Euskararen Gramatika

32.1.3.5. -n eta -na menderagailuak


32.1.3.5. -n eta -na menderagailuak

32.1.3.5a Desberdintasunezko perpausetan ohiko -n menderagailuaren lekuan -na menderagailua ezartzen dute batzuek gaur egun: Bestea ulertu behar dugu, ulertzen duguna baino askoz gehiago (Berria); Ez da erraza hark bertsotan egiten duena baino egokiago hitz egiten (Goienkaria).

Ez da nahastu behar erabilera hori konparazio perpausak barnean izan dezakeen -na erlatiboarekin, hau da, mendeko perpausaren barneko zati denarekin. Halakoa da, esate baterako, Zure konputagailua nik erosi dudana baino garestiagoa da esaldikoa, hots, Zure konputagailua nik erosi dudan (konputagailu)a baino garestiagoa da. Ardatz izena agerian ez duen erlatiboa da hori, testuinguruari esker eskuratzen dena: Zure konputagailua nik erosi dudan (konputagailu)a (den) baino garestiagoa da da azpian dagoen esaldia, mendeko perpauseko den aditza isilpean duena. Beste zenbaitetan izen generikoa izan daiteke erlatiboan adierazi gabe uzten dena; hala, Azken orduan mugitzen dena baino lasaiago ibiltzen da garaiz abiatzen dena esaldian mugitzen dena erlatiboaren izen ardatza generikoa da, eta Azken orduan mugitzen dena (ibiltzen den) baino lasaiago ibiltzen da garaiz abiatzen dena da azpian dagoena. Horrelakoetan argi da -na morfema ez dagokiola konparazio perpausari, haren barruko zati den erlatiboari baizik.

32.1.3.5b Berdintasuna adierazten duten perpausetan ez dago zalantzarik, -na morfema barneko perpaus erlatiboari baitagokio beti. Hala, esanahi diferentea dute Auto hau ez da nik nahi nuen bezain azkarra eta Auto hau ez da nik nahi nuena bezain azkarra esaldiek. ‘Autoaren azkartasun maila’ eta ‘nik nahi nuen azkartasun maila’ konparatzen dira aurreneko esaldian; ‘autoaren azkartasun maila’ eta ‘nik nahi nuen beste auto jakin baten azkartasun maila’ alderatzen ditu bigarrenak, barnean erlatiboa duenak, ‘nik nahi nuen autoa (den) bezain azkarra’ baita bigarren esaldian ulertzen dena.

Desberdintasunezko perpausetan, ordea, bestela dira gauzak. Izan ere, konparazio perpausaren parekoa gertatzen da zenbaitetan -na erlatiboduna. Hala, Ukan duguna baino gehiago zer genezake eskatu? (Xalbador) esaldiko ukan duguna perpausa konparazio perpausaren barruko erlatiboa da, bai —Ukan dugun (hura) (den) baino gehiago—, baina esanahian haren parekoa da ohiko moduan emandako konparazio perpausa —Ukan dugun baino gehiago zer genezake eskatu?—. Esanahi bereko egitura bi dira, alderaketa bera ematen baitute aditzera barnean erlatiboa duen perpausak eta ohiko konparaziozkoak. Eta horrek egitura bien arteko nahastea-edo eragin dezake, bata zein bestea erabil baitaiteke konparazio bera adierazteko. Zabala da gaur egun bietara ematen diren perpausen eremua. Hona adibide batzuk, azken aldiko testuetatik bilduak:

Eskoziak behar duen baino energia gehiago sortzeko gaitasuna izango du (Berria)
Plantak behar duena baino errefus gutxiago sortuko da Gipuzkoan (Berria)

Ematen duen baino askoz ere zaharragoa da (Berria)
Ematen duena baino ahulagoa naiz (Malagon)

Berlinek aitortzen duen baino gehiago zekien espioitzaz (Berria)
Mitxelek esaten duena baino gehiago daki (Goenkale)

Naizen baino askoz ere inkultoagoa izan nahi nuke (Berria)
Saiatzen naiz naizena baino gehiago naizenik ez sinesten (Berria)

Ezin dugu garen baino gehiago garela pentsatu (Berria)
Ederra litzateke garena baino itsusiago izatea (Berria)

32.1.3.5c Esan daiteke, bada, aski hedatua dagoela, gaztelaniaren eraginaz beharbada261, -na erlatiboaren erabilera konparazio perpaus hauetan. Areagotu egiten da, gainera, joera hori, konparazio perpausa nagusiaren eskuinean ematen denean: Hedatuago dago gaitza uste duguna baino (Berria).

Erabilera horren ondorioz, erlatiboari dagokion -na forma konparazio morfematzat hartzeko joera dute batzuek, eta hala erabiltzen dute, desegoki, baita erlatiboarentzat lekurik ez denean ere. Hala, ondoko esaldi hauetan neke da erlatiboa dagoela pentsatzea: Hiltzen garena baino astiroago jaiotzen gara (J. I. Basterretxea); Matematiketan behar direna baino irakasle gehiago daude (Berria) —erlatiboak behar direnak eskatuko luke—; Etorri naizena baino okerrago uzten naute (Goenkale). Konparazio perpausen menderagailu gisa erabiltzen da horietan, esan bezala, -na morfema, desegoki.

32.1.3.5d Labur esanda, -n da menderagailua, baita desberdintasunezko konparazio perpausetan ere (Ukan dugun baino gehiago zer genezake eskatu?). Haien esanahi bereko perpausak eratzen dira inoiz barnean -na erlatiboa dutenak (Ukan duguna baino gehiago zer genezake eskatu?). Erlatibotzat har ez daitezkeenetan, ordea, ez du lekurik -na morfemak, eta desegokiak dira harekin eginiko perpausak (*Matematiketan behar direna baino irakasle gehiago daude)262.

261 Hualde eta Ortiz de Urbina: “The standard in this case is a headless relative clause. While this pattern is posible in Basque, it seems to be overused as a result of interference from Spanish, where clauses cannot occur as standards and headless relatives with lo que are used instead” (2003: 840). Gaztelaniazko más de lo que egiturako esaldiez ikus RAE (2010: 864-865).

262 Lehenagoko testuetan ere ageri da -na morfema desberdintasunezko konparazio perpausetan. Hala, esate baterako, bizkaieraz, Gehiago dio dakiena baino (RS), […] egizue beragaz, egingo zenuketena baino hobeto mediku bategaz (Añibarro); Añibarrok, hain zuzen ere, […] lehen egingo zena baino nekezago ematen du Axularren lehen eginen zen baino nekezago esaldia. Morfema hori bera erabili izan da, bizkaieraz, parekotasuneko perpausetan ere: Guk geure zordunei barketan deutsaguna legez (Betolaza); Ene herrian esan daroena legez (Mikoleta).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper