Amurrioko toponimia jasotzen duen mapa aurkeztu da
Atzo, otsailaren 14an, Amurrio (Araba) udalerriko toponimia-mapa aurkeztu zen, herri horretako Katekesi aretoan. Aurkezpena Josune Irabien Amurrioko alkateak, mapa egin duen Aialur enpresako Nerea Garaiok eta Felix Mugurutza Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko kideak egin zuten. Ekitaldian, Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkaria eta Mikel Gorrotxategi Onomastika batzordeko idazkaria ere izan ziren, baita Federiko Barrenengoa zenaren senitartekoak ere. Amurrioko euskal toponimia berreskuratzeko eratu zen lehenbiziko batzordeko kidea izan zen Barrenengoa, eta Euskaltzaindiko Onomastika batzordearekin batera, herri horretako toponimia finkatze-lanetan lan handia egin zuen
Hala, bada, Barrenengoak berak eta Jose Antonio Gonzalez Salazarrek bildutako toponimoez osatutako datu-basea, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak utzitakoa, izan da lanaren abiapuntu nagusia. Amurrioko 1.400 leku baino gehiago bildu dira atzo aurkeztutako mapan, 900 toponimotik gora.