Herrietako toponimia ikertu, finkatu, erabili eta zaintzeko ikastaroa izan zen, eta bereziki euskara, hirigintza eta kultura alorreko teknikariei zuzenduta egon zen.
Patxi Salaberrik "Euskaltzaindia eta onomastika lanak" mintzaldia eman zuen, gai hauek jorratu zituelarik: Onomastika arautzearen beharra; euskal toponimiaren ikerketa eta normalizazioaren historia; Euskaltzaindiaren ardura eta lana onomastika alorrean; Onomastikaren normalizazioa eta Onomastika euskararen normalizazioan.
Patxi Galék "Toponimia ikerketen oinarri teorikoak" gaiaz hitz egin zuen. Besteak beste, toponimia zergatik ikertu behar den, berau arautzeko irizpide orokorrak edota toponimia ikerketa baten urrats nagusiak aipatu zituen.
Mikel Gorrotxategi "Toponimia ikerketak gauzatzeko prozedura eta ikerketaren pausuak" gaiaz aritu zen, eta ikerketa baten helburuak zein garapena izan zituen mintzagai.
Paskual Rekaldek "Administrazioen eginbeharra" gaia jorratu zuen. Akademiaren eta Administrazioaren eginbeharraz mintzatu zen.
Azkenik, Felix Mugurutzak "Onomastikaren zabaltzea" gaiaz hitz egin zuen. Ikerketen emaitzak ezagutarazteko, erakusketak egin, edota mapen eta fitxa didaktikoen bidez zabal daitezkeela azpimarratu zuen.