Bi formak, deritzat eta deritzot (eta gisako bikoteak: deritza/deritzo (baina ez *deritzaio), deritzagu/deritzogu (baina ez *deritzaigu)...) adizki berberaren formak dira —dio erregimeneko iritzi aditzaren era trinkoa—, eta biak zuzenak dira: Ongi deritzat/deritzot horri. Gaizki deritzagu/deritzogu etxea saltzeari. (Euskal Aditz Batua, 171. or. )
Orobat dira zuzenak bi erabilerak —mugatzailearekin edo gabe— honakootan eta gisakoetan: on(a) deritzot, egoki(a) deritzat, kaxkarrago(a) deritzagu, seguruago(a) deritzat; onuragarri(a) deritzot, politago(ak) deritzegu...
Adizki horiek gehienetan ‘uste izan, irudi(tu)’ adieran erabiltzen dira: Zer deritzan/-k (horri)? Nik gaizki deritzat etxea saltzeari. Zer irizten diozu? Baina badute ‘deitu’ adiera ere, eta, beraz, egokiak dira hauek ere: Mikel deritzo mutil horri. Geologia estrukturalaren adar horri, sarritan, geotektonika deritzo. [EH]
EUSKALTZAINDIA (1997). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak II (EGLU II). Bilbo: Euskaltzaindia (313).
— “Aditzaren jokabidea: (trinkoak) iritzi (deritzo, deritza, *deritzaio)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Aditzaren jokabidea: (trinkoak) iritzi=uste izan (on/ona deritza/deritzo)”, Jagonet galde-erantzunak.