Euskararen Gramatika

7. Morfologia lexikoa: hitz elkarketa (I)

7. Morfologia lexikoa: hitz elkarketa (I)

7.1. Hitz elkarketa. Izen elkartuak (I). Dvandva motako elkartuak, atributu eta koordinazio egiturako elkartuak, tautologiazko elkartuak

7.1.1. Sarrera

Bi osagai beregain elkartuz sortzen dugun kategoria lexikoari esaten diogu hitz elkartu. Hitz elkartuak, beraz, izenak, adjektiboak edo aditzak izan daitezke. Hitz elkartuko osagaien kategoria ere hartu beharko dugu kontuan: iz[izen+izen]iz, iz[aditzoin+izen]iz, adj[izen+adj]adj, ad[izen+aditz]ad… Osagaien kategoriaz gain, bien arteko erlazioa nolakoa den ere aztertu behar da; bi osagaiak maila berean dauden, ala bat den nagusi (§ 3.3).

Lehenik izen kategoriako hitz elkartuak aztertuko ditugu, eta, horien artean, maila berean dauden bi izenez osatuak. Maila berean egoteak esan nahi du ez duela osagai batek esanahi nagusia ematen eta besteak haren esanahia mugatu edo zehazten. Biek adierazten dutena hartuko du, maila berean, izen elkartuaren esanahiak. Esaterako, izeba-osabak, seme-alabak, goi-beheak, ate-leihoak edo errege-erreginak izen elkartuek osagai bakoitzaren esanahia biltzen dute; beraz, izen elkartu horiek bikotea (edo elementu gehiagoko multzoa) adierazten dute: izeba(k) eta osaba(k), semea(k) eta alaba(k), goia(k) eta behea(k), atea(k) eta leihoa(k) eta abar.

Badira horien antzeko beste izen elkartu batzuk, baina ez guztiz modu berekoak: afari-merienda, errege-profeta, hego-ekialde, hego-mendebalde, hargin-meatzari, bertsolari-poeta motakoak. Hauetan ez dugu bikotea, edo bitik gorako multzoa izendatzen; pertsona, otordu, puntu kardinal… bakarraz ari gara; osagaiek adierazten dutena bateratzen duen ‘zera’ bakarraz. Afaria eta merienda batera egiten dugu afari-merienda egitean; errege izatea eta profeta izatea, biak uztartzen zituen pertsonaz ari gara errege-profeta diogunean eta abar. Horixe da, beraz, atal honetan bereiziko ditugun hitz elkartuen arteko desberdintasun nagusia, bikoa (edo hortik gorako multzoa) adieraztea edo pertsona, leku, otordu… bakarra.

7.1.2. Dvandva elkartuak

7.1.2a Inguruko hizkuntzekin alderatuta, hitz elkartu mota hau da euskararen bereizgarrietako bat; alegia, euskarak bizi-bizirik gorde ditu mota honetako elkartuak, baina inguruko hizkuntzetan ez dugu aurkituko horrelakorik. Sanskritoari buruzko gramatikak idatzi zituztenek eman zioten izena elkartu mota honi, dvandva ‘bikotea’. Ondoren Uhlenbeck-ek (1911) ekarri zuen deitura eta sailkapena euskarara eta Azkuek eman zion jarraibidea, kopulatibo izenaz bataiaturik. Hemen izen dvandvak aztertuko ditugu, izen kategoriako osagaiak dituztenak; baina harreman mota bera aurki dezakegu adjektiboen, aditzen eta adberbioen kasuan ere (§ 8.1, § 9.2, § 9.4.1). Askoz emankortasun urriagokoak dira bi zenbatzaile elkartuaz osatzen ditugunak —gutxi-asko, zortzi-hamar, hirurehun-laurehun…— edo galde hitzekin osatuak —noiz-nongo, zer-nolako51.

Bi izenez osatuak aztertuko ditugu ondoren; hots, izen elkartu dvandvak.

7.1.2b Dvandva elkartuko izenak maila berekoak direla esan dugu. Eta horrek eskatzen du biak azpikategorizazio berekoak izatea: pertsona adierazten dutenak, animalia izenak, izen bizigabeak, izen propioak… Lehen bereizketa, beraz, irizpide honen araberakoa izango da.

Izen bizidunez osatuak dira aita-amak, aita-semeak, aitona-amonak, ama-alabak, ama-semeak, amona-ilobak, anai-arrebak, andre-gizonak, dama-galaiak, duke-dukesak, errege-erreginak, gizon-emakumeak, izeba-osabak, jaun-andreak, lehengusu-lehengusinak, maisu-maistrak, marinel-merkatariak, nagusi-etxekoandreak, neska-mutilak, osaba-ilobak, seme-alabak, senar-emazteak. Baita beste hauek ere: bildots-ardiak, idi-behiak, zozo-birigarroak…

Izen bizigabeak —konkretuak zein abstraktuak— dituzte, ostera, osagai ondorengo dvandva elkartuek: ate-leihoak, ardo-ogiak, arto-babarrunak, atabal-danbolinak, begi-bekokiak, begi-belarriak, begi-bihotzak, bihotz-gogoak, beso-mihiak, buru-buztanak, buru-belarriak, belar-landareak, esku-oinak, ezpain-masailak, gatz-ozpinak, gogo-bihotzak, goiz-arratsak, gose-egarriak, hanka-lepoak, hotz-beroak, janari-edariak, kezka-nekeak, landa-baratzak, lepo-belarriak, mendi-zelaiak, neke-oinazeak, on-gaitzak, ogi-ardoak, patata-ilarrak, porru-patatak, zeru-lurrak, zoko-bazterrak…

Badira itxuraz aditzointzat hartuko genituzkeen osagaiez eratuak ere, edo aditzetik eratorritako izenez: esan-eginak, harremanak, itaun-erantzunak, jan-edanak, joan-etorriak, sal-erosketak… Baina bi aditzoin elkartuz ezingo genuke izen kategoriako elkarturik sortu; beraz, nahitaez ondorioztatu behar dugu izen balioa hartzen dutela horrelako hitz elkartuetan. Izan ere, esan(a), egin(a), itaun(a), erantzun(a), jan(a), edan(a)… izen balioan ere erabiltzen ditugu; eta hala jaso ditu Euskaltzaindiaren Hiztegiak.

Askoz emankortasun urriagokoak izanik ere, baditugu gure literatura tradizioan izen propioez osatutako dvandvak: Afrika-Asiak, Axular-Etxepareak, Azpeiti-Azkoitiak, Bilbo-Iruñeak, Bizkai-Gipuzkoak, Oria-Bidasoak, Sakana-Burundak, Unamuno-Barojak.

7.1.2c Azkueren ‘compuesto copulativo’ deituratik erraz ondoriozta daitekeen bezala, eta juntagailuaz loturik ere eman ditzakegu goiko hitz elkartu horietako asko eta asko: seme(a) eta alaba(k), aita eta ama, begiak eta belarriak, errege eta erregina(k), izeba eta osaba(k), lepoa eta belarriak, ogia eta ardoa eta abar.

Horrek dakar, esan bezala, izen elkartuak (gutxienik) biko multzoa izendatzea. Eta horrek dakar, aldi berean, dvandva elkartuak pluralean erabili beharra, edo ez, behintzat, singularrean. Hau da, artikulu plurala, erakusle plurala, edo zenbatzailea hartu behar du dvandva motako hitz elkartu bat buru duen sintagmak. Alde horretatik ezin dira zuzentzat jo azken boladan maiz irakurtzen ditugun mota honetako erabilerak: zure seme-alaba udalekuetara bidali nahi baduzu… Seme-alaba euskaraz ‘semea(k) eta alaba(k)’ adierazteko erabili izan da, eta komeni da erabilera horri eustea. ‘Semea edo alaba’ esan nahi bada, zehar-marra (/) izan daiteke hori adierazteko bide laburra: zure seme/alaba udalekuetara bidali nahi baduzu

Nolanahi ere, plural markaren derrigortasun hori dvandva elkartuak hartzen duen kasu markaren araberakoa ere bada. Nor, nork eta nori kasu markekin, hots, egiturazko kasuekin da nahitaezko plural marka; postposizioekin, errazago ager daiteke mugagabea: Hemen ordea ez gabiltza hezur-haragizko gizakien artean (Mitxelena); Aho-mihitan kurritu zuen Aldudeko jaun mirikuaren famak (J. Etxepare); Gizon ospetsuak hezur-mamitan ikustea (Lizardi). Partitiboa ere har dezakete, jakina: Iñork ez dit haren izen-deiturarik eman (A. Zavala); Ez aita-amarik, ez nausirik (J. Etxepare); Inork nahi al du porru-patatarik?

7.1.2d Bi osagaiak azpikategorizazio berekoak izatea baino zerbait gehiago behar dugu, dena den, dvandva motako hitz elkartua osatzeko. Mahai eta zeru izen bizigabeak dira, baina nekez osatuko dugu mahai-zeruak (edo zeru-mahaiak) elkartua. Zergatik? Osagaiak bateragarriak izatea eskatzen duelako erlazio mota honek. Eta bateragarritasun hori etor daiteke esanahi kidetasunetik (Azkuek ‘relación de afinidad’ deitu zuena) zein antonimiatik. Izen bizidunen kasuan, esanahi kidetasuna, ahaidetasun harremana izan daiteke (izeba-ilobak), edo ahaidetasun harreman batean, edo oro har multzo batean, sexu batekoak eta bestekoak izatea (aita-amak, izeba-osabak, neska-mutilak), edo gizarte estatus batean sexu batekoak eta bestekoak, edo maila batekoak eta bestekoak izatea (duke-dukesak, errege-erreginak, ikasle-irakasleak, ugazaba-langileak).

Izen bizigabeen kasuan ere arlo semantiko berekoak behar dute izan, edo, behintzat, esanahiaren aldetik bateragarriak: dela txoriak (zozo-birigarroak), animaliak52 (behi-idiak, zakur-katuak), barazkiak (aza-porruak, porru-patatak), gorputz-atalak (aho-mihiak, esku-oinak, hanka-lepoak, lepo-belarriak), soinu-tresnak (atabal-danbolinak) zein erakunde izenak (aldundi-udaletxeak).

Antonimia harremana ere indartsua da dvandva elkartuak eratzeko: atze-aurreak, estutze-lasatzeak, galde-erantzunak, gau-egunak, goi-beheak, goiz-arratsak, hezur-mamiak, zeru-lurrak… Egia da, bestalde, antonimia harremanean ere badagoela esanahi kidetasuna, esan baitaiteke arlo bereko bi muturrak direla elkartzen ditugunak.

7.1.2e Dvandva motako hitz elkartuen tradizioko erabilera kontuan izanik eman zuen Euskaltzaindiak araua, mota honetako elkartuak direla egokienak bikoteak izendatzeko: “erdarazko los hijos / les enfants, los reyes / les rois edo los padres / les parents esamoldeen (hau da, bikotea izendatzen duten sintagmen) ordain jatorrak seme-alabak, errege-erreginak eta aita-amak (edo gurasoak) dira euskaraz; inoiz horien lekuan agertzen diren erregeak, aitak bezalakoak ez dira onargarriak. Nombre y apellidos esateko izen-deiturak edo izen-abizenak dugu, orobat, azalbide arteza: han-hemen ugaritzen hasi zaizkigun izena eta abizenak gisako koordinazio sintagmak alferrikakoak dira, sarri, horrelakoetan”.

Ikus Euskaltzaindiaren 25. araua: “Hitz elkartuen osaera eta idazkera”, Donostian, 1995eko urtarrilaren 27an onartua.

7.1.2f Berrelkarketa. Gehien-gehienetan bi izen elkartzen ditugu izen elkartu dvandva sortzeko. Baina hitz elkarketa baliabide errekurtsiboa da, behin eta berriz erabil daiteke (§ 3.3d). Baita hitz elkartu mota honetan ere. Bi osagai baino gehiago izan ditzakegu: a) hiru izen (edo gehiago), guztiak maila berean daudenak (ama-seme-alabak, hezur-haragi-muinak, neke-trabaju-penaz, nahigabe-pena-nekeak, pago-haritz-pinudiak); b) dvandva elkartua beste izen elkartu bateko mugatzaile (gargar-gari sortak, Sakana-Burunda haranetan, Alfabetatze-Euskalduntze Koordinakundea); c) dvandva elkartua beste izen elkartu bateko mugakizun (eper aita-amak, marrajo hortz-haginez, Euskal Irrati-Telebista).

Azken urteetan sortu dira Behobia-Donostia lasterketa, izar triangelu konexio edo ama-alaba harremana moduko hitz elkartuak ere. Ez dira aurreko paragrafoan aipatuen guztiz parekoak, egitura hauek ez baitute ‘Behobia eta Donostia lasterketa’, ‘ama eta alaba harremana’ adierazten; ez dira, beraz, garagar-gari sortak (garagar eta gari sortak) bezalakoak. Dvandva itxurako lehen osagaia izan arren, Behobia eta Donostia arteko lasterketa, ama eta alaba(ren) arteko harremana, izar eta triangelu erako konexioak… moduan ulertu behar ditugu elkartu horiek.

7.1.2g Eratorpenean oinarri ere izan daitezke dvandva elkartuak aditz eratorriak sortzeko, aitamatu, gatz-ozpindu, izu-ikaratu, senar-emaztetu. Beste batzuetan, bigarren osagaian bakarrik ageri den atzizkia badagokio lehenengoari ere: seme-alabatxo esan arren, argi dago seme(txo) ulertu behar dugula. Beste horrenbeste gertatzen da aurrerago aztertuko ditugun aldi eta gai izenei dagokienez honako adibide hauetan: poz-negarraldi, senar-emaztegai. Bietan ulertzen dugu ‘pozaldiak eta negarraldiak’, ‘senargai eta emaztegai’.

7.1.2h Dvandva elkartuak buru bikoak direla esan dugu; hau da, bi osagaiak daude maila berean, biak dira buru. Nola jakin, beraz, zein hurrenkeratan eman behar ditugun? Ez dago arau zorrotzik honetan; adibidez, ogi-ardoak eta ardo-ogiak, biak aurki ditzakegu. Hala ere, Euskaltzaindiak bi arau aipatu zituen: a) osagaien luzerari dagokionez, silaba gutxienekoa jartzen dugu lehen lekuan gehienetan; b) generoari dagokionez, ar/eme ordena erabiliago da kontrakoa baino (jaun-andreak, senar-emazteak, seme-alabak, etab.). Baina ez dira arau zorrotzak, hortxe ditugu izeba-osabak, neska-mutilak… Beste irizpide hauek ere aipatu dituzte gramatikariek: gizartean goragoko estatusa duena, edo familia-harremanetan zaharrena dena lehenik: aita-semeak, ama-alabak, osaba-ilobak, nagusi-langileak… Espazioan, goian dagoena lehenik: zeru-lurrak, goi-beheak53

Idazkerari dagokionez, marrarekin idaztekoak dira dvandva motako hitz elkartuak.

7.1.3. Atributu eta koordinazio egiturako izen elkartuak54

7.1.3a Maila bereko bi izenez osaturik, bikotea (edo bitik gorako multzoa) adierazten dute aztertu berri ditugun dvandva elkartuek. Horretantxe bereizten dira, hain zuzen, batetik, hemen aztertuko ditugun afari-merienda, bertsolari-poeta, errege profeta, erretor bikario edo irribarre moduko egituretatik, eta, bestetik, hegazkin tramankulu, Jainko haur, neskatila zerbitzari edo harri zilindro gisakoetatik. Bi izenez osaturik egon arren, elkartu hauetan pertsona, otordu, objektu… bakarra izendatzen dugu; ez da ‘afaria eta merienda’, baizik aldi berean afari eta meriendatzat hartzen dugun otordua. David errege-profeta diogunean, ez gara ari errege batek eta profeta batek osatzen duten bikoteaz, baizik pertsona bakarraz, bere baitan errege izaera eta profeta izaera biltzen dituenaz. Bide beretik, pertsona edota objektu bakarra izendatzen dugu neskatila zerbitzari zein harri zilindro diogunean.

Baina pertsona edo objektu bakarra izendatu arren, desberdina da goian eman ditugun hitz elkartu horietako bi izenen arteko harremana. Lehen motakoetan, bi izenak maila berean daudela esan dugu, ‘errege eta profeta’, ‘afari eta merienda’ bietatik duela, maila berean, sortzen dugun izen elkartuak. Horrexegatik esaten zaie ‘koordinazio egiturako izen elkartu’. Neskatila zerbitzari elkartua darabilgunean, aldiz, ez gara ari aldi berean neskatila eta zerbitzari den gizakiaz, baizik neskatila batez; ezaugarri gisa zerbitzari izatea duen neskatilaz55. Hala gertatzen da harri zilindro elkartuan ere; harria da adierazten duena zer objektu motaz ari garen, eta zilindro osagaiak beste harri-mota batzuetatik bereizten du. Ezin da esan, beraz, bi osagaiak guztiz maila berean daudenik; bietatik bat da zer izendatzen dugun adierazten duena, eta besteak ezaugarri edo bereizgarri bat gehitzen dio, gutxi gorabehera adjektiboak izen bati gehitzen dion modura. Horrexegatik hartu dute euskaraz ‘atributu egiturako elkartu’ izena. Xehekiago aztertuko dugu ondoren bi egitura mota hauetako bakoitza.

7.1.3b Koordinazio egiturako izen elkartuak. Esan berri dugunez, maila berean dauden bi izenez osatuak daude koordinazio egiturako elkartuak, baina bi izen horien baturak pertsona, objektu, leku… bakarra adierazten du. Horrelakoak dira: afari-merienda, Ama Birjina, apostolu ebanjelista, bertso kanta, bertsolari-poeta, erretor bikario, irribarre, kapitan pilotu… Hemen sartu zituen Euskaltzaindiak nafar-euskaldun modukoak ere, izentzat hartu zituelako biak eta ulertu izen elkartuak aldi berean nafar eta euskaldun dena izendatzen duela. Azken urteetan sortuak dira gaztelaniako koordinazio egiturako zenbait hitz elkarturi emandako ordainak: galtza-gona, garbigailu-lehorgailu, jan-egongela (jangela + egongela), kafe antzoki, igorgailu-hargailu, irrati-iratzargailu, sukalde-egongela. Gaztelaniaz koordinazio elkartutzat hartu dituzte marxismo-leninismo edo udaberri-uda modukoak ere (Val Álvaro 1999).

7.1.3c Atributu egiturako izen elkartuak. Bi izenez osatuak egonik ere, hitz elkartu mota honetan bietatik batek adierazten du zertaz ari garen (osagai nagusi dei diezaiokegu, beraz), eta besteak adjektiboaren pareko zeregina du; osagai nagusiaren ezaugarri edo bereizgarri bat adierazten du. Horrexegatik ez da harritzekoa askotan osaba bertsolari edo neskatila zerbitzari moduko egiturak aurkitzea; hau da, izen kategoriako lexemak ala adjektibo kategoriakoak sortzen dituzten eztabaidagai diren -ari edo -tzaile atzizkia daramaten osagaiak dituztenak (§ 4.2). ‘Osaba bertsolaria da’, ‘neskatila zerbitzaria da’ irakurketa ematen diegu halakoei. Bestalde, bi osagaietatik bat nagusi delako, Mendekotasunezko elkartutzat ere hartu dira hitz elkartu hauek (Perez Gaztelu, Zabala eta Gràcia 2004; Val Álvaro 1999).

Osagaietako bat adjektiboaren pareko dela esaten badugu, esperoko genuke halako funtzioa duen osagaia bigarrena izatea, osagai nagusiaren eskuinean agertzea, horixe delako euskaraz adjektiboaren kokagunea, izenaren eskuinekoa. Ez da, baina, beti horrela. Batzuetan bai, lehen osagaia da esanahia nagusia adierazten duena eta bigarrena izenondo kutsua hartzen duena. B den A moduan definitu zuen Euskaltzaindiak Hitz-Elkarketa/3 lanean (1991) elkartu mota hauen egitura. Halako egitura dute ondorengo adibideak:

alkate asto, Ama Birjina, Ama Neskuts, ardi-lagun, armario-biblioteka, artzipreste pintore, asto-eme, diru-urre, etxe bizitza, gizon ale, harri zilindro, haur seme, hiri buruzagi, Ilargi Amandre, kanon-eredu, Kapitain pilotu, langile gizon, mutil saltari, neskatila zerbitzari, okilama, pago lizar, ume azeri, zakur galgo, zeinu seinale, zerrama…

Sardiña jaten ari diren mahaia, bi aulki eta armario-biblioteka bat (Saizarbitoria); diru-urhe faltsu bat kurri-arazi nahi izanik (Lafitte); Muxikako olerkari aundiaren antz aundia atera eutsan lauko onetan artzipreste-pintoreak (Bitaño); Yainkoak mundua egin ebanetik ez ebala alako ume azeririk egin (Orixe).

7.1.3d Izenondo kutsua hartzen duen bigarren osagai horretan modu batekoak baino gehiagokoak aurki ditzakegu. Batzuetan animalien eta landareen sexua adierazten dugu, ar eta eme osagaien bidez; eta, konparazioz, bi atalez osatutako gauzetan, atal zulodunaren barruan sartzen dena ere bai (astar, asto-eme, iratze ar, iratze eme, lehoi eme, lore eme, molde ar, palmondo eme, tigreme…). Pertsonen sexua ere adieraz dezakegu gizon, mutil, andre edo neska izenen bidez (langile gizon). Beste batzuetan ahaidetasuna adierazten du (haur seme, okilama, zerrama…). Zakur galgo izen elkartuan, berriz, zakur klasea adierazten du bigarren osagaiak (kontrako hurrenkera ikusiko dugu sumpsumtive motako elkartuetan (§ 7.2.2.3h)).

Beste batzuetan, ordea, bigarren osagaia da nagusia, eta lehena da adjektibo kutsua hartzen duena. A den B egitura dute mota honetako izen elkartuek (Hitz-Elkarketa/3). Mota honetakotzat hartu zituen Euskaltzaindiak honakoak:

aita Jaungoiko, Ama Lur, anai apez, aurpegi-orri, dorre-etxe, Eliza Ama, eskola etxe, giltza hitz, hegazkin-tramankulu, Jainko aita, Jainko haur, makina-tresna, neskatila zerbitzari, ostatu etxe, otso-zakur, patruila-kotxe, Seme Jainko, taberna-etxe, trator-makina…

Adibideei arretaz erreparatuz gero, berehala ohartuko gara mota berean sartu ditugula aita Jaungoiko eta Jainko aita. Biek onartzen dute sailkapen honi dagokion irakurketa; lehen izenak Jainkoa izendatzen du, aita den Jainkoa. Bigarrenak, ostera, ‘aita’, Jainkoa dena. Ikus dezagun nola ageri diren literaturan horietako izen elkartu batzuk: Midikua dator bere otso-zakurrarekin (Etxarren); Koartelerantz zihoazen beren patruila kotxean (X. Amuriza); Auxe da Axularren liburu aipatuaren lenengoko arpegi-orrian dinoana (Bitaño).

7.1.3e Mota honetakotzat har ditzakegu mutil lagun eta neska lagun ere, uler baitaiteke ‘lagun’az ari garela, eta lehen osagaiak sexua adierazten duela. Beraz, sexua adierazteko lehen osagaia zein bigarrena (ikus goiko langile gizon) baliatu da literatura tradizioan. Berriagoak diren bonba-gutun, bonba-pakete, iragarki gizon eta abar ere hemen sailkatzekoak dira. Hizkuntzalari batzuek aposizio egiturako elkartutzat hartzen dituzte (§ 7.2.8).

Hirugarren mota bat ere bereiz daiteke, Euskaltzaindiak egin bezala: A nolako B, konparazio kutsua ematen diolako osagai batek besteari. Begi gaztainak diogunean, esaterako, norbaiten begiez ari gara, eta gaztainekin alderatzen ditugu begi horiek. Horrelakoak dira etxe-orratz edo gaizkin deabru ere; etxea eta gaizkina, orratzarekin edo deabruarekin alderatzen ditugu, hurrenez hurren. Eta horrela uler daitezke, neurri batean, goraxeago ikusi ditugun alkate asto edo ume azeri ere, astoarekin edo azeriarekin alderatuko bagenitu bezala alkatea eta umea.

7.1.3f Ez da zaila zehaztea zein irizpideren arabera bereizten ditugun koordinazio elkartuak eta atributu elkartuak. Besterik da adibide jakin bat bi sail horietatik zeini dagokion esatea. Gizotso, esaterako, zer da? Aldi berean gizona eta otsoa den biziduna? Gizona, tarteka otso bihurtzen dena? Edo armairu-biblioteka? Armairua da, biblioteka izateak, liburuak edukitzeko izateak bereizten duena beste armairu mota batzuetatik, ala altzari jakin bat, aldi berean armairu eta biblioteka dena? Hitz-Elkarketa/3 lanean atributu elkartutzat hartu zen, eta hala egin dugu guk ere; baina erraz onartuko luke beste irakurketa ere: hau da, koordinazio elkartutzat hartzea. Nolanahi ere, hizkuntzan sailkapenak egitean askotan gertatzen dira zalantzak elementu jakin bat non kokatu behar den.

Idazkerari dagokionez, gehienetan marratxo bidez elkarturik ematen ditugu koordinazio elkartuak; atributu elkartuetan, ostera, modu bateko eta besteko idazkerak aurki ditzakegu, marratxodunak nahiz bi osagaiak bereiz ematen direnak.

7.1.4. Tautologiazko elkartuak

7.1.4a Hitz elkartu mota honetan biltzen ditugun bi izenak ere maila berean daude; buru biko egituratzat hartuko genituzke, beraz, tautologiazko elkartuak. Hain zuzen ere, Euskaltzaindiak Hitz-Elkarketa/1 lanean (1987) dvandva elkartuetako azpimultzo gisa aztertu zituen; baina, aldi berean aitortzen zuen atributu edo koordinaziozko elkartuekin ere ahaidetasun nabarmena dutela, eta badirela arrazoiak izen elkartu moduok dvandva elkartuetatik kanpora tratatzeko. Ondoren, multzo berezia eskaini zien 1992ko sailkapenean (Hitz-Elkarketa/4). Horixe egin dugu guk ere; hirugarren multzo gisa aztertu.

7.1.4b Zein da, ordea, hitz elkartu mota honen berezitasuna? Tovarrek (1959) ‘geminados semánticos’ deitu zien, osagai biek esanahi bertsua dutelako. Literatura tradizioan jasotakoak dira honakoak:

abere-animaliak, agiri-paperak, atsegin-kontentuak, atsegin-gusto, alor-zelai, ebaluazio-neurketa, gogorantz-oroitza, gorro-txapela, izelonbre, katadera-sila, itsaso ozeano, lan-neke, poema-olerki, sasoi-edade, sermoi-prediku, udatiar turista, usatortola, usocolumba…

7.1.4c Tautologiazko elkartuek ez dute bikotea adierazten; izaki edo ‘zera’ bakarra da, sinonimo biz izendatzen dena (alde honetatik, beraz, gertuago daude koordinazio elkartuetatik). Bestalde, Euskaltzaindiak dioenez, ez dirudi euskaraz tautologiazko hitz elkartu hauek oso zaharrak direnik, gehienak XVIII. mendeaz gerozkoak baitira. Idazleen araberakoa ere bada mota honetako elkartuen ugaritasun edo urritasuna; Mendiburuk, esaterako, ia beste inork baino askoz gehiagotan darabiltza neke-tormentu, neke-oinazeak, katadera-sila, sermoi-prediku

7.1.4d Bi izenez osatutako tautologia elkartuak dira gehien-gehienak, baina bada bat edo beste bi adjektiboz osatua dagoenik, busti-palatal, esaterako; edo bi aditzez, onetsi-maitatu, ordain-kitatu.

Leku izen propioetan, euskarazko eta gaztelaniazko izenak parez pare emateko sortu ditugun Arrasate / Mondragón, Donostia / San Sebastián, Lizarra / Estella modukoak, edo erakunde izenenak ere —Eusko Trenbideak / Ferrocarriles Vascongados, UPV/EHU (Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea)…—, tautologiazko elkartutzat har ditzakegu. Horrelako hitz elkartuetan zehar-marra (/) erabiltzea gomendatzen da euskarazko eta gaztelaniazko forma bereizteko.

7.1.4e Hitz elkartu hauek sortzeko arrazoia zein izan daitekeen azaltzen ere saiatu zen Euskaltzaindia (Hitz-Elkarketa/1: 160): “esanahi beretsuko hitz bietarik bat, bestea baino hagiz ezagunagoa izan arren, maileguzkoa izateagatik edo beste zenbait arrazoirengatik, sinonimo «jatorrago» edo «egokiago» batez plazaratu nahi izaten da maiz”. Euskararen kasuan, euskalkien arteko lexiko desberdintasunak errazteko ere baliatu izan dira tautologiazko elkartuak, euskalki bateko izena eta adiera bereko beste euskalki batekoa batera jarriaz.

7.2. Hitz elkarketa. Izen elkartuak (II). Mendekotasunezko elkartuak

7.2.1. Sarrera

7.2.1a Hemendik aurrera aztertuko diren izen kategoriako elkartuak mendekotasunezko elkartuak dira; hau da, osagaietako bat da nagusia, izen elkartuaren kategoria, azpikategoria eta oinarrizko esanahia ematen duena. Besteak modifikatu, mugatu egiten du osagai nagusi hori; edo, osagai nagusi horren osagarria adierazten du. Mugakizun deitu diogu euskaraz eskuinean ematen dugun osagai nagusiari, eta mugatzaile ezkerrekoari. Bi motatako harremana izan daiteke mugakizunaren eta mugatzailearen artekoa: modifikatzaile-buru harremana izango da gehienetan, baina zenbaitetan osagarri-buru harremana izango dugu, mugakizuna osagarri egitura duen izena denean (§ 3.3b).

7.2.1b Hitz elkarketa baliabide indartsua bada, are indartsuago da mendekotasunezko izen elkartuak sortzeko baliabidea; Euskaltzaindiak esan bezala (25. araua), horrelako ehunka eta ehunka sortu ditu euskarak azken hamarkadetan, terminologia beharrei erantzuteko askotan: “Erdal izen-konplementazio askoren ordaina, esate baterako, horrela ematen du euskarak: guraso-elkarte, telefono-zenbaki, garapen-maila, zerga-biltzaile”. Izan ere, ‘etiketak’ jartzeko baliatu ohi dira izen elkartuak, objektu, leku, baliabide, garai, gaixotasun, sentimendu… eta abarri izena emateko.

Zehazkiago esanda, hizkuntza gehienek ez dituzte berek sortzen terminoak, besteren batek sortutako terminoa egokitu baino ez du egiten. Baina horretan ere indar handiko baliabidea da hitz elkarketa. Eta ez orain bakarrik. Berpizkunde garaiko testuak hartuko bagenitu, Eguna egunkariko testuak hustu, lehen Eusko Jaurlaritzaren Aldizkari Ofizialeko terminoak aztertu, edo Orotariko Euskal Hiztegia eta horren atzean dagoen corpusa osatzera etorri diren administrazio- eta lege-testuak arakatu, berehala jabetuko ginateke zenbat eta zenbat izen elkartu dagoen hor, hemen aztertuko ditugunen egitura dutenak; adibide gutxi batzuk ematearren: auzi-sari, diru-etxe, diru-sarrera, herri-ogasun, lan-bazkide, lan-legedi, lege-hausle, lege-adin, ogasun-paper edo zigortze-legedi.

7.2.1c Hain ugariak izanik mendekotasunezko izen elkartuak, azpisailak egin dituzte gramatikariek bai euskaraz eta bai beste hizkuntza askotan ere. Horretarako, osagaien morfologia izan dute kontuan eta, horren arabera, hiru azpisail bereizi ditugu euskaraz: izen + izen egiturako hitz elkartuak, aditzoin + izen egiturakoak, eta izen + aditzetik eratorritako izen egiturakoak (hau da, iz[aditzoina + -le, -tzaile, -era, -keta, -kuntza, -pen, -tze]iz mugakizun dutenak). Hiru horiek dira, funtsean, azpisail nagusiak. Horien inguruan emango ditugu Euskaltzaindiaren Hitz-Elkarketa/4 (1992) sailkapeneko hainbat eta hainbat hitz elkartu.

7.2.2. Izen+izen kategoriako hitz elkartuak. Eguzki-lore: mendekotasunezko izen elkartuak

7.2.2.1. Sarrera

Bi izenez osaturiko elkartuak dira ondoren aztertuko ditugunak56. Horrelakoak dira behi-esne, bizkar-hezur, burdin barra, ezpata-dantza, limoi-ur, txori-kaiola edo zakar-ontzi; baina baita beste hauek ere: aurreiritzi, barne-lotura, bertso-mota, bertsolari-fama, beso-azpi, gaztaina-kolore, gizon-sail, goi-kargu, hizkera-modu, lizar-arbola, lore-sorta, mendi-gain eta abar. Azken multzo honetako mugakizunek edo mugatzaileek badituzte zenbait berezitasun eta horregatik Hitz-Elkarketa/4 lanean (1992) hiru azpimultzo bereizten dira sail honetan: a) behi-esne moduko izen elkartu arruntak; b) mugakizun bereziko izen elkartuak (eta hemen ere beste sei mugakizun-mota atzeman daitezke); c) mugatzaile bereziko izen elkartuak. Banan-banan ikusiko ditugu ondoren eta bakoitzaren xehetasunak aztertu.

Idazkerari dagokionez, oro har, bi modutara eman daitezke mendekotasunezko izen elkartuetako osagaiak: marratxoz loturik edo bereiz idatzirik. Salbuespenak daudenean azpisail bakoitzean adieraziko dugu zein den Euskaltzaindiak gomendaturiko idazkera.

7.2.2.2. Behi-esne moduko izen elkartu arruntak

7.2.2.2a Ehunka eta ehunka dira mota honetako izen elkartuak; estandarizazioarekin batean asko ugaldu dira horrelako elkartuak. Areago, Euskaltzaindiak (25. araua) esan bezala, elkartu mota honek “Aukera paregabea eskaintzen du, orobat, erdal «izen + adjektibo erreferentzial» egiturak ordezkatzeko: eskulan (trabajo manual / travail manuel), aho-literatura (literatura oral / littérature orale), ekonomia teoria (teoría económica / théorie économique), etab. Bide honi eutsi behar litzaioke orain ere, ahal den guztian, erdal hitz-moldaera arrotzen menpekoegi bihurtu nahi ez badugu”. Egia da izen elkartua hautatu dela askotan lexiko-beharrak sortu direnean (izenlagun + izen egiturak ere bai), baina ez dira falta adjektiboa maileguz hartu dugun kasuak ere, corpusek erakusten digutenez: amatasun baja, banku-partzuergo, eguzki-argi, hipoteka-kreditu (baina baita kreditu hipotekario ere), konstituzio-erreferendum (eta erreferendum konstituzional), industria-jarduera (eta jarduera industrial), lan-istripu, lehen sektore (eta sektore primario), planeta-sistema, baina atlas historiko, batzorde zientifiko, politika unibertsitario, sistema parlamentario

Badirudi erdal adjektiboaren esanahia zenbat eta urrunago egon oinarrian duen izenaren adieratik, orduan eta zailagoa egiten zaigula euskaraz elkarketara jotzea (kutxazain automatiko, jogurt natural, markagailu elektroniko) eta, kontrara, zenbat eta “erreferentzialagoa” izan, oinarrian duen izenarekiko lotura zenbat eta gardenagoa eta zuzenagoa izan, orduan eta aiseago egin ditzakegula izen elkartuak. Bi adjektibo erreferentzial edo gehiago zerrendatzen direnean ere ohikoa da guztiak mailegatzea: krisi ekonomikoa, industriala eta laborala, baina ez nahitaezkoa.

Bestalde, adjektiboaren oinarrian dagoen izenak adiera bat baino gehiago izan ditzake eta, beraz, ez dugu euskaraz beti modu berean zertan eman: rural, esaterako, baserri- (baserri-giro) herri- (herri-kirolak), landa- (landa-lan) edo nekazaritza- (nekazaritza-produkzio) mugatzaileen bidez ordezka dezakegu euskaraz.

Kontuan izan behar dugu, azkenik, erdal erreferentzia adjektiboaren eta modifikatzen duen izenaren arteko harremana izan daitekeela modifikatzailearen eta izenaren artean gertatzen dena edo osagarriaren (argumentuaren) eta buruaren artean dagoenaren parekoa (Zabala 1997, 2013; Azkarate 2019). Erreferentzia adjektibo sailkatzaileak dira ekonomiko (teoria ekonomiko), politiko (arazo politikoak), industrial (hondakin industrialak). Eta erreferentzia adjektibo sailkatzaileak dira euskarazko izen elkartu (edo izenlagun + izen) hauen ordain diren erdal sintagmetakoak ere: haur literatura (literatura infantil), hortzetako pasta (pasta dentífrica), eskulan (trabajo manual)… Erreferentzia adjektibo tematikoak dira, ostera, elektroi garraio, birus infekzio edo zelula zatiketa izen elkartuen erdal ordainetakoak (infección viral, división celular). Hor garraio eta zatiketa gertaera izenen osagarri dira elektroi eta zelula mugatzaileak, barne argumentua, ‘gaia’ adierazten dutenak. Birus infekzio izen elkartuan, aldiz, infekzioa zerk sortzen duen ematen du aditzera birus mugatzaileak; ‘egile’ edo ‘agente’ paper tematikoa hartzen du (§ 23.3.1). Euskaraz nekez mailegatzen ditugu erreferentzia adjektibo tematikoak.

Argibide horiek guztiak hartu behar dira kontuan Euskaltzaindiaren gomendioa osatu ahal izateko. Eta, hala ere, erreferentzia adjektiboak aztertu dituztenek (Ensunza 1989; Loinaz 1995; Zabala 1997, 2013) aitortu dute mota horretako ehunka eta ehunka adjektibo hartu beharko ditugula mailegu bidez, terminologia beharrak asetzeko euskara prestatu nahi badugu. Hala ari gara egiten azken urteotan (Azkarate 2019).

Euskarak badu, ordea, adjektibo erreferentzialak sortzeko atzizkia, -tar5.3). Atzizki horren bidez sorturiko izenondoak izan daitezke sailkatzaileak, honako sintagma hauetan ikus ditzakegunen parekoak, alegia: hegazti gautar, bertsolari kaletar, testu liburu ingeles. Baina beste batzuetan tematikoak ere bai: eraso errusiarra (errusiarrek eginiko erasoa). Auzitan jarri da, ordea, egokiak ote diren -tar adjektibo tematikoak, leku izenetatik eratorriak ez badira. Hau da, eraso errusiarra bai, adjektiboak Errusia izen propioa oinarri duen neurrian; baina lege newtondarrak ez (Newtonek asmatutako edo ezarritako legeak). Harreman tematikoa dagoenean, izen elkartua edo izenlagun+izen egitura baliatu beharko genuke: Newtonen legeak (Zabala 2013). Zientzia komunitatearekin batera aztertu beharko da erradio nuklear, apurketa nuklear eta mota horretako -tar tematikoak zenbateraino diren onargarri. Eta, behar balitz, atzizki horren erabilerari buruzko araua eman.

7.2.2.2b Behi-esne motako izen elkartuetan osagaien kategoriak ez du aukerarik ematen areagoko bereizketarik egiteko. Horregatik jo dute hizkuntzalariek bi izenen arteko erlazio semantikoetara. Azken batean izen elkartuak sortzeko arrazoia, askotan sortu berri den zerbaiti izena ematea da, etiketa jartzea. Eta ohikoa da kontuan hartzea zerk sortu duen/nondik datorren ‘zera’ hori, edo zertako den, zein baliabidez sortu den, noiz edo non sortu den… Horrelako erlazio semantikoak izan daitezke, beraz, ohikoenak mugatzailearen eta mugakizunaren artean.

7.2.2.2c Inguruko hizkuntzetako izen elkartuak aztertzeko kontuan hartu dituztenak jarraitu ditugu euskaraz azpisailak egiteko: ‘iturburua’, ‘jabegoa’, ‘osoa-zatia’, ‘edukia’, ‘ondorioa’, baliabidea’, ‘gaia’, ‘garaia’, ‘lekua’, ‘helburua’, ‘ariketa’. Baina gogoan izan behar dugu horiek ez direla gramatikako, edo sintaxiko arauak. Mugatzaileak mugakizuna nola modifikatzen duen, zein alderdi semantikotatik zehazten duen aztertzea, eta du motako aditzen subjektuak ergatibo kasu marka hartu behar duela esatea, ez dira maila berekoak inondik ere. Erlazio semantikoa, egitura bereko ehunka eta ehunka izenetan multzoak proposatzeko modu bat baino ez da eta, horrexegatik, ez da harritzekoa askotan modu batera baino gehiagotara ulertu ahal izatea bi izenen arteko erlazioa. Sagar-tarta sagarrez egiten dena bada, tarta horrek sagar [zati]ak izango ditu. Antzera gertatzen da ‘helburua’ eta ‘edukia’ erlazio semantikoekin ere; txori-kaiola txorientzako kaiola bada, askotan txoriak izango ditu barruan (nahiz hutsik dagoenean ere txori-kaiola esaten diogun)57. Marinel-txapel marinelek daramaten txapela, ‘jabegoa’ moduan uler daiteke, edo marinelentzako dena, ‘helburua, norentzakoa’ erlazio semantikoa, alegia. Halaber, umetoki ‘umeentzako tokia’ edo ‘umeak dauden/sortzen diren tokia’ dela pentsa dezakegu; hau da, ‘helburua’ erlazio semantikoaren adibidetzat har dezakegu, edo ‘edukia’ (zer non) erlazioarena. Autobus ilara izen elkartuak ere izan dezake ‘ilaran autobusak daude’ irakurketa (‘edukia’); baina baita beste hau ere, ‘autobusek sortu duten ilara’, kausa edo jatorria. ‘Ondorioa’ eta ‘helburua’ ere: argi-zuzi ‘zuziak argia ematen du’, ‘zuzia argia emateko da’.

7.2.2.2dIturburua, egilea, kausa, jatorria’. Bi izenen artean halako erlazio semantikoa dagoenean, mugakizuna nondik/norengandik datorren, edo nork edo zerk sortzen/egiten duen, zehazten du mugatzaileak: apez-hitz, ardi-esne, asto-gorotz, damu-malko, gerezi-lore, ipar-haize, kandela-argi, maitasun-arazo, ontzi-zarata, pandero-soinu, piper-hauts, poz-malko, trumoi-danbarrada, trumoi-hots, zigarro-ke… Mugatzailea koordinatua ere izan daiteke: giltza ta sarraila-zarata, automobil edo beribil-zarrastada. Eta mugatzailea izan daiteke aldi berean izen elkartua, olatu-hots zantzu. Deigarriak dira porru berde usain, jantzi busti usain edo goma erre usain, mugatzailea ez baita kategoria lexikoa, [izen + adjektibo] sintagma baino (eta kategoria lexikoak dira hitz elkartuak sortzen dituztenak (§ 3.1d)).

7.2.2.2e Jabegoa’. Mugatzailea, mugakizunak adierazten duenaren jabea dela ulertzen dugu erlazio-mota hau antzematen dugun hitz elkartuetan; ‘jabe’, jakina, zentzu zabalean hartuta, ‘elizak dituen agintariak’, ‘txalupak duen patroia’… Askotan izen elkartuaren parekoa da izenlagun + izen egitura, txaluparen patroia eta txalupa-patroia, elizaren agintariak eta eliz agintariak, jakitunen hizkera eta jakitun-hizkera… Horrelakotzat har daitezke ondoko hitz elkartuak: aditz-forma, alkate-makila, emazte-izen, errege-alaba, giza adimen, gizon-janzkera, herri-baso, herri-gogo, herri-nortasun, hizkuntza-lege, jakitun-hizkera, jentil-sinesmen, karlista-fede, leku-izen, txalupa-patroi, urre-kolore… Bestalde, elkartu hauetako mugakizun batzuek —alaba, patroi…— osagarri-buru erlazioa dute ezkerreko osagaiarekin (§ 3.3b). Erlazio modu bera ikus daiteke beherago aztertuko ditugun konparazio eta irizpen adierako elkartuetan ere (§ 7.2.2.3e).

7.2.2.2fOsoa-zatia’. Ezkerreko osagaiak, mugatzaileak, osotasuna adierazten du eta mugakizunak, berriz, horren zati bat. Abarka-zola, abeto-adar, aho-sabai, aitzur-kirten, alkandora-beso, antzara-gibel, arrain-hezur, arrautza-gorringo, bildots-saihets, eihera-borta, erbi-buztan, esku-ahur, etxe-pareta, igande-eguerdi, limoi-azal, marrazo-hegats, oilo-luma, ortzirale-goiz, otso-larru, zartagin-ipurdi… Koordinazio bidez elkarturiko mugatzaileak dituzte izen elkartu hauek: elorri ta lizar adar, platano eta kakaues azal… Eta mugatzailea ere, aldi berean izen elkartua da txahal-haragi xerra izenean.

7.2.2.2gEdukia’ erlazio semantikoari dagokionez, hiru modutara uler daiteke ‘zer-zerk’, ‘zer-non’ eta ‘zer-noiz’. Hau da, leku baten, denbora baten edo ‘jabe’ baten edukia adieraz dezake mugatzaileak. Modu batean zein bestean ere uler daiteke izen jakin bat: bertso-bilduma har daiteke ‘bildumak bertsoak ditu’ gisa, nahiz ‘bilduman bertsoak daude’ gisa. Erlazio honen azpian bildutako izen elkartu askoren parafrasia ‘-ri buruzko, -en gaineko’ izenlagunaren bidez eman daiteke: nazionalismo teoria edo ‘nazionalismoari buruzko teoria’, lege auzi ‘legeari buruzko auzi’, turismo-biltzar ‘turismoaren gaineko biltzar’ eta abar; ‘zer-zerk’ (edo ‘zer-nork’), goraxeagoko ‘jabegoa’ erlazioaren ifrentzua da: azukre-bola, baratxuri-korda, bataio-agiri, bertso-bilduma, elebitasun-dekretu, heriotza-agiri, kare-harri, laudorio-hitz, maite-poesia, metal-ur, sorgin-istorio… Mugatzaile elkartua du herri-hitz hiztegi izenak, eta mugatzailea eta mugakizuna, biak, egitura koordinatuak dira ondoko izen elkartuan, mendetasun eta zintzotasun hitz eta agindu.

7.2.2.2hEdukia’: ‘zer-non’ erlazioaren adibidetzat har ditzakegu alpargata-denda, arrain-merkatu, arrain-otzara, artasoro, atun-lata, autobus-ilara, elur-toki, erle-kaiola, folklore-arlo, kaputxino-komentu, komunista-etxe, koinak-botila, lore-toki, patata lur, pospolo-kaxa, sardina-lata, telefono-kabina, zerri-toki… Mugatzailea koordinatua izan daiteke: burdin ta berun zama, tximista eta trumoi leku, xaboi eta lustre kutxa, erlijio- arte eta jakite-liburu. Bai eta mendekotasunezko izen elkartua ere: jostorratz-ontzi.

7.2.2.2iEdukia’: ‘zer-noiz’ (‘garaia’ erlazioaren alderantzizkoa, § 7.2.2.2m). Alkatetza-garai, arto-urte, bakardade-memento, elur-urte, errepublika-denbora, erromeria-egun, gazte-denbora, heriotza-ordu, ilargi-gau, negu-parte, opor-egun… Berrelkarketaren adibide ditugu aizkora-joko egun, karlista-gerra denbora, sorgin-batzar garai, mugatzailea bera ere izen elkartua dutenak. Bai eta mugatzaile koordinatua duten barkamen edo pekamen egun nahiz mehe eta baraur egun. Azpimultzo honetan, ohikoak dira era batera edo bestera ‘denbora’ adiera daramaten mugakizunak (denbora, egun, garai, gau, urte…).

7.2.2.2jOndorioa’. Goiko ‘iturburua’ erlazio semantikoaren ifrentzua da. X mugatzailea eta y mugakizun izanik, ‘iturburua’ x > y moduan irudika dezakegu; ‘ondorioa’, berriz, x < y. Horrelako erlazioa ikus daiteke izen elkartu hauetan: arbi-hazi, argi-zuzi, beldur-amets, burdina-meatze, esne-behi, esne-iturri, euri-seinale, hileta-hots, indar-etxe, intxaur-arbola, irin-fabrika, liho-hazi, olio-aran, su-mendi, trumoi-laino, txakolin-iturri… Berrelkarketaren adibide da beste hau: poz- eta negar-iturri.

7.2.2.2kBaliabidea’. Mugakizuna zein baliabidez, zerez baliatuta, zeren bidez gauzatzen den, lortzen den, adierazten du mugatzaileak: ahari-apustu, aho-hizkera, aitzur-kolpe, aizkora-ukaldi, begi-keinu, bertso-festa, burruntzali-kolpe, danbolin-dantza, esku-aldaba, esku-arrantza, esku-bonba, eskulan, ezten-kolpe, haize-oihal, hitz-joko, karta-joko, lurrin-makina, olio-argi, pilota-jolas… Mugakizunek askotan mugimendu edo kolpe bortitza adierazten dute, eta mugatzaileak zerez eman den kolpe hori. Modu batean baino gehiagotan egin daitezkeen jarduerak (dantza, jolas…) adieraz ditzakete mugakizunek. Hemen sar daitezke, bestalde, euskal edo erdal mugatzaile dituzten hainbat izen elkartu, ‘euskara’/‘erdara’ baliatuz egiten/sortzen diren ‘zera’k adierazten dituztelakoan: euskal aldizkari, euskal artikulu, euskal bertso, erdal idazle, euskal idazle, euskal kultura, erdal olerki, erdal testu

7.2.2.2lGaia’. Mugakizunak adierazten duen hori, zertaz, zein gaiz egiten den esaten digu mugatzaileak: argizari-kandela, arto-opil, baba-salda, bakailao-kroketa, belar-olatu, berakatz-zopa, burdina-kutxa, egur-gabila, elur-maindire, elur-maluta, gerezi-marmelada, izotz-kapa, kimika-abonu, kotoi-laino, luma-jantzi, magurio-krema, oilo-salda, piper-saltsa, porru-salda, su-ziri

7.2.2.2mGaraia’. Mugatzaileak adierazten du mugakizuna noiz gertatzen den, zein garaitan: arrats-dei, bataio-festa, bukaera-bertso, ezkontza-kantu, eztei-bazkari, gau-amets, gau-klub, Gabon afari, goiz-haize, hileta-eresi, ilun-ezkila, jai-soineko, su-kanpai, uda euri, uda-ikastaro, udaberri-arrosa, urte-sari… Azpimultzo honetan sar ditzakegu izen propioa mugatzaile duten Donibane su, Olentzero enbor, San Joan su eta horien antzekoak, hitz elkartu hauetan ez baitira pertsona izen propioak, edo santu izenak, baizik urteko egun edo garai jakin bat adierazten dutenak.

7.2.2.2nLekua’. Mugakizuna non, zein tokitan ‘zertzen’ den adierazten du mugatzaileak: atzerri-hizkuntza, baserri-bizitza, eliz hobi, esku-makila, etxe-tresna, ezker-esku, harri-idazki, horma-erloju, ibai-ur, itsas bainu, itsas herri, itsas lapurreta, kale-borroka, kale-janzkera, kokots-bizar, kosta-herri, lepo-ile, lur-paradisu, matrail-hagin, mendi-ermita, mendi-gurutze, plaza-festa, sabel-zorri, sepultura-harri, zingira-ur… Berrelkarketaren adibide da baso ta solo belar.

7.2.2.2oHelburua’, ‘norentzakoa’, ‘onuraduna’. Adibide ugaritan antzeman dezakegu erlazio semantiko hau; besteak beste, ‘aditzoin+izen’ egiturako izen elkartuetan (§ 7.2.3). Azeri-janari, bataio-harri, batzar-toki, bidaia-kutxa, bizar-laban, dantza-leku, dantza-orkestra, diru-zorro, ejertzizio-etxe, elur-zulo, erbi-zakur, eskularru, guda-ontzi, haur-ipuin, haur-kanta, hauts-zapi, jainko-edari, jakintza-hizkuntza, koktel-ontzi, kultura-hizkuntza, mendi-bota, meza-dei, moko-painelu, ohe-atorra, oin-ohol, ortografia-arau, otoitz-dei, pixa-oihal, su-egur, talo-ohol

7.2.2.2pAriketa’. Ezkerreko osagaiak, mugatzaileak, ariketa, jarduna, ekintza… adierazten du eta mugakizunak, askotan, ariketa edo jardun horren egilea, edo jardun horretako lekua. Hitz-toki, jolas egun, laborantza-gizarte, langela, liturgia komisio, otoitz-gizon, pilotaleku, pilota-txapeldun, politika-erakunde, prediku-aulki, sega-leku… Laborantzan aritzen den gizartea, liturgiaz ari den komisioa, politikan ari den erakundea… horrela uler ditzakegu goiko izen elkartuak.

7.2.2.3. Mugakizun bereziko izen elkartuak

7.2.2.3a Ondoren aztertzen diren egiturak ere izen elkartuak dira, bi izenez osatuak58. Baina horietako mugakizunek, guztiak berdinak izan ez arren, badituzte zenbait ezaugarri aurreko puntuan aztertu ditugun elkartuetatik bereiztera garamatzatenak. Maiztasuna da lehen ezaugarria: ugariak dira aldi, atze, aurre, bide, buru, gai, gain, molde, mota, multzo, puska, sail, talde, zati… mugakizun dituzten izen elkartuak. Orain arteko adibideetan ikusi dugun beste edozein izen baino sarriago baliatzen ditugu izen elkarketan “mugakizun berezi” atalean sartu ditugunak.

Bestetik, berezia da mugatzailearen eta mugakizunaren arteko erlazioa. Behi-esne, lepo-ile, oilo-salda edo aurreko puntuan eman ditugun izen elkartuetan oro har, eskuineko osagaia, mugakizuna, bada berezko ‘zera’, badu berezko esanahia; nahikoa da horretarako hiztegietara jo eta definizioak begiratzea. Mugatzaileak murriztu egiten du mugakizunaren erreferentzia esparrua, sintaxian modifikatzaileek egiten dutenaren antzera. Aztergai ditugun mugakizun berezietan, ostera, nekez hitz egin dezakegu ‘multzoaz’, ‘zatiaz’, ‘aldiaz’, ‘usainaz’, ‘aurreaz’ edo ‘atzeaz’ ez bada zehazten zeren multzoa, zatia, usaina, aurrea… den. Mugatzaileak, ezkerreko osagaiak, egiten du zehazte-lan hori. “Harreman honi «osagarri-buru» harremana esaten zaio, sintaxian gertatzen denaren ildotik: eskuineko osagaia den buruak (adib. zati) osagarri bat hartzen du (ogi), sintaxian, demagun […] aurka postposizioak genitibodun IS hartzen duen bezala. Bada, hemengo berezi gehienak horrelakoak ditugu «osagarri-buru» egitura-harremanekoak, alegia” (Azkarate eta Perez Gaztelu 2014: 38).

Maiztasuna eta osagarri-buru harremana, bi berezitasun horiek dituzten mugakizun hauek hainbat azpisailetan banatzen ditu Hitz-Elkarketa/4 liburuak. Banan-banan aztertuko ditugu, labur bada ere, bakoitzaren ezaugarri nagusiak emateko.

7.2.2.3bMultzo’ adierako izen elkartuak. Hala deitu zaie euskaraz bigarren osagai, hau da mugakizun, izen hauetakoren bat duten izen elkartuei: aldra, andana, biko, buket, eli, meta, mordo(xka), mulko, multzo, oste, pare, parrasta, parrastada, pila/pilo, sail, saldo, samalda, sorta, talde, tanda, tropa, tropel…

abere mutu tropel, ardi pilo, arrain-oste, arrautza-pare, artalde, behi-pare, diru-meta, emakume-aldra, erantzun-andana, erle-mulko, errezibo sorta, galdera-sorta, gazte-tanda, haur-andana, idazle-eli, idazle-saldo, inurri-multzo, jende-oste, jende-talde, kaio-aldra, kanoikada-pila, liburu-mordo, limoi sail, lur sail, mahomatar-talde, mutil pila, oilo meta, perrexil-buket, soldadu tropa, ur bedeinkatu parrasta, uso biko, zomorro samalda

Mugakizun horiek guztiek konpartitzen dute ezaugarri semantiko bertsua, ‘ugaritasuna’, ‘kopurua’, ‘aniztasuna’. Hala ere, badira desberdintasunak mugakizun batzuen eta besteen artean, hiztegietako definizioak alderatuz gero erraz antzeman daitezkeenak. Multzo da gutxien markatua, gainerakoen definizioetan ageri dena. Baina beste batzuk ere nahikoa zabalak dira erreferentziaren aldetik, mugatzaile bizidun zein bizigabeak har ditzaketenak (andana, mordo, multzo, pare, pila, sail…). Beste batzuek, ostera, mugatzaile bizidunak eskatzen dituzte: aldra, eli, oste, saldo, talde edo tropel. Azkenik, sorta (eta buket) mugakizunek izen bizigabea, gehienetan landare adierakoa, eskatzen dute.

7.2.2.3cZati’ adierako izen elkartuak. Izen elkartu hauetako mugakizunak apur, atal, erdi, hondar, izpi, kozkor, laurden, lipits, mutur, pixka, pitin, poxi, puska, pusketa, tanta, xorta, zati… izan ohi dira.

ahaidetasun-izpi, ardo tanta, arno xorta, azukre-koskor, belar-izpi, belar-lipits, eri-mutur, esperantza-poxi, ezti-tanta, gazta-pusketa, haragi-hondar, hitz-atal, karisma apur, limoi zati, lukainka-mutur, antxoa, sardina edo lantzoi zati (berrelkarketa)…

Mugakizun hauek zer duten batean jakiteko hiztegira jotzen badugu, ohartuko gara ‘zati izen’ edo zati mugakizun hauek bi azpiataletan banatzen direla: a) definizioetan ‘zati’ edo ‘zatiki’ daramatenak (atal, hondar, izpi, mutur, punta, puska/pusketa, zati…) eta mugatzailea zenbakarria edo, behintzat, zenbakarria izatea eskatzen dutenak, oro har; b) ‘kopuru txiki’ adiera dutenak (apur, pixka, pitin, poxi, puxka…) eta mugatzaile gisa izen zenbakarri eta zenbakaitzak, neurgarri eta neurgaitzak onartzen dituztenak (esperantza poxi bat, fama puxka bat, gatz puxka bat…). Egitura hauetan zenbatzailetzat har daitezke horko poxi bat, puxka bat eta abar (§ 16.3.9); c) tanta, xorta, isurkaria adierako mugatzailea eskatzen dutenak.

‘Zati’ adierako elkartuetan sar daitezke ‘frakzio adierako elkartuak’ ere, hau da, erdi edo laurden mugakizun dutenak: baxoerdi, kilo erdi, metro erdi, mende laurden, ordu-laurden

7.2.2.3dModu’ adierako izen elkartuak. Horrela deitu zaie (baita ‘mota’ adierako izen elkartu ere) mugakizuntzat era, giro, gisa, klase, manera, modu, molde, mota, suerte, tailu… izenak dituztenei:

abantaila suerte, ahosabai-modu, amodio mota, arma-modu, apostolutza-era, arbola-klase, arrain mota, autoritate-modu, baserri molde, bekatu-gisa, benerazio mota, bentura molde, bizio suerte, bizitze-manera, dolu-gisa, eguraldi modu, gerla-manera, jende-giro, jende-tailu, joko-tailu, liturgia-era

Izen kategoriako mugatzaileak ageri dira ezkerrean, baina aditz kategoriakoak ere aurki daitezke (bizimodu, erran-molde, idatz-molde, § 7.2.3b). Erraz aurki daitezke mugatzaile koordinatuak ere (donu, dohain eta abantaila suerte; formazio edo produkzio modu; manamendu eta zeremoni suerte) edo mendekotasunezko izen elkartu direnak (ahosabai-modu, baso-zuhaitz mota, etxe-abere mota, eskola-etxe mota, luma-abere mota…).

Bereziak dira hizkuntzak adierazteko era mugakizun harturik sortu ditugun albaniera, arabiera, armeniera, bengalera, bulgariera, errusiera, estoniera, georgiera, islandiera, japoniera, suomiera eta abar (Euskaltzaindiaren 38. arauan ikus daitezke egitura hauetako hizkuntza izen asko).

Ikus honetaz Euskaltzaindiaren 38. araua: “Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak”, Donostian, 2007ko martxoaren 30ean onartua.

Hiztegiek argitzen dute zer duten batean mugakizun hauek: a) ‘modu’ har daiteke guztien adierak duen sema edo ezaugarri semantikotzat; beraz, ‘modu izen’ dei diezaiekegu mugakizun hauei guztiei. Hala ere, badirudi mugakizun batzuen erabilera-esparrua zabalagoa dela beste batzuena baino; mota, esaterako, euskalki guztietako literatura tradizioan ageri da; gisa, manera, suerte, tailu, aldiz, ipar-ekialdeko testuetakoak dira, batik bat, eta modu Hegoaldeko testuetan ageri da. b) Mugakizun hauetako batzuk (giro, klase, molde, mota edo tailuk), ‘modu’ adiera izateaz gain, badituzte bestelako adierak ere; beste batzuek, aldiz, ‘modu’ adiera baino ez dute, adiera bakarrekoak dira. c) Mugatzaileei dagokienez, batzuek era guztietako izenak onartzen dituzte, bizidunak, bizigabeak, konkretuak, abstraktuak…; horrelakoak dira klase, mota, suerte edo tailu. Beste batzuek, gisa, manera, modu, molde mugakizunek, gehienbat izen bizigabeak hartzen dituzte mugatzaile.

7.2.2.3e Konparazio eta irizpen adierako izen elkartuak. Azpiatal honi emandako izenak berak ematen du aditzera zein den arrazoia aire, antz, aurpegi, fama, haize, hots, irudi, itxura, kolore, kutsu, planta, tankera edo usain moduko mugakizunak azpiatal honetan batzeko: erkatzearen, konparazioaren balioa ematen digutelako, alegia. Norbaitek integrista airea duela esatean, adierazten dugu integristek duten bezalako airea, itxura, tankera, duela. Edo norbaiti buruz kokolo aurpegia duela diogunean, haren aurpegia kokoloena bezalakoa dela ematen dugu aditzera.

aberats-itxura, administrazio-kutsu, aingeru-antz, antzinate kutsu, artobero-usain, baserri-antz, bertsolari-fama, bihurri antz, desafio-kutsu, diru-usain, dotore-antz, epel antx, festa-usain, garaje-itxura, gaztaina-kolore, gordin kutsu, harro haize, haserre-itxura, inozo planta, integrista-aire, itzulpen-kutsu, jainko-itxura, kokolo aurpegi, liberal fama, lur-kolore, maitasun itxura, olerki kutsu, osasun kolore, tonto-planta, txotxolo-aurpegi, zikin-fama, zeru kolore…

Adibide horietako batek baino gehiagok adjektibo kategoriako mugatzailea du (bihurri, dotore, epel, gordin, harro, tonto, txotxolo…). Hori da azpiatal honen beste ezaugarrietako bat. Bestalde, zenbait mugakizunek (fama, itxura, kolore, usain…) sintaxi egiturako mugatzaileak onartzen dituzte: bizkaitar nahiz beste edozein eskualde usaina, goma erre usain, haur lerden itxura, jantzi busti usaina, liberalen biltoki fama, usteldutako hosto usaina. Mugakizunei dagokienez, batzuk erlaziozko izenak dira (antz, aurpegi, fama, irudi, itxura, planta edo tankera), beraz, osagarria eskatzen dutenak (Artiagoitia 2011). Beste batzuei, berriz, jatorrizko adieraz gain, bigarren adiera metaforiko batek ematen die erlaziozkotasuna (aire, haize, hots… ‘itxura’, ‘antz’, ‘ospe’ balioa dutenean). Bigarren multzo honetan sartzekoak dira kolore eta usain ere, berez kolorerik edo usainik ez duten mugatzaileekin elkartzen ditugunean (masoi-usain, udaberri-kolore…).

Mota honetako hitz elkartuak askotan norbaiti edo zerbaiti buruz predikatzen ditugu; norbaiti buruz esango dugu liberal fama duela edo lekuren batek izango du garaje-itxura, esaterako. Horrexegatik, ez da harritzekoa -ko atzizkia hartu eta izenlagun bihurtzea izen elkartuok: arrosa koloreko masailak, gaztaina koloreko pitxarra, morokil usaineko dantza, kabyla irudiko leinu, zaunka haserre usainekoa

7.2.2.3f Andregai moduko izen elkartuak59. Azpiatal honetako mugakizunak ia-ia atzizkitzat ere hartu dituzte euskal gramatikariek (Azkuek, Lafittek edo Villasantek), hain dira ugariak horien bidez sortzen diren hitz elkartuak. Aldi, adibidez, edozein aditzoinekin elkar dezakegu. Bide, buru, gai… ere izen eta aditzoin ugarirekin elkar ditzakegu. Elkarketaren eta eratorpenaren arteko mugan egotea dute ezaugarri Hitz-Elkarketa/4 lanean azpiatal honetan sailkatzen diren mugakizunek: aldi, bide, buru, gai, gizon, (g)une, jende, kide, (k)ume, lagun, orde. Zergatik sailkatu ditugu, baina, izen elkartuen barruan? Egia da maiztasuna badela atzizki izaeraren ezaugarrietako bat (atzizkiek, emankorrak badira behintzat, serie luzeagoak osatzen dituzte izen edo adjektibo elkartuetako mugakizunek baino). Baina, horren ondoan, bada beste ezaugarri bat, erabakigarria: beregaintasuna. Atzizkiek ez dute beregaintasunik (ezin dira bakarrik erabili), ez eta hiztegietan sarrerarik ere; hemen aztergai ditugun mugakizunak, aldiz, izenak dira. Izen diren neurrian, bakarrik erabil daitezke, beregainak dira, —aldi hartan, bi buru ditu batzorde honek—, nahiz, berehala esango dugunez, beregaintasun hori asko mugatzen duen mugakizun hauetako askoren esanahi ahulak. Azkenik, kategoria lexiko diren heinean, atzizkiak ez bezala, hitz eratorrien oinarri izan daitezke: burutza, gaitasun, gaitu, kidetasun, kidetu

Semantikoki ere esanahi lausoa izatea da mugakizun horiek guztiek batean duten ezaugarria; horrexegatik behar dute osagarria, esanahia zehaztuko duena. Alde honetatik goian ikusi ditugun ‘modu adierako elkartuen’ edo ‘zati adierako izen elkartuen’ pareko dira.

Mugatzaileen kategoriari dagokionez, izenak dira ugarienak, bizidunak nahiz bizigabeak, ekintza eta gertaera izenak eta abar; baina badira adjektibo nahiz aditzointzat har daitezkeenak ere (erraz, estu, goibel, haserre, jator, on, umil, zahar, zoro…). Beste batzuetan argiago dago mugatzailearen adjektibo kategoria; adjektibo hauek egoera mailako predikatuak dira, ez izaki mailako predikatuak6024.3.1): haurdun(aldi), hits(aldi), isil(une), zakar(aldi).

Mugakizunetako askok adiera bat baino gehiago dute; Euskaltzaindiaren Hiztegiari begiratu bat ematea nahikoa da horretaz jabetzeko. Baina horrek ez du esan nahi adiera guztiak direnik azpiatal honetan sartzekoak.

Atzizki izaeratik gertu egoteagatik-edo, bi osagaiak elkarturik idazteko gomendioa eman zuen Euskaltzaindiak (25. araua). Baina lehen osagaia luzea edo hitz juntura bihurria duten elkartu berrietan marratxo bidez elkarturik edo bereiz idatz daitezke: kapitalismo (-) aldi, erredakzio-buru, administrazio (-) gune eta abar.

Aldi

Izen bizigabeak dira, oro har, mugatzaileak, nahiz badiren bizidun batzuk ere (erregealdi, erromesaldi, karlistaldi, morroialdi, presoaldi edo gizaldi):

agintaldi, antzinaldi, arnasaldi, astialdi, atsedenaldi, atseginaldi, bakealdi, barrealdi, belaunaldi, berbaldi, bozaldi, dantzaldi, deialdi, denboraldi, erbestealdi, eztulaldi, geroaldi, gerraldi, goibelaldi, gorputzaldi, haizealdi, hitzaldi, inflazioaldi, itsasaldi, jaialdi, jolasaldi, kantaldi, kasketaldi, krisialdi, labealdi, lanaldi, loaldi, mundualdi, oinazealdi, oporraldi, orainaldi, pozaldi, solasaldi, sozialismo-aldi, transizioaldi, udaldi, urtealdi, zakarraldi, zinemaldi…

Izen propioak dituzte oinarri Neolitosaldi, Pazkoaldi edo Pizkunde-aldi izenek. Adjektiboa / aditzoina da, ostera, lehen osagaia beste hauetan: gaixoaldi, elbarri-aldi, estualdi, goibelaldi, gozoaldi, haserrealdi, mozkorraldi, saminaldi, zakarraldi, zaputzaldi, zoroaldi… Adjektiboak, esan bezala, egoera mailako predikatuak dira; eta egoera mailako predikatuak dira, halaber, erromes, morroi edo preso izenak (morroi egon, preso egon, erromes ibili…). Ohikoak dira aditz kategoriako mugatzaileak ere:

agerraldi, argitaraldi, astinaldi, ateraldi, edanaldi, egonaldi, ekinaldi, emanaldi, erakustaldi, erorialdi, eserialdi, etorraldi, etsialdi, geldialdi, gertaldi, ibilaldi, ikastaldi, ikustaldi61, irakinaldi, irakurraldi, irtenaldi, itxaronaldi, itzulaldi, jaikialdi, janaldi, jardunaldi, jarrialdi, jasoaldi, jazarraldi, joanaldi, omenaldi, puztualdi, tentaldi, zirikaldi…

Hamabostaldi, berrogeialdi edo zortzialdi (zortzi eguneko denbora bitartea), batasuna duten denbora unitatetzat hartzen dira.

Aldi izenak elkartuari ematen dion esanahiari dagokionez, batetik, ‘garaia’ edo mugatzaileak adierazten duenaren denbora hedadura adieraz dezake. Horrek eskatzen du mugatzaileak iraupena adieraztea; horrelakoak dira goiko adibideetako mugatzaileak.

Bestetik, ‘gertaera edo ekintza baten gauzatze bakoitza’ ere adieraz dezake aldi izenak. Adiera hau hartuko du bereziki aditzoinei nahiz gertaera edo ekintza izenei (arnasa, dardara, eztul, hitz, kasketa, jai…) elkarturik doanean. Gorputzaldi izenean, berriz, ‘aldartea’ adiera du aldi mugakizunak.

Aro, zaro

Bi aldaeretatik aro bakarrik da beregaina. Izena bizidunak nahiz bizigabeak (adjektibo eta partizipioak ere izen balioan hartzekoak dira) izan daitezke mugatzaile, baita izen propioak ere. Berrogeizaro izenean, berriz, ‘berrogei eguneko aro’ ulertu behar dugu; berrogeialdiren baliokide da:

bakearo, barauzaro, berrogeizaro, garagarzaro, gaztaina aro, gaztaro, gizaro, Harri Aro, haurtzaro, helduaro, kristau aro, nobizio aro, ume aro, zahartzaro, Noeltzaro, Pizkunde aro

Elizak agindutako barau eta barauzaroetan izan ezik, haiek beti bete behar baitira, eragozpen zuzenik ez balitz (P. Altuna); Garagarzaroan eta garilean ez duk urik edanen (Satrustegi); Gaztaiñarora, ikazkintzara, irauli dute jarduna (Orixe); Nobizi-aroa asteko oraindik gaztetxo ta misiotaratzeko zaletua dagoanez, gaixo-zaintza-ikasketak egingo ditu lenbizi (Bordari); Olentzaro, metatesis baten bidez Noel-tzaro-tik omen dator (San Martin).

Aditzoin batzuk (edo aditz izenak, ikaste, sortze) ere izan daitezke mugatzaile: biziaro, ikastaro, sortzaro. Joseforen iskribuetan ba dira milla notizi eta xehetasun jatorrak, Jesukristoren bizi-aroaz zer ikusi dutenak (Villasante); Kristoren sortzaroaren inguruko mendeetan (Mirande).

‘Denbora,’, ‘sasoia’, ‘garaia’, ‘eguraldia’… adierak ditu aro izenak, baina betiere iraupen kutsua duela.

Bide

Izen eta aditzoin kategoriako mugatzaileekin elkartzen da bide. Izen bizigabeak dira ugarienak, konkretuak zein abstraktuak, gertaera izenak nahiz jarduera adierakoak; baina izen bizidun batzuk ere badira mugatzaile (errege, Jainko, mando, zamari…):

aberastasun bide, amets-bide, arrazoibide, askatasun bide, auzibide, bakebide, batasun bide, bekatu bide, burubide, damubide, dirubide, formazio eta informazio bide, gogoeta bide, gurdibide, hizpide, hobekuntza-bide, jakintza bide, kultura bide, lanbide, mistika bide, ogibide, osasunbide, salbamen bide, solasbide, soluziobide, transmisio bide, zalantza bide, zehaztasun eta aberastasun bide, zorion bide…

Iharturik dauden neurrian, ez da gardena adibide, burubide, errepide, eskubide, lanbide edo ogibide izenen esanahia. Aditzoinari erantsirik ageri da bide beste izen hauetan:

agerbide, aitzinabide, argibide, aterabide, aurkibide, aurrerabide, azterbide, baterabide, bizibide, egiaztabide, eginbide, erakusbide, erorbide, eskabide, etorbide, ezaupide, ezkonbide, galbide, hazibide, helbide, ibilbide, igarobide, ihesbide, ikasbide, ikusbide, irabazpide, irtenbide, jakinbide, jokabide, konponbide, kontsolabide, mintzabide, okerbide, orientabide, osabide, pasabide, salbabide, sarbide, sendabide, sorbide, tratabide, ulerbide, zuzenbide

Jarleku motako izen elkartuen egitura berekoak dira horiek guztiak (§ 7.2.3). Batzuetan zalantza egin daiteke mugatzailea izena ala aditzoina den (aberaspide, irizpide, kezkabide, pozbide eta abarretan). Ez dago alde handirik izen horiek ulertzeko moduan: ‘aberats izateko bide’. ‘aberasteko bide’, ‘kezkarako bide’ nahiz ‘kezkatzeko bide’, ‘pozerako bide’ nahiz ‘pozteko bide’.

Adiera bat baino gehiago du bide izenak (ikus Euskaltzaindiaren Hiztegia): benetako bide fisikoa (‘lur zerrenda, bertatik ibiltzeko prestatua dena’), ‘bitartekoa’, ‘aukera, abagunea’… Esanahi horiek guztiak ikus daitezke bide mugakizun duten izen elkartuetan ere. Lehen adierakoa izan ohi da izen konkretuen ondorengo bide (ardandegi bide, astobide, baso bide, burdinbide, elizbide, gurdibide, harri bide, mandobide); behi-esne moduko izen elkartuetan sar daitezke horrelako elkartuak. Mugatzaileak izen abstraktuak, gertaera izenak edo aditzoinak direnean, bestelako adierak (zerbait lortzeko era edo moldea, aukera edo abagunea) dituen bide izaten da mugakizun; baina izen konkretuei ere elkartzen zaie bide ‘metaforikoa’ (dirubide, gizabide, jainkobide…).

Buru

Izen bizidunak nahiz bizigabeak izan daitezke mugatzaile:

arbiburu, asteburu, atalburu, batzarburu, batzordeburu, belaunburu, besaburu, diakonoburu, epaimahaiburu, erredakzioburu, ertzainburu, eskaileraburu, etxeburu, euskaltzainburu, galburu, gobernuburu, goiburu, gudalburu (gudari buru), hiriburu, iturburu, kalonje buru, mahaiburu, oheburu, sailburu, sintagma-buru, soka buru, taldeburu, udalburu, urteburu, zerbitzuburu

Buru izenak adiera bat baino gehiago ditu; horietako batzuek (‘gorputzaren goiko edo aurreko zatia’ edo ‘burua adimenaren eta oroimenaren iturburutzat hartuta’) behi-esne moduko izen elkartuak osatuko dituzte, ‘jabegoa’ edo ‘osoa-zatia’ erlazio semantikoen pean aztertu direnen parekoak (arrain buru, legatz buru, txerri buru, § 7.2.2.2e, § 7.2.2.2f). Beste adiera batzuetan, aldiz, ‘muturra’, ‘buruzagia’ adieretan, maiztasun handia du buru izenak bigarren osagai gisa. Adiera horretako elkartuak dira hemen jasotzen direnak.

Gai

Izen kategoriako mugatzaileei elkartzen zaie gai, izen arrunt bizidun nahiz bizigabeei:

abadegai, alkohol gai, andregai, apaizgai, auzigai, aztigai, bertso gai, burdingai, diputatu-gai, doktoregai, emaztegai, erlijio gai, erregegai, erreginagai, euskaltzain gai, eztabaidagai, fisika gai, gonagai, jakintza-gai, kontsumo-gai, kultura gai, lehendakarigai, mediku gai, meditazio gai, musika gai, olerki gai, otoitz-gai, polemika gai, senargai, sugai, suhigai, teknika gai…

Baita aditzoinei ere: apaingai, aztergai, bizigai, elikagai, erregai, ezkongai, ikasgai, ikusgai, irakurgai, itzulgai, jangai, konkistagai, kontagai, luzagai, mintzagai, oroigai, osagai, salgai, sendagai, sinesgai.

Hainbat adiera ditu gai izenak ere (‘gauzak osatzen dituzten materia motetako bakoitza’; ‘zerbait egiteko edo osatzeko behar diren gauzetako bakoitza’; ‘jarduera edo gogoeta bateko edukia; elkarrizketa, hitzaldi, idazlan eta kidekoen mamia’… Euskaltzaindiaren Hiztegia). Predikatu konplexuak ere osa ditzake: gai egin (gaitu), gai egon, gai izan. Mugatzaile motaren arabera, adiera bat edo bestea hartzen du gai izenak. Mugatzaile bizidunen eskuinean, mugatzaileak adierazten duena izateko bidean dena, gai dena, balioa ikusten da: andregai, doktoregai, erregegai, lehendakarigai, senargai… Mugatzaile bizigabeei elkartzen zaie, oro har, lehen bi adieretako gai: afari gai, bizkotxo gai, burdingai, gonagai, liburu gai, sugaiBehi-esne motako izen elkartutzat har ditzakegu hauek. Beste izen elkartu hauetan, berriz, ‘jarduera edo gogoeta bateko edukia’ adiera hartzen du gaik: arte gai, elerti gai, erlijio gai, jakintza gai, kultura gai… Aditzoin + gai egiturako izenetan, bi motatako erlazioa dago izenaren eta aditzaren artean: batzuetan aditzaren objektua da gai (ikasgai, irakurgai, itzulgai, jangai, kontagai, sinesgai); objektu adierako izenak sortzen dituzten atzizkien balioa ez dago oso urrun gairen erabilera honetatik (§ 4.4.3). Beste batzuetan, aditzak adierazten duen horretarako baliabidea adierazten du gai izenak (oroigai, sendagai, osagai); tresna edo baliabide adierako izenak sortzen dituzten atzizkien parekotzat har daiteke gai hau (§ 4.4.2).

Gizon, mutil

Hitz-Elkarketa/2 lanean egin bezala, batera ematen dira hemen ere bi mugakizunak, aski antzeko jokamolde eta adiera dituzte-eta. Izen kategoriako mugatzaileak hartzen dituzte:

armagizon, baso gizon, elizgizon, gerragizon, herri gizon, itsasgizon, kultur gizon, legegizon, letragizon, mendi gizon, olagizon, plazagizon; artzain mutil, baso mutil, guda mutil, itsasmutil, itsumutil, mendi mutil, meza mutil, muga mutil

Mugatzaileak bizigabeak direnean, adinak edo lan egoerak bereizten ditu gizon eta mutil mugakizun duten izenak: baso gizon / basomutil, gudagizon / gudamutil, itsasgizon / itsasmutil, mendi gizon / mendi mutil… Beste batzuetan ezin da horrelako bikoterik aurkitu, izen + gizon egiturak dira bakarrak (eliz gizon, kultur gizon, lege gizon, letra gizon…); lanbidea edo pertsona baten jarduera adierazten dute. Mugatzaile bizidunekin ikusten da bi mugakizunen arteko alderik handiena: arotz edo artzain lanbidea adierazten duten izenak dira, ez dute gizon izenaren beharrik (ez bada, behintzat, adierazi nahi arotz hori edo artzain hori gizonezkoak direla, eta orduan atribuzio egiturako elkartua izango litzateke, § 7.1.3c). Artzain mutil edo arotz mutil elkartuek, ostera, ‘laguntzailea’, ‘ofizioa ikasten ari dena’, adierazten dute.

Gaur egun, bestalde, zehazki lanbide jakin bat duen gizonezkoa adierazteko ez bada, gizonezko nahiz emakumezkoak izenda ditzaketen formak hobesten dira, legelari modukoak.

Gune/une

Jatorriz forma beraren bi aldaera dira (Mitxelena 1977b), baina egungo erabileran une ‘denbora-bitarte aski laburra’ eta gune ‘lekua’ bereiztera jo da (ikus EH), baina ondare lexikoko adibideetan (eta gaurkoetan ere, batzuetan) ez dago mugakizunaren aldaeraren eta adieraren artean banan-banako egokitasunik. Mugatzaile bera ere aurki daiteke ondoren une eta gune, biak dituela. Oro har, izen bizigabe eta adjektibo kategoriako mugatzaileak hartzen ditu, baita aditzoinak ere; baina zalantza sor daiteke behin baino gehiagotan mugatzailea adjektibo kategoriakoa ala aditz kategoriakoa den (bihurgune):

administrazio-gune, aldiune, argigune, argiune, astiune, aterrune, auzune, bakegune, bakeune, babesgune, beltzune, beteune, bihurgune, bilgune, bustigune, egongune, ertzaingune, estalgune, garaigune, hutsune, ibilgune, ikusgune, ilungune, ilunune, ingurune, isilgune, isilune, itzalgune, liluragune, lodigune, sakonune, tontorgune, zelai-une, zerbitzugune, zokogune

Deigarri gertatzen da adjektibo kategoriako mugatzaileen kopurua, OEHko datuak ikusita XI. mendean dagoeneko ageri dena (soilgune). Azter ditzagun zenbait adibide, bereziki mugatzaile bera eta mugakizun bai une eta bai gune duten izenenak, esanahi alderik dagoen ala ez ikusteko: Printzipioz, dirudienez, jende gehienak bat egiten du proiektu honetan, estatu bakarra, bi komunitateren errespetoan artean halako bakegune bat sortze (Berria); Eskola Bakegune proiektua (Berria); Historialariek betidanik hiru ataletan zatitu dute guda. Haien tartean bakegune txikiak egon ziren (Wikipedia); Nekagarria da hau, bai —alargunak irribarre egin zuen, bakeune bat eskainiz (Navarro). Adibide horietako azken bakeguneak ‘unea’ adierazten du, zalantzarik gabe. Ilungune eta ilunune izenen adibideak dira honako hauek, nahiz ilungune forma izan nagusi, alde handiz, gaurko corpusetan; gune edo une mugakizuna gorabehera, ‘tokia, aldea’ adierakoak dira adibideak: Izan ere, obra honetan ez naiz behin ere edonola mintzatu, zehaztasun osoaz eta egokitasun handiz baizik, eta ardura handia ukan dut ilunune bat bera ere argitu gabe gera ez dadin (Kintana); Xakuto batetik makillaje lapitzak eta hautsak atera zituen eta begiak margotzen, masailetan ilununeak ezartzen hasi zen (I. Zabaleta); Argi distiratsuarekin batera kezkatzeko ilununeak ere badirela ikusten dugu-eta (Zuazo); Hortxe aparkatu behar diat —esan nuen—, sarrera pasatuxe eta hortxe, ilungune horretan (Berrizbeitia); Ispilurik ez da ikusten, bitartean ilungune handi bat dagoelako (X. Amuriza). Isilune da forma nagusia corpusetan (ez dago alderik isilune eta isilgune formen artean bakoitzaren agerraldiei erreparatuz gero. Izan ere, isilgune izenaren adibide urrietan ez dago beti argi ‘toki’ adiera): Beldurra izango zien seguru asko bikote hasberrietan […] ia-ia amildegi bihurtzen diren isilgune dramatikoei (Joxean Agirre); Isilgune horretan sartzen saiatu naiz, hortik zer entzuten zen antzematearren (Garde); Eta isilgune baten ondoren (Goenkale); Gune batetik bestera joateko, igarobide, harrera-leku eta isilguneak egingo dira, “natura, historia eta bizitzaren elkargune bihurtuz” (Egunkaria). Bi formak batera ere ageri dira adibide honetan: Zeren, dudarik gabe, geroaldian datozen horiek nire isiluneak eta isilguneak aurkituko dituzte nik hutsunetzat ematen ditudan oroimenaren ezkutalekuetan (Garde). ‘Toki’ adierako une elkartuak ere badaude, bereziki mugatzailea adjektibo kategoriakoa denean: beltzune, hutsune, sakonune… Nolanahi ere, arruntena formen eta adieren banaketa da.

Jende

Izenak dira, bizidunak gehienak (baita animalia izenak ere), jenderen mugatzaile gisa ageri direnak; adjektibo kategoriako diruditen mugatzaileak ere izentzat har daitezke erraz asko:

apaiz jende, ardi jende, andre jende, arrantzale jende, arrautza eta esne jende, baserritar jende, behartsu jende, behi jende, buruzagi jende, erromes jende, esne-jende, gazte-jende, gerra-jende, erle jende, haragi jende, herri jende, irakasle jende, judu jende, kristau jende, langile jende, liberal jende, marinel jende, nafar jende, ontzi jende, plater jende, txerri jende

OEHn badira mugatzaile bizigabea duten adibideak (eta izena bera ere bizigabea da); nafarrerazko testuetan ageri dira batik bat. Baina ez da horrelakorik ageri gaurko corpusetan; bai, ordea, animalia adierako mugatzailea dutenen adibideak: Harriz zamatutako kamioi horien joan-etorrietara ohitu den behi jendea larrean (Aranbarri); Ardi jendea eta, erle jendea eta… (Sastre); Ardi jendearen milaka litro odol isuriko da, Erresuma Batuan urtero, hiltegietako isurbideetan barrena (Errekondo); Esan nahi duguna da lizuna, onddoak eta dauden ingurunean gutxieneko oreka bat izango bada, beharrezkoak direla saguak, arratoiak, tximitxak eta gainerako txiki-jendea (Urain).

Adibide horietan jende izenak duen esanahi “ahula” ikusirik, erreferentziaren ikuspegitik ez dirudi alde handirik legokeenik pluraleko artikulua erabilita: behartsuak, buruzagiak, gazteak, langileak, liberalak eta abar.

Jende adieraz plurala den arren, ia adibide guztietan singularrean ageri da. Izen elkartu hauek ez daude oso urruti multzo adierako izen elkartuetatik (§ 7.2.2.3b). Bestalde, sumpsumtiboen (§ 7.2.2.3h) artean ere sar zitezkeen langile jendea, arrantzale jendea eta, oro har, mugatzailea mugakizunaren azpimultzotzat har daitezkeen adibideak.

Kide

Kide eta ide, bi aldaerak ditugu (ahaide ihartua, gogaide, haurride, mugaide…), baina kide da nagusitu dena, herskariduna (-(k)eria, -(k)izun edo -(k)or atzizkietan gertatu den bezalaxe). Mugatzaileak izenak dira (salbuespen dira aditzoin kategoriako mugatzailea dutenak, ezkontide edo ikaskide):

aberkide, alderdikide, apaiz kide, ardazkide, asmokide, baliokide, batzordekide, bizikide, elkartekide, fidantzakide, garaikide, gogaide, haurride, herri kide, hoskide, iritzi kide, izenkide, jabekide, lankide, lehiakide, mahaikide, mirabe kide, mugakide, oinordekide, solaskide, sustraikide

Mugatzaileak izen bizidunak direnean, oro har, ahaidego eta predikazio izaerako izenak dira (Zabala 1993); “haurrak, apaizak, oinordeak, mirabeak… kide dira” atribuziozko parafrasiaz eman daitezke: Eta, seme-alaba bagara, bai eta oinordeko ere, Jainkoaren oinordeko eta Kristoren oinordekide: zeren, nekeetan Kristoren kideko garenez gero, aintzan ere beraren kideko izango baikara (Elizen arteko Biblia); Eskubide hori jabekide batek baino gehiagok egikaritzen badute, ondorengo lau egunetan enkantea eginen da jabekide guztien artean (HAEE/IZO); Mirabea atera zanean, eun denario zor zizkion mirabe-kide bat aurkitu zuen (Iraizoz). Esanahiaren ikuspegitik subjektu plurala eskatzen du; hau da, izaki hori (jabea, mirabea, apaiza…) beste batzuekin harremanetan egotea. Mugatzailea izen bizigabea denean ere aurki daiteke atribuziozko predikazioa: Hala, hemendik aurrera 47 izango dira UEMAko herri kideak (Argia).

Mugatzailea izen bizigabea denean, ‘nongo kide’ edo ‘zertan kide’ izan daitezke parafrasiak: Zordun beraren fidatzaileak bat baino gehiago direnean zor berberaren ondorioz, horietatik zorra ordaintzen duenak beste fidantzakideei erreklama diezaieke bakoitzak proportzioz ordaindu behar duen zatia (HAEE/IZO); Kasualitatez, moja hura azpeitiarra zen, eta herrikide zuen mutil gaztea laguntzeko prest azaldu zen (N. Lujanbio). Beste batzuetan ‘X bera dutenetako bakoitza’ izan daiteke parafrasi egokia: (beste batzuen) iritzi bera duena, izen bera duena, muga bera(k), sustrai bera duena… Nere izenkide orrek (J. R. Zubillaga); Sustraikideak: biak ala biak Europar jatorriko etorkinen oinordekoak, biak ala biak arrotzak paradisuan (Berria). Parafrasiak parafrasi, ‘kideak direla’ predikatzen den subjektuek zerbait izan behar dute batean, kideren ezkerreko mugatzaileak adierazten duen hori —tokia, jarduera, iritzia, garaia…—, baina mugatzailearen eta mugakizunaren artean ez dago atribuziozko harremanik.

Kide mugakizun duten elkartuen kategoria bera ere ez dago beti argi. Batzuetan izenak dira: alderdikide, lankide, mahaikide. Beste batzuek predikatu sintagma funtzioa dute ia beti (mugakide, esaterako): Eskola opor guztiak Saint-Germain-en-Layen ematen ditugu anaiak eta biok […] basoa mugakide duen urbanizazio batean (Erro). Eta badira izen baten eskuinean ageri direnak ere, adjektiboari dagokion kokapenean: Bera ez zen inoiz Lurretik atera, ez zuen inoiz aukerarik izan planeta mugakide batean zer bizitza mota eraman zitekeen egiaztatzeko (Gorrotxategi). Adjektibo balioko kide hauek izen bizigabeen modifikatzaileak dira ia beti; azken adibide horretakoaz gain, kable ardazkidea, multzo baliokideak, arte garaikidea, kultura garaikidea edo hitz-amaiera hoskideak.

Erdal con- aurrizkiaz eratorritako izenen parekoak dira kide mugakizun dutenak: consuegra/amaginarrebakide, consuegro/aitaginarrebakide, comensal/mahaikide, conciudadano/herrikide eta abar. Erdal erreferentzia adjektiboen ordainak ere eman daitezke kideren bidez (coaxial/ardazkide, contemporáneo/garaikide). Baina kidek izen kategoriako mugatzailea eskatzen duenez, ofizialkide(tasun) ez da ordain egokia erdal cooficial(idad)entzat (koofizial(tasun) da hor forma zuzena).

Kume, ume

Hemen ere bi aldaera ditugu: ume eta kume. Azken honek ‘animalien umea’ adiera hartzen du, eta, gizaki adierako izenei askotan gutxiespenezko ñabardura ematen die; gehienetan beste izen baten eskuinean ageri da. Ume, ostera, askoz maizago erabiltzen da izen beregain gisa, bai ‘haurra’ esanahiarekin eta bai ‘hazteko adinean dagoen animalia’ adierarekin ere. Oro har, badirudi gizakiez aritzeko kume markatuago dela ume baino:

aberaskume, alargun ume, andrakume, aingerukume, antxume, apaizkume, azkonarkume, baserrikume, behargin ume, behikume, burgeskume, erregekume, erreginakume, eskolaume, euskal ume, handikikume, idazlekume, kalekume, katakume, listokume, markeskume, putakume, sasikume, saskigilekume, txakurkume, usakume, zaldikume

Ikus ditzagun adibide batzuk: Horrelakorik ez zian listokume horrek espero (X. Amuriza “Larraun”); Nundik ibiliko ote gera, ba, markeskume onek aizea ar dezan (Etxaniz); Txahala esaten jako edozein beikumeri (Mogel); Ta orra, ordun, ez soilki idazle bat galdua, baizik aren ikasbide ona ere, idazlekumerik sortzeko bideak langatu (Lizardi); Saskigilekume izan arren, izketa atsegiña du, esan zion amari (Orixe).

Mugatzailea gizaki edo animalia izena izan ohi da, burges edo listo ere izen balioan hartzekoak baitira goiko adibideetan. Baina badira izen bizigabeak ere: eskolaume, kalekume, baserrikume, sasikume… Azpikategorizazioaren arabera, modu batekoa edo bestekoa izango da mugatzailearen eta mugakizunaren arteko erlazioa: izen bizidun denean, oro har, ‘noren umea edo kumea’ adierazten du mugatzaileak; izen bizigabea denean, ‘non’ (non sortua den, non bizi den…). Hala ere, mugatzailea gizaki izena izan arren, idazlekume edo apaizkume izenetan bestelako harremana antzematen da bi osagaien artean; gertuago daude idazlegai edo apaizgai izenetatik: ‘idazle izateko bidea dena’, ‘apaiz izateko bidean dena’, alegia.

Lagun

Izen kategoriako mugatzaileak dira lagun izenaren ezkerrean ageri direnak; asko bizigabeak, baina baita bizidunak ere:

auzo lagun, baso lagun, behar lagun, bertso lagun, bertsolari lagun, bidelagun, biltzar-lagun, bizilagun, dantza-lagun, dantzari lagun, ehiza-lagun, eskola-lagun, espos-lagun, gazte lagun, gerra lagun, gudari lagun, hargin lagun, hurko lagun, irakasle-lagun, kontrabando lagun, jesulagun, josulagun, mahai lagun, mutil lagun, neskalagun, ohelagun, ontzi lagun, txalupa lagun…

Mugatzaile diren izen bizidunen adiera ohikoenak honako hauek dira: ‘ofizioduna, jarduera jakin batean ari dena’ (bertsolari, dantzari, gudari, hargin, irakasle), ‘egoera’ (espos), ‘sexua’ (mutil lagun, neska lagun). Azken hauek ‘atribuzio egiturako izen elkartuetan’ sailka daitezke erraz asko. Beste batzuetan, ostera, jarduera edo lekua (askotan jarduera jakin bateko lekua) adierazten dute mugatzaileek (baso, bide, dantza, ehiza, kontrabando, ohe, ontzi, txalupa); erabilera honetan ez dago oso urrun kide izenaren adieratik (auzo lagun/auzokide, bidelagun/bidaide, ohelagun/ohaide).

Orde

Mugatzaileak izen kategoriakoak dira, izen konkretuak, bai bizidunak eta bai bizigabeak. Batzuetan ordeko izena ageri da:

aitaorde, alabaorde, amaorde, begiorde, buruorde, dekanorde, erregeorde, errektoreorde, eskuorde(ko), etxeorde(ko), izenorde, jainko orde, jaun orde, lehendakariorde, oinorde, sailburuorde, semeorde(ko), zuzendariorde…

Mugakizunaren kategoria ere izena da, baina elkartuaren azpikategorizazioa aldatu egiten da mugatzailearen arabera: mugatzaile bizidunekin elkartu osoa biziduna da (buruorde), baina mugatzaile bizigabeekin elkartu osoa bizigabea da (begi orde, izenorde): Parisko Saint-Jacques karrikan, Italiatik etorritako beringile suerte batzuek begiordeak eskaintzen dizkiete pagatzeko diru aski dutenei (Epaltza); Niretzat, amaorde baten antzekoa zen Greta (Osoro). Beraz, ordek ‘ordezkoa’ adiera baino ez du, eta mugatzaileak ematen du zeren ordezkoa den, izen bizidun baten edo bizigabe baten ordezkoa. Aditz lokuzioetako aditz arinekin gertatzen denaren antzera (§ 23.2.1.3.1h), mugatzaileak ematen dio [±bizidun] tasuna elkartu osoari. Badira salbuespenak, nolanahi ere: eskuorde edo oinorde, esaterako. Arduradunak emango du aipatu abisuaren jaso-agiria, eta ezkontzara azalduko da, bera zuzenean edo eskuorde bidez (HAEE/IZO); Euskaldunen oinorde batek idatzia (Argia). Kargua adierazten duten mugatzaileekin elkartzean, burua, errektorea, lehendakaria, zuzendaria… denaren bigarrena-edo adierazten du. Jainko orde izenean, berriz, sasiren parekotzat har daiteke.

7.2.2.3g Hitzaurre moduko hitz elkartuak. Euskaltzaindiaren sailkapenari jarraiki, leku-denborazko adiera duten mugakizunak bilduko ditugu azpisail honetan: aitzin, albo, alde, atze, aurre, azpi, barne/barren/barru, bazter, be(pe)62, bitarte, ertz, gain, gibel, inguru, oste, (t)arte… Adieraz gain, beste ezaugarri bat ere badute batean mugakizun hauek guztiek: erlaziozko izenak dira, puntu honetan aztergai ditugun gainerakoak bezala; hau da, osagarria eskatzen dute. Horretaz gain, esanahia ere aski lausoa dute (aurreko puntuko andregai motako elkartuetako mugakizunak bezala, hauek ere askotan adiera bat baino gehiago dute). Baina erlaziozko izenen artean, multzo berezia osatzen dute, kokapen izenak dira (Artiagoitia 2011). Mugatzaileak izen kategoriakoak dira:

aditzondo, afalondo, aldare aitzin, aldare-aurre, arima-barru, asto-gain, aterpe, barrunbe, baso-tarte, bazkalondo, pazko-inguru, begi-bazter, begitarte, belarri-oste, belarrondo, bertso-ondo, beso-azpi, bihotz-barne, bular-gain, bular-inguru, dantzaurre, eliza-barne, eliza-bazter, eskugain, esne-gain, etxe-aitzin, etxe-atze, etxe-aurre, etxe-barne, etxe-ondo, ezkerralde, bestondo, gerraurre, gerraondo, giltzape, guda-oste, hitzaurre, hutsarte, ilunpe, izenondo, kale bazter, lagunarte, lanarte, lur-azpi, mahai-ondo, mendi-gain, mendi-gibel, ogi-ertz, oin-azpi, pago-atze, praka-barren, sasi-arte, solairuarte, tripa- barru, zeru-azpi, zeru-barru, zubi-gain, zubipe

Izen elkartu hauetako batzuek, esaterako, bazkalondo, bazkaloste, gerra-aurre, gerra-oste, aurrizkidun izena dute gaztelaniaz ordain (‘sobremesa’, ‘preguerra’, ‘posguerra’). Horien arabera sortu ditugu azken urteetan atikogaineko, erditzeondo, historiaurre, idazki-ondoko, kanpainaurre (hauteskunde-kanpainaurre), gaztelaniazko sobre-, pre-, post-… aurrizkidun izenei ordaina emateko. Beste batzuetan, ostera, izen elkartuko lehen osagaia izaten da erdal aurrizkien ordain (azpiatal, gainzama…); mugatzaile bereziko izen elkartuetan aztertuko ditugu horiek (§ 7.2.2.4). Erdal aurrizkien izaeran aurkitu behar dugu azalpena zergatik ematen dugun batzuetan mugakizuna ordain (gerra-aurre) eta beste batzuetan, berriz, mugatzailea (aurre-iritzi). Izan ere, erdal aurrizkiak batzuetan eratorriaren buru semantikotzat hartu behar ditugu: preguerra ez da ‘gerra’, baizik gerraren aurreko garaia; bide beretik, precampaña eta prehistoria ez dira ez kanpaina eta ez historia, baizik horien aurreko garaia; postparto ez da erditzea, baizik erditu ondoko garaia; sobreático ez da atikoa, baizik haren gaineko etxebizitza eta abar. Horietan guztietan, buru-osagarri erlazioa dugula esan dezakegu, aurrizkia izanik buru eta izena osagarri. Euskarak burua eskuinean duenez, osagarri-buru hurrenkera dagokie; hau da, aurre, gain, ondo, oste eta abar bigarren osagai, mugakizun izatea. Askotan -ko atzizkiaren bidez izenlagun bihurturik erdal erreferentzia adjektiboen ordaina ematen dute: hauteskunde aurreko (‘preelectoral’), urpeko (‘subacuático’), nazioarteko (‘internacional’) eta abar.

Beste batzuetan, aldiz, erdal aurrizkia modifikatzailea da, eta ondoren datorren izena da burua, zertaz ari garen adierazten duena; euskaraz, ‘atze, aurre, gain… + izen’ hurrenkera dagokie, eguzki-lore, behi-esne, goiz-argi, burdin barra eta ‘modifkatzaile-izen’ erlazioa duten beste hamaika mendekotasunezko izen elkarturi bezalaxe. Aurreiritzi ‘aldez aurretik dugun iritzia’ da, gainzama ‘[ohikoa denaren] gaineko zama’, azpiatal ‘[beste atal baten] azpiko atala’. (Gràcia & Azkarate 2000).

Leku-denborazko adiera horrek, bestalde, postposizioaren eremura hurbiltzen gaitu. Areago, mugakizun horietako batzuk maizago erabiltzen ditugu gaur postposizio moduan, izen balioan baino: sarri ikusiko ditugu albo, alde, atze, aurre, barru, gain, inguru, oste… izenak -n, -ra edo -tik postposizio-atzizkiekin etxe aurrean, mahai gainetik, hiri barnera, ate ostean moduko egituretan63. Izen elkartua osatzen dutenean, jakina, adjektiboa har dezakete, sintagma singularreko edo pluraleko buru izan daitezke, erakuslea har dezakete determinatzaile gisa, eta sintagma ergatibo edo absolutibo baten buru izan daitezke: Egal-atzea lepazamarreruntz etzin (Lizardi); Lur azpia, guk lanerako lurra esan deguna, beste lur baten gañian egoten da (Nekazaritzako irakurraldiak); Nik uste Donapaleu alderdiko etxalde handi batetako andregai bat zen (J. Etxepare); Bisitari arrotza, ongi etorri gure mendialdeetara, esan zion (Satrustegi). Postposizio hauek ere -ko atzizkia hartu eta izenlagun bihurtzen ditugunean erdal adjektibo aurrizkidunak ordezkatzeko baliatzen ditugu: jaio aurreko (‘prenatal’), graduatu ondoko (‘posgraduado’).

Ez dira leku-denborazko mugakizun hauek bakarrik postposizioetan aurki ditzakegunak, gorago ikusi ditugun zenbait mugakizunek ere (modu adierakoek), hala nola maila edo moduk postposizioak osa ditzakete: mundu mailan, komediante moduan. Berriro ere, lexikoaren eta sintaxiaren arteko mugan ibiliko ginateke.

7.2.2.3h Sumpsumtive motakoak. Bestelako ezaugarria dute azken azpimultzo honetan sartuko ditugunak: mugakizuna, mugatzailearen gain-multzoa da. Pinu-arbola edo porru-landare izen elkartuetan ‘pinua’ bada arbola, eta ‘porrua’ bada landarea. Beraz, mugakizunaren esanahia zabalagoa da, eta esanahi horrek hartzen du bere barruan mugatzailearena ere. Beste modu batera esanda, mugakizuna genus proximus eta mugatzailea differentia specifica izan ohi dira; hau da, ‘espezie-genero’ erlazioa dago bi osagaien artean. Horrek bereizten ditu gorago ikusi ditugun atributu egiturako elkartuetatik (§ 7.1.3c); ‘artziprestea pintorea da’ edo ‘osaba bertsolaria da’ gisa ulertzen ditugun artzipreste pintore eta osaba bertsolari elkartuetan, kalifikatu egiten du bigarren osagaiak lehena. Hemen aztergai ditugun elkartuetan, ostera, esan bezala, ‘espezie-genero’ erlazioa dago, mugakizunaren ‘barruan’ dago mugatzailea. Natur Zientzietako terminologian, landareak, animaliak, mineralak, etab. izendatzeko baliatzen dira sarri mota honetako izen elkartuak, taxonomia egiteko, alegia.

abeto arbola, almitz belar, altzifre zuhaitz, arrosa lore, arto landare, lis-lore, lizar arbola, porru landare, udare arbola64, urritx perretxiko

Nolanahi ere, ezin esan daiteke sumpsumtibotzat hartu diren izen elkartu guztietan inklusio harremana dagoenik, mugatzailearen erreferentea mugakizunaren barruan dagoenik: armiarma-tximino, ezpata-arrain, ilargi-arrain, koral arrain, mailu-arrain, mihi-arrain, ortzadar boa izen elkartuetan, ‘armiarma’ ez da ‘tximinoa’, ‘ezpata’ ez da ‘arraina’, ez eta ‘ilargia’ ere, etab. Bi izakiren arteko konparazioa dute oinarri hitz elkartu horiek; espeziearen barruan azpiespezieak egiteko mugakizunaren kolorea, itxura, forma, hartzen dira kontuan (Val Álvaro 1999). Bestelako hurrenkera ere aurki daiteke batzuetan, amuarrain ortzadar, suge koral, perloi lira. Beste batzuetan, jatorria edo bizilekua, habitata da mugatzaileak adierazten duena; horren arabera izendatzen da azpiespeziea: indi oilar, itsas antzara, itsas hartz, itsas oilar, itsas zapo, pinu perretxiko. Mugatzaile, izen propioa duten elkartuak ere baditugu, hala nola, San Joan lore, San Joan sagar; santu izenak urteko garai jakin bat adierazten du hor, San Joan eguna, alegia. Garaia da azpiespeziea egiteko erabili den irizpidea (eta, horrexegatik, gorago erlazio semantikoak ikustean aipatu dugun ‘garaia’ erlazioaren azpian ere izan dezakete lekua).

Mugakizuna, mugatzailearen gain-multzoa dela esan dugu, baina gain-multzo hori izan daiteke logiko-abstraktua ere, gauza, lan edo kontu mugakizun direnean: aberaste lan, ebaluazio-lan, erle gauza, gizarteratze lan, afari kontu, definizio kontu, elebitasun kontu, lege gauza, paper gauza… Ez da hain erraz hemen espezie baten barruko azpiespezieak bereiztea, esanahi zabal, abstraktuko mugakizunak dituzten egitura hauetan. Uler daitezke ‘kontua elebitasuna da’, ‘kontua afaria da’, ‘lana gizarteratzea’ da moduan. Baina bestelako harreman semantikoa ere ikus dezakegu mugatzailearen eta mugakizunaren artean; esaterako, ‘edukia’ edo ‘helburua’. Hitz batean, zalantza egin dezakegu mugakizun logiko-abstraktua duten izen elkartu hauek ez ote diren, besterik gabe, behi-esne motako izen elkartu arruntak (Azkarate eta Perez Gaztelu 2014: II.6.2.4).

7.2.2.4. Mugatzaile bereziko izen elkartuak

7.2.2.4a Leku-denborazko mugatzaileak

Leku-denborazko mugatzailea duten izen elkartuak aztertuko ditugu hemen: aitzin, albo, atze, aurre, azpi, barne, bazter, barne, behe, gain, gibel, goi, kanpo.

aitzinasmo, aitzinsolas, albo-emaitza, albo-hizkuntza, aurrekontu, aurreikuspen, aurreiritzi, aurrelan, aurrebaldintza, azpiatal, azpiegitura, azpimarra, azpimultzo, azpioihal, barne-araudi, barne-bizitza, barne-lotura, barne-migrazio, barne-muin, barne-oreka, behe-laino, gainazal, gainbalio, gainegitura, gainkarga, gain-presio, gainsoldata, goi-agintaritza, goi-kargu, goi-maila, goi-nafarrera, kanpo-ekintza, kanpo-irizpide, kanpo-mugarri

Gorago aztertzen dira leku-denborazko mugakizuna duten izen elkartuak, hitzaurre motakoak (§ 7.2.2.3g); osagarri-buru egitura dute (eta gaztelaniaz semantikoki buru diren aurrizkiak ordezkatzeko baliatzen ditugu: prehistoria/historiaurre, preguerra/gerraurre, posguerra/gerraoste). Leku-denborazko izena mugatzaile duten elkartuetan, aldiz, modifikatzaile-buru erlazioa dugu: azpimarra ‘azpian jartzen dugun marra, azpiko marra’ da, gainsoldata soldata da, soldata gehigarria, gainkarga karga da, gehiegizko karga. Modifikatzaile balioa duten pre-, sobre-, sub-, supra-… aurrizkia daramaten izenei ordainak emateko sortu ditugu horrelako elkartu asko azken urteetan (Villasantek ere [1974: 52] “algunas palabras que pueden servir de prefijos” izenburupean biltzen ditu aurre-, azpi-, gain- eta abar). Emankortasunari dagokionez, mugatzaile batzuek —aurre, azpi, barne, behe, gain, goi— askoz izen elkartu gehiagori ematen diote bide, beste batzuek baino —aitzin, albo, barru, barren, bazter, gibel—. Idazkerari dagokionez, bi osagaiak elkarturik eman behar direla arautu zuen Euskaltzaindiak.

7.2.2.4b Elkar, kontra mugatzaile

Mugatzaile bereziko izen elkartutzat hartzen dira Hitz-Elkarketa/4 lanean elkarlan eta kontradantza; hau da, elkar eta kontra lehen osagai dituztenak. Egia da baditugula gaurko euskaran horrelako izenak. Batetik, elkarbide, elkarbizitza, elkarrekintza, elkargiro, elkarrizketa, elkartruke, elkar-maitasun, elkar-konfiantza, elkar-jarrera, elkar-istimu. Bestetik, kontradantza, kontradibide, kontrazal, kontraegitura, kontrakarga, kontrapisu, kontrapozoi…

Elkar mugatzaileari dagokionez, ez da zalantzarik izenordain kategoriakoa dela, izenordain elkarkaria, hain zuzen ere (§ 13.8.4). Izen, adjektibo, aditz edo adberbio kategoriako osagaiak dira hitz elkartuak eratzen dituztenak; ez izenordainak. Are gutxiago, dagokion kasu marka edo postposizio atzizkia eskatzen duen elkar: elkar ikusi, elkar maitatu, elkarrekin joan, elkarri eman… Guztiz onargarriak dira elkargune edo elkarbide, mugatzailea, ezkerreko osagaia, elkar(tu) aditzoina izan baitaiteke; eta adibide horiek goraxeago aztertu ditugun mugakizun bereziko izen elkartuen sartuko genituzke (§ 7.2.2.3f). Hala ere, hainbat izen sortu ditugu euskaraz azken urteetan gaztelaniazko inter- zein con- aurrizkiei ordaina emateko. Diogunaren adibide argia da, esaterako, elkarrekintza sarrera Euskaltzaindiaren Hiztegian: “bi pertsonak edo gauzak elkarrekiko duten eragina” (ikus interakzio). Edo elkarbizitza “elkarrekin bizitzea” (ikus bizikidetasun). Baina aditzekin ere aurki dezakegu, elkarbanatu, baita adjektiboekin ere, elkarneurgaitz, elkarneurgarri. Honek ere, kategoria bateko baino gehiagoko mugakizunekin agertzeak, aurrizkien ezaugarria dakarkigu gogora.

Kontra, berriz, adberbio kategoriakoa da, eta postposizio ere izan daiteke aurretik genitiboa hartzen duela, -en kontra, instrumentala, -z kontra, edo datiboa Iparraldean, -i kontra. Bada kontra egin aditz lokuzioa ere, kontrako izenlaguna (kontrako eztarritik joan), kontrakotasun izena. Badu, beraz, autonomia lexikoa. Goraxeago aipatu ditugun izenek, hala ere, pareko erdal ordainak dituzte, contra- aurrizkiaz osatuak. Hots, erdal aurrizkiei ordaina emateko sortuak dirudite.

7.2.3. Aditzoin+izen kategoriako elkartuak: Jarleku mota

7.2.3a Hauek ere mendekotasunezko izen elkartuak dira, baina, mugatzailearen, ezkerreko osagaiaren kategoriak bereizten ditu orain arte aztertu ditugun elkartuetatik65. Emankortasun handiko egitura da; ohikoak dira garaia edo lekua adierako mugakizunak, hala nola, egun, leku, toki:

abialeku, abiapuntu, agerleku, agertoihal, aitorleku, agertoki, amiltoki, amil-leku, ariltoki, aztersaio, azterpuntu, biltoki, bildu-orri, bizigiro, bizkor-belar, borragoma, edanontzi66, egonleku, ehomakina, elikatoki, eragin-indar, erakustoki, eraman-indar, eraso-leku, erne-indar, erne leku, erosi-txartel, erre-burdin, errebelar, esar leku, esertoki, etzan-leku, etzan-toki, ezkonbidaia, ezkon-otordu, ezkon-urte, ezkon-egun, finkaleku, ezkonsari, gal-leku, garbileku, garbitoki, geldileku, geltoki, gertaleku, gordeleku, hazama, haz-pentsione, helduleku, igi-ahalmen, hiltoki, hil-xede, ibil-leku, ibil-egun, idatz-hizkera, idazkola, idazmakina, idaz-tankera, ihesleku, ikas-ahalegin, ikasliburu, ikastordu, ikastoki, ikus-muga, ikustoki, irabaz-lege, irakur-lan, irar-huts, irarkola, irart-oker, iratzar-dei, irten-muga, itxarongela, itxi-garai, jaiotegun, jaioterri, jaioteuskalki, oroitarri, senda-indar, senda-etxe, sorleku, sor-marka, sor-herriño, sorterri, zorrotzarri…

Noemi Moab-en bizi izan zan, Israel-era itzuli gabe, semeak ezkon-urtietara igo arteraño (Lardizabal); Tribunaletako paperek erakusten dute, Etxahun maiz ibiltzen zela jujetan, bere haurren ganik gero eta haz-pentsione joriagoak beharrez (Lafitte); Irar-huts askoz Azpiazuk 1926ko Donestebeko Euskal Jaietan ezaguterazita (Goikoetxea Maiza); Lau zango luzedun ehomakina ugarreztatu batek babesturik (X. Amuriza “Larraun”). Egia da zalantza sor daitekeela mugakizuna aditzoin kategorikoa den ala izena nahiz adjektiboa: aberats/aberas(tu), bazkari/bazkal(du), jolas/jolas(tu), kezka/kezka(tu)… Beste batzuetan izena eta aditzoina forma berekoak dira: argi, atseden, dantza, erantzun edo eraso. Baina adiera kontuan izanik, badirudi erraz egin daitekeela guztietan aditzoinaren aldeko irakurketa; edo, behintzat, esan daiteke ekintza edo jarduera baterako lekua, tokia, ordua, eguna, gela… ematen dutela aditzera izen elkartu hauek. Beraz, orokortuz, esan dezakegu aditzoina edo jarduera izena izango dela mugatzailea.

7.2.3b Ohikoak dira aditzoin kategoriako mugatzaileak aldi, bide, gai, kide, une… moduko mugakizunekin (§ 7.2.2.3f) bai eta modu, molde, mota mugakizunekin ere (§ 7.2.2.3d):

aberasbide, adibide, agerbide, aginpide, argibide, aterabide, aurkibide, aurrerabide, azalbide, azterbide, baterabide, bilgune, bizigune, egiaztabide, egongune, erakustaldi67, etsialdi, geldialdi, geldiune, higialdi, ihesaldi, bizimodu, erramolde, idazmolde, ikusmolde, jokamolde, pentsamolde…

Bi osagaien arteko erlazio semantiko ohikoena, esan berri dugunez, ‘xedea’, ‘zertarakoa’ da. Baina ez da bakarra, ezkonsari ‘ezkontzean ematen den sari’ moduan uler daiteke, (eta ez ‘ezkontzeko sari’); jaiotegun ‘norbait jaio den eguna’, ezkon-bidaia ‘ezkontzean egiten den bidaia’ eta abar. Adiera bat baino gehiago ere har dezakete izen elkartu hauetako batzuk; hiltoki bada ‘hil(dako)en tokia’, bana baita ‘animaliak hiltzen dituzten tokia’ ere.

7.2.3c Lehen osagaia aditzoina, argumentu egitura duena izan arren, gehienetan argumentu horiek ez dira azaleratzen. Ikasliburu elkartuan, adibidez, ez da ageri nork ikasten duen edo zer ikasten duen. Eta hala gertatzen da gainerako adibide gehien-gehienetan ere. Dena den, aditzoinaren objektua, barne argumentua, gauza daiteke izenlagunaren bidez, altzarietarako gordelekua nahiz bi osagaitik gorako izen elkartuan, altzari-gordeleku (Perez Gaztelu, Zabala eta Gràcia 2004). Azken adibide honek erakusten digu [aditzoin+izen] egiturako elkartu hauek izan daitezkeela beste elkartu bateko mugatzaile nahiz mugakizun, edo dvandva motako elkartu bateko osagai (§ 7.1.2), berrelkarketari bide emanez: banakola-leiho zulo, egur-errauts, euskal hitz jostaldi, hitz-eratorbide, jostorratz-ontzi, kristau-ikasbide, sorgin-biltoki; jostorratz-hariak, sortalde, sartaldeak… Gorago aztertu ditugun multzo elkartuetako mugakizunekin (§ 7.2.2.3b) ere aurki ditzakegu, izenondo batez lagundurik: ezkongai gazte pilo, jesarleku txiki pilo.

Idazkerari dagokionez, gehienetan elkarturik aurkituko ditugu bi osagaiak, edo, bestela, marratxoz loturik.

7.2.4. ‘Osagarri-buru’ egiturako izen elkartuak

Gorago esan dugu bi modutako harremana egon daitekeela mugakizunaren eta mugatzailearen artean: modifikatzaile-buru harremana nahiz osagarri-buru harremana. Modifikatze edo zehazte hori nolakoa izan daitekeen aztertu dugu mugatzailearen eta mugakizunaren arteko harreman semantikoen harira (§ 7.2.2.2). Beste batzuetan, ordea, mugakizuna, osagarria eskatzen duen izena da. Horrelako izen elkartuak ikusiko ditugu ondoren.

Bi multzo handitan bil daitezke osagarri-buru harremana duten izen elkartuak. Batetik, izan aditzarekin predikatu konplexua osa dezaketen falta, asmo, behar, gogo, gura, nahi, beldur, egarri, gose, uste23.2.1.3.4) mugakizun dutenak. Bi osagaien arteko harremanari ez, baina mugakizunak elkartu osoari ematen dion esanahiari erreparaturik, bi sailetan banatu ziren horrelako elkartuak Hitz-Elkarketa/3 eta Hitz-Elkarketa/4 lanetan: lotsa-gabe, lo-falta izenaren pean biltzen dira gabezia, eza adierako mugakizuna duten elkartuak batetik, eta bestetik, asmo-elkarteak; izan ere, ‘asmoa’ adieraztea dute batean asmo, behar, gogo, gura eta sail horretako gainerako mugakizunek. Gramatika honetan baliaturiko irizpideen arabera, ‘osagarri-buru’ harremanari eman zaio lehentasuna.

Osagarri-buru harremana dute aditzetik eratorritako izena mugakizun duten elkartuek ere: egilea adierazten duten -le edo -tzaile atzizkien bidez eratorriak, edo gertaera, ekintza adierazten duten atzizkien bidez eratorriak (-era, -keta, -pen…).

7.2.5. Lo falta

7.2.5a ‘Gabezia, eza’ adierako elkartuak biltzen ditu Hitz-Elkarketa/4 lanak (1992) azpisail berean, adieraz gain beste ezaugarri bat dutenak, ‘osagarri-buru’ egitura, alegia; hau da, falta eta gabe, biak dira osagarria eskatzen dutenak. Baina elkartuaren kategoria kontuan hartuaz, batzuk izen elkartuak dira, izen+falta motakoak; besteak, adjektiboak, izen+gabe egiturakoak. Hemen, beraz, izen kategoriakoak aztertzen dira, falta izena mugakizun dutenak (izen horrek dituen adieretatik, Euskaltzaindiaren Hiztegiak ematen dion 3. adiera, ‘gabezia, eza’ da horrelako elkartuetan aurkituko duguna). Izen horren osagarria bi modutara ager daiteke, zeren izenlagun gisa edo izen elkartu bateko lehen osagai gisa: adierazpen askatasunaren falta / kontzientzia falta. Bestalde, asmo adierako elkartuetan bezala, hemen ere mugakizunak izan aditza harturik, aditz egitura osa dezake, falta izan23.2.1.3.4).

7.2.5b Adibide ugari aurkituko ditugu bai literatura tradizioan eta bai gaurko testuetan ere: batasun falta, borobiltasun falta, dokumentazio falta, egur falta, estilo falta, garapen falta, harreman falta, lo falta, kontzientzia falta, praktika faltaGaurko sensibilitateari hain atsegin zaion arkaismo eta borobiltasun falta hartaz (Sarasola); Bigarrenik, batasun falta (Saizarbitoria); Mendi aietan, gaur ere noski egur-faltarik ez da izango (I. Alkain eta A. Zavala). Aurretik aditz partizipioa nahiz aditz sintagma ere ager daiteke, baina, halakoetan mugakizunak -z postposizio atzizkia hartzen du: ez jakin faltaz, adinetara heldu faltaz, eskuaraz izkiriatu faltaz, arta hori izan faltaz… Ebanjelioan zer dion aditzen eztuenak, latinik ez jakin faltas, otoitz egin brazo Iesu Kristori (Beriain); Hau heldu da, Eskualdunek […] eskuaraz iskiribatu faltaz (Etxeberri Sarakoa). Oso egitura emankorra da. Bereiz idazten dira bi osagaiak.

7.2.6. Asmo, behar, gogo, gura, nahi, beldur, larri68, min69, egarri, gose, uste mugakizun dutenak

7.2.6a Asmo-elkarte izena eman zitzaien Hitz-Elkarketa/4 (1992) lanean ‘zerbaitetarako asmoa, gogoa, joera…’ adierazten dutelako (eta hemen sartu ziren zale mugakizun dutenak ere; gramatika honetan adjektibo elkartuetan aztertzen dira). Artiagoitiak (2011) osagarria eskatzen duten erlaziozko izenen artean bereizten dituen bost motetatik, izen abstraktuak dira, oro har, hemen aztergai ditugunak, semantikoki, egoera psikologikoak edo behar fisiologikoak adierazten dituztenak. Mugakizun horietako gehienek predikatu konplexua osa dezakete izan (da/du) laguntzaile hartuta (behar izan, beldur izan, egarri izan, gose izan, gura izan, nahi izan, uste izan). Batzuk, gainera, beste aditzen ondoan ere ager daitezke aditz modal gisa (esan asmo dut, etorri behar dut, nahi dut, gura dut, ikusi uste du70, § 23.4). Mugatzailea izen kategoriakoa denean, ‘zeren’ nahia, beharra, gura, egarria, gosea… adieraziko du; hots, mugakizunaren osagarria izango da:

barregura, bizigura, esangura, ezkongura, handikigura, jolasgura, senargura; batasun-nahi, bizi-nahi, borroka-nahi, onginahi, zorion-nahi; aginte-gose, diru-gose, espantu-gose, Jainko-gose, jakin-gose, jan-gose, zuzen-gose; diru-egarri, egia-egarri, fama-egarri; herio-larri, kakalarri, txizalarri; afari-min, ele-min, etxemin, listu-min, maitemin, ohemin; diru behar, herio behar; berriketa-gogo; andre-beldur, egia-beldur; amorru-asmo, batasun-asmo; noble-uste, ogi-uste, zorion uste

Behintzat ez dau itxutuko hau diru gosiak odola aterateko agindubaz (Mogel); Hori ez du aginte goseak ekarri, jakin goseak baizik (Mitxelena); Mikelak, aldiz, afari-min du (Orixe); Garbi ikusi da Euskaltzaindiak eskainitako batasun asmo eta arauek izan duten baietza eta eragina (Euskaltzaindia); Nola ez baitzuten kanporako traturik, diru beharrik etzuten (Duvoisin); Bazter dezagun ordea haur uste hori atso ipuinen ondoan (Jon Muñoz). Handi adjektiboa dute mugatzaile handinahi, handimin, elkartuek. Uste mugakizunak erraz onartzen du adjektibo kategoriako mugatzailea: eder-uste, handi-uste/hantuste, on-uste, zintzo-uste; ‘handi delako ustea’, ‘eder delako ustea’ adieran ulertu behar ditugu. Gure artzain on-uste osoduna (Kirikiño). Gora, behera adberbioak ere ager daitezke mugakizun hauetako batzuen ezkerrean: behera behar, gora nahi, gora behar. Mota honetako izen batzuk nahiko ihartuak daude eta gaurko hiztun askok ez dute mugatzailea eta mugakizuna bereizten jakingo: azkura.

7.2.6b Ezkerreko osagaia aditz partizipioa (batzuetan aditzoina ere bai), edo aditz-lokuzioa ere izan daiteke:

alda nahi, apurtu-min, atera-nahi, atsegin hartu nahi, aukeratu behar, bizi behar, egin-nahi, erdi behar, erantzun behar, esanahi, ezkongura, hil-beldur, hilgura, jakingura, jakin-gose, itolarri, jakinlarri, jakin-min, joan nahi…

Gure alda-nahiak aurkitu du non ase (Mitxelena); Egondu zen nekerik ekusi ezpalu bezala, ta atera-nai bat erakusten etzuela (Mendiburu); Bizi bearrak agintzen dik emen (Etxaniz); Horrela jakin genezake egunkaria egin diteken ala ez ta orra, jakinlarri orretxek eraso gaitu oraingo aldian (Lizardi); Nola alabaña ez da debekatua izango gauza baten gura, edo egin-naia, egitea gaiztoa bada? (Agirre Asteasukoa); Erdi bearra… erditu bearra… Orra zein izurrik io gaituan (Lizardi); Jaiotze hutsagatik -justiziaz- hiltzea zor duenaren hil-beharrak edo hil-nahiak hartzen dituen hamaika mila izenekilako gaitzek obratzen dutena (Segurola).

‘Partizipioa + beharra dago’ egituran, berriz (adierazi beharra dago, esan beharra dago, etab.), formalki behar mugatzailearekin azaldu arren, balioan ez du alde handirik ‘partizipioa + behar da’ aditz egiturarekin. Beste horrenbeste esan daiteke Euskal Herritik kanpora bizi beharra du eta antzeko egiturez. -z, -n postposizio-atzizkiak ere har ditzakete: hil beldurrez, erori beldurrez, (bere izen ona) garbi-beharrez, ito beharrez, iraungi ustean, han eta hemen eranskin batzuk egin asmotan, apaingarriz edo osagarriz hornitu asmotan… Horrelako egiturak eredu hartuta, batez ere ‘partizipioa + asmotan’ moldea, hedatu da ‘partizipioa + asmoz’, literaturan tradiziorik ez duena. Euskaltzaindiak, horren ordez -tzeko asmoz arautu zuen batasunerako.

Ikus honetaz Euskaltzaindiaren 41. araua: “Egiteko asmoz”, Usurbilen, 1995eko irailaren 29an onartua.

7.2.6c Aditz sintagma ere izan daiteke lehen osagai, goiko adibideko Ameriketara joan-behar hori, aurrera sartu nahia, edari mingots hori edan- beharra, gaitzari bideak ebaki beharra, jokabide bateratu batetara bultzatu beharra, ogia ikusi nahia, oro jakin nahi, santu izan nahi. Santutasun edo behintzat santu izan-naia (S. Mitxelena); Ameriketara joan-bear ori Euskalerriarentzat kalte aundia izan dala (J. R. Zubillaga). Esan daiteke aurretik partizipioa zein aditz sintagma osoagoa daramatenean, bi modutako jokabidea erakusten dutela behar, gura eta nahik: izen balioa gorde dezakete eta izen sintagma osatu (garaiz iritsi beharrak bultzatu nau autoa hartzera) edo du laguntzailea hartu eta aditz modal gisa jokatu (garaiz iritsi beharko dut kanpoan utz ez nazaten). Beraz, lexikoaren eta sintaxiaren arteko eremukoak dira egitura hauek.

Ondoko adibideek, bestalde, erakusten dute ‘partizipioa + nahi’ egiturek adjektibo balioa ere har dezaketela: Erle joan naia, ez ezti, ez breska (Mogel); Haurra ernea zen, deneri ohartua, oro jakin-nahia (J. Etxepare). Nahia, adibide horietan, ‘nahi duena’ren baliokide da. Baita beste adibide honetako beharra ere, ‘behar duena’: Hemen nauzu orain ni hil beharra, errugabe izanik (J. A. Mujika).

7.2.6d Bestalde, predikatu sintagma balioan ere ageri zaizkigu mugakizun abstraktua duten elkartu hauek: Ez izan noski egi-beldur ta bai osoki gizon (Lizardi); Gazte dena jostagura baita beti (J. Etxepare); Alta ez ziren ez espantu gose (Erdozaintzi-Etxart); Leitzarrak ez ditugu berriketa-gogo (Orixe).

Berrelkarketa adibideak baditugu, barru-ikara gose, handimin-hazi. Orrelako barru-ikara-gose bai-nazu (Etxaniz). Eta izen elkartu hauek eratorpeneko oinarri ere izan daitezke: handinahikeria, txixaguratu, handi-usteko, zintzo-usteko, jakin-nahiko, on-uste osodun.

Nahi edo gura izenen pareko da gaur bera bakarrik erabiltzen ez den gale, besteek bezala izena, aditz partizipioa edo aditz sintagma ezkerrean har dezakeena (baita adberbioa ere goragale elkartuan): jolasgale, logale, negargale, jangale, bere lana egin gale (Orixe).

7.2.7. Izen elkartu sintetikoak

7.2.7.1. Sarrera

7.2.7.1a Aditzetik eratorritako mugakizuna duten elkartuak izendatzeko erabili da ‘sintetiko’ deitura, beste hainbat hizkuntzatako hitz elkartuak aztertzean ere aurkituko duguna. Hortaz, eratorpenean aztertzen diren -le, -tzaile, -gailu, -garri, -ki, -era, -keta, -kuntza, -pen, edo -tze atzizki izen sortzaileak ikusiko ditugu eskuineko osagaian (§ 4.2.4, § 4.5). Elkartu sintetikoak ez dira, bestalde, izen kategoriakoak bakarrik, baditugulako aditzoina oinarri harturik, adjektiboak edo adberbioak sortzen dituzten atzizkiak ere, hala nola -garri edo -ka. Hau da, hemen izen elkartu sintetikoak aztertuko ditugun arren, adjektibo elkartu sintetikoez (§ 8.2.3g) eta adberbio elkartu sintetikoez (§ 9.4.3) ere jardungo dugu.

Morfologikoki duten ezaugarriaz gain —aditzoinetik eratorririko mugakizuna izatea, alegia—, elkartu sintetikoek badituzte bestelako ezaugarriak ere esanahiari begiratzen badiogu. Izan ere, kale-garbitzaile elkartuan ez da zalantzarik bi osagaiak, mugatzailea eta mugakizuna, zein diren: kale + garbitzaile; berdin gertatzen da euri-neurgailu izen-elkartuan ere. Izen horien adierak, ostera, [kalea(k) garbitu] + -tzaile eta [euria neurtu] + gailu egiturak iradokitzen dizkigute, hurrenez hurren; hau da, ‘kaleak garbitu’ ekintza egiten duen pertsona, ‘euria neurtu’ egiten duen aparatua. Baina badakigu euskaraz ez dugula ez *kale-garbitu eta ez *euri-neurtu aditzik. Beste hitz batzuetan esanda, parte-hartzaile bada parte har(tu) + -tzaile, baina kale-garbitzaile ez da *kale-garbi(tu) + -tzaile, edo euri-neurgailu, *euri-neurtu + -gailu. Ingelesez bracketing paradoxes terminoa erabili dute morfologiaren eta esanahiaren arteko bat ez etortze hori adierazteko.

7.2.7.1b Mugakizunak, bestalde, aditzetik eratorriak diren heinean, osagarria hartzen duten elementuak dira; hots, bi osagaien arteko erlazioa osagarri-buru motakoa da (Artiagoitia 2011). Ezkerreko osagaia, mugatzailea, aditzoinaren barne argumentuari dagokio. Antzeko erlazioa dago, azken batean, oinarriaren eta -dun, -gin, edo -gile atzizkien artean ere (dirudun, etxegile, okin, talogile). Horregatik sailkatu ziren Hitz-Elkarketa/4 (1992) lanean izen elkartu sintetikoen artean aipatu berri ditugun adibideak (eta horien parekoak). Nolanahi ere, eratorpenaren eta hitz elkarketaren arteko bereizgarriak zein diren aztertzean (§ 3.2a, § 3.3a) esan dugu osagaien beregaintasuna dela hitz elkarketaren ezaugarririk nabarmenetakoa. Eta, jatorria jatorri, euskaraz aspaldian ez ditugu izen beregain gisa erabiltzen -gin edo -gile.

Atzizkiak aztertzean, izen bizidunak sortzen dituzten atzizkiak bereizten ditugu, batetik, eta horien artean sartzen -le eta -tzaile4.2.4); bestetik, ‘gertaera-, egoera- edo ondorio-izenen sortzaileak’, -era, -kera, -keta, -kuntza eta abar (§ 4.5). Horren arabera, bi azpimultzo egingo ditugu izen elkartu sintetikoetan ere: ‘egile adierako elkartu sintetikoak’ eta ‘ekintza adierako elkartu sintetikoak’.

7.2.7.2. Egile adierako elkartu sintetikoak

7.2.7.2a Ugariak dira euskaraz [izena + iz[aditzoina + -le/-tzaile]iz] nahiz [izena + iz[aditzoina + -gailu, -garri, -ki]iz] egiturako elkartuak, bai literatura tradiziokoak eta bai azken urteetan sortuak ere. Eredu emankorra da, beraz, euskaraz, adibidez, lanbide izenak, objektu eta aparatu izenak edo beste modu bateko terminoak sortzeko71:

argi-emaile, aterki-saltzaile, berri-ekarle, bertso-biltzaile, bide-erakusle, bide-urratzaile, bizi-emaile, boto-emaile, bozeramaile, diru-jasotzaile, esne-saltzaile, fede-ukatzaile, fruitu-emaile, gai-jartzaile, gezur-irensle, giro-sortzaile, harri-jasotzaile, harri-pikatzaile, irrati-entzule, jai-antolatzaile, kale-garbitzaile, lege-ezarle, lege-hausle, liburu-idazle, liburu-saltzaile, matematika-irakasle, meza-emaile, meza-laguntzaile, mezu-igorle, musika-ikasle, musika-jotzaile, pronostiko-egile, sardina-saltzaile, telebista-konpontzaile, zaldi-erosle, zerga-biltzaile, zezen-hiltzaile, zinema-ikusle, zuzen-egile…

Eratorpenari eskainitako partean, -le/-tzaile atzizkiak aztertzean esan dugu (§ 4.2.4) atzizki horrek aditzoinaren kanpo argumentua (egilea zein esperimentzailea) xurgatzen duela, eta barne argumentua izen elkartuko lehen osagai gisa gauza daitekeela. Horixe da, hain zuzen, goiko izen elkartuetan ikus dezakeguna. Aterki, bertso, bide, bizi, boto, diru, esne… mugatzaileek dagokion aditzoinaren (sal, bil, erakuts, eman, jaso, sal, hurrenez hurren) barne argumentua adierazten dute.

7.2.7.2b Bestalde, ohikoena ez izan arren, -ari atzizkia ere erants dakioke aditzonari (§ 4.2.2). Beraz, ez da harritzeko behor-gidari, bulego-zaindari, erbi-ehiztari, film-kritikari, ontzi-gidari moduko elkartuak aurkitzea; horietan ere, barne argumentua adierazten du ezkerreko osagaiak.

Egile elkartu sintetikotzat har daitezke, halaber, zain bigarren osagai dutenak eta, literatura tradizioko adibide ugariez gain, azken urteetan lanbide bateko edo besteko pertsonak izendatzeko baliatu ditugunak: aberezain/abeltzain, arimazain, artxibozain, artzain, atezain, baratzezain, bidezain, diruzain, erizain, erlezain, ertzain, etxezain, euskaltzain, ganaduzain, haurtzain, itzain, labezain, liburuzain, mahaizain, sabeltzain, txerrizain, udaltzain. Egia da gehienetan bigarren osagai gisa ageri dela zain; baina gaur gutxi erabilia dela esan arren, sarrera eman dio Euskaltzaindiaren Hiztegiak, izen kategoriakoa dela esanaz. Badu, beraz, beregaintasuna. Horregatik sartu dugu izen elkartuetan, zinemaldi, erredakzioburu, babesgune, errektoreorde eta abar bezalaxe (§ 7.2.2.3f).

7.2.7.2c Hemen sar daitezke -gailu, garri edo -ki1 atzizkiaz eratorritako izenak mugakizun dituztenak ere. Eratorpenean esan bezala (§ 4.4.1), atzizki hauek ‘baliabidea, tresna’ adiera ematen diote sortzen den izenari eta, aldi berean, badakigu ‘baliabidea’ adieraz daitekeela -z (edo -kin) postposizio sintagma baten bidez, baina baita sintagma ergatiboaren bidez ere: objektu horrek beroa neurtzen du, aparatu horrek boza goratzen du, aparatu horrek euria neurtzen du / objektu horrekin, horren bidez grapak kentzen ditugu, aparatu horren bidez (horrekin) kilometroak kontatzen ditugu… eta abar. Berriro ere, aditzoinaren barne argumentua adierazten du ezkerreko osagaiak, mugatzaileak:

ardo-dastagailu, bero-neurgailu, bozgorailu, euri-neurgailu, grapa-kengailu, kilometro kontagailu, orri-zulagailu, plater-ikuzgailu, su-itzalgailu, tantakontagailu, uztabilgailu, zoru-garbigailu; intsektu-hilgarri, ohe-bigungarri; aho-estalki, buru-estalki, gorputz-estalki

7.2.7.3. Ekintza adierako elkartu sintetikoak

7.2.7.3a ‘Gertaera, ekintza’ adierako mugakizunak dituzte mota honetako izen elkartuek. -dura, -era, -keta-, -kuntza, -pen… atzizkiek, aditzoinari erantsirik, sortzen duten izenak ‘gertaera’, ‘ekintza’ adieraz dezake, baina baita ‘emaitza’ edo ‘ondorioa’ ere (§ 4.5). ‘Gertaera’ izenek bakarrik bidera dezakete, ordea, osagarri-buru erlazioa, ez ‘ondorio’ izenek. Hau da, erosketa izan daiteke ‘erostea’, nahiz ‘erosi d(ir)ena(k)’; lehena da ‘gertaera’, ‘ekintza’ adierakoa, ez bigarrena. Lehen adierakoa da, beraz, liburu-erosketa izen elkartuko mugakizuna; eta liburu mugatzailea, ekintza horretan ‘zer’ erosi den adierazten duena. Eratorpenari eskainitako atalean aztertzen da zer motatako aditzoinei eransten zaien, batez ere, atzizki bakoitza. Batzuek da motako oinarria hartzen dute; beste batzuek, ostera, du edo da/du motakoa.

Kasu guztietan, osagarriak, ezkerreko osagaiak, barne argumentua biltzen du. Aldea honetan datza: da motako aditzetan, argumentu hori subjektu gisa agertuko da sintaxian; du motako aditzetan, berriz, objektu gisa. Aldatu, amaitu, hasi, sartuda motakoak izanik, ‘ikastaroa amaitu’, ‘demografia aldatu’, ‘gizartea aldatu’, ‘mendea hasi’, ‘nobizioa(k) sartu’… irakurketa dute beheko izen elkartuek. Beste askotan, ordea, ‘norbaitek adarra jo, bertsoak paratu, botoa eman, denbora galdu, hazia erein, lana utzi, adimena aztertu, bidea aldatu, datuak bildu, jantzia(k) garbitu, hitzak josi, txostena(k) prestatu, berria(k) laburtu, erlijioa irakatsi, etxea(k) eraiki, industria irauli, lana eskaini, ura kutsatu’ eta abar gisa ulertzen ditugu:

adar-jotze, auzi-garbitze, behi-umatze, bertso-paratze, boto-emate, denbora-galtze, giro-berotze, gogo-galtze, hazi-ereite, indar-neurtze, lan-uzte, odol-isurtze, oroimen-galtze, patata-zuritze, pauso-kontatze, prezio-altxatze, soineko-urratze, txerri-hiltze, zikiro-jate; adimen-azterketa, ardi-lapurreta, bide-aldaketa, datu-bilketa, demografia-aldaketa, diru-bilketa, emaitza-bilketa, gizarte-aldaketa, jantzi-garbiketa, maiztasun-azterketa, olerki-sariketa, sari-banaketa; ikastaro-amaiera, hitz-joskera, jatordu-amaiera, mende-hasiera, nobizio-sarrera, txosten-prestaera; berri-laburpen, diru-ugalpen, fede-ukapen; erlijio irakaskuntza, etxe eraikuntza, pedagogia berrikuntza, teknologia ikaskuntza; industria iraultza, lan-eskaintza, odol-eskaintza; ur-kutsadura

7.2.7.3b Gerta daiteke atzizki berezirik ez izatea ‘gertaera, ekintza’ adierako izenak (§ 4.6); baina Euskaltzaindiaren Hiztegiak argi erakusten du horixe dela, hain zuzen, izen hauen adiera (edo adieretako bat, behintzat): jorra ‘jorratzea’, erakutsi (izen kategoriakoa) ‘erakustea’, eske ‘eskaria, eskatzea’, jan (izen kategoriakoa) ‘jatea’, ehiza ‘animaliak harrapatzea edo hiltzea helburu duen jarduera’… Mota honetakoak dira ondoko izen elkartuak: artajorra, barkamen-eskea, behaztopa, diru-eske(a), egun-pasa, esku-erakutsi, ezkontza-eskea, gau-pasa, hitz-etorri, hitz-jario, muxar-ehiza, txuleta-jan, edo uso-pasa.

Berrelkarketaren adibide dira honako izen elkartuak: ardo- eta kafe-saltzaile, ate eta jantzi-kutxa apurtzaile, txistu- eta danbolin-jotzaile, ile- eta bizar-moztaile, paper-langile ugaltze, toki-izen bilatzaile, zurgin-lantegi garbiketa. Horietan mugatzailea da, aldi berean, izen elkartua. Beste hauetan, berriz, mugakizuna (nahiz oso urriak izan horrelako adibideak): barku betetze eta hustutze, begi itxi-ireki, abere-salerosle.

Idazkerari dagokionez, marrarekin zein bereiz idatz daitezke elkartu sintetikoetako osagaiak. Hala ere, bereiz idatziz gero, zalantza sor daiteke batzuetan nola ulertu behar den begien aurrean dugun elkartua, izen elkartu sintetikotzat ala atributu egiturako elkartutzat (§ 7.1.3c); intsektu hilgarri, esaterako, izan daiteke ‘norbait hiltzeko ahalmena duen intsektua’ (ziztada da hilgarria), baina izan daiteke ‘intsektuak hiltzeko substantzia edo gaia’. Nahasketarik sor ez dadin, atributu egiturako elkartuaren irakurketa duena bereiz idaztea gomendatzen da, eta elkartu sintetikoa, aldiz, marratxoz: intsektu hilgarri / intsektu-hilgarri (bide beretik molekula hartzaile / molekula-hartzaile, etab.). Zain bigarren osagai dutenak, aldiz, elkarturik ematen dira.

7.2.8. Aposizio egiturako hitz elkartuak

7.2.8.1. Sarrera

Bi motatako aposizioak72 bereizi izan dira gramatiketan, aposizio ez-murrizgarriak (esplikatibo ere esan ohi zaie, aurrekoari buruz azalpen gehigarria ematen dutenak) eta murrizgarriak (murriztaile ere esaten zaie halakoei, aurretik aipatutakoa mugatzen dutenak). Aposizio ez-murrizgarriak dira honakoak: Gasteizen, Euskadiko hiriburuan, taberna gehiegi dago; Pellok, atzo aipatu nizun lagunak, andregaia utzi egin du. Erreferentzia bera duten bi sintagma ezartzen ditugu bata bestearen ondoan. Mota berekoak dira beste hauek ere Druso neure aita, Axular Sarako erretorea; hauetan ere erreferentzia bera dute Druso izen propioak eta neure aita sintagmak zein Axular eta Sarako erretorea osagaiek 109. araua: “Komunztadura aposizioetan”, Bilbon, 2001eko ekainaren 29an onartua.</p> ">73. Beste batzuetan, berriz, aposizioan doan izenak konkretatu egiten du ondokoa. Horixe egiten dute izen propioek, objektu, leku, pertsona… baten erreferentzia konkretatu, sailkatu (Itziar andereñoa, Gipuzkoa plaza, Arrantzaleak taberna); predikazio erlazioa inklusiboa da aposizio mota honetan, izen propioak adierazten duen objektua edo pertsona, izen arruntak adierazten duen klase edo motaren barruan geratzen baita. Batzuetan utz daiteke isilpean izen arrunta; Aizkorrira igo gara esan daiteke, Aizkorri mendira igo gara esan beharrik gabe. Aposizio elkartu hauek, beraz, zerbait bakarra adierazten dute, eta horretan bereizten dira landare, animalia, mineral eta abarren barruan taxonomia, sailkapena egiteko baliatzen ditugun sumpsumtive motako elkartuetatik (§ 7.2.2.3h, § 28.9.2).

Badira itxuraz aposizio elkartuen egitura dutenak, Sabin Etxea, euskara eguna, antxoa eguna modukoak; baina horietan ez dago predikazio erlazio inklusiborik. Sabin ez da etxe baten izena (Aizkorri mendi batena bai, ordea). Beste horrenbeste esan daiteke antxoa edo euskara lehen osagaien eta egun bigarren arteko harremanaz. Itxura izan arren, ezin ditugu egiazko aposizio elkartutzat hartu. Eta ez dute lekurik izen elkartuen artean ere, balio generikoa izatea delako izen elkarketaren ezaugarrietako bat (§ 3.3a). Euskararen eguna, antxoaren eguna… determinatzaile sintagma dagokie, berez.

Osagaien kategoria kontuan harturik, honako konbinazioak aurkituko ditugu aposizio elkartuetan:

7.2.8.2. Izen propioa + izen arrunt bizigabea

Leku izenak (mendi, ibai, itsaso… izenak), kale izenak, eraikuntza izenak, ikastegi eta merkatari etxeenak, komunikabide izenak, kultura ekoizpenak, elkarte eta erakunde izenak, jaiegunen izenak, arlo tekniko-esperimentaleko izenak eratzen ditugu izen propioa eta izen arrunt bizigabea aposizioan jarriaz:

Altzarrate baserria, Anitz loradenda, Aralar mendia, Arriaga antzokia, Auspoa liburutegia, Axular liburudenda, Auñamendi argitaldaria, Baleare irlak, Bidasoa ibaia, Celsius eskala, Dato kalea, Eiffel dorrea, Garibai kalea, Garoa eleberria, Genio y Lengua saiakera, Gerediaga elkartea, Golgi aparatua, Insalus ura, Iraurgi ikastetxea, Joule efektua, Jumay sumendia, Kanin penintsula, Kelvin tenperatura, Magallaes itsasartea, Maria Cristina hotela, Mari Galant karabela, Muga ardoa, Nobel saria, Repsol konpainia, San Inazio eguna, San Juan jaiak, San Martin auzoa, Titanic bidaiaontzia, Unesco erakundea, Uriarte jauregia, Urruzuno lehiaketa, Usandizaga institutua, Zumalakarregi parkea

Perpaus oso bat ere bihur daiteke deitura, Que sais-je argitaletxea, The cultural background of personality liburua eta abar. Horrelako egiturek artikulua eskatzen dute beti, eta hurrenkera ere izen propioa + izen arrunta izaten da; beraz, San Migel gozotegia, Aloña jatetxea, eta ez *Aloña jatetxe, *gozotegi San Migel. Bestalde, zenbaitetan izen propioak -ko edo -en atzizkia ere har dezake: Garaziko herria, Antso Jakitunaren hiribidea. Batez ere izen propioa pertsona deitura denean (askotan ikertzailearen izena) gertatzen dira horrelako zalantzak: Magallanes-en estua, Gibbs-en printzipioa, Ampere-ren legea, Coulomb-en legea, Helmoltz-en energia, Joule-ren esperimentua / Joule efektua, Beaufort eskala, Celsius eskala, Geiger kontagailua, Helmoltz energia, Winkler metodoa, Golgi aparatua, Leydig zelula… Inguruko hizkuntzetan ere erraz aurkituko ditugu horrelako bitasunak.

Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoko ‘izen propioa (+ -en) + izen arrunta’ egiturako terminoak aztertu ondoren, hauxe izan zen ondorioa: “Agerikoa dirudien lehen ondorioa da teknologia-arlo gehienetan (Teknol., Metal., Elektron.) aposizioa erabide erabiliagoa dela zientzietan baino. Oso litekeena da horrek zerikusia izatea terminoaren bigarren osagaiaren izaerarekin”74. Euskarazko, ingelesezko, frantsesezko eta gaztelaniazko mota honetako terminoak aztertu ondoren, berriz, ondorio hauek aipatzen ditu txostenak:

“Aztertu ditugun lau hizkuntzetan GEN egituraren bidez eratu diren terminoek hitz jakin batzuk dituzte bigarren osagaitzat, eta dagokion pertsona-izenak emandako edo haren izenean bataiatutako “esakune” motakoak dira. Argi eta garbi, lege, printzipio eta teorema dira multzo horretakoak (mota bereko batzuk: postulatu, aieru, hipotesi, paradoxa…)75. Aztertu dugun laginean ageri diren beste batzuk, ustez mota honetakoak, baina ingelesez aposizio bidez (edo aposizioz ere) eratu ohi direnak: ekuazio, konstante. Euskarazko erabilera-datuak argiak dira: GEN egitura da nagusia.

Naturako fenomenoak adierazten dituzten hitz batzuek aposizioz eratzen dituzte terminoak (kasu ugariena: efektu), baina, beste batzuetan, bi egiturak aurkitu ditugu hiztegian edo testuetan: indar, difrakzio, ziklo, energia, hedapen

Neurketa-sistemekin erlazionatutako 2. osagaiak aposizioz eratu ohi dituzte terminoak: eskala, gradu, gogortasun

Teknologia: tresneria esperimentala, prozesuak, metodoak… Ez dago erabateko uniformetasuna, baina erregulartasun batzuk atzeman ditugu, eta hautagai garbiak dira aposizioa aukera lehenetsia izateko.

Biziaren eta osasunaren zientziak: sakonago aztertu behar da, batez ere saio xume honetan ez dugulako aukerarik izan corpusetako erabilera aztertzeko. Hiztegiko sarreretan, -en atzizkiaren erabilera aski zabaldua dago, baina datu hori ez da nahikoa, eta aurrerago proposamen landuagoa egin behar genuke. Oraingoz, beraz, ezin da arlo horietarako proposamen landurik egin.

Txosten honetan, fisika-arloko terminoetarako proposamena egingo dugu, seguru aski beste zientzia batzuetarako ere baliagarria izan daitekeena (Matematika, Kimika, Astronomia, Geologia…)”.

Argi dago, beraz, aztertzen jarraitu beharreko alorra dela aposizio egiturako terminoena.

7.2.8.3. Izen arrunta + izen arrunta

Izen arrunta ere erabil daiteke eskuineko izenak adierazten duen multzotik bakarra bereizteko; hau da, ondoko izen arruntaren deitura gisa. Testu teknikoetan ere aurki daitezke mota honetako aposizioak. Letrek eta sinboloek ere bete dezakete funtzio hori:

analfabeto hitza, “apartheid” politika, borroka hitza, “cuarta” gaitzizena, “ghetto” espiritua, katoliko izena, kultura hitza, “politika” hitza, “marxismo” hitza, sozialista izena; Feed-back mekanismoa, Geotematika hitza, deriba-teoria, solido zurrun kontzeptua; A puntua, B eta C behatokiak, X izpia, D bitamina, f zenbakia, A multzoa, K aldagaia…

7.2.8.4. Izen propioa + izen arrunt biziduna / izen arrunt biziduna + izen propioa

Gehienetan izen arruntak pertsonaren lanbidea, gizartean duen maila, edo ahaidetasuna adierazten du:

Barrueta tabernaria, Elizalde apaiza, Elosu medikua, Esaias profeta, J. Hurron geologoa, Jean Etxepare mirikua, Jeremias profeta, Jonas profeta, Jose Mari Lertxundi bertsolaria, Juan Huarte idazlea, Koldo Mitxelena irakaslea, Moris ertzainburua, Nabukodonosor erregea, Oseas profeta, Rodrigo artzaina, San Lukas ebanjelista, Simbad marinela, Zabaleta anaiak, Zubillaga adiskidea

Osagaien hurrenkerari dagokionez, izen propioa bigarren posizioan ere aurki daiteke literatura tradizioan. Batez ere ahaidetasuna adierazten duten izen arruntekin baliatzen dugu hurrenkera hori. Gainerakoetan, izen propioa + izen arrunta hurrenkera hobetsi da estandarrean:

adiskide Aitzol, aita Salbatore Mitxelena, aita santu Gregorio hamargarrena, anai Faustino, arreba Begoña, emazte Klara, errege David, iloba Endrike

7.2.8.5. Jaun/andre osagaitzat dutenak

Izen propioa eta izen arrunt biziduna biltzen dituen aposizio elkartuaren kasu berezitzat hartu izan da egitura hau, izen arrunta begirunezko deitura edo antzeko zerbait delakoan. Baina jaun eta andre ez ditugu izen propioen ondoan bakarrik erabiltzen, baita pertsona batek gizartean zer estatus duen adierazten duten izen arruntekin ere:

abade jauna, alkate jauna, Aingeru Irigarai jauna, Balerdi jauna, erretore jauna, Nekane Etxegoien andrea, Ruth Benedict andrea, biltzarburu andrea, sekretario jauna, ugazaba andrea

Iparraldeko testuetan, aldiz, lehen posizioan ikus ditzakegu jaun eta andere: jaun erretora, jaun bikarioa, jaun auzapeza, jaun Bertrand de Echaus

7.2.8.6. Aposizio egiturako elkartuak eta atribuzio egiturakoak

Aipatu berri ditugun egiturak hartu dira aposizio elkartutzat euskaraz (ikus Hitz-Elkarketa/3), baina beste hizkuntza batzuetan aposizio murriztailetzat hartu dira bebé probeta, buque escuela, cena tertulia, coche bomba, hombre rana, mujer objeto, mujer soldado, visita relámpago edo oferta estrella. Izen sintagmaren barruan gertatzen den predikazio erlazioa baldin bada aposizioa, bi izen aposizioan ematean morfologiaren eta sintaxiaren mugan gabiltza eta aposizio erlazioa lexikoan ere gerta daiteke (Suñer 1999). Lexikoan sortuak, izen elkartuak dira bebé probeta eta abar. Horien baliokide diren probeta-ume, eskola ontzi, afari-tertulia, bonba auto, gizon igel, emakume objektu, emakume soldado, bidaia tximista edo produktu izar76. Hitz-elkarketa/4 liburukiko hitz elkartuen sailkapenari jarraiki, “atributu eta koordinazio egiturako elkartuetan” aztertu ditugu gaztelaniaz aposiziotzat hartu dituzten egiturak (§ 7.1.3), hau da, ‘ontzia, aldi berean eskola dena’, ‘afaria, tertulia izateko propietatea ere baduena’… gisa ulertzen ditugunak. Han ikusi ditugu balio metaforikoa duten gizon igel modukoak. Aposizioan ematen den izenak jatorrizko esanahia galdu eta kuantifikazioaren pareko balioa ere har dezakeela dio Suñer-ek (1999): vida padre, oferta estrella, momento cumbre, noticia bomba, situación límite, momento clave, hora punta, ciudad monstruo. Azken honen baliokide den hiri munstro, atributu elkartutzat hartu dugu euskaraz, A nolako B, konparazio-kutsua duen atributu elkartutzat (§ 7.1.3e).

Beste batzuetan, ordea, aposizioan doan izenak sailkatu egiten du ondoko izena Suñer-ek dioenez: la letra f, el símbolo +, el número 9 edo izen propioa duten egiturak. Horiek dira, hain zuzen, guk aposizio elkartutzat hartu ditugunak. Aposizioan doazen bi izenen artean inklusiozko erlazioa dakartenak eta ‘zera’ bakarra (pertsona, mendi, kale, argitaletxe, zenbaki, letra…) izendatzen dutenak.

7.2.9. Izengoiti adierako izen elkartuak

7.2.9a Bi izen elkarren ondoan emanik osatzen ditugu askotan euskaraz pertsonen izengoitiak; lehena, pertsona horren izen propioa izan ohi da eta bigarrenak, berriz, pertsona horren ezaugarri nabarmenen bat ematen du aditzera. Izen propioaren ondoan adjektibo bat ezarririk ere era daitezke izengoiti elkartuak. Modu bateko baino gehiagoko ezaugarriak aukera daitezke pertsona bat nabarmentzeko: objektuak izan daitezke —abarka, txintxarri, txilibitu, anpolai…—, nortasun-marka hori anatomikoa ere izan daiteke, edo zaletasun edo izaeraren berri ematen duena. Beste batzuetan, lanbidearen edo jatorriaren aipamena egiten du bigarren osagaiak. Sei azpiataletan bana ditzakegu euskal izengoiti elkartuak77:

a) Anton Berakatz, Anton Kaiku, Domingo Kanpaña, Joane Talotxu, Josepa Koipe, Madalen Bonbila, Manu Txurrut, Mateo Txistu, Martin Txilibitu, Mikela Txintxarri, Patxi Guzur, Patxiko Txerren, Pello Errota, Pello Kirten, Pepa Negar, Peru Abarka, Santi Anpolai, Txanton Piperri.

b) Etxahun Barkoxe, Etxahun Iruri, Joxe Larraburu, Joxe Lezo, Pello Tolosa.

c) Altza-Haundi, Altza-Txiki, Lazkao-Txiki, Teileri-txiki; Inazio-motz, Joan Manuel Haundi, Joanagorri, Joanito Zaparro, Juanito Koju(a), Katalingorri, Manuel zahar, Tomasa Handi, Txomin Zatar; frantses-txiki, hargin-txiki.

d) Anton Bekozko, Anton Guzurretxe, Garazi Gerrieder, Gaxuxa Mokobipil, Liño Ankabakar, Mari Begiluze, Mikel Eleder, Peru Ilegorri, Tomas Txorimalo, Teresa Kaskazuri.

e) Mari-apain, mari-atso, mari-bandera, mari-bihurri, mari-gorri, mari-matraka, mari-mutil, mari-sorgin, mari-sukalde, mari-zikin.

f) Artobero, Begi-txiki, Esnepel; Ardauzuri, Sardinzar; Lapikotxu; Moldagaitz.

7.2.9b Morfologia osaerari dagokionez, pertsona izen propioa dute lehen osagai horietako gehienek; azken-aurreko azpisaileko Mari ere izen arrunt bihurtu den izen propio orokortutzat har daiteke. Bigarren osagaia da goiko bost azpisail egiteko bide ematen duena. Lehenengo atalekoek izen arrunta dute bigarren osagai, nahiz izengoitiaren barruan egonik letra larriz eman; bereiz idazten dira mota honetako izengoitiak. Bigarrengoek, eskuineko osagaia leku izen propioa izanik, pertsonaren jatorria adierazten dute; hauek ere bereiz idaztekoak dira. Hirugarren azpiatalekoek, bigarren osagaia adjektiboa izatea dute ezaugarri; lehen osagaia, berriz, izen propioa da gehienetan, baina batzuetan leku izena aurkituko dugu (hau da, pertsonari izengoitia ematerakoan jatorrizko herria hartzen da hura izendatzeko), beste batzuetan pertsona izena.

7.2.9c Badira adibide gutxi batzuk izen arrunta edo adjektiboa dutenak lehen osagai, dela lanbidea adierazten duena, dela jatorria, gentilizioa. Laugarren atalekoak “izen propio + adjektibo” modukoak dira batzuetan (adjektiboa bahuvrihi moduko elkartua da ia beti, § 8.2.2), eta “izen propio + izen” modukoak besteetan. Mari lehen osagai dutenak bereizi ditugu beste azpisail batean; esan bezala izen arrunt bihurtu dela esan daiteke (hala erakusten du Euskaltzaindiaren Hiztegiak ematen duen definizioak, “zenbait izenen edo izenondoren aurrean ezarririk, emakumeak erdeinuz izendatzeko erabiltzen den hitza”). Horregatik idazten da letra xehez eta hitz elkartua bera oro har marraz loturik, edo bi osagaiak elkarturik (marizikin).

7.2.9d Eta azken azpisail bat egin dugu izen elkartu arrunt edo izenondo elkartu egiturako izengoitiekin. Batzuek adjektibo “bahuvrihi”en parekoak dira78, hots, [izen+izenondo] elkartuak, berez adjektibo kategoriako behar luketenak (§ 8.2.2), baina izen propio gisa erabili direnak: Ni oker ez banago, bi orduko lanean Ondartzak Begi-Txikiren doble belar ebaki bear zin (Tx. Garmendia); Nik eztot ezer ikusi —erantzun eban Lapikotxu, Esnepelen txalopakoak— (Agirre). Beste batzuetan izen kategoriako ‘hitz-andana ihartua’ (§ 7.2.11) da goitizena emateko baliatu dena, izen propio gisa: Gizadi ona, gazteri indartsua: Ardauzuri, Gatzbako, Moldakatx, Artobero, Kaiua, bere seme Anjel (Agirre); Sardinzarrek, ardantegian, bere semea laster da ondo ezkonduko zala esan ei eban (Agirre). Badira, besterik gabe, izen arrunt soilak ere goitizen moduan ageri direnak, aurreko adibideko Lapikotxu nahiz Kaiua esaterako. Edo adjektibo elkartuak, Gatzbako ‘gatzgabe’, Moldakatx ‘moldagaitz’ (§ 8.2.4).

7.2.9e Izen propioak direnez, Peru Abarka, Etxahun lruri eta Garazi Gerrieder modukoak mugagabean joan ohi dira normalean: “Martin Txilibituk esan du”, “Garazi Gerriederren irribarrea”. Izengoiti elkartu hauen emankortasuna aztertzean, ikusten dugu bizi-indarrik ez zaiela falta, gaur egun79: Matxin Burdin (Martin Fierro-ren itzulpen ezaguna), Antonino Apreta, Kandido Txapuza, Simon Besaluze, Santi Nonzebarri, Satan Bihotz-txiki. Emankorrak gertatzen ari dira, gainera, pareko erdal izengoiti ezagunak euskaraz emateko orduan, Euskaltzaindiak arautu dituen pertsona-izenak aztertzean ikus daitekeen bezala80: Adalberto Garailea, Alberto Artz(a), Alberto Handia, Alfontso Ausarta, Alfontso Konkistatzailea, Alfontso Mendakaria, Alfredo Handia, Antso Azkarra, Dionisio Nekazaria, Eduardo Ele-ederra, Eduardo Zaharra, Erik Aizkora Odoldua, Erik Gorria, Karlos Gaztea, Rikardo Lehoi bihotz(a) (erregea), Federiko 1 Bizargorri(a) (enperadorea), Filipe Zuhurra, Fernando Zuzena, Artaxerxes Eskuluze(a), Karlos II Burusoil(a), Enrike Txori-ehiztari(a), Juan Lurgabe(a), Walter Landerra. Erdi Aroan ere baziren euskaraz hauen parekoak: Domingo de Behorburu, Garzia Hartzburu. Izen elkartu arrunt edo adjektibo elkartu egiturakoak dira, berriz, amerindiar buruzagien izenak emateko arautu diren beste hauek: Adar Berde, Belatz Beltz, Bele Txiki edo Bufalo-konkor.

Ikus honetaz Euskaltzaindiaren 180. araua: “Goi Erdi Aroko pertsona-izenak. Germaniar jatorriko pertsona-izenak”, Azkoitian 2015eko martxoaren 27an, eta Baionan 2015eko ekainaren 26an onartua. Euskaltzaindiaren 181. araua: “Erdi Aroko pertsona-izenak”, Iruñean 2016ko irailaren 30ean eta Donostian 2016ko azaroaren 25ean onartua. Euskaltzaindiaren 186. araua: “Atzerriko pertsona-izenak. Grafia-irizpideak. Errege-erreginen eta kidekoen kasua”, Gasteizen, 2017ko urriaren 27an onartua. Euskaltzaindiaren 189. araua: “Amerindiar buruzagien izenak”, Gasteizen, 2018ko martxoaren 22an onartua.

7.2.9f Hala ere, hauxe irakur daiteke Hitz-Elkarketa/1 liburuan: “beren burua euskalduntzat duten askok eta askok (bizigunez, lanbidez edo adinez erdararen erasana gogorrago jasaten dutenek bereziki) nekez sortzen dituztela era honetako esaerak: Pipi calzaslargas bat mingain-puntanago sentitzen badute Periko Metxala edo Olentzero Begigorri baino, ez da euskal eraikuntza sintagmatiko hori erdarazkoa baino korapilatuagoa delako, hiztun horiek erdal kontzeptu-sareak eta irudi-munduak kolpatuago daudelako baizik: Ramos Azkarate «Galtzaundi»-ren garaian baino agitz kolpatuago, nolanahi ere” (215).

7.2.10. Izen elkartu exozentrikoak: astaputz, artaburu, babalore, txoriburu; artabero, oilobusti…

7.2.10a Lehen begiratuan, bi izenez osatutako mendekotasunezko izen elkartutzat hartuko genituzke astaputz, artaburu, babalore, txoriburu eta abar (§ 7.2.2.2) eta badute irakurketa hori ‘astoaren putza’, ‘artoaren burua’, ‘babaren lorea’…, baina bada beste irakurketa bat ere, batzuetan gainera lehenengoari nagusitu zaiona: artaburu adj. ‘argi gutxiko pertsonaz esaten den irain hitza’, txoriburu ‘buruarina, zentzu gutxikoa’, babalore ‘ergela’ eta abar. Bigarren irakurketa honek erakusten digu burua ez dagoela bi osagai hauetatik batean, kanpoan baizik; mendekotasunezko izen elkartuetan ez bezala, ez da bigarren osagaia izen elkartuaren ezaugarri gramatikal eta semantikoak ematen dituena. Astaputz ez da ‘putz’ mota bat, perretxiko mota bat baino; artaburu ez da ‘artoaren burua’, ez eta babalore ‘babaren lorea’ edo txoriburu ‘txoriaren burua’, hiztegiko definizioek erakusten duten moduan. Mota honetakoak dira, aipatu ditugun adibideez gain, astapotro, astapistola, astazakil, astolerdo, eltze-kirten, gezur-hitz, golde-mutur, hitzontzi, kakanarru, oliontzi, pitxilore, tipulaburu, edo zerriburu. Bestalde, hitz elkartu hauetako osagaiak izenak dira, baina elkartu osoaren kategoriatzat adjektiboa ematen dute hiztegiek, eta hala erabiltzen ditugu ahoz eta idatziz ere81. “Artaburu, morokil, borono, arlote” ta holako lora mingarriak bota deutsaguzala (Zarate); Gu beste guztiok astakirtenak garela (Kirikiño); Hau mutil hitzontzia! (Etxaniz); Eta hik tipula buru horrek jakin dezaan, harena duk edozein lehendakari ganorazkok beretzat apartatzen duen birjina sail bat (X. Amuriza “Larraun”).

7.2.10b Izen + izenondo egiturakoak dira, berriz, beste hauek: artabero, oilobusti. Osagaien kategoria kontuan hartuz gero, batetik ondoren aztertuko ditugun hitz-andana ihartuen (§ 7.2.11) egitura berekoak direla esango genuke; baina hitz-andana ihartuak izen kategoriakoak dira (udaberri, artelatz, zorion…), eta hemen jaso ditugunak izenondo balioan erabiltzen dira. Oakit emendik, artabero! (Etxaniz); Oilo busti eta zainik ez odol gorri xortik ez duten batzuek (Hiriart-Urruti).

7.2.10c Azkenik, badira izenondo kategoriako lehen osagaia dutenak ere, eder-ispilu, handiputz, harroputzOrra gure eder-ispillu (Etxaniz); Sinisten det andiputztxoa da ta (Urruzuno).

Nekez esan daiteke, ordea, hitz elkartuak sortzeko eredu emankor bat dagoenik hemen. Zehatzagoa da esatea jatorriz mendekotasunezko izen elkartu direnak, inoiz bestelako egiturak ere bai, bigarren irakurketa metaforiko bat-edo izan eta pertsonei buruz predikatzen diren izenondo bihurtzen direla.

7.2.10d Autore batzuek (Perez Gaztelu, Zabala eta Gràcia 2004) exozentrikotzat hartu dituzte sintaxian jatorria duten beste hauek ere: bostortz, ehunzango, lauburu… Zenbatzaile + izen segida sintagmei dagokie (zenbatzaile sintagmak izan ohi dira), baina adibide horiek izenak dira; hau da, funtsean, hurrengo puntuan aztertzen diren “hitz-andana ihartuak” dira (§ 7.2.11). Hauetan, ordea, burua ez da ‘hortz’, ‘zango’ edo ‘buru’; burua bi osagaietatik kanpo dago. Horregatik har ditzakegu exozentrikotzat.

7.2.11. Hitz-andana ihartuak: udaberri, mutilzahar, frantses porru, etxekoandre, Erromako zubi, aitoren seme

7.2.11a Bi modutako egiturak aztertuko ditugu, nagusiki, ‘hitz-andana ihartu’ deiturapean82: batetik, ‘izen + adjektibo’ segidak —frantses porru, mutil zahar, udaberri…—; bestetik, ‘izenlagun + izen’ segidak —Erromako zubi, etxekoandre, aitoren seme—. Biak ala biak dira, funtsean, sintagma egiturak; ez dira egitura lexikoak, ez dira berez hitz elkartuak. Izan ere, hitz elkarketa definitzean esan dugu bi kategoria lexiko elkartzen ditugula beste kategoria lexiko bat sortzeko. Baina etxeko, Erromako edo aitonen ez dira kategoria lexikoak. Egiturari dagokionez, parekoak dira etxekoandre eta etxeko gela, Erromako zubi eta Erromako basilika. Berdin gertatzen da ‘izen + adjektibo’ egiturekin ere; sintagmak dira jatorriz (adjektibo sintagmak), uda bero edo mutil gazte bezalaxe. Horrexegatik deitu zaie “compuestos sintagmáticos” edo “compuestos impropios” ere (Perez Gaztelu, Zabala eta Gràcia 2004); izenak berak argi adierazten du zalantzan jar daitekeela morfologian sortuak direla, aitzitik, izen elkartuekin zenbait ezaugarri partekatu arren, sintaxian dute jatorria.

7.2.11b Zergatik aztertu, orduan, izen elkartuen artean? Sintaxian sorturiko egitura horiek ihartu eta izen moduan funtzionatzen dutelako. Ihartze-bidearen norainokoa neurtzeko, hainbat irizpide hartzen dira gidari:

Lehenik, argi dago izen moduan funtzionatu ahal izateko, jatorrizko sintagma horietako osagaiak iharturik geratzen direla, ezin dutela, bakoitzak bere aldetik, modifikatzailerik hartu83. Etxeko andre eta etxeko ate itxuraz parekoak izan arren, bigarrenak onartzen du etxeko hiru arte; ez, ordea, *etxeko hiru andre (ez, behintzat, ‘etxea zuzentzen duen emakumea, gehienetan familiako ama’ adieran). Argi ikusten da aldea beste perpaus honetan ere: herriko etxe guztiak erre ziren azken gerratean, Herriko Etxea izan ezik. Beste horrenbeste gertatzen da ‘izen + adjektibo’ egituretan: uda bero eta sargoria / *udaberri eta sargoria (lehenean koordina daitezke adjektiboak, baina ez bigarrenean).

Hitz-andana ihartuetako esanahia ere ez da konposizionala, ez dagokio bi osagaien esanahien baturari: aitoren seme, abelgorri, buztingorri, hitz neurtu, minbizi

Bi osagaien amalgama morfologikoa (Gabon, abelgorri) edo fonologikoa ere gerta daiteke, eta hitz-andana ihartu hori azentu bakarraz ahoskatu.

Badira, azkenik, zeharo iharturiko formak (zipotz < ziri+motz, izotz < ihintz+hotz…); filologoak bakarrik jabetzen dira zein den jatorria84.

7.2.11c Esan bezala, bi egitura-mota ditugu hitz-andana ihartu hauen iturri. Izenlagun+izen (batzuetan izen+izenlagun) motakoak dira honakoak: etxekoandre, herriko etxe, aita ponteko, aingeru guardako, Erromako zubi, aitoren seme, Gernikako arbola… Gehienak, ordea, izen+adjektibo (batzuetan adjektibo+izen) egiturakoak dira:

abelgorri, ardanberri, bidezidor, buztingorri, eleberri, emagaldu (partizipio/adjektibo kategoriako bigarren osagaia duena), galtza motz, gaztanbera, gerra hotz, gosari txiki, ilbeltz, hitz neurtu, minbizi, mutil zahar, neska zahar, udaberri, umegorri, urre-bizi, urregorri, urrezuri, Urte Berri, Urte Zahar, zorigaitz, zorion, zoritxar; frantses porru, frantses arbi, nafarreri, zehar-haga

7.2.11d Beste hizkuntza batzuetan ere badira halakoak; hain zuzen ere, beste hizkuntza batzuetako hitz-andana ihartuak hitzez hitz harturik osatu ditugu hor goiko galtza motz, gerra hotz, eta baita beste hauek ere: basati ona, Gurutze Gorria, Ostiral Santua, Pantera Beltzak, Etxe Zuria, Errege-erregina katolikoak, Estatu Batuak, Itsas Gorria, Ekialde Hurbila, Herbehereak, Lehen Ministro. Zaharragoak ere badira euskaraz: Testamentu zahar, Testamentu berri, txakurtxiki, txakurrandi… Egitura honetako izengoitiak ere ikusi ditugu (§ 7.2.9).

7.2.11e Sintagma egitura dute zenbatzaileaz gehi izenaz osatuta dauden beste izen hauek ere: bostortz, ehunzango, hamalauzango, hiruadar, hiruhortz, lauburu… Buru morfologikoa eta esanahia kanpoan dituztenez —‘bost hortz dituen tresna’, ‘lau buru dituen gurutzea edo ikurra’, etab.—, exozentrikotzat hartu dituzte gramatikari batzuek (Perez Gaztelu, Zabala eta Gràcia 2004); Hitz-Elkarketa/3 lanean, berriz, bahuvrihi elkartutzat hartzen dira, duten adieragatik. Baina bahuvrihiak, azken batean adjektibo elkartuak dira, adjektiboa buru duten elkartu endozentrikoak (§ 8.2.2); beraz, nekez sailka daitezke hiruadar edo hiruhortz izenak bahuvrihi motako elkartuen artean.

51 Argibide zehatzagoak edo hemen ematen ditugun adibideen testuingurua ikusi nahi dituenak jo dezake Hitz-Elkarketa/1 (1987: 151-175) argitalpenera.

52 Ohart gaitezen, hala ere, ‘animalia’ kategoria zabala baino bikote estuagoak ageri direla adibideetan: animalia mota berekoak (ardi-bildotsak), etxeko animaliak (zakur-katuak), ukuilukoak (behi-idiak) eta abar.

53 Ikus Jacobsen (1982).

54 Argibide gehiagotarako ikus Azkarate (1990b: 174-190); Hitz-Elkarketa/3 (1991: 77-99); Perez Gaztelu, Zabala eta Gràcia (2004).

55 Alderantziz ere uler daiteke, zerbitzaria da izendatu nahi duguna, eta zerbitzari horri neskatila ezaugarria gehitzen diogu.

56 Ikus Azkarate eta Perez Gaztelu (2014).

57 Azkaratek eta Perez Gazteluk (2014) corpus zabala sailkatu zuten eta adibidetegia osorik eman. Xehetasun ugari aurkituko ditu han informazio gehiagoren bila dabilenak.

58 Adibide eta xehetasun gehiago nahi dituenak Hitz-Elkarketa/2 liburura jo dezake.

59 Ikus Perez Gaztelu (2004); Azkarate eta Perez Gaztelu (2014).

60 Bereizketa argi ikusten da, adibidez, gaixo hartuta. Gaixo adjektiboak badu ‘eri’ adiera (egoera predikatua), eta baita ‘gajo, errukarri’ (izaki predikatua) adiera ere. Gaixoaldi elkartuan lehen adiera hartzen da kontuan, ‘osasunik gabe egoten den aldia’; ez ‘errukarri edo gajo zaren aldia’.

61 Ikaste+aldi, ikuste+aldi ere izan daitezkeenak, bai eta erakuste+aldi ere.

62 Euskaltzaindiaren sailkapenean leku-denborazko mugakizunen artean ageri den arren, eta izen kategoriako lexemetan ageri den arren (barrunbe, errape, estalpe, giltzape, ilunbe, kerizpe…), nekez aurkituko dugu bera bakarrik izen balioan. Gainera, izen propioekin ere aurki dezakegu toponimian eta onomastikan: Loretope, Altube, Haizpe, Ospitale-Pea, Sarrikota Pea

63 Izen elkartuen eta postposizioen arteko aldeaz, ikus Azkarate eta Perez Gaztelu (2014); Odriozola (2004b).

64 Erraz uler daiteke ‘udareak ematen dituen arbola’, ‘ondorioa’ edo ‘emaitza’ erlazio semantikoaren adibidetzat.

65 Ikus Hitz-Elkarketa/3 (1991: 63-74), Perez Gaztelu, Zabala eta Gràcia (2004).

66 Hitz elkarketa lantzeko sortu zen corpusean bildutako forma da. Euskaltzaindiaren Hiztegian arautu den edalontzi izenak edari + ontzi osagaiak ditu (Behi-esne motakoa da, beraz). (Edari > edal- aldaketa argitzen duten hots legeetarako, § 3.3e).

67 Osagaiak erakuts + aldi izan daitezke, baina baita aditz izena ere: erakuste + aldi.

68 Izen kategoriakoa.

69 ‘Gogo’ adierakoa.

70 Behar izan, nahi/gura izan eta uste izan aditzek, gainera, onartzen dute -ko prospektiboa zuzenean lotzea (beharko, gurako, nahiko, usteko); gainerakoetan izan laguntzaileak hartzen du marka hori: asmo izango du, beldur izango da eta abar (§ 23.4.1a).

71 Hitz-Elkarketa/3 eta Hitz-Elkarketa/4 liburuetatik hartuak dira adibideak.

72 Ikus Hitz-Elkarketa/3 (1991: 89-99); Odriozola eta Perez Gaztelu (2002).

73 Ikus honetaz Euskaltzaindiaren 109. araua: “Komunztadura aposizioetan”, Bilbon, 2001eko ekainaren 29an onartua.

74 Antton Gurrutxagaren txostena, “Izen berezia + (-en) izen(a) egiturako terminoak”, Euskaltzaindiaren 2013/05/25eko osoko bilkuran onartua.

75 Euklidesen postulatuak, Goldbachen aierua, Riemannen hipotesia, Russellen paradoxa…

76 Azken urteetan sortuak dira horrelako asko, publizitatearen harira, besteak beste. Ikus postaria-n izandako iritzi-trukea proyecto estrella euskaraz nola eman. (https://postaria.com).

77 Hitz-Elkarketa/1 lanetik hartuak dira adibideak (1987: 209-216, 445-450). Lan horretan Peru Abarka izena eman zitzaion elkartu mota honi.

78 Hitz-Elkarketa/1 lanean astaputz moduko elkartuetan aztertu ziren, hau da hemen elkartu exozentrikotzat hartu ditugunekin batera (§ 7.2.10). Baina adibideetan argi ikusten da izen propio balioa dutela eta horregatik ikusi dugu egokiago izengoitiekin batera ematea.

79 Gaur egun bakarrik ez. Aspaldiko ohitura izan da izengoiti elkartuaz baliatzea, Erdi Aroko nafar dokumentuak lekuko. Peru Abarka modukoak dira garai horretako Garindo Aketza (grafia euskara batura egokitu dugu), Eneko Behia, Garzia Erlea, Tota Zerria, Semen Zapata, Juan Orti Sudurra… Beste hauek, berriz, Mikel Eleder elkartuaren egiturakoak dira: Domingo Burugorri, Berasko ahozabala, Elbira Mutil Ederra, Domenka begi urdina…

80 Aipatu egituretako izengoitien zerrenda luzea aurki daiteke ondoren aipatzen diren arauetan.

81 Perez Gazteluk, Zabalak eta Gràciak (2004: 152) ere adjektibo elkartu exozentrikotzat hartu dituzte txoriburu edo hitzontzi. Bi izenez osatuak egon arren, hortik sortzen den elkartua adjektibo kategoriakoa izatea da, hain zuzen ere, izaera exozentrikoaren frogatzat hartzen dena.

82 Elkartu hauetan sakontzeko, ikus Hitz-Elkarketa/3 lana, edo Perez Gaztelu, Zabala eta Gràcia (2004).

83 Lexikalizazio bideez ikus Contreras eta Suñer (2004).

84 Orain arte aztertu ditugun ereduen arabera sorturiko hitz elkartuak (morfologian sortu direnak) ere lexikaliza daitezke: oilarite, okin, harakin, zaldun, hazkura, hantuste… Ikus Hitz-Elkarketa/3 (183-185).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper