Euskararen Gramatika

10.3. Perpaus tipoak, indar ilokutiboa eta modalitatea104


10.3. Perpaus tipoak, indar ilokutiboa eta modalitatea104

10.3.1. Perpaus tipoak

10.3.1a Konbentzionalki, adierazpenezko perpaus (beregain) baiezkoak hartzen dira gramatiketan azalpenen oinarri edo abiapuntutzat. Hala, alde batera uzten dira askotan forma (itxuraz) kanoniko horretatik aldentzen diren beste perpaus molde funtsezko batzuk, esan bezala zeinek bere izaera berezia dutenak. Alde batetik, bai/ez polaritatearen kontua dugu, edonolako perpausetan ageri dena. Hemen azaldu nahi dugun sailkapena, berriz, perpaus tipoari dagokio.

10.3.1b Esan dugun gisan, adierazpen perpausak aipatu ohi dira guztien oinarri gisa gramatiketan, baina badira beste perpaus tipo batzuk, denek ere beren leku ez nolanahikoa dutenak hizkuntzan, eta esanahiz eta formaz bereizten direnak adierazpenezkoetatik. Aurreraxeago ikusiko dugunez, baiezkoa ez ezik, ezezko aukera ere badu tipo bakoitzak. Hona hemen bereiziko ditugun tipoak:

Adierazpenezkoak

dena irakurri duzu

Galdera itxizkoak (bai/ez)

irakurri (al) duzu dena?

Galdera irekizkoak

zer irakurri duzu?

Harridurazkoak

irakurri duzu (-eta) dena!

Agintezkoak

irakur(ri) (ezazu[beza-dezala, dezagun]) dena

(Desirazkoak

irakur dezazula dena / irakurriko ahal duzu dena)

10.3.2. Adierazpenezko, galdezko, agintezko eta harridurazko perpausak

Adierazpen perpausak informazio bat emateko baliatu ohi dira: Mendian ibili gara gaur. Galde perpausak, berriz, informazio bat eskatzeko: Busti (al) zarete? Aginte perpausak agindu, eske, otoi edo gisakoren bat adierazteko baliatu ohi dira: Esadazu egia(, mesedez). Harridura perpausak nola edo halako ustekabea, miresmena, harridura adierazteko erabili ohi dira: Hau bai (dela) ederra!

10.3.2.1. Adierazpen perpausak

Esan bezala, halakoak jo ditzakegu tipoz markatu gabetzat, eta aldaeratzat gainerakoak. Bestelakorik adierazten ez den bitartean, bada, halako perpausez ari gara eskuarki: Banoa; Itzuli zara azkenean; Bihar ekarriko dizut liburua; Irakasleari eskatu dizkio Anek argibideak.

10.3.2.2. Galde perpausak

Galde perpausen artean hiru sail bereiziko ditugu:

10.3.2.2a Bai/ez galderak

Bai/ez galde itxizko perpausek baiezko erantzuna edo ezezkoa eskatzen dute, eta ez besterik: Busti zarete? (erantzun posibleak: bai/ez).

Adibide horretan bezala, perpaus lokabe hauek inolako marka sintaktikorik gabe egin daitezke.

Galderak solasean intonazioari esker bereiz daitezke. Idazketan, berriz, galdera marka erabiltzen dugu. Hala ere, bai/ez galdera hauek sintaktikoki ere seinala daitezke hizkera batzuetan, eta estandarrean ere berdin, dela -a galdera marka erantsiz adizkiari (Iparraldean): Busti zaretea?, dela al partikula erabiliz (gipuzkeraz105): Busti al zarete?

10.3.2.2b Aukera galderak

Aukera galderetan, aukera bat baino gehiagoren artetik bat zehaztu behar du erantzunak (juntagailu hautakaria baliatuz): Ardoa hartuko duzue, ala/edo sagardoa?; Bizkaian, Gipuzkoan edo/ala beste herrialde batean bizi zara?

10.3.2.2c Zati galderak (irekiak)

Zati galderetan, galde hitz edo galde sintagma bat erabiliz zehazten da zer informazio eskatzen den: zer, nor, nork, zein, non, noiz, nola, zenbat, zer ordutan, zein ardo, nolako lagunak, zenbat herritatik…: Zer hartuko duzu?; Zein ardo da onena?; Zenbat herritatik bidali dizkigute eskutitzak?

Lehen galderari, ardoa, jateko zerbait, dirua… erantzun dakioke, baina ezin erantzun atzo edo zurekin edo bai. Halako galderetan, galde hitza aski da galdera dela seinalatzeko, eta ez da, beraz, beste marka sintaktikorik erabiltzen horretarako.

10.3.2.3. Aginte perpausak

10.3.2.3a Aditzaren formak berak seinalatzen du (adizkiaren modu gramatikalak) aginte perpausa106: Joan zaitez hemendik.

Aditz intrantsitiboen adizki sintetikoek forma bera dute indikatiboan eta aginteran. Aditza perpausaren hasieran jartzeko joerak laguntzen du (intonazioarekin batera) aginte perpausa bereizten adierazpen perpausetik: Zoaz hemendik (aginte); Hemendik zoaz (adierazpen).

Aginte perpaus peto-petoak, arrazoi semantiko-pragmatiko nabarmenak tartean, bigarren pertsona gramatikalari dagozkio. Horregatik eta beste arrazoi batzuengatik (denbora-aspektu arazorik ez, ekonomia…), guztiz arrunta da aditz lexikoa bakarrik erabiltzea, adizkia isildurik. Halakoetan ere, bestelakoetan bezala, ez dugu berdina erabilera Iparraldean eta Hegoaldean: Sar (zaitez) zu orain (Ipar.: aditz erroa); Sartu (zaitez) zu orain (Hego.: partizipioa).

10.3.2.3b Aginteraren kasuan kasuko indar ilokutiboa —agindu hutsa, eskaera, gonbita, mehatxua…— zehazten laguntzeko, hitzen bat erants daiteke perpausaren indar ilokutiboa modulatuz; hala nola mesedez, bestela, gero. Adibide hauetan ikus daiteke: Eser(i) (zaitez) hemen, mesedez (eskaera); Alde (egizu) hemendik; bestela… (mehatxua); Ez (ezazue) ahantz(i), gero! (abisua).

Bigarren pertsonatik kanpo, beste forma bat hartzen dute, eta beste esanahi berezi bat, aginte perpaustzat jo daitezkeen beste honelako hauek: Abia nadin/gaitezen garaiz (1. pertsona; subjuntibozko perpaus beregaina); Aitor dezadan egia; Ager bedi/bitez lehenbailehen (3. pertsona; aginterazko adizki bereziak)107; Betoz/bihoaz (= etor bitez) lehenbailehen; Hala biz (= izan bedi); Bekar(te) (= ekar beza(te)).

10.3.2.3c Hirugarren pertsonakoek badute aldaera bat, subjuntiboari -la atzizkia erantsiz108: Ager dadila/daitezela lehenbailehen.

Hirugarren pertsonari agindu bat ematea ezinezkoa da, izatez, zeharka ez bada. Horregatik, desira-edo baten esanahia hartzen dute halako perpausek. Hain zuzen ere, esanahi horretaz janzten dira forma horretakoak beste bi pertsona gramatikaletan ere: Gogora gaitzazu(e)la!; Gogora nadila/dezadala, otoi!; Gogora zaitezela/zaitzatela, arren!

Halako formak dira aukera bakarra hirugarren pertsonan bestelako morfemak tartean daudenean: *Gogora naza-gaitza/zaitza(te); Gogora naza-gaitza/zaitza(te)la.

Guztira, beraz, sail berezi bat osatzen dute halako [subjuntibo + -la] perpaus beregainek, besteetatik bereiz daitekeen tipo bat, formaz ez ezik semantikaz ere: desira-edo adierazten dutenez, desirazko (edo desideratibo) izena emango diegu.

10.3.2.3d Izan da antzina euskaraz sistema konplexuago bat eremu semantiko horretakoak adierazteko, baina arkaismo gisa baino ez zaizkigu heldu ai- eta albait- aurrizkiz eraturikoak: Aineza gal bizia gau batez (Mirande); Ainu neure / gal beldur naizen hori (Juan Garzia); Gehiago / albaitezazu preza (Etxeberri Ziburukoa); Otsoa lagun duanean, albaihu hora saihetsean (Oihenart).

Oraingo euskara arruntean, bestelakoak erabili ohi ditugu: Nahi nuke galduko banu; Nahi nuke, ai, (izango) banu neure(a); Prezatuko ahal duzu; Ai alboan (izango) bazenu.

10.3.2.4. Harridura perpausak

10.3.2.4a Harridura perpausetan, zerbait gehiago eransten dio hiztunak adierazpen bati, adierazten duenak sortzen dion emozioa markatzen baitu. Ez da beti erraza bereizten perpaus bat harridurazko denetz, esateko moduak erakusten baitigu (prosodiak/puntuazioak) hala dela. Maizkara, hala ere, egitura bereziak ere erabiltzen ditugu horrelako kasuetan. Honako hauek ditugu aipagarrienak:

a) Hitz ordena aldatu edo predikazioa aditzik gabe utzi: Hau gizon zikoitza da (adierazpen perpausa); Hau da gizon zikoitza (harridura perpausa); Gizon zikoitza!; Harrigarria, honek esaten duena!; Polita, zure lana!

b) Zenbait markatzaile erabili (erakusleak, bai, galde hitzez eraturiko graduatzaile enfatikoak…): Hauxe andrea!; Bai ederra!; Nolako aukera!; Zer/nolako gizona den!; Zer/nolako gizon handia den!; Zer/nolako handia den!; Zer/nolako laster egin duzun!

Ohartu halakoetan -n daramala adizkiak (zehar-galderazko perpaus menderatuei dagokien moduan, haren adizki gobernatzailea —[harritzen naiz] edo— isildurik doala), eta artikulua hartzen duela atributu sintagmak109: Zein (gizon) handia zaren!; Zein ederki egina den!

Kasu honetan, aditzondo edo izenondoak erabiltzen dira (*zein liburua den! ez legoke ongi). Zein soilaren aldaera (harridurazkoetarako) espezializatu gisa, zeinen ere erabiltzen da: Zeinen zozoa den mutil hori!

Zenbat adberbioa ere maiz baliatzen da harridura-enfasirako, bai kopuru-adiera arruntean: Zenbat gezur esan dituen horrek!; Zenbat aldiz esan diodan!; Eta (hara) zenbat diren! Eta bai nola-rekiko sinonimian ere, neurria adieraziz: Nola/zenbat gustatzen zaidan hori!

10.3.2.4b Badira beste hainbat esapide espezializatu ere: Alafede! Alajainkoa!; Ala dohatsua (bainaiz)!; Zer zara zu eskuzabala!; Ez dakizue zuek gutxi, gero!; Arraio alua!

10.3.2.5. Baiezko eta ezezko perpausak

Aipatu ditugun perpaus tipo guztiak, baiezkoak nahiz ezezkoak izan daitezke. Ezezkoak markatuagoak dira, eta horietatik abiatuko gara.

Ezezkoak

Adierazpenezkoak

ez duzu irakurri dena

Galdera itxizkoak (bai/ez)

ez (al/ote) duzu irakurri dena?

Galdera irekizkoak

zer ez duzu irakurri?

Harridurazkoak

ez duzu (-eta) irakurri dena! (irakurriko ez zenuen ba(da)!)

Agintezkoak

ez (ezazu [beza-dezala, dezagun]) irakur(ri) dena

(Desirazkoak

ez dezazula irakur dena / ez ahal duzu irakurriko dena)

Ezezko perpaus guztietan ez (edo ezin) agertzen da: Autobusa ez dator; Autobusa ez da etorriko; Ez dator; Ez da etorriko; Autobusa ezin da etorri.

Bistan denez, sintetikoen kasuan, aski da ez jartzea adizkiaren aurrean. Analitikoetan, aldiz, ezezko perpaus beregainen kasuan, nahitaezkoa da egungo joskeran, horrez gainera, adizki nagusia adizki laguntzailearen atzera aldatzea: (Ba)dator / Ez dator; Etorriko da / Ez da etorriko.

Perpaus menderatuen artean, batzuk, askeenak, beregainen eredu berera biltzen dira: Ez baita etorriko; Ez dela etorriko.

Beste muturrean daude mendeko perpaus joskeraz zurrunago batzuk: Etorriko ez den [hori]; *ez den etorriko [hori].

Tartean, berriz, bietara berdintsu erabiltzen direnak: Ez delako(tz) etortzen; Etortzen ez delako(tz). Edota joera bat nagusi bai, baina bestea debeku ez den perpaus menderatu motak: Etorri ez (baldin) bada (kanokikoa, ohikoena); Ez (baldin) bada etorri (aukerakoa).

Baiezkoak

Baiezko perpaus askok, gehienek (analitikoek), ez dute seinale berezirik. Jakina, baiezkoak dira, nabarmen, ba- aurrizkia daramaten perpausak (adizki sintetikoetan)110: Etorriko da autobusa (baiezkoa, ba- markarik gabe); Autobusa etorriko da (baiezkoa, ba- markarik gabe); Badator autobusa.

10.3.3. Tipo formala eta indar ilokutiboa

10.3.3a Perpaus tipo bakoitzak sintaxi (eta morfologia) jakin bat ageri du, eta funtzio semantiko jakin batekin loturik dago prototipikoki: asertzioa (Heldu naiz), informazio-eskea (Bazoaz?), erreakzio psikologikoa (Irabazi duzu (eta)!), agindua (Ireki (ezazu) atea), exhortazioa (Ez dezagula (behintzat) etsi). Tipoen izenak hori islatzen du, baina gauzak ez dira hain sinpleak sintaxi eta semantika hutsetik erabilerara gatozenean, askotarikoak baitira perpaus tipo bakoitzak pragmatikoki har ditzakeen esanahiak (eta, alderantzizko ikuspegitik gauza bera, esanahi bakoitza bideratzeko aukeratu daitezkeen perpaus tipoak).

Jardunean darabilgun esaldi jakin baten esanahi-asmoak ez du zertan bat etorri horretarako aukeratu dugun perpaus tipoa erabiliz defektuz lotzen dugunarekin (hots, haren funtzio semantiko prototipikoarekin). Esate baterako, pragmatikoki, sinonimo izan daitezke esaldi hauek, eskaera-esanahiz: Idatz iezadazu pasahitza, mesedez (tipoz agintezkoa); Idatziko (al) didazu pasahitza, mesedez? (tipoz galdera itxizkoa).

Alderantziz ere berdin, agindu-esanahiz: Geldi(tu) (zaitez) hemen, beraz, nik esan arte (tipoz agintezkoa); Ea isiltzen zaren! (tipoz harridurazkoa).

Eta antzeko kasu asko. Besteak beste, galderazkoetan oinarritzen dira harridurazko asko: Nola esan dezakezu halakorik?!; Nori bururatzen zaio hori?!; Zertarako ahalegindu?!

Komunikazio-egoerari edo markoari zor zaio halako zeharkako interpretazio kasuan kasukoari. Erabakigarria da, bereziki, zein den abiatua den solas-ekintza (gizarte-konbentzioz arautua). Solas-ekintzak, bestalde, testuinguruak eta konbentzioek gobernaturiko komunikazio-marko jakin batean gertatzen dira, hiztunak solaskidearekin inplizituki adostu behar duen programa baten baitan, xede batek gidaturik.

Pragmatikak hizpide dituen halako programetatik bakoitzean, solas-ekintza bat baino gehiago bil daitezke. Kasurik sinpleenak eta nabarmenenak pare jarraitu direlakoak ditugu: galde/erantzun, eskaintza/eskertza, kargu hartze/desenkusatze, diosala/ordaina… Esan bezala, programa pragmatiko orokorrak ezarriko du markoa, eta hartan gauzatuko dira kasuan kasuko markoak; marko horien arabera antolatuko dira adierazpide lexiko-morfosintaktiko zehatzak (beren presuposizio eta inplikaturekin), eta horren guztiaren arabera hartuko dute esaldiek zeinek bere indar ilokutibo jakina.

Ugariak dira halakoak, besteak beste, kortesia kontzeptu zabalari dagozkionetan (eta, oro har, zuzeneko elkarrizketetan), agindu/eskaeraren gordinegia eztitu beharrez: Zera nahi nuen (< dut)…; Emango didazu/zenidake (< emadazu, arren); Baduzu modurik laguntzeko?; Egon zintezke hemen pixka batean?

10.3.3b Bereizi behar dira, beraz, perpaus tipoa (formari dagokion kontua) eta perpausak testuinguru jakin batean hartzen duen esanahi edo indar ilokutiboa (pragmatikari dagokiona). Tipoari izena eman diona adiera ohikoen edo nagusia da, baina, esan bezala, askotariko joko semantiko/pragmatikoak bidera ditzake tipo bakoitzak. Kasuan kasuko solas-ekintza gauzatzeko tresna moldakor gisa baliatzen dira enuntziatuak.

104 Terminologia ez dago inola ere bateratua pragmatikari dagozkion honelako kontuetan. Izenburuko termino horien ordez, badabiltza, adibidez, beste honelatsuko batzuk: enuntziazioaren modalitatea, solas-ekintzak, enuntziatuaren modalitatea. Modu batera edo bestera, kontua da bereiztea: a) enuntziatuaren forma hutsa; b) ematen zaion zinezko esanahia, eta horrekin zer lortu nahi den.

105 Alegia, halako esaldiak erabiliz, solas-ekintza horrekin, zer bilatzen den solaskideen arteko interakzioan.

106 Bazen antzina, arruntarekin batera, geroaldiko agintera deritzona, bai analitikoa eta bai sintetikoa, -ke- morfema gehituz eratua: ezer egiterakoan, esan e[g]ikezu zeure artean (vs esan e[g]izu orain); negar egikezu egunen batean. Ez dago garbi ahalerarekiko lotura (zaitez-ke), baina bada halako zantzurik adizki sintetikoetan; adibidez, (ba)zoazke hor dabil esanahiz ustearen (zoaz nonbait), geroaldiaren (joango zara) eta ahaleratik gertuko zerbaiten artean (joan zaitezke).

107 Aginterazko adizki sintetikoek badute, guztiek ere, besteek ez bezalako debeku bat, ez baitute onartzen forma sintetikoan berean ezeztapena: #ez zoaz, *ez betoz/bekarte; #ez gauden; #ez daramatela. Analitikoetara jo behar: ez zaitez joan; ez bitez etor; ez bezate ekar; ez gaitezen egon; ez dezatela eraman.

108 Adizki sintetikoek berez dute, indikatibozkoaz gainera, subjuntibozko balioa ere, forma berean: Datorrela oraintxe; Dabilela erne; Gauden isilik; Daramala deabruak; Dagigun otoitz; Ongi etorri zarela; Zarela zintzo; Laudatu dela; Duzula kuraia. Inoiz, laguntzailearen lekuan ere erabili izan da: Dugun maita/lauda/ikus/edan.

109 Hizkeraren batean, arruntak dira artikulurik gabeak: zer/zein polit!

110 Erne: baldintzazko perpausen menderagailuak forma bera du —(baldin) ba—, baina besterik da.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper