Larry Trasken oroimenez
Urtero Larry Trask hizkuntzalariaren omenez eskaintzen du Erresuma Batuko Birminghameko Unibertsitateak euskal munduari buruzko hitzaldi bat. Trask Birminghamen inoiz irakaslea izan ez bazen ere, alargunak bere euskal paperak han utzi ditu gordailuan, Birminghamek urteotan euskara klaseak eta euskal kulturari buruzkoak eskaini ditu eta. Hitzaldi-sorta horretan aurtengoa izan da hirugarrena.
Oraingoan Euskaltzaindiko Euskararen Historia Sozialaren egitasmoan lan egiten duen Nick Gardner gonbidatu dute, Unibertsitatearen izenean, ikasketa hispanikoetan goi-irakaslea den Aengus Ward-ek eta bertako euskal ikasketen hizkuntza-tutorea den Gorka Mercerok. Martxoaren 4an Gardner-ek bi orduko mintegia eman zien gaztelania filologiako ikasleei, oinarriz Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemaren euskalduntzeaz, Euskaltzaindiari buruz ere hainbat azalpen emanez. Ondoko egunean Trasken oroimenez eman zuen euskararen estatusari buruzko hitzaldi irekia.