21.10.2a Ohiko adberbio batzuek parte har dezakete holako egituretan, hau da, sintagmaburu izan daitezke: alde, fabore, inguru, kontra… adberbiotzat hartu ohi dira, nahiz eta batzuk jatorriz izenak diren.
21.10.2b Adberbio kategoriako PS aske horien osagarria izan daiteke IS soila, datibo sintagma, AdbS, genitibo sintagma, baina baita beste PS bat ere. Batzuek osagarri gisa genitiboa edo datiboa eskatzen dute: NIRE kontra mintzatu ziren; HORMARI kontra bermatu zen; ZURE alde borrokatuko dugu…
Beste batzuek, ostera, DS soila hartzen dute osagarri, absolutiboa, alegia: {Larunbata arte / bihar arte} ez dira etorriko; Bi urte barru lizentziatuko naiz; Ehun mila lagun inguru elkartu ziren. Larunbata eta ehun mila lagun osagaiak IS soilak dira. Arte eta barru, berriz, adberbiozko postposizioak: [PS [ds larunbat-a] -arte] > larunbata arte. Arte-ren osagarria beste adberbio bat ere izan daiteke: bihar arte, gero arte… PS konplexuagoak ere bai: igandera arte; egun handira arte. Eta baita IS bat ere: igande arte nahiz igandea arte (§ 21.10.5).
21.10.2c Arestian aurreratu dugun bezala, barrena, behera, gora, zehar… adberbioak sintagmaburu izan daitezke eta osagarritzat beste PS bat eskatu: Kalean gora joan ziren; Tolosan barrena ibili ginen; Bilbora bidean izan zen ezbeharra. Zehar, barrena, gora, bidean… sintagmaburuak direla pentsa daiteke eta osagarritzat beste PS bat hautatzen dutela: [PS [PS Bilbora] bidean]; [PS [PS Tolosan] barrena]. Lehengoekin alderatuta, diferentzia bakarra osagarrian dago, orain, beste PS bat baitugu: kalean inesiboa, Bilbora adlatiboa, adibidez. Hauen egitura zein datekeen aztertzen hasi beharrik ez da, arbola(ren) gainera eta arbolan gora moduko sintagmek adiera desberdina dutela onartzeko: arbolaren osagaia gainera adberbioaren osagarria izango da. Bigarrenean, aldiz, gora joan predikatua izango genuke lehenbizi eta honen adjuntu edo litzateke arbolan. Alegia, gora joan, eta gero, gora joate honen zehaztapen gisa, arbolan osagaia. Adberbio hauetatik batzuk kokapen izena dute oinarrian: goi > gora, behe > behera (§ 21.10.3).
21.10.2d Beraz, ‘ohiko adberbio’ deitzen ditugun hauek AdbSaren buru izan daitezke, osagarriarekin edo gabe: aparte, gero, gain(era)… [PS (Mundutik) aparte]; [PS (Kalean) behera]; [PS Atzoz gero]; [PS (Olioaz) gainera]… Hauen egitura honakoa da: [PS [PS … -Z] {GERO / GAINERA / APARTE}]. Aparte-ren kasuan, instrumentala ez ezik, [… -TIK] ablatiboa ere hautatzen du osagarri gisa. Orduan, lekuzko adiera nagusitzen da, nonbait: Mugimendu horretatik aparte ibili da maiz. Beste postposizio aske batzuek ere osagarri mota bat baino gehiago onartzen dute (§ 21.10.5).