Euskararen Gramatika

8. Morfologia lexikoa: hitz elkarketa (II)

8. Morfologia lexikoa: hitz elkarketa (II)

8.1. Hitz elkarketa. Adjektibo elkartuak (I). Adjektibo dvandvak

8.1a Izen elkartuetan bezala, bi multzo handi bereiz ditzakegu adjektibo kategoriako hitz elkartuetan ere osagaien arteko erlazioaren arabera: adjektibo dvandvak —maila berean dauden bi adjektibo elkartzetik sortzen direnak—, eta mendekotasunezko adjektibo elkartuak, hau da, burua eskuinean dutenak. Ezkerreko osagaia izan daiteke izena nahiz aditzoina, eta bi osagaien arteko erlazioa, berriz, ‘modifikatzaile-buru’ zein ‘osagarri-buru’ motakoa (§ 3.3b). Azter ditzagun banan-banan adjektibo elkartu motak.

Izen elkartu dvandvetan maila berean dauden bi izen elkartzen ditugun modu berean (§ 7.1.2), adjektibo dvandvetan bi adjektibo elkartzen ditugu beste adjektibo bat sortzeko. Elkartu dvandvetan, ordea, ez da nahikoa osagaiak kategoria berekoak izatea, nolabaiteko zerikusia, lotura, ere behar dute. Nekez osatuko dugu zuri-lodi adjektibo elkartua, eremu semantiko desberdinetakoak baitira zuri eta lodi. Euskaraz, eta beste hizkuntza batzuetan ere, atal berezia osatzen dute kolore-dvandvek, koloreen erdi-bideko nahas-formak edo izendatzen dituztenak. Antonimia erlazioa atzemango dugu, ostera, zapore-dastamenari buruzko adjektiboek osatzen dituzten dvandva egiturako elkartuetan: ezti-mingots, gazi-geza, gozo-mikatz, garratz-min. Baina, adierari dagokionez, bestelako esanahiaz hornituriko adjektibo dvandvak ere aurki ditzakegu (txiki-borobil, estu-mehar). Multzo berezia osatzen dute, hala ere, nafar-euskaldun, frantses-euskaldun moduko elkartuek, ez baita erraza adiera zehaztea, ‘nafar eta euskaldun’, ‘frantses eta euskaldun’ moduan ulertu behar diren, ala ‘nafarra den euskalduna’, edo ‘frantsesa den euskalduna’ adierazten duten. Horrexegatik esaten zen Hitz-Elkarketa/1 lanean (1987: 169) pentsa daitekeela dvandva egiturako elkartuak baino areago mendekotasunezko elkartu modu (bereziren) bat ez ote diren85.

8.1b Koordinazio mailako harremana dute adjektibo dvandvetako osagaiek, nahiz tarteka tautologiak ere aurki daitezkeen, busti-palatal, lohi-deshonesto… Bestalde, izen dvandvek bikotea (edo bitik gorako multzoa) adierazten dutela esan dugu (§ 7.1.2c); adjektibo dvandva hauek, berriz, izaki bakar baten ezaugarri bi (edo gehiago) adierazten dituzte. Argazki zuri-beltz bat argazki bat da, izaki bakarra hortaz, “kolorez” zuria eta beltza dena.

Emankortasunari dagokionez, ugariak dira horrelako adjektibo elkartuak euskal literaturan:

alfer-nagi, bero-indartsu, busti-palatal, estu-mehar, elkor-aspergarri, eder-garbi, eder-galant, ezti-mingots, galdu-galgarri, garratz-min, gazi-geza, geza-mingor-mutu, gorri-beltz, gozo-mikatz, hori-berde, hori-beltz, hotz-gogor, latz-min, leun-arin, more-beltz, nagi-epel, samur-bigun, txiki-borobil, txuri-urdin, zehatz-garbi, zindo-fin, zuri-beltz, zuri-gorri

Zerk aratza hor alfer-nagia? (Axular); Ez dio geroz ibiltzen utzi nai, aragi bero-indartsuak eragin oi ziozkan urratsetan (Mendiburu); Kontsonante busti-palatalen grafiaz Euskaltzaindiaren erabakia (Erdozaintzi-Etxart); Keinuka, gor-mutuen [izen balioan] antzera (Mitxelena); Zirrara ezti-mingotsa zabaltzen digute bihotzean (Mitxelena); Bide latz-gogor honetarako (Mendiburu); Sudur zuloetatik “kandela” hori-berdeak dariola (Zarate); Erreboilloarentzat lagungarririk onenak, lusagar txiki-borobillak dira noski (G. Arrue); Bere sujetaren berri zeatz-garbia jakiteko ordua pasatu zaiolako (Villasante). Bi adjektibotik gorako elkartuak ere era ditzakegu: Txapel txuri gorri urdiñak (J. R. Zubillaga).

8.1c Erdaratiko adjektiboekin ere maiz sortzen dira, gaur egun, bikote adierako adjektibo elkartu berriak. Horrelakoak dira, adibidez: (helburu) didaktiko-pedagogikoak, (filosofo) ateo-materialistak, (teoria) sortzaile-transformatzailea, (garapen) logiko-matematikoa, (kultura) greko-erromatarra, (teoria) atomiko-molekularra, (hizkuntza) fino-hungariarrak, (Inperio) austrohungaroa eta abar. Terminologia beharrek eraman gaituzte ahur-ganbil (gaztelaniazko “cóncavo-convexo”ren ordaina), laun-ahur edo laun-ganbil (hurrenez hurren “plano-cóncavo”, “plano-convexo”ren ordainak) sortzera.

Behin baino gehiagotan izen balioan aurkituko ditugu: Obraren luze-labur osoan (Bozas Urrutia); Luze-zabalean handitu ez ezik, loditu ere egin omen dira (Mitxelena). Ia beti izen balioan erabiltzen da gor-mutu elkartua ere.

Askotan zaila da egiazko adjektibo dvandva den antzematea, edo enumerazio soila: Amaigabeko eztabaida elkor aspergarriak izan dira (Villasante); Izotza galazten du ta izotzak lore samur biguñetan egin lezazkiken kalteak (Nekazaritzako Irakurraldiak).

8.2. Hitz elkarketa. Adjektibo elkartuak (II). Mendekotasunezko adjektibo elkartuak

8.2.1. Sarrera

Hemendik aurrera aztertuko ditugun adjektibo elkartuetan, mendekotasunezko erlazioa izango da bi osagaien artekoa. Eskuineko osagaia, adjektiboa, izango da burua (hitz elkartu osoari kategoria ematen diona) eta ezkerreko osagaia, berriz, harekin modifikatzaile edo osagarri harremana izango duena. Izen elkartuekin egin bezala, osagaien kategoria eta bien arteko harremana hartuko ditugu kontuan azpisailak egiteko.

8.2.2. Bahuvrihi motako adjektibo elkartuak

8.2.2a Hitz elkartu posesibo ere deitu izan zaie elkartu hauei86, adjektibo elkartuak adierazten duen ezaugarria ‘duen’ izenaz predikatzen direlako —mutil sudur-luzea ‘sudur luzea duen mutila’ da, etab.— eta maiz egitura exozentrikotzat hartu dituzte hizkuntzalariek87. Hitz elkartua adjektibo kategoriakoa den heinean izen batez predikatzen da, eta horrexek ekarri zuen exozentrikotzat hartzea; ustez burua elkartutik kanpo zegoen izena zela. Gaur, ordea, mendekotasunezko elkartu endozentrikotzat hartzen dituzte gramatikari gehienek: eskuineko osagaia da burua eta horregatik da elkartu osoa adjektibo kategoriakoa. Ezkerreko osagaia, berriz, izen kategoriakoa, batetik buruaren modifikatzailea da; baina bestetik, adjektibo elkartuak modifikatzen duen izenarekin ere badu erlazioa, maiz ‘ezin besterenduzko jabekuntza’ motakoa dena (Perez Gaztelu, Zabala eta Gràcia 2004: 144). Sudur-luze ‘sudurra luzea duen’ norbaitez predikatzen da; beste modu batean esanda, ‘sudurrez luze den’ norbaitez. Besamotz ‘besoa motza duen’ norbaitez esango dugu, edo ‘besoz motz den’ norbaitez eta abar. Aldi berean, sudurra luzea izatea, besoa motza edo begi bakarra izatea pertsona batek betiko dituen ezaugarriak dira, ez dira aldi batekoak. Horixe esan nahi du ‘ezin besterenduzko jabekuntza’ terminoak.

8.2.2b Bahuvrihi elkartuak gehien-gehienetan pertsona edo animalia adierazten duten izenak kalifikatzeko erabiltzen dira; eta horrexegatik adjektibo elkartuko izenak askotan pertsona edo animalien gorputz atalak izendatzen ditu88, horien berezko ezaugarri direnak, alegia; ken edo alda ezinezkoak.

Adibide ugari aurkituko ditugu euskaraz, bai testu idatzietan eta bai ahozko tradizioan ere89:

adarbakar, adar-motz, aho-mehar, aho-zabal, aitzin-xuri, albo-zabal, aurpegi-luze, begibakar, begi-beltz, begi-gorri, begi-ilun, belarri-luze, besamotz, bizar-gorri, buruarin, buru-soil, buru-zuri, eskuzabal, gerri-eder, grauzkio-motz, hankabakar, hanka-luze, hanka-motz, hankarin, ile-harro, ile-kizkur, ipurlodi, ipurtarin, kaskazuri, kirten-motz, kopetilun, lepagorri, lepamehe, lepo-zikin, magal-harro, mingain-luze, moko-fier, moko-fin, musu-gorri, mutur-beltz, mutur-zikin, mutxurdin, odol-bero, papar-gorri, prakerre, sudurmotz, titi-handi, tripaundi, tripa-zikin, txapel-gorri, zain-gorri, zango-makur, zapata-handi

Goraxeago esan dugu pertsona zein animalia adierazten dituzten izenez predikatzen direla horrelako adjektiboak gehienetan. Hala da, baina badira bestelako adibideak ere gure literatura tradizioan, nahiko bakanak izan arren: Leze aho-meharra (Etxeberri Ziburukoa); Pillota-toki albo-zabalean (Lizardi); [etxe txikitxo] aintzin xuri bat (Etxemendi, Lafitte); Erabili dudan eta darabildan hizkuntza, honen bestez, ez da grauzkio-motza grauzkio-gabea baino (Mitxelena). Gaur egun ere emankortasun handikoak dira bahuvrihi egiturak geometrian eta bereziki botanikan, anatomian zein zoologian (triangelu angelu-zuzen, leka hostozabal, gartxu hostozabal, organismo zelulabakar).

8.2.2c Pertsonez predikatzen diren adjektibo diren heinean, erraz onartzen dute izen erabilera (ez, ordea, izen bizigabeez predikatzen direnek): Txapelgorri(ak), txapeloker(ak), belarrimotx(ak). Etzait oraindik azten begibakarren patua (Orixe); Gure begi-alai, buru-zuri txikia (Lizardi). Izen bihurtu dira hauetako batzuk: gibel-urdin, barrengorri (perretxiko motak), papargorri (txori mota)… Askotan horrela sortzen dira izengoitiak (§ 7.2.9): Hankamakur, Prakerre, Sardinzar, edo aipatu berri ditugun txapelgorri, txapeloker

Adjektibo elkartu diren heinean, erraz onartzen dituzte ondoren kategoria horretako oinarria eskatzen duten eratorpen-atzizkiak, -keria, -ki, edo -tasun: bihozberakeria, buruberokeria, eskuzabalki, bihozberatasun, buru-arintasun, gogo-zabaltasun, gogo-zindotasun, hitz-ugaritasun90.

Idazkerari dagokionez, hots aldaketaren bat gertatu denean, elkarturik idazten dira bi osagaiak —besamotz, ipurterre, kaskazuri—. Gehienetan bi modutara eman daitezke, marraz loturik edo elkarturik —gona-motz/gonamotz, gogo-arin/gogoarin…—. Lehen osagaia txistukari afrikatuz amaitzen denean eta bigarrena ere kontsonantez hasi, ohikoa izaten da bi osagaiak marratxoz loturik ematea; berdin gertatzen da lehen osagaia kontsonantez amaitu eta bigarrena h-z hasten denean (edo bestelako kontsonante multzo bereziren bat gertatzen denean bi osagaiak elkartzean): behatz-lodi, bihotz-txiki, kirten-motz, gibel-handi.

8.2.3. Osagarri + buru egiturakoak: lotsagabe, bakezale, begi-mingarri, lotsagaldu(a)

8.2.3a Azpiatal honetan aztertuko ditugu bigarren osagaitzat argumentu egitura duen adjektiboa dutenak; hau da, osagarria eskatzen duten mugakizuna dutenak. Bi egitura-mota bereiz daitezke: zale nahiz gabe adjektiboa bigarren osagai dutenak; adjektibo elkartu sintetikoak (aditzetik eratorritako adjektiboa mugakizun dutenak).

8.2.3b Zale, gabe mugakizun duten elkarketak

Biak dira osagarria eskatzen duten adjektiboak, baina badituzte alde nabarmenak batak eta besteak. Banan-banan aztertuko ditugu, beraz.

8.2.3c Zale mugakizun duten adjektibo elkartuak91

Zale adjektiboak92 eskatzen duen osagarria da ezkerreko osagaia, mugatzailea, kategoria bateko baino gehiagokoa izan daitekeena93. Askotan izen kategoriako mugatzailea da zaleren ezkerrean ikusiko duguna; oso emankorra da egitura hau:

aberezale, abertzale, anekdotazale, apustuzale, ardozale, bakezale, bertsozale, biraozale, dantzazale, diruzale, dotrinazale, edarizale, egiazale, elizazale, emakumezale, emaztezale, errepublikazale, euskaltzale, fuerozale, gerrazale, gizonzale, guduzale, haragizale, idolozale, industriazale, jakintzazale, jainkozale, kondairazale, liburuzale, literaturzale, mutilzale, neskazale, odolzale, okelazale, ospezale, pinuzale, sagardozale, soinuzale, tradiziozale, umezale, zerbeza zale…

Erraz izan daitezke mugatzaile izen elkartuak, hitz-andana ihartuak (§ 7.2.11), edo eta juntagailuaz elkarturiko izenak: ahari-apustu zale, ahari-talka zale, ahuntz-euskara zale, aita santu-zale, aker-euskara zale, kontzeptu eta arrazoi zale, bertso eta bertsolari-zale, betekada eta ordikeria zale, mendigoizaleEsan dezatela nai dutena aker-euskera zaleak (Onaindia). Gaurko literaturan ere erraz aurki daitezke mota horietako adibideak: tomate-zopa zale, Nafar-prehistoria zale, ipuin heroiko zale, UPN zale94

Adjektibo kategoriako osagaiak ere ageri dira tarteka zaleren ezkerrean: erdikoizale, garbizale, ixilzale, txukun zale, zehatz zale. Baina badirudi izen balioan agertzen direla adjektibo horiek (‘ixilaren zale’, ‘garbiaren zale’). Ain da euskaldun jatorra ta garbizalea (Kirikiño); Bere formazioz, beraz, erdikoizale eta zentralista da (R. Arregi); Nixonen bidetik dabilen euskaldun mordo ixilzale zaratatsuari (Mitxelena).

Adberbioa ere izan daiteke mugatzaile, aurrerazale; edo aditz partizipioa, eginzale, jakinzale, jan-edan zale, kiskalizale: Ni ez naiz kixkali-zalea, egin-zalea baizik (I. Alkain eta A. Zavala); Ikazgina, jan-edan zalea, inoiz tximiniatik sartuta sutondoan berotzen dena (San Martin). Areago, sintagma osoa —determinatzaile sintagma nahiz aditz sintagma— ere izan daiteke mugakizun: astiro ibilizale; bere burua erakustezale; kontuak garbi, txukun eta egunean berean eramanzale; guztiak galdu-zale; esaldiari hitz alferrak inausi-zale; izen handi bat irabazi-zale; bidera zitzaizkion nahaste guztietan murgilduzale; ondo bizizale; arraultza jarri zale; gogaiak etorri ahala jaulkitzezale. Moneten inpresionismoko lauko-zale (Bitaño); Alkandora eder, samur edo bigun zale (Mogel); Teoria handi eta solemne zale (Azurmendi); Joko zuzena egin zale (Berria); Ahariei adarrak kendu zale (Aristi); Barbuilaz barbuila ibili zale (Lertxundi); Beti azkena ibili zale (J. A. Arrieta).

Ez da zaila izen balioan erabiltzea zale bigarren osagai duten elkartu hauek, beste adjektibo asko eta asko bezala: abertzale, euskaltzale, mendigoizale

Loturik idazten dira oro har bi osagaiak, salbu bi txistukari elkartzen direnean (edo osagaien juntura ilunen bat gertatzen denean): ardozale, bertsozale, haragizale; arrotz-zale, jolas-zale, marketing-zale, txurrut-zale.

8.2.3d Gabe mugakizun duten adjektibo elkartuak

Adjektiboaren kapituluan diogun bezala (§ 14.9.3), gabe adjektibo berezien artean sailkatu izan da zenbaitetan. Baina gutxitan ageri da bakarrik; gehienetan badu aurretik sintagma osagarri bat. Nolakoa den testuingurua, postposizioa, izena, adjektiboa edo adberbioa ere izan daiteke gabe, nahiz gaurko euskaran gutxiago erabili gabe hori izen gisa. Ohikoa da, aldiz, postposizio balioan aurkitzea, aurretik izen sintagma mugagabea nahiz mugatua (hots, determinatzaile sintagma) har dezakeena, baita partizipioa zein aditz sintagma osoa ere (diru(rik) gabe, zure laguntza berezia gabe, ikusi gabe, inori ezer esan gabe). Adjektibo kategoriako gabe da, ordea, hemen aztergai duguna, “ez duena”, “zerbaiten faltan dena” adierakoa, alegia; osagarriak partitiboa har dezake —dirurik gabea, lanik gabea—, edo hitz elkartu bateko lehen osagaia izan daiteke. Gabe adjektiboa mugakizun duten elkartuetan mugatzailea (osagarria) izen kategoriakoa izaten da, inoiz behin aditza ere bai. Oso egitura emankorra da; bi osagaiak loturik idazten dira, nahiz, salbuespenez marra ere erabil daitekeen (robot-gabea):

adargabe, amagabe, antsikabe, arduragabe, atsekabe, axolagabe, babesgabe, baliogabe, baztergabe, beldurgabe, bidegabe, bihozgabe, burugabe, dirugabe, ditxagabe, dohakabe, erlijiogabe, errugabe, eskergabe, eskolagabe, fedegabe, gogogabe, hobengabe, indargabe, kordegabe, lurgabe, lotsagabe, odolgabe, ondragabe, paregabe, preziogabe, tolesgabe, zentzugabe, zorigabe, zuzengabe

8.2.3e Batzuk izen bihurtu dira, atsekabe, nahigabe, ustekabe. Aditza da lehen osagai ondoko adibideetan: ezkongabe, hezigabe, kutsagabe, osagabe, sinesgabe. Ohikoak dira partizipioa gehi gabe(a) egiturak ere (aurrekoak ere hemen sartzekoak lirateke ziurrenik), esan gabea, ikasi gabea, irakurri gabea, jorratu gabea, landu gabea… Alde honetatik eratorpenaren eta sintaxiaren arteko egituratzat hartzekoak dira, aurreraxeago aztertzen diren ‘partizipioa + berri, partizipioa + arin, partizipioa + zahar’ egiturak bezalaxe. Zenbaitetan guztiz lexikalizatuak diren hitz elkartu adjektibaletan bigarren osagai gisa arrunta da (ikus OEH): artega, donga, eskerga, egoska, inauska, axolagabe eta abar. Ohart gaitezen hizkera doinuak bereizten duela beldurgabe (adjektiboa) eta beldur gabe (izena + postposizioa, § 21.10.2).

Nolanahi ere, gabe adjektiboa nekez ageri da bera bakarrik eta horrek eraman zituen Azkue, Lafitte edo Villasante atzizkitzat hartzera. Askotan, sin- (sinfín, sinúmero, sinvergüenza…), sans- (sans-coeur, sans-culotte, sans-gene, sans-souci…) aurrizkien edo ingelesezko -less (motherless, endless, headless, legless, needless…) atzizkiaren pareko egiturak sortzen dira gabe mugakizunaren bidez (Hitz-Elkarketa/3: 133).

8.2.3f Izena + aditzetik eratorririko adjektiboa: bihotz-altxagarri, lotsagaldu(a)

Adjektibo elkartu sintetiko ere deitzen zaie halako egiturei; izen elkartuetan ere ikusi ditugu hauen pareko egiturak eta han esan dugu bigarren osagaia aditzetik eratorritakoa duten adjektibo eta adberbio elkartuak ere baditugula (§ 7.2.7.1a). Bi mota bereiziko ditugu adjektibo elkartu sintetikoetan: -garri atzizkiaz eratorritako izenondoa bigarren osagai dutenak, eta partizipio/adjektiboa bigarren osagai edo mugakizun dutenak.

8.2.3g Izena + adj[aditzoina+-garri]adj

Balio arazlea duen -garri izango da adjektibo elkartu hauetako mugakizuna osatuko duena; beldurgarri, mingarri, izugarri, edo lotsagarri adjektiboak sortzen dituena, alegia. Atzizkiaren oinarriak inkoatibo/kausatibo oposizioa era dezaketen aditzak izango dira (da/du motakoak, alegia) nahiz [izena+egin] egiturako lokuzioa (§ 5.5.2). Osagarri-buru egiturako elkartuak direnez, mugatzailea, ezkerreko izena, adjektiboaren osagarria izango da. Beste hitz batzuetan esanda, aditzetik eratorririko adjektiboa den heinean, aditz horren barne argumentua da ezkerreko izena. Eta adjektibo elkartuak kalifikatzen duen izena, ostera, aditzoinaren subjektua. Mota honetakoak dira:

aho-gozagarri, arima-galgarri, belarri-mingarri, bihotz-altxagarri, bihotz-berogarri, bihotz-erdiragarri, bihotz-sendagarri, buru-aringarri, buru-hausgarri, etxe-galgarri, herri-kaltegarri, neke-aringarri, osasun-galgarri, plazer egingarri

Etxahunen sentipena zirraragarri, biotz-urragarri, kordokagarri da benaz (Etxaide); Emengo gureari darion xarmadura! Ikuskari biotz-erdiragarria benetan! (Bordari); Hutsetik eta ezjakinetik, tarte-lan eta buru-aringarri hartu zuela berrogei eta areago urteko diruzainak bertsogintza (Goikoetxea Maiza); Neronek ere egiten âl ditut nere motzean zenbait oartxo neke-aringarri al ba litz! (Lizardi); Kastigu latzaguak emoteutsezanak, erri-kaltegarrijak zirianai (Mogel); Barabako eguraldi osasun-galgarriaren ihesi (K. Zabala).

Adibide horietan ‘sentipenak bihotza urratzen du’, ‘bertsogintzak burua arintzen du’ edo ‘ohartxoek nekea arintzen dute’ moduan ulertzen ditugu sentipen bihotz-urragarri, bertsogintza buru-aringarri edo ohartxo neke-aringarri.

Marraz elkarturik nahiz bereiz idatz daitezke bi osagaiak mota honetako elkartuetan.

8.2.3h Izena + partizipioa/adjektiboa

Adjektibo elkartu hauetan adjektibo balioko partizipio burutua izaten da bigarren osagaia. Izan ere, Adjektiboari dagokion kapituluan esaten den bezala (§ 14.5), partizipioak eta adjektiboak badituzte ezaugarri komunak: mugatzailea har dezakete biek, izenaren ondoan erabil daitezke eta baita predikatu gisa ere. Baina esan dugu partizipioak aditzak ere badirela, “partizipioak, nolabait, aditz adjektiboak dira”. Horrexegatik dute, hain zuzen, bi osagaiek ‘osagarri-buru’ erlazioa, aditzek osagarria eskatzen dutelako.

Mota honetako adjektibo elkartuak dira adrenalina jario, asko-jakin, begi-busti, bekoki-zimurtu, beldur-jario, bihotz-zimurtu, buru-jantzi, buru-makurtu, ele-erasan, erdal-jario, etxe-maite, gezur-jario, gogo-landu, gose-pasatu, hitz-jario, lerde-jario, lotsagaldu, muki-jario, uste-galdu: Gure arteko buru-yantzienak (Lizardi); Neskazar uste-galduak orain billa dute (Orixe); Azpeiti Azkoitiko boluntarioak ez dira falso eta gezur jarioak (F. Apalategi); Zaharrago eta hitz-jarioago izaten omen gara, gainera (Mitxelena). Aditzaren barne argumentua biltzen du ezkerreko izenak, mugatzaileak, ’burua jantzia duena’, ‘erdara jario zaiona’, ‘gogoa landua duena’, ‘gosea pasatu duena’ eta abar. Adiera hori dela eta, ‘bizar gorria duena’, ‘beso motza duena’ adierako bahuvrihi elkartuetatik oso gertu daude (eta, hain zuzen ere, bahuvrihi elkartutzat hartzen ditu Hitz-Elkarketa/4 lanak). Behin baino gehiagotan izen balioan ere erabiltzen dira: Emen zegok ezpain-autsi (Azkue); Lotsagaldurik balitz andik aizatzeko (Orixe).

Beste batzuetan, nork argumentua biltzen du ezkerreko osagaiak (adibide horietan kausa —edo ‘baliabidea, tresna’— paper tematikoa hartzen duenak, § 23.3.1b), lehoi gose-minduak, naiko lan bait-zizun gizagaixo erdal-kutsatuak (Lizardi); edo adjuntua, ausardi honi esker onik atera zuen bere “Diario de la Expulsión de los Jesuitas de España” egunkari esku-izkribatua (Goikoetxea Maiza).

Idazkerari dagokionez, bi osagaiak elkarturik, marraz elkarturik eta bereiz ere ageri dira literaturan. Gomendioa marraz elkarturik idaztea da.

