1. ’Atariko proba’ batean hau agertu zen:
Behin eta berriz agindu dizut…
- a. …
- b. Isilik egon zaitezen
- c. Isilik egoteko.
Horien artean, c) aukera ematen zen ontzat. Baztertzekoa al da b) aukera?
2. Bestalde, askotan entzun dut, zenbait euskalkitako tradizioan, subjuntiboko esaldietan -(e)n forma dela nagusi, eta -(e)la apenas agertzen dela. Egia al da hori?
1. Ez, b) aukera ez da baztertzekoa. Beste kontu bat da maizago erabiltzea perpaus jokatugabea (-t(z)ea, -tz(e)ko) subjuntiboko laguntzailea baino.
2. Bigarren galdera dela eta, Euskal Gramatika. Lehen Urratsak V, 134. or. liburukian, hau esaten da laburpen gisa: "Jarrera adierazten duten perpausetan eta nahia edo guraria adierazten dutenetan -(e)n da ohikoena, azken horietako batzuetan -(e)la ere agertzen den arren, mendebaldean batez ere.
Eskaera eta agindua adierazten dutenetan, berriz, kontuak bana dabiltza: Hegoaldean -(e)la da ohikoena eta Iparraldean -(e)n, azken horretan aginduetan-eta inoiz -(e)la ere agertzen den arren.
Aditz nagusitik bereziz bezala perpaus lokabeen antza hartzen dutenetan, berriz, -(e)la da ohiko menderagailua".
Horrez gainera, ikus hauek ere: "Helburua adieraztea: Subjuntiboa eta -tzeko (ikus nezan / ikusteko)" (JAGONET), "Aditzaren jokabidea: subjuntiboa (joan zaitezen esan dit / joan zaitezela esan dit)" (JAGONET), "Aditzaren jokabidea: subjuntiboa (opa diogu zeruan goza dadila / goza dadin)" (JAGONET), "Aditzaren jokabidea: subjuntiboa eta -tzeko (gogoratzeko / gogora nadin / gogora nadila esatera etorri)" (JAGONET), "Aditzaren jokabidea: subjuntiboa (eskatu, agindu, gomendatu, proposatu, aholkatu …dadila /dadin)" (JAGONET), "Aditzaren jokabidea: subjuntiboa eta -tzeko (izorra gaitezen / izorratzeko egin dute)" (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > aditz-jokoa, sintaxia > aditza, sintaxia > perpausak
Unitate-mota: hitzak-aditzak > adizki jokatuak, hitzak-aditzak > adizki ez-jokatuak, hitzak > menderagailuak, perpausa > osagarriak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.