Euskararen Gramatika

32.1. Ohiko ereduko konparazio perpausak


32.1. Ohiko ereduko konparazio perpausak

32.1.1. Konparazio perpausen egitekoa eta motak

32.1.1a Konparazio perpausek elementu biren arteko alderaketa ematen dute aditzera. Alderaketa hori bi motatakoa izan daiteke. Perpaus batzuek konparazio kuantitatiboa bideratzen dute, izen-aditzen zenbatekoari edo adjektibo-adberbioen mailari dagokiena. Hala, esate baterako, Aurten iaz adina euri egin du esaldiak bi urtetako euriaren zenbatekoa erkatzen du; Gazteak helduak bezain trebeak dira esaldiak, berriz, gizatalde biren trebetasun maila alderatzen du. Beste perpaus batzuek alderatutako elementuen kantitateari ez, baina haien egoerari, jardunari edo izaerari dagokien parekotasuna ematen dute aditzera; Profesionalek bezala prestatzen ditugu partidak esaldiak gizatalde biren partida prestaerak parekatzen ditu, prestaera horien izaerak edo moduak bat datozela adieraziz255.

Konparazio kuantitatiboa bideratzen duten perpausek kuantifikatzaileen zeregina betetzen dute, mailakatzaile edo zenbatzaile arruntek bezala, ondoko adibide pareek erakusten duten moduan. Mailakatzailearen zeregina betetzen dute batzuek, adjektibo edo adberbio sintagmaren barnean: ([Hain langile trebeak] ez ditut inon ikusi — [Zuek bezain langile trebeak] ez ditut inon ikusi; [Oso ondo] bizi da — [Gu bezain ondo] bizi da). Zenbatzailearen egitekoa betetzen dute beste batzuek, izen sintagmaren barnean (Aurten [euri asko] egin duAurten [iaz adina euri] egin du), edo aditzarekin doan adberbio sintagma eratuz ([Asko] gustatzen zait futbola — [Pilota adina] gustatzen zait futbola). Kuantifikatzaile konparatiboak dira, bada, perpaus hauetako konparazio morfemak (bezain, adina), hau da, bere edukia konparazio baten bidez adierazten duten zenbatzaileak edo mailakatzaileak.

Parekotasuna adierazten duten perpausek, berriz, adberbio sintagma eratzen dute ([Kontu handiz] prestatzen ditugu partidak — [Profesionalek bezala] prestatzen ditugu partidak).

32.1.1b Konparazio kuantitatiboak, bestalde, zenbateko-mailen berdintasuna edo desberdintasuna eman dezake aditzera. Adina edo bezain gisako kuantifikatzaileekin eginiko perpausek berdintasunezko konparazioa bideratzen dute, alderatutakoak bat datozela adieraziz, zenbatekoan (Aurten iaz adina euri egin du; Futbola adina gustatzen zaio pilota) edo mailan (Aberatsek bezain ederki jantzia dago; Gazteak helduak bezain trebeak dira). Baino …-ago kuantifikatzailea daramatenek, berriz, desberdintasunezko konparazioa bideratzen dute, konparatutako elementuetako baten zenbatekoa edo maila bestearena baino ‘areagokoa’ dela adierazten baitute (Aurten iaz baino euri gehiago egin du; Gazteak helduak baino ausartagoak dira).

Zenbatekoaren desberdintasuna gehiago eta gutxiago zenbatzaileek ematen dute aditzera, izen-aditzei dagokien gehiagotasuna edo gutxiagotasuna seinalatuz: diru {gehiago ∼ gutxiago}; {gehiago ∼ gutxiago} gustatu.

Mailari dagokion desberdintasuna, berriz, zuzenean ematen du aditzera adjektibo- adberbioei atxikitako -ago mailakatzaileak; handiago esaten da ‘handiaren’ gehiagotasuna adierazteko, ez *gehiago handi, eta txikiago, ‘txikiaren’ gehiagotasuna adierazteko, ez *gehiago txiki. Maila-gutxiagotasuna adierazteko, berriz, ez du euskarak morfemarik, eta *gutxiago handi edo *gutxiago txiki gisakorik ere ez da erabiltzen, ohiko jardueran bederen. Gutxiagotasun hau adierazteko berdintasuna ukatzen da zenbaitetan eta antonimoaren areagotasuna seinalatzen beste batzuetan. Hala, etxe bat beste bat baino ‘gutxiago garestia’ dela adierazteko, Etxe hau ez da bestea bezain garestia edo Etxe hau bestea baino merkeagoa da esan daiteke. Bigarren aukera hau ez da, ordea, beti egokia: guztiz pobre diren pertsona biri buruz ez du zentzurik bat ‘bestea baino aberatsagoa’ dela esateak.

Zehaztasunaren izenean, hala ere, erabiltzen dira inoiz gutxiago handi gisakoak, batez ere zientziazko gaietan, eta hala erabili izan dira zenbaitetan tradizioan ere, itzulpenetan batik bat: Espiritua izanen duzu irekiago, gutxiago nahasia eta freskoago (Pouvreau); Ez da horregatik gutxiago bitxia, hala ere, lerro zuzena ia batere ez agertzea animalien arkitekturan eta izadiarenean oro har (Juan Garzia). Arazo honen aurrean gomendioren bat eman behar balitz, hau izango litzateke: modu mugatuan erabiltzea horrelako esamoldeak, zehaztasuna beste bideren batetik nekez salba daitekeenean baizik ez, alegia.

32.1.1c Berdintasunezkoa izan nahiz desberdintasunezkoa izan, konparazio kuantitatiboan elementu biren ‘zenbatekoa’ edo ‘maila’ alderatzen da, esan bezala, ez elementu haien izaera osoa. Pekin Paris baino handiagoa da diogunean, esate baterako, hiri bi horien tamaina erkatzen dugu, ez haien gainerako ezaugarriak. Eta Kimika Fisika bezain zaila da diogunean, jakintza mota biek zailtasun maila bera dutela esaten dugu, haien beste ezaugarriak alderatu gabe. Hortaz, perpaus hauetan erabiltzen diren adjektiboak eta adberbioak mailakatzea onartzen dutenak dira. Mailaren adierazpenari biderik ematen ez diotenek ez dute konparazioan lekurik; hala gertatzen da, esate baterako, erlaziozko adjektiboekin —?zibilago, ?bezain judizial— eta atzo bezalako denbora- adberbio deiktikoekin —*atzoago—; hauekin ez da konparazio perpausik eratzen, erabilera berezietan ez bada (§ 11.1b, § 14.2p, § 22.1.5).

Kontuan hartzekoa da, halaber, konparazio perpausak ez duela berez alderatutako elementuen neurri zehatzen berri ematen, neurrien arteko alderaketa adieraztera mugatzen baita. Hala, goiko adibidean, perpausak ez digu Pekin eta Paris hirien tamaina zein den esaten, bien tamainen artean zer erlazio dagoen baizik. Eta, bigarren adibidean, ez da esaten zenbateraino zail diren Fisika eta Kimika, biek zailtasun maila bera dutela baizik. Eta, orobat, desberdintasuna adierazten duten perpausetan ez da berez elementu bien arteko aldea zenbatekoa den esaten. Goiko lehen adibidean, esate baterako, ez da esaten zenbatez handiago den Pekin Paris baino. Alde horren berri diferentzia adierazleen bidez erants daiteke: askoz handiago; handixeago; bi aldiz handiago; bi metro luzeago; Etxe hura beste hau halako bi da. Baina, adierazle horiek gabe konparazio perpausak ez du berez ez neurrien ez aldearen berri ematen.

32.1.1d Parekotasunezko alderaketa bideratzeko, azkenik, bezala adberbio konparatiboa erabiltzen da —legez, bizkaieraz—. Guk utzi genuen bezala dago etxea esaldiak, esate baterako, etxearen egoera bi parekatzen ditu, utzitakoa eta oraingoa. Bistakoa denez, konparazio mota honetan ez dago berdintasun-desberdintasun bereizketarik, parekotasuna baita aditzera ematen dena. Parekotasuna, hori bai, baieztatu edo ezeztatu egin daiteke: Etxea ez dago guk utzi genuen bezala esaldia goikoaren ezezkoa da, baina betiere parekotasunari dagokiolarik256.

32.1.1e Laburtuz, bada, konparazio perpausak:

Illustration

32.1.2. Konparazio egituraren osagaiak

32.1.2.1. Konparazio terminoa, gaia eta morfema

32.1.2.1a Konparazio kuantitatiboan elementu hauek bereiz daitezke: a) konparazioaren termino biak, lehena eta erreferentziazkoa; b) konparatzen den gaia, eta c) elementu horiek lotzen dituen morfema konparatiboa (bezain, adina, baino …-ago).

32.1.2.1b Aurrerago ikusiko den moduan, elementu horiek konbinatuta egitura mota bi eratzen dira:

Maizenik eratzen den egituran termino biak daude batetik, eta haiei dagokien konparazio gaia bestetik. Nire etxea zurea bezain handia da esaldian, adibidez, ‘nire etxea’ eta ‘zurea’ dira konparatzen diren termino biak —‘nire etxea’ lehena eta ‘zurea’ erreferentziazkoa—, eta haiei dagokien ‘handitasun maila’ da konparazio gaia; ‘nire etxearen handitasun maila’ eta ‘zure etxearen handitasun maila’ konparatzen dira.

Terminoak berak izan daitezke, ordea, konparazio gaia. Hala, esate baterako, Liburu hori lodia bezain aspergarria da esaldian ‘lodia’ eta ‘aspergarria’ dira konparazio termino biak —‘aspergarria’ lehena eta ‘lodia’ erreferentziazkoa—, eta, aldi berean, horiek seinalatzen dituzte konparatzen diren gaiak; ‘liburuaren aspergarritasun maila’ eta ‘liburuaren loditasun maila’ konparatzen dira.

32.1.2.2. Konparazioaren terminoak

32.1.2.2a Konparazioaren termino esaldiko perpausen subjektuak, objektuak, konplementu adberbialak eta are aditzak berak edota predikatuak izan daitezke. Ondoko adibideetan azpimarra jarraitua dutenak dira konparazioaren lehen terminoa eta puntuzko azpimarra dutenak bigarrena, erreferentziazkoa:

Zurea bezain handia da nire etxea

Zuek baino opor luzeagoak egin ditugu aurten (guk)

Janaria adina zaindu behar dugu edaria

Lehenari adinako saria eman diote bigarrenari

Zuekin baino opor luzeagoak egin ditugu aurten haurrekin

Iaz baino opor luzeagoak egin ditugu haurrekin aurten

Marrazki horrekin, gela apaindu baino gehiago zikindu egin duzue

Liburu hori lodia bezain aspergarria da

Erabilgarria bezain garestia da telefonoa

Mutiko baino neska gehiago sortzen da

32.1.2.2b Adibideetan ikusten den moduan, konparazioaren bigarren terminoak paralelotasun kontzeptuala eta funtzionala du lehen terminoarekin (nire etxeazurea; gukzuek; edariajanaria; bigarrenarilehenari; haurrekinzuekin; aurteniaz; zikinduapaindu; aspergarrialodia; garestiaerabilgarria; neskamutiko). Kategoriari dagokionez ere maiz paraleloak dira termino biak, baina ez beti (Lehengo lagunekin baino zuzenago dabil orain).

Terminoak osagai bat baino gehiago dituztenak ere izan daitezke (Zuek kalean baino lasaiago bizi naiz ni mendian; Nik bihotzean atsegin dudan adina ur ez dauka itsasoak).

32.1.2.3. Konparazio gaia edo ardatza

32.1.2.3a Konparazio gaia zein den kuantifikatzailearekin doan osagaiak seinalatzen du funtsean; osagai hori da konparazioaren ardatz edo oinarria. Nire etxea zurea baino handiagoa da adibidean, handi da konparazioaren ardatza, -ago mailakatzailearekin doana, eta berak seinalatzen du zein den konparazioaren gaia, ‘etxeen handitasun maila’, alegia.

Termino biak eta konparazioaren ardatza desberdinak direnean, ardatzak seinalatzen duen konparazio gaiak termino bietan duen maila edo zenbatekoa alderatzen da. Goiko adibidean, esan bezala, handi da konparazioaren ardatza, eta, hortaz, termino bien ‘handitasun maila’ da alderatzen dena, esan bezala: [nire etxearen handitasun maila <-> zure etxearen handitasun maila]. Adjektiboa izenarekin doanean ere hura izan daiteke konparazioaren ardatza: Zurea bezain etxe dotorean bizi naiz ni esaldian ‘ni bizi naizen etxea’ eta’zure etxea’ dira konparazioaren termino biak eta dotore konparagai edo ardatza: [ni bizi naizen etxearen dotoretasun maila <-> zure etxearen dotoretasun maila]. Gauza bera dugu Zure ikastetxean baino irakasle gehiago dago nirean esaldian ere; ‘nire ikastetxea’ eta ‘zurea’ dira konparazioaren terminoak, eta irakasle konparazioaren ardatza —gehiago-rekin doana—; termino bien ‘irakasle kopurua’ da, hortaz, alderatzen dena: [nire ikastetxeko irakasle kopurua <-> zure ikastetxeko irakasle kopurua].

32.1.2.3b Konparazioaren ardatza lehen terminoa bera denean, berriz, terminoak berak dira konparazio gai. Gorago aipatutako Liburu hori lodia bezain aspergarria da esaldian, aspergarria da lehen termino eta aldi berean konparazioaren ardatza, bezain morfemarekin doana eta konparazio gaia seinalatzen duena; kasu honetan, ‘aspergarritasun maila’ beste ezaugarri baten mailarekin konparatzen da, erreferentziazko terminoak aipatzen duen ‘loditasun mailarekin’, hain zuzen ere: [liburuaren aspergarritasun maila <-> liburuaren loditasun maila]. Gauza bera dugu Zure ikastetxean maisu baino maistra gehiago dago esaldian; ‘maistra’ eta ‘maisu’ dira konparazioaren terminoak, erreferentziazkoa hau eta lehen terminoa hura; aldi berean, ordea, maistra da konparazioaren ardatza ere, gehiago zenbatzailearekin doana eta konparazioaren gaia seinalatzen duena; ‘maistren kopurua’ beste objektu baten kopuruarekin alderatzen da, erreferentziazko terminoak seinalatzen duenarekin, hots, ‘maisuen kopuruarekin’: [zure ikastetxeko maistren kopurua <-> zure ikastetxeko maisuen kopurua]257.

32.1.2.3c Hori dela eta, konparazioaren gaia zein den zehatz jakiteko, hau da, ardatza zerekin konparatzen den jakiteko, ardatzaz gain konparazioaren terminoak ere kontuan izan behar dira. Demagun, adibidez, Liburu gehiago irakurtzen ditut esaldia; ‘liburu’ da esaldi horretan konparazioaren ardatza, eta, hortaz, ‘liburu kopurua’ beste zerbaitekin konparatzen dela argi dago. Zerekin, ordea? Esaldiak zuk baino edo horren antzekoren bat baldin badu segida —Liburu gehiago irakurtzen ditut zuk baino—, lehenbiziko egitura motakoa da; liburu kopuruen artekoa da alderaketa, [nik irakurritako liburuen kopurua <-> zuk irakurritako liburuen kopurua]. Esaldia aldizkari baino gisakoren batek osatzen badu, berriz —Aldizkari baino liburu gehiago irakurtzen ditut—, bigarren motakoa da; liburuen kopurua aldizkarien kopuruarekin alderatzen da [nik irakurritako liburuen kopurua <-> nik irakurritako aldizkarien kopurua]. Era berean, Gaztetan baino amets gehiago egiten dut orain esaldian ‘amets’ da konparazioaren ardatza eta elementu biren ametsen kopuruak konparatzen dira [oraingo amets kopurua <-> gaztetako amets kopurua], baina Diru baino amets gehiago zuen agureak esaldian, konparazioaren ardatza ‘amets’ izanik ere, ez dira elementu biren amets kopuruak erkatzen, agurearen ametsen kopurua eta diru kantitatea baizik [agurearen amets kopurua <-> agurearen diru kantitatea].

32.1.2.4. Konparazio terminoak osagai bat baino gehiago

32.1.2.4a Alderaketa mota biak molda daitezke, bestalde, konparazio terminoek osagai bat baino gehiago dutenean ere. Zuek kalean baino lasaiago bizi naiz ni mendian esaldian, adibidez, ‘zuek kalean’ eta ‘ni mendian’ dira konparazioaren terminoak, eta ‘lasai’ ardatza (lasaiago). Hortaz, termino bietako ‘lasaitasun maila’ konparatzen da [nik mendian dudan lasaitasun maila <-> zuek kalean duzuen lasaitasun maila]:

lehen terminoa: ni mendian

erreferentziazko terminoa: zuek kalean

konparazioaren ardatza: lasai

konparazio gaia: lasaitasun maila

Zaharrak erosoak bezain nekagarriak gertatzen dira bide berriak (Mitxelena) esaldian, berriz, ‘bide berri nekagarriak’ eta ‘bide zahar erosoak’ dira konparazioaren terminoak, eta ‘nekagarriak’ ardatza lehen terminoaren barnean da. Ardatzak aipatzen duen ‘nekagarritasun’ maila erreferentziazko terminoak aipatzen duen ‘erosotasunaren’ mailarekin erkatzen da: [bide berrien nekagarritasun maila <-> bide zaharren erosotasun maila]:

lehen terminoa: bide berri nekagarriak

erreferentziazko terminoa: bide zahar erosoak

konparazioaren ardatza: nekagarri

konparazio gaia: nekagarritasun maila eta erosotasun maila

32.1.2.4b Adberbio sintagma eratzen duen adina morfema daramaten esaldietan morfemaren beraren barnean da konparazioaren ardatza, aditzak adierazten duenaren zenbatekoa baita alderatzen dena. Hala, esate baterako, Zuk adina dakigu esaldian [zuk dakizunaren zenbatekoa <-> guk dakigunaren zenbatekoa] alderaketa dago.

Kontuan izan behar da konparazioa osatzen duten elementuez ari garela hemen, ez perpausen sintaxiari dagozkion osagaiez. Hala, handi adjektiboa konparazioaren ‘ardatza’ dela esaten denean, konparazio gaia seinalatzen duela esan nahi da —etxeen ‘handitasun maila’ konparatzen dela, alegia—, ez egitura sintaktiko baten ardatza dela.

32.1.2.5. Konparazio morfemak

32.1.2.5a Morfema konparatiboa, azkenik, mota diferentekoa da desberdintasunezko eta berdintasunezko konparazioan. Desberdintasunezkoan zati bi ditu morfemak: mailakatzailea (-ago) eta konparazio morfema (baino). Zati bakoitza dagokion elementuarekin doa: konparazioaren ardatzarekin mailakatzailea, eta erreferentziazko terminoarekin konparazio morfema. Nire etxea zurea baino handiagoa da adibidean, esate baterako, handiago dugu batetik eta zurea baino bestetik. Lehenbizikoak multzo kuantitatibo-konparatiboa eratzen du (handiago), eta bigarrenak haren osagarri den konparazio sintagma (zurea baino); multzo kuantitatiboaren osagarria da multzo hau, ‘handiago’ izateak ‘beste zerbait baino handiago’ izatea eskatzen baitu.

