Euskararen Gramatika

4. Morfologia lexikoa: eratorpena (I)

4. Morfologia lexikoa: eratorpena (I)

4.1. Eratorpena. Atzizki izen-sortzaileak (I). Nolakotasuna, izaera edo lanbidea adierako izenak (-tasun, -keria, -go, -tza1, -gintza, -era1)

4.1.1. Sarrera

4.1.1a Ondoren aztertuko ditugun atzizki guztiek izen kategoriako hitzak sortzen dituzte. Izen horiek zein motatakoak diren aztertzerakoan, izenei dagokien kapituluan eginiko sailkapena hartuko dugu kontuan (§ 12. kapitulua). Modu askotako sailkapenak ikusiko ditugu Izenari dagokion kapituluan: izen arruntak eta bereziak; izen banakariak eta izen multzokariak; izen abstraktuak eta izen konkretuak; izen zenbakarriak eta zenbakaitzak; izen zenbakaitz neurgarriak eta neurgaitzak; izen bizidunak eta bizigabeak; argumentu izenak, gertaera izenak, kuantifikazio izenak eta sailkapen izenak. Baina gurutzatu egiten dira horietako asko: izen abstraktuak, esaterako, bizigabeak eta neurgaitzak dira; izen zenbakarriak eta zenbakaitz neurgarriak, guztiak, izen konkretuak dira eta abar. Irizpide semantikoak kontuan hartuta, izen askok eta askok entitateei egiten diete erreferentzia, baina badira egoerak adierazten dituztenak ere (maitasun, adore, gorroto), bai eta emaitzak (suntsiketa) eta prozesuak (dantza) adierazten dituztenak ere (§ 11.2d). Horregatik komeni da begiratzea nola sailkatu dituzten atzizki izen sortzaileak inguruko hizkuntzetan.

4.1.1b Lau azpisail nagusi egiten ditu Espainiako Akademiaren gramatikak (Manual 2010): nolakotasuna eta egoera adierazten duten izenen sortzaile diren atzizkiak; pertsona, tresna eta lekua adierazten duten izenak sortzen dituztenak; izen multzokariak, leku eta denbora adierakoen sortzaileak; ekintza edo gertaera eta ondorioa adierazten duten izenen sortzaileak. Itxuraz sailkapenean errepikapenak gertatzen direla dirudi, bi tokitan ageri baitira leku adierako izenak; azpisail batean eta bestean aztertzen diren atzizkiak ikusirik, ordea, jabetzen gara ‘pertsona, tresna eta lekua’ azpisailean -dor atzizkia dela nagusia, gehienetan pertsona izenak sortzen dituena, beste batzuetan tresna izenak eta, gutxi batzuetan, lekua adierazten dutenak (comedor). Ingelesez, ostera, hiru azpisail bereizi dituzte Bauer-ek, Lieber-ek eta Plag-ek (2013): gertaera, egoera eta ondorioa adierazten duten izenak sortzen dituzten atzizkiak biltzen dira azpisail batean; pertsona adierakoak beste batean, eta multzokariak, nolakotasuna adierazten dutenak eta bestelako izen abstraktuen sortzaileak hirugarren azpisail batean. Azkuek askoz sailkapen zehatzagoa egin zuen, zortzi azpisail guztira: izen abstraktuak; egile izenak; izen multzokariak; tresna adierakoak; objektua, produktua adierazten dutenak; leku adierakoak; denbora edo garaia adierazten dutenak, eta ekintza zein ondorioa adierazten dutenak bereizi zituen. Izenaren kapituluan eginiko sailkapena eta inguruko hizkuntzetakoak ikusirik, honako azpisail hauek egingo ditugu gramatika honetan izenak sortzen dituzten atzizkiak aztertzeko: 1) nolakotasuna, izaera edo lanbidea adierako izenak sortzen dituztenak; 2) izen bizidunen sortzaileak; 3) izen multzokariak sortzen dituztenak; 4) objektua, tresna, lekua adierazten duten izenen sortzaileak; 5) gertaera, egoera eta ondorio izenak sortzen dituzten atzizkiak. Izenaren kapituluko argumentu, gertaera, kuantifikazio eta sailkapen izenei dagokienez (§ 12.3.5), proposatu ditugun bost azpisail horietako bakoitzean zehaztuko dugu zein atzizkik sortzen dituzten horrelako izenak.

4.1.1c Nolakotasun, izaera edo lanbidea adierako izenak sortzeko erabiltzen ditugu atzizki batzuk. Horien artean, -tasun, -keria, -go, -tza1 eta -gintza dira gaurko estandarrean emankorrenak: gorritasun, zikinkeria, adiskidego, belartza eta eztigintza bezalako izenak sortzen dituztenak, alegia. Ondoko ataletan ikusiko ditugu guztiak.

4.1.2. -tasun

4.1.2a Atzizkiaren lemari dagokionez, -tasun da forma hedatuena aspaldidanik; -tarzun ekialdeko euskalkietarako, behe-nafarreraz eta zubereraz erabiltzen da batik bat; -asun (eta -arzun) ikus ditzakegu zenbait hitzetan (maitasun, osasun), baina ez dira erabiltzen izen berriak sortzeko.

Edozein motatako adjektiboei eransten zaie -tasun, nolakotasuna, adjektibo horiei dagokien izaera adierazteko. Beraz, izen abstraktuak sortzen dituela esan daiteke. Esan bezala, mota guztietako adjektibo kalifikatzaileek hartzen dute -tasun: kolore adjektiboek (zuritasun, gorritasun, belztasun, berdetasun), neurri adierakoek (handitasun, txikitasun, estutasun, luzetasun), izaera adierazten dutenek (eskuzabaltasun, maitagarritasun, nagitasun, santutasun, trebetasun, zuhurtasun), izenaren bestelako ezaugarriak adierazten dituzten adjektiboek (edertasun, erraztasun, garraztasun, hezetasun, lehortasun, lizuntasun, zailtasun), kopuru edo kantitatea adierazten duten adjektiboek (bikoiztasun, bakuntasun, hirukoiztasun); maileguek ere hartzen dute -tasun (liberaltasun, normaltasun, praktikotasun). Hona hemen beste adibide batzuk:

aberastasun, aisetasun, alfertasun, arraitasun, askatasun, beratasun, berotasun, bortiztasun, erosotasun, erotasun, eskastasun, eztitasun, fintasun, flakotasun, gaitasun, gaixotasun, gaiztotasun, garbitasun, gogortasun, hoztasun, itsutasun, justutasun, laztasun, laxotasun, maitasun, mehartasun, mintasun, nagusitasun, onestasun, ontasun, osasun, pisutasun, sendotasun, sinpletasun, ttipitasun, uhertasun, umiltasun, usteltasun, zabaltasun…

4.1.2b Gogoan izan behar dugu nolakotasuna adierazten duten izen hauek ere heredatu egiten dutela oinarrian den adjektiboaren argumentua20. Izenaren kapituluan esana hitzez hitz hona ekarriaz (§ 12.3.5a): “Parekoak dira, argumentuei dagokienez, mutil hori goxoa da eta mutil horren goxotasuna; kalea garbia da eta kalearen garbitasuna, edo argazkia ederra da eta argazkiaren edertasuna”. Beraz, modu batean edo bestean, noren edo zeren eskastasun, eztitasun, garbitasun, garraztasun, santutasun, sendotasun, trebetasun edo umiltasunaz ari garen esan beharko dugu.

Hona zenbait adibide, testuetan nolakotasun izenaren argumentua nola ageri den erakusten dutenak: Ezezaguna begira geratu zen eta, zuhaitzen berdetasuna ikusirik, laudorioka hasi (Aristi); Ahotsaren garraztasuna printzipioen garraztasunetik dator eta leuntasuna ere haien leuntasunetik (X. Amuriza); Arantxak astiro hitz egiten du, umiltasunez, geldiune luzeak eginez (Sarrionandia); Damu dut ohoinen trebetasuna ez izana (Jon Muñoz). Badira, hala ere, balio orokorrean ageri direnak, noren edo zeren nolakotasunaz ari garen zehaztu gabe: Orain mehartasuna dago modan (Zubizarreta).

Hemen -tasun atzizkiaren bidez sorturiko izenez diogunak berdin-berdin balio du, jakina, -keria atzizkiaz sorturikoentzat (edo -eziaz sortutako izenentzat —abilezia, dotorezia— eta abarrentzat ere).

-dun eta -tar atzizkiez osatutako adjektiboek ere har dezakete -tasun (donostiartasun, euskalduntasun); bai eta zenbait erreferentzia adjektibok ere (nazionaltasun, industrialtasun, ekonomikotasun, politikotasun).

4.1.2c Adjektiboaren kapituluan, adjektiboen eta izenlagunen arteko bereizketa egitean (§ 14.1), besteak beste aipatzen da adjektiboek har ditzaketela atzizkiak (hemen aztertzen ari garen -tasun lekuko, edo -ki, handiki eta abar), baina izenlagunek nekez hartzen dutela horrelakorik (§ 14.1h); eta, oro har, hala da. Baina -ko daramaten izenlagunetako batzuek onartzen dute ondoren -tasun (betikotasun, egunerokotasun, egurrezkotasun, etxekotasun, gauekotasun, gaurkotasun, urterokotasun, zerukotasun). Eta horrek berak adierazten du, nolabait esateko, “adjektiboago” direla, adjektiboetatik gertuago daudela -ko atzizkiaren bidez osatzen ditugun izenlagunak, -(r)en atzizkiaren bidez osatuak baino.

