Mendebalde Kultura Alkartearen XVII. Jardunaldiak Euskaltzaindian
Maiatzaren 3an eta 4an, bihar eta etzi, Mendebalde Kultura Alkarteak bere XVII. Jardunaldiak egingo ditu Euskaltzaindiaren egoitzan, "Gogoa kirolean" izenburupean. Hamar hitzaldi, hamabi hizlari eta omenaldi bat izango dira bi egunotan. Izan ere, larunbatean, 12:30ean, Jose Angel Iribar omenduko dute "bere ibilbide luze eta emankorragatik kirolaren eta euskararen zabalkuntzan". Iñaki Sarriugartek egingo dio gorazarrea.
Ostiralean, "Kirola bizitzan" gai orokorraz, Juan Ramon Fernández-Lópezek, Aritz Urdampilletak, Iker Lópezek, Abel Barriolak eta Iratxe Ibarrak hitzaldiak emango dituzte. "Euskara kirolaren bidez" izeneko atalean, aldiz, Koikili Lertxundi eta Jose Joakin Gallastegi arituko dira.
Larunbatean, "Kirol-istorioak" izango da gai nagusietako bat, eta Maider Undak eta Ibon Gaztañazpik hitzaldi bana emango dute. Pedro Mari Goikoetxeak, Jose Ramon Uriartek eta Dabi Piedrak, berriz, "Kirola eta komunikabideak" gaia jorratuko dute.