32.1.2.5b Berdintasunezko morfemak diferenteak dira horretan, lotuta eta elkarrekin urtuta bezala ageri baitira haietan ‘zati biak’, kuantifikatzailea eta konparazio morfema. Maila adierazten duten perpausetan bezain da aldi berean kuantifikatzaile eta osagarriaren bideratzaile dena. Pentsa daiteke baino …-ago morfemaren pare hemen bez …-(h)ain formak ditugula (zurea bezain handia multzoan, esate baterako, -hain handia izango litzateke multzo kuantitatiboa eta zurea bez- konparazio sintagma), baina morfema biak batean urtu direnez, esan dezakegu bezain morfemak osagai bien lana egiten duela, eta, hortaz, multzo aniztuna osatzen duela, ezkerrean erreferentziazko eta eskuinean konparazio ardatza dituena: zurea bezain handia.

32.1.2.5c Zenbatekoa adierazten duten perpausetan, berriz, adina, adinbat, bezainbat eta beste dira aldi berean morfema kuantifikatzaile eta osagarriaren bideratzaile direnak: Zureak adina gela ditu nire etxeak esaldian zureak adina gela da multzo aniztuna, zeinetan adina morfemak ezkerrean erreferentziazko terminoa eta eskuinean konparazioaren ardatza dituen.

32.1.2.5d Desberdintasunezko konparazioan morfema konparatiboaren zati biak bereiz daudenez eta bakoitza bere osagaiarekin doanez, multzoen ordena aldatzeko aukera du esaldiak:

Nire etxea zurea baino handiagoa da

Nire etxea handiagoa da zurea baino

Handiagoa da nire etxea zurea baino

Zurea baino handiagoa da nire etxea

Bezain eta adina morfemak bitarikoak izateak, berriz —hau da, aldi berean ardatzaren eta bigarren terminoaren bideratzaile izateak— mugak jartzen dizkio mugikortasunari, ezin baita, ohiko erabileran bederen, multzo aniztuna hautsi (*Zure etxea handia da nirea bezain; *Zure etxeak gela ditu nireak adina)258.

32.1.2.6. Osagaiak isilik

32.1.2.6a Esandako hiru osagaiak beharrezkoak dira konparaziozko egitura eratzeko, baina hiztunen jardunean esan gabe uzten da bat edo beste zenbaitetan, mintzalagunak hizketaren testuinguruari esker ezagunak dituenean. Hala, lehen terminoa isilpean utzi daiteke, hizketaren testuingurutik eskura daitekeenean. Helduak baino ausartagoak dira esaldiak, esate baterako, ausartagoa ‘zein’ den esan gabe uzten du; testuingurutik jakiten da hori. Atzo baino lasaiago nago esaldian ‘gaur’, ‘orain’ edo horrelakoren bat da isilpeko lehen terminoa. Aurten zuek baino opor luzeagoak egin ditugu esaldian aditzak seinalatzen du ‘guk’ dela lehen terminoa.

32.1.2.6b Erreferentziazko terminoa biltzen duen sintagma —X baino— isilpean dela ere eman daiteke desberdintasunezko perpausa, testuinguruari esker ulertzen denean: Nire etxeak gela gehiago ditu, hiztunak hizketaren testuingurutik eskura dezakeena baino, alegia. Opor luzeagoak egin ditut aurten, beste urteetan baino luzeagoak, alegia. Berdintasuna adierazten duten perpausetan, ordea, morfema konparatiboak aurrean erreferentziazko terminoa agerian ematea eskatzen du: *Bezain handia da nire etxea; *Adina gela ditu nire etxeak.

32.1.2.6c Eta kuantifikatzailea daraman osagaia ere agerian ematen da beti, hura isilpean utzita ez baita konparaziorik: *Zurea bezain da nire etxea; *Helduak baino dira gazteak; *Zuk dakigu guk. Izenarekin eginiko multzoan, isilpean utzi daiteke izena, testuingurutik eskuragarri denean: Iaz baino luzeagoak egin ditugu aurten esan dezakegu, oporrez ari garela dakigunean.

32.1.2.7. Juntadurara irekiak

32.1.2.7a Konparazioaren osagaiok, azkenik, juntadurara irekiak daude. Osagai bakoitzak bi elementu edo gehiago izan ditzake. Hala, lehen terminoak (Erregearena baino txikiagoak dira zure etxea eta nirea); erreferentziazkoak (Zurea eta nirea baino handiagoa da erregearen etxea), konparazioaren ardatzak (Gurea baino handi eta dotoreagoa da erregearen etxea), edo multzo kuantitatiboak (Erregearenak baino gela gutxiago eta txikiagoak ditu gure etxeak).

32.1.2.7b Konparatuen arteko aldearen neurria nolabait seinalatzen duen diferentzia adierazlea erants dakioke kuantifikatzaileari desberdintasunezko konparazioan, multzo kuantitatibo konplexua eratuz. Aldearen neurria zehatza (bi metro luzeago, hiru urte geroago, lau kilo gehiago) zein zehaztugabea izan daiteke (askoz gogorrago, hagitzez zaharrago, apur bat gehiago, handixeago). Adierazle zehatzek bateragarriak izan behar dute, semantikari dagokionez, konparazioaren ardatzarekin (*bi metro geroago; *hiru urte lodiago; *lau kilo luzeago).

32.1.2.7c Parekotasuna adierazten duten esaldiek ere konparazio kuantitatiboaren osagaien antzekoak dituzte. Hala, Gazteak bezala ibiltzen dira helduak esaldian, adibidez, ‘helduak’ eta ‘gazteak’ dira konparazioaren terminoak, lehen terminoa hura eta erreferentziazkoa hau; konparazioaren ardatza, berriz, bezala morfemaren barnean da, aditzak adierazten duen ‘nolakoa’ baita konparatzen dena. Hau da alderaketa: [gazteen ibiltzearen nolakoa <-> helduen ibiltzearen nolakoa].

Bezain eta adina-ren antzera, bezala adberbioak morfema parekatzailea eta konparazio morfema biltzen ditu. Pentsa daiteke, honetan ere, bez- eta -hala morfema bikoitzaren lotura dagoela; hala morfema parekatzailea izango litzateke, eta bez- erreferentziazko elementuarekiko lotura bideratzen duen konparazio morfema. Baina zati biak batean urtuta daudenez, erreferentziazko terminoa eta bezala morfema konparatiboa biltzen dituen multzoa eratzen da —gazteak bezala, adibidean—.

