Euskararen Gramatika

5. Morfologia lexikoa: eratorpena (II)

5. Morfologia lexikoa: eratorpena (II)

5.1. Eratorpena. Atzizki adjektibo-sortzaileak

5.1.1. Sarrera

5.1.1a Ondoren aztertuko ditugun atzizki guztiek adjektibo kategoriako elementuak, lexemak, sortzen dituzten heinean, adjektibo eratorri hauen ezkerrean doan izenaren kualitate bat adierazten dutela esan dezakegu (§ 14.1), hau da, adjektibo kalifikatzailetzat hartuko ditugu. Beraz, ondoren aztertuko ditugun eratorriak, adjektibo kalifikatzaile bakun (zuri, handi, txiro, zabal…) eta elkartuak (eskuzabal, burusoil, ilegorri…) bezalakoak dira: izaera adieraz dezakete (negarti, egiati, burutsu, maitagarri, adoredun), kopurua edo kantitatea (menditsu, harritsu), joera (galkor, ustelkor), zerbait e(ra)giteko gaitasuna, edo zerbait hartzekoa (beldurgarri, ulergarri) eta abar (§ 14.2). Beste batzuek, ordea, erreferentzia adjektiboak osatuko dituzte; horrelakoak dira -dun eta -(t)ar atzizkien bidez sortzen ditugunak (§ 14.2.6).

5.1.1b Adjektibo eratorrien oinarria aditz kategoriakoa denean, argumentu egitura aztertu beharko dugu, eta ikusi adjektiboaren ezkerreko izenak zein argumentu betetzen duen. Esaterako, film beldurgarri ‘beldurra sorrarazten duen filma’ da; hau da, film izena beldur(tu) aditzaren kanpoko argumentuari, subjektu agenteari dagokio. Liburu irakurgarri sintagman, aldiz, liburu izenak irakurri aditzaren gaia argumentua, objektua, betetzen du.

5.1.1c Atzizki adjektibo-sortzaileak sailkatzean ohartzen gara ez direla bat etorri euskal gramatikariak. Azkuek, esaterako, ‘ugaritasuna, maiztasuna’ adierakoen azpisailean sartu zituen -ti eta -tsu. Lafittek, ostera, ‘joera’ adierakoan artean sailkatu zuen -ti, eta ‘ugaritasuna’ adierakoen artean -dun eta -tsu. Izen eratorriekin egin bezala, atzizkiak oinarriari eransten dion esanahiaren arabera sailkatu ditugu. Zehazki, honako azpisailak bereiziko ditugu: 1. ‘ugaritasuna’ adierakoak; 2. ‘jatorria’ adierakoak (gentilizioak); 3. ‘joera, izaera’ adierakoak; 4. ‘gaitasuna’ adierakoak; 5. ‘jabetza, edukia’ adierakoak.

5.2. Eratorpena. Atzizki adjektibo-sortzaileak (I). ‘Ugaritasuna’ adierakoak (-tsu, -os/-oso)

5.2.1. -tsu

Lemari dagokionez, aldaerarik zaharrena -zu izan arren (Mitxelena 1977b), zalantzarik gabe izenondo berriak sortzeko aspaldidanik -tsu da baliatzen duguna.

Mota askotako izenei erants diezaiokegu -tsu atzizkia, izen abstraktuei (adore, borondate, kemen…), izen zenbakaitzei (ke, koipe, ur), izen zenbakarriei (harri, mendi, zorri…); baina nekez izango dira oinarri izen multzokariak (?armadatsu, ?familiatsu, § 12.3.3). Adjektibo eratorriei ‘ugari’ esanahia ematen die -tsu atzizkiak; hau da, oinarri den izenak adierazten duena ugari duen izenaz predikatzen diren adjektiboak sortzen ditu. Paraje menditsu ‘mendi ugari dagoen parajea’ da, pertsona adoretsu ‘adore handiko pertsona’, udare urtsu ‘ur ugari duen udarea’, gai garrantzitsu ‘garrantzi handiko gaia’, etab.

abegitsu, adimentsu, adoretsu, ahaltsu, aldapatsu, arantzatsu, Arantzazu, arduratsu, arriskutsu, behartsu, berritsu, bizartsu, borondatetsu, boteretsu, bulartsu, burutsu, egitekotsu, euritsu, eztitsu, garrantzitsu, haizetsu, harritsu, herratsu, iletsu, indartsu, itzaltsu, kementsu, ketsu, koipetsu, koleratsu, menditsu, mukizu, odoltsu, osasuntsu, ospetsu, pozoitsu, sutsu, zaporetsu, zorritsu…

5.2.2. -os/-oso

Iparraldeko testuetan aurkituko ditugu jatorriz erromantzea den atzizki honekin sorturiko adjektiboak; zalantza egin dezakegu egiazko eratorriak ote diren, ala mailegu egokituak. Nolanahi ere, Villasantek (1974) edo Lafittek (1944) jaso duten atzizkia da: abarizios, apetitos, balios, biktorios, desiros, golos, gutizios, hiros, lorios, malizios, mendekos, miserikordios, nekos, penos, perilosBaldin desiros bazarete ohorearen zelai eder eta zabaletan pasaietan ibiltzera (Etxeberri Sarakoa); Presuna hirosak, erreak eta haserrekorrak (Axular); Eta auzoko jende abarizios zikoitz batzuek (Barbier). Ez ditu horiek guztiak jaso Euskaltzaindiaren Hiztegiak (oraingoz behintzat) eta, jaso dituenetatik batzuek (abarizios, miserikordios) Zah. marka daramate.

-oso aldaera ere badugu, Hegoaldeko testuetan: apetoso, bakeoso, galanioso, lainezoso, malizioso, nekoso. Mutil malizioso deabruz betia (Txirrita); Ume lainezoso, galanioso, apetoso patetiko batzuk, besterik ez (J. A. Arrieta). Adjektibo horietatik hiru baino ez ditu bildu Euskaltzaindiaren Hiztegiak —bakeoso, lainezoso, nekoso—; Beh. marka eman die lehen biei, eta lagunarteko formatzat (Lgart.) hartu du hirugarrena.

5.3. Eratorpena. Atzizki adjektibo-sortzaileak (II). ‘Jatorria’ adierakoak edo gentilizioak (-(t)ar)

5.3.1. -(t)ar (-dar)

5.3.1a Lemari dagokionez, argi dago -dar kontsonante ozenaren, bereziki sudurkariaren ondoko alomorfoa dela (beasaindar, madrildar). Ez dago hain argi, ordea, lematzat edo oinarrizko alomorfotzat zein hartu behar den; Azkuek -ar ematen du oinarrizkotzat, -t- herskaria zenbait ingurunetako lotura kontsonantetzat hartuaz. Auzi hau alde batera utzita, aldaeren banaketa zehaztea ere arazo korapilatsua da. Joera batzuk ikus daitezke, baina kontrako adibideak ere badira. Euskaltzaindiak Onomastikaren alorrean emandako arauak hartzen baditugu, badira batetik euskal herritarren izenak ematen dizkigutenak, bai eta kanpoko eskualde eta hirietakoenak ere; dinastia izenak edo munduko herriak eta etniak arautzean ere hainbat forma ageri dira -tar atzizkiaz osatuak (38., 57., 99., 108., 142., 147., 178., 182., 187. eta 190. arauak). Bereziki interesgarria da 178. araua, “Kanpoko leku-izenei dagozkien herritar-izenak eta jatorri-adjektiboak sortzeko irizpideak” ematen baititu.

5.3.1b Azken arau honetan aurkituko ditugu irizpideak noiz erabili aldaera edo alomorfo bakoitza. Honela labur dezakegu bokalez zein kontsonantez amaitzen diren kanpoko leku-izenen kasuistika (xehetasun gehiagotarako ikus 178. araua, eta begiratu Euskaltzaindiaren Hiztegia):

a) -a + -ar > -ar (bi silabatik gorako oinarriekin) / -a + -tar (bi silabako oinarriekin)

antiguar, angolar, argentinar, canberrar, belgikar, bruselar, bolikostar, bostwanar, guatemalar, vienar / rigatar, suvatar, dakartar, bernatar, pragatar, vilatar

erromatar, andorratar (salbuespenak)

b) -e + -tar

eiretar, librevilletar, porteauprincetar, kopenhagetar, belizetar, caboverdetar, sanjosetar, lilongwetar, maletar, valletar, komoretar / kanputxear

c) -i + -ar

abudhabiar, aragoiar, bangiar, burundiar, djibutiar, fijiar, helsinkiar, haitiar, kigaliar, maliar, malawiar, nairobiar, newdelhiar, tripoliar (baina bruneitar, hanoitar, paraguaitar, taipeitar, uruguaitar, zeelandaberritar)

