Zein da zuzena: Gaixotasunaren diagnostikoa garaiz egitea komenigarria dela irizten diote ala Gaixotasunaren diagnostikoaRI garaiz egitea komenigarria dela irizten diote?
Lehenbizikoa bakarrik da zuzena. Iritzi aditzak -(e)la konpletiboaren konplementazioa arazorik gabe har dezake (ikus, esaterako, adibide hauek ere: polita dela deritzot, gaizki dagoela deritzogu), eta halaxe dago osatua lehen esaldi hori.
Datiboko marka (Nori) ere eska dezake iritzik, eta horren aplikazioa da okerra adibideetako bigarren perpausean. Datiboaren marka perpaus osagarriko adizki jokatugabeak, aditz-izenak (-tze), eraman behar du eta ez perpaus horretako osagai batek; eta horrez gain, -(e)ladun perpausik ez du behar esaldi horrek. Beraz, honela emango genuke:
*Gaixotasunaren diagnostikoaRI garaiz egitea komenigarria dela irizten diote.
Gaixotasunaren diagnostikoa garaiz egiteaRI komenigarria irizten diote.
Argibide horien haritik argitzen da esaldi hauen aldea ere:
Horri polita dela deritzot. EZ
Horri polit(a) deritzot. BAI
Hori polita dela deritzot. BAI
Horrez gainera, ikus hau ere: "Aditzaren jokabidea: iritzi (polita dela deritzot)" (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, sintaxia > aditza, sintaxia > komunztadura, sintaxia > perpausak
Unitate-mota: hitzak-aditzak > erregimena, hitzak-aditzak > komunztadura, hitzak > menderagailuak, perpausa > osagarriak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.