Eusko Legebiltzarreko presidenteak Euskaltzaindia hartuko du urtarrilaren 22an
Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak Euskaltzaindiko Zuzendaritza hartuko du Eusko Legebiltzarrean, urtarrilaren 22an, eguerdiko 12:00etan. Eusko Legebiltzarraren presidenteak Euskadiko erakunde nagusiekin egiten ari den bileren inguruabarrean egingo da bi erakundeen arteko bilera.
Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 6. artikuluak, euskara Euskal Herriko hizkuntza ofiziala dela aitortzen du. Era berean, Estatutuaren 6.4. xedapenak, euskarari dagozkionetan, Euskaltzaindia erakunde aholku-emailea dela ere ezartzen du. Horiek horrela, bi erakundeek, lehenagotik zetorren lankidetzari jarraipena emanez, haien arteko hitzarmena berritu zuten 2011ko maiatzaren 4an. Hitzarmen honen altzoan, B. Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae liburuaren berrargitalpena aurkeztu zuten 2011. urteko abenduaren bian, Euskararen Nazioarteko egunean, hizkuntza desberdinetan. Era berean, Eusko Legebiltzarreko teknikarien hizkuntza prestakuntzarako zenbait ekimen ere garatu dituzte lankidetzan.
Euskaltzaindiko Zuzendaritzak ere ohiko bilkura egingo du Eusko Legebiltzarrean bertan, urtarrilaren 22an, goizeko hamarretan hasita.