Euskaltzaindiak lehentasuna eman dio, sorreratik, hiztegigintzari. Izan ere, hizkuntza akademia batentzat hiztegigintza oinarri-oinarrizko eginkizuna da. Akademia sortu berriak, 1920an, eratu zituen bost batzordeetako bat, hain zuzen, «Iztegisaila» izan zen.
1955ean, Euskaltzaindiak Koldo Mitxelena euskaltzainari enkargua egin zion, Resurreccion Maria Azkueren Diccionario Vasco-Español-Francés (1905-06) obra eguneratu, zuzendu eta osatzeko. Mitxelena berehala konturatu zen hiztegia osatzeko lan mardulagoa egitea ezinbestekoa zela, ikertzaile bakar batek baino, lantalde zabalak burutu beharrekoa zela. Orotariko Euskal Hiztegia egiteko lehen urratsa izan zen hura.
Bitartean, Euskaltzaindia beste maila bateko hiztegigintzan ere aritu zen: alorrez alorreko hiztegi eta izendegi espezializatu txikiak lantzen, 1960ko hamarkadaren bukaeran batez ere. Merkatalgo izendegiak (1974) eta Zortzi urte arteko ikastola hiztegiak (1975) ikusi zuten argia hurrengo hamarkadan.
Ondoko urteetan jorratu zuen Akademiak Hiztegi Batua (HB), Euskaltzaindiaren Hiztegiaren (EH) abiapuntu izango zen hiztegi ortografikoa.
Gaur egun bi hiztegi nagusi ditu Euskaltzaindiak: Orotariko Euskal Hiztegia (OEH), gure tradizioa jasotzen duen hiztegi historiko-deskriptiboa, eta Euskaltzaindiaren Hiztegia, Akademiaren hiztegi arauemailea.