Euskararen Gramatika

32.1.3.4. Zer isiltzen den


32.1.3.4. Zer isiltzen den

32.1.3.4a Konparazioaren lehen terminoa eta ardatza bat duten perpausetan (§ 32.1.2.2a, § 32.1.2.3c), ez da ardatza mendekoan isilpean dena. Mutiko baino neska gehiago sortzen da esaldian, esate baterako, kuantifikatzailearekin doan neska osagaia da aldi berean konparazioaren lehen termino eta ardatza dena, eta ez da hori, bistan da, mendeko perpausean isilpean dena. Neska ardatzak seinalatzen du ‘nesken kopurua’ dela konparatzen dena, bai, baina hau ez da beste ‘neska kopuru’ batekin alderatzen, beste ‘objektu’ baten kopuruarekin baizik, mutilen kopuruarekin, hain zuzen ere. Hortaz, [X mutiko sortzen da] eta [X neska sortzen da] dira esaldi horren azpian diren perpausak, eta X kuantifikatzailea da perpaus bietan den osagaia; hura da isilpean mendeko perpausean, eta nagusian, berriz, gehiago kuantifikatzailearen barnean da.

Horrelako perpausetan mugagabean ematen dira bai lehen terminoa daraman izen sintagma (neska gehiago) bai bigarrena daramana (mutiko). Mugagabean ematen dira sintagma biak, konparazio perpausa eskuinean denean ere: Joan den urteko ikasturtean lehen aldiz eskolako ikasleen artean neska gehiago izan da, mutil baino (Berria)260. Mendeko aditza, bestalde, ez da agerian ematen (*Mutiko sortzen den adina neska sortzen da).

32.1.3.4b Gisa horretakoa da maila konparatzen duen Erabilgarria bezain garestia da telefonoa esaldia ere; garestia da esaldi horretan konparazioaren lehen terminoa eta ardatza; horren maila eta bigarren terminoarena dira konparatzen direnak: [X erabilgarria da telefonoa] eta [X garestia da telefonoa]; X kuantifikatzailea, mailakatzailea, da mendeko perpausean isilpean dena, eta nagusiko bezain kuantifikatzailearen barnean dena; aditza ere isilpean da, esan bezala, berbera baita perpaus bietan. Kasu honetan adjektiboak konparatzen dira, mugagabeak nahiz, adibidean bezala, mugatuak izan daitezkeenak, eta aditza agerian eman daiteke (Erabilgarria (den) bezain garestia da telefonoa) (§ 32.2.1d, § 32.2.1.2).

32.1.3.4c Gorago esan den moduan, batez ere esaldiko perpaus biek aditz bera ez dutenean ematen da hura agerian konparaziozkoan. Zenbaitetan, hala ere, aditzak desberdinak izanda ere —itxuraz, bederen—, konparaziozkoa isilpean uzten da. Hala, esate baterako, Zu baino gizon umilagoak ez ditut asko ikusi esaldian, itxuraz, [Zu gizon X umila zara] eta [gizon X umilak ez ditut asko ikusi] perpausak konparatzen dira, eta, bietan aditz bera ez izan arren, konparaziozkoarena (zara) isilpean da. Pentsa daiteke, hori azaltzeko, egitura predikatiboa izanik izan aditza ulertzen dela perpaus bietan. Hala, [Zu gizon X umila zara] eta [gizon X umilak direnak ez ditut asko ikusi] izango lirateke konparatzen diren perpaus biak, eta konparaziorako egituran Zu zaren baino gizon umilagoak direnak ez ditut asko ikusi esaldia eratuko litzateke. Perpaus nagusiko egitura predikatiboan direnak aditza isilpean legoke, eta konparaziozkoan aditz bera izanik (zaren), hura ere isilpean geratu da.

32.1.3.4d Zenbaitetan, hala ere, anbiguotasuna sortzen da, mendekoan isilpean den aditza bitara uler baitaiteke, perpaus nagusian ere isilpean den izan aditzari nahiz agerian denari dagokiola. Subjektu biak absolutiboan direnean gertatzen da hori. Demagun Zu baino gizon umilagoekin bizi naiz ni esaldia. Bitara uler daiteke: Zu (zaren) baino gizon umilago (ak diren)ekin bizi naiz ni edota Zu (bizi zaren) baino gizon umilagoekin bizi naiz ni. Anbiguotasuna garbitzen da lehen adierarako ohiko erlatiboa erabiliz (Zu baino umilagoak diren gizonekin bizi naiz ni).

Perpaus biek aditza bera ez dutenean, biak agerian ematen dira maiz, esan bezala, baina konparaziozkoaren adizki laguntzailea isilpean gera daiteke: Zuk galdu adina diru irabazi dut nik. Partizipio burutuan ematen da gehienetan adizki nagusia, eta hari dagokion aspektua nagusiko aditzak seinalatzen du, ohikoa den bezala; isildutako laguntzaileari dagozkion pertsona-denborak ere testuinguruari esker eskuratzen dira. Aspektu burutugabea adierazten duen aditz izena erabiltzea ez da debeku, baina Ateratzen bezainbat sortzen baita (Axular) perpausaren lekuan, esate baterako, Atera bezainbat sortzen baita esan daiteke.

Adizki jokatuaren isiltze hori ohikoa da nahi izan, behar izan, uste izan edo merezi izan gisako aditzekin: Behar (duzun) adina diru irabazten duzu; Merezi (duten) baino gehiago eman diete; Ez gara nahi (dugun) bezain lasai bizi.

260 Horrelakoetan mugatua ageri da inoiz eskuineko izena testuetan, desegoki ([…] mutil gehiago dago pantailari so, neskak baino (Uztaro); Badirudi oraindik ere dantza ikuskizunetan neska gehiago izaten dela mutilak baino (Goienkaria)).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper