FORMA. Iritzi da forma batua (eritzi). [EH; 22. araua]
ERREGIMENA. Dio erregimeneko aditza da. Hik zer deritzan (horri)? Nik gaizki deritzat etxea saltzeari. Zer irizten diozu? Mikelek ongi deritzo afaltzera joateari. Mikel deritzo mutil horri. [EH]
IRITZI ADITZ TRINKOA. Forma trinkoak baditu iritzik (Euskal aditz batua, 1979, 171.-175. or.). Bi formak daude onartuta, deritzat/deritzot, deritza/deritzo..., baina ez *deritzaio. );
IRITZI + ...-(e)LA. Gramatikalki zuzenak dira era honetako esaldiak: polita dela deritzot, gaizki dagoela deritzogu...; Munduari zor diogun hitza esateko zorian gaudela deritzat, eta eleberri hau irakurtzeak biziro sendotu dit uste hori.
IRITZI (uste izan, iruditu) eta ATRIBUTUA. Mugatuan zein mugagabean zuzenak dira: on/ona deritza, astun/astuna deritzo.
Euskal literatura-tradizioan hainbat formatan ageri da hitz hau: eretxi, eritxi, eritzi, iritxi eta iritzi formetan gutxienez. Azkenengo bi mendeetan, iritzi da, alde handiz, gehien erabili den forma. Horregatik, beraz, araua: iritzi erabili behar da aditz nahiz izen gisa.
EUSKALTZAINDIA (1999). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak V (EGLU V). Bilbo: Euskaltzaindia (47).
— “Aditzaren jokabidea: iritzi (komenigarria dela irizten diote)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Aditzaren jokabidea: (trinkoak) iritzi (deritzo, deritza, *deritzaio)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Aditzaren jokabidea: iritzi (polita dela deritzot)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Aditzaren jokabidea: (trinkoak) iritzi=uste izan (on/ona deritza/deritzo)”, Jagonet galde-erantzunak.