Hauetan ere isilpean utzi daiteke konparazioaren lehen terminoa, hizketaren testuinguruak hura eskuratzeko modua ematen digunean. Gazteak bezala ibiltzen dira esan daiteke, zeinetaz ari garen ezaguna denean. Erreferentziazko terminoa, ordea, ezin da isildu, ez eta harekin eraturiko multzoa ere (*Bezala ibiltzen dira helduak; *Ibiltzen dira helduak).

32.1.3. Konparazio perpausen egitura sintaktikoa

32.1.3.1. Konparazio sintagmak sinpleak edo konplexuak

32.1.3.1a Konparazio perpausetako elementuekin nolako egitura sintaktikoak eratzen diren aztertzeko, kontuan izan behar da eratutako konparazio sintagma askotan sinplea eta laburra den arren (Zuk adina diru irabazi dut nik), konplexuagoa ere izan daitekeela, aditz eta guztikoa, alegia (Zuk bankuan gorde duzun adina diru galdu du horrek kasinoan). Gauzak argiro azaltzeko, aditz eta guztikoetatik abiatuko da ondoko azterketa, hau da, perpaus egitura argia dutenetatik, konparazio kuantitatiboa eratzen duten adibideak emanda.

Sintagma asko agerian dituela ematen da zenbaitetan konparazio perpausa, aditza bera barne, esan bezala. Hala izaten da, batik bat, haren aditza perpaus nagusikoa bera ez denean. Hori da, esate baterako, goiko adibideko Zuk bankuan gorde duzun adina diru galdu du horrek kasinoan esaldian gertatzen dena. Sintagma asko ditu agerian esaldi horretako konparazio perpausak, baina bada bat isilpean dena: gorde aditzaren objektua. Perpaus nagusiko diru izenak —konparazioaren ardatzak— laguntzen digu hutsune hori betetzen; hura duen sintagma da konparazio perpausean falta dena. Inferentzia horrek lagunduta, honako perpaus bi hauek irudika ditzakegu esaldi horren azpian, adina morfema konparatiboak lotzen dituenak: [Zuk X diru gorde duzu bankuan] eta [Horrek X diru galdu du kasinoan] —X-k ‘zenbatekoaren adierazpena’ seinalatzen du, ez bataren eta bestearen zenbateko zehatza—. Ikusten denez, paralelotasun handia dute perpaus biek eta konparazio gaia den X diru sintagma bietan da; sintagma horixe da, hain zuzen ere, konparazio perpausean hutsik dagoena, eta, are, hutsik egon behar duena, perpaus nagusiko adina diru sintagmaren barnean den X diru sintagmarekin bat datorrelako. Perpaus horrek, bestalde, konparazio morfemaren mendekoa izanik, -n menderagailua darama aditzari atxikia: [[Zuk bankuan ø gorde duzun] adina] diru galdu du horrek kasinoan.

32.1.3.1b Konparazio perpausak eta perpaus nagusiak aditz bera dutenean ere agerian eman daiteke hura konparaziozkoan (Zuk bankuan gorde duzun adina diru gorde du horrek etxean), baina sinpleagoa ere izan daiteke, aditza isilpean uzten duena (Zuk bankuan adina diru gorde du horrek etxean). X diru sintagma komuna hutsik dago azken honetan ere, baina horrezaz gain aditz komuna eta hari atxikita dagoen -n menderagailua ere isilpean dira.

Konparazio gaiari dagokion sintagmaz eta aditzaz gain, beste sintagma batzuk ere izan daitezke komunak konparazio perpausean eta nagusian, eta haiek ere isilpean dira konparaziozkoan, perpausa are sinpleagoa eginaz (Zuk adina diru gorde du horrek bankuan). Honako perpaus bi hauek dira esaldi horren azpian ulertzen direnak: [Zuk bankuan X diru gorde duzu] eta [Horrek bankuan X diru gorde du]; azpimarratutako sintagmak dituzte komunak, eta horiek dira konparaziozkoan isilpean direnak.

32.1.3.2. Sintagmak isildurik

32.1.3.2a Sintagma bat edo gehiago isilpean dituen ‘perpaus murritza’ da, bada, konparazio perpausa. Edozein kasutan, sinplea edo konplexua izan, bada sintagma bat isilpean utzi ezin dena: erreferentziazko terminoa biltzen duena. Perpaus nagusian aipatzen den lehen terminoarekin kontrastean da sintagma hori, eta agerian ematen da beti (Zuk adina dakit nik; Etxean bezainbat gozatzen du kalean; Zurekin bezain ongi moldatzen da lagunekin). Hizketaren testuinguru estralinguistikoari esker esan gabe utzi daiteke osagai hori, jakina, desberdintasuna adierazten duten perpausetan. Handiagoa da esan daiteke mintzalagunek hizketaren testuinguruari esker zein den handiagoa eta zein baino den handiago ezaguna dutenean, baina hori besterik da (§ 32.1.1e). Hemen testuinguru linguistikoaz ari gara, hau da, perpaus nagusian agerian diren osagaiei esker mendekoan eskura daitezkeen osagaiez, eta erreferentziazko terminoa ez da nagusiari esker eskura daitezkeenen artean. Ikusten den moduan, mendekoan agerian den sintagma horrek, erreferentziazko terminoa biltzen duenak, perpausean dagozkion morfemak berekin ditu (zuk, etxean, zurekin). Garbi dago morfema horiek perpauseko sintagmei dagozkiela. Hortaz, esan daiteke, ikuspegi horren arabera, konparazio perpausean hutsik diren osagaiak isiltze prozesu baten ondorioz geratu direla isilpean, hau da, perpaus nagusiarekin komunak diren osagaiak ‘isildu’ egin direla. Zenbaiten iritziz, ordea, isilpeko osagai horiek perpaus nagusiko aurrekari edo atzekariekin lotuta diren hutsune anaforikoak dira259.

32.1.3.2b Labur esanda, konparaziozko perpausean hutsik dira beti konparazio gaia seinalatzen duen sintagma, perpaus nagusiarekin bat duena, eta baita perpaus bietan komunak diren gainerako sintagmak, aditza izan ezik, honek aukeran baitu zenbaitetan bietan agerian ematea. Perpaus nagusiko sintagmek ematen dute hutsune horiek betetzeko modua. Agerian ematen dira, berriz, konparazioaren erreferentziazko terminoa biltzen duen sintagma eta nagusiarekiko kontrastean diren gainerako sintagmak.

32.1.3.3. Konparazio perpausak beste bat mendean

32.1.3.3a Konparazio perpausak beste perpaus bat izan dezake mendean, esaldia are konplexuagoa eginez, baina besteetan ikusitako jokabide bera dute horrelakoek ere. Hala, esate baterako, erreferentziazko terminoa mendekoaren mendeko denean, hura da agerian ematen dena: Bi eta bi lau direla bezain agerikoa da hori esaldiaren azpian [bi eta bi lau direla X agerikoa da] eta [hori X agerikoa da] perpausak iradoki ditzakegu; kasu horretan X agerikoa da da elementu komuna, konparazio gaia biltzen duena, eta horixe da isilpean dena, ohi bezala; bi eta bi lau direla mendeko perpausa da agerian ematen den sintagma bakarra —‘hori’ eta ‘bi eta bi lau direla’ dira konparazioaren terminoak—. Dirudien baino jende gehiago bizi da etxe horretan esaldian, berriz, [etxe horretan X jende bizi dela dirudi] eta [etxe horretan X jende bizi da] perpausak irudika ditzakegu; etxe horretan X jende bizi da da elementu komuna, konparazio gaia barnean duena eta isilpean dena; erreferentziazko terminoa, berriz, dirudi da, agerian dena —izan ere, ‘dena’ eta ‘dirudiena’ dira konparazioaren terminoak, lehen terminoa hura eta erreferentziazkoa hau—.

Adina morfemarekin eginiko perpausak adberbio sintagma eratzen duenean, aditzari dagokion ‘zenbatekoa’ da perpaus bietako osagaia; mendekoan isilpean da osagai hori eta nagusiari dagokiona, berriz, morfemaren beraren barnean ageri da. Futbola adina gustatzen zaio pilota esaldian, esate baterako, [futbola X gustatzen zaio] eta [pilota X gustatzen zaio] perpausak irudika ditzakegu, non X-k ‘zenbatekoa’ adierazten duen; mendekoan isilpean da X hori, eta nagusiari dagokiona, berriz, adina morfemaren barnean aurkitzen da.

32.1.3.3b Aurreko atalean esan den moduan eratutako konparazio perpausa izen sintagma baten, adjektibo sintagma baten edo adberbio sintagma baten osagai izan daiteke, edo, are, berak adberbio sintagma eratu. Mendeko perpausa dago batetik (Pm), aditza agerian denean -n menderagailua daramana; perpaus horrek, konparazio morfemarekin batera, konparazio sintagma eratzen du, hots, zenbatzaile sintagma (ZenbS), edo maila sintagma (MaS); eta hau, esan bezala, izen baten, adjektiboa baten, adberbio baten edo are aditzaren laguntzaile da. Honela irudika daiteke egitura hori, labur:

[IS [ZenbS [Pm Zuk bankuan gorde duzun] adina] diru] galdu du horrek jokoan

[IS [ZenbS [Pm Zuk (gorde duzun)] adina] diru] gorde dut nik bankuan

[AdjS [MaS [Pm Zu (zaren)] bezain] (pertsona) zoriontsua] naiz ni

[AdbS [MaS [Pm Zu (bizi zaren)] bezain] urruti] bizi naiz ni

[AdbS/ZenbS [Pm Futbola (gustatzen zaidan)] adina] gustatzen zait pilota

[IS [ZenbS [Pm Zuk bankuan gorde duzun] baino] diru [gehiago] galdu du horrek jokoan

[IS [ZenbS [Pm Zuk (gorde duzun)] baino] diru [gehiago] gorde du horrek bankuan

[AdjS [MaS [Pm Zu (zaren)] baino] (pertsona) zoriontsu[agoa]] naiz ni

[AdbS [MaS [Pm Zu (bizi zaren)] baino] urruti[ago] bizi naiz ni

[AdbS/ZenbS [Pm Futbola (gustatzen zaidan)] baino gehiago] gustatzen zait pilota

32.1.3.3c Ikusten den bezala, diferentzia bat bada berdintasunezko eta desberdintasunezko perpausen artean. Horiekin eratzen diren sintagmak —IS, AdjS edo AdbS— sintagma kuantifikatuak dira guztietan, hau da, kuantifikatzaile konparatiboa (KK) —zenbatzailea edo mailakatzailea— daramatenak. Berdintasunezkoek konparazio perpausaren barnean dute kuantifikatzailea, konparazio morfemarekin batera, eta hartatik kanpoan, berriz, desberdintasunezkoek, hori da aldea:

[IS [ZenbS [Pm Zuk (gorde duzun)] KKadina] diru]

[AdjS [MaS [Pm Zu (zaren)] KKbezain] zoriontsu]

[IS [ZenbS [Pm Zuk (gorde duzun)] baino] diru [KK gehiago]]

[AdjS [MaS [Pm Zu (zaren)] baino] zoriontsu[KK ago]]

Egitura horietako zenbatzaile sintagmak eta maila sintagmak dira, bada, konparazio perpaus. Perpaus nagusiaren osagai baten osagai dira beste sintagma baten barnean direnean, eta perpaus nagusiaren osagai, berriz, zenbatzaile sintagma bera adberbio sintagma denean.

Parekotasunezko perpausa, bere aldetik, aditzaren adberbioa da beti, adberbio sintagma parekatzailea. Honako hau da hartan eratzen den egitura:

[AdbS [Pm Zuek (prestatzen dituzuen)] bezala] prestatzen ditugu guk partidak

32.1.3.4. Zer isiltzen den

32.1.3.4a Konparazioaren lehen terminoa eta ardatza bat duten perpausetan (§ 32.1.2.2a, § 32.1.2.3c), ez da ardatza mendekoan isilpean dena. Mutiko baino neska gehiago sortzen da esaldian, esate baterako, kuantifikatzailearekin doan neska osagaia da aldi berean konparazioaren lehen termino eta ardatza dena, eta ez da hori, bistan da, mendeko perpausean isilpean dena. Neska ardatzak seinalatzen du ‘nesken kopurua’ dela konparatzen dena, bai, baina hau ez da beste ‘neska kopuru’ batekin alderatzen, beste ‘objektu’ baten kopuruarekin baizik, mutilen kopuruarekin, hain zuzen ere. Hortaz, [X mutiko sortzen da] eta [X neska sortzen da] dira esaldi horren azpian diren perpausak, eta X kuantifikatzailea da perpaus bietan den osagaia; hura da isilpean mendeko perpausean, eta nagusian, berriz, gehiago kuantifikatzailearen barnean da.

Horrelako perpausetan mugagabean ematen dira bai lehen terminoa daraman izen sintagma (neska gehiago) bai bigarrena daramana (mutiko). Mugagabean ematen dira sintagma biak, konparazio perpausa eskuinean denean ere: Joan den urteko ikasturtean lehen aldiz eskolako ikasleen artean neska gehiago izan da, mutil baino (Berria)260. Mendeko aditza, bestalde, ez da agerian ematen (*Mutiko sortzen den adina neska sortzen da).

32.1.3.4b Gisa horretakoa da maila konparatzen duen Erabilgarria bezain garestia da telefonoa esaldia ere; garestia da esaldi horretan konparazioaren lehen terminoa eta ardatza; horren maila eta bigarren terminoarena dira konparatzen direnak: [X erabilgarria da telefonoa] eta [X garestia da telefonoa]; X kuantifikatzailea, mailakatzailea, da mendeko perpausean isilpean dena, eta nagusiko bezain kuantifikatzailearen barnean dena; aditza ere isilpean da, esan bezala, berbera baita perpaus bietan. Kasu honetan adjektiboak konparatzen dira, mugagabeak nahiz, adibidean bezala, mugatuak izan daitezkeenak, eta aditza agerian eman daiteke (Erabilgarria (den) bezain garestia da telefonoa) (§ 32.2.1d, § 32.2.1.2).

32.1.3.4c Gorago esan den moduan, batez ere esaldiko perpaus biek aditz bera ez dutenean ematen da hura agerian konparaziozkoan. Zenbaitetan, hala ere, aditzak desberdinak izanda ere —itxuraz, bederen—, konparaziozkoa isilpean uzten da. Hala, esate baterako, Zu baino gizon umilagoak ez ditut asko ikusi esaldian, itxuraz, [Zu gizon X umila zara] eta [gizon X umilak ez ditut asko ikusi] perpausak konparatzen dira, eta, bietan aditz bera ez izan arren, konparaziozkoarena (zara) isilpean da. Pentsa daiteke, hori azaltzeko, egitura predikatiboa izanik izan aditza ulertzen dela perpaus bietan. Hala, [Zu gizon X umila zara] eta [gizon X umilak direnak ez ditut asko ikusi] izango lirateke konparatzen diren perpaus biak, eta konparaziorako egituran Zu zaren baino gizon umilagoak direnak ez ditut asko ikusi esaldia eratuko litzateke. Perpaus nagusiko egitura predikatiboan direnak aditza isilpean legoke, eta konparaziozkoan aditz bera izanik (zaren), hura ere isilpean geratu da.

32.1.3.4d Zenbaitetan, hala ere, anbiguotasuna sortzen da, mendekoan isilpean den aditza bitara uler baitaiteke, perpaus nagusian ere isilpean den izan aditzari nahiz agerian denari dagokiola. Subjektu biak absolutiboan direnean gertatzen da hori. Demagun Zu baino gizon umilagoekin bizi naiz ni esaldia. Bitara uler daiteke: Zu (zaren) baino gizon umilago (ak diren)ekin bizi naiz ni edota Zu (bizi zaren) baino gizon umilagoekin bizi naiz ni. Anbiguotasuna garbitzen da lehen adierarako ohiko erlatiboa erabiliz (Zu baino umilagoak diren gizonekin bizi naiz ni).

Perpaus biek aditza bera ez dutenean, biak agerian ematen dira maiz, esan bezala, baina konparaziozkoaren adizki laguntzailea isilpean gera daiteke: Zuk galdu adina diru irabazi dut nik. Partizipio burutuan ematen da gehienetan adizki nagusia, eta hari dagokion aspektua nagusiko aditzak seinalatzen du, ohikoa den bezala; isildutako laguntzaileari dagozkion pertsona-denborak ere testuinguruari esker eskuratzen dira. Aspektu burutugabea adierazten duen aditz izena erabiltzea ez da debeku, baina Ateratzen bezainbat sortzen baita (Axular) perpausaren lekuan, esate baterako, Atera bezainbat sortzen baita esan daiteke.

Adizki jokatuaren isiltze hori ohikoa da nahi izan, behar izan, uste izan edo merezi izan gisako aditzekin: Behar (duzun) adina diru irabazten duzu; Merezi (duten) baino gehiago eman diete; Ez gara nahi (dugun) bezain lasai bizi.

32.1.3.5. -n eta -na menderagailuak

32.1.3.5a Desberdintasunezko perpausetan ohiko -n menderagailuaren lekuan -na menderagailua ezartzen dute batzuek gaur egun: Bestea ulertu behar dugu, ulertzen duguna baino askoz gehiago (Berria); Ez da erraza hark bertsotan egiten duena baino egokiago hitz egiten (Goienkaria).

Ez da nahastu behar erabilera hori konparazio perpausak barnean izan dezakeen -na erlatiboarekin, hau da, mendeko perpausaren barneko zati denarekin. Halakoa da, esate baterako, Zure konputagailua nik erosi dudana baino garestiagoa da esaldikoa, hots, Zure konputagailua nik erosi dudan (konputagailu)a baino garestiagoa da. Ardatz izena agerian ez duen erlatiboa da hori, testuinguruari esker eskuratzen dena: Zure konputagailua nik erosi dudan (konputagailu)a (den) baino garestiagoa da da azpian dagoen esaldia, mendeko perpauseko den aditza isilpean duena. Beste zenbaitetan izen generikoa izan daiteke erlatiboan adierazi gabe uzten dena; hala, Azken orduan mugitzen dena baino lasaiago ibiltzen da garaiz abiatzen dena esaldian mugitzen dena erlatiboaren izen ardatza generikoa da, eta Azken orduan mugitzen dena (ibiltzen den) baino lasaiago ibiltzen da garaiz abiatzen dena da azpian dagoena. Horrelakoetan argi da -na morfema ez dagokiola konparazio perpausari, haren barruko zati den erlatiboari baizik.

32.1.3.5b Berdintasuna adierazten duten perpausetan ez dago zalantzarik, -na morfema barneko perpaus erlatiboari baitagokio beti. Hala, esanahi diferentea dute Auto hau ez da nik nahi nuen bezain azkarra eta Auto hau ez da nik nahi nuena bezain azkarra esaldiek. ‘Autoaren azkartasun maila’ eta ‘nik nahi nuen azkartasun maila’ konparatzen dira aurreneko esaldian; ‘autoaren azkartasun maila’ eta ‘nik nahi nuen beste auto jakin baten azkartasun maila’ alderatzen ditu bigarrenak, barnean erlatiboa duenak, ‘nik nahi nuen autoa (den) bezain azkarra’ baita bigarren esaldian ulertzen dena.

