Nola esan behar da deitzen zaio adizki trinkoa erabiliz, deritzaio ala deritzo? Hau da, bereizten al dira deritzaio (‘deitzen zaio’) eta deritzo (‘irizten dio’)?
‘Iritzi = iruditu’ eta ‘iritzi = deitu’ bi erabilera horiek behintzat baditu [OEH:iritzi] aditzak: 1) ‘uste izan’, ’iruditu’; 2) ‘deitu’), eta biak erabil daitezke: Mikelek ongi deritzo afaltzera joateari eta Mikel deritzo mutil horri.
Formari dagokionez, Euskal Aditz Batua, 171. or. liburuak dio deritza nahiz deritzo erabil daitezkeela; baina ez *deritzaio.
Horrez gainera, ikus hauek ere: "Aditzaren jokabidea: izan/deitu (Zer izen du? Nola deitzen da? Nola du izena?)" (JAGONET), "Aditzaren jokabidea: iritzi (komenigarria dela irizten diote)" (JAGONET), "Aditzaren jokabidea: (trinkoak) iritzi=uste izan (on/ona deritza/deritzo)" (JAGONET)
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > aditz-jokoa, lexikoa > aditzak, sintaxia > aditza
Unitate-mota: hitzak-aditzak > trinkoak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.