Gizakia adierazten duten izenei, pertsonen erreferentzia duten izen arruntei ere erants dakieke -tasun (adiskidetasun, ahaidetasun, aitatasun, aitzindaritasun, amatasun, bertsolaritasun, erregetasun, esklabotasun, gatibutasun, gizatasun, haurtasun, idazletasun, jainkotasun, umetasun). Adjektibo gisa erabil daitezkeen izenak dira, oro har (§ 14.1e), predikatu osagarri modura erabil daitezkeenak (§ 2.7e).

4.1.2d Azken urteetan sortu diren izen batzuetan, hala nola kiroltasun edo lurraldetasun izenetan, izen konkretu bat ageri da oinarri gisa. Nola ulertu behar ditugu? ‘Kirolari dagokion nolakotasuna’, ‘lurrari dagokion nolakotasuna’? Ez, noski. Bi adibide horietan erdal deportividad eta territorialidad ordezkatzeko modua aurkitu dugu; euskaraz berez erreferentzia izenondorik ez dugunez, deportivo eta territorial izenondoak mailegatu beste erremediorik ez genuke deportibotasun eta territorialtasun esanez (hala egin dugu ekonomikotasunekin, esaterako). Baina erdal erreferentzia adjektibodun sintagmak askotan izen elkartuen bidez ematen ditugu, problema laboral = lan arazo eta abar (§ 7.2.2.2a), eta hemen ere deportivo adjektiboari dagokion euskal kirol eta territorialidad-en oinarriko izenaren pareko den lurralde izenak hartu ditugu, eta, izen elkartuekiko mimetismoz jokatuz, gazt. -(i)dad atzizkiaren kide den -tasun erantsi. Izenlaguna ere izan daiteke erreferentzia adjektiboaren ordaina, -tasun atzizkiaren oinarria: gauekotasun = nocturnidad.

4.1.2e Baditu, azkenik, -tasun atzizkiak beste hainbat oinarri ere, emankortasun aldetik askoz marjinalagoak direnak, adibide bat edo beste eman dutenak, baina hitz berriak sortzeko eredutzat erabiltzen ez ditugunak: batasun, hirutasun; bikoiztasun, hirukoiztasun. Baina ez *seitasun edo *seikoiztasun. Zenbatzaile mugagabe bat: aniztasun. Zenbatzaile ordinala: lehentasun. Eta zenbatzailedun sintagma: elebitasun, agian elebiduntasun-en ordez sortua. Aditzondoa du oinarri maiztasun izenak.

Adibideetan ikusi dugunez, beste hainbat eratorpen atzizkiren ondoren aurki daiteke -tasun (bertsolaritasun, emankortasun, euskalduntasun…). Bereziki aipagarria da azken urteetan erdal -bilidad itzultzeko erabili izan den garritasun segida (§ 5.5.2).

Bestalde, izen beregain moduan ere ageri da literaturan. Hala erabili dute Mendiburuk, Ubillosek, Zaitegik, Villasantek, Gandiagak edo Mitxelenak. Erabilera beregain hori areagotu egin da euskara estandarrean. Horren adierazgarri da Euskaltzaindiaren Hiztegiak sarrera eman izana, izen kategoria eta ‘ezaugarria, nolakotasuna’ adiera duela esanez. Honako adibide hauetan ikus daiteke tasunen izen erabilera: Fedeak edo siniste onak agertzen digu Jesusen gizatasuna, ta Jesus beraren Jainkotasuna, eta, tasun oriei dagozten, gauza guziak (Ubillos); Gizakumearen tasun, doai edo propietate bat (Villasante). Gramatikaren alorrean ere erabiltzen da.

4.1.3. -keria

4.1.3a -keria hartzen dugu gaur lematzat, nahiz hitz zaharretan -eria ere aurkitu (arloteria, lukureria, urgulleria). Hala ere, arloteria forma zaharraren ondoan, askoz gehiagotan ageri da arlotekeria gaur egungo corpusetan.

Adjektibo kalifikatzaileei eransten zaie -keria, baina ez edozein ezaugarri adierazten dutenei, baizik eta pertsonez predikatzen direnei eta gaitzesten dugun, begi onez ikusten ez dugun ezaugarriren bat adierazten dutenei (alferkeria, arlotekeria, bortizkeria, doilorkeria, ergelkeria, erokeria, esnobkeria, gaiztakeria, lelokeria, lizunkeria, zurikeria…). Oro har ona iruditzen zaigun ezaugarria adierazten duen adjektiboari eransten diogunean ere, sortzen den izenak beti izango du gaitzespen kutsua, kutsu peioratiboa: maitakeria ‘maitasun gaitzesgarria’ (EH); santukeria ‘itxura hutseko santutatuna’ (EH). Oinarriaren egitura kontuan hartuz gero, adjektibo eratorri zein elkartuei erants dakieke -keria (ardozalekeria, izugarrikeria, berekoikeria, lotsagabekeria, ahoberokeria…).

4.1.3b Izen bizidunak ere izan daitezke -keria atzizkiaren oinarri. Batetik, animalia izenak (astakeria, azerikeria, oilokeria, txakurkeria, zerrikeria); bestetik, pertsona adierako izenak (aztikeria, deabrukeria, sorginkeria, umekeria). Horrelako izenei buruz, adjektibo gisa erabiltzen direla esan dugu adjektiboari eskainitako kapituluan (§ 14.1e). Izan ere, astoen, azerien, oiloen edo aztien jokabidean antzematen dugu gaitzesteko moduko ezaugarriren bat eta ezaugarri hori (edo jokabide hori) egozten diogu ondoan ageri den izenari (mutiko astoa, pertsona zakurra, gizon oiloa eta abar). Erabilera horrek argitzen du zergatik hartzen duten -keria aipatu berri ditugun izenek.

Azken urteetan sortu dira bestelako izenak oinarri dituzten -keriadun eratorriak ere (bortxakeria, indarkeria), baita aditza oinarri dutenak ere (bazterkeria, bereizkeria); baztertu edo bereizi, gizartekideez ari garela, gaitzesten ditugun jokabideak diren heinean, -keria erantsi zaie jokabide gaitzesgarria dela adierazteko. Mailegua eta -keria atzizkiaz sortutako izena, bata bestearen ondoan ere aurkitzen ditugu behin baino gehiagotan: bereizkeria eta diskriminazioa, bazterkeria eta esklusioa eta abar.

4.1.3c Atzizkiaren adierari dagokionez, beraz, argi ikusten da gizarteak gaitzesten dituen kualitateak, jokabideak adierazten dituzten izenak sortzen dituela. Villasantek (1974: 93-94) dioen bezala, atzizki markatua da; -tasun, aldiz, markatugabetzat hartu dute gramatikariek. Adibidez, alfer adjektiboak adierazten duen ezaugarria ez dugu oso begi onez ikusten, baina oinarri horretatik bi modutako izenak sor ditzakegu, alfertasuna eta alferkeria. Lehen kasuan, alfer ezaugarriari dagokion izaera, nolakotasuna, adieraziko dugu, inolako baloraziorik egin gabe; alferkeria diogunean, berriz, gaitzesten dugun zerbait adierazten dugu. Edo zuritasun ‘zuria denaren nolakotasuna’ / zurikeria ‘losintxa; faltsukeria, bertuteen itxurakeria’ (Euskaltzaindiaren Hiztegia). Bada, ordea, -tasun eta -keria atzizkiak bereizten dituen beste zerbait ere. Biak hartu izan dira izen abstraktuen sortzailetzat, baina jokabide desberdina dute -tasun atzizkiaz sortutako izenek eta -keria atzizkiak sortutakoek. Izen abstraktuak zenbakaitzak dira, dagokien izen sintagmak ez du plural markarik edo kuantifikatzailerik hartzen. Eta hala jokatzen dute -tasun atzizkidunek: *Maitasun handiak dizkiot Joni; Zenbat alfer dagoen mundu honetan / *Zenbat alfertasun dagoen mundu honetan. Bestelako jokabidea dute, ordea, -keriadun izenek: Zenbat gaiztakeria dagoen mundu honetan; Astakeria handiak egin ditu bere bizitzan. Azken adibide honetan ikusten dugunez, gainera, -keria atzizkia erantsiz sortu diren izen asko egin aditzaren objektu izan daitezke: Ohartzen naiz nolako gaiztakeriak egin ditudan (Elizen arteko Biblia); Gero eta zerrikeria handiagoak eginda ere (X. Mendiguren Elizegi); edo esan aditzaren objektu: Aneri lizunkeriak esaten (U. Iturriaga). Beraz, hein batean zalantzan ere jar daiteke egiaz izen abstraktuak sortzen dituen atzizkia den; edo zenbateraino diren lapurreta, azterketa, erosketa eta mota horretako izenen antzekoak; ikus, esaterako, nola definitzen duen Euskaltzaindiaren Hiztegiak haurkeria: ‘haurrari dagokion egintza gaitzesgarria’.

4.1.4. -go

Ekialdeko testuetan ageri den atzizki honek bi motatako erabilerak izan ditu tradizioan. Batetik, gizaki adierako izenei eransten zaien -tasun atzizkiaren baliokide da ahaidego, etsaigo, adiskidego edo euskaldungo adibideetan. Erabilera nagusia, ordea, lanbide adierakoa du: gizakia adierazten duten izenei erantsi eta lanbide edo estatus izena sortu (abeltzaingo, alkatego, apezgo, berettergo, buruzagigo, hargingo, zurgingo…). Ondoren ikusiko dugun mendebaldeko -tza1 atzizkiaren baliokide da (§ 4.1.5). Badira bestelako adibideak ere, baina zaharkiturik daudenak eta eratorri berriak sortzeko eredutzat hartzen ez ditugunak (bekaizgo, gaitzerizko, hegigo, onerizko…).

