Akordioak jasotzen dituen gaien artean, HABEk Euskaltzaindiari egingo dizkio gramatika, lexiko, ortografia, onomastika eta euskalkien erabileraren inguruko kontsultak eta iradokizunak, eta Euskaltzaindiak kontsulta horiei erantzuna eman edota bideratuko ditu.
Indarrean dagoen hitzarmenari segida emanez, Euskaltzaindiko Azkue Biblioteka eta HABE erakundeko HABE Liburutegiaren artean lankidetza-egitasmoak garatzeko konpromisoa berresten dute bi aldeek. Lankidetza hau ikerketa-egitasmoak ahalbidetzera, barneratzen dituzten funtsen zabalkundea egitera eta funtsen trukea segurtatzera bideratuko dira, batez ere.
Horretaz aparte, Euskaltzaindiak garatzen diharduen Lexikoaren Behatokia izeneko egitasmoa elikatzeko asmoz, HABEk argitaraturikoaren euskarazko testu-multzoaz, HABE Aldizkarian sortutakoaz batez ere, baliatzeko adostasuna erakusten dute.
Cristina Uriarte sailburuaren hitzetan, “oso garrantzitsua da Euskaltzaindiaren eta HABE erakundearen arteko lankidetza hitzarmen hau sinatzea. Euskaltzaindia euskararen arloan erakunde arauemaile ofiziala delako eta euskara batua eraikitzeko eta euskararen corpusa normalizatzeko prozesuaren gidaria delako, eta HABE helduen euskalduntzeaz arduratzen delako”.
Bere ustean, “orain arte bi erakundeok zuten elkarlana sendotu egingo da hitzarmenari esker. Esaterako, HABEren liburutegiaren eta Euskaltzaindikoaren arteko lankidetza-esparrua zabaldu egingo da, elkarrekin arituko dira, informazioa eta dokumentuak elkarri trukatuz, harpidetza batzuk partekatuz eta abar”.
HABEren zuzendari nagusi den Joseba Erkiziak ere, akordio hau azpimarratu nahi izan du: “helduen euskalduntze prozesuan sortzen diren hizkuntza-zalantzak edo antzeman daitezkeen arau-hutsuneak akademiari transmititzeko aukera izango dugu. Euskararen normalizazioaren aldeko pausuak izango dira zalantzarik gabe”
Euskaltzaindiko presidentea den Andres Urrutiaren esanetan, “Euskaltzaindiak behar-beharrezkoa ikusten du euskararen arloan ari diren askotariko eragileekin, horien artean HABE erakundearekin, lankidetzan jarduteari, besteak beste, duela 45 urte Arantzazun abiaturiko euskararen eredu bateratua zabaltzea eta hedatzea erabakigarria izan delako eta delako euskara indarberritzeko. Ikuspegi honetatik, izenpetu den akordioa eredu bateratuaren inguruan egon daitezkeen zalantzak bideratzeko nola herritarren beharrak jasotzeko tresna eragingarria da. Euskaltzaindiak azken urteotan egin dituen ahaleginei eutsi nahi die eta, euskararen erakunde aholku-emaile ofiziala den aldetik, lanean jarraitu nahi du, herritarrengandik zein euskararen eremuan ari den HABE erakundearengandik gertu egoteko, lan akademikoak gizartearentzat are onuragarriagoak izan daitezen eta euskararen indarberritzea bizkortzeko”.