Liburua hiru kapitulu nagusitan banatu da: Sarrionandiaren itzulpenak aztertzeko teoria egoki baten bila; Sarrionandia baino lehenagoko euskal itzultzaileak; eta Itzulpenari buruzko gogoeta eta itzulpen-praktika Joseba Sarrionandiaren lanetan.
Aiora Jakak azaltzen duenez, lehen kapituluan itzulpenaren teoria modernoak eta postmodernoak eztabaidatzen dira, postmodernoek modernoen aurrean eskaintzen dituzten abantailak nabarmenduz.
Ondoren, bigarren kapituluan, Sarrionandia baino lehenagoko euskal itzultzaileek itzulpenaren inguruan egindako gogoetak aztertzen dira, eta erakusten da Euskal Herrian ez dela itzulpenaren inguruko diskurtso edo teorizazio egituraturik garatu, baina itzultzaileen hitzaurreetan behin eta berriz errepikatzen diren hainbat ideia (jatorrizkoarekiko fideltasuna, itzultzailearen otzantasun eta txikitasuna originalaren handitasunaren aurrean, jatorrizkoaren izaera sakratu eta aldaezina...) itzulpena ulertzeko modu moderno baten ondorio direla.
Jon Miranderen eta Gabriel Arestiren lanetan itzulpena lantzeko modu postmoderno baten lehen zantzuak agertzen diren arren, Sarrionandiarengan gauzatzen dira bete-betean itzulpenaren epistemologia postmodernoaren ezaugarriak. Ezaugarri horiek hirugarren kapituluan azaltzen dira. Lehenik eta behin, Sarrionandiak itzulpenaren inguruan egindako gogoetak arakatzen dira. Ondoren, gogoeta horiek praktikan nola gauzatzen diren aztertzen da: Sarrionandiak zer euskaratu duen ez ezik, nola itzultzen duen ere ikertzen da eta erabiltzen dituen itzulpen-estrategiak (apokrifo edo sasi-itzulpenak asmatzea, fikziozko itzultzaileak aurkeztea, zubi-hizkuntzak erabiltzea, sorburu-testu baten inguruan bariazio eta imitazioak sortzea, jatorrizkorik gabeko itzulpenak aurkeztea...) itzulpenaren teoria postmodernoekin uztargarriak direla erakusten da.
Liburua eskuratzeko sakatu hemen.