Euskaltzaindiak 1989an egin zuen herri-literaturari buruzko lehen jardunaldia, eta 2005ean azkena. Jardunaldiotan hainbat gai landu dira: kontapoesia, herri-narratiba, ahozkotasuna, paremiologia, herri-antzerkia, euskal fraseologia, kantu laburrak eta, azkenik, herri-prosa eta ahozkotasuna.
Oraingo honetan, jardunaldi horietako ekarpenik mamitsuenak batu eta argitaratu ditu Akademiak, antologia gisa. Hemen dira, beraz, Herri Literatura batzordeak antologia honetarako banan-banan eta aho batez aukeratutako hitzaldiak eta gaiak. Batzordeko kideen aburuz, horiek guztiak “baliabide egokiak dira, tradiziotik etorkizunerako zubia egiteko, euskal herri-literaturaren harira”.
Antonio Zavala eta Bernardo Atxagaren hitzaldiak
Jardunaldietan eman diren hitzaldi asko, Euskaltzaindiak denon eskura jarriak ditu jada, Euskera agerkari ofizialean, edota separata banatan argitaratuak. Bi dira, hala ere, orain arte Euskaltzaindiak argitaratu ez dituen hitzaldiak. Batetik, III. Jardunaldietan, “Pensamiento intuitivo y discursivo en la poesía popular vasca” izenburupean, Antonio Zavala zenak 1994an eman zuena. “Auspoa” bilduman kaleratu zen, eta Pello Esnalek, hitzaldi horren garrantziaz ohartarazteko, ondokoa esan du: “Zavalaren egitasmo guztiaren bihotza hitzaldi horretan dagoela esango nuke”.
Bestetik, 2005ean, “Herri-prosa eta ahozkotasuna” izeneko jardunaldietan, Bernardo Atxagak eman zuen hitzaldia, “Ahozkotasunaren alde ez hain funtsezkoak” izenekoa, argitaratu gabea da, eta Akademiaren webgunean kaleratzen da orain, lehenbiziko aldiz. “Hitzaldi hori -esan du Esnalek- oso sarrera egokia da, herri literatura ulertzeko ez ezik, euskara, Euskal Herria, Euskaltzaindia... beste gauza asko ulertzeko”.