Aurkezpena honako hauek egin dute: Andres Urrutia euskaltzainburuak; Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak; Ana Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusiak; Pello Ugalde Laboral Kutxako Lurralde zuzendariak; Adolfo Arejita EHHA-ren zuzendari akademikoak eta Xarles Videgain egitasmoaren arduradun teknikoak. Guztiok azpimarratu dute EHHA egitasmoaren emaitzak jendearen eskura jartzearen garrantzia.
Hala azpimarratu du Andres Urrutiak, eta, paperean eta euskarri informatikoan ez ezik, EHHAren lehen lau liburukiak Euskaltzaindiaren webgunean ere jarriak dituela gogora ekarri du: “Badaki Akademiak, horrela jokatuz, egitasmo honek duen balio estrategikoa berrindartzen duela eta aldi berean, egungo baliabideek eskatzen eta eskaintzen dutena beldurrik gabe erabiltzen duela, bere lanaren emaitzak egoki gizarteratuz”.
Gainerako hizlariek ere beren poza adierazi dute. Pello Ugaldek, Laboral Kutxarentzat proiektuan parte hartzea “ohorea” dela esan du, eta Akademiaren “adore eta kemena” goraipatu ditu. “Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa, Nafarroa Beherea eta Zuberoako pertsona multzo zabala elkarrizketatu egin dela gogorarazi nahi dut. Tokian tokiko lan oso arduratsua burutu da, grabazio saio handitan jaso eta informatizazio, sailkatze... lan ikaragarria ere egin da”.
Ana Castrok, jarraian, hizkuntza atlasek, oro har, duten proiekzioa azpimarratu du. Bere hitzetan, “garai bateko euskararen lurralde guztietako euskal hiztunen kultur ondarea berreskuratzeko eta zabaltzeko habe eragingarriak ere badira. Areago, laurogeiko hamarkadan testigantza eman zuten hiztunak gure artetik joanak direnean eta haien bizi-baldintzak eraldatu direnean, haien ikuskera lausotu denean”.
EHHA egitasmoa goraipatzeaz gain, Patxi Baztarrikak euskara batuaren alde egin du gaurko aurkezpenean. Euskara batuaren garapenean Euskaltzaindiak bete duen rola, eta egin duen lana, gogora ekarri ditu, eta euskara batuaren garrantzia azpimarratu du. Besteren artean, “euskal hiztunen komunitatea sendotu du, komunitate hori gizarte modernoen beharretara egokitu du”. Euskara batuak eta euskalkiek elkarren beharra dutela ere esan du.
260 mapa
Esan bezala, liburuak izenaren morfologia landu du. Parterik handiena deklinabideak hartu du. Azalpenak Adolfo Arejita zuzendari akademikoak eta Xarles Videgainek eman dituzte. Gotzon Aurrekoetxearekin batera, Videgain da EHHA egitasmoaren arduradun teknikoetako bat. Liburuki hau burutu duten teknikariak Aritz Abaroa, Gorka Intxaurbe eta Amaia Jauregizar dira.
Adolfo Arejita zuzendari akademikoak esan bezala, “euskaldun jendeak ahoz darabilen euskara sistemaren berri ematen du liburuki honek, eta zeharka gramatikako xehetasun gehiago ere bai”.
Oro har, 260 mapa jaso dira. Horietako batzuk erakutsi ditu Videgainek, eta azalpenak eman ditu.
Azaldu dutenez, liburukia mugatzaileaz abiatzen da. Mugatzaile neutroa, -a, eranstean euskal izenetan gertatu ohi diren aldaerak, bokalen aldetik eta entonazio aldetik, erakusten da.
Ondoko mapa-erantzutegietan, izen kategoriako hitz hautatuei mugatzailea eta deklinabide-atzizkiak erantsirik, jaso diren erantzunak biltzen dira, eta azken partean konparazio egiturak, zenbakiak, ordinalak eta orduak.
Galdeketako izenak, oin-hitzaren amaierako bokal, diptongo edo kontsonante desberdinen arabera hautatuak dira. Amaiera bereko bi hitz hautatu dira, biziduna eta bizigabea: alaba-eliza, seme-etxe, idi-herri, asto-itsaso-zulo, katu-negu, zelai, hodei, behi, gizon, oilar, sagar, ahuntz eta abar. Izen berezien morfologia ere kontenplatu da, bai pertsona-izenena, bai toki-izenena: Maritxu, Madalen, Bilbo, Baiona.
Azkenik, aztergaitzat hautatu diren determinazio eta funtzio-marka nagusiak aipatu dituzte. Besteak beste, absolutibo mugatuaren singular-pluralak, ergatiboarenak, inesibo neutroaren hiru erak...
2010ean, lehenengo liburukia
2010eko apirilean EHHAren I. eta II. liburuak aurkeztu ziren, 2011n III. liburukia eta 2012an IV.a. Lehen liburukiak 268 galderaren erantzunak eskaintzen ditu, gai hauei buruz: intsektuak, itsas arrainak, ibai arrainak eta ibai arrantzako tresnak, narrastiak eta urpekoak, txoriak, basa animaliak eta ehizako arteak, eguzkia eta zerua, eguraldia, elurra eta hotza.
Bigarren liburukian aztertu eta landu diren esparruak hiru dira: denbora kronologikoa, topografia eta landaretzaren lehen atala. Denborarenean, esaterako: astearen egunak, hileak, urte sasoiak eta urteak, eta euretariko bakoitzaren parteak landu dira; baita oraingo, lehengo eta geroko denbora-unitateak ere.
Hirugarren liburukian tradizioko bizimodu eta ingurumenaren inguruko gai edo kontzeptuak landu ziren: batetik, lurra, euskal gizakia bizi den lurra; lur horretan erne diren belar, landare, zuhaixka eta zuhaitzak; lurrak berez edo gizakiaren eraginez ematen dituen uztak; eta bestetik, euskal gizakiarekin belaunez belaun bizikidetza estuan bizi izan diren animaliak, euren parte esanguratsuak eta euren inguruko prozesuak.
Laugarren liburukian kontzeptu ugari bildu eta landu ziren, eremu biren inguruan: etxe-abereak eta etxea bera. Hala, liburukiaren lehen partea hainbat etxe-abereri eskainia dago (txerriak, hegaztiak, txakurrak, erleak) eta bigarren partea, batez ere, etxearen esparruari dagokio.
Taldea
1984an abian jarri zen egitasmo honen buruak hauek izan dira: Jean Haritschelhar, Beñat Oihartzabal, Andolin Eguzkitza eta Adolfo Arejita, gaur egungo zuzendaria dena.
Bestalde, Gotzon Aurrekoetxea eta Xarles Videgain dira egitasmoaren arduradun teknikoak. Hauetaz gain, inkestak egiten eta transkribatzen, mapak elaboratzen eta informatizatze lanetan hauek ibili dira urte hauetan guztietan: Isaak Atutxa, Iñaki Camino, Ana María Etxaide, Jose Maria Etxebarria, Izaskun Etxebeste, Aitor Iglesias, Gorka Intxaurbe, Jon Irigoras, Amaia Jauregizar, Juan Antonio Letamendia, Juantxu Rekalde, Koro Segurola.
145 herri, 2.857 galdera, 320 lekuko
Euskararen Herri Hizkeren Atlasa egitasmoa egingo zela erabaki ondoren, 1984an prestatze lanak egiten hasi ziren. Hala, galdeketa puntuen sarea, galdesorta eta lan metodologia finkatu ziren. Galdesorta horrek hizkuntzaren datu guztiak biltzen ditu: lexikoa, fonetika, morfologia eta sintaxia. Datuak biltzeko Euskal Herri osoko 145 herri hautatu ziren:
- Euskal Autonomia Erkidegoan: Araban herri 1, Bizkaian 36 eta Gipuzkoan ere 36.
- Nafarroako Foru Erkidegoan: 27 herri.
- Ipar Euskal Herrian: Lapurdin 15, Nafarroa Beherean 18 eta Zuberoan 12.
1987an hasi zen Euskaltzaindia inkestak egiten eta 1992an amaitu.
Inkesta-leku bakoitzean 2.857 itaun egin ziren: 2.163 lexikoaz, 595 morfologiaz (335 izen morfologiaz eta 260 aditz morfologiaz), 62 sintaxiaz eta 37 fonetika sintaktikoaz. 145 herri horietan eginiko inkestekin 2.400 zinta grabatu ziren. Euskaltzaindiak bildurik dituen grabazioak 4.000 ordutik gora dira (bataz beste 27 ordu herriko).
Inkesta egiteko adineko pertsonak aukeratu ziren, sortzez eta familiaz tokian tokikoak, bai eta herritik kanpoan gutxi ibiliak ere. II. liburukiaren hitzaurrean Adolfo Arejitak azpimarratzen duen bezala, “inkestak 80ko hamarkadan egin zirenez, asko hilak dira harrezkero. Horrek berorrek balio handiagoa ematen die gaur orduan jasoriko datuei: jaso ezinezkoak lirateke orain, orduan bildu ziren erantzunetariko asko”.
Galderak egitean bide bat baino gehiago erabili izan zuten inkestagileek. Batzuetan ikonoak erabili zituzten, beste batzuetan egoeren deskribapenak egin zituzten.
Inkestagileak saiatu ziren erantzunak mugagabean (izen eta izenondoen kasuan) edo partizipio burutuaren forman (aditzen kasuan) jasotzen. Adibidez, erantzun gisa izen bat artikuluarekin bildu ondoan, lekukoari izen bera zenbatzaile batekin emateko eskatzen zitzaion, hitza mugagabean jaso ahal izateko.
Ezagutza pasiboa neurtzeko erantzun proposatuak bildu ziren. Erantzuna lortu ostean, kontra-galdeketa deitu izan dena egiten zuten EHHAko inkestagileek. Horretarako berri emailearen zuzeneko erantzunak bildu ondoren, inkestagileek beste erantzun batzuk ere proposatzen zizkion batzuetan, ikusteko hauek ezagutzen ote zituen eta nondik.
Guztira 320 pertsonaren ahotsa grabatu zen. Informazio honen guztiaren eskuzko transkribaketak 725 erantzun-koadernotan (herriko 5) bildu dira. Erantzun-koaderno hauek digitalizatuta daude eta CD-ROMetan gorde dira, paperezko bertsioaz gain.
Lexikoari dagokion galdesorta da luzeena. Hura osatzerakoan Euskal Herriko egoera geografikoa gogoan hartu zen, bai eta ohiko lan jarduerak ere (artzaintza, abeltzaintza, zurgintza, nekazaritza, burdingintza, arrantza...). Hizkuntza atlasetan lexikoari buruzko galderek alderdi etnografikoa dute askotan, eta maiz biltzen dira haietan ohiko teknikei, jakintzei eta ikuspegiei dagozkien xehetasunak. EHHAko sail horretako galdesorta Europako beste herrietan eta bereziki inguru hurbilekoetan, egindako hizkuntza atlasak gogoan izanik moldatu da, eta lan haietako erreferentziak agertzen dira galderen izenburuetan.
Hauek dira gai nagusiak:
- Abereak
- Zerua, denbora eta eguraldia
- Lehorra eta itsasoa
- Arbolak eta landareak
- Etxe-abereak eta hazkuntza
- Baserri etxea
- Baserriko jarduerak, tresnak eta ekoizpena
- Gorputza, eritasunak eta familiako bizitza
- Gizarteko bizitza eta laneko mundua
Lexiko galdera gehienak, inkesta leku guztietan galdetzeko pentsatuta daude. Haietaz kanpo badira beste galderak, galdera bereziak deituak izan direnak, leku jakin zenbaitetan baizik egin ez direnak, toki horietako egoerari edo jardunbide berezi batzuei baitagozkie oroz gainetik: adibidez, itsas arrainen izenez egindako galdera gehienak itsas portuetan baizik ez dira egin, eta ahateaz egindakoak, ahate hazkuntza egin ohi den herrietan baino ez.
Morfologiari eta, oro har, gramatikari dagozkien galderak ez dira ohikoak hizkuntza atlasetan, baina gero eta leku handiagoa ematen zaie gaur egungo lanetan. Bonaparteren lanak kontuan izanik, badakigu euskararen dialektologian toki garrantzitsua izan dutela. Sail horretako galderak, noski, euskararen arabera pentsatuak izan dira.
Sintaxiari dagokionez, galdera gutxiago da, baita fonetika sintaktikoaren kasuan ere.
Kontsultak
EHHAren emaitzak bi modutan kontsulta daitezke: soinuzko datuen kontsultaren bidez eta datu transkribatuen kontsultaren bidez.
- Soinuzko datuen kontsulta. Azkue Bibliotekan ikertzaileen esku dira CD-ROMak (4.000 ordu baino gehiago dutenak).
- Datu transkribatuen kontsulta. Kontsulta hau nork bere etxean egin ahal du bi molde desberdinetan: liburu batean edo CD-ROM batean. Liburuan irakurleak galdera bakoitzeko bildu erantzunak aurkituko ditu, fonetikoki idatziak eta herrialdeka eta herrika zerrendetan aurkeztuak, ondoan dagozkien interpretazio kartografiko bat daukatela.
Gero, liburuarekin batera zabaltzen den CD-ROMean kausituko ditu, batetik, paperezko argitalpenaren datuak, eta bestetik, sartu ahal izan ez zen bestelako informazio guztia ere, hizkuntzazkoa edo etnolinguistikoa.
Bestalde, sarean ere badaude aurreko liburukien edukiak.