Martxoaren 13an banatuko dira 2012ko Azkue Sariak
Datorren asteazkenean, martxoaren 13an, 2012ko Resurreccion Maria Azkue sariak banatuko dituzte Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioak eta Euskaltzaindiak. Goizeko 11:30ean egingo da sari banaketa, Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan, eta edizio honetako irabazleak bertan izango dira.
Bi erakundeok antolatzen dituzten sari hauek, idazle gazteak literatura mundura erakartzea dute xede. Bi genero saritzen dira Azkue Sarietan: narrazioa eta olerkia. Genero bakoitzak bi maila ditu: A maila, 11 eta 14 urte bitarteko gazteentzat; eta B maila, 15 eta 18 urte bitartekoentzat.