan, Bilbon, Abandoko San Bizente Martiria parrokian.

Maiatzaren 3an eta 4an, bihar eta etzi, Mendebalde Kultura Alkarteak bere XVII. Jardunaldiak egingo ditu Euskaltzaindiaren egoitzan, "Gogoa kirolean" izenburupean. Hamar hitzaldi, hamabi hizlari eta omenaldi bat izango dira bi egunotan. Izan ere, larunbatean, 12:30ean, Jose Angel Iribar omenduko dute "bere ibilbide luze eta emankorragatik kirolaren eta euskararen zabalkuntzan". Iñaki Sarriugartek egingo dio gorazarrea.

Ostiralean, "Kirola bizitzan" gai orokorraz, Juan Ramon Fernández-Lópezek, Aritz Urdampilletak, Iker Lópezek, Abel Barriolak eta Iratxe Ibarrak hitzaldiak emango dituzte. "Euskara kirolaren bidez" izeneko atalean, aldiz, Koikili Lertxundi eta Jose Joakin Gallastegi arituko dira.

Larunbatean, "Kirol-istorioak" izango da gai nagusietako bat, eta Maider Undak eta Ibon Gaztañazpik hitzaldi bana emango dute. Pedro Mari Goikoetxeak, Jose Ramon Uriartek eta Dabi Piedrak, berriz, "Kirola eta komunikabideak" gaia jorratuko dute.

Ramon Saizarbitoriaren Martutene (Erein, 2012) eleberriak jasoko du 2012ko 111 Akademiaren Saria. Sari horren bitartez, Akademiako kideek iazko euskal obrarik gogokoena nabarmendu nahi dute. Orain arte, "Beterriko Liburua" izenez ezagutzen zen. Saizarbitoriak maiatzaren 29an jasoko du saria, Andoaingo Bastero kulturgunean egingo den ekitaldian, arratsaldeko 19:30ean.

Hau da Ramon Saizarbitoriak sari hau irabazten duen bigarren aldia. Izan ere, 2000an argitaratu zen Gorde nazazu lurpean lanak urte hartako Beterriko Liburua aipamena irabazi zuen.

Bestalde, datorren astean aurkeztuko da Martutene liburuaren gaztelaniazko bertsioa.

Apirilaren 26an, Donostian egindako osoko batzarrean, Euskaltzaindiak euskaltzain emeritu izendatu zuen Jose Luis Lizundia euskaltzain osoa. Emeritu izateko, 75 urte beteak izan behar dituzte euskaltzain osoek.

Jose Luis Lizundia Iruñean (Nafarroa) jaio zen, 1938ko apirilaren 9an. Merkataritza ikasketak egin zituen. Euskaltzaindiko idazkariordea izan zen, 1969tik, eta kudeatzailea, 1995etik. 2003an erretirua hartu zuen. Euskaltzaindiaren barne-erakundetze prozesuan berebiziko eragina izan zuen. 2004tik 2012ra arte, Akademiako diruzaina izan zen. Gerediaga -Durangoko Merindadearen Adiskideen- Elkartearen eta Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren sortzaileetariko bat izan zen.

2003ko ekainaren 27an euskaltzain oso izendatu zuten.

Euskaltzaindiaren Arautegiaren eta Barne Erregelen arabera, emeritu izendatzearen ondorioz sortzen den hutsartea betetzeko, ondorengo bi osoko batzarretan aurkez daitezke hautagaiak, eta hirugarren batzarrean, egingo da bozketa. Beraz, maiatzeko eta ekaineko batzarretan aurkez daitezke hautagaiak, eta uztaileko batzarrean gauzatuko da bozketa.

Aspaldidanik irakasle- eta ikuskari-talde atzerritarrak etortzen dira Euskal Autonomia Erkidegora lehen eta bigarren hezkuntzaren antolamendua aztertzera, Europar Batasunako Socrates (edo Arion) izeneko programaren markoan. 2013ko apirilaren 22tik 26ra bitartean, oraingo emanaldi honetan Alemaniatik, Austriatik, Finlandiatik, Frantziatik, Irlandatik, Italiatik, Letoniatik, Poloniatik, Portugaletik, Slovakiatik eta Txekiar Errepublikatik etorritako irakasleek aukera dute, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren eskuz, EAEko hezkuntza-sistema ezagutzeko.

Hiru lurraldeotako hezkuntza-sistemaren berezitasun bat, dudarik gabe, elebitasuna da (eta are, ingelesa ere zenbaitetan irakas-hizkuntza den neurrian, eleaniztasuna). Hori dela eta, eta beste hainbat hizlari bezala, Euskaltzaindiko teknikaria den Nikolas Gardner (Euskararen Historia Soziala (EHS) egitasmoa) bildu da bisitariekin. Ordubeteko saioan, azken hogeita hamabost bat urtean hezkuntza arloan euskararen estatusa hobetzeko ahaleginak laburbildu eta azaldu ditu, bertakoen galderei erantzunez.

Escritores euskéricos contemporáneos liburua sarean jarri du Euskaltzaindiak, eta Akademiaren webgunean kontsulta daiteke, hemen. Liburu hau Euskaltzaindiaren "Euskaltzainak" bildumaren 14. zenbakia da eta Gorka Aulestia ohorezko euskaltzainak idatzia da.

2009ko Bilboko Liburu Azokan, Gorka Aulestiak Estigmatizados por la guerra liburua aurkeztu zuen. Bertan, Gerra Zibila eta ondoren etorri zen diktaduraren ondorioz euskaldun askok -liburu honetako gehienak, idazleak- pairatu zuten jazarpenaren berri eman zuen. Liburu horrek izan zuen harrerak bigarren bat idazteko adorea eman zion: Escritores euskéricos contemporáneos izenekoa. Bertan, XIX. eta XX. mendeetako 23 idazleren bizitza eta lanak jaso ditu.

Besteren artean, Resureccion Maria Azkue, Orixe, Jon Mirande, Juan Mari Lekuona, Bitoriano Gandiaga, Bernardo Atxaga, Ramon Saizarbitoria edo Mikel Zarate agertzen dira liburuan.

Atzo, apirilaren 23an, Madrilgo Círculo de Bellas Artes erakundean, Bernardo Atxagaren testuak eta Jabier Mugurutzaren musika jasotzen duen Paradisua eta katuak CD-liburuaren gaztelaniazko bertsioa -El paraíso y los gatos- aurkeztu zen. Liburuak Bernardo Atxagaren ipuinak, poemak, pasarte komikoak eta gogoetak biltzen ditu, 64 orritan. CDan, aldiz, 2012ko  martxoan, Círculo de Bellas Artes erakundearen egoitzan, Euskaltzaindiak, Etxepare Euskal Institutuak eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak antolatutako "Euskarari gorazarre" jardunaldien barruan, egin zen emanaldia jasotzen da. Jabier Mugurutzaren musikak laguntzen du Atxagaren testua.

Atxagarekin batera, Xabier Kintana eta Erramun Osa, Euskaltzaindiko idazkaria eta idazkariordea, hurrenez hurren, Círculo de Bellas Artes-eko ordezkariak eta José Luis Gallero poeta izan ziren atzoko aurkezpenean. Lana Círculo de Bellas Artesek, Euskaltzaindiak eta Etxepare Euskal Institutuak argitaratu dute.

Hona ekarri ditugu Xabier Kintana idazkariak aurkezpenean esan zituen hitzak.

Xabier Kintanaren hitzak (PDF, 63,46 KB)

Euskaltzaindiaren webguneak 72.893 bisita izan zituen martxoan. Webguneko orriek 376.546 bistaratze izan zituzten hil berean.

Ohi bezala, Akademiaren webgunean gehien bisitatutako edukiak Euskal Onomastikaren Datutegia eta Hiztegi Batua izan ziren. Hauek dira datuak:

1) Bisitak, guztira 72.893
2) web-orrialde bistaratzeak:  
Zuzeneko sarbideak webguneko atarira 12.341
Hiztegi Batua 98.661
Euskaltzaindiaren Arauak 5.932
OEH (Orotariko Euskal Hiztegia) 47.755
JAGONET zerbitzua 4.672
EODA (Euskal Onomastikaren Datutegia) 102.213
Argitalpenen Katalogoa 3.876
Plazaberri bloga (atariaz gainekoak) 7.192
Beste guztiak 93.904
Web-orrialde bistaratzeak, guztira 376.546

 

Bihar, apirilaren 23an, Madrilgo Círculo de Bellas Artes erakundean, Bernardo Atxagaren testuak eta Jabier Mugurutzaren musika jasotzen duen "Paradisua eta katuak" CD-liburuaren gaztelaniazko bertsioa aurkeztuko da. Argitalpena Círculo de Bellas Artesek kaleratu du, eta Euskaltzaindiaren eta Etxepare Euskal Institutuaren laguntza izan du.

"Paradisua eta katuak" kontaera bat da; ipuinek, poemek, pasarte komikoek eta gogoetek osatzen duten kontaera; gainera, kontaera musikatua. Iazko martxoan, Euskaltzaindiak, Etxepare Euskal Institutuak eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak antolatutako "Euskarari gorazarre" jardunaldien barruan, gaztelaniazko bertsioa eskaini zuten Madrilen Bernardo Atxagak eta Jabier Muguruzak, Círculo de Bellas Artes erakundearen egoitzan. Emanaldi hura jasotzen duen CD-liburua da bihar aurkeztuko dena. Iluntzeko 19:30ean izango da, eta Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkaria eta Erramun Osa idazkariordea bertan izango dira.

1991ko abenduaren 6an kaleratu zen lehenbizikoz Nafarkaria, Euskaldunon egunkaria-ren Nafarroako gehigarria. Geroztik ostiralero ikusi zuen argia, harik eta 2002ko uztailaren 26an, larritasun ekonomikoak itota, desagertu zen arte. Nafarkaria-ren ibilibide osoa, urte horietan zehar kaleratu ziren 547 zenbakiak, sistematizatu eta digitalizatu dira, eta gaurtik aurrera Euskaltzaindiaren webgunean kontsulta daitezke, hemen.

Lana Nafarroako Gobernuaren eta Euskaltzaindiaren arteko hitzarmenari esker burutu da. Izan ere, 2011rako sinatu zuten hitzarmenean, Akademiak eta Gobernuak Nafarkaria digitalizatzea eta interneten kontsultagai jartzea adostu zuten. Halaxe egin da, eta lan horren fruitua da hemen eskaintzen dena.

nafarkaria2 txikia

Ramon Saizarbitoriak idazle eta euskaltzain urgazleak irabazi du Espainiako Kritikaren Saria, euskararen arloan, narratibaren atalean. Martutene liburuagatik jaso du saria Saizarbitoriak.

Martutene Erein argitaletxeak eman zuen argitara, iaz. Honela dio bere webgunean: "Ramon Saizarbitoriak bere eleberri onena idatzi du (intimoena?), eta ez da kasualitatea izan, erreferentzia gisa, Frischen eleberri bat hartu izana, izenburuan leku-izen bat daramana hura ere, Montauk, non, asteburu bat eta azken maitasun-istorio bat kontatzeko aitzakiarekin, bere bizitzaren errepasoa egiten baitu egileak. Saizarbitoriak ere atzera begiratzen du, bere paisaiak dakartza gogora, dagoeneko existitzen ez den Donostia, aro baten amaiera, zorionekoa, indarkeriaren azkenarekin batera etorri delako, baina gauza gehiegi utzi dituena atzean...".

Bestalde, Rikardo Arregi Diaz de Herediaren Bitan esan beharra (Alberdania) euskarazko poesiaren atalean saritu dute. Kritikaren Sariak Espainiako Literatur Kritikarien Elkarteak ematen ditu.

Gaur, apirilaren 17an, AEKk eta Euskaltzaindiak bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan. AEKren izenean Mertxe Mugika koordinatzaile nagusiak sinatu du, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak. Eñaut Mitxelena AEKk kaleratzen duen Aizu! aldizkariaren zuzendaria eta Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkaria ere ekitaldian izan dira.

Hitzarmen horrek AEKren eta Euskaltzaindiaren arteko elkarlana sendotzea du helburu. Bai Andres Urrutiak, baita Mertxe Mugikak ere, beren poza adierazi dute. “Orain gutxi -gogorarazi du Mugikak- Korrika egin dugu, “Eman euskara elkarri” lelopean. Eta gaurko sinadura honek horren adibide garbia da, hemen bi erakunde elkartu garelako euskara elkarri emateko”.

AEKren historia ulertzeko Euskaltzaindia ulertu behar dela esan du jarraian, eta hala adierazi du ere Andres Urrutiak. Honen esanetan, “Euskaltzainditik bertatik sortutako AEKrekin sinatzen dugu. Eta AEKk aspaldian lortua du heldutasuna. Beraz, sinatze honek esan nahi du AEKtik sortutako fruitu eder eta oparoak berriro datozela Euskaltzaindira”.

Atzo, apirilaren 15ean, Lourdes Oñederra hizkuntzalari, idazle eta euskaltzain osoak Erein argitaletxearen eskutik plazaratu duen Intemperies (babes bila) nobela berria aurkeztu zuen Donostian.

Egilearen hitzak erabiliz, "nobela honetako pertsonaiek beren egunerokotasuna bizi dutela: bete egiten dute nola edo hala, ahal duten bezala. Ahal duten bezala aurrera egiten dute, beren oraina antolatuz iraganaren zama gainean dutela, etorkizunari nola begiratu ez dakitela. Elkarren beharrean daude agian eta elkarren beldurrez ere bai ziurrenik, ausartu ezinik baina nahirik. Ausartu ezinik, beharraren ezagutza ezagatik apika, edo ziurtasun ezagatik. Bizitza zaila baita, erraza denean ere, dena ondo doanean ere, arazo nabarmenik ez dagoenean ere".

Martxoaren 30ean, Eako Udaletxean eginiko ekitaldi batean, herri horretako toponimia-mapa berria aurkeztu zen. Ikerketa lana Esther Korta ikertzaileak egin du, Imanol Goikoetxea Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko kidearen zuzendaritzapean. Ekitaldian toponimia lana egiten lagundu duten guztiek parte hartu zuten. Gainera, aurkezpenera joan ziren pertsona guztiek toponimia mapa jaso zuten. Mapa hori IkerMap enpresak egin du

Euskaltzaindiaren izenean, Xabier Kintana idazkaria izan zen aurkezpenean.

 

Datorren asteazkenean, apirilaren 17an, AEKren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetza hitzarmena sinatuko da, Akademiaren egoitzan, goizeko 11:30ean. AEKren izenean Mertxe Mugika koordinatzaile nagusiak sinatuko du, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak. Eñaut Mitxelena Aizu! aldizkariaren zuzendaria eta Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkaria ere ekitaldian izango dira.

Hitzarmen horrek AEKren eta Euskaltzaindiaren arteko elkarlana sendotzea du helburu, eta euskararen normalizaziorako proposatzen diren egitasmoen inguruan gauzatuko da, euskararen jakitean, erabileran zein haren aldeko sustapenaren ikerketan, dibulgazioan eta sentiberatzean batez ere.  Besteren artean, hitzarmen horren ondorioz, Euskaltzaindiak garatzen diharduen Lexikoaren Behatokia izeneko egitasmoa elikatzeko asmoz, AEKk argitaraturikoaren euskarazko testu-multzoa, Aizu! aldizkarian sortutakoa batez ere, Akademiaren eskuetan jarriko du.

 

aek logo

Gaur, apirilaren 12an, Philippe Etxegorriren Biarnoko euskaldunak: historiaren eta hizkuntzen bidegurutzean liburua aurkeztu da Euskaltzaindiaren egoitzan. Aurkezpena Etxegorrik berak egin du, ondoan Asier Iriondo "ZingiZango" Legazpiko Euskara Elkarteko presidenteordea izan duela. Liburua elkarte horrek argitaratu du.

Biarnoko euskaldunak historiaren eta hizkuntzen bidegurutzean liburuak Eskiula aldeko euskara eta testuinguru historiko eta soziala azaltzen du. Gainera, zubereraren ikasteko gida da, Biarnoko euskaldunen mintzairatik abiatuz.

Bestalde, apirilaren 20an, ZingiZango elkarteak antolaturik, kultur-ibilaldia egingo da Eskiula, Oloroe eta Maulera, Philippe Etxegorri gidari dela.

Philippe Etxegorrik aurkezpenean erabilitako materiala (PDF, 8,95 MB)

Liburua eskuratzeko sakatu hemen.

Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae (1545) arabierara, katalanera, galizierara, errumanierara, txinerara eta kitxuara itzuliko dute. Ondoren, Eusko Legebiltzarrak eta Euskaltzaindiak argitara emango dute, bion arteko hitzarmenari esker. Joan den urtarrilean, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak Euskaltzaindiko Zuzendaritza hartu zuen, eta orduan hitz egin zuten egitasmoaz. Horren ostean, martxoaren 26an egindako bileran, Legebiltzarreko Mahaiak itzulpen horiek sustatzea onartu zuen. Bi erakundeen arteko elkarlanaren emaitza berria abendu aldera aurkeztuko da.

 

Bihar, apirilaren 12an, goizeko 11:00etan, Philippe Etxegorriren Biarnoko euskaldunak: historiaren eta hizkuntzen bidegurutzean liburua aurkeztuko da Euskaltzaindiaren egoitzan. Aurkezpena Philippe Etxegorrik berak egingo du, Asier Iriondo ZingiZango Legazpiko Euskara Elkarteko presidenteordeak lagunduta. Liburua elkarte horrek argitaratu du.

Biarnoko euskaldunak historiaren eta hizkuntzen bidegurutzean liburuak Eskiula aldeko euskara eta testuinguru historiko eta soziala azaltzen du. Gainera, zubereraren ikasteko gida da, Biarnoko euskaldunen mintzairatik abiatuz.

Gaur, apirilaren 10ean, Nafarroako ipar-mendebaleko hizkeren egitura geolinguistikoa’ liburua aurkeztu dute Nafarroako Gobernuak eta Euskaltzaindiak. Liburuaren egilea Amaia Apalauza da, eta 2011n aurkeztu zuen doktore tesiaren emaitza da. Tesiaren zuzendaria Iñaki Camino euskaltzain urgazlea izan zen. Lana euskal hizkuntzalaritzaren esparruan kokatzen da, dialektologian, zehazki. Nafarroako ipar-mendebaleko lau ibarretako euskara bildu eta aztertu du: Imotz, Basaburu Nagusia, Larraun eta Araitz-Betelu. Liburua Akademia eta Nafarroako Gobernuaren artean sustatutako "Mendaur" bildumaren 10. zenbakia da.

Aurkezpena honako hauek egin dute: Amaia Apalauza egileak, Andres Urrutia euskaltzainburuak, Maximino Gomez Euskarabidearen zuzendari kudeatzaileak eta Iñaki Camino tesiaren zuzendariak.

Gaur, 2013ko apirilaren 10ean, sinatu da Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Euskarabidearen eta Euskaltzaindiaren arteko aurtengo lankidetza hitzarmena. Akademiaren izenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatu du eta, Euskarabidearen izenean, Maximino Gómez Euskarabidearen zuzendari kudeatzaileak.

Lankidetza Hitzarmenak aurtengo lan arloak zehazten ditu. Hala, hitzarmenaren arabera, Nafarroako Gobernuak aurten 80.000 euro erabiliko ditu Euskaltzaindiak Euskal Corpus Onomastikoan eginen dituen lanetarako, eta Nafarroan Onomastikako eta Toponimiako lanak egiteko. Era berean, Nafarroako Gobernuak bestelako konpromisoak hartu ditu: Akademiaren Hiztegi Batua osatuko duela, Nafarroako euskalkietako hitzak sartuz; hizkuntza kalitateko zerbitzua abian jartzen lagunduko duela; eta Akademiak eskatutako testuak gaztelaniatik euskarara itzuliko dituela. Euskarabideko langileak arituko dira zeregin horretan.

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 foru legean, esaten da Euskaltzaindia dela erakunde aholku-emaile ofiziala Nafarroan, euskararen hizkuntza arauak ezartze aldera. Foru lege berean ere, arautzen da Euskaltzaindiak toponimia gaietan izan behar duen jarduera, toponimia gaien gaineko txostenak emateko erakunde den aldetik.

Bihar, apirilaren 10ean, Nafarroako ipar-mendebaleko hizkeren egitura-geolinguistikoa liburua aurkeztuko da Iruñean, Euskarabidearen egoitzan, 12:10ean. Liburuaren egilea Amaia Apalauza da, eta Akademia eta Nafarroako Gobernuaren artean sustatutako "Mendaur" bildumaren 10. zenbakia da.

Nafarroako ipar-mendebaleko hizkeren egitura-geolinguistikoa izeneko lana, 2011n, Apalauzak aurkeztu zuen doktore tesiaren emaitza da. Lana euskal hizkuntzalaritzaren esparruan kokatzen da, dialektologian, zehazki. Nafarroako ipar-mendebaleko lau ibarretako euskara bildu eta aztertu du: Imotz, Basaburu Nagusia, Larraun eta Araitz-Betelu. Oraindik ere eremu aski ezezaguna da euskal dialektologian eta nabarmena da Larraun eta Araitz-Betelu ia aztertu gabe egon direla orain arteko euskal dialektologiako lanetan. Tesiaren zuzendaria Iñaki Camino da.

Ekitaldi berean, liburua aurkeztu baino lehen, sinatuko da Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Euskarabidearen eta Euskaltzaindiaren arteko Lankidetza Hitzarmena.

 

Liburuaren aurkibidea (PDF, 157,6 KB)

Bihar, apirilaren 10ean, Iruñean, sinatuko da Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Euskarabidearen eta Euskaltzaindiaren arteko Lankidetza Hitzarmena 2013 urterako. Akademiaren izenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatuko du eta, Euskarabidearen izenean, Maximino Gómez Euskarabidearen zuzendari kudeatzaileak.

Lankidetza Hitzarmenak aurtengo lan arloak zehazten ditu. Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 foru legean, esaten da Euskaltzaindia dela erakunde aholku-emaile ofiziala Nafarroan euskararen hizkuntza arauak ezartze aldera. Foru lege berean ere, arautzen da Euskaltzaindiak toponimia gaietan izan behar duen jarduera, toponimia gaien gaineko txostenak emateko erakunde den aldetik.

Hitzarmenaren sinatzea Euskarabidearen egoitzan eginen da, eguerdiko 12:00etan.

 

euskarabidea

Ekitaldi berean Amaia Apalauzaren Nafarroako ipar mendebaleko hizkeren egitura geolinguistikoa liburua aurkeztuko da.

Apirilaren 1ean, Sarako Euskal Herriko Idazleen Biltzarrean, hiru liburu aurkeztu zituen Euskaltzaindiak: Jon Mirande, olerkaria, Txomin Peillenena; Antoine D'Abbadie, Abbadiaz, Jean-Louis Davantena; eta Gaineratekoen bilduma, Gratien Adema "Zaldubi"rena, Henri Duhauk prestatua.

Gaineratekoen bilduma liburua Akademiak argitaratzen duen "Euskaltzainak" bildumaren 20. zenbakia da. Hona hemen Henri Duhauk Saran esan zituen hitzak.

Henri Duhauren hitzak (PDF, 77,02 KB)

Liburua eskuratzeko sakatu hemen.

Jon Casenave Unibertsitateen Arteko Euskal Ikasketen Saileko (UAEIS)- Département Interuniversitaire des Etudes Basques-eko (DIEB) zuzendari izendatu dute. Casenave euskaltzain urgazlea eta Euskaltzaindiko Literatura Ikerketa batzordeko kidea da.

UAEIS-DIEB, Paueko eta Aturri Herrialdeetako Unibertsitatekoa (Université de Pau et des Pays de l’Adour - UPPA) den Errobiko campuseko diziplina anitzeko Fakultatean (Faculté Pluridisciplinaire) kokatzen da. Bi Unibertsitateen partaidetzan egituratua da 1986a geroztik, eta Bordeaux 3ko irakasle eta ikertzaile emeritu eta euskaltzaina den Jean Haritschelhar-i zor zaio egitura horren sorrera. Bi urterik behin, berritzen da UAEIS-DIEB unibertsitate-egituraren kudeaketa. Horren arabera, Jon Casenavek Xarles Videgainen segida hartu du orain.

Apirilaren 1ean, Sarako Euskal Herriko Idazleen Biltzarrean, hiru liburu aurkeztu zituen Euskaltzaindiak: Jon Mirande, olerkaria, Txomin Peillenena; Antoine D'Abbadie, Abbadiaz, Jean-Louis Davantena; eta Gaineratekoen bilduma, Gratien Adema "Zaldubi"rena, Henri Duhauk prestatua.

Antoine D'Abbadie, Abbadiaz liburua Akademiak argitaratzen duen "Euskaltzainak" bildumaren 19. zenbakia da. Hona hemen Jean-Louis Davantek Saran esan zituen hitzak.

Jean-Louis Davanten hitzak (PDF, 91,33 KB)

Liburua eskuratzeko sakatu hemen.

Euskal Herrira egiten ari diren bisita baliatuz, Akademiaren egoitzan izan ziren atzo, apirilaren 4an, Pedro Antonio Ríos Pérez, Panamako Colon eskualdeko gobernadorea, eta euskal jatorria duen bere emaztea, Gladys Aronategui.

Haiekin batera Aitor Bilbao (Garanova) eta Josean Olabarri (Olabarri Construcciones) enpresariak izan zen. Bisitan, egoitza ikusteaz gain, Ea (Bizkaia) udalerriko Bedaroa herrikoa den Arronategi deiturari buruzko agiria jaso zuten.

Apirilaren 1ean, Sarako Euskal Herriko Idazleen Biltzarrean, hiru liburu aurkeztu zituen Euskaltzaindiak: Jon Mirande, olerkaria, Txomin Peillenena; Antoine D'Abbadie, Abbadiaz, Jean-Louis Davantena; eta Gaineratekoen bilduma, Gratien Adema "Zaldubi"rena, Henri Duhauk prestatua.

Jon Mirande, olerkaria liburua Akademiak argitaratzen duen "Euskaltzainak" bildumaren 18. zenbakia da. Hona hemen Txomin Peillenek Saran esan zituen hitzak.

Txomin Peillenen hitzak (PDF, 59,17 KB)

Liburua eskuratzeko sakatu hemen.

Nola ez dut ba gogoratuko 2012ko apirilaren 2an idatzi nuen hura? “Ez dakit zergatik, baina lorik egin ezinda nengoela, halako batean, sms-a nire mobilean. “Aita hil da” esan zidan Eneka Berasategi Joakinen alabak. Gaueko 2:14ak ziren”.

Eta urtebete joan zaigu ordudanik, ustekabean, ezer asko egiteke haren gorantzan eta oroimenez, nahiz eta aldi bateko euskal kultura alorraren ongilerik onenetakoa izan zen urte askoan Joakin.

Euskaltzain, euskal ikasketen sortzaile, idazle... Jean Haritschelhar euskaltzain emeritu eta euskaltzainburu ohia omendu du aurtengo Sarako Idazleen Biltzarrak. Atzo, apirilaren 1ean egindako ekitaldian, bere bizitza osoan burutu duen lanagatik omenaldia jaso zuen eta horrela adierazi zuen Jean-Michel Garate Biltzarraren sortzaileak: "Lan ona eta interesgarria izan da, ez bakarrik hizkuntzarentzat, euskararentzat, baita kulturarentzat ere".

Orain 30 urte, Biltzarraren lehenengo edizioan izan zen Jean Haritschelhar.

Apirilaren 1ean, Pazko Astelehenean, Sarako Idazleen Biltzarra egingo da herriko kiroldegian. Sarako Turismo Bulegoak eta Euskal Kultur Erakundeak antolatzen duten biltzarrak autoreei ematen die lehentasuna. Euskal Herriko argitalpen munduak eta baita mugaz bi aldeetako euskaltzale askok ere Saran dute hitzordua. Aurtengoa 30. edizioa izango da.

Euskaltzaindia ere urtero joaten da Sarara, eta hor bere azken argitalpenak erakusten ditu. Aurten, goizeko 10:45ean, hiru liburu hauek aurkeztuko ditu:

  • Jon Mirande, olerkaria. Bilduma: Euskaltzainak, 18. Egilea: Txomin Peillen
  • Antoine D'Abbadie, Abbadiaz. Bilduma: Euskaltzainak, 19. Egilea: Jean-Louis Davant
  • Gaineratekoen bilduma. Bilduma: Euskaltzainak, 20. Egilea: Gratien Adema "Zaldubi". Prestatzailea: Henri Duhau

Egileekin batera, Andres Urrutia euskaltzainburua izango da.

Bestalde, 30. Idazleen Biltzarrak Jean Haritschelhar omenduko du, 12:00etan. Apur bat lehenago, 11:15ean, Bernardo Atxagaren mintzaldia izango da, Luzien Etxezarretak lagunduta.

Martxoaren 13an, 2012ko Resurrecion Maria Azkue Literatura sariak banatu ziren, Euskaltzaindiaren egoitzan, Akademiak eta Bilbao Bizkaia Kutxak antolatutako ekitaldi batean.

Urtero legez, sarituak ez ezik, guraso eta irakasleak ere izan ziren ekitaldian. Sariak Gorka Martinez BBK Fundazioko buruak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak banatu zituzten.

Bestalde, epaimahaiak osatu dituzten guztien izenean, Yolanda Arrieta eta Jabier Kaltzakorta lan sarituei buruz mintzatu ziren.

Esteban Urkiaga “Lauaxeta” idazlearen olerki lanik mardulena biltzen duen edizio berri bat argitaratu da Labayru Ikastegiaren Sutodoan bilduman, erakunde honek Euskaltzaindiarekin duen hitzarmenaren barruan. Edizio berri honetan biltzen dira idazleak gudu aurrean argitara zituen Bide barrijak, Arrats beran liburuetako poema guztiak eta azken orduko batzuk, Espetxekoak izenburupean jaso direnak.

Ricardo Badiola Euskaltzaindiko Argitalpen Zerbitzuko arduradunak erretiroa hartu du, 65 urterekin, eta Euskaltzaindian ia 40 urte egin ondoren. Hori dela-eta, gaur, martxoaren 22an, Euskaltzaindiaren Osoko Bilkurak Badiola hartu du. Euskaltzain guztien izenean, Andres Urrutiak esker oneko hitzak eskaini dizkio, urte hauetan guztietan egin duen lanagatik. Ricardo Badiolak Mariasun Amillategi emaztea izan du bere ondoan.

Euskaltzaindiak ere bat egin du 18. Korrikarekin, eta datorren igandean, martxoaren 24an, lekukoa eramango du Baionan, euskararen aldeko lasterketaren 2.584. kilometroan. Erakundearen izenean, Xarles Videgain Akademiaren buruordeak eta Jean-Baptiste Coyos Jagon Sailburuak eramango dute. Rue Neuve karrikan hartuko dute lekukoa, 12:22an, Lokarri gizarte mugimenduaren eskutik, eta Baionako geltokiraino eramango dute, bertan Ikastoletako ordezkariei pasatzeko.

18. Korrika martxoaren 14an abiatu zen, Andoaindik, Martin Ugalde kultur parketik. Ordutik, "Eman euskara elkarri" lelopean, lekukoa eskuz esku dabil, Euskal Herrian zehar. Gaur arratsaldean Bilbon izango da eta larunbatean Donostian. Igandean, goizeko 11:10ean, Baionara helduko da. Hango ibilbidea bete ondoren, 12:30ak aldera, irakurriko dute lekukoaren barruan dagoen mezua.

Euskaltzaindiaren webguneak 63.733 bisita izan zituen otsailean. Webguneko orriek 340.402 bistaratze izan zituzten hil berean.

Ohi bezala, Akademiaren webgunean gehien bisitatutako edukiak Euskal Onomastikaren Datutegia eta Hiztegi Batua izan ziren. Hauek dira datuak:

1) Bisitak, guztira 63.733
2) web-orrialde bistaratzeak:  
Zuzeneko sarbideak webguneko atarira 12.175
Hiztegi Batua 109.053
Euskaltzaindiaren Arauak

8.024

OEH (Orotariko Euskal Hiztegia) 42.128
JAGONET zerbitzua 5.567
EODA (Euskal Onomastikaren Datutegia) 95.413
Argitalpenen Katalogoa 3.126
Plazaberri bloga (atariaz gainekoak) 7.618
Beste guztiak 57.298
Web-orrialde bistaratzeak, guztira 340.402

 

Urtero Larry Trask hizkuntzalariaren omenez eskaintzen du Erresuma Batuko Birminghameko Unibertsitateak euskal munduari buruzko hitzaldi bat. Trask Birminghamen inoiz irakaslea izan ez bazen ere, alargunak bere euskal paperak han utzi ditu gordailuan, Birminghamek urteotan euskara klaseak eta euskal kulturari buruzkoak eskaini ditu eta. Hitzaldi-sorta horretan aurtengoa izan da hirugarrena.

Oraingoan Euskaltzaindiko Euskararen Historia Sozialaren egitasmoan lan egiten duen Nick Gardner gonbidatu dute, Unibertsitatearen izenean, ikasketa hispanikoetan goi-irakaslea den Aengus Ward-ek eta bertako euskal ikasketen hizkuntza-tutorea den Gorka Mercerok. Martxoaren 4an Gardner-ek bi orduko mintegia eman zien gaztelania filologiako ikasleei, oinarriz Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemaren euskalduntzeaz, Euskaltzaindiari buruz ere hainbat azalpen emanez. Ondoko egunean Trasken oroimenez eman zuen euskararen estatusari buruzko hitzaldi irekia.

Nick Gardner: "In memory of R. L. Trask" (PDF, 233,13 KB)

Joan den larunbatean, martxoaren 16an, Mauleko II. Libürüaren Egüna egin zen. Euskaltzaindiak parte hartu zuen, eta saltoki bat jarri. Bertan, nobedadeez gain, Zuberoako hainbat gai jasotzen duten liburuak erakutsi zituen Akademiak.

Aurtengo edizioaren gai nagusia emakumea eta literatura izanik, gai honen inguruan ekitaldi ugari egin ziren egun osoan zehar. Miren Agur Meabe idazle eta euskaltzain urgazleak olerki batzuk irakurri zituen, eta mahai-inguru batean hartu zuen parte. Jean-Baptiste Coyos eta Jean-Louis Davant euskaltzain osoak Libürüaren Egünean izan ziren, eta Andres Urrutia euskaltzainburua ere Maulera joan zen.

Aurten beteko da Iñaki Eizmendi Manterola “Basarri”-ren jaiotzaren mendeurrena. Horren haritik, bertsolari, kazetari eta ohorezko euskaltzaina izan zenaren omenezko egitarau zabala prestatu dute hainbat erakundek, urte osoan zehar egiteko. Apirilean hasi eta azaroa bitartean burutuko da egitaraua, eta, besteak beste, hitzaldiak eta bertso saioak egingo dira. Azaroan izango dira ekitaldi garrantzitsuenak: Basarriri buruzko erakusketa eta "Basarritik Azken Portura" jaialdia. Hilaren 28an, Euskaltzaindiaren Herri Literatura batzordeak ageriko ekitaldi bat egingo du, eta 29an Akademiak Osoko Bilkura egingo du Zarautzen.

Horren guztiaren aurkezpena atzo, martxoaren 14an, egin zen Zarautzen. Bertan, "Basarri" omendu nahi duten erakunde guztietako ordezkariak izan ziren: Gari Berasaluze Zarauzko Udaleko Kultura zinegotzia; Garazi Lopez de Etxezarreta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria; Iñaki Murua Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko presidentea; Jose Maria Arrazola Eusko Ikaskuntzako Gipuzkoako presidenteordea; Iñigo Manzisidor "Motxian" Bertso Eskolako zuzendaria; Zarautz Abesbatzaren ordezkariak; eta "Basarri"-ren senitartekoak. Euskaltzaindiaren izenean Andoni Sagarna Gipuzkoako ordezkaria izan zen.

 

Datorren larunbatean, martxoaren 16an, II. Libürüaren Egüna egingo da Maulen. Hiri horretako Herriko Etxeak antolaturik, aurtengo gai nagusia "Emazteak eta libürüak" da, eta goizeko 10:00etatik aitzina egongo da zabalik, Jaï-Alaïan. Idazleek, argitaletxeek edota liburu-dendek euren mahaiak izango dituzte. Orotara, 71  mahai izango dira. 

Euskaltzaindiak ere saltokia jarriko du, eta Zuberoarekin lotura duten argitalpen batzuk eramango ditu, horien artean Txomin Peillenen Biziaren hiztagiaz eta Jon Mirande, olerkaria; Jean Haritschelharren L'œuvre poétique de Pierre Topet-Etchahun; Jean-Louis Davanten Zuberoako literatuaz; edota Junes Casenaveren Xiberoko antzertia edo pastorala. Euskaltzaindiaren Hiztegia, EHHAko liburukiak eta Euskaltzaindia eta Ipar Euskal Herria liburuxka ere erakutsiko ditu Akademiak. Bestalde, euskaltzain hauek bertan izango dira: Jean-Baptiste Coyos, Jean-Louis Davant eta Txomin Peillen euskaltzain osoak, eta Miren Agur Meabe euskaltzain urgazlea.

Libürüaren Egünaren egitaraua (PDF, 1,78 MB)

Gaur, martxoaren 13an, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan, Akademiak eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioak antolatzen dituzten Resurreccion Maria Azkue Literatura Sariak banatu dira. Sariak Gorka Martinez BBK Fundazioko buruak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak eman dituzte.

Hauek dira 2012ko saridunak:

A mailan, narrazioan: lehen saria: Gauza txikiak, Izar Foroni; bigarren saria: Altxa porru!, Iñaki Arizmendi; hirugarren saria: Bizi berri baten bila, Uxue Imaz.

A mailan, poesian: Ez da lanik aurkeztu.

B mailan, narrazioan: lehen saria: Metamorfosia, Garazi Mugarza; bigarren saria: Goian bego, Markel Txasko; hirugarren saria: 06:18, Maialen Akizu.

B mailan, poesian: lehen saria: Agerraldi perfektuenetan, Eider Perez; bigarren saria: Baztertutako zapata gehiago egon ez dadin, Maialen Elortza; hirugarren saria: Tangoaren eskean, Eider Perez.

Bestalde, epaimahaikoaren gomendioz, lan sarituez gain, ondoko lanak ere argitaratuko dira: Maialenen egunerokoa, Nerea Urrestilla; Abestia , Ana Zubiaurre; Errespetua, Olatz Erkoreka; eta Pierre Heme, Jon Foruria.

Euskaltzaindira maiz bisitari ospetsuak etortzen dira, baina ez dira ohikoak izaten, gaur, martxoak 12, izan dugunaren mailakoak. Nina Pacari andrea, Ekuadorko epailea da, nazioz eta hizkuntzaz kitxuarra, eta oso interesaturik dago Amerikako jatorrizko herrien kultura eta hizkuntzez. Euskal Elizbarrutietako Misioek gonbidaturik, gaur arratsean Bilbon Plaza Barrian 4, 1ºan hitzaldi bat emango du 19,30etan, “Sumak Kawsay, bizia izan dezagun” izenpean, Amerikako indigenen mundu-ikuskeratik bertako espiritu-balioak ezagutarazteko.

Bilbora egindako bisita honetan, Euskaltzaindia ere ezagutu nahi izan du, beraren helburuak, antolaketa, egiteko nagusiak eta baliabideak. Horretarako gaur, goizeko hamar eta erdietan Euskaltzaindira etorri eta Xabier Kintana, Akademiaren idazkariaren eskutik, gure hizkuntzaren egoitza erakutsi eta, laburki, gure hizkuntzaren erakunde nagusiaren historia eta aspaldian betetzen ari den zeregin garrantzitsuenak azaldu dizkio: ortografia arautu, hizkuntzaren batasuna, morfologia, gramatika eta hitz sorkuntza, lexikologia, hizkuntza-atlasa, corpusak, lexiko-behatokia, dialektologia eta herri-hizkerak etab.

Martxoaren 8an eta 9an, Xèrican (Castelló) izan diren VII. Onomastika Jardunaldietan hartu du parte Euskaltzaindiko Onomastika zerbitzuak. Mikel Gorrotxategi zerbitzuko arduraduna Euskal Herriko toponimiaren normalizazioaz mintzatu zen, bereziki erdaldundutako eremuetako toponimoen arautze lanaz.

"Problemas de normalización de topónimos en zonas castellanizadas: de Larriñeta (Las Heras) a La Reineta" izeneko hitzaldiaren barruan, Onomastika zerbitzuaren gidaritzapean egiten diren ikerketez ere aritu zen hizlaria.

Mikel Gorrotxategi: "Problemas de normalización de topónimos en zonas castellanizadas: de Larriñeta (Las Heras) a La Reineta"" (PDF, 7,15 MB)

Datorren asteazkenean, martxoaren 13an, 2012ko Resurreccion Maria Azkue sariak banatuko dituzte Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioak eta Euskaltzaindiak. Goizeko 11:30ean egingo da sari banaketa, Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan, eta edizio honetako irabazleak bertan izango dira.

Bi erakundeok antolatzen dituzten sari hauek, idazle gazteak literatura mundura erakartzea dute xede. Bi genero saritzen dira Azkue Sarietan: narrazioa eta olerkia. Genero bakoitzak bi maila ditu: A maila, 11 eta 14 urte bitarteko gazteentzat; eta B maila, 15 eta 18 urte bitartekoentzat. 

Bilboko, Donostiako eta Gasteizko Elizbarrutiek eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena izenpetu dute euskal onomastikaren eremuan elkarrekin aritzeko. Hitzarmena, Mario Iceta Bilboko gotzainak, Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak, Miguel Asurmendi Gasteizko gotzainak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak izenpetu dute.

Otsailaren 7an sinatutako hitzarmenaren xedea euskal deituren grafia finkatzea da. Horretarako, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko Elizbarrutiei dagozkien parrokietako sakramentu liburuetako deituren aldaerak erabiliko dira iturri gisa. Aipatu deiturak datutegietara atera dira eta Elizbarruti bakoitzak bereak ditu ikusgai bere web-ean, eta Irargi-ren web-ean hirurenak, hiru Elizbarrutiek Eusko Jaurlaritzaren Kultura Departamentuarekin izenpetu duten hitzarmenari esker. Sail honetako liburu zaharrenak XV. mendekoak dira eta bertan, besteak beste, gure arbasoen euskal deitura asko jasotzen dira. Denboran zehar deituren idazkera bera aldatzeaz gain, gaztelaniazko grafia erabili izan da berauek idazteko garaian, eta, horren ondorioz, deiturak, sarritan, itxuraldaturik ageri dira.

UZEIren eta Euskaltzaindiaren arteko hitzarmena sinatu ostean, Hiztegi Batuaren azken bertsioa, gaur bertan sarean jarri dena, aurkeztu du Akademiak. Euskaltzaindiak arautu dituen 42.940 forma, erabiltzaile guztien esku jarri dira Akademiaren webgunearen bitartez, hemen. Andoni Sagarna eta Miriam Urkia Euskaltzaindiko Hiztegi Batuko lantaldeko kideek aurkeztu dute Hiztegi Batuaren azken bertsioa.

Hiztegi Batua bi alditan egin du Euskaltzaindiak. Lehen itzulia 2000. urtean amaitu, eta lehen argitaraldia kaleratu zuen paperean, 20.000 euskal hitzen forma arautuekin. Hori Hiztegi Batuaren lehen itzuliaren bukaera izan zen. Ordutik hona, bigarren itzulian, forma gehiago arautzen joan da, eta emaitzak paperezko beste bi argitaralditan ematen, azkena 2010ean.

Oraingoan, 2012. urtearen bukaera arte, bigarren itzulia osatuz, arautu dituen forma guztiak jarri ditu Akademiak bere webgunean. Guztira 42.940 forma ditu orain Hiztegi Batuak (36.843 sarrera eta 6.097 azpisarrera), paperezko azken bertsioak baino 2.763 sarrera eta 508 azpisarrera gehiago.

Gaur, martxoaren 6an, UZEIk eta Euskaltzaindiak bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute Donostian, Luis Villasante Euskararen Ikergunean. UZEIren izenean Jon Etxabe presidenteak sinatu du, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak.

Euskaltzaindiaren eta UZEI elkartearen arteko harremana 1986an hasi zen, eta hainbat eginkizunetan gauzatu da: hiztegigintzan (Hiztegi Batuaren prestalaneko fase guztietan eta batzorde eta lantaldeetako kide gisa) eta corpusgintzan (XX. mendeko Euskararen Corpus Estatistikoaren osaera-fase guztietan eta Lexikoaren Behatokian). Hala, bada, gaur sinatu den lankidetza-hitzarmenaren bidez, bi erakundeok aipatu elkarlana indartu eta areagotu nahi dute, betiere euskararen jakitean, erabileran zein haren aldeko sustapenaren ikerketan, dibulgazioan eta sentiberatzean egitasmoak partekatzeko asmoz. Bost urteko iraupena izango duen hitzarmenak jasotzen duen legez, bi erakundeon arteko elkarlana euskararen corpusa eguneratzeko, mantentzeko, gizarteratzeko eta erabiltzaileen beharretara egokitzeko proposatzen diren egitasmoen inguruabarrean gauzatuko da.

Horiek horrela, bi erakundeek berariaz adostu dute, XX. Mendeko Euskararen Corpus Estatistikoa (ECE), Hiztegi Batu Oinarriduna (HBO), Lexikoaren Behatokia (LEBE) eta Hiztegi Batuko lantaldean lankidetzan aritzea.

Martxoaren 6an, UZEIren eta Euskaltzaindiaren arteko hitzarmena sinatu ostean, Hiztegi Batuaren azken bertsioa, egun horretan sarean jarriko dena, aurkeztuko du Akademiak. Hala, Euskaltzaindiak arautu dituen 42.942 forma eskainiko dira Akademiaren webgunean, asteazkenetik aurrera.

Hiztegi Batuaren paperezko azken edizioa 2010. urtean argitaratu zen. Une horretan, Hiztegi Batuaren bigarren itzulia egiten ari zen Akademia, eta, aldiro-aldiro, onartu ahala, bigarren itzuli horren hitz-zerrendak txertatzen zituen Hiztegi Batuan.

Orain, bigarren itzulia amaitu da. Eta, hain zuzen ere, bigarren itzulia bukatutzat ematen duen azken bertsioa aurkeztuko da asteazkenean. Euskaltzaindiak arautu dituen 42.942 forma (36.843 hiztegi-sarrera eta 6.097 azpisarrera) erabiltzaile guztien esku jarriko dira, Akademiaren webgunean. 2010etik hona, 2.763 sarrera eta 508 azpisarrera gehiago eskaintzen ditu azken bertsioak.

Andoni Sagarnak eta Miriam Urkiak aurkeztuko dute Hiztegi Batuaren azken bertsioa. Xabier Kintana, Miren Azkarate, Pello Salaburu, Patxi Uribarren eta Ibon Sarasola Hiztegi Batua (2. itzulia) Batzorde Ahaldunduko kideak ere aurkezpenean izango dira.

Datorren asteazkenean, martxoaren 6an, UZEIk eta Euskaltzaindiak bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena sinatuko dute. UZEIren izenean Jon Etxabe presidenteak sinatuko du, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak. Sinatze ekitaldia goizeko 11:30ean izango da, Donostian, Luis Villasante Euskararen Ikergunean.

Hitzarmen horrek UZEIren eta Euskaltzaindiaren arteko elkarlana sendotzea du helburu, betiere euskararen jakitean, erabileran zein haren aldeko sustapenaren ikerketan, dibulgazioan eta sentiberatzean egitasmoak partekatzeko asmoz. Euskaltzaindiaren eta UZEI elkartearen arteko harremana 1986an hasi zen, eta hainbat eginkizunetan gauzatu da, hiztegigintzan zein corpusgintzan. Hitzarmenak jasotzen duenez, bi erakundeek XX. Mendeko Euskararen Corpus Estatistikoa (ECE), Hiztegi Batu Oinarriduna (HBO), Lexikoaren Behatokia (LEBE) eta Hiztegi Batuko lantaldean lankidetzan arituko dira.

 

uzei

2013ko otsailaren 28an eginiko osoko bilkuran, udalerria Sopela (Bizkaia) deitzeko prozesua abian jartzea erabaki du.

1979an, Koldo Mitxelenaren gidaritzapean, Euskaltzaindiak argitara eman zuen Euskal Herriko Udalen Izendegian jasotzen da Sopela dela herri horren euskal izena. Horiek horrela, 1987an udalari igorritako agiri batean, 1997an Euskaltzaindiaren Euskera agerkarian argitaraturiko irizpidean eta 2005ean emandako 145. arauan -Bizkaiko Herri Izendegia- izen hori ageri da.

Sopela izena ahoz jasotzeaz gain, bertako toponimian ere bildu da Sopelabaso leku izen ezagunean. Era berean, XIX. mende arte deitura moduan ere erabilia izan zen.

Otsailaren 28ko osoko bilkurak gehiengo osoz harturiko erabakia, 2012ko azaroan hasitako bidean beste urrats bat izan da. Izan ere, orduan, Udalak Euskaltzaindiari Sopelako izenaren inguruko txostena eskatu zion. Harrezkero, urtarrilean egindako Euskara, Hezkuntza eta Kultura Batzordean, Euskaltzaindiak izenari buruzko argibideak eman zituen. Batzorde horretan, Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkariak eta Mikel Gorrotxategi Onomastika zerbitzuburuak parte hartu zuten.

Euskaltzaindiaren txostena, Sopela izenari buruz. (PDF, 4,63 MB)

Adolfo Arejita da Euskaltzaindiaren ordezkari berria EITBren Administrazio Kontseiluan. Gaur, otsailaren 28an, Eusko Legebiltzarrak EITBren Administrazio Kontseilua eraberritu du, eta, beste guztiekin batera, Euskaltzaindiaren ordezkaria onartu. Akademiako Zuzendaritzak, Arautegiak eta Barne-erregelek ezarririko prozedura eta arauak betez, otsailaren 7an Gasteizen eginiko bilkuran, erabaki zuen Eusko Legebiltzarrari Adolfo Arejita Oñarte-Etxebarria euskaltzaina eta Iker sailburua EITBren Administrazio Kontseilurako proposatzea.

EITBren Administrazio Kontseilua 19 kidez osatua da. Haietarik 15, alderdi politikoek proposatutako kideak dira eta gainerako lauak Euskaltzaindiak, Eusko Ikaskuntzak, EHUk, Euskalerriaren Adiskide Elkarteak, sindikatuek eta kontsumitzaileen elkarteek proposatzen dituztenen artean aukeratzen dira.

Euskaltzaindiaren aurreko ordezkaria EITB Administrazio Kontseiluan Jose Luis Lizundia euskaltzaina izan da.

 

Berrizko toponimia-mapa kaleratu da. Otsailaren 20an Udaletxean eginiko ekitaldi batean, 2008az geroztik egin den ikerketaren emaitza jasotzen duen mapa toponimikoa aurkeztu zen, eta herritar guztien eskura jarri. Aurkezpena hauek egin zuten: Rolando Isoird alkateak, Jon Ander Ramos ikertzaileak eta Mikel Gorrotxategi Euskaltzaindiaren Onomastika Zerbitzuko arduradunak.

640tik gora izen jaso dituen mapa hau prozesu luze baten lehenengo emaitza baino ez da. Datozen asteetan, Udalak 19 panel ipiniko ditu auzoetako hainbat puntutan, baserrien izen normalizatuekin. Geroago Gpsren bidez etxe guztietara heltzeko aplikazio bat jarriko da herritar eta erabiltzaileen esku. Izenen ahozko formak eta esanahiaren azterketa ere batu dira ikerketan, eta aurrerantzean liburu bat plazaratzea aztertzen ari da.

Otsailaren 21ean, Karmele Jaiok eta Mikel Urdangarinek eman zuten Obabakoak nobelari buruzko jardunaldien hirugarren eta azken hitzaldia, otsailaren 21ean. Bernardo Atxagaren eleberriari eskainitako jardunaldiok Bilbo Zaharra Forumak antolatu ditu.

Jardunaldi horien lehenengo hitzaldia otsailaren 14an izan zen, eta Kirmen Uribek eta Juan Carlos Perezek eman zuten; bigarrenean, otsailaren 19an, Eider Rodriguez eta Andoni Egaña aritu ziren.

Klasikoen 6. irakurraldi jarraitua ekainaren 20an egingo da, Bilboko Arriaga Antzokian, goizeko 08:00etatik iluntzeko 20:00etara.

Euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez gain, Euskal Onomastikaren Datutegia (EODA) eta Akademiaren Argitalpen Katalogoa ingelesez ere kontsulta daitezke Euskaltzaindiaren webgunean, gaurtik aurrera.

EODA deitutako datu-basean, Euskaltzaindiaren Onomastika batzordearen lanak biltzen dira. Lanok lau multzo nagusitan banatzen dira: pertsona-izenak, deiturak, toponimia (leku-izenak) eta exonimia (Euskal Herritik kanpoko leku-izenak).

Argitalpen katalogoa liburuz eta aldizkariz osatua dago. Kontsulta egiterakoan, liburu guztien oinarrizko informazioa eskaintzen da: egilea, bilduma, editorea, hizkuntza, prezioa eta gaia. Katalogoa gaika antolatu da: Euskaltzaindiaren agerkari ofiziala: Euskera; euskal literatura klasikoa; Linguistika; Soziolinguistika; Onomastika eta Toponimia; hiztegiak eta izendegiak; Gramatika arloa; euskaraz trebatzeko irakurgaiak; Dialektologia; Euskaltzaindiaren lan instituzionala; sarituriko literatura lanak (BBK-Euskaltzaindia); katalogoak; euskal aditzarekiko ikerketak (Pedro Irizar); eta bestelakoak.

Datorren ostegunean, otsailaren 28an, Euskera agerkariari buruzko inkesta erantzuteko epea amaituko da. Hurrengo egunetik aurrera, bildutako datuak aztertzen eta ikertzen hasiko da Euskaltzaindia. Beraz, inkesta oraindik bete ez baduzu, ostegunera arte baduzu aukera.

Inkesta laburra da, bost minututan erantzuteko modukoa. Betetzeko sakatu hemen.

Euskera agerkariaren bitartez helburu bikoitza gauzatu nahi du Euskaltzaindiak. Alde batetik, bere jardun akademikoaren berri eman, eta, bestetik, euskararen alorreko ikerketa bultzatu. Asmo honi atxikiz, eta teknologia berriak ematen dituzten aukerak baliatuz, gure irakurleenganako harremana eta irisgarritasuna sustatu nahi ditugu. Hargatik, Euskaltzaindiak, agerkariarekin lotutako gai zehatz batzuekiko irakurleek duten iritzi ezagutu nahi izan du: Euskera agerkariak argitaratzen dituen edukiei buruzko balioespena; agerkaria bera, etorkizunean zer euskarritan argitaratu behar den; prezioa egokia den; Euskaltzaindiko webgunean ematen zaion tratamendua egokia den; eta, oro har, irakurleak interesgarri deritzon beste edozein alorren gaineko iritzia.

Joan den ostiralean, otsailaren 22an, Euskaltzaindiak Bilbon egin zuen osoko bilkuran, 14 euskaltzain urgazle berri izendatu zituen.

Akademiaren Arautegia eta Barne-Erregelak oinarritzat harturik, Euskaltzaindiak aldiro-aldiro izendatzen ditu euskaltzain urgazle berriak. Hala, 2006an maiatzean izendatu zituen azken aldiz urgazle berriak. Orduan esparru ezberdinetako 35 pertsona izendatu ziren: zientzia, hizkuntzalaritza, irakaskuntza, kazetaritza, bertsolaritza, itzulpengintza, bibliotekonomia edota literatura arlokoak.

Oraingo honetan, Akademiaren batzorde akademikoetan lanean ari diren pertsonak izendatu dira. Guztiak dira batzorde horietako kide, gutxienez 2005. urtetik.

Hauek dira euskaltzain urgazle berriak: Iñaki Aldekoa, Kaxildo Alkorta, Iñaki Amundarain, Nagore Etxebarria, Beatriz Fernandez, Juan Garzia, Antton Gurrutxaga, Patxi Juaristi, Gerardo Luzuriaga, Elena Martinez de Madina, Felix Mugurutza, Manu Ormazabal, Erramun Osa eta Iratxe Retolaza.

Gaur egun, 146 euskaltzain urgazle ditu Euskaltzaindiak.

Kaxildo Alkorta 003 Amundarain Iñaki Nagore Etxebarria2 fernandez beatriz
Juan Garzia Antton Gurrutxaga Patxi Juaristi Gerardo Luzuriaga Elena Martínez de Madina
Felix Mugurutza Manu Ormazabal Erramun Osa Iratxe Retolaza

Gaur, otsailaren 22an, Koldo Mitxelenaren zinema- eta liburu-kritiketako diskurtso-estrategiak: enuntziatu parentetikoak liburua aurkeztu dute Mondragon Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak. Liburuaren egilea Agurtzane Azpeitia da, eta 2010ean aurkeztu zuen doktore tesiaren bertsio ukitua eta laburtua da. Tesiaren zuzendaria Elixabete Pérez Gaztelu euskaltzain urgazlea izan zen. Azpeitia eta Pérez Gaztelu, biak izan dira gaurko aurkezpenean, eta haiekin batera argitalpena sustatu duten bi erakundeotako buruak: Andres Urrutia euskaltzainburua eta Iosu Zabala Mondragon Unibertsitateko errektorea. Liburua Akademiaren Iker bildumaren 29. zenbakia da.

Koldo Mitxelenaren zinema- eta liburu-kritiketako diskurtso-estrategiak: enuntziatu parentetikoak, 2010ean, Agurtzane Azpeitiak aurkeztutako tesiaren bertsio ukitua eta laburtua da. Tesi horren helburua hau da: Koldo Mitxelenak bere diskurtsoa modu komunikagarri batean atontzeko darabiltzan zenbait diskurtso-baliabide edo estrategia aztertzea: “egitura parentetikoak”, edota zenbait autorek “intziso” edo “tarteki” izendatu izan dituztenak, hain zuzen. Agurtzane Azpeitiaren hitzetan, “esatariak norentzakoari, edo mezua irakurtzean buruan zuen irakurle potentzialari, egiten dizkion keinuak dira enuntziatu parentetikoak, testutik bertatik mezuaren interpretazioa (nora)bideratu eta gidatzeko erabiltzen dituenak. Esatariaren helburua da bere intentzioa norentzakoak atzematea eta horretarako ahalegin handiak egingo ditu, norentzakoarekin konplizitatezko harremana sortzeaz gain, bere enuntziatua modalizatu, birformulatu eta testuinguruan kokatzen”.

Otsailaren 19an, Euskaltzaindiaren aretoan, Eider Rodriguezek eta Andoni Egañak eman zuten Bernardo Atxagaren Obabakoak nobelari buruzko jardunaldien bigarren hitzaldia. Jardunaldiok Bilbo Zaharra Forumak antolatu ditu, "Plagioa vs originaltasuna" izenburupean.

Jardunaldi horien hurrengo saioa gaur, otsailaren 21ean, izango da, iluntzeko 19:00etan. Karmele Jaiok eta Mikel Urdangarinek hitz egingo dute Atxagaren lanari buruz. Ziklo honen lehen hitzaldia otsailaren 14an izan zen, eta Kirmen Uribek eta Juan Carlos Perezek eman zuten.

Datorren ostiralean, otsailaren 22an, Agurtzane Azpeitiaren Koldo Mitxelenaren zinema- eta liburu-kritiketako diskurtso-estrategiak: enuntziatu parentetikoak liburua aurkeztuko da Euskaltzaindiaren egoitzan, goizeko 11:30ean. Liburua Akademiaren Iker bildumaren 29. zenbakia da, eta Mondragon Unibertsitatearen eta Akademiaren arteko hitzarmenari esker argitaratu da.

Koldo Mitxelenaren zinema- eta liburu-kritiketako diskurtso-estrategiak: enuntziatu parentetikoak, 2010ean, Agurtzane Azpeitiak aurkeztutako tesiaren bertsio ukitua eta laburtua da. Elixabete Pérez Gazteluk zuzendaritzapean egindako tesi horren helburua hau da: Koldo Mitxelenak bere diskurtsoa modu komunikagarri batean atontzeko darabiltzan zenbait diskurtso-baliabide edo estrategia aztertzea: “egitura parentetikoak”, edota zenbait autorek “intziso” edo “tarteki” izendatu izan dituztenak, hain zuzen. Agurtzane Azpeitiaren hitzetan, “esatariak norentzakoari, edo mezua irakurtzean buruan zuen irakurle potentzialari, egiten dizkion keinuak dira enuntziatu parentetikoak, testutik bertatik mezuaren interpretazioa (nora)bideratu eta gidatzeko erabiltzen dituenak”.

Liburuaren aurkibidea (PDF, 89,66 KB)

Bihar, otsailaren 20an, Berrizko (Bizkaia) udalerriko toponimia-mapa aurkeztuko da. Lanerako, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak utzitako datu-basea abiapuntua izan bada, Jon Ander Ramos jaunak egin zuen toponimia ikerketa erabili izan da osatzeko. Lan osoa Onomastika zerbitzuaren arduraduna den Mikel Gorrotxategiren gidaritzapean egin izan da. Biharko aurkezpenean biek hitz egingo dute eta egindakoaren nondik norakoa azalduko. Ramos eta Gorrotxategirekin batera, Rolando Isoird alkatea ere mintzatuko da aurkezpenean.

Urteetako lana izan da, eta galdutako izen asko berreskuratu ditu ikertzaileak. Izenen egokitasuna aztertzeko landa lanaz gain, jende aurreko aurkezpena egin da. Izan ere, 2010eko abenduan, bildutako izen guztiak mapa eta argazkietan kokatu, eta erakusketa bat egin zen, jendeari zuzenketak edo beste ekarpenak egiteko aukera emateko. Horretaz gain, baserri izenen inguruko zalantzak argitzeko gutunak igorri zaizkie jabeei.

Aurkezpen-ekitaldia Udaletxean egingo da, bihar, goizeko 11:30ean.

Bernardo Atxagaren Obabakoak eleberria da protagonista, Bilbo Zaharra Forumak aurten antolatu dituen jardunaldietan. Jardunaldi horiek ikasturte osoan zehar burutuko dira. Bigarren hiruhilekoaren egitarauari dagokionez, "Plagioa vs originaltasuna" izenburua du eta otsailaren 14an hasi zen. Egun horretan, Kirmen Uribe eta Juan Carlos Perez mintzatu ziren.

Hurrengo saioa bihar, otsailaren 19an, izango da, iluntzeko 19:00etan, Euskaltzaindiaren egoitzan. Eider Rodriguez eta Andoni Egaña arituko dira.  Otsailaren 21ean, Karmele Jaioren eta Mikel Urdangarinen txanda izango da.

Jardunaldiei amaiera emateko, Klasikoen 6. irakurraldi jarraitua egingo da, ekainaren 20an, Bilboko Arriaga Antzokian, goizeko 08:00etatik iluntzeko 20:00etara.

 

Atzo, otsailaren 14an, Amurrio (Araba) udalerriko toponimia-mapa aurkeztu zen, herri horretako Katekesi aretoan. Aurkezpena Josune Irabien Amurrioko alkateak, mapa egin duen Aialur enpresako Nerea Garaiok eta Felix Mugurutza Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko kideak egin zuten. Ekitaldian, Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkaria eta Mikel Gorrotxategi Onomastika batzordeko idazkaria ere izan ziren, baita Federiko Barrenengoa zenaren senitartekoak ere. Amurrioko euskal toponimia berreskuratzeko eratu zen lehenbiziko batzordeko kidea izan zen Barrenengoa, eta Euskaltzaindiko Onomastika batzordearekin batera, herri horretako toponimia finkatze-lanetan lan handia egin zuen

Hala, bada, Barrenengoak berak eta Jose Antonio Gonzalez Salazarrek bildutako toponimoez osatutako datu-basea, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak utzitakoa, izan da lanaren abiapuntu nagusia. Amurrioko 1.400 leku baino gehiago bildu dira atzo aurkeztutako mapan, 900 toponimotik gora.

Euskaltzaindiaren webguneak 70.548 bisita izan zituen urtarrilean. Webguneko orriek 379.478 bistaratze izan zituzten hil berean.

Ohi bezala, Akademiaren webgunean gehien bisitatutako edukiak Euskal Onomastikaren Datutegia eta Hiztegi Batua izan ziren. Hauek dira datuak:

1) Bisitak, guztira 70.548
2) web-orrialde bistaratzeak:  
Zuzeneko sarbideak webguneko atarira 13.732
Hiztegi Batua 124.179
Euskaltzaindiaren Arauak 8.402
OEH (Orotariko Euskal Hiztegia) 40.400
JAGONET zerbitzua 6.294
EODA (Euskal Onomastikaren Datutegia) 117.989
Argitalpenen Katalogoa 3.719
Plazaberri bloga (atariaz gainekoak) 8.281
Beste guztiak 66.482
Web-orrialde bistaratzeak, guztira 379.478

 

Euskaltzaindiak, aurrez beste liburutegi batzuekin egin izan duen bezala, liburu dohaintza egin dio Dimako Udal Bibliotekari.

Dimako Biblioteka, urtetan itxita egon ondoren, berriro martxan jarri da herritar talde baten eskutik. Ideia kultur batzordetik sortu zen. Ondoren, herritarren elkarlanari esker, herri-eskolako umeak barne, lokala txukundu, bildumak berrantolatu eta urtarrilaren 7an, Udal Biblioteka berriak ateak ireki zituen.

Hala ere, Bibliotekako euskara arloa ez zegoen behar bezala hornitua, eta bertako arduradunak harremanetan jarri ziren Euskaltzaindiarekin. Akademiak, helburu horri atxikiz, gramatika eta euskal literatura arloko argitalpenak eman dizkio Bibliotekari.

Mondragon Unibertsitateak (MU) eta Euskaltzaindiak testuak eraikitzeko estrategiez jabetzeko ikastaroa antolatu dute 2012-2013 ikasturte honetarako. Ikastaroak iaz kaleratutako Hitz-ordena. Erabilera estrategikoa liburua du abiapuntu. Liburu hori Euskaltzaindiak argitaratu zuen, Akademiaren Corpus batzordeak landu, eta Pello Esnal batzordekideak koordinatu. Esnalek berak emango du ikastaroa, bi egunetan: gaur, otsailaren 13an, egin da lehen saioa; bigarrena, otsailaren 25ean izango da.

Euskara kalitatez erabiltzea erronka garrantzitsua da Mondragon Unibertsitateko irakasle, langile eta ikasleentzat. Kezka horri erantzunez, urteetan zehar euskararen kalitatea hobetzeko ikastaroak antolatu dira hainbat adituren eskutik eta alor desberdinak jorratu izan dira: euskara zientifiko-teknikoa, Euskaltzaindiaren arauak, hizkuntza-baliabideak interneten, e.a. Orain, euskarazko testuak ekoizten dituzten irakasle eta ikertzaileen artean Unibertsitateko testuak sortzeko idazkeran sakondu beharra sumatzen denez, Unibertsitateko arduradunek egoki ikusi dute Pello Esnalek Hitz-ordena: erabilera estrategikoa bere liburuan oinarritutako ikastaroa izatea.

Duela bost urte Axularren Gero, duela lau Mogelen Peru Abarca, duela hiru Jon Miranderen Haur besoetakoa, duela bi Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso, iaz Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox eta ikasturte honetan Bernardo Atxagaren Obabakoak. Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatzen duen Klasikoen VI. irakurraldi etenik gabea ekainaren 20an egingo da, Bilboko Arriaga Antzokian, goizeko 08:00etatik iluntzeko 20:00etara.

Bilbo Zaharra euskaltegiko ikasle-irakasleak oso pozik daude, eta harro, "Klasikoen irakurraldi etenik gabea" ekimena gero eta indar handiagoa hartzen ari delako eta, horrenbestez, pixkanaka-pixkanaka, euren helburua -klasikoen balioak eta gaurkotasuna aldarrikatzea, alegia- betetzen ari direlako.

Bilbo  Zaharra Forum azroak 21 012 bilbo zaharra forum azaroak 22 019

Datorren ostegunean, otsailaren 14an, Amurrio (Araba) udalerriko toponimia-mapa aurkeztuko da. Lanerako, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak utzitako datu-basea izan da abiapuntu nagusia. Berau, batik bat, Federiko Barrenengoa (1916-2005) euskaltzain ohorezkoak eta Jose Antonio Gonzalez Salazarrek bildutako toponimoez osatuta dago. Halaber, bestelako ekarpenak egin izan dira, landa-lanari eta herritarrentzako erakusketei esker.

Maparen edizioa Amurrioko Aialur enpresak egin du eta bere argitalpenerako Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzaz baliatu da Amurrioko Udala. Euskaltzaindiak, mapan islatutako toponimoen kalitate linguistikoa bermatzeko lanak egin ditu, Eudelekin duen lankidetza-hitzarmenari esker.

Aurkezpen-ekitaldia Katekesi aretoan (Araba kalea, 10) egingo da, arratsaldeko 18:30ean, eta hauek hartuko dute parte: Josune Irabien Amurrioko alkateak; mapa egin duen Aialur enpresako Nerea Garaiok; eta Felix Mugurutza Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko kideak, Akademiaren izenean. Mugurutzak toponimiaren eta bere normatibizazioaren garrantziaz jardungo du, tokiko toponimiako hainbat kasurekin ilustratuz.

1995eko apirilaren 28an eman zuen Euskaltzaindiak kanpoko leku-izenei buruzko lehen araua (32. araua: Espainiako Erresumako autonomia-erkidegoen, probintzien eta probintzia-hiriburuen izenak). Eta 2012ko urriaren 18an eman zuen azkena (172. araua: Itsaslasterren izenak, itsasgune batzuen izenak eta Antartikako toponimia).

17 urte eta erdiko tarte horretan (dena den, 1997tik 2004ra ez zen eman kanpoko leku-izenei buruzko araurik), 27 arautan mundu osoko milaka leku-izen bildu dira, hasi Euskal Herriaren ondo-ondoan daudenekin (hala nola Bearnoko Oloroe-Donamaria, Aragoiko Salbaterra Ezka edo Errioxako Nafarruri), eta Euskal Herritik ezin urrunago daudenetaraino (hala nola Zeelanda Berriko Hego uhartea, Antartikako Gilen II.aren Lurraldea edo Siberiako Kamtxatka penintsula).

Urtarrilaren 25ean, Euskaltzaindiak ageriko bilkura egin zuen Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundian, 2012an hil ziren euskaltzain hauek omentzeko:

Hona hemen Xabier Kintana euskaltzain osoak idatzitako hilberri txostena, Josu Arenazaren omenez.

Bestalde, hemen irakur daitezke Andres Urrutia euskaltzainburuak ekitaldian esan zituen hitzak.

Xabier Kintana: "Josu Arenaza Lekerikabeaskoa euskaltzain urgazlearen oroitzapenean" (PDF, 98,27 KB)

Josu Arenazaren irudiak (PDF, 12,51 MB)

Urtarrilaren 25ean, Euskaltzaindiak ageriko bilkura egin zuen Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundian, 2012an hil ziren euskaltzain hauek omentzeko:

  • Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi” (1929-2012) euskaltzain urgazlea. Jean-Louis Davant euskaltzain osoak eta Joxe Austin Arrieta euskaltzain urgazleak txosten bana irakurri zuten.
  • Karmele Esnal (1932-2012) ohorezko euskaltzaina. Miren Azkarate euskaltzain osoak irakurri zuen.
  • Josu Arenaza (1930-2012) euskaltzain urgazlea. Xabier Kintana euskaltzain osoak irakurri zuen.

Hona hemen Miren Azkarate euskaltzain osoak idatzitako hilberri txostena, Karmele Esnalen omenez.

Bestalde, hemen irakur daitezke Andres Urrutia euskaltzainburuak ekitaldian esan zituen hitzak.

 

Miren Azkarate: "Karmele Esnal Zulaika: andereño Karmele" (PDF, 150,34 KB)

Karmele Esnalen irudiak (PDF, 8,87 MB)

Urtarrilaren 25ean, Euskaltzaindiak ageriko bilkura egin zuen Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundian, 2012an hil ziren euskaltzain hauek omentzeko:

  • Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi” (1929-2012) euskaltzain urgazlea. Jean-Louis Davant euskaltzain osoak eta Joxe Austin Arrieta euskaltzain urgazleak txosten bana irakurri zuten.
  • Karmele Esnal (1932-2012) ohorezko euskaltzaina. Miren Azkarate euskaltzain osoak irakurri zuen.
  • Josu Arenaza (1930-2012) euskaltzain urgazlea. Xabier Kintana euskaltzain osoak irakurri zuen.

Hona hemen Joxe Austin Arrieta euskaltzain urgazleak idatzitako hilberri txostena, Jose Luiz Alvarez Enparantza "Txillardegi"ren omenez.

Bestalde, hemen irakur daitezke Andres Urrutia euskaltzainburuak ekitaldian esan zituen hitzak.

Joxe Austin Arrieta: "Itsasoaz honaindi" (PDF, 199,21 KB)

Jose Luis Alvarez Enparantza "Txillardegi"ren irudiak (PDF, 16,56 MB)

Urtarrilaren 25ean, Euskaltzaindiak ageriko bilkura egin zuen Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundian, 2012an hil ziren euskaltzain hauek omentzeko:

  • Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi” (1929-2012) euskaltzain urgazlea. Jean-Louis Davant euskaltzain osoak eta Joxe Austin Arrieta euskaltzain urgazleak txosten bana irakurri zuten.
  • Karmele Esnal (1932-2012) ohorezko euskaltzaina. Miren Azkarate euskaltzain osoak irakurri zuen.
  • Josu Arenaza (1930-2012) euskaltzain urgazlea. Xabier Kintana euskaltzain osoak irakurri zuen.

Hona hemen Jean-Louis Davant euskaltzain osoak idatzitako hilberri txostena, Jose Luiz Alvarez Enparantza "Txillardegi"ren omenez.

Bestalde, hemen irakur daitezke Andres Urrutia euskaltzainburuak ekitaldian esan zituen hitzak.

Jean-Louis Davant: "Txillardegi, euskara batuaren aita" (PDF, 21,54 KB)

Jose Luis Alvarez Enparantza "Txillardegi"ren irudiak (PDF, 16,56 MB)

Azken arauetan kontinenteetako leku-izen nagusiak eman ondoren (Afrikako leku-izenak 167. eta 168. arauetan; Ozeania, 169. arauan; Amerika, 170. arauan; Asia, 171. araua), munduko toponimia nagusia amaitzeko, Antartikako leku-izenak falta ziren. Haiekin batera, munduko itsaslaster nagusien eta arratzagune garrantzitsu batzuen euskarazko izenak ere landu dira, eta denak arau batean argitaratu (172. araua: Itsaslasterren izenak, itsasgune batzuen izenak eta Antartikako toponimia).

Guztira 43 itsaslaster, 4 itsasgune eta Antartikako 15 leku-izen bildu ditu arauak. Itsaslasterrak izendatzeko, irizpideak lau sailetan zehaztu dira leku-izenaren egituraren arabera (Golkoko itsaslasterra, Ipar Atlantikoko itsaslasterra; Itsaslaster Zirkunpolar Antartikoa; Humboldt itsaslasterra; Kuroshio itsaslasterra).

Itsasguneen kasuan, euskal arrantza-sektorerako garrantzia duten gune batzuk bildu dira (Box Irlandarra, Sole Handia…).

Antartikako leku-izenen kasuan, nagusi-nagusiak baino ez dira ematen (Mendi Transartartikoak, Eduardo VII.a Erregearen Lurraldea, Haakon VII.a Erregearen itsasoa…).

Jose Luis Lizundia eta Alfontso Mujika

Exonomastika batzordea

Euskaltzaindiaren "Onomasticon Vasconiae" bilduma osoa webgunean jarri du Akademiak, guztion eskuragarri. Bertan, bilduma horren barruan argitara eman diren 29 liburuak kontsulta daitezke.

Euskaltzaindiaren "Onomasticon Vasconiae" bilduman Euskal Herriko leku askotako toponimoak jaso dira. Pertsona eta leku izenen garrantziaz oharturik, Akademiak bilduma hau abian jarri zuen aspaldian, tokian tokiko izenak biltzeko, aztertzeko eta forma idatziak finkatzeko asmoz. Hala, bilduman Euskal Herriko Onomastikari buruzko ikerketak argitaratzen dira: jardunaldietako agiriak, herri edota eskualde zehatzei buruzko toponimia ikerketak, antroponimiari buruzkoak, etab.

Joan den larunbatean, urtarrilaren 26an, Hendaiako Mediatekan, Euskal Funtsaren gune berriaren aurkezpena egin zen. Jean-Baptiste Sallaberry Hendaiako auzapeza buru zela, hainbat erakundetako ordezkariak izan ziren ekitaldian. Akelarre dantza taldeak eta Txingudiko Bertso Eskolako bertsolariek parte hartu zuten, besteak beste.

Euskaltzaindiaren izenean, Xarles Videgain euskaltzainburuordea izan zen.

Gune berriari buruzko informazio gehiago eskuratzeko, sakatu hemen.

Urtarrilaren 25ean, Euskaltzaindiak ageriko bilkura egin zuen Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundian, 2012. urtean hil ziren euskaltzainak omentzeko. Ekitaldian, Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi"ren, Karmele Esnalen eta Josu Arenazaren omenezko hilberri txostenak irakurri ziren. Txostengileak hauek izan ziren: Jean-Louis Davant, Joxe Austin Arrieta -Txillardegiren omenez txosten bana idatzi zuten-, Miren Azkarate eta Xabier Kintana.

Hona ekarri ditugu Andres Urrutia euskaltzainburuak ekitaldian esan zituen hitzak.

Andres Urrutiaren hitzak (PDF,86,67 KB)

Euskaltzaindiak bere webgunearen bidez plazaratzen duen Euskal Onomastika Datutegiaren bertsio eguneratua jarri du sarean.

Euskal Onomastikaren Datutegian Euskaltzaindiaren onomastika batzordearen lanak biltzen dira. Lanok lau multzo nagusitan banatzen dira, deitura edo abizenak (Agirre, Etxebarria,...), ponte izenak (Eneko, Leire, Miren,...) eta leku-izenak, eta azken honetan era askotakoak: probintziak, eskualdeak, herriak, mendiak, ibaiak, e.a.

Gaur, urtarrilaren 25ean, Euskaltzaindiak ageriko bilkura egin du Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundian, 2012. urtean hil diren euskaltzainak omentzeko. Ekitaldian, euren omenezko hilberri txostenak irakurri dira.

Hona hemen euskaltzain omenduak eta txostengileak:

  • Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi” (1929-2012) euskaltzain urgazlea. Jean Louis Davant euskaltzain osoak eta Joxe Austin Arrieta euskaltzain urgazleak txosten bana irakurri dute.
  • Karmele Esnal (1932-2012) ohorezko euskaltzaina. Miren Azkarate euskaltzain osoak irakurri du.
  • Josu Arenaza (1930-2012) euskaltzain urgazlea. Xabier Kintana euskaltzain osoak irakurri du

Ekitaldian zehar, musika izan dute lagun bertaratutakoek. Pier Paul Berzaitz eta Joxan Goikoetxea musikariek ere hartu dute parte omenaldian eta Bitoriano Gandiagak, Beñat Sarasolak eta Xabier Letek idatzitako poema musikatuak interpretatu dituzte. Nemesio Etxanizen eta Maurice Ravelen kanta bana ere jo dute.

Mahaiburuan, Andres Urrutia euskaltzainburuarekin batera, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia izan da.

Txosten guztiak hemen argitaratuko dira datozen egunotan.

Euskaltzaindiak, eraginkortasuna sustatu eta bere bezeroei erraztasunak eman nahian, webgune bidezko argitalpenen salmentan Paypal ordainketa sistema ezarri du. Paypal Internet bidez ordaintzeko oso hedatua dagoen bitarteko azkarra eta segurua da.

Orain aldiz, Euskaltzaindiak bere katalogoko argitalpenak % 5eko beherapenarekin eskaintzen dizkio webgune bidezko erosleari. Horren adierazle, bezeroak, pantailan, argitalpenaren hasierako prezioa ezabatua, eta beherapenaren ondorengo prezioa aurkituko ditu.

Korrika 18-k euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren milaka eta milaka pertsonak omendu nahi ditu. Hala, datorren larunbatean, hilaren 26an, euskara ikasleak omenduko dituen jaia egingo da Usurbilen. Euskararen aldeko lasterketa antolatzen duen AEK-ko arduradunek horrela adierazi zuten atzo, Euskaltzaindiaren egoitzan emandako prentsaurrekoan: "Itzela da euskara ikasleek euskarari egiten dioten ekarpena. Euskalakari izateko ahaleginean euskara ikasten eta praktikatzen ari diren guztiak, euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren milaka eta milaka pertsonak omentzeko egun osoko jaia antolatu dugu larunbatean Usurbilen".

Bestalde, 25 minutuko bideo bat egin du AEK-k. Bertan, "Korrika 18ren mezua eta omenduak uztartu eta azaltzeko asmoz, euskara ikasleak solasean jarri ditugu Euskal Herriko hainbat jende ospetsurekin; euskarari buruz zein beraien zaletasunei buruz aritzeko; euskara elkarri emateko, alegia". Bideoaren zuzendaria Eriz Zapirain da.

Datorren ostiralean, urtarrilaren 25ean, Euskaltzaindiak ageriko bilkura egingo du Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundian, eguerdiko 12:00etan, 2012. urtean hil ziren euskaltzainak omentzeko.

Ondoko hilberri-txostenak irakurriko dira:

  • Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi” (1929-2012) euskaltzain urgazlea. Jean Louis Davant euskaltzain osoak eta Joxe Austin Arrieta euskaltzain urgazleak txosten bana irakurriko dute.
  • Karmele Esnal (1932-2012) ohorezko euskaltzaina. Miren Azkarate euskaltzain osoak irakurriko du.
  • Josu Arenaza (1930-2012) euskaltzain urgazlea. Xabier Kintana euskaltzain osoak irakurriko du

Euskaltzainekin batera, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia izango da ekitaldian. Pier Paul Berzaitz eta Joxan Goikoetxea musikariek ere hartuko dute parte omenaldian.

esnal karmele txikia Arenaza Josu-1 txikia

Ekitaldiaren egitaraua (PDF, 45,11 KB)

Atzo, urtarrilaren 22an, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak Euskaltzaindiko Zuzendaritza hartu zuen Eusko Legebiltzarrean, eguerdian. Akademiaren Zuzendaritzak ohiko bilkura egin zuen Legebiltzarrean bertan, goizeko 10:00etan, eta horren ondoren egin zen bilera presidentearekin. Akademiaren izenean hauek izan ziren: Andres Urrutia euskaltzainburua; Xarles Videgain buruordea; Xabier Kintana idazkaria; Sagrario Aleman diruzaina; Adolfo Arejita iker sailburua; Jean-Baptiste Coyos Jagon sailburua; Joseba Zabaleta kudeatzailea; eta Erramun Osa idazkariordea.

Bileraren ostean, euskaltzainburuak hitz batzuk esan zituen. Hitzok hona ekarri ditugu.

Andres Urrutiaren hitzak (PDF, 9,62 KB)

Atzo, urtarrilaren 21ean, "Milaka argi Nafarroan" izeneko kanpaina aurkeztu zuen Bilbon IKAk. Euskaltzaindiaren egoitzan emandako prentasurrekoan, Sagrario Aleman, Joxerra Olano eta Xabier Martinez de Lezea IKA euskaltegiko arduradunek azaldu zituzten kanpaina horren ezaugarriak. "Nafarroa Garaiko euskaldunak non dauden agerian utzi nahi dugu -adierazi zuten-. Horretarako, euskaldun guztiak, Nafarroa Garaikoak izan edo Nafarroa Garaitik kanpokoak izan, elkarri mezuak bidaltzen jarri nahi ditugu, euskaldunen arteko katea sortzeko".

Hala, bada, Nafarroa Garaiko euskaldun batek, mezua bidaltzen duenean, Nafarroa Garaiko mapan bere herriko argia piztuko du. Argi horrek herri horretan euskalduna badela esan nahi du eta. Bestalde, diru ekarpenak ere egin daitezke.

Larunbatean, urtarrilaren 19an, Txomin Peillen euskaltzainaren Jon Mirande, olerkaria liburua aurkeztu zen Maulen, Euskaltzaindiaren eta Mauleko Herriko Etxeko Kultura Sailaren ekimenez.

Mixel Etxebest Maule-Lextarreko auzapezaren ongietorriaren eta Andres Urrutia euskaltzainburuaren eskerren ondotik, Christian Angelié-Mirande idazlearen ilobak azaldu zuen nor zen gazte denboran ezagutu zuten osaba. Gizon misteriotsua, bere logela egoten zena liburuek ingurututa.

Pablo José Aristorena kazetariak Jon Miranderen bizitza ikertu du, Parisen, eta hari esker idazle madarikatua ezagutzen dugu gehiago. Azkenean, Txomin Peillenek azpimarratu zuen nola idazketa izan zen Miranderen maniako-depresibotasunaren sendagai nagusia. Peillenen ustez, Mirande da lehen euskal olerkari modernoa. Euskal idazle askori bidea ideki die. Zuberotar protestatzaileen tradizioan kokatzen da Mirande.

Jon Mirande, olerkaria (Jon Mirande poète parisien), Euskaltzaindiak argitaratzen duen "Euskaltzainak" bildumaren 18. zenbakia da. Peillenek hautatutako berrogeita bi olerki bildu dira, frantsesez eta euskaraz aurkeztuak. Liburuan ere, Christian eta Alain Angelié-Mirande idazlearen ilobek, Pablo Aristorenarekin batera, Miranderen eta haren familiaren biografia idatzi dute.

Txomin Peillen euskaltzainak aurkezpenean esan zituen hitzak jaso ditugu hemen.

 

(Argazkian: Txomin Peillen, Andres Urrutia, Pablo José Aristorena eta Christian Angelie-Mirande. Argazkia: Joanes Etxebarria)

Txomin Peillenen hitzak: "Jon Mirande parisent eta zuberotar" (PDF, 31,74 KB)

Liburua eskuratzeko sakatu hemen.

Bihar, hilaren 19an, Euskaltzaindiaren eta Mauleko Herriko Etxeko Kultura Sailaren ekimenez, Maulen aurkeztuko da Txomin Peillen euskaltzainaren Jon Mirande, olerkaria liburua. Akademiak argitaratzen duen "Euskaltzainak" bildumaren 18. zenbakia da. Liburuan, Peillenek hautatutako berrogeita bi olerki bildu dira, frantsesez eta euskaraz aurkeztuak. Olerki hauek lau gairen arabera sailkatu dira: Thanatos (heriotza), Eros (sexua), Mythos (mitologia) eta Satyra (satira). Mirandek olerki gehienak euskaraz idatzi zituen, hortaz, liburuan jaso direnak frantsesera itzuliak izan dira. "Erdaldunentzat egin dut liburu hau -dio Peillenek-, baina pasatzean euskaldunek ere balia dezaten, bi hizkuntzetan da". Jon Mirande, poète parisien da liburuaren frantsesezko izenburua.

Aurkezpena goizeko 10:30ean izango da, Maule-Lextarreko Herriko Etxean, eta Txomin Peillenekin batera hauek izango dira: Andres Urrutia euskaltzainburua, Mirande oso ondo ezagutzen duen Pablo José Aristorena kazetaria, eta Christian Angelie-Mirande idazlearen iloba.

Liburuaren aurkibidea (PDF, 41,46 KB)

Hitzaurrea. Txomin Peillen: "Jon Mirandez dakidana" (PDF, 66,06 KB)

Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak Euskaltzaindiko Zuzendaritza hartuko du Eusko Legebiltzarrean, urtarrilaren 22an, eguerdiko 12:00etan. Eusko Legebiltzarraren presidenteak Euskadiko erakunde nagusiekin egiten ari den bileren inguruabarrean egingo da bi erakundeen arteko bilera.

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 6. artikuluak, euskara Euskal Herriko hizkuntza ofiziala dela aitortzen du. Era berean, Estatutuaren 6.4. xedapenak, euskarari dagozkionetan, Euskaltzaindia erakunde aholku-emailea dela ere ezartzen du. Horiek horrela, bi erakundeek, lehenagotik zetorren lankidetzari jarraipena emanez, haien arteko hitzarmena berritu zuten 2011ko maiatzaren 4an. Hitzarmen honen altzoan, B. Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae liburuaren berrargitalpena aurkeztu zuten 2011. urteko abenduaren bian, Euskararen Nazioarteko egunean, hizkuntza desberdinetan. Era berean, Eusko Legebiltzarreko teknikarien hizkuntza prestakuntzarako zenbait ekimen ere garatu dituzte lankidetzan.

Euskaltzaindiko Zuzendaritzak ere ohiko bilkura egingo du Eusko Legebiltzarrean bertan, urtarrilaren 22an, goizeko hamarretan hasita.

logo

Gaur, urtarrilaren 17an, Aiora Jakaren Itzulpenari buruzko gogoeta eta itzulpen-praktika Joseba Sarrionandiaren lanetan liburua aurkeztu dute Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak. Liburua Akademiaren Iker bildumaren 28. zenbakia da, eta Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Akademiaren arteko hitzarmenari esker argitaratu da. Tesiaren zuzendaria Gidor Bilbao izan da.

Itzulpenari buruzko gogoeta eta itzulpen-praktika Joseba Sarrionandiaren lanetan, 2011n Jakak aurkeztu zuen doktore tesiaren emaitza da. Tesi honen helburua Joseba Sarrionandiaren itzulpen-lanak aztertzea eta itzulpenak haren obran izandako eragina ezagutaraztea da. Izan ere, Sarrionandia batez ere idazle gisa ezagutzen den arren, ugariak eta askotarikoak dira hark euskaratutako testuak, eta, itzulpengintzari buruzko lan monografikorik idatzi ez badu ere, maiz plazaratu izan ditu jarduera horri buruzko gogoeta nahiz teorizazioak. Euskaratutako lan horiek eta itzulpengintzaren gainean diharduten gogoeta horiek aztertuz, Sarrionandia itzultzaile postmoderno gisa definitzen da tesi honetan.

Ekitaldi berean, Euskarazko Tesien III. Koldo Mitxelena Sariak banatu dira.

Gaur, urtarrilaren 17an, Bilbon, EHUko Bizkaia Aretoan, Euskarazko Tesien III. Koldo Mitxelena Sariak banatu dira. Ekitaldian sariok antolatzen dituzten bi erakundeen ordezkariak izan dira: Euskaltzaindiaren izenean, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Xabier Kintana idazkaria; eta UPV / EHUrenean, Iñaki Goirizelaia errektorea eta Xabier Etxaniz Euskara eta Eleaniztasuneko errektoreordea.

Hauek dira sarituak:

  • Zientzia Esperimentalak: Hutsik geratu da.
  • Ikasketa Teknikoak: Arantxa Otegi Usandizaga. Tesia: Hedapena informazioaren berreskurapenean: hitzen adiera desanbiguazioaren eta antzekotasun semantikoaren ekarpenak.
  • Osasun Zientziak: Karlos Ibarguren Olalde. Tesia: Helduen ospitalez kanpoko bihotz-biriketako geldialdien analisia Euskal Autonomia Erkidegoan.
  • Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak: Iñaki Lazkano Arrillaga. Tesia: Bigarren aukeraren auzia eta itxaropenaren izaera etikoa Krzysztof Kieslowskiren azken garaiko zineman.
  • Giza Zientziak: Larraitz Zubeldia Arruabarrena. Tesia: “Omen” partikularen azterketa semantikoa eta pragmatikoa.

Ekitaldi berean, Aiora Jakaren Itzulpenari buruzko gogoeta eta itzulpen-praktika Joseba Sarrionandiaren lanetan liburua aurkeztu da.

Datorren larunbatean, hilaren 19an, Euskaltzaindiaren eta Mauleko Herriko Etxeko Kultura Sailaren ekimenez, Maulen aurkeztuko da Txomin Peillen euskaltzainaren Jon Mirande, olerkaria liburua. Akademiak argitaratzen duen "Euskaltzainak" bildumaren 18. zenbakia da. Liburuan, Peillenek hautatutako berrogeita bi olerki bildu dira, frantsesez eta euskaraz aurkeztuak. Olerki hauek lau gairen arabera sailkatu dira: Thanatos (heriotza), Eros (sexua), Mythos (mitologia) eta Satyra (satira). Mirandek olerki gehienak euskaraz idatzi zituen, hortaz, liburuan jaso direnak frantsesera itzuliak izan dira. "Erdaldunentzat egin dut liburu hau -dio Peillenek-, baina pasatzean euskaldunek ere balia dezaten, bi hizkuntzetan da". Jon Mirande, poète parisien da liburuaren frantsesezko izenburua.

Aurkezpena goizeko 10:30ean izango da, Maule-Lextarreko Herriko Etxean, eta Txomin Peillenekin batera hauek izango dira: Andres Urrutia euskaltzainburua, Mirande oso ondo ezagutzen duen Pablo José Aristorena kazetaria, eta Christian Angelie-Mirande idazlearen iloba.

Liburuaren aurkibidea (PDF, 41,46 KB)

Bihar, urtarrilaren 17an, Aiora Jakaren Itzulpenari buruzko gogoeta eta itzulpen-praktika Joseba Sarrionandiaren lanetan liburua aurkeztuko da, goizeko 11:00etan, Bilbon, Bizkaia Aretoan. Liburua Akademiaren Iker bildumaren 28. zenbakia da, eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Euskaltzaindiaren arteko hitzarmenari esker argitaratu da.

Itzulpenari buruzko gogoeta eta itzulpen-praktika Joseba Sarrionandiaren lanetan izeneko lana, 2011n, Jakak aurkeztu zuen doktore tesiaren emaitza da. Tesi horren helburua Joseba Sarrionandiaren itzulpen-lanak aztertzea eta itzulpenak haren obran izandako eragina ezagutaraztea da. Izan ere, Sarrionandia batez ere idazle gisa ezagutzen den arren, ugariak eta askotarikoak dira hark euskaratutako testuak. Gainera, maiz plazaratu izan ditu itzulpengintzari buruzko gogoetak. Euskaratutako lan horiek eta itzulpengintzaren gainean diharduten gogoeta horiek aztertuz, Sarrionandia itzultzaile postmoderno gisa definitzen du Aiora Jakak bere tesian.

Ekitaldi berean, Euskarazko Tesien III. Koldo Mitxelena sariak banatuko dituzte Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak.

 

Liburuaren aurkibidea (PDF, 165,8 KB)

Datorren ostegunean, urtarrilaren 17an, Euskarazko Tesien III. Koldo Mitxelena sariak banatuko dituzte Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak. Sari-emate ekitaldia goizeko 11:00etan izango da, Bilbon, Bizkaia Aretoan.

Euskarazko Tesien Koldo Mitxelena Sariak Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak sortuak dira, euskarazko ikerketa bultzatzeko eta sustatzeko asmoz. Sariak bi urterik behin deitzen dira eta hauxe da hirugarren edizioa. Sariak bost jakintza-arlo nagusitan banatzen dira: Zientzia Esperimentalak; Ikasketa Teknikoak; Osasun Zientziak; Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak; eta Giza Zientziak. Edizio honetara UPV/EHUn, 2010eko uztailaren 16tik 2012ko ekainaren 15era bitartean euskaraz idatzi eta defendaturiko doktorego-tesiak aurkeztu ahal izan dira.

Ostegunean egingo den ekitaldian, Euskarazko Tesien III. Koldo Mitxelena Sariak banatuko dira eta sariok jaso dituzten egileak bertan izango dira. Egileez gain, hauek izango dira sari-emate ekitaldian: Andres Urrutia euskaltzainburua, Iñaki Goirizelaia Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea, Xabier Etxaniz EHUko Euskara eta Eleaniztasuneko errektoreordea eta Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkaria.

"Ikasleen jarduna: emaitzen hausnarrean. ARRUE Ikerketa" izenburupean egingo dira aurten VI. Euskal Soziolinguistika Jardunaldiak, Donostiako Kursaaleko hitzaldi aretoetan, urtarrilaren 31n. Jardunaldien webgunean dago egitaraua, eta izen emateko epea zabalik dago urtarrilaren 28ra arte.

Soziolinguistika Klusterrak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin eta ISEI-IVEIrekin lankidetzan antolatzen ditu 2013ko Jardunaldiak, gai nagusi baten inguruan: ikasleen eskolako hizkuntza erabilera. Izan ere, Arrue ikerketan, lehen aldiz EAEko bi ikasmailetako ikasle guztien erabilera datuak jaso dira: 9-10 urteko (LMH4) eta 13-14 urteko (DBH2) ikasleenak. ISEI-IVEIk gauzatzen duen Ebaluazio Diagnostikoaren bidez jasotako datuak dira eta EAEko ikasleek eskolan nolako hizkuntza erabilera duten deskribatzen dute: gelan eta jolaslekuan, ikaskideekin eta irakasleekin. 2011n jasotako datuak dira Jardunaldietan aurkeztu eta aztertuko direnak, gaur arte eskolako hizkuntza erabileraren egin den datu jasoketarik handiena.

Bi norabidetako azterketa egiteko aukera emango dute Jardunaldian aurkeztuko diren datuek: hezkuntza mundutik gizarteko beste alorretara, eta gizarte orokorretik hezkuntza mundura. EAEn indarrean diren hizkuntza politikak baloratzeko aukera ere emango dute datuek. Informazio guztia Soziolinguistika Klusterraren webgunean eta izen-ematea ere webgunean bertan egin behar da.

2012ko martxoan, Soziolinguistika Klusterrak eta Euskaltzaindiak elkarlanerako hitzarmena sinatu zuten. Euskararen jakitea, erabilera zein haren aldeko sustapenaren ikerketa, dibulgazioa eta sentiberatzea dira, batez ere, bi erakundeon arteko hitzarmenaren xede nagusiak.

Euskaltzaindiaren eta Eusko Ikaskuntzaren arteko bilera egin da gaur, urtarrilaren hamarrean, Euskaltzaindiko Bilboko egoitzan. Eusko Ikaskuntzaren aldetik parte hartu dute: Iñaki Dorronsoro erakundeko presidenteak, Rosa Miren Pagola presidenteordeak eta Arrate Arín zuzendariak. Euskaltzaindiaren aldetik egon dira: Andres Urrutia euskaltzainburua, Xabier Kintana idazkaria, Joseba Zabaleta kudeatzailea eta Erramun Osa idazkariordea.

Bileraren helburuak honako hauek izan dira, besteak beste: Eusko Ikaskuntzako presidentearen aurkezpena egitea, Eusko Ikaskuntzaren aurrera begirako egitasmoaren nondik-norakoak azaltzea eta Euskaltzaindiak aurrerantzean garatu nahi dituen ildo nagusien berri ematea. Horiek horrela, Eusko Ikaskuntzako arduradun berriek 2012-2016 aldian garabidean jarri nahi duten kudeaketa egitasmoaren azalpenak eraman du denborarik luzeena. Bileraren amaieran, bi erakundeetako arduradunek elkarren berri izateko eta harremanak sendotzeko borondatea ere erakutsi dute.

Euskera agerkariak 2009an eraberritze prozesu bat abian jarri zuen. Latindex irizpideak bete eta aldizkari zientifiko gisa homologatu nahian, hainbat aldaketa gauzatu ziren: kanpo adituen ebaluazioak, artikuluen laburpen eta hitz-gakoak lau hizkuntzatan argitaratzea, datu-base garrantzitsuetan indexatzea eta abar.

Euskera agerkariaren bitartez helburu bikoitza gauzatu nahi du Euskaltzaindiak. Alde batetik, bere jardun akademikoaren berri eman, eta, bestetik, euskararen alorreko ikerketa bultzatu. Asmo honi atxikiz, eta teknologia berriak ematen dituzten aukerak baliatuz, gure irakurleenganako harremana eta irisgarritasuna sustatu nahi ditugu. Hargatik, Euskaltzaindiak, irakurleek aldaketa hauek nola balioetsi dituzten jakiteaz gain, gai zehatz batzuei buruz irakurleek duten ustea ere ezagutu nahiko luke: Euskera agerkariak argitaratzen dituen edukiei buruzko balioespena; agerkaria bera, etorkizunean zer euskarritan argitaratu behar den; prezioa egokia den; Euskaltzaindiko webgunean ematen zaion tratamendua egokia den; eta, oro har, irakurleak interesgarri deritzon beste edozein alorren gaineko iritzia.

Inkesta laburra da, bost minututan erantzuteko modukoa. Betetzeko sakatu hemen.

Alegiak eta bertze neurtitzakliburua sarean jarri du Euskaltzaindiak, eta Akademiaren webgunean kontsulta daiteke, hemen. Liburu hau Euskaltzaindiaren "Euskaltzainak" bildumaren 15. zenbakia da eta Senpereko Udalaren, Euskararen Erakunde Publikoaren eta Euskaltzaleen Biltzarraren laguntzarekin argitaratu da.  Gratien Adema "Zaldubi"ren lana jaso da liburuan, eta Henri Duhau da prestatzailea.

Zaldubiren eskuizkribuak bi zatitan paratu dira: Lehenik, bere-bereak ziren alegiak eta bertsoak, eta bigarrenik, Zaldubik beste bertsogile batzuei hautatuko zenbait. Hauxe da Duhauk bilduma honetan Zaldubiri eskainitako bosgarren liburukia.

Euskaltzaindiaren webguneak 57.282 bisita izan zituen abenduan. Webguneko orriek 311.478 bistaratze izan zituzten hil berean.

Ohi bezala, Akademiaren webgunean gehien bisitatutako edukiak Euskal Onomastikaren Datutegia eta Hiztegi Batua izan ziren. Hauek dira datuak:

1) Bisitak, guztira 57.282
2) web-orrialde bistaratzeak:
Zuzeneko sarbideak webguneko atarira 11.173
Hiztegi Batua 101.511
Euskaltzaindiaren Arauak 5.150
OEH (Orotariko Euskal Hiztegia) 37.051
JAGONET zerbitzua 4.018
EODA (Euskal Onomastikaren Datutegia) 87.645
Argitalpenen Katalogoa 3.944
Plazaberri bloga (atariaz gainekoak) 4.938
Beste guztiak 56.048
Web-orrialde bistaratzeak, guztira 311.478

Kadet eta Bettiriño liburua sarean jarri du Euskaltzaindiak, eta Akademiaren webgunean kontsulta daiteke, hemen. Liburu hau Euskaltzaindiaren "Euskararen Lekukoak" bildumaren 26. zenbakia da eta Euskararen Erakunde Publikoaren laguntza izan du. Manuel Padilla da paratzailea.

XVIII. mendeko eskuizkribu anonimo baten azterketa eta edizio kritikoa da Padillak eskaintzen duena. Hazparne aldeko euskararen lekukotasunik zaharrena izan daiteke. Forma aldetik, solasaldi gisa egituratzen da, Kadet apaiza eta Bettiriño haurraren artean. Nabarmena da Larramendiren eragina.

Egiategiren filosofo huskaldunaren ekheia liburua sarean jarri du Euskaltzaindiak, eta Akademiaren webgunean kontsulta daiteke, hemen. Liburu hau Euskaltzaindiaren "Euskararen lelukoak" bildumaren 25. zenbakia da eta Euskararen Erakunde Publikoaren laguntzarekin argitaratu da. Liburuaren prestatzailea Txomin Peillen euskaltzain osoa da.

1785ean, Egiategik filosofiari buruz liburu bat idatzi zuen. Horren zati baten edizio kritikoa Txomin Peillenk argitaratu zuen bilduma honetan, 1983an. Duela urte batzuk, Patri Urkizuk originalari falta zitzaion zatia aurkitu zuen. Horrekin Txomin Peillenek Filosofo huskaldunaren Ekheia-ren bigarren liburukia prestatu du.



Euskaltzaindiaren lan jardueraren azken 10 urteotan lan istripurik ez izanaren ondorioz, Mutualia lan-istripu eta gaixotasun profesionalen mutuak Akademia saritu du. Izan ere, bigarren urtez jarraian, azken hamarkadan lan istripurik izan ez duten enpresek, Mutualiaren aitorpena jaso dute. Erakundearen izenean, Joseba Zabaleta kudeatzaileak jaso zuen Mutualiak emandako diploma, 2012ko azaroan egindako ekitaldian.

Iaz ere Euskaltzaindia saritu zuen Mutualiak.

Akademiarekin batera, beste 36 enpresek jaso dute mutua horren aitorpena.

Euskaltzaindiak Zuzendaritza berria du. Jakina denez, 2012ko urriaren 18an, Bilbon, Akademiaren egoitzan egin zen bilkura berezian, datozen lau urtetarako Zuzendaritza berria aukeratu zuen Euskaltzaindiak. Gaurtik aurrera, hots, urte berriarekin batera, Zuzendaritza talde berria hasi da lanean.

Hau da Akademiaren Zuzendaritza berria:

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper