Euskararen Gramatika

32.4.2. Bezalako/legezko formekin eginiko parekotasunezko perpausak


32.4.2. Bezalako/legezko formekin eginiko parekotasunezko perpausak

32.4.2a Bezala eta legez adberbioei -ko atzizkia erantsita bezalako eta legezko forma adjektibalak eratzen dira. Izenlagun izan daitezke (hau bezalako etxea; hura legezko laguna), eta baita izen predikatu ere (gu bezalakoa (da); ni legezkoa (zara)). Bizkaieraz lako erabiltzen da maiz —aldaera, lango— forma hauen lekuan (hau lako laguna; hura langoa da); lasoko forma ere zerbait erabilia da bizkaieraz. Forma hauek egoera-jardunen parekotasuna baino areago izaerena ematen dute aditzera.

Parekotasun esaldien egitura gordez, erreferentziazko terminoa biltzen duen perpausa izan dezakete aurretik forma hauek, aditz eta guztikoa nahiz laburragoa: Eta egundaino izatu ez zituen bezalako atseginek hartu zioten bihotza (Joanategi); Buruetan dituzte idiskoak bezelako adarrak (B. Mogel); Aurreko liburuxka biei bezalako abegia azaltzen badiezue, […] azkenengoak ez dira izango (Basarri); […] konturatuko ez banintz lezko agiria egin diodanean […] (T. Etxebarria); Nik ez nuen izan gaur gehienek duten lako aukerarik (Gerrikagoitia).

32.4.2b Predikatu gisa ere erabiltzen dira, esan bezala, eta izan dute gehienetan loturako aditza: Gaztetan ez dun orain gu bezalakorik (Iraultza); Bakoitza ager bedi beraz, beti den bezalako (Goihetxe); Ni izan naiz halako batek merezi bezalakoa (Txirrita); Izan bedi nigatik nai duen lezkoa (Astarloa); Arnasa izotza lakoa zeukan (J. Altuna); Ez zara zu besteak langoa (Agirre).

Predikatu funtzio honetan bezala soila ere erabiltzen da inoiz: Asko du dizipuluak bere maistrua bezala den (Leizarraga); Ene [molde] haur ez baita zurea bezala (Axular); Zer nahi duzu, Kattalin? Bakoitza den bezala da (Manezaundi); Terex gaixoa, gaztea landare bat bezala da (Larzabal); Landare bezala gara: tokatu zaigun lur-puska maite dugu guztiz (Txillardegi); Eguna bezala da harentzat arratsa (Uztapide); Gu bezalaxe dira animaliak (A. P. Iturriaga)279.

Perpausa esaldi osoari dagokionean, mintzagai gisa, bezalako formak ez du hartan lekurik, mintzagaia ez baita predikatua: Aita bezala, semea ere mediku ona da, bai, baina *Aita bezalakoa, semea ere mediku ona da; perpaus nagusiaren ondotik doazelarik, berriz, biak dira posible, baina esanahi desberdina dute: Semea ere mediku ona da, aita bezala esaldian esaldi osoari dagokio aita bezala, mintzagaia aurrean denean bezala; Semea ere mediku ona da, aita bezalakoa esaldian, berriz, bezalakoa adjektiboa da, ona adjektiboaren aposizio.

32.4.2c Adjektiboa modifikatuz ere erabiltzen dituzte batzuek forma hauek: Zer uste zenuen bada, goierritarrak bezalako bastoak direla hemengo neskatxa gazteak? (Altzaga); Berau, Jaunari eskerrak, beti bezalako azkarra, otzana, aldarte onekoa eta lagungina dator (Azkue); […] ez da edozein irtengo Uzkudun bezalako ona (Euskal Jokoak); Ez ginela gu esaten zuten bezalako txarrak (A. Zinkunegi). Horrelakoak, ordea, ez dira ohikoak, adjektiboen maila-berdintasuna adierazteko bezain forma baita jeneralean erabiltzen dena (bezain {bastoak / azkarra / ona / txarra…}). Adjektiboa izen sintagmaren barnean denean bezalako eta bezain morfemak erabil daitezke, biak, baina ez dute guztiz esanahi bera. Uzkudun bezalako boxeolari kementsuak gutxi izan dira esaldiko bezalako-k boxeolari kementsu izen sintagmari dagokio, eta, hortaz, ‘zenbat boxeolari kementsu’ izan diren ematen da aditzera. Uzkudun bezain boxeolari kementsuak gutxi izan dira esaldiko bezain morfema, berriz, kementsu adjektiboari dagokio, eta ‘kementasun maila horretako zenbat boxeolari’ izan diren adierazten da.

32.4.2d Bezala formaren antzera, bezalako-k, lezko-k eta lako-k ere hartzen dute balio indargarria duen -(t)xe atzizkia: Bi uren artean igeri dagoen arraia bezalakoxea zara zu (Aresti); Zu bezalaxeko gaztetxo asko aitortu ditu (M. Atxaga); Donostian dendak, Parisen lezkotxeak (T. Etxebarria); Edonoren aurrean aurkezteko lakoxea zarela (Otxolua). Balio indargarria du, halaber, bezal(a)-bezala errepikatuak: Hau bezal-bezalakoa zen (Izeta); Beste ardi bat bezal-bezalakoa, agian (Salaburu). Hurbiltze balioa du, bestalde, -tsu atzizkiak: Etxe hura beste etxeak bezalatsukoa zen (Larre). Adjektiboa denez, mailakatzailea ere har dezake, ohikoa ez den arren: Ondikotz! Gizon bat besteak bezalakoegi zenuten hor (Mirande).

32.4.2e Finkatutako esapide gisa erabiltzen da ez bezalako forma, ez adberbioa zuzenean aditzari ez dagokiola eta, hortaz, perpausa eratzen ez duela: Gelditu ziren guztiz bihotz-aldatuak, lehen ziren ez bezalakoak (Ubillos); Su gaitza genuen beti hirian egiten diren ez bezalakoetarik (J. Etxepare); Nirea ez bezalako txartel bat zela iruditu zitzaidan (Lertxundi); Ez du molekula-desberdintasunak egiten ugaztun bat beste bat ez bezalako (Juan Garzia). Maiz erabiltzen da forma hau inoiz, inor eta horrelakoekin: Inoiz ez bezalako bertsoak entzun ditugu gaur; Mundu guztitik egin dagizuen inork ez lako agurra (Arrese Beitia); Bestek ez bezalako dohai handiak dauzka Gipuzkoako bazter maiteak (Iztueta).

279 Garatek txartzat ditu Baserria ez da kalea bezala modukoak, eta haien lekuan bezalako forma edo bestelako itzuli egokiren bat erabiltzea proposatzen du (1988: 61).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper