Nafarroako Gobernuak eta Euskaltzaindiak 2013ko lankidetza hitzarmena sinatu dute
Gaur, 2013ko apirilaren 10ean, sinatu da Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Euskarabidearen eta Euskaltzaindiaren arteko aurtengo lankidetza hitzarmena. Akademiaren izenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatu du eta, Euskarabidearen izenean, Maximino Gómez Euskarabidearen zuzendari kudeatzaileak.
Lankidetza Hitzarmenak aurtengo lan arloak zehazten ditu. Hala, hitzarmenaren arabera, Nafarroako Gobernuak aurten 80.000 euro erabiliko ditu Euskaltzaindiak Euskal Corpus Onomastikoan eginen dituen lanetarako, eta Nafarroan Onomastikako eta Toponimiako lanak egiteko. Era berean, Nafarroako Gobernuak bestelako konpromisoak hartu ditu: Akademiaren Hiztegi Batua osatuko duela, Nafarroako euskalkietako hitzak sartuz; hizkuntza kalitateko zerbitzua abian jartzen lagunduko duela; eta Akademiak eskatutako testuak gaztelaniatik euskarara itzuliko dituela. Euskarabideko langileak arituko dira zeregin horretan.
Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 foru legean, esaten da Euskaltzaindia dela erakunde aholku-emaile ofiziala Nafarroan, euskararen hizkuntza arauak ezartze aldera. Foru lege berean ere, arautzen da Euskaltzaindiak toponimia gaietan izan behar duen jarduera, toponimia gaien gaineko txostenak emateko erakunde den aldetik.