"El paraíso y los gatos" disko-liburua aurkeztu da Madrilen
Atzo, apirilaren 23an, Madrilgo Círculo de Bellas Artes erakundean, Bernardo Atxagaren testuak eta Jabier Mugurutzaren musika jasotzen duen Paradisua eta katuak CD-liburuaren gaztelaniazko bertsioa -El paraíso y los gatos- aurkeztu zen. Liburuak Bernardo Atxagaren ipuinak, poemak, pasarte komikoak eta gogoetak biltzen ditu, 64 orritan. CDan, aldiz, 2012ko martxoan, Círculo de Bellas Artes erakundearen egoitzan, Euskaltzaindiak, Etxepare Euskal Institutuak eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak antolatutako "Euskarari gorazarre" jardunaldien barruan, egin zen emanaldia jasotzen da. Jabier Mugurutzaren musikak laguntzen du Atxagaren testua.
Atxagarekin batera, Xabier Kintana eta Erramun Osa, Euskaltzaindiko idazkaria eta idazkariordea, hurrenez hurren, Círculo de Bellas Artes-eko ordezkariak eta José Luis Gallero poeta izan ziren atzoko aurkezpenean. Lana Círculo de Bellas Artesek, Euskaltzaindiak eta Etxepare Euskal Institutuak argitaratu dute.
Hona ekarri ditugu Xabier Kintana idazkariak aurkezpenean esan zituen hitzak.