Euskararen Gramatika

32.2.1.3. Bestelako kasu batzuk


32.2.1.3. Bestelako kasu batzuk

32.2.1.3a Erreferentziazko terminoa izan aditza eta konparazioaren ardatza adjektiboa direnean, den bezain luzea gisako sintagmak era daitezke: Zen bezain handia izan arren (Agirre Asteasukoa); Gu garen bezain kreatura erromes eta ezdeusentzat duen amodio sobraniazkoa (Haraneder); Dugun imita heiena zen bezain bizi Saindua (Jauretxe); Sultan […], zen bezain luze, zetzan lurrean jarria (A. P. Iturriaga). Konparaziozko egitura izanik pentsa daiteke horrelako esaldien azpian ere perpaus bi direla; [Hura X handia zen] eta [hura X handia zen], esate baterako, lehen adibideko esaldiaren azpian, non mendekoan isilik den X handia sintagma. Dena dela, ez dirudi hor zinez alderaketa denik, enfasia adierazteko modu bat baizik (zen bezain handia = {oso handia ∼ hain handia} izanik).

Zen bezain sutsu jokatu zen (Barrensoro) esaldian konparazioaren ardatza adberbioa da eta mendeko perpausean isilpean geraturiko sintagma, berriz, adjektiboa: [Adj sutsu] zen eta [Adb sutsu] jokatu zen. Adberbioaren eraginez geratu da isilpean adjektiboa, formalki biak berdinak direlako.

32.2.1.3b Gutxi zenbatzailearekin ere erabiltzen da bezain morfema: Haren ahotsak begiradak bezain gutxi adierazten zuen (Olarra); Nik bezain gutxi kobratuko dizu […] (Cano). Perpaus horiek formaz maila konparazioari badagozkio ere, zenbatekoa da berez alderatzen dutena. Asko edo anitz zenbatzailearekin, aldiz, ez da ohikoa horrelako perpausak eratzea (*Zuk bezain asko dakit nik; *Zuk bezain liburu anitz irakurri dut nik), horien lekuan zenbatasunari dagokion adina morfema edo horren antzekoren bat erabiltzen baita (Zuk adina dakit nik)265. Gutxi-ren zenbatasun mailaren konparazioa da, bada, bezain gutxi sintagmak bideratzen duena; asko-rena, berriz, adina-k bideratzen du. Bat dator hori zenbatzaile hauen jokabide orokorrarekin. Izan ere, gutxi-k onartzen ditu zenbatasunaren modifikatzaile batzuk (oso gutxi, gutxiago, gutxiegi, gutxien), baina ez asko-k (*oso asko, *askoago, *askoegi, *askoen) ez eta anitz-ek ere (*oso anitz, *anitzen; anitzago eta anitzegi ere ez dira ohikoak) —azken hauen lekuan gehiago, gehiegi, gehien erabiltzen dira—.

32.2.1.3c Denborazko adberbioekin bi eratako perpausak eratzen ditu bezain morfemak. Termino biei dagokien denbora konpara daiteke adberbio horien bidez, ohiko konparazio perpausa eratuz: Peru Miren bezain berandu iritsi da; Frantsesa bezain laster ikasiko du ingelesa. ‘Berandutasun maila’ konparatzen da lehen adibidean, eta ‘lastertasun maila’, bigarrenean. Gertakari bat denboran kokatzeko ere erabil daiteke, ordea, egitura hori, gertakari horren noizkoa beste baten noizkoaren parean ezarriz: Ikusi zaitudan bezain laster ezagutu zaitut; Partida hasi bezain laster sartu dute gola. Gertakarien aldiberekotasun estua adierazten da perpauson bidez; noiz ikusi, orduan ezagutu, alegia, lehen adibidean, eta partida noiz hasi, gola orduan sartu, bigarrenean. Formaz konparaziozkoak izan arren, gertakaria denboran kokatzea dute zeregin perpaus hauek. Ikusten den moduan, gertakaria adierazten duten aditzak dira ‘konparatzen’ edo ‘parekatzen’ diren termino biak; mendeko perpausekoa adizki laguntzailearekin nahiz hura isilduta eman daiteke (hasi (zen) bezain laster). Laster adberbioaz gainera, bestalde, sarri, fite, agudo, aurki, azkar eta beste batzuk ere erabil daitezke forma hau eratzeko (bezain sarri, bezain fite, bezain agudo) (§ 36.5.1, § 36.5.2).

32.2.1.3d Berdintasunezkoa izanik, alderaketa honek ez du hartzen, bistan da, maila-aldea adierazten duen diferentzia adierazlerik: *Zure laguna askoz ere ni bezain trebea da; *Zure etxea nirea bezain bi aldiz handia da. Onartzen ditu, hala ere, ohiko bidetik, perpaus osoari dagozkion adberbioak, hurbiltze adiera dutenak: Hemen festa ia-ia lana bezain sakratua da; Arduragabe izateko bezain libre banaiz gutxienik (Berria).

Alderaketa honek, bestalde, norabide positiboa du, nolabait esan, baiezkoa denean. Izan ere, konparatua erreferentziaz hartzen denaren mailan bederen badela esaten da, handik gora ere egon daitekeela saihestu gabe, baina handik behera egon daitekeela baztertuta. Hala, Hura zu bezain aberatsa da, eta baita aberatsagoa ere beharbada esan daiteke, baina ez *Hura zu bezain aberatsa da, eta baita pobreagoa ere beharbada. Ezezka emanda, berriz, konparatua erreferentziazkoaren mailara iristen ez dela esaten da, eta hori, jakina, ez da gehiagotasunarekin uztartzen ahal: Hura ez da zu bezain aberatsa, pobreagoa baizik, esan daiteke, baina ez *Hura ez da zu bezain aberatsa, aberatsagoa baizik, erabilera zuzentzailean izan ezik (Zu bezain aberatsa ez, aberatsagoa da!). Berdintasuna ukatzea du euskarak, hain zuzen, mailaren gutxiagotasuna adierazteko modu bat (§ 32.1.1b).

32.2.1.3e Ezezkoa konparazio perpausari dagokionean, berriz, gehiagotasun adiera hartzen du perpausak: Inoiz izan ez naizen bezain zoriontsua naiz orain —hau da, ‘inoiz baino zoriontsuagoa’—; aditza isilpean utzita, ez adberbioa bezain morfemaren ezkerrean kokatzen da, ez bezain segida eratuz: Inoiz ez bezain zoriontsua naiz orain; Mutikoak sekula ez bezain txintxo egin zituen etxeko lanak (Egunkaria). Ezezko polaritatea duten inor, ezer, inoiz, sekula eta inon gisako izenordain edo adberbioekin eratzen da maiz segida hau (inoiz ez bezain ondo, inon ez bezain lasai, inor ez bezain trebea…), baina baita bestelako hitz klaseekin ere: Txorrota ohi ez bezain oparo ari da nire ahotik (Lertxundi) —‘ohi baino oparoago’, alegia—; Oiloek txitak ez bezain maiteki hartu nau amak ni (S. Mitxelena) —hots, ‘oiloek txitak hartzen dituzten baino maitekiago’—.

265 Ikus, hala ere, Hargatik guk bezain asko Ameriketan zuten maitatzen (Arrese Beitia).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper