10.3.2.4a Harridura perpausetan, zerbait gehiago eransten dio hiztunak adierazpen bati, adierazten duenak sortzen dion emozioa markatzen baitu. Ez da beti erraza bereizten perpaus bat harridurazko denetz, esateko moduak erakusten baitigu (prosodiak/puntuazioak) hala dela. Maizkara, hala ere, egitura bereziak ere erabiltzen ditugu horrelako kasuetan. Honako hauek ditugu aipagarrienak:
a) Hitz ordena aldatu edo predikazioa aditzik gabe utzi: Hau gizon zikoitza da (adierazpen perpausa); Hau da gizon zikoitza (harridura perpausa); Gizon zikoitza!; Harrigarria, honek esaten duena!; Polita, zure lana!
b) Zenbait markatzaile erabili (erakusleak, bai, galde hitzez eraturiko graduatzaile enfatikoak…): Hauxe andrea!; Bai ederra!; Nolako aukera!; Zer/nolako gizona den!; Zer/nolako gizon handia den!; Zer/nolako handia den!; Zer/nolako laster egin duzun!
Ohartu halakoetan -n daramala adizkiak (zehar-galderazko perpaus menderatuei dagokien moduan, haren adizki gobernatzailea —[harritzen naiz] edo— isildurik doala), eta artikulua hartzen duela atributu sintagmak109: Zein (gizon) handia zaren!; Zein ederki egina den!
Kasu honetan, aditzondo edo izenondoak erabiltzen dira (*zein liburua den! ez legoke ongi). Zein soilaren aldaera (harridurazkoetarako) espezializatu gisa, zeinen ere erabiltzen da: Zeinen zozoa den mutil hori!
Zenbat adberbioa ere maiz baliatzen da harridura-enfasirako, bai kopuru-adiera arruntean: Zenbat gezur esan dituen horrek!; Zenbat aldiz esan diodan!; Eta (hara) zenbat diren! Eta bai nola-rekiko sinonimian ere, neurria adieraziz: Nola/zenbat gustatzen zaidan hori!
10.3.2.4b Badira beste hainbat esapide espezializatu ere: Alafede! Alajainkoa!; Ala dohatsua (bainaiz)!; Zer zara zu eskuzabala!; Ez dakizue zuek gutxi, gero!; Arraio alua!
109 Hizkeraren batean, arruntak dira artikulurik gabeak: zer/zein polit!