8.2.4. Aditzoin + adjektibo egiturakoak: asmaezin, ulergaitz, ulerterraz, sinesgogor, sinesbera

8.2.4a Aditzoinari ezin, gaitz, erraz, bera, gogor adjektiboak elkarturik osatzen diren adjektibo elkartu hauetan bi azpisail bereiz ditzakegu adjektiboaren esanahia kontuan harturik: ezintasuna edo traba adierazten duten ezin eta gaitz95 batetik (emankortasunik gabeko gogor ere hemen sartzekoa litzateke); erraztasuna adierazten duten erraz eta bera bestetik. Adiera dela eta, ‘izaera elkarte’ deitu zaie Hitz-Elkarketa/4 liburuan96. Adjektibo elkartu hauetakoren bat izen bihurtua da, egonezin. ‘Modifikatzaile-buru’ erlazioa dugu horrelako adjektibo elkartuetan:

aldaezin, asmaezin, aseezin, bateraezin, hilezin, integraezin, konformaezin, kontaezin, nekaezin, pasaezin, pentsaezin, sendaezin, ukaezin; aldagaitz, ezagugaitz, gozakaitz, izukaitz, konformagaitz, kontentagaitz, landugaitz, moldakaitz, pairagaitz, sinesgaitz, uxagaitz; entzungor, sinesgogor

adierraz, hautsi-erraz, etenerraz, igaro erraz, irakurterraz, landu erraz, mintzaerraz, moldaerraz, sinesterraz, ulerterraz; isurbera, lizunbera, minbera, samurbera

8.2.4b Inoiz behin lehen osagaia partizipioa ere izan daiteke, saldugaitz, hautsi-erraz, baina salbuespenak dira. Aditzoinak zein motatakoak diren aztertuz gero, ohartuko gara gehienak bi argumentuko aditzak direla, du laguntzailea hartzen dutenak, eta adjektibo elkartuak kalifikatzen duen izena aditzaren barne argumentua dela, ondoko adibideek erakusten duten bezala. Euskara jator eta adierraz bat (A. Arrue); Lanaren kontrola da sindikatuen harmarik gogorrena eta arma hau aldagaitza eta mugatua da (Zehatz); Ari eten erraza badaruake (Mogel); Hauen obrak, edizio kontaezinen bitartez, euskal etxe zahar guztietan aurki daitezke (Sarasola); Arropa berriak jasan-gaitz ditugun bezala (J. Etxepare). Badira, ordea, argumentu bakarreko aditzak ere, da motakoak: aseezin, hilezin, pasaezin, izukaitz, konformagaitzAldagaitz bera ere horrela har daiteke (‘nekez aldatzen da’). Bereziki bera adjektiboaren mugakizuna izaten da argumentu bakarreko aditzoina.

Emankortasunari dagokionez, [aditzoina + ezin] eta [aditzoina + erraz] egiturak dira adjektibo berri gehien sortzen dituztenak. Bereziki emankorra gertatu da lehena lexikoan gaztelaniazko [in- + aditzoina + -ble] egiturako adjektiboen ordain gisa (inolvidable/ahaztezin, incalculable/kalkulaezin eta abar). Gogor eta bera bigarren osagai dituztenak, ostera, ez dute gaur egun bizi-indar handirik. Bi osagaiak elkarturik ematen ditugu idaztean.

8.2.5. Partizipioa + arin, partizipioa + berri, partizipioa + zahar egiturakoak

8.2.5a Adjektibo kategoriakoak dira ondoren aztertuko ditugun egiturak97, baina lehen elementua partizipioa da, ez aditzoina; beste hitz batzuetan esanda, ez da kategoria lexikoa. Horrexegatik hartu dira elkarketaren eta sintaxiaren arteko mugako egituratzat (Odriozola 2004a); Hitz-Elkarketa/3 lanean ere sail berezitzat hartzen dira egin berri(a), irakurri berri(a), hil zahar eta horien antzekoak.

Euskaltzaindiaren Hiztegian begiratuz gero, ohartuko gara berri izen eta adjektibo kategoriakoa izan daitekeela. Horretaz gain, aditzaren era burutuaren ondoren ere erabil daitekeela, ‘duela oso gutxi’ esanahia gehitzen diola. Aditz jokatuaren barruan aurki daiteke azken adiera honetako berrietorri berri da, irakurri berri dut—, edo adjektibo sintagmak osatuaz —liburu irakurri berria, eskuizkribu aurkitu berriak—. Partizipio / adjektibotzat hartzekoak dira, beraz, etorri berri(a), entzun berri(a), irakurri berri(a) eta abar. Honako hauek dira Hitz-Elkarketa/3ko zenbait adibide:

amaitu berri, atera berri, aurkitu berri, bazkaldu berri, bilatu berri, bota berri, bukatu berri, egin berri, ekarri berri, erre berri, esan berri, etorri berri, galdu berri, hasi berri, haur egin berri, hil berri, iragan berri, irakin berri, irten berri, jaio berri, jakin berri, jausi berri, mintzatu berri, ordaindu berri, sartu berri, sortu berri, zozkatu berri, zulatu berri…

Sardina bizi bizia, Ondarrabitik ekarri-berriaaaaa (Azkue); Afrika-Asietako herri askatu berri edo askatasun bidean direnen marmar hotsa (Mitxelena); Emakume aurregin berriak utzi dezakee meza denbora puska batean (Agirre Asteasukoa); Dabillenak alaxe oinez urratuko elur jausi-berria, oraino mei deno (Orixe).

8.2.5b Predikatu funtzioa ere bete dezakete, beste edozein adjektibok bezala (oraintxe dago amaitu berri hogeita hamar pisuko eraikin ederra). Izen balioan erabiltzen ditugu jaioberri edo ezkonberri (aditzoina mugatzaile duena eta, horrenbestez, egiazko adjektibo elkartutzat har daitekeena). Oso antzeko esanahia du hurrenek ere, hilurren (egon). Adjektibo elkartuez gain, postposizio sintagmak ere osa ditzake [partizipioa + berri] segidak: abiatu berri hartan, bekatu egin berrian, errebelatu berrian, hasi berri hartan, jaio berritan… Bereiz idaztekoak dira berri bigarren osagai duten egitura hauek.

Berriren kontrako adiera ematen du egitura hauetan zahar adjektiboak, inola ere hain emankorra ez denak: hil zahar, ibili zahar, jan zahar. Eta badira arin adjektiboa duten bakan batzuk ere: egin-arin, erre-arin, jan-arin, landu-arin. Hitz-Elkarketa/4 lanak erdi-ihartutzat ematen ditu [partizipioa + zahar] eta [partizipioa + arin] egiturak. Haragi erre-arina ari dira jaten (Olarra); Egin arina zagon oraindik (Lertxundi); Baina “hilda dagoela”, gertuko norbait “hilda dagoela”, badirudi ez dagoela sekula hola-ta-hola sinesterik, ez hil-berritan eta ez hil-zaharretan; bizi denaz bai, lasai esaten dugu hori, baina bizia galdu duenaz ez (Segurola).

85 Hau da, frantses eta euskaldun, nafar eta euskaldun moduan ulertu ordez, ez ote den zuzenago pentsatzea euskaldunez ari garela, osagai hori dela burua, eta ezkerrekoak mugatu egiten duela eskuinekoa; ez gara ari edozein euskaldunez, baizik frantsesak direnez, edo nafarrak direnez.

86 Ikus Hitz-Elkarketa/3 (1991) edo Perez Gaztelu, Zabala eta Gràcia (2004).

87 Ikus Azkarate (1990b: 321-324).

88 “Horrexegatik da askotan Bahuvrîhiaren barneko izena bizidunari bakarrik dagokiona, bizidunek bakarrik duten zerbait adierazten duena” (Hitz-Elkarketa/3 1991: 150).

89 Adberbio kategoriako bahuvrihiak ere aipatzen ditu Hitz-Elkarketa/3 lanak, [izena + huts(ik)] egiturakoak. Adberbio elkartuetan jasoko ditugu horrelakoak.

90 Egia da, bestalde, beste irakurketa bat ere egin daitekeela: [buruarin] + -tasun / buru + arintasun eta abar.

91 Badu zalek beste adiera bat ‘lanbidea, ofizioa’ adierazten duena, eta horrenbestez izen kategoriako lexemak sortzen dituena, esnezale, taxizale4.2.6). Hemen ez dugu aztergai ‘lanbidea’ adierakoa.

92 Sarri beste osagai baten eskuinean ikusiko dugun arren, izen balioan ere erabiltzen da ‘zale dena’ adieran: Pistatxo koloreak ere gero eta zale gehiago zituen (Cano); Aditu eta zale askok […] arazoa saihestu eta prozedurak zerrendatzeari ekin diote (Arranz).

93 Genitiboaren bidez ere eman daiteke zaleren osagarria: Buru-talka deitzen genion jolasaren oso zaleak ginen (Lertxundi); Giza banakoa ez da trukearen zale izaten (Navarro).

94 EEHtik hartu dira adibideak.

95 Batzuetan hasierako herskari ahostuna ahoskabe bihurtzen da, moldakaitz

96 Xehetasun gehiago nahi duenak ikus dezake Hitz-Elkarketa/3 (121-126).

97 Ikus Hitz-Elkarketa/3 (141-145) eta Hitz-Elkarketa/4 (72-73).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper