Badiola 1948an jaio zen, Muxikan (Bizkaia). 1975ean, Filosofia eta Letretan lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean, Filologia Erromaniko sailean. Karrera bukatu eta Euskaltzaindian hasi zen lanean, Akademiaren orduko egoitzan, Bilboko Erribera kalean. Hasieran, hizkuntza kontsultak erantzuten eta liburuak argitaratzeko prestatze-lanen ardura izan zuen, eta erretiratu arte, Euskaltzaindiko Argitalpen Zerbitzuko arduraduna izan da. Argitalpen eta Euskera agerkariko Idazketa batzordeetako idazkari teknikoa ere izan da. Euskaltzain urgazlea da, 1983an izendatua.
Bizkaiko (Euskal Herriko) Alfabetatze-Euskalduntze Koordinakundearen sortzaileetarikoa dugu Ricardo Badiola. Bilboko Gabriel Aresti eta Bilbo Zaharra euskaltegien sortzaile, bultzatzaile eta irakasle ere izan zen, eta Bilboko Hizkuntza-Eskolan irakasle aritu zen. Euskalduntzen metodoa (1971), Euskal Hiztegi Modernoa (1974), Diccionario 80 hiztegia (1979) edota Diccionario 2000 hiztegia (1985) landu zituen "Ekiten" taldeko kide gisa.
"Bostak Bat" kultur elkarteko kidea da, eta taldearen argitalpenetan parte hartu du, Adorez hiztegietan besteak beste.