Euskararen Gramatika

10.3.2. Adierazpenezko, galdezko, agintezko eta harridurazko perpausak


10.3.2. Adierazpenezko, galdezko, agintezko eta harridurazko perpausak

Adierazpen perpausak informazio bat emateko baliatu ohi dira: Mendian ibili gara gaur. Galde perpausak, berriz, informazio bat eskatzeko: Busti (al) zarete? Aginte perpausak agindu, eske, otoi edo gisakoren bat adierazteko baliatu ohi dira: Esadazu egia(, mesedez). Harridura perpausak nola edo halako ustekabea, miresmena, harridura adierazteko erabili ohi dira: Hau bai (dela) ederra!

10.3.2.1. Adierazpen perpausak

Esan bezala, halakoak jo ditzakegu tipoz markatu gabetzat, eta aldaeratzat gainerakoak. Bestelakorik adierazten ez den bitartean, bada, halako perpausez ari gara eskuarki: Banoa; Itzuli zara azkenean; Bihar ekarriko dizut liburua; Irakasleari eskatu dizkio Anek argibideak.

10.3.2.2. Galde perpausak

Galde perpausen artean hiru sail bereiziko ditugu:

10.3.2.2a Bai/ez galderak

Bai/ez galde itxizko perpausek baiezko erantzuna edo ezezkoa eskatzen dute, eta ez besterik: Busti zarete? (erantzun posibleak: bai/ez).

Adibide horretan bezala, perpaus lokabe hauek inolako marka sintaktikorik gabe egin daitezke.

Galderak solasean intonazioari esker bereiz daitezke. Idazketan, berriz, galdera marka erabiltzen dugu. Hala ere, bai/ez galdera hauek sintaktikoki ere seinala daitezke hizkera batzuetan, eta estandarrean ere berdin, dela -a galdera marka erantsiz adizkiari (Iparraldean): Busti zaretea?, dela al partikula erabiliz (gipuzkeraz105): Busti al zarete?

10.3.2.2b Aukera galderak

Aukera galderetan, aukera bat baino gehiagoren artetik bat zehaztu behar du erantzunak (juntagailu hautakaria baliatuz): Ardoa hartuko duzue, ala/edo sagardoa?; Bizkaian, Gipuzkoan edo/ala beste herrialde batean bizi zara?

10.3.2.2c Zati galderak (irekiak)

Zati galderetan, galde hitz edo galde sintagma bat erabiliz zehazten da zer informazio eskatzen den: zer, nor, nork, zein, non, noiz, nola, zenbat, zer ordutan, zein ardo, nolako lagunak, zenbat herritatik…: Zer hartuko duzu?; Zein ardo da onena?; Zenbat herritatik bidali dizkigute eskutitzak?

Lehen galderari, ardoa, jateko zerbait, dirua… erantzun dakioke, baina ezin erantzun atzo edo zurekin edo bai. Halako galderetan, galde hitza aski da galdera dela seinalatzeko, eta ez da, beraz, beste marka sintaktikorik erabiltzen horretarako.

10.3.2.3. Aginte perpausak

10.3.2.3a Aditzaren formak berak seinalatzen du (adizkiaren modu gramatikalak) aginte perpausa106: Joan zaitez hemendik.

Aditz intrantsitiboen adizki sintetikoek forma bera dute indikatiboan eta aginteran. Aditza perpausaren hasieran jartzeko joerak laguntzen du (intonazioarekin batera) aginte perpausa bereizten adierazpen perpausetik: Zoaz hemendik (aginte); Hemendik zoaz (adierazpen).

Aginte perpaus peto-petoak, arrazoi semantiko-pragmatiko nabarmenak tartean, bigarren pertsona gramatikalari dagozkio. Horregatik eta beste arrazoi batzuengatik (denbora-aspektu arazorik ez, ekonomia…), guztiz arrunta da aditz lexikoa bakarrik erabiltzea, adizkia isildurik. Halakoetan ere, bestelakoetan bezala, ez dugu berdina erabilera Iparraldean eta Hegoaldean: Sar (zaitez) zu orain (Ipar.: aditz erroa); Sartu (zaitez) zu orain (Hego.: partizipioa).

10.3.2.3b Aginteraren kasuan kasuko indar ilokutiboa —agindu hutsa, eskaera, gonbita, mehatxua…— zehazten laguntzeko, hitzen bat erants daiteke perpausaren indar ilokutiboa modulatuz; hala nola mesedez, bestela, gero. Adibide hauetan ikus daiteke: Eser(i) (zaitez) hemen, mesedez (eskaera); Alde (egizu) hemendik; bestela… (mehatxua); Ez (ezazue) ahantz(i), gero! (abisua).

Bigarren pertsonatik kanpo, beste forma bat hartzen dute, eta beste esanahi berezi bat, aginte perpaustzat jo daitezkeen beste honelako hauek: Abia nadin/gaitezen garaiz (1. pertsona; subjuntibozko perpaus beregaina); Aitor dezadan egia; Ager bedi/bitez lehenbailehen (3. pertsona; aginterazko adizki bereziak)107; Betoz/bihoaz (= etor bitez) lehenbailehen; Hala biz (= izan bedi); Bekar(te) (= ekar beza(te)).

10.3.2.3c Hirugarren pertsonakoek badute aldaera bat, subjuntiboari -la atzizkia erantsiz108: Ager dadila/daitezela lehenbailehen.

Hirugarren pertsonari agindu bat ematea ezinezkoa da, izatez, zeharka ez bada. Horregatik, desira-edo baten esanahia hartzen dute halako perpausek. Hain zuzen ere, esanahi horretaz janzten dira forma horretakoak beste bi pertsona gramatikaletan ere: Gogora gaitzazu(e)la!; Gogora nadila/dezadala, otoi!; Gogora zaitezela/zaitzatela, arren!

Halako formak dira aukera bakarra hirugarren pertsonan bestelako morfemak tartean daudenean: *Gogora naza-gaitza/zaitza(te); Gogora naza-gaitza/zaitza(te)la.

Guztira, beraz, sail berezi bat osatzen dute halako [subjuntibo + -la] perpaus beregainek, besteetatik bereiz daitekeen tipo bat, formaz ez ezik semantikaz ere: desira-edo adierazten dutenez, desirazko (edo desideratibo) izena emango diegu.

10.3.2.3d Izan da antzina euskaraz sistema konplexuago bat eremu semantiko horretakoak adierazteko, baina arkaismo gisa baino ez zaizkigu heldu ai- eta albait- aurrizkiz eraturikoak: Aineza gal bizia gau batez (Mirande); Ainu neure / gal beldur naizen hori (Juan Garzia); Gehiago / albaitezazu preza (Etxeberri Ziburukoa); Otsoa lagun duanean, albaihu hora saihetsean (Oihenart).

Oraingo euskara arruntean, bestelakoak erabili ohi ditugu: Nahi nuke galduko banu; Nahi nuke, ai, (izango) banu neure(a); Prezatuko ahal duzu; Ai alboan (izango) bazenu.

10.3.2.4. Harridura perpausak

10.3.2.4a Harridura perpausetan, zerbait gehiago eransten dio hiztunak adierazpen bati, adierazten duenak sortzen dion emozioa markatzen baitu. Ez da beti erraza bereizten perpaus bat harridurazko denetz, esateko moduak erakusten baitigu (prosodiak/puntuazioak) hala dela. Maizkara, hala ere, egitura bereziak ere erabiltzen ditugu horrelako kasuetan. Honako hauek ditugu aipagarrienak:

a) Hitz ordena aldatu edo predikazioa aditzik gabe utzi: Hau gizon zikoitza da (adierazpen perpausa); Hau da gizon zikoitza (harridura perpausa); Gizon zikoitza!; Harrigarria, honek esaten duena!; Polita, zure lana!

b) Zenbait markatzaile erabili (erakusleak, bai, galde hitzez eraturiko graduatzaile enfatikoak…): Hauxe andrea!; Bai ederra!; Nolako aukera!; Zer/nolako gizona den!; Zer/nolako gizon handia den!; Zer/nolako handia den!; Zer/nolako laster egin duzun!

Ohartu halakoetan -n daramala adizkiak (zehar-galderazko perpaus menderatuei dagokien moduan, haren adizki gobernatzailea —[harritzen naiz] edo— isildurik doala), eta artikulua hartzen duela atributu sintagmak109: Zein (gizon) handia zaren!; Zein ederki egina den!

Kasu honetan, aditzondo edo izenondoak erabiltzen dira (*zein liburua den! ez legoke ongi). Zein soilaren aldaera (harridurazkoetarako) espezializatu gisa, zeinen ere erabiltzen da: Zeinen zozoa den mutil hori!

Zenbat adberbioa ere maiz baliatzen da harridura-enfasirako, bai kopuru-adiera arruntean: Zenbat gezur esan dituen horrek!; Zenbat aldiz esan diodan!; Eta (hara) zenbat diren! Eta bai nola-rekiko sinonimian ere, neurria adieraziz: Nola/zenbat gustatzen zaidan hori!

10.3.2.4b Badira beste hainbat esapide espezializatu ere: Alafede! Alajainkoa!; Ala dohatsua (bainaiz)!; Zer zara zu eskuzabala!; Ez dakizue zuek gutxi, gero!; Arraio alua!

10.3.2.5. Baiezko eta ezezko perpausak

Aipatu ditugun perpaus tipo guztiak, baiezkoak nahiz ezezkoak izan daitezke. Ezezkoak markatuagoak dira, eta horietatik abiatuko gara.

Ezezkoak

Adierazpenezkoak

ez duzu irakurri dena

Galdera itxizkoak (bai/ez)

ez (al/ote) duzu irakurri dena?

Galdera irekizkoak

zer ez duzu irakurri?

Harridurazkoak

ez duzu (-eta) irakurri dena! (irakurriko ez zenuen ba(da)!)

Agintezkoak

ez (ezazu [beza-dezala, dezagun]) irakur(ri) dena

(Desirazkoak

ez dezazula irakur dena / ez ahal duzu irakurriko dena)

Ezezko perpaus guztietan ez (edo ezin) agertzen da: Autobusa ez dator; Autobusa ez da etorriko; Ez dator; Ez da etorriko; Autobusa ezin da etorri.

Bistan denez, sintetikoen kasuan, aski da ez jartzea adizkiaren aurrean. Analitikoetan, aldiz, ezezko perpaus beregainen kasuan, nahitaezkoa da egungo joskeran, horrez gainera, adizki nagusia adizki laguntzailearen atzera aldatzea: (Ba)dator / Ez dator; Etorriko da / Ez da etorriko.

Perpaus menderatuen artean, batzuk, askeenak, beregainen eredu berera biltzen dira: Ez baita etorriko; Ez dela etorriko.

Beste muturrean daude mendeko perpaus joskeraz zurrunago batzuk: Etorriko ez den [hori]; *ez den etorriko [hori].

Tartean, berriz, bietara berdintsu erabiltzen direnak: Ez delako(tz) etortzen; Etortzen ez delako(tz). Edota joera bat nagusi bai, baina bestea debeku ez den perpaus menderatu motak: Etorri ez (baldin) bada (kanokikoa, ohikoena); Ez (baldin) bada etorri (aukerakoa).

Baiezkoak

Baiezko perpaus askok, gehienek (analitikoek), ez dute seinale berezirik. Jakina, baiezkoak dira, nabarmen, ba- aurrizkia daramaten perpausak (adizki sintetikoetan)110: Etorriko da autobusa (baiezkoa, ba- markarik gabe); Autobusa etorriko da (baiezkoa, ba- markarik gabe); Badator autobusa.

105 Alegia, halako esaldiak erabiliz, solas-ekintza horrekin, zer bilatzen den solaskideen arteko interakzioan.

106 Bazen antzina, arruntarekin batera, geroaldiko agintera deritzona, bai analitikoa eta bai sintetikoa, -ke- morfema gehituz eratua: ezer egiterakoan, esan e[g]ikezu zeure artean (vs esan e[g]izu orain); negar egikezu egunen batean. Ez dago garbi ahalerarekiko lotura (zaitez-ke), baina bada halako zantzurik adizki sintetikoetan; adibidez, (ba)zoazke hor dabil esanahiz ustearen (zoaz nonbait), geroaldiaren (joango zara) eta ahaleratik gertuko zerbaiten artean (joan zaitezke).

107 Aginterazko adizki sintetikoek badute, guztiek ere, besteek ez bezalako debeku bat, ez baitute onartzen forma sintetikoan berean ezeztapena: #ez zoaz, *ez betoz/bekarte; #ez gauden; #ez daramatela. Analitikoetara jo behar: ez zaitez joan; ez bitez etor; ez bezate ekar; ez gaitezen egon; ez dezatela eraman.

108 Adizki sintetikoek berez dute, indikatibozkoaz gainera, subjuntibozko balioa ere, forma berean: Datorrela oraintxe; Dabilela erne; Gauden isilik; Daramala deabruak; Dagigun otoitz; Ongi etorri zarela; Zarela zintzo; Laudatu dela; Duzula kuraia. Inoiz, laguntzailearen lekuan ere erabili izan da: Dugun maita/lauda/ikus/edan.

109 Hizkeraren batean, arruntak dira artikulurik gabeak: zer/zein polit!

110 Erne: baldintzazko perpausen menderagailuak forma bera du —(baldin) ba—, baina besterik da.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper