Euskararen Gramatika

6. Morfologia lexikoa: eratorpena (III)

6. Morfologia lexikoa: eratorpena (III)

6.1. Eratorpena. Atzizki aditz-sortzaileak (-tu)

6.1a Euskal eratorpenaz orain arte esan denaren arabera, sail honetako atzizki bakarra latinezko partizipioari dagokion -tu da, emankortasun handikoa. Berez lema kontuan ez genuke arazorik izan beharko, kontsonante ozenaren (sudurkari eta albokariaren) ondoan herskaria ahostunduz -du aldaera aurki daitekeela bereiziaz. Arazoa, ordea, -katu, -(z)tatu formek aurkezten digute. Atzizki bakarraren alomorfoak ote guztiak? Intuizioz baietz esango genuke; kontua distribuzioa finkatzea da. Villasantek hiru atzizki balira bezala ematen ditu. Ahalegin txiki bat egingo dugu bakoitzaren eremua ezartzeko adierak aztertzen ditugunean.

Bada, dena den, lema eta aldaeren banaketa baino auzi garrantzitsuagoa, Azkueren (1923-1925) lanean dagoeneko ikus dezakeguna. Batetik, euskal gramatikariek zalantzarik gabe -tu (-du) aditz kategoriako hitzak sortzeko atzizkitzat hartu dute. Ez, ordea, atzizki hau bakarrik. Lafittek, aditz bakunak sortzeko eratorpen atzizkien artean sartzen ditu -tu, -i (ikus > ikusi) eta -n (egi > egin), inolako azalpenik eman gabe. Azkuek -tu, -ra eta -i ere zaku berean sartzen ditu, aditz kategoriako unitateak sor ditzaketelako. Egia da hizkuntzaren ikuspegi diakronikoa darabilela azken bi horiek sartzean, aitortzen duelako biak ihartuak daudela. Nolanahi ere, deigarria da partizipio burutua adierazten duten atzizkiak eta gramatikari hauek eratorpen atzizkitzat hartzen dituztenak forma berekoak izatea. Zer esan nahi du horrek, itxuraz berdinak izan arren egiaz bi atzizki desberdin ditugula, bata deribazioan sartzekoa, eta bestea flexioan? Intuizioaren kontrako analisia da hori. Ez hori bakarrik, handi izenondoari -tu atzizki aditz-sortzailea eransten badiogu eta handitu, aditz kategoriako hitza sortu, nola hartzen ditu aditz horrek aspektu markak? Edo bestela esan, zergatik portatzen da ustez eratorpen atzizki den -tu hori aspektu marka balitz bezala? Ez baitirudi alderik dagoenik handi-tu, handi-tzen, handi-tuko eta eratorritzat hartzen ez dugun har-tu, har-tzen, har-tuko formen artean.

6.1b Jokabide honetaz oharturik, gaurko azterketetan (Gràcia et al. 2000; Hualde 2003b) flexioarekin duen gertutasuna azpimarratzen da. Hala ere, eratorpen atzizkitzat hartzen da44 Gràcia eta besteren lanean. Hualdek (2003b) urrats bat gehiago egiten du esatean aditzak aski libreki erator daitezkeela izen eta adjektiboetatik. Eta aditz hauek guztiak -tu motako partizipio burutua duten aditzen sailekoak izaten direla. Honek esan nahi du ez dela -tu aditzak sortzeko baliabidea, -Ø baino. Iritzi berekoa da de Rijk (2008: 150-154), atzizki magikotzat hartzen baitu -tu: adjektiboak eta izenak, adberbio batzuk, -ra postposizio sintagma asko aditzoin gisa aurkituko ditugu maiz, inolako aldaketarik izan gabe. Aditzoin hauek guztiek -tu atzizkiaren bidez osatzen dute partizipio burutua.

6.1c Oinarriaren kategoria izena zein adjektiboa izan daiteke. Izenak dira ondorengo adibideetan oinarriak:

adiskidetu, ahalegindu, aholkatu, akuilatu, aldatu, alfabetatu, amorratu, arduratu, azaldu, aukeratu, azaldu, azpimarratu, babestu, baketu, baztertu, bekaiztu, beldurtu, damutu, dantzatu, drogatu, dudatu, egarritu, egurtu, eratu, etsaitu, fosildu, giltzatu, gizondu, gosetu, haragitu, haserretu, higuindu, hondartu, ikaratu, indartu, inguratu, irrikatu, izoztu, jabetu, kristaldu, lagundu, laiatu, lehiatu, lotsatu, lumatu, loratu, lurrindu, mamitu, metatu, mindu, mugatu, neurtu, orraztu, ozpindu, pozoitu, poztu, puskatu, saiatu, saihestu, sutu, txandatu, umetu, zatitu, zauritu, zigortu, zoriondu…

Aditzaren oinarri izan daitezkeen izenen sailkapena askotarikoa da (Odriozola 2003). Batzuk izen ‘psikologikoak dira, hala nola ardura, beldur, damu, ikara, irrika, lotsa edo poz (aditz psikologikoak edo [izen+izan] egiturako predikatu konplexuak —beldurtu, beldur izan— eratorriko dira horrelako izen oinarrietatik, § 23.2.1.3.4). Beste batzuk pertsona edo materia adierazten duten izenak dira: adiskide, ahaide, apaiz, gizon, ikatz, izotz, lurrun, ozpin, senide, ur. Hirugarren multzo bat osatzen dute osotasun bateko zatia adierazten duten izenak: adar, puska, zati. Leku adierako izenak dira, ostera, alde, azal, bazter, hondar, inguru, edo saihets. Tresna edo baliabidea ematen dute aditzera akuilu, giltza edo orrazi izenek; eguraldia edo urte sasoia, berriz, ateri, negu, sargori edo udaberri izenek. Gertaera nahiz ondorio izenek ere har dezakete -tu; [izena+ egin, eman, hartu] lokuzioetako izenak ere multzo honetan sar daitezke: arnas (hartu), barau (egin), behaztopa (egin), borroka (egin), irrista (egin), lehia, oldar, saio

Adjektiboak ere erraz bihur daitezke aditz -tu hartuta; ia edozein adjektibo (ondorengo zerrendan bat baino gehiago izentzat ere har daiteke) izan daiteke oinarri, bai izaki mailako predikatu direnak, bai eta egoera mailakoak ere (§ 24.3.1):

ahuldu, aberastu, agortu, ahuldu, alaitu, alargundu, antzutu, apaindu, argaldu, arindu, arroztu, ausartu, azkartu, bakandu, berdindu, berotu, berritu, bigundu, bihurritu, biribildu, bizkortu, bortiztu, edertu, egokitu, epeldu, erraztu, eskastu, estutu, freskatu, gaitu, garbitu, gardendu, geldotu, gizendu, gogortu, gorritu, gotortu, handitu, harrotu, haserretu, hoztu, ilundu, isildu, jelostu, joritu, laburtu, laztu, loditu, makaldu, malgutu, mututu, nabaritu, nabarmendu, okertu, ondu, orokortu, pobretu, sakondu, sendotu, sikatu, soildu, trankildu, trebatu, tristatu, txirotu, txukundu, urritu, usteldu, xehatu, zabaldu, zahartu, zehaztu, zikindu, zoratu, zorroztu, zurbildu, zuritu

Adjektibo45 eratorri nahiz elkartuak ere izan daitezke oinarri: axolagabetu, bikoiztu, burusoildu, desberdindu, erdaldundu, etxetiartu, euskaldundu, ezgaitu, hiritartu, hirukoiztu, sentikortu; baita graduatzailedunak ere (biziagotu, handiagotu, txikiagotu). Napoleon garaitua eta gerrekin aspertua, Europa berriro ordenan jarria, Iraultza etxetiartuaren bakea gozatzen da (Azurmendi); Herri karguak betetzeko ezgaitu eta Biztanle kopuruaren galerak dakartzan ondorio larriez informatu eta jendea sentikortu nahi dute kanpainarekin (Berria); Hiritartu zaigu dena, baserri zokoraino, bereziki komunikabide berriei esker (Herria); Garunaren endekapen batek kalte handia eragin zion Raveli azken urteetan, eta afasia arina eragiteaz gainera, erabat ezgaitu zuen konposatzen zuen musika idazteko (Yetano). Harrigarriagoa da, baina gardena aldi berean, bizargorrizuritu ‘bizar gorri zuri bihurtu dena, bizargorri bizarzuri bihurtu dena’: Gerta liteke, ordea, nire lagun bizargorrizurituak arrazoia izatea horretan ere (Joxerra Garzia). Areago, adjektiboarekin batera izenaren modifikatzaile den izenlaguna ere izan daiteke oinarri: bertakotu, gaurkotu, hemengotu; berendu, guretu

6.1d Esanahiari dagokionez, adjektiboa oinarri dutenek, ‘oinarriak adierazten duen izaerako bihurtu, izaera hori areagotu’ ematen dute aditzera. Oinarria izen kategoriakoa denean, ostera, zaila da adiera bakarraz hitz egitea; kasuistika zabala dugu (Gràcia et al. 2000). Batzuetan ‘bihurtu’ adiera dugu (alargundu, haragitu, izoztu, santutu, umetu); beste batzuetan ‘egoera jakin bat, sentimendu bat sortu’ (amorratu, beldurtu, damutu, izutu, ikaratu, mindu, sutu). Horietako asko [izena +egin/eman/hartu] aditz lokuzioen baliokide dira; baita beste hauek ere: dantzatu, egurtu, lagundu, zoriondu… Izenak adierazten duen hori kendu, hori gabeko egoerara iritsi adierazten dute larrutu edo lumatu aditzek. Eta alderantzizkoa, izenak adierazten duenaz bete, hornitu, beste hauek: loratu, lumatu. Oinarriak adierazten duen horretarantz joan izan daiteke babestu, baztertu, saihestu edo zigortu gisakoen esanahia.

6.1e Erregimena, balentzia, aztertuz gero, adjektiboetatik nahiz izenetatik eratorritako aditz gehienak da/du motakoak dira, inkoatibo/kausatibo sailekoak (§ 23.2.1.3.4g). Trantsitiboen, du motakoen, argumentu egitura honelakoa izan ohi da: egilea/kausa (erg.) – gaia/esperimentatzailea (abs.). Aditz psikologikoak dira alaitu, arduratu, harrotu, haserretu, ikaratu, lotsatu, poztu, tristatu edo zoratu. Beste batzuek, ostera, ‘esperimentatzailea’ (erg.) – ‘estimulua, gaia’ (abs.) motako argumentu egitura dute: damutu, deitorat.u, errespetatu, irrikatu23.2.2.5e).

Izenetatik eratorritako asko ere inkoatibo/kausatibo sailekoak dira (beldurtu, damutu, gosetu, ikaratu, izoztu, kristaldu, urtu, zatitu…). Badira du motakoak ere, trantsitiboak, egilea-gaia argumentu egitura dutenak, akuilatu, behaztopatu, giltzatu, laiatu, larrutu, zigortu, zoriondu… Beste batzuk intrantsitiboak dira, da laguntzailea hartzen dutenak: ahalegindu, barautu, mintzatu, saiatu.

6.1f Aspektu lexikoari dagokionez lorpenak (burutzapenak) edo erdiespenak adierazten dituzten neurrian, aditz hauetatik gehienak telikoak dira (Gràcia et al. 2000), amaiera jakina duen prozesua edo gertaera adierazten dute. Baina badira atelikoak ere (aholkatu, babestu, zigortu). Aditz horien sailkapen zehatzagoa egiten du Odriozolak (2003) aspektu lexikoari dagokionez. Izenetatik eratorri aditzen artean batzuek lorpenak edo burutzapenak adierazten dituzte (izoztu, lurrundu, ozpindu, urtu); beste batzuek, erdiespenak (adiskidetu, gizondu, jabetu, umetu § 26.1.4.1a). Adjektiboetatik eratorrien artean, batzuek burutzapen ‘abiakaria’ adierazten dute, hau da, guztiz burutu gabea dena, gehiagora doana; horrelakoak dira, bereziki, graduatzailea hartzen dutenak edo har dezaketenak (biziagotu, handiagotu, larriagotu, luzeagotu, sendoagotu, txikiagotu; ahuldu, bigundu, loditu, txukundu, zurbildu…). Beste batzuek, berriz, lorpen ‘puntukaria’ adierazten dute: antzutu, bikoiztu, isildu, okertu. Eta badira amaierarainoko burutzapena edo lorpena adierazten dutenak ere: agortu, berritu, gaitu, xahutu.

6.1g Postposizio sintagmak ere izan daitezke oinarri. Batetik, -ra, -gana postposizioak: ahoratu, aireratu, alboratu46, argitaratu, atzeratu, aurreratu, azaleratu, azpiratu, barneratu, beheratu, bereganatu, bideratu, bururatu, elkarrenganatu, elkarretaratu, erdiratu, eskuratu, espetxeratu, etxeratu, gaineratu, gogoratu, goratu, hondoratu, itsasoratu, kaleratu, kanporatu, kartzelaratu, konturatu, lehorreratu, lurreratu, oheratu, zeruratu… Oinarriak adierazten duen horretara joan, sartu… adiera izan daiteke guztietan ageri dena, nahiz aditz psikologikoen kasuan (bururatu, gogoratu, konturatu) mugimendua metaforikoa izan. Aditz psikologiko horietan ‘esperimentatzailea’ izan daiteke sintagma ergatiboa (gogoratu du), absolutiboa (konturatu da) zein datiboa (bururatu zaio, gogoratu zaio). Gainerako aditz gehienak da/du motakoak dira, trantsitiboak ‘agente/kausa’ (erg.) – ‘gaia’ (abs.) eredukoak izanik. Beste aditz batzuek ez dute mugimendu adierarik, lexikalizatu egin baitira: argitaratu, begiratu, eguneratu, plazaratu.

6.1h -pe atzizkidun oinarriek ere har dezakete -tu: araupetu, auzipetu, giltzapetu. Mugimendua adierazten dute horrelakoek ere: ‘araupean sartu/jarri’ (‘arau jakinen pean ezarri’ Euskaltzaindiaren Hiztegia, ‘auzipean jarri, auzitara eraman’). Horregatik ez da harritzekoa -pera(tu) formak ere aurkitzea: auziperatu, giltzaperatu, lurperatu. Lanpetu, berriz, ez da gaur aditz balioan erabiltzen, partizipio/adjektibo balioan baino. Aditz trantsitiboak dira ‘egilea (agentea)’ (erg.) – ‘gaia’ (abs.) egiturakoak.

6.1i Beste batzuetan, -z postposizio sintagma izango da oinarri: aireztatu, altzairuztatu, azaleztatu, azukreztatu, balioztatu, begiztatu, berriztatu, beruneztatu, egiaztatu, eguzkiztatu, erroztatu, eskuztatu, idoiztatu, keztatu, koipeztatu, legeztatu, mugarriztatu, oholeztatu, oinazeztatu, ongarriztatu, papereztatu, sariztatu, ureztatu, urreztatu, zilarreztatu… Goraxeago aipatu dugun -tatu aldaera dugu aditz hauetan (§ 6.1a). Aditz horietatik bat baino gehiago azken urteetan sortutako neologismoak dira. Adierari dagokionez, Salaberryk (1856) aipatzen duena, ‘-z hornitu/estali’ alegia, zenbaitetan betetzen dela ikusten dugu, baina ez beti. Bestetik, instrumental marka gabeak dira ondokoak, auhendatu, gezurtatu, hegaldatu, izendatu, segurtatu, tolestatu, ziurtatu. Ez dirudi gainera ñabardura semantiko bereziei zor zaizkienik forma hauek. Balentziari dagokionez, aditz trantsitiboak dira, ‘egilea/kausa’ (erg.) – ‘gaia’ (abs.) egiturakoak.

6.1j Ingelesez kokapen aditz deitu zaie euskarazko etxeratu edo mahaigaineratu aditzen pareko direnei, eta kokagai aditz, ostera, ureztaturen parekoei. Oinarriak postposizio sintagma izateak argi adierazten du ez dela beti erraza kategoria lexikal / kategoria funtzional bereizketa. Edo, beste modu batera esanda, ez direla beti kategoria lexikoak eratorpenaren oinarri direnak (§ 3.1j, § 11.4).

6.1k Adberbioetatik eratorriak. Adberbio soila izan daiteke oinarri, oso ugariak ez izan arren eredu honen arabera eratorritako aditzak: berandutu, hurbildu, urrundu. Edo leku adberbioa: beheititu, gainditu, goititu; atzeratu, aurreratu, beheratu, goratu, kanporatu (-ra postposizioa oinarri duten heinean aurreko multzoan ere eman daitezke, § 6.1g). Leku adberbioetatik eratorriak da/du motakoak edo du motakoak izan daitezke. Trantsitiboak direnean, ‘egilea/kausa’ (erg.) – ‘gaia’ (abs.) edo egiturakoak dira eta amaieraranzko mugimendua adierazten dute (Odriozola 2003).

Askotan -ka atzizkiaz (§ 6.2.3) sorturiko adberbioak izango dira oinarri, adarkatu, aldarrikatu, aztalkatu, harrikatu, horzkatu, lerrokatu, mailukatu, mokokatu, multzokatu, musukatu, oihukatu, sailkatu, txandakatu, zatikatu. Aditz ez-telikoak dira -ka adberbioa oinarri dutenak, du motakoak, egilea-gaia argumentu egitura dutenak. Aditzak, berriz, errepikapen-balioa, iterazioa adierazten du, oinarri duen adberbioak duena, alegia.

Baina beste batzuetan ez dago -ka oinarririk; beraz, -katu osorik hartu behar da atzizkitzat (de Rijk 2008). Hala gertatzen denean, oinarria izan daiteke aditz kategoriakoa, postposizioa, zein adjektiboa: berdinkatu, ibilkatu, ikuskatu, iraulkatu, irudikatu, ordezkatu, parekatu.

6.1l Baditugu, azkenik, kalko hutsez sortuak ere; gaztelaniazko eredua kontuan izanik eratu ditugunak. Zaila da horrelakoetan esanahi lexikoa zein den zehaztea. Horien artean ditugu ezaugarritu, harremandu/harremanatu, lagindu, sukaldatu, txarangatu eta horien gisakoak: Musikari gazte hauek etxean, tabernetan, txosnetan zein gaztetxean urteetan entzundako rock kantu ezagunenen artean aukeraketa egin eta “txarangatu” egin dituzte (I. Barandiaran); Esaldi bakar batean ezaugarritu beharko balitz sozialismoa egokiago izango litzateke giza askapeneko mugimendu bat bezala deskribatzea (X. Mendiguren Bereziartu). Badirudi horien ondoan erraz erabil genitzakeela aditz predikatu konplexuak: harremanak izan, laginak hartu, ezaugarri izan eta abar.

6.2. Eratorpena. Atzizki adberbio-sortzaileak (-ero, -ka, -ki3, -ro, -to)

6.2.1. Sarrera

Euskal gramatikariek jaso dituzten atzizki adberbio-sortzaileak bildu ditugu atal honetan. Baina ez dute guztiek hedadura eta emankortasun bera. -ka eta -ki3 dira orokorrenak, literatura tradizioan eta gaur egun ere maizenik aurki ditzakegunak. Askoz mugatuagoak dira beste biak, -ro eta -to; gaur ihartutzat ere eman ditzakegu (§ 22.2.2).

6.2.2. -ero

Denbora adierazten duten izenei erantsirik ‘maiztasuna’ adierazten du: arratsaldero, astelehenero, astero, egunero, gauero, goizero, hilero, igandero, iluntzero, orduero, urtero. Hori da literaturan eta ahozko erabileran tradizioa duen moldea. Tradiziokoen ondoan, ordea, hedatuz joan da azken urteotan zenbatzaile sintagma ere oinarri hartzeko joera: hamabost egunero, hiru urtero edo hiru hilabetero. Azken egitura hauen ordez, beste hauek dira euskaraz tradizioa dutenak: hamabost egunetik behin, hamabost egunean behin, hiru urterik behin, hiru urtetik hiru urtera, lau urtetatik lau urtetara, lau urtez behin, lau urtetarik behin eta abar.

Ikus honetaz Euskaltzaindiaren 110. araua: “Iraupena eta maiztasuna adierazten duten sintagma zenbatzailedunetan mugatu singularra noiz erabil daitekeen”, Iturenen, 2000ko maiatzaren 26an onartua.

6.2.3. -ka

6.2.3a Oinarriaren gramatika kategoriari erreparatuz, erraz ohartuko gara kategoria bateko baino gehiagoko oinarriak har ditzakeela, baina bereziki izenei lotzen zaiela (izen konkretuei, bizidun zein bizigabeei). Oinarriaren kategoria kontuan hartuz, zazpi multzo bereizten ditu de Rijkek (2008):

a) Egin aditzarekin (edo beste aditz arin batekin) aditz lokuzioa osatzen duten izenetatik sortu ditugu aharrausika, aitarenka, arnaska, arrantzaka, barreka, bultzaka, deiadarka, doministikuka, garrasika, hasperenka, hazka, hoska, iheska, indarka, irrika, keinuka, lasterka, musuka, oihuka, ostikoka, txioka, zotinka edo zurrungaka. Gertaera izentzat har daitezke horietako gehienak.

b) ‘Baliabidea’ edo ‘tresna’ adierako izenak ere izan daitezke oinarri: aizkoraka, arraunka, atzaparka, eztenka, haginka, hozka, makilaka, ukabilka, zirika eta abar.

c) ‘Lekua’ adierazten duten izenak dituzte oinarri beste adberbio hauek: alboka, aldamenka, atzeka, aurreka, gibelka, han-hemenka, saiheska.

d) ‘Esateari’ lotua dagoen esanahia hartzen du adberbioak honako adibide hauetan: baiezka, ezezka, berorika, hika, ongi etorrika, otoika, zuka. Askotariko oinarriak ditugu adberbio horietan: adberbioak (baietz, ezetz), izenondoak (berori, hi, zu), aditz sintagma (ongi etorri)… Hemen sartzekoa da omenka ere, omen izena oinarri duena (§ 23.5.3.2e).

e) Zenbatzaile kategoriako oinarria —banatzaileak barne direla— dute banaka, binaka, bosnaka, ehunka, hirunaka, milaka eta abarrek.

f) ‘Kantitatea’ adierazten dute -karen oinarri diren beste izen batzuek: aldraka, apurka, bihika, izpika, pilaka, pitinka, sailka, saldoka, taldeka, tantaka, zatika… Kuantifikazio izenak (§ 12.3.5d) dira hor oinarri ditugunak, direla hesitzaileak (aleka, izpika, xerraka, zatika), direla neurri izenak (kiloka, litroka, metroka) edo multzo izenak (multzoka, pilaka, taldeka).

g) Denbora tartea adierazten duten aldi, arte, aste, egun, epe, hilabete, ordu, urte eta horrelakoak ere izan daitezke -ka atzizkiaren oinarri: asteka, egunka, urteka

6.2.3b ‘Leku’ adierakoak dira postposizio sintagma hauek ere: atzera(ka), aurrera(ka), behera(ka), gora(ka). Erdialdeko euskalkietan ezagunak dira unibertsitateraka edo etxeraka modukoak ere.

Salbuespenak izan arren, adjektiboekin (herrenka, isilka) eta aditzekin ere ager daiteke -ka (esaka, joka, bereziki hitz elkartu sintetikoetan aho zabalka eta abar, § 9.4.3). Modu adierako adberbioak sortzen dira.

6.2.3c Oinarriaren arabera, -ka hitzek ere askotariko kategoria izan dezakete: zenbatzailea (milaka lagun, dozenaka liburu), aditza (musukatu, harrika egin), adberbioa (bultzaka sartu, saldoka atera, tantaka erori) eta erdialdeko euskalkietan, postposizio sintagma (etxeraka, unibertsitateraka). Ezaugarri horrek eraman gaitzake pentsatzera -ka ez dela egiaz adberbio kategoriako hitzak eratortzeko atzizkia, bestelako balioa duela: atzizki horrek esanahi jakin bat gehitzen duela, alegia (iterazioa, errepika, gehienetan). Baina Ø morfema batek (adierazpide morfofonologikorik gabeko morfema batek) ezartzen duela kategoria (§ 11.10).

6.2.3d Esanahia. Atzizkiak adberbioari ematen dion esanahiari dagokionez, izen bizigabeei erantsirik bi modutako balioak har ditzake sortzen den adberbioak: batetik, oinarriak adierazten duen eginez (bultzaka, burlaka, doministikuka, eztulka, garrasika, indarka, irrika, jauzika, keinuka, tiroka, zirika, zotinka, zurrungaka); egin aditzarekin aditz lokuzioak osatzen dituzte izen horiek eta ‘jarduera’ adierazten dute askok eta askok (§ 6.2.3a). Egon, ari, ibili eta hasi aspektu aditzen osagarriak izan daitezke adberbio horiek. Errepikatze, iterazio balioa, behin eta berriz gertatzea nabarmendu dute gramatikariek (de Rijk 2008; Etxepare 2003; Hualde 2003b). Iterazio balioa dute aditza oinarri duten ekainka, jaurtika, joka eta abarrek ere.

Bestetik, oinarriak adierazten duenaz kolpea emanez adierazten dute -ka formek (harrika, mazoka, ostikoka, ukabilka…). Baliabidea (tresna) edo modua adierazten dute adberbio hauek; baina, aldi berean, tresna edo baliabide horren bidezko jarduera ere bai (Hualde 2003b).

6.2.3e Iterazioa markatzen duen atzizki den heinean, -ka atzizkia gertakari izen telikoei bakarrik erants dakiekeela dirudi: saltoka, oihuka, kolpeka, baina *lanka, *jolaska edo *loka (Etxepare 2010: 105). Izan ere, iterazioa gertatzeko, amaiera-puntu naturala duen gertakari bat adierazi behar du izenak. ‘Denbora’ adierako izenak eta zenbatzaileak ere izan daitezke oinarri adiera honetan: binaka, bosnaka, ehunka, epeka, hamarnaka, hilabeteka ‘hilabetez hilabete’, hirunaka, milaka, taldeka, urteka. Horiek ez dira gertakari izen telikoak, baina bai izen zenbakarriak, eta -ka atzizkiak “zenbatuak diren entitateak ere har ditzake argumentu bezala: milaka lagun elkartu dira” (Etxepare 2010: 105).

6.2.3f ‘Bila ibili/joan’… adierako adberbioa sortzen du batzuetan -ka atzizkiak: arrainka, egurka, urzoka… Gure Pelo Hasi zen arrainka, Sakekin miaka (Oxobi); Urzoka joan zen eta ostiraliaz geroz etzen ageri (Herria). Nolanahi ere oso adibide gutxi ditugu eredu honetakoak, Iparraldekoak guztiak. Iterazio balioa ageri da erabilera honetan ere.

6.2.4. -ki3

Lemari dagokionez, kasuren batean sudurkariaren ondotik -gi aldaera ageri da (ongi), baina ez da hori jokabide orokorra (gizonki, ozenki…).

Ia edozein adjektibok onartzen du atzizki hau adberbioa sortzeko, maileguek nahiz euskal izenondoek, izenondo bakunek nahiz eratorriek, kualitatea adierazten duten neurrian, noski. Adjektibo balioa har dezaketen izenek ere onartzen dute -ki (gizonki). Kualitate hutsaz gain beste ñabarduraren bat duten adjektibo eratorriak ez dirudi adberbio bihur daitezkeenik: *lotsatiki, *bizardunki, *donostiarki. Nolanahi ere, OEHko corpusean badago euskaldunki; baita miragarriki, ikaragarriki ere. Badira bestelako debekuak ere, esaterako kolore izenondoek ez dute -ki3 onartzen, ez eta ezaugarri fisikoak adierazten dituztenek ere (argal, gizen…):

ahalkegabeki, aiseki, airoski, alegeraki, apalki, arinki, ausarki, beregainki, bereziki, bidegabeki, bigunki, biziki, bortizki, deblauki, dohatsuki, dorpeki, ederki, epelki, galanki, garrazki, itsuski, laburzki, leunki, liberalki, libreki, oneski, ongi, ozenki, poliki, serioski, trebeki, umilki, zorrozki, zuhurki…

-z postposizio sintagma ere izan daiteke oinarri (artezki, bidezki, desohorezki, dolorezki, egiazki, mirakuiluzki, ohorezki…); baina emankortasun mugatua du eredu honek, oro har -z bera aski izaten da-eta aditzondo balioa emateko: hitzez, eskuz… (ez *hitzezki, *eskuzki…).

EGLU-I liburukian esan bezala, -ki adberbio batzuk inesibo sintagma dute ondoan (itsuki eta itsuan, ezkutuki eta ezkutuan). Ez da harritzekoa txandakatze hau, bi kategoriak dira-eta aditzekin bateragarriak.

Hegoaldean ohikoa da adjektibo soila erabiltzea adberbio funtzioan (§ 11.9b); hau da, aditzak adierazten duen gertaeraren modua adierazteko: Bizkor jiratu eta sukaldeko leihotik adi-adi begira geratu zen (I. Mendiguren); Azkar sartu zen gelan (Lopez de Arana); Tarjeta gorria ateratzen zaio oso erraz (P. Zabala); Beti modan eta dotore jantzita (Iturralde). De Rijkek (2008) dio Iparraldeko euskalkietan ohitura handiagoa dagoela -ki erabiltzeko: Dotoreki jantzia zen gaztea (R. Etxeberri); Jendea azkarki mugitzen da uda heldu denean (Herria).

6.2.5. -ro

Mitxelenaren iritziz orokorra zatekeen atzizki hau aditzondo berriak sortzeko nahikoa ihartua dagoela esango genuke. Aspaldi samar sortutako astiro, berriro, dongaro, geldiro, luzaro, oparo, osoro, zeharo… erabiltzen ditugu oraindik ere, baina ez dugu berririk sortu. Askotan -ki3-rekin batera ageri zaigu (nahiz bi atzizkien arteko hurrenkera aldakorra izan): egiazkiro, emekiro, gaingiroki, handikiro/handiroki, maitakiro/maitaroki, zorrozkiro.

6.2.6. -to

Bizkaieraz (nahiz aditzondoren batek edo bestek askoz eremu zabalagoa izan) askotan -ki3-ren ordez erabili da atzizki hau. Sudurkariaren ondotik herskaria ahostun bihurtu eta -do alomorfoa aurkituko dugu ondo adberbioan. Ez dirudi halere -ki-k adinako emankortasunik duenik: ederto, errazto, galanto, hobeto, ondo, polito, zatarto.

6.3. Eratorpena. Irizpen-atzizkiak: atzizki handigarriak eta txikigarriak (-kote, -ño, -tsu, -txo, -tzar, -xe, -xka, -xko)47

6.3.1. Sarrera

Atal berezia osatzen dute pertsonei edo gauzei buruzko ikuspuntu edo iritzi subjektiboa adierazteko baliatzen ditugun atzizkiek. Sufijos apreciativos deitu zaie horrelakoei gaztelaniaz eta hiru azpiataletan banatu dituzte: handigarriak, txikigarriak eta gutxiespenezkoak (poblacho, villorrio, niñato…). Oinarriari eransten dioten ñabardura semantikoaz gain, badituzte bestelako ezaugarriak ere: ez dute oinarriaren kategoria aldatzen, eta kategoria bateko baino gehiagoko oinarriei erants dakizkieke (umetxo, txikitxo, berandutxo), nahiz ñabardura semantikoa ez beti berbera izan. Emankortasunean ere badira aldeak berehala ikusiko dugunez; batzuk ia edozein izeni edo izenondori erants dakizkieke, beste batzuk ez. Atzizki hauen beste ezaugarri bat flexio hizkien aurre-aurrean agertzea da; beraz, gainerako eratorpen-atzizkien ondoren: bertsolaritxo (*bertsotxolari). Ezaugarri horiek kontuan izanik, flexio hizkietatik gertu daudela esan izan da; euskaraz, esaterako, EGLUn eta Gramatika honetan ere, adjektiboaren mailakatzeaz ari garela aipatu ditugu adjektiboa oinarri duten mota honetako eratorriak; mailakatze horretarako marka morfologikotzat hartu ditugu. Hala ere, ondoren aztertu ditugun atzizkiek badute esanahi lexikoa, ez dira marka gramatikal hutsak. Eta flexio-morfemen aurretik kokatzen ditugu (artikuluaren, kasu markaren…. aurretik). Horrek guztiak eraman gaitu -txo, -ño, -kote eta horien antzeko atzizkiei Eratorpenean atal bat eskaintzera. Beste gramatika batzuetan ere, RAEren Nueva gramática de la lengua españolan edo Bosque eta Demontek argitaraturiko Gramática descriptiva de la lengua españolan, atal berezi bat eginaz, baina Eratorpenaren barruan aztertu dituzte horrelako atzizkiak. Euskaraz sail honetako atzizkiak horrenbeste ere ez direnez, alfabetoaren arabera zerrendaturik aztertuko ditugu; goraxeago esan bezala, gaztelaniaz hiru azpisail bereizi dituzten arren, euskaraz oro har handigarriak eta txikigarriak baino ez dituzte aipatu gramatikariek. Hala ere, ez da zaila zenbait eratorriren kasuan gutxiespenezko kutsua antzematea.

6.3.2. -kote

6.3.2a Izenari eransten zaion atzizki handigarria, begikote, gizonkote, lagunkote, liburukote, mutikote, xexenkote48: Esaterako, ez dakit gizontxo txiki bat ote den ala gizonkote handia (Azkargorta); Hala direlako gauzak: gizonkote handiak direlako, hain zuzen, gauza txiki-txikietarako eginak daudenak (Elorriaga); Anaren gurasoen etxera aldatu nintzen umea jaio zenean; mutikote bat, hiru kilo eta zortziehun gramo, pentsa! (Zaldua); Neskaren begikote ilun eta sorgindu itxurako haiek une batez nire aurpegian pausatu ziren (Berrizbeitia); Xexenkote! Ez adi horrela jarri! (Goenkale).

6.3.2b Adjektiboek ere hartzen dute -kote: baldarkote, gizenkote, gorrikote, handikote, lasaikote, lodikote, mardulkote, mozkote, onkote, puztukote, sendokote, tontokote, zozokote. Oro har, adjektiboei eransten zaizkien gainerako irizpen atzizkiek bezala, eratorri hauek ere ‘aski’ ñabardura hartzen dute, ‘aski ona’, ‘aski lodia’… Eta batzuek gutxiespen kutsua ere izan dezakete. Ikus ditzagun adibide batzuk: Beltzarana zen, mozkote samarra, isil, (Egunkaria); Hortaz —ari zen mutiko sendokote bat—, esan diot Justini gure logelan ezkutatzeko (I. Mendiguren); Zure izaera baldarkote horrek galtzen zaitu (Goenkale); Koadrilako bat da handia. Gizenkote askoa (Goenkale); Atzamar mozkote, horitu haiek luzatu (Goti); Nire sudur gorri puztukote hau eta nire aurpegiko ubeldurak (Lertxundi); Tipo meharra da, ile-horia, betaurrekoduna, beste zozokote bat Jan korrikalaria bezala (Rey).