d) -o + -ar

antananarivoar, burkinafasoar, damaskoar, egiptoar, kongoar, lesothoar, libanoar, marokoar, monakoar, montevideoar, osloar, portonovoar, quitoar, sanmarinoar, santodomingoar, sarajevoar (baina kairotar, luxenburgotar, santiagotar, tokiotar)

e) -u + -ar

chisinauar, emirerribatuar, estatubatuar, korfuar, nauruar, timbuktuar, vanuatuar (baina, katmandutar, moskutar, perutar, uagadugutar…)

f) -l, -m, -n + -dar

afganistandar, berlindar, brasildar, dublindar, erevandar, kabuldar, kirzigistandar, washingtondar

g) -f, -g, -j, -p, -q, -r, -s, -x, -z + -tar

aljertar, barbadostar, beneluxtar, buenosairestar, burgostar, cherbourgtar, danzigtar, ekuadortar, göteborgtar, londrestar, marrakextar, paristar, wessextar

h) -d, -t + -ar

beirutar, belgradar, budapestar, bukarestar, islamabadar, nazaretar, rabatar

Ikus honetaz Euskaltzaindiaren 38. araua: “Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak”, Donostian, 2007ko martxoaren 30ean onartua; 57. araua: “Euskal herrialdeen, herritarren eta euskalkien izenak”, Zarautzen, 1996ko apirilaren 26an onartua; 99. araua: “Zuberoako herri eta herritarren izenak”, Etxarri- Aranatzen, 1999ko ekainaren 24an onartua; 108. araua: “Lapurdiko udal izendegia”, Bilbon, 2000ko martxoaren 30ean onartua; 142. araua: “Antzinateko eskualdeen euskarazko izenak”, Bilbon, 2004ko abenduaren 16an onartua; 147. araua: “Antzinateko hirien euskarazko izenak”, Donostian, 2006ko urtarrilaren 27an onartua; 178. araua: “Kanpoko leku-izenei dagozkien herritar-izenak eta jatorri-adjektiboak sortzeko irizpideak. Euskaltzaindiaren gomendioa”, Baionan, 2015eko ekainaren 26an, Elizondon, irailaren 25ean eta Bilbon, azaroaren 27an onartua; 182. araua: “Dinastien izenak”, Donostian, 2017ko urtarrilaren 27an onartua; 187. araua: “Munduko zenbait gizarte- eta erlijio-talderen jarraitzaileen izenak eta ordena militar eta ospitalario nagusien izenak”, Donostian, 2017ko azaroaren 24an onartua; 190. araua: “Munduko herriak eta etniak”, Donostian, 2018ko ekainaren 29an onartua.

5.3.1c Atzizki honen inguruan sortu den bigarren galdera, -tiar, -liar atzizkiarekiko lotura da. Villasantek guztiak atzizki bakarraren alomorfotzat ematen dituen arren, Azkuek bi sail desberdinetan kokatzen ditu, bi atzizki desberdin bezala hartuaz. Uhlenbeck-ek (1909) eta Lafittek ere hala jokatzen dute. Oinarriaren kategoria eta atzizkiaren adiera kontuan hartuaz, bi atzizkiren aurrean gaudela ohartzen gara; nahiz agian bien arteko nahasketa gertatu izan goiztar/goiztiar, zerutar/zerutiar eta abarren kasuan. Jatorri adierako -(t)ar aztertuko dugu hemen eta aurrerago -tiar/-liar5.4.7).

Oinarriari dagokionez, mota bateko baino gehiagoko eratorriak aurkituko ditugu. Batetik, goiko adibide guztietan ikusi dugu leku izen propioei eransten zaiela -(t)ar leku horretako pertsona adierazteko; pertsonaren jatorria, alegia. Halakoak dira beste adibide hauek ere:

albaniar, alexandriar, amezketar, andaluziar, andoaindar, arabiar, ataundar, azpeitiar, babiloniar, bergarar, donostiar, egiptoar, errenteriar, erromatar, eskoziar, feniziar, gipuzkoar, holandar, indiar, iparramerikar, irlandar, italiar, lekeitiar, madrildar, oñatiar, otxandiar, palestinar, suediar, tolosar, zarauztar, zornotzar, zuberotar…

Baina pertsona izen propioek ere har dezakete -(t)ar pertsona horien, edo horien doktrinen jarraitzailea adierazteko, edo erlijio ordena jakin bateko kidea: axulartar, chomskytar, frantziskotar, karmeldar, karlostar, luterotar, mahometar, sabindar.

Herri edo etnia izenek har dezakete -(t)ar horietako bateko kidea adierazteko: assamdar, bengalar, kareliar edo mordoviar. Bai eta dinastia izenek ere: akemenestar, artsazestar, makabear, mauryatar, orontestar, ptolomeotar edo seleukotar. Oinarrian pertsona izen propioa dutenetatik oso gertu daude Erromatar edo Bizantziar Inperioetako dinastiak adierazten dituzten antoninotar, flaviotar, julio-klaudiotar, justinianotar, komnenotar, teodosiotar… Dinastia izenen oinarrian badira leku izen propioak ere, hala nola hannovertarrak, hohenstaufendarrak, lancastertarrak eta abar.

Deitura izenei ere gehitu zaie XX. mendeko testuetan: Olaizolatar, Zapiraindar… eta abar ere baditugu, deitura horretakoak osatzen duten familiakoa adierazteko. Hemen sar ditzakegu grimalditarrak edo bonapartetarrak (dinastia horretakoak) ere. Izen arrunt bizigabeei ere erants dakieke -(t)ar: atzerritar, baserritar, basotar, gautar, itsastar, kaletar, kanpotar, menditar, mundutar, zerutar…14.2.3). Bestelako oinarriak dituzten adjektiboak ere sortu dira azken urteetan: bitar, hamartar, kartesiar, nepertar (Zabala 2013). Beraz, ‘jatorri adjektibo’ deitu arren, egiazko erabilera ez da jatorria adieraztera mugatzen (ikus Artiagoitia 2002a).

5.3.1d Modifikatzen duten izenari dagokionez, askotan pertsona adierako izenen ondoan aurkituko ditugu: ondarrutar maisu, bertsolari herritar, emakume atzerritar eta abar. Euskaltzaindiak zehaztu bezala, [-gizaki] motako izenekin ere erabiltzen ditugu gaur egun -(t)ar adjektiboak: frantziar legeak, errusiar ikonoak, norvegiar baleontziak, irlandar folklorea… Mota bateko zein besteko adibide gehiago eman ditugu beheraxeago § 5.3.1g.

Atzizki honen bidez sorturiko adjektiboak askotan substantibatu egiten ditugu; hau da, ezkerrean inolako izenik gabe ageri dira, beraiek bakarrik izen funtzioan (§ 14.2.3h), batez ere izen biziduna, gizakia, adierazten dutenean: atzerritar, baserritar, eskuindar, frantziskotar, herritar, irlandar, kaletar, karmeldar

5.3.1e Adierari dagokionez, berriz, erreferentzia adjektibo hauek ez dagozkio nahitaez lekuari; “leku horretako kultura edo eragin-eremua, edo jatorriz leku horretakoa den hizkuntza ere izan daiteke erreferentea” (ikus Euskaltzaindiaren 178. araua). Euskaltzaindiak ohartarazten du, ordea, behin baino gehiagotan beharrik gabe erabiltzen ditugula izen bizigabearen ondoren doazen -(t)ar adjektiboak, bereziki auzo, herri, probintzia gisako izenekin. Ez dago *auzo bilbotarra, *probintzia espainiarra edo *laranja valentziarrak esan beharrik, nahikoa da Bilboko auzoa, Espainiako probintzia edo Valentziako laranjak esatea.

5.3.1f Goiko adibide horiek argi erakusten dute -taratzizkiak erreferentzia adjektiboak sortzen dituela (§ 14.2.6), ez adjektibo kalifikatzaileak. Euskaraz erreferentzia adjektiboak sortzeko dugun atzizki bakarretakoa da. Erreferentzia adjektiboek ere modifikatzen duten izenaren ezaugarriren bat adierazten dute, baina horretarako kanpoko zerbaitekin (entitate edo eremu batekin) erlazionatzen dute izen hori (egoera ekonomiko) edo izenaren argumentu bat adierazten dute (Txetxeniaren aurkako eraso errusiarra). Lehen adibidean ekonomia izenari egiten zaio erreferentzia egoera izena modifikatzeko; bigarrenean, erasoa nork egin duen adierazten du errusiar adjektiboak. Erreferentzia adjektibo ‘sailkatzaile’ esaten zaie lehen motakoei, ‘tematiko’ bigarrenei. Dena den erreferentzia adjektiboak bilaka daitezke kalifikatzaile ere: jokabide hori oso eskoziarra da.

Bereizkuntza hori gogoan izanik, bi motatako erreferentzia adjektiboak sortzen ditu -tar atzizkiak (Zabala 1997; Artiagoitia 2002a). Sailkatzaileak dira gehienak: testu-liburu ingeles, almeja itsastar, mugimendu newtondar, zentral nuklear, hegazti gautar, alderdi eskuindar, neska ondarrutar… Gutxi batzuek argumentu harremana dute modifikatzen duten izenarekin, tematikoak dira: eraso errusiarra. Zabalak (2013) dio argumentu harremanak ezin eman daitezkeela -tar adjektiboen bidez, salbu oinarrian leku izena dagoenean. Argumentu harremantzat hartzen du ‘jabego besterenezin’ deritzan osoa-zatia harremana (zelula (-ren) mintza), bai eta magnitude baten eta horrek neurtzen duen objektuaren artekoa ere (itsasoaren sakonera). Beraz, ‘izenlagun+izen’ egitura edo izen elkartua erabili behar genuke horrelakoetan, eta ez -tar adjektiboa: Newtonen legeak (*lege newtondarrak), itsasoaren sakonera (*sakonera itsastarra), zelula-mintz (*mintz zelular) edo zelula-heriotza (*heriotza zelularra)… Arrazoi du Zabalak, argumentu harremanak hitz elkarketaren bidez edo ‘izenlagun+izen’ egituraren bidez ematen baititugu euskaraz. Hala ere, aitortzen du gaurko corpusetan eta terminologia bankuetan aurki daitezkeela bere ustez zuzenak ez diren adibideak.

5.3.1g Sintagma barruko kokapenari dagokionez, adjektibo hauek izenaren eskuinean nahiz ezkerrean ezar daitezke (§ 14.2.3g, § 14.2.3i), baina oinarria izen propioa edo izen arrunta izateak badu zerikusia kokapenean. Izen berezia oinarri duen -tar adjektiboa modifikatzen duen izenaren ezkerrean zein eskuinean ager daiteke, Ereduzko Prosa Gaur corpuseko adibide hauek erakusten duten bezala: irlandar bandera, irlandar basati, irlandar baso, irlandar diru, irlandar doinu, irlandar gerlari, irlandar pub, irlandar sendi, irlandar whisky / epaile irlandar, gerlari irlandar, ikastetxe irlandar, neska irlandar, osaba irlandar. Sarasolak (1997: 88) dioenez sarriago ageri da literatura tradizioan irlandar gerlari eredua, gerlari irlandar hurrenkera baino. Artiagoitiak (2002a: 443) dioenaren arabera, baina, badirudi aldaketa gertatu dela horretan “nire inguruko euskaldun ia guztiek bigarrena nahiago dute”. Dena dela, merezi luke gaurko corpusetako erabilerak xehekiago aztertzea bigarren moldea lehenari nagusitu zaion ikusteko. Izen arrunta oinarri duen -tar adjektiboa, ostera, beti izenaren eskuinean ematen omen dugu, bai orain eta bai tradizioan ere (Odriozola eta Cantero 1992; Artiagoitia 2002a: 446): midizina eskuar (Axular), jendaki barbaro eta basotarrak (Etxeberri Sarakoa), agintari menditar (Agirre), bide-lapur atzerritar (Zaitegi), irribarre zerutar (Mirande), retorika goitar (Mitxelena), teilatu zerutar (Villasante). Halakoak dira Ereduzko Prosa Gaur edo Egungo Testuen Corpusetako adibideak ere: ilargi gautar (P. Zabala), ibilaldi gautar, paseo gautar (Borda), autoritate goitar (Olarra), teknikari goitar (Segurola), landaredi goitar (P. Zabala), inspirazio zerutar (X. Amuriza), hierarkia zerutar (Gorrotxategi), txertaketa “basotar” (Jakin). Azken urteetako adibideetan, dena den, aurkituko ditugu zerutar meditazio, zerutar gorputz edo basotar katu modukoek, gutxienak izan arren.

5.3.1h Modifikatzen duen izenaren eskuinean edo ezkerrean azaldu ahal izatea esplikatu nahian, Artigoitiak (2002a: 448, 455-459) dio izenaren eskuineko -tar horiek adjektiboak direla; horretan ez dagoela zalantzarik. Izenaren ezkerrean ageri zaizkigun -tar horiek, ostera, ez lirateke adjektibo kategoriakoak izango, izen kategoriakoak baino. Beraz, ondarrutar neska [izen+izen] egiturako izen elkartua genuke eta berdin aurreko puntuan irlandar lehen osagai zutela eman ditugun adibideak. Proposamen erakargarria da, batetik, *ondarrutar Simon modukoak zergatik ez diren gramatikalak (baina bai Simon ondarrutarra) esplikatuko lukeelako (izen bereziak ez dira izen elkartuko mugakizunak) eta, bestetik, corpusetatik atera ditugun ondorengo adibideok oso ondo koka ditzakegulako hitz elkartu mota batean edo bestean (dela mendekotasunezkoetan atzerritar-multzo, irlandar talde, irlandar gudaroste, dela atributu eta koordinazio egiturako elkartuetan). Artiagoitiaren proposamen honi indarra ematen dio, gainera, atzerritar-multzo, irlandar talde bikoteak. Izen balio argia du atzerritar osagaiak eta horren pare-parekoa izango luke irlandar osagaiak ere. Nolanahi ere, Artiagoitiak (2002a: 459) berak dioen bezala, “datozen ikerketek emango digute argi gehiago”. Horregatik nahiago izan dugu, orain arte gramatikariek egin bezala, -tar atzizkiaren bidez sortutako eratorri guztiak adjektibo kategoriaren azpian eman.

5.3.1i Adjektiboak sortzen diren heinean, adjektiboei erants dakizkiekeen atzizkiak ager daitezke ondoren, bereziki -tasun: donostiartasun, frantziskotartasun, kaletartu, kaletartasun

5.4. Eratorpena. Atzizki adjektibo-sortzaileak (III). ‘Joera, izaera’ adierakoak (-bera, -kari2, -kin2, -koi, -kor, -tiar/-liar, -ti)

5.4.1. Sarrera

Sail honetako atzizkiek oro har oinarriak adierazten duenerako joera, erraztasuna edo zaletasuna adierazten duten heinean, izaera ere adierazten dutela esan dezakegu (agian horregatik eman zien Azkuek ‘derivados pasionales’ deitura).

5.4.2. -bera

Bera izenondo beregainetik, beratu aditzaren oinarri denetik, sortutako atzizkia dela onartzen dute euskal gramatikariek. Baina ondoren ikusiko ditugun adibideetan ‘bigun’ adiera galdu eta ‘joera, erraztasun’ adierako adjektiboak sortzen ditu, aditzoin kategoriako oinarria duela. Mota batekoak baino gehiagokoak izan daitezke aditzoinok: da motako inkoatiboak (egosi, izerditu, hoztu, mindu, § 23.2.2.2c); du motakoak, esperimentatzailea eta gaia argumentu dituztenak (ikusi, sinetsi, § 23.2.2.5e). Horrela sortuak ditugu egarbera, egosbera, hozbera, ikusbera, izerbera, minbera, sinesbera, etab. Ixabel izerbera zen (Sagastizabal); Gizaki egarberarentzat, putzua oasis bat da (Linazasoro); Ez naiz oso sinesbera; oraintxe bertan ere, dudak dauzkat (K. Navarro); Minbera neuzkan oinak oso (J. A. Arrieta).

Adjektibo kategoriako eratorri hauek izan daitezke beste izen eratorri baten oinarri (sinesberatasun) zein aditz baten oinarri (minberatu).

5.4.3. -kari2

Iparraldeko testuetan ageri zaigu, batez ere, atzizki hau. Izen konkretuei eransten zaie, bizidun zein bizigabeei, eta zaletasuna edo joera adierako adjektiboak sortzen ditu: andrekari, bizikari, emaztekari, gibelkari, handikari, lagunkari, mutikokari, zurrupakari… Ondoko adibideetan ikus dezakegu nola erabili diren adjektibo hauek testuetan: Haien ideologia osoki gibelkaria (Herria); Izpirik ez zen ohore gosea, ez handikaria (Hiriart-Urruti); Ez dinat mutikokari fama bildu nahi (Herria); Tartean gu geu, bitartekari zurrupakariaren kafea erosten dugunean (Goienkaria).

5.4.4. -kin2

Aurreko bi atzizkien pareko dugu hau ere, nahiz emankortasun urrikoa izan. Iparraldeko testuetan adibide gutxi batzuk besterik ez dugu aurkituko: haurkin, jendekin, lagunkin. Haurkina zen, goxoa (Garate); Jendekina eta omore onekoa baitzen, anitz lagun bazituen (Herria).

5.4.5. -koi (-oi)

Bi aldaera horien artean, Azkuek -oi ematen du lematzat; Villasantek -koi, adjektibo berriak sortzeko aspalditik herskaridun forma osoa, -koi erabiltzen baita. Azken batean herskaridun aldaerak nagusitu dira euskaraz historian zehar (-asun/-tasun, -egi/-tegi, -oi/-koi, -or/-kor, etab.).

Oinarria izen konkretua izan ohi da, biziduna zein bizigabea, eta izen horrek adierazten duen objektu zein bizidun horretarako (horrenganako) joera, zaletasuna adierazten du adjektiboak: aberkoi, amakoi, ardankoi, emakoi, elizkoi, etxekoi, gizakoi, haragikoi, herrikoi, lurkoi, ohekoi, sabelkoi, sukoi, zintzurkoi. Ikus ditzagun adibide batzuk: Arimaren ilunpea, gogo-nahastea, gai purtzil eta lurkoietarako lera (P. Altuna); Osaba Kamil ez zuten jatun aseezintzat, nahiz eta gozokietarako sabelkoia izan (Zubizarreta); Almadiaren inguruko gai sukoi hura (K. Zabala). Adibideek erakusten digute adjektibo eratorri hauek izen bizidunez zein bizigabeez predika daitezkeela. Izen balioan ere ageri zaigu horietako adjektiboren bat: Errepublikak ez zuela etxekoi nostalgiko horien beharrik errepikatzen nuen (Borda).

-ra postposizio atzizkiaren ondoren ere ager daiteke, aurrerakoi, atzerakoi, barnerakoi, eskurakoi, kanporakoi. Aita maisua zuen, bera bezala, maisu aurrerakoia, errepublikazalea (Igerabide); Aho-sabaiko gustuak, barnerakoi kokatuko zaitu, eta hatz-mutturretako ukittuak gozamen zabalenaren alderdi lokartuak iratzarriko dizkizu (P. Zabala). Kasu horietan aditzoin kategoriako oinarria dugula pentsa genezake, eratorpenean eta hitz elkarketan, oro har, kategoria lexikoak izaten baitira osagaiak, eta ez postposizio sintagmak. Baditugu, azkenik, berekoi, geurekoi, heurekoi, nirekoi/neurekoi, zeurekoi pertsona izenordainari dagokion izenlaguna oinarri dutenak. Oilo busti alaena, kolabo, heurekoi, herria hilduran eta hi potrojorran (Zapiain); Izan ere, gizakiak berekoi, diruzale, harro eta handiputz izango dira (Elizen arteko Biblia).

Atzizki honen bidez sorturiko adjektiboak izan daitezke, aldi berean, izen baten oinarri (nirekoikeria, sabelkoikeria, herrikoitasun) edo aditz baten oinarri (herrikoitu).

5.4.6. -kor (-or)

5.4.6a Lemari dagokionez, beste hainbatetan bezala, herskaridun alomorfoa nagusitu zaio herskarigabeari.

Aditzoin kategoriako oinarriek hartzen dute atzizki hau; beraz, zer motatako aditzoinak diren, nolako argumentu egitura duten aztertu beharko dugu. Ikus dezagun, ordea, lehenik, nolako eratorriak sortzen ditugun -kor atzizkiaren bidez:

ahazkor, aldakor, apurkor, barkakor, betakor, baikor41, damukor, emankor, errukior, ezkor, galkor, geldikor, haserrekor, higikor, hilkor, ikarakor, iragankor, iraunkor, irristakor, itsaskor, jasankor, jauskor, kutsakor, lotsakor, oldarkor, sarkor, sentikor, sineskor, suminkor, ugalkor, ulerkor, urrakor, ustelkor…

5.4.6b Adjektibo horien oinarrian ditugun aditzoinetako asko da/du motakoak dira, hau da, inkoatibo/kausatibo (arazlea) alternantzia dutenak laguntzailearen arabera (sumindu da / sumindu du § 23.2.2.2c). Horrelako oinarriak ditugunean, da balioa, argumentu bakarrekoa, inkoatiboa, da -kor hartzen duena. Argumentu bakar hori “lotzen” du atzizkiak eta adjektiboaren argumentua (§ 4.1.2b), ezkerreko izena, ere argumentu horri dagokio: gizon suminkorra edo pertsona haserrekorra diogunean, gizona edo pertsona erraz sumintzen eta haserretzen direla esan nahi dugu. Hau da, sumindu eta haserretu aditz inkoatiboen barne argumentu dira gizon eta pertsona. Mota horretakoak dira aditz gehienak, aldatu, apurtu, bete, damutu, errukitu, galdu, gelditu, haserretu, higitu, hil, ikaratu, itsatsi, kutsatu, lotsatu, sartu, ugaldu, urratu edo usteldu. Ondorengo adibideetan ikusiko dugu aditzaren barne argumentuari dagokion izenaz predikatzen direla -kor adjektiboak: Ekosistema apurkor horien garrantzia ulertzeko aukera izan eta gero, autorako buelta egitea besterik ez dugu (Argia); Astronomoek 30.000 izar aldakor dituzte katalogatuta; horiez gain beste milaka batzuk ere aldakorrak diren susmoa dute (Egunkaria); Denbora joanak eta egun infinituek jadanik ahitua behar baitzuten gorputz hilkorra daukan dena (X. Amuriza); Hooliganen entusiasmoa kutsakorra suertatzen zen orain (Atxaga); Beharrezko estalkia, baina urrakorra eta gauzaren salneurria gutxitu beharrean handitzen duena (Elexpuru); Debagoienean zabor poltsetan iaz jaso ziren 18.000 tonetatik, 7.500 tona materia organiko ustelkorra zen (Goienkaria). Aurreraxeago ikusiko dugu aditz horietako du balioa, kausatiboa edo arazlea, dela -garri atzizkiak oinarri hartzen duena (§ 5.5.2).

5.4.6c Beste batzuetan du motako aditza izango dugu oinarrian, baina argumentu bakarrekoa, hau da, intrantsitibo ergatiboduna (iraun § 23.2.2.4); argumentu bakar hori ez da ‘agentea’, ‘gaia’ baino. Argumentu hori lotzen du atzizkiak eta argumentu horri dagokio ezkerreko izena; bi argumentukoa denean, ‘esperimentatzailea’ da kanpo argumentua (barkatu, sentitu, sinetsi), -kor atzizkiak lotzen duena eta horixe da adjektiboaren ezkerreko izenak adierazten duena: [Tigranozerta] kiskaltzen bazuen, etsaia gehiago beldurtuko zen, eta errukitzen bazen, barkakor-fama hartuko zuen (X. Amuriza); Apaiz zahar sineskor bat zen (J. Zabaleta); Liburu honetako heroiak sentikorrak dira, eta nobela osoa malkoz josia dago (Jon Muñoz).

-kor adjektiboak izan daitezke, aldi berean, izenen edo aditzen oinarri: aldakortasun, baikorkeria, iraunkortasun, itsaskortasun, sentikortu

5.4.7. -tiar/-liar

5.4.7a Aldaerei dagokienez, Azkuek morfema beraren bi alomorfotzat hartzen ditu; -tiar hedatuago litzateke, goi nafarreraz ere erabiltzen da eta. -liar, Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdikoa omen da. Lafittek -tiar baino ez du aipatzen. Bestalde, gorago aipatu dugu -(t)ar atzizkiarekin sortzen den gurutzamendua (§ 5.3).

5.4.7b Izen kategoriako oinarriei eransten zaie: baketiar, elizatiar, erregetiar, etxetiar, goiztiar, jainkotiar, lurtiar, zerutiar; -(t)ar atzizkia aztertzean esan bezala, ez da harrigarria atzizki bata (-tiar) zein bestea (-(t)ar) daramaten eratorriak aurkitzea oinarria izen arrunta denean: eliztar/elizatiar, goiztar/goiztiar, ihestiar, jainkotar/jainkotiar, lurtar/lurtiar, zerutar/zerutiar… Aldekoa, zalea, jarraitzailea, adierazten dute adjektibo hauek, adibideetan ikus dezakegun moduan: Bakea nahi delarik, baketiar guziek baikorki hartu behar lituzkete bakearen aldeko urrats guziak, non nahitik jin diten (Herria); “Xuriak” erregetiarrak ziren eta apezen sostengu osoa bazeukaten (Landart); Oinezko goiztiar baten oin-hots bakana (Olarra); Gertakari baliagarriak eta kaltegarriak berdin erortzen direla, bereizkuntzarik gabe, jainkotiarren eta jainkogabeen gainera (Xarriton); Bilduren ditu Israelgo ihestiarrak (Barbier)… Azpimultzo berezia egin dezakegu ‘otordua’ adierazten duten izenekin, otordu horretara gonbidatuak, otordu horretako partaideak adierazten baititu: afaltiar, bazkaltiar, ezteiliar/ezteitiar, gosaltiar. Hara jiratu zuten afaltiarrek burua (Lertxundi); Bazkaltiarren artean Mateoren lehengusu bat zegoen (Irigoien); Bi gosaltiarren aulkien artean, agiriz betetako eskumaleta marroi bat zegoen ongi zaindurik (A. Arana). Adibideetan ikus dezakegunez, askotan izen balioan erabiltzen dira -tiar atzizkiaz sorturiko adjektiboak.

5.4.7c Kasu gutxi batzuetan aditzoin kategoriako oinarria dugu (egoiliar, garaitiar, ikusliar); halakoetan zaila da adiera ikustea, bai baitirudi -le atzizkiarekin ez duela desberdintasun handiegirik batzuetan behintzat: garaitiar / garaile. Horrenbestez, sortzen den lexema izena ala adjektiboa den ere eztabaidatu beharko litzateke; adibideak ikusita, izenen distribuzioa dute atzizki hauen bidez sorturiko hitzek: Etxe hunek badauzkake egoiliarrak (J. Etxepare); Zeren garaituek ordinariozki garaitiarren hizkuntza […] onhesten baitute (Etxeberri Sarakoa); Ikusliarrik ez da haizu sartzera (J. Etxepare). Edo predikatu sintagmak osatzen dituzte (-le atzizkiaren sorturiko hitzek bezala): garaitiar atera, garaitiar gelditu.

Izenondoari erants dakizkiokeen atzizkiak aurkitu ditzakegu ondoren: erregetiartasun, erregetiartu, etxetiartasun, etxetiartu, goiztiartasun, goiztiartu.

5.4.8. -ti

Izen bizigabeek, abstraktutzat jo ditzakegunek, hartzen dute -ti: ahalketi, bakarti, baketi, basati, bekaizti, egiati, gerlati, gezurti, izuti, justiziati, kezkati, liskarti, loti, lotsati, maliziati, negarti, setati… Sortzen den adjektiboa gehienetan izen bizidunez (askotan pertsona adierazten dutenez) predikatzen da, ondoko adibideek erakusten dutenez: Anarik atmosfera bakartia eta malenkoniatsua sortzen daki (Goienkaria); Zeren are miserikordiosago da Iainkoa, iustiziati baiño (Axular); Ni lotsatia nintzen neskekin (Navarro); Gizon gaitzak eta ondikozkoak, gerlatiak eta maliziatiak, okasinotsuak eta inkontru gaixtokoak (Irigoien); Ume negarti baten esnelapiko huts sentiarazten nautenean (Iturbe).

Batzuetan -ti/-tsu bikoteak aurkituko ditugu: baketi/baketsu, maliziati/maliziatsu, liskarti/liskartsu

5.5. Eratorpena. Atzizki adjektibo-sortzaileak (IV). ‘Gaitasuna’ adierakoak (-garri, -kizun2)

5.5.1. Sarrera

Aditzoin kategoriako oinarriak hartzen dituzte azpiatal honetan aztertuko ditugun atzizkiek. Beraz, orain arte egin bezala, aztertuko dugu aditzoinak zein motatakoak diren, zein argumentu egitura duten, atzizkiak zein argumentu lotzen duen eta, adjektiboaren argumentua, izena, ere zein argumenturi dagokion. Hauexek izan dira, gainera, azken urteetan gehientsuen aztertu diren atzizkiak (Artiagoitia 1995, 2003; Azkarate 1990a; Azkarate & Gràcia 1995; Gràcia et al. 2000).

5.5.2. -garri

5.5.2a Atzizki izen sortzaileen artean ere aztertu dugu -garri4.4.2.2). Han esan bezala, -karri alomorfoa ager daiteke herskariaren ondoren (gogaikarri), bai eta txistukariaren ondoren ere, nahiz ez den nahitaezkoa azken ingurune fonetiko honetan (miresgarri).

5.5.2b Bi balio eman dizkiote euskal gramatikariek -garri adjektibo-sortzaileari; balio aktiboa bata, balio pasiboa bestea (ikus, esaterako, Azkue edo Villasante). Ikus dezagun zeri deitu dioten gramatikariek balio aktibo eta zeri balio pasibo, zer ezaugarri dituen batak eta zein besteak. Balio aktiboari, balio arazle edo kausatibo ere deitu diote gramatikariek; balio honetakoak dira ondorengo adjektiboak:

adierazgarri, aringarri, aspergarri, astungarri, aztoragarri, babesgarri, barregarri, behaztopagarri, bereizgarri, desohoragarri, dibertigarri, edergarri, erabakigarri, erakusgarri, errukarri, estalgarri, freskagarri, galgarri, gazigarri, gogaikarri, harrigarri, higuingarri, hilgarri, hunkigarri, ikaragarri, interesgarri, iraingarri, isolagarri, itogarri, itsugarri, izugarri, kaltegarri, kontsolagarri, kutsagarri, labaingarri, lagungarri, laidogarri, leungarri, lotsagarri, mehatxagarri, mingarri, nazkagarri, negargarri, nekagarri, oroigarri, osagarri, penagarri, pizgarri, pozgarri, sendagarri, sendogarri, sumingarri, tamalgarri, tentagarri, txikigarri, zirraragarri, zoragarri, zulagarri…

5.5.2c Bi motatako aditzak aurkituko ditugu goiko adjektibo horien oinarri. Batetik, da/du motakoak, inkoatibo/kausatibo (arazle) motakoak (§ 23.2.2.2c, § 23.2.2.2f). Halakoak dira aspertu, aztoratu, dibertitu, galdu, gogaitu, gozatu, harritu, higuindu, hil, hunkitu, ikaratu, itsutu, izutu, kontsolatu, lotsatu, nekatu, poztu, sendatu, sumindu eta abar. Du motako aditza da kasu horretan -garri atzizkiak oinarri hartzen duena, balio arazle edo kausatiboa duena, alegia. Aditzaren argumentuetatik, kanpokoa da atzizkiak lotzen duena, bere gain hartzen duena.

Beste aditz batzuk du (dio) motakoak dira: erabaki, erakarri, iraindu, lagundu, tentatu, zulatu. Hauetan ere kanpo argumentua lotzen du -garrik.

Beraz, du motako aditza izango du beti oinarri -garri atzizkiak. Bi sail nagusitan biltzen ditu Artiagoitiak (2003) -garriren oinarri diren aditzak: kezkatu motako aditz psikologikoak, batetik, eta aditz trantsitiboak, bestetik. Kezkatu motako aditz psikologikoetan ‘gaia’ edo ‘estimulua’ argumentuak ergatiboa hartzen du eta ‘esperimentatzailea’k, absolutiboa (berriak sumindu nau); ‘estimulua’ da, beraz, -garri atzizkiak xurgatzen duena eta -garri adjektiboaren ezkerreko izenarekin bat datorrena, adibideetan ikusi ahal izan dugun bezala. Aditz trantsitiboei dagokienez, sintagma ergatiboaren bidez adierazten den argumentua ezin da ‘agentea’ izan. Tresna edo instrumentua adierazten du askotan sintagma ergatiboak (Artiagoitia 2003: 158). Guztiz bat dator irakurketa hau izen kategoriako -garri eratorrien esanahia kontuan hartzen badugu (§ 4.4.2.2).

Ondoko adibideetan, adjektiboaren ezkerreko izenaren eta adjektiboaren oinarri den aditzaren arteko harremanari erreparatuz, argi dago nola ulertu behar dugun harreman hori: zangoek erakarri egiten dute (norbait), begiradak tentatu egiten dute (norbait), aurkikuntzak nahiz faktoreak (aurkikuntza horren bidez, faktore horren bidez) erabaki egiten da, azterketak nekatu (nekarazi) egiten du norbait, giroak negar eragiten dio norbaiti, eta abar, eta abar. Rosekiko jakin-minak, baina, ez zion galarazi zango erakargarriak edota begirada tentagarriak estimatzeko aukera (Larrañaga); 1970ko hasieran, aurkikuntza erabakigarria egin zuen (Olarra); Programa horren faktore erabakigarrietako bat zera izan da, gobernuko zein gobernuz kanpoko eragileen […] arteko eztabaida, garapen iraunkorrari buruzkoa, instituzionalizatu izana (I. Eizagirre eta A. Lizarralde); Dakienak dakieta ez dakienak ez dakike azterketa nekagarrien buruan baiziknolako giro negargarria genuen nagusi zenbait “Euskaltzaleen biltzar” zirelakotan (Mitxelena); Une saminak eta une pozgarriak, betiere bizi-indarrez eta itxaropenez gainezka, borborka (Igerabide); Neuri ere kezkagarri iruditzen zaizkit euskararen kontrako kanpoko eraso horiek (Joxerra Garzia); Letraren bidez manifestatzen zaion mundu liluragarri eta exotikoa (Lertxundi); Bizitza mingarria baita, baina ez dago ihesbiderik (Zapiain); Begi bistakoa zen […] ez zela gertaera dibertigarria (Saizarbitoria); Lehendik ere bazekiena esan zion gero, tratamendu gozagarria, ezez ez sendagarria, hilabete luzeetan senarraren burmuinean oihartzuna izango zuen egia mingarri hura (Zurutuza).

5.5.2d Atzizkiak kanpo argumentua, subjektu ergatiboari dagokiona xurgatu arren, barne argumentua ere ager daiteke adjektiboaren inguruan, dela -en izenlagun gisa, dela hitz elkartuko lehen osagarri gisa (hau da, -garri izen sortzailean ikusi dugun jokabide bera). Ikus ditzagun zenbait adibide: a) Nire belarrien pozgarri baita haien dardara (J. Zabaleta); Etxearen lotsagarria zara! (Zubizarreta); Bere kalitateeri esker, ikusliarrentzat da abusamendu aberatsgarri, gogoen altxagarri, eta… diru biltzeko molde (Larzabal); Hori egizu neretzat ere, zure Gorputza giristinoen altxagarritzat sakramendu hortan utzi daukuzunaz geroz (Leon); Desiratuz Jainkoak bete dezala bere aintza eta goralmena bere esku utzitako jendeen ongarri eta kontsolagarri (J. M. Lekuona). b) Baina horren ordez, bihotz hunkigarri izanen zuelakoan, poema japoniar bat errezitatu nion (Linazasoro); Guztiz gogo-mingarri zaidak atzematea nola morrosko ileordedun nabarmen batek jo eta txiki-txiki egina uzten duen pasarte zirraragarri bat, belarriak zartatuz beheko mailakoei (Juan Garzia); Ordubetez egon ziran mendi-galurrean ikusgai biotz-erdiragarriari begira erdi-toteldurik, eta, bein begiak naiko ase ziranean, eguerdiburuan, aldapa beera asi ziran (Barrensoro).

Adibide horietan guztietan ere atzeman dezakegu balio arazlea, kausatiboa; aditz psikologikoetan, estimulua da arazlea, eta bestelako aditz trantsitiboetan, instrumentua. Horretaz gain, -en izenlagunaren bidez ageri da barne argumentua a) multzoko adibideetan; eta hitz elkartu sintetiko baten bidez b) multzokoetan (§ 8.2.3): belarriak poztea, etxea lotsatzea, gogoa altxatzea, gogoa mintzea, bihotza hunkitzea… eragiten dute adibide horietan dardarak, zure Gorputzak, poema japoniarrak, (zerbait) atzemateak, (mendi gailurreko) ikusgaiak eta abarrek.

5.5.2e Oinarri den aditzaren nolakotasuna eta atzizkiak lotzen duen argumentua aztertzean argi ikusten da -kor5.4.6) eta -garri atzizkien arteko desberdintasuna (zehazkiago esanda, -kor eta -garri aktibo edo arazlearen artekoa). Biak eransten zaizkie da/du motako aditzei; lehena, ordea, da baliokoari, inkoatiboari eta bigarrena du motakoari, arazleari. Ez da, beraz, harritzekoa, horrelako bikoteak aurkitzea: gizaki hilkorra (gizakia hil egiten da) / pestizida hilgarria (pestizidak hil egiten du), ume lotsakorra (umea erraz lotsatzen da) / gertaera lotsagarria (gertaerak lotsarazi egiten gaitu), pertsona haserrekorra (pertsona erraz haserretzen da) / zoroa da bere aitaren haserregarri (Duvoisin), bihotz pozkorra (bihotza erraz pozten da) / berri pozgarria.

5.5.2f Bada, ordea, -garri atzizkiaren beste erabilera bat, goraxeago esan bezala, balio pasibo deitu zaiona. Balio honetakok dira ondorengo eratorriak:

aipagarri, azpimarragarri, barkagarri, beneragarri, defendagarri, desiragarri, diskutigarri, edifikagarri, egingarri, entzungarri, eramangarri, esangarri, eztabaidagarri, fidagarri, gogoragarri, irakurgarri, jakingarri, kontagarri, laudagarri, maitagarri, miragarri, miresgarri, ulergarri, urrikalgarri, zenbakarri

Oinarri diren aditzak du motakoak dira guztiak. Artiagoitiak (2003: 157-158) hiru multzotan biltzen ditu: aditz trantsitiboak (aipatu, agurtu, aztertu, begiratu, edan, egin, erabili, entzun, eskuratu, eztabaidatu, garbitu, gomendatu, irakurri, jan, kontatu, laudatu…), gorrotatu motako aditz psikologikoak, esperimentatzailea subjektu ergatibo dutenak (adoratu, arbuiatu, deitoratu, desiratu, eraman ‘jasan’, erdeinatu, estimatu, gaitzetsi, gorrotatu, jasan, maitatu, miretsi, pairatu) eta da motako aditz psikologikoak (baliatu, errukitu, fidatu, ohartu, urrikaldu § 23.2.2.5f); azken hauek ere bi argumentu dituzte, baina barne argumentua, gaia, postposizio sintagma baten bidez gauzatzen da (ez naiz zutaz fidatzen). Argumentuek hartzen dituzten rol tematikoak, berriz, ‘egilea/gaia’ zein ‘esperimentatzailea/jasailea-gaia’ izan ohi dira. Nolanahi ere, balio pasiboko -garri atzizkiak barne argumentua lotzen du, ‘jasailea’ edo ‘gaia’ (objektua). Atzizkiak gehitzen duen esanahiari dagokionez, bi adiera har ditzake adjektibo eratorriak ‘x izatea merezi duena’, diakronikoki zaharrena, (ikusgarri, jakingarri, maitagarri, miresgarri…) eta ‘x daitekeena’, berriagoa, gaur egun gailentzen ari dena. Halakoetan izenondoaren ezkerreko izenak aditzoinaren objektua, barne argumentua biltzen du. Ondoko adibideak ditugu horren erakusgarri: Lagunaren eleketa firfira jasangarri baten gisara egokitzen zen ene belarrietara (Epaltza); Itzulpen ‘literala’ egitea baino areago, testu irakurgarriak idaztea izan dugu helburu (J. A. Mujika); Hitz ulergarriak ez badituzue adierazten, nola jakin zer ari zareten esaten? (Elizen arteko Biblia); Toki-administrazioak, gutxienez, orube baten edo partzela eraikigarri baten jabetza betea eskuratzen ez duenean (Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko Legea, Eusko Legebiltzarra); Handik pixka batera, abarrots askorik gabe, korroka-hots xume baina entzungarri batez, sumendiaren ahoak gizon bat bota zuen kanpora (Juaristi). Adibide horietan, firfira, testu, hitz edo korroka-hots, hurrenez hurren, jasan, irakurri, ulertu edo entzun aditzen sintagma absolutiboei dagozkiela esan dezakegu, zer jasan, irakurri, ulertu edo entzun.

5.5.2g Balio pasiboa duen -garri eta -kor ere aurki ditzakegu bikoteak osatuaz, nahiz oso ugariak ez izan (adibide gutxi dira du motako aditza oinarri duten -kor adjektiboak). Kasu horietan, du motako aditzak dituzte biek oinarri, -garrik barne argumentua, objektua lotzen du, eta -korek, berriz, kanpo argumentua, ‘esperimentatzailea’ paper tematikoa hartzen duena. Horrelako bikoteak ditugu sineskor (erraz sinesten duena) / sinesgarri (sinestekoa, sinesteko modukoa); irakasle ulerkor (ulertzeko joera duen irakaslea) / testu ulergarri (uler daitekeen testua, ulertzeko modukoa).

5.5.2h Literatura tradizioan balio nagusia lehena izan den arren, balio aktiboa (ikus Salaberry 1856; Arrigarai 1919; Azkue 1923-1925; Villasante 1974; Azkarate 1990a; Artiagoitia 1995, 2003), indar handia hartu du azken urteetan bigarrenak, ‘x daitekeena’ edo balio pasiboak, berau hartu baitugu erdal -bledun izenondoak itzultzeko. Joera hau, bestalde, Urteren eta Larramendiren hiztegietan ere (1715 eta 1745, hurrenez hurren) atzeman daiteke.

Adjektiboak oinarri hartzen dituzten atzizkiak aurki ditzakegu -garriren ondoren: erakargarritasun, harrigarritasun, izugarrikeria

5.5.3. -kizun2

5.5.3a Atzizki izen-sortzaileen artean ere aztertu dugu -kizun1 (ikus § 4.4.3.5). Funtsean atzizki bera dela esan daitekeen arren, ondoren ikusiko ditugun adibideek ez dute izen baliorik. Baina ez dute adjektibo erabilera beterik ere; ez dira izen baten ezkerrean azaltzen, predikatu sintagma osatzen dute. Ez dugu, esaterako, bekatu barkakizunak esaten, baizik barkakizun zaizkizu bekatu horiek. Oinarri diren aditzak mota batekoak baino gehiagokoak izan daitezke: da motakoak (etorri, urrikaldu), du motakoak (barkatu, egin, eman, erremediatu, ikusi), nahiz da/du motakoak (hil, sendatu).

5.5.3b Atzizki izen-sortzaileetako -kizun1-ek bezala, adjektibo-sortzaileak ere aditzaren barne argumentua lotzen du. Horrek esan nahi du bi argumentuko aditzetan, du motakoetan, ‘gaia’ argumentua lotzen duela. Barkakizun, eginkizun, emankizun, erremediakizun, ikuskizun, dagokien aditzen objektuei dagozkie. Adierari dagokionez, egin daitekeen, gerta daitekeen zerbait adierazten du eratorriak; beraz, goraxeago aztertu dugun -garri atzizkiaren baliokidetzat har dezakegu, ‘balio pasiboa’ duen -garri atzizkiarena, alegia. Hauek dira -kizun2 atzizkiak sorturiko eratorri zenbait: barkakizun, eginkizun, emankizun, erremediakizun, etorkizun, gertakizun, hilkizun, ikuskizun, sendakizun, urrikalkizun… Hauetako askok (eginkizun, emankizun, etorkizun, ikuskizun, jasankizun) izen balioa ere badute. Eta, hasieran esan bezala, adjektibo hauek ez ditugu izen sintagmaren barruan, izenaren eskuinean kokatzen; hala erakusten digute ondoko adibideek: Hala ostinatuaren, gogortuaren, itsutuaren, eta ezansiatuaren bekhatua, eta eritasuna ere hain da handia, non berenez ezpaita sendakizun, eta ez barkhakizun (Axular); Zeren ez baitiotegu ikhuskizun diren gauzei begiratzen, bainan-bai ikhuskizun ez direnei (Duvoisin); Etorkizun zeuden trabaju gogorren berri osoa eman da Santuak esan zion (Kardaberaz); Emanak, emateko baleude gaur, emankizun geldituko lirake, bai segurki, nere aldetik behintzat (Mendiburu); Eta oxala gathibutzat salduak bagindedi! jasankizun lizate zorigaitza (Duvoisin).

5.6. Eratorpena. Atzizki adjektibo-sortzaileak (V). ‘Jabegoa’ adierakoak (-dun, -ko3)

5.6.1. Sarrera

Oinarriari eransten dioten adieraz gain, badute beste berezitasun bat ondoren aztertuko ditugun bi atzizkiek: biek har ditzakete sintagma egiturako oinarriak. Oro har, eratorpenean (eta hitz elkarketan ere) kategoria lexikoak izaten dira oinarri eta kategoria lexikoak sortzen dira. Berehala ikusiko dugunez, ordea, salbuespen dira -dun eta -ko3; ziurrenik, lehena erlatibo laburtua baino ez delako eta, beraz, aditzen osagarri zuzenek izan ditzaketen egitura berak har ditzakeelako. -ko atzizkiaren kasuan, berriz, hau ere berez flexioaren alorrekoa delako; beheraxeago ikusiko dugu zergatik esaten dugun hemen aztertuko dugun -ko3 hau adjektibo-sortzailea dela, hau da, eratorpenaren eremukoa.

Oinarriaren kategoriak markatzen du, hein batean, bien arteko banaketa: izen kategoriako oinarriek, oro har, -dun hartzen dute (oso urriak dira izena oinarri duten -ko3 eratorriak). Zenbatzaile sintagmek, oro har, -ko3 hartzen dute. Izen sintagma edo adjektibo sintagma (bihotz on) kategoriako oinarriek, berriz, atzizki bata zein bestea onartzen dute. Adierari dagokionez, biek adierazten dute jabegoa, eutea (posesioa), eta posesioaren nolakotasunean dago, hain zuzen ere, aztergai ditugun bi atzizkien arteko desberdintasuna zenbait gramatikariren iritziz, nahiz -koren kasuan adiera zabalagoa izan, berehala ikusiko dugunez (epe luzeko inbertsiogile).

5.6.2. -dun (-tun)42

5.6.2a Txistukariaren ondotik ager daiteke -tun, batez ere mendebaldean (bihoztun); edo aditz izeneko (ikaste, joste) azken bokala erori ondorengo herskariaren atzetik (ikastun, jostun…).

Adjektiboaren kapituluan esan dugunez (§ 14.2.3), -dun atzizkiaz eratorririko hitz horiek perpaus erlatiboetan dute oinarria: dirua duen neska perpausa izanik oinarrian ez da hortik zail pentsatzea perpaus horrek dirudun neska eman dezakeela. Horrek azalduko luke nola geratu diren -dun hitz horiek gramatikan izenaren ezkerrean, perpaus erlatiboak arruntean ezkerrean ematen ditugunez. Baina, aldi berean, egia da -dun hitz horiek eskuinean ere ager daitezkeela. Aldaketa gertatu da horretan, literatura tradizioan askoz maizago ageri da -dun adjektiboa izenaren ezkerrean; gaurko idazleen erabilerari erreparatuz, nagusituz doa -dun adjektiboa eskuinean ematea (§ 14.2.3e).

5.6.2b Emankortasunari dagokionez, ez dira horrenbeste atzizki honen bidez sorturiko adjektiboak, kontrakoa ematen badu ere. Gaurko euskaran, -dun hitz horien artean, maizen ageri dena euskaldun da, eta ondotik datoz, erabilerari dagokionez, ugaztun, arduradun, zaldun, txapeldun, haurdun, errudun, eledun, ahaldun, bizidun eta fededun.

Emankortasunean badu zerikusia izen balioan erabiltzeak. Euskaldun, ugaztun, errudun, txapeldun… corpusetan maiztasun handia duten eratorriak dira; horiek guztiek (eta beste batzuek ere) izen balioa hartzen dute sarri (baina, bestalde, izen balioan ageri den zergadunek oso agerraldi gutxi ditu). Halako baliorik ez dutenak bakanago ageri dira: Buruan loredun kapela (Lopez de Arana); Blusa loreduna (Navarro); Bitxi-loredun kapelak (Larrañaga); Gona laburreko trajea zeraman eta takoidun zapatak (Joxean Agirre); Galtzerdi koloredunak (Saizarbitoria); Jende koloreduna (Oñederra); Top beltza eta antezko takoidun botak daramatzan prostitua batek sua eskatu dizu (Gonzalez); Atorra loreduna jantzirik (Epaltza); Koadrodun gona itsusi bat zeraman (N. Zubillaga); Koadrodun alkandorarekin ibiltzen zen (Atxaga). Dena den, betaurrekodun, bibotedun, esperientziadun, koloredun, loredun, marradun, takoidun, tirantedun edo txanodun adjektiboek ehunetik gora (batzuetan ondotxo gora) agerraldi dituzte gaurko corpusetan. Bidenabar, ohart gaitezen -dun adjektiboaren kokapenaz goraxeago esan dugunaz, izenaren ezkerrean baino sarriago ageri dela gaur egun eskuinean, alegia.

5.6.2c Nolanahi ere, kokapenaz ari garelarik, ezkerrean edo eskuinean agertze horretan badu zerikusirik oinarriaren kategoriak. Goraxeago esan dugu egitura sintagmatikoak ere har ditzakeela oinarri -dunek; mota horretako oinarriekin nabarmenagoa da erlatibo jatorria eta ohikoa izaten da izenaren ezkerrean kokatzea adjektibo eratorria: Bufanda gorridun ijitoa (Osoro); Ertz gorridun liburuxka (Urrutikoetxea); Tomen aita […] alkandora gorridun hura zen (K. Izagirre); Bizar gorridun arrotza (Agirre); Bista onak betaurreko beltzdunarentzat (Cano). Egitura berekoak dira beste hauek ere, atorra dotoredun, azal ederdun, estalki zuridun… Oinarri konplexuagoak ere aurki ditzakegu, zenbatzaile sintagma egiturakoak, edozein irabazpidedun (Lizardi), kare gutxidun (Nekazaritzako irakurraldiak). Determinatzaile sintagmak, aldiz, ezin daitezke oinarri izan.

5.6.2d Eratorpen-atzizki honen bidez sorturiko adjektiboek nekez onartzen dute gradu-mailarik eta horrek erakusten du erreferentzia adjektiboak direla: *zapata hauek takoidunagoak dira beste horiek baino; *haur hori ez da hain betaurrekoduna… Hala ere, batzuek kalifikatzaile balioa ere hartu dute, esan baitaiteke ni ez naiz zu bezain fededuna, ni zu baino erredunago naiz horretan.

5.6.2e Atzizki izenondo-sortzailea bada, izenondoa oinarri duten atzizkiak ager litezke ondoren, baina oso bakanak dira halakoak (euskalduntasun eta besteren bat). Aurretik, aldiz, izenak (batez ere bizigabeak) sortzen dituzten atzizkiak aurkitzea ez da bat ere zaila: betaurrekodun, berokidun, osasundun, maitasundun, ongarridun, berogailudun, barazkidun…

5.6.3. -ko3

5.6.3a Lemari dagokionez, formaz berdina izan arren, -ko izen-sortzailea (§ 4.2.5, § 4.4.3.6) eta hau bereizi beharko genituzke beste batzuetan egin dugun bezala (-era1 eta -era2, -tza1, -tza2 eta -tza3 eta abar). Kategoria desberdineko eratorriak sortzen dituzte batzuek eta besteak (lekuko, oinetako / bihotz oneko); kategoria desberdineko oinarriak hartzen dituzte, eta adiera ere desberdina dute.

Bestalde, adjektibo kategoriako unitateak sortzen dituen -ko3 honek bi aldaera erakusten ditu -ko eta -tako, euskalkien araberako banaketa dutenak. Oro har, -ko izan da Hegoaldean nagusi eta -tako Iparraldean, nahiz azken mendean -ko nagusitu euskalki guztietan (Azkarate eta Altuna 1992). Euskaltzaindiak, nagusitasun horretaz jabeturik, -ko hobetsi zuen batasunerako.

Ikus honetaz Euskaltzaindiaren 34. araua: “Hiru kiloko haurra, lau hankako mahaia”, Bilbon, 1995eko ekainaren 30ean onartua.

5.6.3b Oinarriaren kategoriari dagokionez, ohikoa du -ko adjektibo-sortzaile honek sintagma kategoriako oinarriak hartzea, hau da, izen+adjektibo multzoa (edo, agian zehazkiago, AdjS): azal zuriko, jenio txarreko, bihotz oneko, buru argiko, gerri estuko, iraupen laburreko, sudur handiko… Baita zenbatzaile sintagmak ere: kainoi biko, hiru urteko (haurra), hiru kilometroko (bidea), zenbat kilometroko (bidea), zazpi eguneko (epea), hiru orduko (emanaldia)… Neurria, adina, pisua, prezioa, tamaina edo denbora adierazten dute, oro har, horrelako egiturek. Izen soila ere izan daiteke oinarri, nahiz gutxi izan horrelako adibideak (antzeko, edadeko, esaneko, itxurako…). Beste batzuetan (-en) itxurako, (-en) antzeko hartuko ditugu oinarri. Baita ‘partizipioa + behar’ egiturak ere, izen sintagmatzat har ditzakegunak (egin beharreko, esan beharreko, hartu beharreko…). Euskaltzaindiaren 34. arauan aurki daitezke zehaztuak oinarri-mota hauek eta dagozkien adibideak.

5.6.3c Lehen ere esan dugu -ko berez flexio morfema dela (postposizio atzizkia § 21.7, § 21.8), eta hala erakusten dute goiko adibideek: bihotz oneko, iraupen laburreko, jenio txarreko, zazpi eguneko. Azkuek azpimarratu bezala, flexio morfemekin bakarrik ageri dira horrelako lotura-bokalak, ez eratorpen morfemekin. Baina postposizio sintagma bati lotzen zaio -ko flexio morfema denean (kategoria funtzionala denean), izenlagunak sortzeko (etxerako, egurrezko, aitarenganako, zerutiko…). Eta -ko flexio morfemaren aurretik postposizio morfemarik ageri ez denean ere, -n postposizioa dagoela esaten dugu; hau da, mendiko, zenbait menditako eta Gipuzkoako mendietako izenlagunak, mendian, zenbait menditan eta Gipuzkoako mendietan postposizio sintagmak dituzte oinarri. Eratorpenean aztertzen dugun -ko3 honek, aldiz, izen sintagma, adjektibo sintagma edo zenbatzaile sintagma ditu oinarri, baina ez postposizio sintagma. Eta adierari dagokionez ere, ‘eutea’, posesioa adierazten du -ko eratorpen morfemak; flexio morfemek, ostera, ez dute esanahi lexikorik, erlazio gramatikalak baino ez dituzte adierazten (ikus “-koren lana morfologian” § 21.8). Bestalde, ohikoa ez bada ere, -ko3 atzizkiaz eratorritako adjektibo hauek izan daitezke, aldi berean, beste eratorpen atzizki baten oinarri: buru bikotasun (hemen jokoa da buru bikotasun horretan elkarrekin ondo aritzea, (Berria)).

5.6.3d Literatura tradizioan askotan -ko eta -dun lehian ikusten ditugu, oinarria sintagma kategoriakoa denean43. Zenbait gramatikariren iritziz (Altube 1929) -ko baliatzen dugu berezkoak zaizkigun ezaugarriak adierazteko, bereziki kualitate abstraktu edo immaterialak, eta -dun, ostera, aldi batekoak baino ez direnak adierazteko, edo pertsonaren atalak. Horrek azaltzen du zergatik izaerari dagozkion jenio txarreko, azal leuneko edo bihotz oneko adjektiboek -ko hartzen duten, eta erraz alda daitezkeen ezaugarriak adierazteko, aldiz, -dun aukeratzen den (bizar gorridun, ile zuridun, edo begi belzdun…). Baina kontuak ez daude hain argi. Esaterako, traje ederra izatea ezin har daiteke berezko ezaugarritzat, eta, hala ere traje ederreko sortu dugu; begiak badira pertsonen gorputzeko atal, baina begi ederreko ere aurki dezakegu literaturan.

Ikus ditzagun adibide batzuk: Jendeak zioen ile luzeko gizon bat zela, mamu antzekoa (A. Arana); Txima luzedun hippyen aroak kalitatezko ekoizpen apartak ezagutu zituen (Bidetxea); Iparra hormatuak hemen nonahi ikusten diren zango luzedun lore ubel delikatuak bortizki mugiarazten ditu (Arkotxa); Historia luzeko museoa (Egunkaria); Bakarkako gairako neurri luzeko doinuak hautatu zituzten (Egunkaria); Takoi luzeko kanperak oinetan (Arretxe); Kaxa blindatuan zeukan guztia emateko agindu zion traje ederreko gazteak (Hernandez Abaitua); Pentsamentu ederreko liburu batetik neure egiten ditut bi pasarte ttipi (Perurena); Begi ederreko neskarenganaino iristeko bidea ireki zuen jende artean (Rey); Ile belzdun neskaren ondoan (X. Aranburu); Ehun bat lagunek lortu zuten tartean xingola belzdun ikurrinekin korridore bat egitea (Hermosilla). Bestalde, oro har, Euskaltzaindiaren arauak dioen bezala, -ko3 baliatzen dugu tamaina, iraupena eta abar adierazteko: epe luzeko gaixotasun, epe luzeko helburu, iraupen luzeko bidaia.

5.6.3e Zenbatzaile sintagmak oinarri dituzten eratorrietan, terminologia beharrei erantzuteko, mota bateko eta besteko eratorriak aurkituko ditugu hasiera batean: hiru-buruko / hiru-burudun ‘tricéfalo’, hiru-loreko / hiru-loredun ‘trifloro’, hiru-gurpileko ‘triciclo’, hiru-margoko / hiru-margodun ‘tricolor’, hiru-aldizko / hiru-faseko ‘trifásico’… Gaur, ordea, -ko nagusitu da erdal bi-, tri-… aurrizkien bidez sorturiko terminoei ordainak emateko: letra biko, zati biko ‘bimembre’, bi motorreko / motor biko ‘bimotor’, gingil biko ‘bilobulado’, ardatz biko ‘biaxial’, buru biko ‘bicéfalo’, hirurteko ‘trienio’, hiru faseko ‘trifásico’, hiru hilabeteko ‘trimestral’…

41 Berez ez dago aditzoinik baikor eta ezkor adjektiboetan, baina, adiera kontuan hartuaz (“gauzen alderik onena ikusteko edo hartzeko joera duena”) hauetan ere badago aditz balioa oinarrian.

42 Hitz-Elkarketa/3 liburuan Euskaltzaindiak (1991) hitz elkartutzat hartu zituen dirudun, bizardun edo alkandora gorridun eta elkartu sintetikoen artean sailkatu, dirudun pertsona edo bizardun mutila sintagmetan objektu-aditz-subjektu erlazioa antzeman daitekeelako, liburu-saltzaile edo kale-garbitzaile izen elkartuetan bezalaxe. Baina -dun ez da morfema beregaina eta horregatik egokiago iritzi diogu eratorpenean aztertzeari, Azkuek, Villasantek edo Lafittek egin bezala.

43 Ikus bereziki honetaz Altube (1929), Gramatika Batzordea (1987a), Azkarate eta Altuna (1992), Zabala (1999).

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper