Esan bezala, ekitaldiak apirilean hasiko dira eta azaroan amaituko. Denetarik egongo da: Nikolas Zendoiak eta Pello Esnalek "Basarriren kontalaritza lana", Joxe Mari Iriondok "Basarriren kazetaritza lana" eta Andoni Egañak "Basarri eta bertsogintza" hitzaldiak eskainiko dituzte; Zarautz Abesbatzako haurren eta nagusien kontzertuak; bertso jaialdiak. Abuztuan, plaka oroigarria jarriko dute Basarri bizi izan zen Azken Portu etxean. Azaroaren 29an "Basarritik Azken Portura" ekitaldi nagusia egingo da, Aritzbatalde kiroldegian. Bertsoa, irudia, musika eta antzerkia uztartzen dituen ikuskizuna izango da eta "Motxian" Bertso Eskolak antolatu du.
Bertsolari, idazle, kazetari, euskaltzain
Iñaki Eizmendi Manterola “Basarri” 1913an jaio zen, Errezilgo Granada baserrian, baina zaazpi urte zituela joan zen Zarautzera bizitzera. Zarautzen hil zen, 1999an, 86 urte betetzear zegoela.
Bertsolari eta kazetari ofizioz, hizketarako eta idazteko trebezia handia zuen. Joxe Mari Iriondo ohorezko euskaltzainak esan bezala, “Basarri bertsolariak iraultza handia ekarri zuen bertsolari-mundura. Erakusle eta maisu izan handi zen hura orduko bertsolaritzan. Baita euskarazko irratigintzan, edo eguneroko euskal kazetaritzan ere, ondo dakigunez. Hemezortzi urte zituela hasi zen idazten”. Bere lehenengo kronika, Kuku ta kuku izenekoa, 1930ekoa da eta Euzkadi egunkarian plazaratu zuen.
Iriondok berak hauxe dio: “Batez ere bertsolaria zen Basarri”. Zarauzko Azken Portu tabernan hasi zen bertsotan, eta 17 urte zituela, Zestoako plazan debutatu zuen. Euskal Herriko Txapelketa Nagusia birritan irabazi zuen, 1935ean eta 1960an. Gerra garaian, bertsoak kantatzen zituen Bilboko irratian. Horietako batzuk Antonio Zavala zenak argitaratu zituen, Auspoan. 1937ko ekainean, Bilbo erori zenean, Santander aldera ihes egin behar izan zuen, eta handik Frantzia aldera. Gerra amaitu ostean preso hartu zuten. 1943an itzuli zen Euskal Herrira, eta bertsolaritzari ekin zion berriro.
Garaiko izen handiko bertsolari guztiekin ibili zen. 1945etik aurrera, sarritan aritu zen Manuel Olaizola "Uztapide" zenaren ondoan. Bertsoak kantatzeaz gain, asko eta asko idatzi zuen. Bertsolaritzako lehen teorikoa izan dela esan izan da, bertsolaritza antzokietara sartu zuela, bertsolaritza duintzearen alde lan handia egin zuela. 1984ko azaroaren 30ean Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen.
2011ko martxoaren 19an, Zarautzen, Lizardi, Basarri eta Landaburu Euskal Pizkundeko idazleek Zarauzko Udalaren omenaldia jaso zuten. Ekitaldi hartan, Joxemari Iriondo ohorezko euskaltzainak Basarriren omenez testu bat irakurri zuen. Irakurtzeko, sakatu hemen.