Euskara estandarrean, ordea, beste eredu hau gertatu da emankorra, hitz berriak sortzeko bide eman duena (biztanlego, entzulego, irakaslego, ikuslego…), hots, izen multzokaria sortzeko baliatzea, baina tradizioan oinarririk ez duena. Erabilera oker horri, eta multzokariaren gehiegizko erabilerari aurre egin nahi izan dio Euskaltzaindiak (73. araua). Euskaltzaindiak oroitarazi du, batetik, gehienetan ez dugula izen multzokariaren beharrik, nahikoa dugula plurala erabiltzea (ikastetxe honetako ikasle eta irakasleak; herri bateko biztanleak); bestetik, izen multzokaria beharrezko denean, -eria atzizkiaz baliatzea (§ 4.3.3) gomendatu du Euskaltzaindiak (langileria, biztanleria, bezeria). Eta -go atzizkia erabil dadila ofizioa edo lanbidea adierazteko (artzaingo, zurgingo…), nahiz -tasun atzizkiaren baliokide (euskaldungo, ahaidego…).

Ikus honetaz 73. araua: “-go atzizkia eta izen multzokariak”, Donostian, 1997ko maiatzaren 30ean onartua.

4.1.5. -tza1

Eratorpenaren sarreran esan dugunaren harira, mota bateko baino gehiagoko izenak sortzen ditu -tza atzizkiak: gizakien lanbidea edo estatusa adierazten dutenak (artzaintza, ikazkintza), multzo adierakoak (belartza, sasitza) eta gertaera edo ondorio adierakoak (ezkontza, jaiotza). Oinarriak ere desberdinak dira: izen bizidunak, izen bizigabeak eta aditzak, hurrenez hurren. Beraz, itxura bereko hiru -tza atzizki ditugula esan dezakegu: hemen aztertuko dugun -tza1, izen multzokarien azpisailean ikusiko dugun -tza24.3.4) eta gertaera, egoera eta ondorio izenen azpisaileko -tza34.5.8).

-go atzizkiaren pareko dugu -tza1: lanbide edo estatus jakin bat duen pertsona adierazten duen izena oinarri hartu eta lanbide izena sortzen du (aitzurlaritza, alkatetza, artzaintza, bertsolaritza, erregetza, ikazkintza, neskametza, soldadutza…). Euskara estandarrean lanbide izen asko sortzeko baliatu dugu (erizaintza, hizkuntzalaritza, ingeniaritza, merkataritza, zirujautza…). Ohikoa du -ari, -le edo -tzaile atzizkien ondoren agertzea (§ 4.2); hau da, atzizki horien bidez eratorritako izenak hartzea oinarri.

4.1.6. -gintza

-gin + -tza atzizkien elkarketaz sortua izanik ere, badira arrazoiak batez ere mendebaldean erabiltzen den -gintza atzizkiari bere lekua emateko. Izan ere, -gin ez dugu euskara estandarrean baliatzen ‘zerbait egiten duen pertsona’ izendatzeko (tradizio handiagoa izan du eta du gaur ere bizkaieraz, baina ahulduz joan da euskara estandarrean); -gile darabilgu horren ordez (etxegile, liburugile, oinetakogile / ?etxegin, ?liburugin, ?oinetakogin) (ikus -gin, -gile § 4.2.3). Baina etxeak, oinetakoak edo liburuak egiteari dagokion lanbidea izendatzeko, ez diogu -tza1 gehitzen -gile atzizkiari; ez dugu sortu etxegiletza, liburugiletza edo oinetakogiletza. Bertsolari edo idazle oinarrietatik sortu dugu horrelako jarduna duten pertsonen lanbidea adierazteko bertsolaritza edo idazletza; baina, bide beretik, ez dugu egiten etxegile > etxegiletza. Horren ordez, -gintza aukeratzen dugu mota bateko objektuak, gauzak… egiteari dagokion lanbidea edo jarduna izendatzeko (araugintza, armagintza, eztigintza, izozkigintza, jantzigintza, legegintza, liburugintza, oihalgintza, teilagintza, testugintza…). Irudizko adiera ere badu batzuetan, oinarrian objektu konkretu bat adierazten duen izena ez dugunean (apaizgintza, ezkontzagintza, haurgintza…).

Euskaltzaindiak (1991) hitz elkartu sintetikotzat (§ 7.2.7) hartu zituen -gintza atzizkiaz sortutako izenak Hitz-Elkarketa/3 liburuan, egin aditzaren oihartzuna dagoelako. Hala ere, elementu beregaina ez den heinean, eratorpenean sailkatu dugu Gramatika honetan, Azkuek edo Villasantek egin bezala.

4.1.7. -era1

Dimentsioa, neurria adierazten duen heinean, atzizki hau izen abstraktuak sortzen dituztenen artean sailkatu zuen Azkuek. Neurriarekin zerikusia duten adjektiboak hartzen ditu oinarri (altu, garai, lodi, luze, sakon, zabal) eta ‘zerbaitek behetik gora duen neurria’, edo ‘luzetasunaren, sakontasunaren neurria, zabaltasunaren neurria’ adierako izenak sortzen ditu (Euskaltzaindiaren Hiztegiko definizioak): altuera, garaiera, lodiera, luzera, sakonera, zabalera. ‘Loditasunaren neurria’, ‘luzetasunaren neurria’, ‘sakontasunaren neurria’ edo ‘zabaltasunaren neurria’ definizioa eman die Euskaltzaindiaren Hiztegiak izen horiei.

4.1.8. Beste atzizki batzuk: -ezia, -tate, -tzia

Beste atzizki batzuk ikusten ditugu -ezia, -tate, -tzia… izen abstraktuen sortzaile eta, beraz, hein handi batean -tasun atzizkiaren baliokide; hain zuzen ere, euskarak askotan izango du -tasundun eratorria (ahuldade/ahulezia/ahultasun, gabezia/gabetasun eta abar) beste atzizki hauekin sortutako izenaren ondoan. Baina hemen aipatuko ditugun atzizkiok ez dute emankortasun handiegirik izan euskararen ondare lexikoan, eta ihartutzat eman ditzakegu euskara estandarrean hitz berriak sortzeko. Horien artean adibide gehien utzi dizkiguna -ezia da (ikus Villasante 1974: 75), adjektibo kalifikatzaileei erantsirik nolakotasuna adierazten duten izenak sortzen dituena (abilezia, ahulezia, artezia, finezia, gabezia, pobrezia, trebezia). Gehienetan mailegu egokituen amaieran aurkituko dugu -tate atzizkia (besterik da euskal ondare lexikoko mailegu horiek zer leku duten gaur euskara estandarrean), eta, horrenbestez, ez genuke euskal eratorpen atzizkitzat hartuko (birjinitate, karitate, libertate, sinzeritate); baina latinezko -tate(m) atzizki horren aldaerak ere antzematen ditugu euskal adjektiboetatik eratorritako izenetan (ahuldade, bakardade, gogortade, ondare, ondade…)21. Gramatikarien artean -tzia atzizkiaren formak zalantzak sorrarazi ditu; Azkuek (1923-1925) eta Lafittek (1944) forma horretako atzizkia hartu dute kontuan, izen abstraktuak edo egoera izenak sortzeko baliatzen ditugun atzizkiak aztertzean. Villasantek (1974: 135), berriz, -tza atzizkiaren aldaeratzat jo zuen. Nolanahi ere, oso izen gutxitan antzemango dugu -tzia literatura ondarean (ausartzia, nabarbentzia, zuhurtzia…).

4.2. Eratorpena. Atzizki izen-sortzaileak (II). Izen bizidunak sortzen dituzten atzizkiak (-ari, -gin, -gile, -le, -tzaile, -ko1, -zale, -sa)

4.2.1. Sarrera

4.2.1a Jarduera jakin bat duten gizakien izenak sortzen dituzte, oro har, -ari, -gin, -gile, -le eta -tzaile atzizkiek. Beste hitzetan esanda, duten jardueraren edo lanbidearen arabera izendatzen dituzte pertsonak, dendari, pilotari, harakin, etxegile, langile, idazle, saltzaile eta abarrek. Hala ere, begi bistakoa da erraz erabil ditzakegula predikatu osagarri modura: Nire ahizpa bertsolaria da; Gure gurasoak harakinak dira; Horko gazte hori idazlea da… Areago, literaturan erraz aurki ditzakegu -ari, -le edo -tzaile atzizkien bidez sorturiko hitzak izen baten ondoren, hau da, adjektibo posizioan: esku trabailari, hitz jokolari, tximeleta hegalari, zezen ibiltari, hegazti harrapatzaile, mutil emaile… Izen horiek, gainera, zenbaitetan bizigabeak dira; baina eskuen edo hitzen jarduera gaitasuna, zerbait egiteko gaitasuna nabarmentzen da -ari atzizkia duen bigarren osagai bat ondoan emanaz. Eta bada adibideren bat adjektiboek bezalako jokabidea duena, kuantifikazioa onartzen duena: Oso langilea da; Ez nuen uste hain langilea zenik; Mikel Arantxa baino askoz langileagoa da.

4.2.1b Zalantza sor dakiguke, beraz, zein kategoriatako hitzak sortzen dituzten -ari, -le edo -tzaile atzizkiek, izenak ala izenondoak. Gramatika honetan bertan ere, adjektibo substantibatuen adibidetzat ematen dira zientzialari, ekonomialari, ikertzaile, kimikari, aurrelari eta atzelari14.1e). Hala ere, Adjektiboaren kapituluan, aurrerago, hauxe esaten da: “Egia da kantari edo saltzaile gisako hitzek adjektiboen funtzioa izan dezaketela euskaraz (neska kantari, gizon saltzaile…) baina, nolanahi ere, horiek, adjektibo balira, adjektibo arrunten artean sartuko lirateke. Egokiagoa da, zernahi gisaz, izentzat hartzea, batzuetan adjektibo gisa erabiltzen ahal badira ere, beste izen batzuekin gertatzen den bezala: gizon umea da hori edo mutiko astoa esaten dugu, edo neska oiloa, nahiz ume, asto eta oilo izen hutsak diren, batzuetan adjektibo bezala erabiltzen ahal direnak. Hortaz, horiek ere ez ditugu adjektiboen artean sailkatuko” (§ 14.2.1). Izan ere, zalantzak zalantza, atzizki hauek guztiak baliatzen ditugu euskaraz zerbaitetan diharduen, zerbait egiten duen gizakia izendatzeko; horregatik aztertuko ditugu azpisail honetan, eta atzizkiz atzizki emango ditugu beharrezko iruditzen zaizkigun xehetasunak.

4.2.2. -ari (-lari)

4.2.2a Bi forma horiek dira maizen aurkituko ditugunak, baina gramatikari guztiek -ari eman dute lematzat, eta -lari oinarrizko lemaren aldaeratzat; -kari eta -tari aldaerak ere ageri dira literatura ondarean (aitzindari, ehiztari, ehuntari), eta, oro har, ihartutzat jo ditzakegun arren, badirudi oraindik ere txistukariaren ondoren -kari hauta dezakegula (idazkari). -ari eta -lari aldaeren banaketari dagokionez, oro har:

-ari aurkituko dugu -u amaierako oinarria dugunean (arnegari, bekatari, ezkutari, gobernari, mandatari, merkatari, predikari, zerbitzari), nahiz bi silabako oinarria dugunean -lari alomorfoa izan ohikoago (txistulari);

-ari da, orobat, ohikoena -a amaierako oinarriak ditugunean (abarketari, botikari, dendari, errementari, errotari, ezpatari, kazetari, kimikari, pilotari, postari, teknikari), nahiz badiren salbuespenak (borrokalari, hizkuntzalari, korrikalari);

amaieran -i bokala duten oinarriek -lari aldaera hartzen dute (antzerkilari, argazkilari, auzilari, ertilari, trikitilari);

amaieran -e/-o bokalak ditugunean, berriz, bi alomorfoak aurkituko ditugu. Oinarriaren silaba kopuruak eragina izan dezake bata edo bestea aukeratzean: bi silabako oinarriek -lari hartzeko joera erakusten dute, eta hiru silabakoek -ari (agintari, bertsolari, bulegari, eskelari, goldelari, laborari, misiolari, sukaldari);

kontsonantez amaitzen diren oinarriei -lari eransten zaie (aitzurlari, ameslari, arraunlari, hizlari, otoizlari).

4.2.2b Euskaltzaindiak honako arau hau eman zuen -ari/-lari aldaeren banaketari dagokionez: “Erabil bedi -ari forma, a bokalaz amaitzen diren izen oinarriei eransteko, batez ere bi silabatik gorakoak direnean. Beraz, gramatikari edo politikari erabil bitez batasunerako (eta ez gramatikalari edo politikalari). -ia amaierako izenekin, ialari hobesten da: historialari, zientzialari”.

Ikus honetaz Euskaltzaindiaren 49. araua: “-ari (-lari) atzizkiaz”, Bilbon, 1995eko abenduaren 29an onartua.

4.2.2c Zenbait hizkuntzalarik, Schuchardten lanetatik hasita, latinezko -arius atzizkitik datorrela esan dute (Yrizar 1971). Azkuek kontrako iritzia azaltzen du. Villasantek, bestalde, Mitxelenaren oharrean oinarri harturik, erdibidekoa proposatzen du: euskal jatorrizkoa izan daiteke atzizkia, eta latinekoak indartu, ondoren, beronen erabilera.

Hain atzizki emankorra izanik, ez da harritzekoa oinarri mota bat baino gehiago aurkitzea, nahiz izen konkretu bizigabeei eranstea izan ohikoena: aizkolari, arraunlari, bertsolari, botikari, dendari, fisikari, futbolari, kazetari, kimikari, pilotari, tabernari, txistulari. Gizakiek zer lanbide duten adierazten duten izen sorta eratu dugu bide honetatik; aipatu berri ditugun horietako askoren ondoan, historialari, hizkuntzalari, matematikari, zientzialari eta abar. Areago, erdal -ario ere atzizki honen bidez moldatu dute idazle batzuek zenbait urtetan: notari, bikari, sekretari… (ministrari ere erabili izan da azken boladan). Joera hau, ordea, erdal mailegua ‘mozorrotzeko’ ahalegina baino ez denez, eta inolako oinarririk ez luketen funtzionari edo unibertsitari bezalako ustezko eratorriak sortzen dituenez, gaitzetsi egin du Euskaltzaindiak eta izenak -ario forman mailegatu behar direla arautu (funtzionario, komisario, mertzenario, unibertsitario). Euskaltzaindiaren Hiztegian horiek guztiak baztertu dira azkenean eta notario, bikario, ministro eta abar onartu.

Ikus honetaz Euskaltzaindiaren 50. araua: “-ari -ario”, Bilbon, 1995eko abenduaren 29an onartua.

4.2.2d -keta jarduera atzizkiaren (§ 4.5.4) ondoren ere aurki dezakegu, jarduera horretan ari dena izendatzeko (berriketari, eleketari, esneketari, urketari): Orduan zakur ohararen ingurura zakur arrak biltzen diren bezala trumilka, berriketariak, mundu guzitik, 25 gau-egunez hurbildu ziren (Larzabal); Moxolo ta Martin dakustaz maiburuan! Lenbiziko berriketaria, bizar biko gizon igar tentea, eztakit nongoa dan (Agirre); Alkate jaunak erran du: esneketari bat gogorki zigortu duela esne tzarra saltzen zuelakoz (Larreko).

-ka daramaten aditzondoei (§ 6.2.3) erantsirik ere aurki dezakegu (gudukari, mailukari, mokokari, muturkari, zaunkari): Erromanoek bakea laster utzi zakoten orduan! Gudukariak multzoka dire geroztik hunat agertu (Oxobi); Ordea oztu ezkero, gogortzen da, ta mallukariak ezin du besterik, ezpada nekatu alperrik burua (Mogel); Laguntzat dituztela eiza-zaunkariak billatu ta iltzeko eper ta erbiak (Mogel). Mota honetako eratorrietan adjektibo balioa ere har dezake -ari atzizkiaz sortutako hitzak; izen baten ondoan aurkituko dugu, eta izen horrek adierazten duena ‘mokoka’, ‘muturka’, ‘zaunka(z)’ aritzen dela ematen dugu aditzera: Batek asmatzen du formula mailukari bat eta denak formularekin mailuka gure buruon gainean (Azurmendi); Senar-emazte mokokariek hainitz haur izaiten omen dituzte (Larzabal); Geldi ago zoro ori! -oiu dagio zakur zaunkari ta jauzkariari (Barrensoro).

4.2.2e Zenbait adibidetan aditzoina ikusiko dugu oinarri (azterlari, esatari22, ikerlari, pentsalari, salatari, zaindari, zuzendari). Horietako batzuen kasuan, bikoteak ditugu (idazkari/idazle, salatari/salatzaile, zaindari/zaintzaile, zuzendari/zuzentzaile); aditzak adiera bat baino gehiago dituenez, horietako batek -tzaile hartu du eta besteak -ari. Goian aipaturiko 49. arauan, hauxe erabaki zuen Euskaltzaindiak: “erants bekio -ari atzizkia izenari, eta -le edo -tzaile atzizkiak, berriz, aditzei. Hortaz, hezle, hezitzaile edo ikertzaile dira batasuneko formak, hezi eta iker(tu) aditzak baitira. Aditz batek adiera bat baino gehiago izan dezakeenean, zilegi izan daiteke adiera batean -le edo -tzaile eranstea, eta -ari beste adieran: idazle/idazkari, zuzentzaile/zuzendari”.

Areago, azken urteotan entzuten ditugun interpretari, nabigari, tripulari eta abarrek erakusten dute lanbidea adierazten duen edozein mailegu ‘egokitu’ nahi izan dugula, maileguak duen atzizkiaren ordez -ari ezarrita. Horietatik, interpretatzaile eta nabigatzaile (interprete maileguarekin batera) hobetsi ditu Euskaltzaindiak bere Hiztegian, oinarria aditzoina delako. Eta tripulatzaile eta tripulante dabiltza gaurko testuetan.

4.2.2f Goraxeago aipatu dugun (§ 4.2.2c) latinezko -arius atzizkiak -ero forma eman du gaztelaniaz eta -er frantsesez. Horiexek dira lanbide izen askotan ikusten ditugun atzizkiak (arquero, fontanero, panadero; aumônier, boulanger, patissier…). Euskaraz ere ikus ditzakegu bi atzizki horiek zenbait hitz eratorritan. Batetik, hor ditugu Hegoaldeko dultzainero, igeltsero, gezurtero, kuxkuxero, parrandero, zalapartero edo zurrutero. Gehienak adjektibo kategoriakoak ere badira (edo nagusiki adjektibo kategoriakoak dira) eta lagunarteko erregistroetakoak. Ez dute lanbidea adierazten (dultzainero eta igeltsero kenduta), baizik ‘gezurretan, parrandan, zurrutean… ari dena’. Alegia, oso begi onez ikusten ez ditugun jardueran ari dena.

Iparraldean, -er atzizkia erabiltzen da lanbide izen askotan: adibidez, omonier, ostaler, koziner, bulanjer… Horietatik lehen biak bakarrik jaso ditu Euskaltzaindiak bere Hiztegian. Hauetan denetan, -er atzizkiak ez dakar gaitzespen kutsurik. Alabaina, kontuan hartu behar da guztiak maileguak direla; bestela esanda, -er atzizkia duten hitzen artean, ez dago euskal ondareko hitz bat oinarri duen eratorririk. Hegoaldean, aldiz, euskal oinarria dutenek dute gaitzespen kutsua.

4.2.3. -gin, -gile

4.2.3a Egin aditza dute oinarrian bi atzizki hauek. Lehenak ez du formalki inolako atzizkirik egilea adierazteko; bigarrenak, ordea, garbi asko ageri du -le aditzoinari erantsia; horregatik ez da hain harrigarria gerragin/gerra-egile, bertsogile/bertso-egile, ongigile/ongi-egile bikoteak aurkitzea. Euskal Herri osoan erabiltzen diren hainbat izenetan ageri da -gin (egurgin, hargin, legegin, upagin…). Gaur izen berriak sortzeko -gile baliatzen dugu. Ondare lexikoko izenetan -kin eta -kile aldaerak ikusiko ditugu, hots aldaketak gertatu direnean (okin, harakin, ikazkin, gaizkile…).

4.2.3b Izen bizigabeei, konkretu zein abstraktuei, eransten zaie -gile eta baita -gin ere, nahiz azken atzizki honen bidez sorturiko izen batzuk oso erabilera urrikoak izan. Hona hemen literatura tradizioko zenbait adibide:

alpargatagile, amesgile, bertsogile, biraogile, egurgile, eltzegile, erlojugile, erremusinagile, gaizkile, iltzegile, iruzurgile, juramentugile, labanagile, legegile, liburugile, limosnagile, liskargile, mirarigile, nobelagile, penitentziagile, talogile, usuragile, zilargile, zinemagile

behargin, bekatugin, bitxigin, bizargin, gaiztagin, gerragin, papergin, sugin, uztargin

Izen bizigabe eratorriek, eratorpen atzizki bat dutenek ere har dezakete ondoren -gile (gozokigile, hiztegigile, izozkigile). Inoiz edo behin aditzoina ere aurki dezakegu oinarri gisa (osagile, sendagile, sendagin/sendakin), baina salbuespenak dira.

4.2.3c Askotan lanbide modura, oinarriak adierazten duen hori egiten duen gizakia izendatzeko baliatzen ditugu -gin eta -gile. Oinarrian amets, birao, iruzur, usura eta horien antzeko izenak ditugunean, ordea, nekez aurkituko dugu ‘lanbide’ adiera; horrelakoetan, ametsak, biraoak, iruzurra edo usura egiten duen norbaitez ari gara. Goraxeago esan bezala, atzizkiak aditzaren oihartzun garbia gordetzen duelako har daitezke, hain zuzen, zapatagin edo bertsogile izenak, objektua, aditza eta subjektua biltzen duten elkartu sintetikotzat (Euskaltzaindia 1991).

4.2.4. -le, -tzaile

4.2.4a Bi atzizkiak batera aztertuko ditugu, -gin/-gile atzizkiak bezala hauek ere erabilera eta balio berekoak direlako. Aditzoinei erantsi eta ‘egile’ adierako izena sortzen dute bi atzizkiek (nahiz beheraxeago zehaztuko dugun nola ulertu behar den ‘egile’ adiera hori). Azkuek aditzoinaren amaieraren arabera banatu zituen bi atzizkiok: -le eransten zaie -n motako partizipioei eta -i amaierakoei, baldin eta aditzoina -r edo kontsonante txistukari amaierakoa bada; bestelako partizipioei, -tzaile. Egia da, oro har, Azkuek esan bezala banatzen direla -le eta -tzaile: arazle, edale, egile, egozle, ehule, ekarle, emaile/emale, entzule, eragile, errule, hausle, idazle, igarle, igorle, ikusle, irakurle, irule, jale, jakile / aitzinatzaile, bustitzaile, defendatzaile, engainatzaile, erretzaile, hiltzaile, iraultzaile, kreatzaile, salbatzaile, saltzaile, zaintzaile, zuzentzaile. Baina ez da salbuespenik falta: aitorle, ikerle, iratzartzaile. Hala ere, batasunerako forma erregularrak hobetsi dira (ikertzaile, eta ez ikerle). Eta -ari eta -le/-tzaile atzizkien arteko aukeran ere, -ari izen kategoriako oinarriei eranstea hautatu du Euskaltzaindiak batasunerako, eta -le nahiz -tzaile, berriz, aditz kategoriakoei.

Ikus honetaz Euskaltzaindiaren 49. araua: “-ari (-lari) atzizkiaz”, Bilbon, 1995eko abenduaren 29an onartua.

4.2.4b Aditz kategoriako oinarriek hartzen dituzte -le eta -tzaile atzizkiak, baina ez edozein motatako aditzoinek. Aditzek trantsitiboak izan behar dutela zehaztu zuen Azkuek. Mitxelenak, ordea, azpimarratu zuen Azkuek emandako aditzoinaren subkategorizazioak mendebalderako balio duela (Villasanteri [1974: 108] eginiko oin-oharra), ekialdean behintzat joale eta abar erabiltzen direlako. Baina Azkaratek (1995) defendatu du horrelako formak ihartuak daudela eta ez dutela emankortasunik, joale-ren ondoan *etorle ezinezkoa baita, orobat *ibiltzaile ere, egoile izan arren; hau da, aditz intrantsitiboetan salbuespenak dira -le/-tzaile har dezaketenak. Bustitzaile, erretzaile, gibelatzaile, hiltzaile, sendatzaile edo zuritzaile eratorrien oinarri den aditza ez da intrantsitiboa (busti da, erre da, gibelatu da, hil da, sendatu da edo zuritu da), baizik busti du, erre du edo hil du laguntzailea eskatzen duen aditza (aditz trantsitiboa, alegia): Giro esnetsu eta bustitzaile horretan beste isla batzuk agertuko dira (Sarrionandia); Beraz etzara zu ere, zeure aitzinekoen giristinotasunaren gibelatzaile izatu (Axular).

4.2.4c Dena den, ez da nahikoa du motako aditza behar duela esatea, iraun edo irakin badirelako du laguntzailea hartzen dutenak, eta, hala ere, ezin ditugu *iraule eta *irakile sortu; bai, ordea, eskiatzaile. Aditz moten auzi honetan argi egiten lagunduko digu aditzen argumentu egiturari begiratzeak (§ 23.3). Batetik, Azkueren baieztapena dugu, aditz trantsitiboak behar dute izan -le/-tzaile hartzeko; eta horrek gutxienez bi argumentuko aditzoina esan nahi du. Argumentuetako batek ‘egile’ (‘agente’) paper tematikoa hartuko du, eta besteak ‘gaia’ (edo ‘tema’). Horiek dira aditz trantsitiboak (§ 23.2.2.5). Horrelakoak dira goiko adibideetan ikusi ditugun asko eta asko (egin, ekarri, eman, eragin, erakutsi, hil, igorri, ikertu, inprimatu, kreatu, pintatu, salbatu, saldu, sendatu eta abar). Bestetik, ordea, eskiatzaile ere sortu dugu, oinarrian eskiatu duena, du motako aditza izan arren, egiaz trantsitibotzat hartu ezin duguna, argumentu bakarra baitu; baina argumentu hori bai, bada ‘agentea’. Aditz intrantsitibo ergatibodun esaten diegu halakoei (§ 23.2.2.4). Hortaz, orain arteko adibideen arabera, esan daiteke du motako laguntzailea hartzen duten aditz agentiboei, ‘agente’ paper tematikoa dutenei, eransten zaiela -le edo -tzaile, direla aditz trantsitiboak, direla intrantsitibo ergatibodunak.

4.2.4d Badira, baina, bestelako adibideak ere —ikusle, jasaile, sinesle, sufritzaile…—; hauek ere du motako aditzak dira guztiak, baina horien argumentu egituran ez dugu ‘agente’rik, ‘esperimentatzailea’ baizik, ‘esperimentatzailea’ eta ‘gaia’ edo ‘tema’ baitira aditz horien argumentuek hartzen dituzten paper tematikoak. Ondorio gisa, -le edo -tzaile hartzen duten aditz motak ikusita, laburbilduz esan dezakegu du motako aditzak direla, edo bi argumentu dituztenak, edo argumentu bakarra izanik aditz agentibo direnak; hau da, argumentu bakar horrek ‘agente’ paper tematikoa hartuko du.

4.2.4e Bada, ordea, aztertu beharreko beste zerbait, alegia, zer gertatzen zaion -le edo -tzaile hartzen duten aditzoinen argumentu egiturari (§ 3.1g). Aztergai ditugun atzizkiok kanpo argumentua xurgatzen dute, dela ‘agentea’, dela ‘esperimentatzailea’: (x (y aditzoina)), (x (aditzoina)) egituretan, x kanpo argumentua, egituran kanpoan dagoena xurgatzen dute, hartzen dute bere gain -le nahiz -tzaile atzizkiek. Ikus dezagun polikiago zer esan nahi duen kanpo argumentua xurgatzeak. Idatzi aditzak, esaterako, bi argumentu eskatzen ditu, nork ‘agentea’ eta zer ‘gaia’; aditzoinari -le erantsi eta idazle izena sortzean, nork ‘agentea’ dago jasoa atzizkian, ‘idazten duen pertsona’ adierazten baitu izen eratorriak. Berdin gertatzen da jasan aditza hartuz gero: nork ‘esperimentatzailea’ eta zer ‘gaia’ argumentuak eskatzen ditu aditz horrek; jasaile sortzen dugunean, ‘jasaten duen pertsona’ adierako izena sortzen dugu.

4.2.4f Eta zer gertatzen da beste argumentuarekin, ‘gaia’ (edo ‘tema’) barne argumentuarekin? Berez ez dago barne argumentua adierazi beharrik; entzule, idazle, ikusle, itzultzaile, saltzaile, sinesle, bakarrik erabil ditzakegu zer entzuten, idazten, ikusten, itzultzen, saltzen edo sinesten duten zehaztu gabe. Baina barne argumentua ere ager daiteke izen eratorrien ondoan, bi modutara: edo izenlagun moduan (liburuaren eroslea, bekatuen barkatzailea, Eusko Gogoaren irakurleak…), edo izen elkartu bateko lehen osagai modura (liburu-saltzaile, kale-garbitzaile, ipuin-idazle, § 7.2.7). Hala ere, beste batzuetan, -le edo -tzaile atzizkien bidez eratorritako izenek, une jakin batean zerbait egin duen pertsona adierazten duten heinean, ohikoago izango da ‘gaia’, zer argumentua gauzatzea, dela izenaren ondoan, dela aldez aurretik testuan zehar; bultzatzaile, uxatzaile, salatzaile, gibelatzaile, engainatzaile eta abarretan beharrezkoago da zer adieraztea. Futbolaren aipamen soila gogoeta beltzen uxatzaile hutsezintzat hartuko balute bezala (Zaldua); Beraz etzara zu ere zeure aitzinekoen giristinotasunaren gibelatzaile izatu (Axular); Muthiko gazten enganatzaile (J. Etxepare).

Baina gogoan izan behar dugu zer esan dugun azpisail honetan bildu ditugun atzizkiez, alegia, izen nahiz adjektibo jokabidea dutela. Hala ikusi dugu -ari bidezko eratorriak aztertzean. Eta hala gertatzen da -le/-tzaile duten eratorriekin ere, bizigabea ere izan daitekeen beste izen baten eskuinetara ager daitezke izen horren ezaugarri bat adierazteko, adjektiboek egin ohi duten modura (seme hondatzaile, asmo eragile, mihi enganatzaile, emakume saltzaile…) (§ 7.1.3c). Ohart gaitezen asmo eragile edo mihi enganatzaile diogunean ‘eragiten duen asmoaz’ eta ‘engainatzen duen mihiaz’ ari garela; hots, -tzaile atzizkiak bat egiten du ezkerrean ageri den izenarekin, biek biltzen baitute ‘agentea’. Halakoak dira beste hauek ere: ahots limurtzaile, krema garbitzaile edo hatz salatzaile.

4.2.4g Beste batzuetan, ordea, ez da hala gertatzen; ondoko adibidean, esaterako, ildo salatzaile multzoan nekez uler dezakegu ‘ildoak salatu egiten du’ (“Filmak Good night, and good luck-en ildo salatzaileari jarraitzen dio”, Berria); zuzenagoa dirudi salaketa-ildo esatea. Beste horrenbeste esan dezakegu tresna deskribatzaile, ahalegin iraultzaile edo txartel hori zigortzaile multzoez; tresnak ez du deskribatzen, ahaleginak ez du iraultzen eta txartel horiak ere ez du zigortzen. Ahal den neurrian, gogoan izan beharko genuke ‘agente’ baliorik badagoen ala ez, eta, ezkerreko izena agentetzat hartu ezin denean, gaztelaniazko expediente sancionador terminoari euskaraz zehapen-espediente ordaina ematera eraman gaituen bidea hartu eredu. Hau da, izenaren eskuinean -le edo -tzaile atzizkiaren bidez eratorririko osagaia baliatu ordez, aditzetik eratorritako izena (edo -tzeko) ezarri izenaren ezkerrean: zigor txartel hori, iraultza ahalegin edo deskribatzeko tresna/deskribapen tresna, adibidez.

Ondoren ager daitezkeen atzizkiei dagokienez, -le/-tzailedun eratorriek onartzen dituzte ondoren nolakotasuna (eskaletasun), lanbidea edo jarduera (idazletza) edo multzoa (ikusleria, irakasleria) adierako atzizkiak23.

4.2.5. -ko1

4.2.5a Berez ‘egile’ zentzurik izan ez arren, azpisail hau izan daiteke lekurik egokiena [+gizakia] motako izenak sortzen dituen -ko atzizkiarentzat. Azkuek eratorpen atzizki honen balio guztiak batera aztertzen baditu ere, mota desberdinetako izenak sortzen dituztenez (oinezko, lekuko/oinetako, gerriko; belarrondoko, ipurdiko), bi -ko bereiziko ditugu. Funtsean, berehala ikusiko dugunez, -ko bakarra dugu, baina batzuetan izen bizidunak adierazten ditu eta beste batzuetan, ostera, bizigabeak, beste azpisail batean aztertuko ditugunak (§ 4.4.3.6).

4.2.5b Dena den -ko ez da gainerako eratorpen atzizkiak bezalakoa. Berez izenlagunen flexio marka da -ko, askotan postposizio sintagma bati eransten zaiona (§ 5.6.3, § 14.1, § 21.7, § 21.8). Bestalde, flexio hizkien eta eratorpen hizkien arteko desberdintasunak aipatzean esan dugu lehenik eratorpen hizkiak ageri zaizkigula eta ondoren flexio hizkiak (ikus § 3.1j). -ko atzizkiaren adibideen artean, ordea, oinezko dugu, aurretik -z flexio hizkia, postposizio marka daramana. Antzera gertatzen da beste izen bizigabe hauetan ere: oinetako, belarritako, argi asko antzematen baita pluraleko sintagmek leku postposizioak hartzean berezkoa duten -ta-. Datu hauek badira nahikoa argudio esateko berez -ko ez dela eratorpen atzizki, izenlagunen flexio marka baizik, eta izenlagun horietako batzuk izen balioa hartzen dutela.

Hemen izen bizidunen balioa hartzen dutenak bilduko ditugu: ararteko, etxeko, lekuko, oinezko, oinordeko, ondorengo, zaldizko. Izen kategoria betea dutela erakusten du, bestalde, ondoren beste eratorpen atzizki batzuk hartu ahal izateak (arartekotza, aurkakotasun, lekukotasun, lekukotza), edo hitz elkartu bateko lehen osagai izateak (oinordeko-mota, zaldizko-talde).

4.2.6. -zale

Berez adjektibo kategoriakoa da zale. Bakarrik oso gutxitan erabiltzen delako, atzizkietatik gertu dagoen osagaitzat hartu dute gramatikariek; baina, hala ere, adjektibo beregaina, autonomoa da, zaletu aditzaren edo zaletasun izen abstraktuen oinarri den heinean, edo ez naiz batere zalea moduko perpausetan erabiltzen dugun heinean. Hortaz, adjektibo elkartuak dira x+zale egiturak: apustuzale, bakezale, liskarzale… (§ 8.2). Baditugu, ordea, zale bigarren osagai duten izenak, norbaiten lanbidea adierazten dutenak —argizale, bizikletazale, esnezale, kamioizale, taxizale—. Uhaitzaren eskuin aldetik: Pettarra kurritzen züan mezülari, argizale lanetan (Herria); Hala ere, nire ustez, hori baino garrantzitsuagoa da auto gidariak bizikletazaleak errespetatzea (Berria). Ez da oso bide emankorra, euskalki bateko erabilera da, baina lanbidea adierazten duten atzizkien artean jasotzekoa da -zale hau.

4.2.7. -sa

Izen bizidunak hartzen ditu oinarri ipar-ekialdeko testuetan erabili den atzizki honek; zehazkiago esateko, pertsona adierako izenak: alarguntsa, artzaintsa, laborarisa, medikusa… Atzizkiak badu alomorfo bat, -tsa, sudurkariaren ondoren ageri zaiguna. Baditugu euskal iparralde huntan laborarisak, artzaintsak ere bai, gizonkiari zorrik ez dutenak (Larre); Damaseko alharguntsa aberats batekin ezkondu (Zerbitzari); Soldado amerikano bati agradatu zaio medikusa bat (Herria). Laborari, artzain, mediku, alargun… emakumeak adierazteko baliatu da -(t)sa. Horrelakoa da jainkosa ere. Euskarak oro har genero markarik ez duen arren, halako eginkizuna du -sa atzizkiak. Azken urteetan alkatesa hedatu da euskara batuan ‘alkate andrea’ adierazteko. Horietako gutxi jaso ditu Euskaltzaindiaren Hiztegiak. Izan ere, batasunerako hedatuagoak diren andre artzain, dekano andre / andre dekano hobetsi dira lanbide jakin bat duena emakumea ala gizonezkoa den zehaztu nahi denerako (Hitz Elkarketan, “Aposizio egiturako elkartuak” aztertzean ari gara horrelako egiturez: § 7.2.8).

4.3. Eratorpena. Atzizki izen-sortzaileak (III). Izen multzokarien sortzaileak (-di, -eria, -tza2, -keta1, -kada1, -te)

4.3.1. Sarrera

Azpisail honetako atzizkiek sortzen dituzten izenek multzoa, kolektiboa, kantitatea… adierazten dute. Euskara estandarrari begira, -di eta -eria dira batez ere bata bestearekin lehian hitz berriak sortzeko baliatu direnak; azpisail honetako gainerako eratorpen atzizkien eremua nahikoa mugatua geratzen ari da. Euskara estandarrean asko hedatu da -go atzizkiaren bidez multzokari balioko izen eratorriak sortzeko joera (biztanlego, entzulego, irakaslego eta abar), baina -go atzizkiak ez du halako baliorik izan literatura tradizioan (§ 4.1.4). Horren ordez, azpisail honetako -eria atzizkia gomendatu du Euskaltzaindiak multzokaria adierazi behar denerako. Nolanahi ere, oro har, euskaraz literatura tradizioan askotan plurala erabili izan da izen multzokariaren ordez.

Ikus honetaz Euskaltzaindiaren 73. araua: “-go atzizkia eta izen multzokariak”, Donostian, 1997ko maiatzaren 30ean onartua.

4.3.2. -di

4.3.2a Euskara estandarrerako -di hartuko genuke lematzat, berau delako hedatuena eta hitz berriak sortzeko gehien erabili dena. Euskalki mailako desberdintasuna dute -di baino zaharragoak diruditen (eta askotan toponimo zein deitura gisa geratu zaizkigun) -doi (nafarrera, elordui, ezpeldoi) eta -dui (bizkaiera, Ezpeldui, otadui, sagardui) formek (ikus Mitxelena 1977b: 108). Bestalde, txistukariaren ondotik herskaria ahoskabetu egiten da eta, beraz, -ti alomorfoa aurkituko dugu (harizti, mahasti, urrizti, zuhaizti).

Literatura tradizioko adibideetan arbola edo landare izenek hartzen dute -di atzizkia, arbola edo landare multzoa adierazten duen izena sortzeko: artadi, belardi, elordi, ezkurdi, gorostidi, lertxundi, lizardi, loredi, mahasti, makaldi, pagadi, pinudi, zuhaizti, zumardi… Esan bezala, horietako asko toponimo eta deitura gisa geratu zaizkigu. Baina balio bereko izen berriak ere sortu ditugu euskara estandarrean: landaredi, mangladi, esaterako.

4.3.2b Euskaltzaindiaren Hiztegiko definizioak hartzen baditugu, pentsa dezakegu ‘tokia’ edo ‘lekua’ adierazten duela -di atzizkiak: lizardi ‘lizar asko dagoen tokia’, mahasti ‘mahatsondoak landaturik dauden saila’, pinudi ‘pinuz landaturiko lekua’ eta abar. Egia da ez dela erraza bi adiera horien artean bereiztea, ‘multzoa’, ‘saila’ batetik, eta sail horrek hartzen duen lekua, bestetik.

Berriagoak dira izen bizidunei erantsirik horien multzoa adierazten duten aberedi, Euskadi, Euskaltzaindi, gizadi, gaztedi, edo umedi. Villasantek dioenez, -di atzizkia jatorriz landare multzo adieran toponimiara mugatua zegoen, eta gizakien multzoa adierazteko herriak -eria erabiltzen omen zuen. Baina izen bizidunez gainera, bizigabeak ere hartu zituzten oinarri XX. mendearen hasieran Hegoaldean: abesti, (aho-eres + -ti), antzerti, elerti (ele eder + -ti), ludi, olerti24… Azken urteotan sortuak ditugu, berriz, araudi edo legedi.

4.3.3. -eria (-teria)

4.3.3a Bi aldaerak, -eria eta -teria, ageri dira adibideetan, baina badirudi ingurune fonetikoaren arabera azal daitekeela herskaridun forma: bokala + -teria (baina tresneria) / kontsonantea + -eria; oinarriaren azken bokala -e denean, noski, bi bokalen bilkura gertatzen da. Villasantek berariaz sarrerarik eman ez arren, -di atzizkia aztertzean aipatzen du -teria, bere iritziz erromantze jatorrikoa dirudiena. Azkuek berariazko sarrera ematen dio -eri lemapean, -a itsatsirik gabekoa, beraz. Egia da bai ahoz eta bai idatziz, aurki ditzakegula -eri formako adibideak (OEHko corpusa ikusi baino ez dago). Literaturako adibide hauek argi erakusten dute, ordea, -a berezkoa duela: Eta horrela gure gazteria guzia herritik norapait… (J. P. Arbelbide); Gazteria ederra eztogu beti Ondarroan ezautu (Azkue); Bostak aldian sekulako umeterixia izaten da ikastola aurrian (Elexpuru). Euskaltzaindiaren Hiztegian -a itsatsidun formak dira, beraz, hobetsi direnak: biztanleria, entzuleria, gazteria, gizateria, haurreria, irakasleria, langileria, umeteria eta abar.

4.3.3b Oinarriari dagokionez, gizakia adierako izenak aurkituko ditugu askotan, Euskaltzaindiaren Hiztegiko adibide horietan ikusten dugunez. Izen bizigabeak ere izan daitezke, ordea, oinarri: ontziteria, papereria, tresneria, zamauteria… Eta baita izen balioa hartzen duten adjektiboak ere, hala nola txikiteria ‘gauza txikien multzoa’ edo zaharreria eratorrietan; azken honek bi balioak izan ditzake, ‘pertsona zaharren multzoa’ zein ‘gauza zaharren multzoa’.

Adierari dagokionez, oinarriak adierazten duen horren kolektiboa edo multzoa izendatzen du -eria atzizkiaren bidez sorturiko izen eratorriak.

Azkenik, aurreko lerroetako adibideetan ikusi ahal izan dugun bezala, -le atzizkiaz eratorriko izen bizidunek erraz har dezakete ondoren -eria: biztanleria, entzuleria, idazleria, irakasleria eta abar.

4.3.4. -tza2

Lehen ikusi dugu -tza1, izen bizidunei erantsirik ‘lanbidea’ adierako izenak sortzen dituen atzizkia (§ 4.1.5). Bestelakoa da hemen aztergai duguna, izen bizidun zein bizigabeei erantsita multzo edo kopuru handia adierazten baitu (horietako batzuk toponimo eta deitura bihurtuak ditugu): artotza, basatza, belartza, dirutza, Elortza, Gorostitza, harritza, jendetza, lizartza

Berehala ohartuko gara baditugula belardi/belartza, lizardi/lizartza… moduko bikoteak, izen arrunt gisa erabiltzen badira esanahian alde handirik ez dutenak; baina goraxeago esan bezala, Lizartza eta Belartza toponimo ere badira. Bestalde, kontuan izan behar dugu ‘multzo handia’, ‘andana’, adierazteko, aukeran dugula hitz elkartua sortzea, bigarren osagai multzo, mordo, pila, sail… duten izen elkartuak (§ 7.2.2.3b); ez da harritzekoa, beraz, -tza2 atzizkia oso emankorra ez izatea.

4.3.5. -keta1

4.3.5a Bizkaieraz eta gipuzkeraz izan ezik, gainerako euskalkietan multzoa adierazteko erabiltzen da, izen konkretuei, bizidun zein bizigabeei erantsirik:

arrainketa, bihiketa, egurketa, euriketa, jendeketa, lurketa, mandoketa, mendiketa, ogiketa, zaldiketa

Hona hemen adibide batzuk: Laborantzako ministro ohia galdez zabilen, bertzeei erosi behar dugun ogiketa handia diezaiegula har Australia edo Argentina gure arnoen erosleei (Gure Herria); Han baitzen harat bildua jendeketa handia (Joanategi); Bota zuen [sarea] eta horra non ateratzen duen arrainketa bat milagrosoa (Lizarraga); Eta gero hain segura ote da berritzat dauzkagun hitz batzuk arras berriak direla? Behinik behin «aingiraketa», quantité d’anguilles, ez! Ez-eta ere, «egurketa», «bihiketa», eta bertze holako hameka! Bainan utz dezagun hortan Hiztegia, lan bat gaitza dela erranik, arratoin eta saguentzat egina etzena segur… (Zerbitzari); Ez bide du, lur-keta guzia Frantziatik heldu zaiola ikustearekin, gaizki irri egin (Hiriart-Urruti).

4.3.5b Multzoa —gehienetan handia— adierazten duen atzizki honek ez du ia hitz berririk sortu euskara estandarrean. Bestalde, Azkuek ematen dituen adibideak OEHko corpusekoekin alderatuaz, ohartzen gara bat baino gehiago (behiketa, behorketa, mandoketa, zaldiketa edo ardiketa) ez daudela testuetan dokumentatuak, nahiz horrek ez duen esan nahi ahoz erabiltzen ez direnik.

Dena den, ardiketa, egurketa, ogiketa eta abarrek ‘mordo’, ‘pila’ adieraz gain, beste askotan jarduera balioa hartzen dute (§ 4.5.4e).

4.3.6. -kada1/-tara

Euskalki mailako aldaerak dira: -kada (-tada), oro har, mendebaldekoa; -tara ekialdekoa (batetik, eratorpenean ohikoak diren k- eta t- lotura kontsonanteek bereizten dituzte bi aldaera horiek eta, bestetik, bokalarteko /d/ eta /r/ txandakatzeak). Zaila da, beraz, bi aldaera nagusien artean bakarra hautatzea lema gisa. Euskaltzaindiaren Hiztegiko sarreretan ere mendebalde/ekialde aldaerak aurkituko ditugu: basokada, eskutada, gurdikada, katilukada, labekada, otzarakada (bizk.), platerkada, saskitara (Ipar.).