6.3.2c Zenbatzaileei ere erants dakieke -kote, baina izen multzokaria da sortzen den eratorria (bikote, hirukote, zortzikote, § 4.3.8a).

6.3.3. -ño

6.3.3a Hegoaldean -txo bezala, Iparraldeko testuetan bereziki emankorra da atzizki txikigarri hau. Zuberoan -ñi aldaera ageri da: amañi, aitañi, maiteñi, urzoñi. Izenei eransten zaie, bizidunei zein bizigabeei, zenbakarriei eta zenbakaitzei, baita izen elkartuei ere:

agurño, andanaño, andereño, arbolaño, argazkiño, arranguraño, artikuluño, ateraldiño, basoño, behakoño, bilkuraño, biltokiño, bisitaño, elgarretaratzeño, emazteño, erakusketaño, etxolaño, gazteño, gauzaño, gelaño, geldialdiño, haurño, hilabeteño, hitzaldiño, indarño, irriño, itzuliño, istorioño, jatetxeño, jauziño, karrikaño, kolpeño, laguntzaño, liburuño, mezaño, mende erdiño, musika zatiño, omenaldiño, ostatuño, otoizño, paradaño, solasño, tokiño, trufaño, urteño, xokoño, txoriño, xuhur aireño, zintzur bustitzeño

6.3.3b Aurkitu dugu beste atzizki txikigarri baten ondotik doan -ñoren adibide bat ere, herrixkaño. Ikus ditzagun adibide batzuk. Nire haurtzaroan fama txarra zuen Lanbarak gure xaharren mihietan, huntza entzutean erraten baitzuten, halako trufaño batekin: “Lanbarako ülün-zeinüa!” (iluñabarreko ezkila) (Argia); Egun, berriz itzuliño bat eginez delako estreinaldirat, argazkiño batzu ager-araziz egun xoragarri horren lekuko eta oroitgarri, hauxe dugu azpimarratu nahi (Herria); Diapo-irudien bidez, arras arrotza ginuen Afrikako ugarte ttipi horren doi bat ezagutzeko paradaño bat ukan dugu (Herria); Mende erdiño batek zonbat egun ditu (Herria); Badira ere Hendaian bildu direnak eta andanaño bat Daniel Poulou deputatuaren etxe aintzineraino itzuliño bat egin duena… (Herria); Hori da, eta hor Eñaut Etxemendi erakasle erneak ere egin zituen zenbait urteño (Herria); Deneri, Guy Poulou auzapezak egin daizkiote konplimenduak eta zintzur bustitzeño batekin segitu da elgarretaratze hori (Herria).

6.3.3c Adjektiboei ere erants diezaiekegu -ño, kolore adjektiboei (gorriño, horiño, xuriño). Aurki ditzakegu beste adibide bakan batzuk ere, baina ez da oso emankorra: bereziño, besteño, handiño, ttipiño. Toki bereziño bat egina zaio Frederic Lafitte mendigoizale gazteari (Herria); Ateak zerratuko dituela iheslarieri edo doi-doia arteka ttipiño bat utziko idekirik (Herria); Erromanoek egin zubi zahar beregizkoaren muthurretik etxe xuriño batzu, eslaian, harrapatzera bezala badoazkio petik gora (J. Etxepare); Eta orai horra nun besteño bat plazaratu duen, berdin aberatsa, “Euskal-Herriko etxeak” (Herria). Dena den, ez dago argi adibide horietan atzizki txikigarria izenondoari bakarrik dagokion ala [izen+adjektibo] adjektibo sintagma osoari; adierari erreparatuaz, badirudi sintagma osoa dela atzizki txikigarriak besarkatzen duena.

6.3.4. -tsu

Bereziki ekialdean izenei erantsirik ‘gutxi gorabehera’ adiera gehitzen die oinarriei: orentsu, artetsu, erditsu… Bi oihanen artetsuan bada ur erreka bat (Duvoisin); Iragan mendearen erditsuan, mila zortzi ehun eta berrogoi’ta zortziko Erreboluzione-egunetan (Barbier). Adjektiboek ere hartzen dute -tsu: azkentsu, berdintsu, igualtsu, lehentsu. 1528an Otsailaren azkentsuan, gizon gazte hetarik bat, bertziak eskolan direlarik, sartzen da ganbara hartan (Laphitz); Urriaren lehentsu hartan zen (Larre).

Adberbioei eta izenordainei erantsirik ageri zaigun -tsu ere sail honetan (txikigarrien sailean) sar dezakegu, izenei erantsirik hartzen duen ‘gutxi gorabehera’ adiera berean: bezalatsu, halatsu, nolatsu, nortsu, nontsu, zenbatsu… Teofilo Mariak arrazoi du alde batetik, aita, zeren a), b) eta c), baina bestetik ez du, zeren d), e) eta f); baina, Domingoren arrazoiei bagagozkie, halatsu, zeren hiru arrazoi gutxienez baditu alde […], baina beste hiru ere aurka (Irigoien); Eta ertzainek esan digute denbora kontua dela. Orain badakite nontsu dabilen Gaizka. Eta patruila mordo bat ibiliko da haren atzetik (Goenkale); Luzexko ez bada, zubiak zer nolako neurriak zituen, eta nolatsu egiten zen, irudipen bat egiteak ere, ez dut uste kalterik eginen dienik zure zentzu argizale jostari horiei (Perurena). Adberbio horiek ondoren postposizio atzizkiak har ditzakete: bezalatsuko, nontsutik, nolatsukoEz naiz oroitzen nolatsuko aurpegia zuen (Rey); Edo, Joanito Errandonea jetziz, ez al digu Moralaren Genealogia berritu, edo Zaratustragana nontsutik jo erakutsi? (Perurena).

6.3.5. -txo

6.3.5a Emankortasun handikoa da batez ere Hegoaldeko testuetan aurkituko dugun atzizki txikigarri hau. Edozein motatako izenek har dezakete:

aguretxo, aitatxo, aldapatxo, amatxo, amonatxo, arraintxo, asmotxo, baratzetxo, bekatutxo, elizatxo, etxetxo, ezkilatxo, gauzatxo, gaztetxo, gelatxo, geldialditxo, gizontxo, gorrototxo, haurtxo, herritxo, hilabetetxo, hitzalditxo, iruditxo, iturritxo, kaletxo, katutxo, kolpetxo, laguntzatxo, liburutxo, maitasuntxo, menditxo, mutiltxo, ordu erditxo, otoiztxo, saltotxo, txakurtxo, txerritxo, txoritxo, umetxo, urtetxo, zaratatxo…

6.3.5b Adjektiboek ere hartzen dute -txo: berdetxo, gaiztotxo, gaztetxo, gorritxo, handitxo, luzetxo, loditxo, txikitxo, urdintxo, zahartxo. Adibide hauetan, adjektiboei eransten zaizkien gainerako atzizki txikigarrien pareko balioa aurkituko dugu, ‘aski gaztea’, ‘aski handia’, ‘lodi samarra’ (§ 14.10.3b)… Gortinak jartzera joan den neska loditxo hori (Atxaga); Horregatik gustatzen zaie horrenbeste zahartxoei, bizitza ia agortu zaienei, hitz egitea, kontatzea, esatea (Oñederra). Batez ere bizkaieraz, -egi graduatzailearen pareko dira horrelako zenbait adjektibo, ‘aukeran gazteegi, txikiegi…’ Oraindik txikitxoa da baina ilusioa egingo lidake gure zaharrarekin ibiliko balitz, hark basoez asko daki eta (M. Amuriza). Adberbio batzuk ere hartzen dute -txo: berandutxo, goiztxo, urrutitxo.

