Liburukiaren lehen partean txerriaren gaiak arlo zabala hartzen du, tradizio gizartean goren mailako elikagaia izan baita txerria. Txerriaren izenak, zenbait fenomeno biologiko edo naturako, txerria dagoen lekua, txerri-hiltze prozesua, txerri barruko parte ezagunenak, elikagaiak... jaso dira.
Etxeko hegaztiei dagokiena da bigarrena. Oilo-oilarren, handi-txikien izenak, parte biologikoak, prozesu biologikoak, ekoizpenak. Gainerako hegazti batzuk ere aipu dira: antzara, ahate, uso eta beste.
Etxe-abere txikien artean, munta gutxiagoko batzuen ondoan (untxia), txakurrek eta katuek, eta baita ere erleek toki handia hartzen dute. Azkenik, abereetan ar-emeen izen generikoak biltzen dira.
Liburukiaren bigarren partea, batez ere, etxearen esparruari dagokio. Populatze-mota diferenteak: herria, eliz inguruko etxe-multzoa, auzoa eta baserria bereizten dira, batetik. Etxe edo eraikuntza tipoak ere jaso dira, baita biztanleen jabetza-mailak, etxearen parte nagusiak, etxegintzako prozesuak, materialak, etxearen estalkiak, kalteak eta berritze-lanak edota egitura nagusiaren osagaiak ere. Etxearen barru-banaketa eta etxe barruko altzariak ere aipu dira. Eta azkenik, etxearen erdiguneari, sukaldeari atxikitako suaren gaineko prozesuak.
EHHA Euskadiko Kutxaren babesaz argitaratzen ari da Akademia. Laugarrena ez ezik, aurreko hiru liburukiak ere sarean kontsulta daitezke.