20.2.1.3a Gorago esan dugun bezala (§ 20.1.5) leku/denborazko postposizio itsatsi hauek ([PS [DS …] -TIK/-RIK]) beste PS bat dute osagarritzat. Batzuetan, gainera, agerian. Zuregandik, aitagandik sintagmetan argi dago: zure-ga-n-tik, aita-ga-n-tik. Hemendik (hemen-tik), handik (han-tik) sintagmetan ere bai. Denetan -n inesiboa ageri da. Etxetik, kaletik, etxeko sintagmetan, ordea, inesibo hori ez da azaltzen. Hala ere, etxeko-ren ‘azpian’ etxean-ko daukagula onartzen den bezala (§ 20.1.1), etxetik-en azpian etxean-tik dagoela pentsa liteke, zuregandik edo hemendik sintagmetan bezalaxe; batean ezkutuan, bestean agerian.
Gauzak nola diren azaltzeko modu erraza dela uste dugu lehen begiratuan sokari korapilo gehiago egitea lirudikeen arren. Hortaz, atalari ezarri diogun izenburuan sintagmaren egiturak honela beharko zukeen: [PS [PS [DS …] ] -tik/ -rik]. Alegia, [PS [PS [DS Pello] -(ren)-ga-n ] -tik] (Pello(ren)gandik). Baina beste kasu askotan ere bai, inesiboa agerian egon ez arren: [PS [PS [DS Gernika] -n ] -tik] (Gernikatik).
20.2.1.3b Denborazko adberbioek ablatiboan har dezakete forma berezi bat: -danik. Jakina da -tik postposizioa leku/denborazko ohiko adberbioek ere har dezaketela. Orduan, adberbio horien morfofonologia egokitu egiten da apur bat. Bereziki, -dan-ik forma hartzen ahal dute: noiztik/noizdanik, aspalditik/ aspaldidanik, gaurtik/gaurdanik, betitik/betidanik… Dirudienez, forma bikoiztasun hau denbora-adberbioetan bakarrik gertatzen da. Leku-adberbio garbien kasuan ez da holakorik ikusten, antza: nondik, hemendik, hortik, handik; ez *nondanik, *hemendanik…