Amurrioko toponimia biltzen duen mapa aurkeztuko da hilaren 14an
Datorren ostegunean, otsailaren 14an, Amurrio (Araba) udalerriko toponimia-mapa aurkeztuko da. Lanerako, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak utzitako datu-basea izan da abiapuntu nagusia. Berau, batik bat, Federiko Barrenengoa (1916-2005) euskaltzain ohorezkoak eta Jose Antonio Gonzalez Salazarrek bildutako toponimoez osatuta dago. Halaber, bestelako ekarpenak egin izan dira, landa-lanari eta herritarrentzako erakusketei esker.
Maparen edizioa Amurrioko Aialur enpresak egin du eta bere argitalpenerako Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzaz baliatu da Amurrioko Udala. Euskaltzaindiak, mapan islatutako toponimoen kalitate linguistikoa bermatzeko lanak egin ditu, Eudelekin duen lankidetza-hitzarmenari esker.
Aurkezpen-ekitaldia Katekesi aretoan (Araba kalea, 10) egingo da, arratsaldeko 18:30ean, eta hauek hartuko dute parte: Josune Irabien Amurrioko alkateak; mapa egin duen Aialur enpresako Nerea Garaiok; eta Felix Mugurutza Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko kideak, Akademiaren izenean. Mugurutzak toponimiaren eta bere normatibizazioaren garrantziaz jardungo du, tokiko toponimiako hainbat kasurekin ilustratuz.