6.3.5c Estandarrerako -xe indartzailea hobetsi den arren (ikus § 6.3.7), Hegoaldean, eta bereziki mendebaldean, ahozko erabileran -ago konparazio markaren aurretik ere ezar daiteke: atzeratxoago, aurreratxoago, beheratxoago, berandutxoago, goiztxoago, goratxoago…

6.3.6. -tzar

Tzar adj. kategoriako sarrera da hiztegietan, adiera hauek dituena: ‘gaiztoa, txarra; erraldoia’. Azken adiera honetan izenari loturik aurkituko dugu gehienetan eta, beraz, badirudi atzizki bihurtua dela:

ahotzar, atetzar, autotzar, dunatzar, eskutzar, etxetzar, eulitzar, ezpatatzar, gurdi tzar, hankatzar, harritzar, harresi tzar, hodeitzar, karabanatzar, karpatzar, katutzar, liburutzar, listu-bola tzar, maletatzar, makinatzar, mamutzar, menditzar, nabetzar, piztitzar, platertzar, purutzar, sugetzar, sutzar, tititzar, tripa tzar, txoritzar, zakiltzar, zakurtzar, zalditzar

Adierari dagokionez, ez dago zalantzarik atzizki handigarrien artean sailkatzeko; hiztegiek ere ‘handi’ darabilte askotan definizioa ematerakoan, ‘katu handia’, ‘piztia handia’, ‘suge handia’. Baina ‘handia’ baino zerbait gehiago ere bada: balio adierazkorra duen atzizki den neurrian, bereziki handia, deigarri izateraino handia, edo horrelako zerbait adierazten duela esan daiteke. Hona zenbait adibide: Erregaiak arriskutsu bihurtzen ditu hegazkinak, su hartzen baitute, eta berehala sutzar bihurtzen baitira (Egunkaria); Itxi ezak hire ahotzar hori, baboa! (Goenkale); Purutzar bat ezpainetan duela dator (Goenkale); Luxuzko hotel batean ostatatu ninduten eta autotzar dirdiratsu bat eman zidaten bazterrak kurritzeko (Berrizbeitia); Mundu guztia egon izanen da noizbait - une batez badere - jenderik gabeko eliza baten barrenean, eta jakinen du nolako sentsazioa sortzen duten gogoan nabetzar isil horiek (Rey); Izugarrizko dunatzar batzuen erdian zeuden (X. Aranburu).

6.3.7. -xe

Azkuek (1923-1925) dioen bezala, adjektiboei erantsirik ‘gehiegi’ adiera ematen dio oinarriak adierazten duen kualitateari (§ 14.10.3b), ekialdeko euskalkietan: gazixe, handixe, ttipixe. Erabilera orokorragoa da -ago konparazio markaren aurretik kokatzea bai adjektiboekin eta bai adberbioekin, ‘pitin bat’ adiera emanaz: berrixeago, gaztexeago, handixeago, laburxeago, luzexeago, txikixeago, zaharxeago; aurreraxeago, atzeraxeago, beheraxeago, goraxeago… Partizipio burutuek ere har dezakete -xe, ‘aski, nahikoa’ balioa emanik: ahaztuxe, garatuxe, landuxe, utzixe. Eskual-herri betean, asko etxetarik haizatua eskuara; utzia edo utzixea (Hiriart-Urruti); Ahaztuxe nituen lerrook, eta hala jarraituko zuten ez bagintuzte britainiarrek kolpetik iratzarri (Berria).

Zalantza handiagoak sortzen ditu erakusleei eransten zaien -xek (orduantxe, oraintxe adberbioetan ageri denak). Eratorpen atzizkitzat hartu behar ote dugu? Batetik, balio indargarria ematen dio erakusleari, hauxe, horixe, honexek, eta, alde horretatik, defenda dezakegu marka gramatikal huts baino zerbait gehiago badela. Baina kokaguneari erreparatzen badiogu ikusiko dugu batzuetan postposizio atzizkiaren aurretik doala, baina beste batzuetan atzetik (honetaraxe, honekintxe, horretarakoxe, holakoxe…). Eta kapitulu honen hasieran flexio morfemen eta eratorpen morfemen arteko aldeak aztertzean esan dugunez, eratorpena beti doa flexioaren aurretik (§ 3.1j). Eta horrek esan nahi du nekez har dezakegula -xe benetako eratorpen atzizkitzat.

6.3.8. -xka, -xko (-ska, -sko, -zka)

Alomorfo edo aldaerei dagokienez, hiru txistukariak aurki ditzakegu: horizka, horiska, horixka. Euskaltzaindiaren Hiztegiko formak kontuan hartuaz, batasunerako -xka aukeratu da, oro har, forma adierazkorrak izaten direlako txikitasuna adierazten dutenak.

Balioari dagokionez, atzizki txikigarritzat hartuko dugu izenei eransten diegunean: adaxka, arrainxko, bidexka, buruxka, gelaxka, herrixka, idisko, liburuxka, ligaxka, mendixka, mordoxka, ontzixka, sardexka, zuhaixka. Adjektiboekin, bereziki kolore eta tamaina adierakoekin, goraxeago esan dugunaren arabera, ‘aski’, ‘samar’ esanahia eransten dio oinarriari, ‘aski luzea’, ‘lodi samarra’. Kolore adjektiboei ‘gorriaren antzekoa, gorrira jotzen duena’, ‘horiaren antzekoa, horirantz jotzen duena’… esanahia eransten die -xka, -xko atzizkiak (§ 14.10.3a): berdexka, gaiztoxko, gaztexko, gorrixka, horixka, ilunxko, lodixka/lodixko, luzexka/luzexko, urdinxka, zurixka. Testuetan hainbat aldaera aurkituko ditugu: luzezka, luzeska, berdeska, horixka, horizka, zurizka… Adberbio batzuk ere har dezakete -xka, -xko: beranduxko ‘berandu samar’, urrunxko ‘urrun samar’.

6.3.9. Beste atzizki batzuk (-kila/-kilo, -xkila, -tila, -ko; -ail, -antz, -ats, -kara, -zta)

6.3.9a Badira atzizki gehiago ere literatura tradizioan, baina adibide gutxi aurkitu ditugu gaur egun; eta, oro har, ihartutzat eman ditzakegu. Batetik, -ko, animalia izenei eransten zaiena, astoko, azeriko, mandoko, otsoko, zozoko… eta balio txikigarria duena. Izenei eransten zaie Lafittek jasotzen duen -xkila ere, buruxkila, jaunxkila (gutxiespenezkotzat ere har daitekeena, ‘señorzuelo, señoritingo’ ematen du ordain OEHk), lanxkila, puxkila. Otsail azken arte, lanxkila batzuk baizik ez nituen egiteko, baina laster denentzat izan zen lan (Etxehandi); Orduko nexkatxak etziren Paueko, Tolosako edo Pariseko jaunxkilen ondotik ibiltzen (Zerbitzari). Izen kategoriako oinarria hartzen du balio txikigarria eransten dien -tila atzizkiak ere, kutxatila, lehiatila, neskatila. Adjektiboa oinarri duela, harroskilo (On Camillo bezalako harroskiloen panparroikeriek ez gaituzte inondik ere beldurtzen, Biguri). Izenek eta adjektiboek har dezakete -kilo/-kila izen kategoriako eratorriak sortzeko: aberaskilo, andrakila, astakilo, gizonkilo, potrokilo (sagar mota bat). Adierari dagokionez, askotan gutxiespenezko kutsua hartzen dute eratorri hauek. Ikus ditzagun adibide batzuk: Proserpine andereñoa: ezin duzu egunik aurkitu nabarmenkilo horientzat? (Jon Agirre); Sinesgaitza da baina Abramovich bezalako aberaskilo batek markatu dezake artearen irizpidea (Argia); Ez dago lehengo kemenik, gizonkilo potrogabeak dira gaurko heroi guztiak (Linazasoro).

6.3.9b Badira kolore adjektiboei eransten zaizkien irizpen atzizkiak ere, ondoan dituzten izenek adierazten dutena erabat kolore horretakoa ez dela aditzera emateko; bestelako izenondoak direnean oinarri, ‘samarra’, ‘nahikoa’ gradua adierazten du atzizkiak. Horrelakoak ditugu -ail (berdail, gorrail, xurail), -antz (gaziantz, gorriantz, hotzantz…), -ats (gorrats), -kara (gorrikara, horikara, luzekara, nabarkara, zabalkara, zurikara), -zta (gorrizta, horizta…), -xka txikigarriaren aldaeratzat ere har daitekeena.

6.4. Eratorpena. Atzizki zenbatzaile-sortzaileak

6.4.1. -kun, -koitz, -na, -garren

6.4.1a Hala sailkatzen ditu Azkuek (1923-1925) atzizki hauek, zenbatzaile-sortzaile gisa, alegia: -kun, -koitz, -na (-ra), -garren. Ez dira, ordea, guztiak sail berekoak: lehen biek, zenbatzaile ‘adjektiboak’ sortzen dituzte; bigarrenak, zenbatzaile ‘banatzaileak’ eta, azkenak, zenbatzaile ordinalak. Hirurak batzen dituena, zenbatzaile kategoriako oina hartzea litzateke.

EGLU-I liburukiak, determinatzaileen artean zenbatzaileak aztertzean, ‘adjektibo biderkatzaile’ gisa aurkezten ditu -kun edo -koitz atzizkiez sortuak, bi atzizki hauen arteko mugak zein diren zedarritzea erraza ez dela ohartaraziaz. ‘Distributiboak’ dira -na atzizkia erantsiz sortzen direnak, “edozein zenbakirekin” sor daitezkeenak. Eta zenbatzaile ‘ordinalak’, zenbatzaile hutsari -garren erantsiaz osatuak. Trask-ek (2003) ere ‘zenbatzaile banatzaile’, eta ‘zenbatzaile ordinal’ terminoak darabiltza azken biak definitzeko. Hala ere, zenbatzaile banatzaileak determinatzaileak dira hizkuntzalari hauen ustez, dagokien kardinalaren leku bera hartzen dutelako49. Zenbatzaile ordinalak, aldiz, adjektibo lirateke Trasken iritziz.

6.4.1b Nolanahi ere, hemen axola zaigun auzia hauxe da: zer dira flexio morfema ala eratorpen morfema? Lehenik, bada desberdintasun nabarmen bat -kun, -koitz eta gainerakoen artean. Bi hauen emankortasuna oso mugatua da: baditugu bakoitz, bikoitz, hirukoitz, baina, zortzikoitz? edo hamaboskun? Bestalde, badirudi determinatzaileen sailean baino hobeto sailkatuak leudekeela adjektiboen artean, ondoren -tasun har baitezakete gainerako izenondoak bezala (bikoiztasun edo hirukoiztasun), bai eta aditz kategoria eratorri ere horietatik (bikoiztu, hirukoiztu…).

-na atzizkiarekin sortzen diren zenbatzaileek ere ondoren -ka aditzondo sortzailea har dezakete, gorago ikusi dugun bezala (§ 6.2.3). Honek, -na eratorpen atzizkien artean sailkatzera eramango gintuzke. Azken batean, zenbatzaile kategoriari erantsiaz, kategoria bereko elementuak sortuko lituzke, “baina aurrekaria pluralez eskatzen du” (EGLU-I: 138). -garren atzizkiari dagokionez, -ko (-go) har dezake ondoren (bigarrengo, hirugarrengo…), baita -ik adberbio-sortzailea ere (bigarrenik). Areago, -tto, -txo txikigarria ere ager daiteke -garrenen ondoren (bigarrentxo).

6.4.1c Hitz batean, bai -na eta bai -garren edozein zenbatzaileri erants dakizkioke (emankortasun osoa dute), eta, alde horretatik, flexioaren pareko dira. Baina ez da nahitaezkoa zenbatzaileak atzizki horiek hartzea (eta ‘nahitaezkotasuna’ da flexio hizkien ezaugarrietako bat) eta, bestalde, hitz eratorrien oinarri izan daitezke.

6.5. Eratorpena. Aurrizkiak (ber-/bir-, des-, erdi-, ez-)

6.5.1. Sarrera

6.5.1a Atzizkiek ez bezala, aurrizkiek ez dute oinarriaren kategoria aldatzen: birrarto, desegin, desberdin. Arto izena da eta birrarto ere bai; egin aditza da eta desegin ere bai; berdin adjektiboa da eta kategoria berekoa da desberdin ere. Hizkuntzalariek bigarren ezaugarri bat ere nabarmendu dute, kategoria bateko baino gehiagoko oinarriei lotzen zaizkie aurrizkiak; beheraxeago ikusiko dugu izenek eta aditzek har dezaketela bir- eta aditzek zein adjektiboek des-.

6.5.1b Bestalde, gauza jakina da euskal aurrizkien urritasuna, bai eta urritasun honen aurrean euskal gramatikariek izan duten kezka ere (hor daude adibidez Mitxelenak Arantzazuko biltzarrerako eginiko txostenean esandakoak). Areago, euskal aurrizki deitzen ditugun horietatik batzuk latinetik edo erromantzetik hartuak ditugu. Aurrizkien ordain asko hitz elkarketan aztertuko ditugu (§ 7.2.2.3g, § 7.2.2.4). Izan ere, bi motatako aurrizkiak bereiz ditzakegu, oinarriarekin duten harremanaren arabera: oinarriaren modifikatzaile huts direnak, eta argumentu egitura dutela esan daitekeenak (Gràcia & Azkarate 2000). Prefijo eta prehistoria eratorriak dira, hurrenez hurren, bi balio horien adierazle. Prefijo bada pre- (aurretik) doan hizkia; baina prehistoria ez da aurreko historia, baizik ‘historiaren aurreko garaia’; horregatik esan dezakegu pre- argumentu egituradun preposizioen pareko dela, prehistoria izeneko burua, eta historia osagarria. Euskarak burua eskuinean duenez (§ 1.4), eskuineko osagaien bidez ordezkatzen ditugu erdal argumentudun aurrizkiak (pre-, post-, contra-, etab.). Modifikatzaile direnak, berriz, ezkerreko osagaien bidez. Hurrenez hurren, historiaurre, gerraoste / aurrizki, gainzama. Esan bezala, hitz elkarketan aztertuko ditugu egitura hauek (ikus “Mugakizun bereziko izen elkartuak” § 7.2.2.3g eta “Mugatzaile bereziko izen elkartuak” § 7.2.2.4). Hemen aztertuko ditugun aurrizki guztiak, jakina, dagozkien oinarrien modifikatzaileak dira.

6.5.2. ber-/bir-

6.5.2a Lema aukeratzea ez da erraza. Villasantek bir- hautatu du; Lafittek bir- eta ber- aurrizkiak (pluralean) aipatzen ditu; Mitxelenak (1977b) ere “prefijo ber-, bir-” dio. Azkuek morfema bakar baten alomorfotzat hartzen dituela esan daiteke, bir- askoz emankorragoa dela zehaztuaz. Izenari erantsitako hitz zaharretan, bestalde, bir- da ageri den alomorfoa; zenbatzailearekin, ostera, ber- (berrogei, berrehun). Larramendiren hiztegian (1745) biak ageri dira, nahiz badirudien bir- dela maizen erabilia; gainera, ber- formaren ondoan askotan bir- aurrizkiaz osatutako aditza aurki daiteke. Lhandek (1926) ere bi alomorfoei ematen die sarrera. Zalantzak izanez gero, hiztegian begiratzea da gomendagarriena euskara estandarrerako zein forma den egokiena jakiteko.

Aditzei lotzen zaie ber-/bir-, baina ez du edozein aditzek onartzen ber-/bir- aurrizkia, telikoak izan behar dute aditzok (Gràcia et al. 2000); hau da, amaiera jakina duen gertaera adierazten dutenek bakarrik har dezakete bir-. Horrek esplikatzen du *berregon edo *berribili modukorik sortu ezina.

6.5.2b Hiztegigileek ber-/bir- aurrizkidun aditz askori eman diote sarrera, gaztelaniazko re- aurrizkidunen ordain gisa. Euskaltzaindiak, ordea, literatura tradizioan ageri direnak arautu ditu estandarrerako: berraztertu, berregin, berreraiki, berrerosi, berresan, berreskuratu, berrezarri, berrikusi, berpiztu, berretsi, birjaio, birlandatu, birlandu, birloratu, birmoldatu, birsaldu, birsortu. Aditzak adierazten duen ekintza edo gertaera errepikatzea, berriro gertatzea, hori da aurrizkiak gehitzen dion balioa.

6.5.2c Euskararen ondare lexikoan aurki ditzakegu izenari bir- erantsirik sorturiko izen eratorriak ere: birrarto, birrazi, birgari, birririn, birloba, birlora, birzahi… ‘Bigarren aldiz lortzen dena’ izan daiteke oro har izen hauen adiera. Eratorbide ihartutzat eman daiteke. Mota honetakoak ditugu birraitona edo birramona ere.

6.5.2d Bi aurrizki ezin dira metatu, baina bai hitz berean aurrizkia eta atzizkia azaldu; zehazkiago esateko, aurrizkidun aditzak, beste edozein aditzek har ditzakeen atzizkiak hartzen ditu: berrikusle, berronespen, berpizgarri, berpizkunde

6.5.3. des-

6.5.3a Euskarak bere egin du aurrizki erromantze hau eta euskal jatorriko oinarriei erantsi. Kategoria batekoak baino gehiagokoak izan daitezke oinarri hauek.

6.5.3b Aditz telikoek har dezakete des-, amaiera jakina duen prozesua edo gertaera adierazten dutenek. Aurrizkiak, berriz, ‘kontrakoa’ balioa ematen dio oinarriari; aditzoinak adierazten duen ekintzaren kontrakoa, alegia. Oraingoan ere ugariak dira hiztegigileek hiztegi elebidunetan emandako ordainak, baina literatura tradizioan erabili gabeak. Ber-/bir- aurrizkia aztertzean esan bezala, tradizioa dutenak edo azken urteetan sortu eta erabiliak hartu ditu kontuan Euskaltzaindiak; corpusetan ageri diren batzuk ere gehitu ditugu ondorengoen artean: desagertu, desarmatu, desberdindu, desbideratu, desegin, desitxuratu, desobeditu. Maiztasun handiegirik gabe, baina beste hauek ere aurki ditzakegu corpusetan: desadoretu, desadostu, deseman (Zuz. arloan), deseraiki eta abar.

Ez da beti erraza euskal eratorria dugun ala mailegu egokitu hutsa den erabakitzea; hala gertatzen da, esaterako, desamortizatu, desanexionatu, desinfektatu edo desordenatu aditzen kasuan. Berez interpreta daitezke amortizatu, anexionatu, infektatu eta ordenatu oinarri hartu eta aurrizki bidez eratorririko aditz gisa; baina baita desamortizar, desanexionar, desinfectar edo desordenar gaztelaniazkoen egokitzapen gisa ere.

6.5.3c Hain emankorrak ez izan arren, adjektiboak ere izen daitezke oinarri: desatsegin, desberdin, desegoki, deseroso, desleial, desonest. Baita izenak ere: deserri, desohore, desordu, desoreka, destenore, desplazer. Hemen ere badira zalantza sortzen dutenak, eratorritzat hartu ala mailegu egokitutzat: desondra, desordena.

6.5.3d Des- aurrizkia daramaten aditzek ondoren -le, -tzaile, -pen, -garri eta abar har ditzakete. Eta aurrizki honen bidez eratorririko adjektiboek, berriz, adjektibo oinarriak eskatzen dituzten atzizkiak har ditzakete, -tasun, edo -tu, esaterako. Izenek ere har dezakete -tu (desohoratu).

6.5.4. erdi-50

Ez da erraza erdibide, erdi-ase edo erdikusi non sailkatu asmatzea. Izan ere, Euskaltzaindiaren Hiztegiak bi kategoria ematen dizkio erdi lexemari. Izena da batetik, beste izen baten eskuinean ageri dena, eta “mutur edo ertzetatik distantzia berera dagoen puntu edo aldea” adierazten duena: erdi prezioan (saldu), erdi-lanak, erdibide. Izen elkartu dira adibide horiek, zalantzarik gabe; gehienez ere mugatzaile bereziko elkartutzat hartuko genituzke (hala egiten du Hitz-Elkarketa/3 lanak ere). Adberbio kategoria ematen dio EHk, bestetik, “erdizka” adierarekin; balio honetako erdi- da izenondoen, adberbioen edo aditzen aurretik ageri dena (gaztelaniazko edo frantsesezko semi- aurrizkiaren parekoa): erdi biluzik, erdi hilik, erdi hutsa, erdi hutsik, erdi-ikusi, erdi negarrez, erdi txantxetan, erdi zabalik. Euskaltzaindiaren Hiztegiak ‘erdizka’ adiera honetan sartzen ditu erdi gizon eta erdi emakume ere, ‘erdizka’ balioa duelakoan. Beraz, kategoria bati baino gehiagori eransten zaion heinean, bat dator aurrizkien ezaugarriekin. Horrek eraman gaitu hemen sartzera erdal semi- aurrizkiaren baliokide den erdi-.

Adjektibo, aditz, adberbio eta izenei erantsirik doan erdi-ren adibideak dira, hurrenez hurren, ondorengoak. Guztietan ‘erdizka’ adiera du erdik (nahiz Hitz-Elkarketa/3 lanean aitortu askotan ez dela erraza jakitea zein adierakoa den izenaren ezkerrean ageri den erdi, “erdizka” ala “mutur edo ertzetatik distantzia berera dagoen puntu edo aldea”, alegia):

erdi ahalke, erdi ase, erdi basati, erdi elbarri, erdi eri, erdi ezagun, erdi gorritua, erdi itxia, erdi liberal, erdi lo, erdi sendatua, erdi zuri

erdi iratzarri, erdi lagundu, erdi entzun, erdi ikusi… (emankortasun urrikoa)

erdi beztiturik, erdi biluzik, erdi edanik, erdi erotuta, erdi errenka, erdi ezkutatuta, erdi gaixorik, erdi galduta, erdi hutsik, erdi itxirik, erdi jantzita, erdi larrugorritan, erdi lotan, erdi makinalki, erdi negarrez, erdi txantxetan…

erdi arrain, erdi bertsolari, erdi emakume, erdi erdara, erdi eskale, erdi etorkin, erdi euskaldun, erdi gizon, erdi ilunpe, erdi sorgin, erdi uharte

Adjektiboekin eta adberbioekin da bereziki emankorra; askoz gutxiago aditzekin.

6.5.5. ez-

Azkuek, Villasantek eta Lafittek aurrizkien artean aztertzen dute, ukatzeko erabiltzen dugun elementu bera dela esanez. Nolabaiteko beregaintasuna duenez, esan al daiteke aurrizki dela? Baietz uste dugu, beregaina denean perpaus mailako elementua delako, bereziki aditzaren inguruan ageri dena (§ 22.9.3.7). Ondoko adibideetan, berriz, izenari edo adjektiboari erantsirik aurkituko dugu: ezaldi, ezbehar, ezezagun, ezgarai, ezgauza, ezizen, ezleku, ezordu, ezoren, ezuste; ezatsegin, ezaxola, ezberdin, ezdeus, ezezagun, ezgai, ezikasi, ezjakin… Berehala ohartzen gara askotan ez dagoela alde handirik des- eta ez- aurrizkien artean eta bikoteak aurki ditzakegula, batez ere adjektiboak oinarri ditugunean: desordu/ezordu, desatsegin/ezatsegin, desberdin/ezberdin

Batez ere izenondoari eransten zaizkion atzizkientzat izan daitezke oinarri aurrizkidun forma hauek: ezdeustasun, ezjakintasun, ezdeustu, ezdeuskeria…

6.5.6. Beste aurrizki batzuk: erre- (arra-), anti-

6.5.6.1. erre- (arra-)

Villasantek (1974) aurrizkien artean sartzen du aurrizki hau, berez erdal re- aurrizkiaren euskarazko egokitzapena baino ez dena. Ematen dituen adibide gehienak mailegu egokitutzat hartuko genituzke, hala nola erredoblatu, errekeritu, erremediatu, errendatu, errepartitu, errepika edo errezuzitatu. Mailegu egokituak dira, halaber, OEHtik hartu ditugun erreforma, errekalatu, errekontatu, errematxatu eta beste asko. Euskal oinarria dute, ordea, beste hauek, erreberritu, errebidatu, erregaldu. Ipar-ekialdeko arra- aldaera ageri da arrailoba, arramaiatz edo arraseme izenetan, eta arrabizi, arraerori, arragoratu, arraikusi, arrajin, arramoldatu edo arra-oritarazi aditzetan. Arra- aldaera bizirik dago gaur ere ipar-ekialdean, honako adibide hauek erakusten dutenez: Hitzeman du bestalde erien asurantza kutxa arramoldatuko dela eta sei hilabete barne ezagunko dela hori nolatsu eginen den (Herria); Lehenagoko aldi batez aipatü badeitzüegü ere, arra-oritaraz dezagün, halaber, Domingo Garat trajeria hontan ariko direnetan kargü nausien etxekizaleak zoin diratekean (Herria).

6.5.6.2. anti-

Bada beste erdal aurrizki bat ere, anti-, tarteka euskal oinarriei erantsirik aurki dezakeguna; ez da emankorra, baina zenbait hitz eratorri sortu ditu: antiabertzale, antiamatasun, antimendekotasun, antisorgailu

44 Baina zehaztapen hau egiten da: “Sin embargo, hay una serie de características que le podrían acercar a la condición de sufijo flexivo, ya que una vez formado el verbo derivado, el sufijo -tu se comporta exactamente como el sufijo “flexivo” -tu: por una parte es la forma empleada para nombrar el verbo y, por otra, se utiliza en las formas perifrásticas perfectivas” (448). Jarrera bera hartu zuen Azkuek ere -i atzizkiari izaera bikoitza aitortu zionean: “En muchos verbos figura este elemento como meramente terminativo. En calidad de derivado interviene ya en muy contados vocablos”.

45 Gogoan izan behar da euskaraz askotan izen nahiz adjektibo balioa izan dezaketela eratorri horietako batek baino gehiagok. Eta berdin esan daiteke alargun, arrotz, etsai eta beste hainbat lexemari buruz ere.

46 Albo, azpi, erdi edo gain erlaziozko leku izenak dira eta -ra postposizioa hartzean lexikalizatu eta adberbio bihurtu dira (Odriozola 2003).

47 Azkuek (1923-1925) askoz atzizki gehiago aipatzen ditu, baina emankorrenak bakarrik jaso ditugu.

48 Balio txikigarria duen palatalizazio adierazkorra eta atzizki handigarria biltzen dituena.

49 Baina zenbatzaile banatzailea duen sintagma ezin da subjektu posizioan ageri.

50 Ikus Hitz-Elkarketa/3 (1991: 163-170).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper