Euskararen Gramatika

10.4. Perpausen modalitatea


10.4. Perpausen modalitatea

10.4.1. Definizioa eta sailkapena

10.4.1a Indar ilokutiboa (hots, esanarekin zer esan nahi den) oso loturik dago modalitate delakoarekin. Hizkuntzalaritzan, modalitate terminoak zera adierazten du: ea nola markaturik dagoen hiztunak zer jarrera duen enuntziatuak modalizazio hori gabe adierazten duenarekiko (esate baterako, adieraziari egozten dion ziurtasun-maila).

Pentsatzekoa denez, oso eremu zabala hartzen du horrek, askotariko xehetasun eta ñabardurak izan baititzake hiztunaren ikuspegiak berak, batetik, eta, bestetik, hura markatzeko erak (modu gramatikal delakoa ez da era horietariko bat baino: modalitate gramatikalizatua).

10.4.1b Guk, hemen, kontu orokor batzuk baino ez ditugu aipatuko. Bada banaketa nagusi bat enuntziatuen artean: errealak (pobre jaio nintzen) eta irrealak (ai aberats jaio banintz!). Latinezko terminoak erabiltzen dira bi modalitateok izendatzeko: realis eta irrealis.

Bestetik, bi modalitate-sail bereizten dira: epistemikoa eta deontikoa. (Esan daiteke modalitate horiek markatuak direla modalitate markatu gabe edo neutro batekiko).

Modalitate epistemikoaz ari gara hiztunak adierazpen baten egiari buruz duen ziurtasun mailaren markatzaileei begiratzen diegunean: Etxean omen dago; Baliteke (hala izatea).

Modalitate deontikoaz ari gara hiztunak mundua (ingurua) bere egiten duen egokitasun- edo asmo-erreferentzia baten arabera, zertara ekarriko lukeen adierazten duten markatzaileei begiratzen diegunean: Ospitalean, isildu beharra dago; Ez duzu hilko.

10.4.1c Modalitatearen gorabehera oso loturik dago zirkunstantzia pragmatikoekin (bestelako joko semantikoez gainera). Hori dela eta, ez da aski izaten forma jakin bat agertzea ziur egoteko hura kasu horretan modalitate jakin baten adierazle den111: Harria altxa dezake [= gai da altxatzeko (modalizatu gabea)]; Harria altxa dezake [= baliteke altxatzea (modalitate epistemikoa)].

Inoiz, forma berean adierazirik etor daitezke, anbiguotasun formalez, modalitate deontikoa eta epistemikoa: Etxean egon behar dute [= egotea dagokie, egoteko agindua dute (deontikoa)]; Etxean egon behar dute [= daude, ustez (epistemikoa)].

10.4.2. Modalitatea adierazteko bideak

10.4.2a Modalitatea adierazteko (aspektua adierazteko bezalatsu), hainbat bide baliatzen ditu hizkuntza bakoitzak, lexikoak, morfosintaktikoak zein prosodikoak. Ziurtasunik eza markatzeko, adibidez: Badaki, beharbada/noski/ziurrenik/ustez/diotenez/ezta? (predikazio estraorazionala); Ba bide/omen/ote daki (aditzarekin bateraturiko partikula: ikus § 23.5.3); Jakingo du honezkero (denbora-aspektua); Jakin behar/uste du dagoeneko (aditz modala; ikus § 23.4)112; Badakike (adizkiko -ke morfema berezia); Jakin dezake (ahalera, -ke morfema barne); Baliteke / litekeena da / ez litzateke harritzeko (hark) jakitea / jakin dezan (fraseologia espezializatua, perpaus konplexuz).

10.4.2b Molde horietariko batzuk ez daude esklusiboki espezializaturik adiera (epistemiko) horretan: Jakingo du / badakike egunen batean (geroaldia); Jakin dezake, saiatzen bada (ahala).

Bestalde, ziurtasunik ezak bere graduak eta taxuak ditu, ez baitira sinonimo honelako bikoteak: Irabazi(ko) dute, beharbada/ustez; Irabazi(ko) bide/omen dute (bide: nonbait; omen: diotenez).

Eta ziurtasunik eza bera ere ziurtasun positiboaren alboan ulertzekoa da. Izan ere, defektuz, aurrekoen moduko prozedura tartean izan ezean, ziurtasuna adierazten dute adierazpen perpaus arruntek, nahiz eta oker egon daitekeen dena delakoa ziurtzat jo duena: Irabazi dute.

Geroaldia ere berdin ziurtzat jotzen da perpausa erabiltzean, nahiz eta etorkizunak gero iragarpena gezurta dezakeen113: Irabaziko dute.

Ziurtasun positiboa ere modula daiteke, predikazio estraorazionalez: Irabaziko dute, inolako zalantzarik gabe / zalantza handirik gabe / zorte pixka batekin / ondo bidean.

10.4.2c Modalitate deontikoak ere askotariko adierazpideak ditu: Ikas ezazu [ikas beza/dezala, ikas dezagun] (agintera); Ikasi behar/nahi dugu/genuke (aditz modala); Lagunduko dizut ikasten (geroaldia promes edo eskaintza gisa); Ikasiko duzu(, arren)? (galdera geroaldian [eskaera-adberbioa aukeran]); Ez (al) duzu ikasiko (behingoan)? (galdera geroaldian ezezka); Ez ikastea ere! (harridurazko esapidea).

111 Izan ere, bereiztekoak direla modu gramatikala (indikatibo, subjuntibo, ahalera eta abar: kontu formala) eta modalitatea (kontu pragmatikoa). Antzeko bereizkuntza egin dugu arestian perpaus tipo formalaren eta kasuan kasuko haren indar ilokutiboaren artean.

112 Modalitatea adierazteko bideetariko bat baino ez dira, bistan da, aditz (lokuzio) modalak: behar izan, nahi/gura/gogo izan. Halakoek perifrasiak osatzen dituzte partizipio-perpausekin: Isilik hurbildu nahi/behar dut haiengana. Komunztadura-aldaerak: zubereraz arauzkoa (eta beste euskalkietako tradizioan, tarteka, hautazkoa), hüllantü nahi niz (hurbildu nahi naiz); hizkera batzuetan, hautazkoa, hurbildu behar naiz. Euskalki guztietan, zaio motako partizipioekin, aukera bakarra da haren komunztadurari eustea: hurbildu behar/nahi natzaie (ni haiei) vs hurbildu behar/nahi diet (nik haiei zerbait).

113 Izan ere, asertzioaren “egia” enuntziazioaren subjektuari dagokio, eta ez proposizioari berari, ustel gerta bailiteke betiere baieztapen ziur horren objektua, ezen ez baieztatzea bera: Irabazi(ko) du = [Nik baieztatzen dut]asertzio: [irabazi(ko) du]proposizio.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper