Euskararen Gramatika

32.4.3. Bezala/legez morfemak alderaketaz bestelako erabileretan


32.4.3. Bezala/legez morfemak alderaketaz bestelako erabileretan

32.4.3a Parekotasunezko alderaketaz bestelako erabilera batzuk ere badituzte bezala eta legez adberbioek, ezkerrean perpausa dutelarik, hala nola, juntadura modukoa, denbora baliokoa, azalpenezko mintzagai gisakoa, kausazkoa edo egia indartzeko esaera modukoa. Perpausaz bestelako sintagmen buruan ere joan daitezke, hurbiltze balioa adieraziz edo postposizio sintagma arruntak eratuz.

Juntadura balioa har dezake egitura honek perpaus nagusiari ere adberbioa eransten zaionean: Garia bezala, artoa ere igitaiz ebakitzen da Uitzin (Orixe); Baina Saizarbitoria ere hor dago zure liburuan, Txillardegi bezala (Berria); Euskal diputazioek bezala, Nafarroako Gobernuak ere eusten dio Euskaltzaindiarekin duen hitzarmenari (Berria). Ere adberbioa gabe ere egoera, jarduera edo modu biren parekotasuna baino areago baieztapen biren egiarena ematen da zenbaitetan aditzera: Bustia da abereentzat guretzat bezala etsairik handiena (Duvoisin).

32.4.3b Zenbaitetan, denborazko balioa dute bezala morfemarekin eginiko perpausek, aditz eta guztikoek: Ikusi zituen bezala, esan zien: Zoazte (Iraizoz); Hitz horiek aditu zituen bezala, gizonak negar minari eman zion (G. Arrue). Nahiz partizipio soila dutenek: Gure ahoa ixten duk, hi agertu bezala (Etxeberri Ziburukoa); Donibane Gurutzak hitz horiek aditu bezala, minez samurtu zen erraietaraino (Gaztelu). Denborari dagokion ‘parekotasuna’ ematen da aditzera horrelakoetan, hau da, aldiberekotasun estua edo berehalakotasuna (ikus 35. eta 36. kapituluak).

Joan gisako aditzekin doanean, berriz, gertakari biren aldibereko gauzatze progresiboa ematen du aditzera bezala-perpausak: Etxerantz zihoan bezala, zihoan ere eguna argituaz (Urruzuno); Bizitzan aurrera goazen bezala gauza asko ikusten da (Zendoia); Jesus edadean aurreratuaz zihoan legez, hala zihoan haziaz ontasun, eta arimako ondasunetan (Uriarte); bezala-ren ordez neurrian, eran, heinean ezar daitezke: Bizitzan aurrera goazen neurrian gauza asko ikasten da.

32.4.3c Perpaus nagusian esaten denaren azalpen-ohar gisa ere erabiltzen dira forma hauekin eginiko perpausak, esaldiaren mintzagai: Aurreikuspenak esaten zuen bezala, euria egin du goiz osoan; Partida, ikusi duzuen legez, erraz irabazi dugu; Laborarien lana nekeza da, dakizuen bezala. Partizipioarekin ere egin daitezke horrelako perpausak, adizki laguntzailerik gabe: Aurreikuspenak esan bezala. Neke da horrelakoetan bezala edo legez morfemen aurrean erreferentziazko terminoa biltzen duen perpausa aurkitzea. Izan ere, esan bezala, konparatzeko baino areago esaten denaren azalpena emateko erabiltzen dira horrelako perpausak. Argi ikusten da hori ondoko esaldi bi hauek erkatuz: Irakasleak esan duen bezala egin dute denek ariketa eta Irakasleak esan duen bezala, denek egin dute ariketa. Lehenbizikoa parekotasunezko konparazioa da —‘irakasleak egiteko esan duen bezala egin dute denek ariketa’, hots, hark esandako moduan, modu hartan berean—; bigarrena, berriz, perpaus nagusia esateko hiztunak ematen duen azalpenezko oharra da —‘ariketa denek egin dute, irakasleak esan du hori’—. Azken honen moduko perpausak ebidentzialak deitzen dira, esan, aipatu, adierazi eta horrelako aditzekin eratuak direnean, haietan esaten dena aintzat hartu, eta egiatzat ematen baitu hiztunak; hala, adibidean, ‘ariketa denek egin dutela’ egia da hiztunaren arabera, aintzat hartzen baitu irakasleak esana280.

32.4.3d Garai batean, berriz, kausa gisako azalpena adierazteko ere erabiltzen zen bezala-perpausa; perpaus nagusiak aipatzen duen gertakariaren arrazoia emateko, alegia: Baina, nire jauna, nire aita gozoa, ona zaren bezala, urrikal zaitez (Duvoisin); Ingratu guztietarik handiena naizen bezala, zure miserikordia handienerat hel egiten dut (Mihura); Arina den bezala mutil Euskalduna, pilotak harentzat du gustu gehiena (Hiribarren).

Erabilera horretarako, ordea, bezala-rekin eginiko perpausak baino ohikoagoak dira eta maiztasun handiagoz erabiltzen dira gaur egun legez morfemarekin eginikoak: Gizon asko ziren lez, janari ta edari asko behar zituen (Etxeita); Oheratu zen, eta dena mankatuta zegoen legez, bertatik loak hartu zuen (Uriarte). Hargatik anafora darama inoiz perpaus nagusian: Atzetik dauzkan legez oin bi luzeago, hargatik nahi duenean egiten du salto (De la Fuente). Erabilera honetan ere ez da parekotasunezko konparaziorik, kausa-ondorio erlazioaren adierazpena baizik. Hain zuzen ere, -nez gero, -nez edo nola … -n formekin eginiko perpausen pareko esanahia du -n legez perpausak, eta beste forma horiek dira bizkaieraren eremutik kanpo batez ere erabiltzen direnak (mankatuta zegoen legez = mankatuta zegoenez (gero) = nola mankatuta zegoen), § 38.8f.

32.4.3e Esaten denaren egia azpimarratzeko edo indartzeko naizen bezala gisako esamoldeak erabiltzen dira: Antton Barandiaran naizen bezala diot (Azkue); Bai, Mayi, egia, ni hementxe naizen bezala (Etxaide).

32.4.3f Perpausaz bestelako sintagmekin ere joan daitezke bezala/legez formak. Hurbiltze balioa eman diezaiekete sintagma horiei: Gogogabe bezala zatoz (Zaitegi); Hantxe geratu zen gogortuta lez (Erkiaga). Predikatuak dioenaren ‘antzeko zerbait’ adierazi nahi dela seinalatzen dute horrelako perpausek, ez hura zehatz-mehatz; ‘gogogabe’ zehazki ez, alegia, lehen adibidean, horren antzeko egoeran baizik, hau da, ‘horrela balitz bezala’. Neurria edo zenbatekoa adierazten duten sintagmekin doazenean izaten dute maiz hurbiltze balioa forma hauek; neurria gutxi gorabehera emana dela adierazten dute, inguru edo gutxi gorabehera esapideek bezala: Haren alde atera dira laurehun gizon bezala (Duvoisin); Oren baten buruan bezala, etsitu zuen Joanesek (Barbier); Zenbat urte bezala? (Orixe); Urtarrilean, zenbat lez ikasle geratu ginela uste duzue? (Kirikiño); ‘laurehun gizon {inguru ∼ gutxi gorabehera}’, alegia, lehen adibidean.

Horren antzeko hurbiltze balioa eransten du bezala morfemak adizki nagusiaren segidan kokaturik denean, laguntzailea ondoan duela: Milagro hau ikusi eta harritu bezala ziren (Mendiburu); Akitu eta ezindu bezala zen (Larregi); Egun hartarik zerua hetsi bezala zen (Zerbitzari).

32.4.3g Gisa(ra), moduan edo prolatiboko -tzat postposizioekin eginiko sintagmen parekoak ere moldatzen dira bezala/legez morfemekin, predikatu osagarri gisakoak. Ondoko esaldian juntaturik ematen dira -tzat eta bezala formekin eginiko sintagmak: Ipintzen zaigu geure begion aitzinean etsenplutzat eta mirail bezala (Axular).

Bezala hartzen duen izen sintagma mugagabea da maizenik: Horra etorri zen lanera, ehule bezala, gure aitona (Mitxelena); Onean, adiskide bezala hitz egingo zion Manueli (Agirre); Uztapide […] bertsolari lez onena dela herri guztiak dio (B. Enbeita); Ordu berean adiskide bezala hartu zuten (Narbaitz). Garai batean mugagabea bezala mugatua ere ematen zen sintagma horietako izena: Adoratzen dugula geure kreatzailea eta salbatzailea bezala (Beriain); Mundura etorri zara kontseilu handiko Aingerua eta Nazioen doktora bezala, gizon guztien argitzeko (Gazteluzar). Baita pluralean ere: Haren Ministroak bezala goberna dezaten Eliza (Irazusta) —ez, alegia, haren ministroek bezala—, baina ikus esaldi hori bera izena mugagabean duela: [Aingeruek] haren ministro bezala goberna dezaten Eliza (Astete). Gaur egun, berriz, gutxi erabiltzen da horrelakoetan izen sintagma mugatua: Legezko semea bezala jarri zuten bataioko liburuan (Etxaniz)281.

Absolutiboaz bestelako kasuetan ere joan daiteke bezala eta legez formen aurreko sintagma: Kristauak bezala dauzkazun eta sinestatzen dituzun gauzak zein dira? (Añibarro); Sazerdote handiak bezala berak zure bekatu guztien barkazioa dizula (Kardaberaz); Apostolu guztien buruari bezala Pedrori berehala hasi zitzaion (Lardizabal); Santu guztien Erregina izateko esleiturik zeukanari bezala komunikatu zizkion beste kreatura guztiei baino grazia, eta dohain ugariagoak (Gerriko). Dena dela, kasu horietan ez ezik, absolutiboan ere eman daitezke izen sintagma horiek. Añibarroren esaldiko kristauak bezala sintagma, hain zuzen ere, kristau(a) bezala ematen dute beste katixima batzuek; honako adibide honetan, berriz, esaldi berean ageri dira kasu marka duen izen sintagma eta absolutiboa: Eta baldin ezdeusak bezala ez badut merezi mespreziorik baizen, zer ez dut merezi bekatore bezala? (Duhalde); eta ondoko esaldiak, azkenik, jokabide bien adibide dira: Hura guztia, euskaldunen buruzagi bezala, zuri dagokizula (Axular); Niri zure Jaunari bezala agur egiten badidazu (Agirre Asteasukoa).

Aurretik emandako izen sintagma baten aposizio ere izan daiteke bezala-sintagma, eta horrelakoetan aurreko sintagmaren kasuan doa: Jainkoa, gure errege bezala, beti goizetik arratseraino ongi egiten ari zaigu (Gazteluzar); San Agustinek, frogatuak bezala, anitz gauza erraten du luzamendutan ibiltzeko puntu honen gainean (Axular); Jaungoikoari, gure jabe soberanoari bezala zor diogun errespetua… (Gerriko).

32.4.3h Horrela moldatutako sintagmak ez dira, hala ere, beti egokiak. Hartu eta eduki aditzek, esate baterako, -tzat prolatiboa hobesten dute; zuzenagoa da, adibidez, Sorgintzat hartu ninduten esaldia Sorgin bezala hartu ninduten esaldia baino; edota Nagusitzat daukate esaldia Nagusi bezala daukate esaldia baino (EGPB, EGLU Laburra: 493; § 24.3.5.2).

Eta, bestalde, bigarren predikatu denean, egokiago eta zuzenago da bezala gabe ematea sintagma: Misiolari ibili zen Afrikan; Soldadu joan zen; Maisu segitzen du; Partida bi irabaztea dugu xede; Alkate hautatu naute. Bezala erantsi daiteke, hori bai, balitz bezala adiera duenean: Misiolari bezala ibili zen esan daiteke misiolari izan gabe misiolari itxuran ibili denarengatik.

Horrelako sintagmei bezala erantsiz, esaldi anbiguoak era daitezke, determinatzaile sintagmak -a daramanean —artikulua nahiz berezkoa—. Aita bezala mintzo natzaizu esaldiko aita bezala sintagma, adibidez, bitara uler daiteke: konparazio perpaus gisa —barneko aditza eskuragarri duena— (‘Aita mintzo den bezala mintzo natzaizu’, hots, modu berean) nahiz postposizio sintagma arrunt moduan (‘Aita gisa mintzo natzaizu’). Anbiguotasuna saihesteko, egokiagoa da bigarren adierarako gisa edo modura postposizioak erabiltzea.

280 Bestetan perpaus hauen sinonimo izan badaitezke ere -nez formarekin eginak, esan gisako aditzekin eratuek ñabardura desberdinak eman ditzakete aditzera. Ebidentzialak dira —hau da, egiatzat hartzen direnak— -n bezala formarekin eginak; omenka hartuak baizik ez, berriz, -nez formarekin eginak. Alde hori dago, esate baterako, ondoko esaldi bi hauen artean: Esan duten bezala, guztiz larria izan da istripua —egiatzat hartua— eta Esan dutenez, guztiz larria izan da istripua —omenka aipatua—. Hiztunaren jarrera ez da agertzen, bestalde, Istripua guztiz larria izan dela esan dute esaldian.

281 OEH s. v. bezala, ‘en calidad de, como’ adieran: “Documentado desde Dechepare, es de uso gral. excepto en la trad. vizcaína. Hasta mediados del s. XIX se emplea precedido de un sintagma nominal en caso absoluto indeterminado, o, con casi igual frecuencia, determinado; a partir de dicha época apenas se encuentran ejs. con determinado”.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper