Egia da “klasikoa” hitz labaina dela eta ez dela erraza zein garai biltzen duen jakitea. Eta hala, ez litzateke harritzekoa norbaitek 1988an argitaratutako liburu bat -Obabakoaken kasua, hain zuzen- klasikotzat ez hartzea. Iritzi guztiak errespetagarri diren arren, Bernardo Atxagaren lana euskal literaturako mailarik gorenean dago eta merezi du, dudarik gabe, halako ekimenak ateak parez pare zabal diezazkion. Irakurketaren aitzakian, Bilbo Zaharra Forumek egitarau trinkoa aurkeztu du, ikasturte osoan zehar burutuko dena.
Hala, 2012ko azaroan, “Paisaiaren adiera" izenburupean, hiru hitzaldi antolatu ziren: azaroaren 20an, Maialen Lujanbio eta Harkaitz Cano aritu ziren; azaroaren 21ean Anari eta Iñigo Aranbarri; eta azaroaren 22an, Bernardo Atxagari buruzko Leku hutsak, hitz beteak dokumentala aurkeztu zuten Joxe Angel Arbelaitz zuzendariak eta Juanfe Garcés editoreak.
Bigarren hiruhilekoan, "Plagioa vs. originaltasuna" izenburupean, beste hiru hitzaldi emango dira. Lehena otsailaren 14an izango da, eta Kirmen Uribe eta Juan Carlos Perez mintzatuko dira; otsailaren 19an Eider Rodriguezek eta Andoni Egañak hitz egingo dute; eta otsailaren 21ean Karmele Jaioren eta Mikel Urdangarinen txanda izango da.