Desberdintasunezko perpausetan, ordea, bestela dira gauzak. Izan ere, konparazio perpausaren parekoa gertatzen da zenbaitetan -na erlatiboduna. Hala, Ukan duguna baino gehiago zer genezake eskatu? (Xalbador) esaldiko ukan duguna perpausa konparazio perpausaren barruko erlatiboa da, bai —Ukan dugun (hura) (den) baino gehiago—, baina esanahian haren parekoa da ohiko moduan emandako konparazio perpausa —Ukan dugun baino gehiago zer genezake eskatu?—. Esanahi bereko egitura bi dira, alderaketa bera ematen baitute aditzera barnean erlatiboa duen perpausak eta ohiko konparaziozkoak. Eta horrek egitura bien arteko nahastea-edo eragin dezake, bata zein bestea erabil baitaiteke konparazio bera adierazteko. Zabala da gaur egun bietara ematen diren perpausen eremua. Hona adibide batzuk, azken aldiko testuetatik bilduak:

Eskoziak behar duen baino energia gehiago sortzeko gaitasuna izango du (Berria)
Plantak behar duena baino errefus gutxiago sortuko da Gipuzkoan (Berria)

Ematen duen baino askoz ere zaharragoa da (Berria)
Ematen duena baino ahulagoa naiz (Malagon)

Berlinek aitortzen duen baino gehiago zekien espioitzaz (Berria)
Mitxelek esaten duena baino gehiago daki (Goenkale)

Naizen baino askoz ere inkultoagoa izan nahi nuke (Berria)
Saiatzen naiz naizena baino gehiago naizenik ez sinesten (Berria)

Ezin dugu garen baino gehiago garela pentsatu (Berria)
Ederra litzateke garena baino itsusiago izatea (Berria)

32.1.3.5c Esan daiteke, bada, aski hedatua dagoela, gaztelaniaren eraginaz beharbada261, -na erlatiboaren erabilera konparazio perpaus hauetan. Areagotu egiten da, gainera, joera hori, konparazio perpausa nagusiaren eskuinean ematen denean: Hedatuago dago gaitza uste duguna baino (Berria).

Erabilera horren ondorioz, erlatiboari dagokion -na forma konparazio morfematzat hartzeko joera dute batzuek, eta hala erabiltzen dute, desegoki, baita erlatiboarentzat lekurik ez denean ere. Hala, ondoko esaldi hauetan neke da erlatiboa dagoela pentsatzea: Hiltzen garena baino astiroago jaiotzen gara (J. I. Basterretxea); Matematiketan behar direna baino irakasle gehiago daude (Berria) —erlatiboak behar direnak eskatuko luke—; Etorri naizena baino okerrago uzten naute (Goenkale). Konparazio perpausen menderagailu gisa erabiltzen da horietan, esan bezala, -na morfema, desegoki.

32.1.3.5d Labur esanda, -n da menderagailua, baita desberdintasunezko konparazio perpausetan ere (Ukan dugun baino gehiago zer genezake eskatu?). Haien esanahi bereko perpausak eratzen dira inoiz barnean -na erlatiboa dutenak (Ukan duguna baino gehiago zer genezake eskatu?). Erlatibotzat har ez daitezkeenetan, ordea, ez du lekurik -na morfemak, eta desegokiak dira harekin eginiko perpausak (*Matematiketan behar direna baino irakasle gehiago daude)262.

255 Perpausen bidez eginiko alderaketa hauek sintaxiari dagozkio. Bestelako alderaketa batzuk, berriz, baliabide lexikalez egiten dira (Zure etxea eta nirea berdinak dira; Auzo honetako etxe guztiek egitura bera dute; Antz handia duzue zuek biok).

256 EGLUn perpaus hauek ‘moduzko konparaziozko’ izendatzen dira. Egokiago dirudi, hala ere, ‘parekotasunezko konparazioaz’ mintzatzea. Izan ere, balio kuantitatiboak erkatzen dituzten batzuk ere izan daitezke moduzkoak (Zuk bezain ongi egin dut nik azterketa); moduarekin zerikusia duen ezaugarri baten maila erkatzen dute horrelakoek. Parekotasunezkoek, berriz, moduari dagokion izaera bera konparatzen dute, elementu biren modu-izaerak parez pare jarriz. De Rijkek Comparatives of Similarity deitzen ditu (2008: 699).

257 “Comparativas de núcleo coincidente con el primer término de la comparación” izendatzen ditu horrelakoak RAEren Manualak (2010: 862); “núcleo de la construcción comparativa” da, gramatika horretan, geurean ‘konparazioaren ardatz’ duguna.

258 Ohiko ordenaz bestelakoez, ikus § 32.2.1.1c. Eta, orobat, Nik ere baditut lagunak, zuk adina gisakoetan, non konparatiboa aposizioan emana den.

259 Ikus Sáez (1989: 677-699) eta Hualde & Ortiz de Urbina (2003: 843).

260 Horrelakoetan mugatua ageri da inoiz eskuineko izena testuetan, desegoki ([…] mutil gehiago dago pantailari so, neskak baino (Uztaro); Badirudi oraindik ere dantza ikuskizunetan neska gehiago izaten dela mutilak baino (Goienkaria)).

261 Hualde eta Ortiz de Urbina: “The standard in this case is a headless relative clause. While this pattern is posible in Basque, it seems to be overused as a result of interference from Spanish, where clauses cannot occur as standards and headless relatives with lo que are used instead” (2003: 840). Gaztelaniazko más de lo que egiturako esaldiez ikus RAE (2010: 864-865).

262 Lehenagoko testuetan ere ageri da -na morfema desberdintasunezko konparazio perpausetan. Hala, esate baterako, bizkaieraz, Gehiago dio dakiena baino (RS), […] egizue beragaz, egingo zenuketena baino hobeto mediku bategaz (Añibarro); Añibarrok, hain zuzen ere, […] lehen egingo zena baino nekezago ematen du Axularren lehen eginen zen baino nekezago esaldia. Morfema hori bera erabili izan da, bizkaieraz, parekotasuneko perpausetan ere: Guk geure zordunei barketan deutsaguna legez (Betolaza); Ene herrian esan daroena legez (Mikoleta).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper