Nafarroako Gobernuak eta Euskaltzaindiak aurtengo lankidetza hitzarmena sinatuko dute bihar
Bihar, apirilaren 10ean, Iruñean, sinatuko da Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Euskarabidearen eta Euskaltzaindiaren arteko Lankidetza Hitzarmena 2013 urterako. Akademiaren izenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatuko du eta, Euskarabidearen izenean, Maximino Gómez Euskarabidearen zuzendari kudeatzaileak.
Lankidetza Hitzarmenak aurtengo lan arloak zehazten ditu. Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 foru legean, esaten da Euskaltzaindia dela erakunde aholku-emaile ofiziala Nafarroan euskararen hizkuntza arauak ezartze aldera. Foru lege berean ere, arautzen da Euskaltzaindiak toponimia gaietan izan behar duen jarduera, toponimia gaien gaineko txostenak emateko erakunde den aldetik.
Hitzarmenaren sinatzea Euskarabidearen egoitzan eginen da, eguerdiko 12:00etan.
|
Ekitaldi berean Amaia Apalauzaren Nafarroako ipar mendebaleko hizkeren egitura geolinguistikoa liburua aurkeztuko da.