Euskaltzaindia Mauleko II. Libürüaren Egünean
Datorren larunbatean, martxoaren 16an, II. Libürüaren Egüna egingo da Maulen. Hiri horretako Herriko Etxeak antolaturik, aurtengo gai nagusia "Emazteak eta libürüak" da, eta goizeko 10:00etatik aitzina egongo da zabalik, Jaï-Alaïan. Idazleek, argitaletxeek edota liburu-dendek euren mahaiak izango dituzte. Orotara, 71 mahai izango dira.
Euskaltzaindiak ere saltokia jarriko du, eta Zuberoarekin lotura duten argitalpen batzuk eramango ditu, horien artean Txomin Peillenen Biziaren hiztagiaz eta Jon Mirande, olerkaria; Jean Haritschelharren L'œuvre poétique de Pierre Topet-Etchahun; Jean-Louis Davanten Zuberoako literatuaz; edota Junes Casenaveren Xiberoko antzertia edo pastorala. Euskaltzaindiaren Hiztegia, EHHAko liburukiak eta Euskaltzaindia eta Ipar Euskal Herria liburuxka ere erakutsiko ditu Akademiak. Bestalde, euskaltzain hauek bertan izango dira: Jean-Baptiste Coyos, Jean-Louis Davant eta Txomin Peillen euskaltzain osoak, eta Miren Agur Meabe euskaltzain urgazlea.