Adibide horietan honela ulertu behar da multzo adiera: oinarriak adierazten duen zera horrek hartzen duen kantitatea. -kada atzizkiaz sortutako izenak maiz kuantifikatzaile gisa ageri zaizkigu, eta neurri sintagmak osatzen dituzte: kolkokada sagarra, bi katilukada esne, gurdikada egurra, hiru koilarakada gurin… (§ 12.3.5d).

4.3.7. -te

Izen konkretu bizigabeei eransten zaie -te, eguratsarekin loturiko zerbait adierazten duten izenei; eta ‘fenomeno horrek irauten duen aldia, tartea’ adiera gehitzen dio atzizkiak oinarriari: ekaizte, elurte, eurite, haizete, izozte, lehorte… Nolabait esateko, gertakariren bat adierazten duten izenek ere har dezakete -te; gertakari horrek irauten duen aldia, tartea, adierazten dute horrela sorturiko izenek: gaitzete (Baña jaunak kastigatu zuen Faraon, eta bere etxea gaitzete txit handiakin, Uriarte), gerrate, gosete, izurrite… Historiako aldi bat, garai bat, adierazten dute, berriz, antzinate edo frantseste izenek.

Bestalde, ‘kantitate (handi)’ adiera ere antzematen da elurte handi, elurte gaitz motako sintagmetan. Azken batean, adierari dagokionez, -di atzizkiaren pareko jokabidea ikus dezakegu: multzo edo kantitate handia bai, baina, aldi berean, horrek hartzen duen lekua zein denbora. Ez da oso emankorra gertatu, besteak beste, aldi, aro edo garai bigarren osagai duten hitz elkartuak dituelako lehian (§ 7.2.2.2i).

4.3.8. Beste atzizki batzuk: -kote, -tegi, -keta2

4.3.8a Zenbatzaileei, zehazki bitik hamarrera arteko zenbakiei erantsirik, zenbakiak adierazten duen pertsona kopuruz osaturiko taldea (esaterako, musika jotzen duena) adierazten du -kote atzizkiak: bikote, hirukote, laukote, boskote, seikote, zortzikote, bederatzikote, hamarkote. Hona hemen zenbait adibide: Satchmo Jazz disketxeak David Mengual Mosaic zuzenean ikusteko eta entzuteko aukera eskainiko du, hirukote moduan zein bederatzikote gisa (Egunkaria); Rajaton seikote finlandiarrak egunotan Tolosan entzun ez diren doinuekin harrituko du ikuslea (Egunkaria). Bikote eta hirukote izenek gauza multzoa ere adierazten dute: erdaratiko hitzetan maiz ditugu etorki bereko bikote eta are hirukoteak (Euskaltzaindiaren Hiztegia); murritu/murriztu bikotea.

Azken urteetan maiz erabiltzen da bikote izena pertsona bakarra adierazteko: Nire bikotea Alemaniara joan da. Ez da erabilera egokia, bikotek ‘bi lagunez osatutako taldea’ esan nahi baitu. Bikote lagun edo bikotekide dira adibide horretarako forma egokiak.

4.3.8b Nagusiki balio multzokaririk izan ez arren, halako balioa hartzen dute -tegi atzizkiaren bidez sortu ditugun izenetako batzuek: arautegi, izendegi, ordutegi. Hala ere, hurrengo azpisailean (§ 4.4.4.2) aztertuko dugun ‘leku’ adierako izenak sortzen ditu, batez ere, -tegik.

Zenbait euskalkitan, Iparraldekoetan eta ekialdekoetan, bereziki, -keta atzizkia aurkituko dugu -te atzizkiaren baliokide: elurketa, ostosketa. Ikus ondoko adibideak: Elhurketa handia erori da, il est tombé une grande quantité de neige (Duvoisin); Martxoko ostosketak, berrogei eguneko ekaitzek (Inza).

4.4. Eratorpena. Atzizki izen-sortzaileak (IV). Objektua, tresna, lekua adierazten duten izenen sortzaileak (-gailu, -garri, -ki1, -kada2, -kari1, -ki2, -kin1, -kizun1, -ko2, -gia, -tegi)25

4.4.1. Sarrera

4.4.1a Oinarriaren kategoria kontuan hartuta, bi atal nagusitan bana ditzakegu azpisail honetako eratorpen atzizkiak: aditzoinari eransten zaizkionak; izenari eransten zaizkionak. Sortzen duten izenari dagokionez, berriz, guztiak dira izen konkretu, bizigabe, zenbakarriak. Adierari dagokionez, hiru motatakoak aurkituko ditugu: ‘tresna, baliabidea’ izendatzeko baliatzen ditugunak (aditzoina oinarri izan ohi dutenak, oro har); ‘objektua’, ‘zera konkretua’ adierazten dutenak (izena zein aditzoina oinarri dutenak), eta ‘lekua’ adierazten dutenak (oro har, batzuk izenari eransten zaizkionak, eta beste batzuk aditzoinari).

Emankortasunaren aldetik, berriz, badira aldeak azpiatal honetan aztertuko ditugun atzizkien artean. Baina argi dago euskal lexikoa gaurkotzeko baliatu ditugula atzizki hauetako bat baino gehiago, ondoren ikusiko dugun bezala.

4.4.1b Aditzoinari erantsirik, ekintza horretarako ‘baliabidea’ edo ‘tresna’ adierazten duten atzizkiak ikusiko ditugu lehenik. Oinarrian aditzoina izanik, nolako argumentu egitura duen, eta atzizkiak argumentu horietakoren bat xurgatzen duen ala ez aztertu beharko dugu. Berehala ikusiko ditugun izen eratorri horietako batzuen definizioak lagundu diezaguke horretan.

Euskaltzaindiaren Hiztegira jotzen badugu, lehenik zer motatako aditzoinak ditugun kontsulta dezakegu. Berotu, esaterako, da/du motako aditza da, hau da, berotu da zein berotu du moduan erabil daiteke; zerbait berez berotzen da, edo zerbaitek edo norbaitek berotzen (beroarazten) du. Aditz inkoatibo esaten zaie berotu da motakoei, eta kausatibo (edo arazle) berotu du motakoei (§ 23.2.2.1). Horrelakoak dira -garri, -gailu edo -ki1 hartzen duten aditz gehienak: bigundu, edertu, gorde, gogortu, indartu, luzatu, ondu, sendatu, edo tapatu. Beste gutxi batzuk du motakoak (gantzutu) edo da motakoak dira, hala nola bizi, jostatu, oroitu (nahiz bi argumentu izan, zertaz/zerekin postposizio sintagmaren bidez adierazten dugu oroitu aditzaren barne argumentua, ‘gaia’, eta sintagma absolutiboaren bidez esperimentatzailea). Estekatu, berriz, du/zaio motakoa da.

4.4.1c Begira diezaiegun orain hiztegietako definizioei, bereziki Euskaltzaindiaren Hiztegikoei eta Egungo Euskararen Hiztegikoei. Berehala ohartuko gara askotan adiera bereko izenak sortu direla aditzoin bati -gailu zein -garri erantsiz: berogailu, berogarri ‘berotzen duena; berotzeko erabiltzen dena’; bizigailu, bizigarri ‘bizigaia, janaria’; edergailu, edergarri ‘edertzen edo apaintzen duen gauza’; gogorgailu, gogorgarri ‘gogortzen duen gauza’; lokailu, lokarri ‘zerbait lotzeko erabiltzen den gauza’; ongailu, ongarri ‘janariak ontzeko gaia; lurrak emankorrago bihurtzeko erabiltzen den gaia’; oroigailu/oroigarri ’zerbait oroitarazten duen gauza’; sendagarri, sendagailu ‘sendagaia, eritasun edo gaitz bat sendatzeko erabiltzen den gaia’. Hiztegiek jaso ez arren, corpusetan ageri da bikote hauetako -gailu atzizkidun izena ere: euskailu/euskarri, indargailu/indargarri, luzagailu/luzagarri.

4.4.1d Beste batzuetan -gailu atzizkidun izena bakarrik aurkituko dugu: estekailu ‘zerbait estekatzen duen zera’; gantzugailu ‘gantzua, ukendua; gantzutzeko erabiltzen den gaia’; gordailu ‘gauzak gordetzen diren lekua’; jostailu ‘jostetan aritzeko gauza’; itxigailu ‘zerbait ixten duen zera’; tapagailu ‘tapatzeko gailua’ (EEH), ‘tapa, estalkia’ (EH).

4.4.1e Aditzoina zein motatakoa den ikusi ondoren, azter dezagun, izen eratorrien adieren argitan, aditzoinaren zein argumenturi dagokion atzizkia (zein argumentu hartzen duen bere gain). Pausoka joango gara gauzak argitzen:

Aditzoin asko inkoatibo/kausatibo oposizioa era dezaketenak, hots, da zein da/du motakoak izan daitezkeela esan dugu (berotu, bigundu, edertu, gogortu, indartu, luzatu eta abar). Definizioek erakusten dute du balioan hartu behar ditugula: ‘berotzen duena’, ‘edertzen edo apaintzen duen gauza’, ‘gogortzen duen gauza’…

Definizioei erreparatuta, argi dago, halaber, atzizkia ez dagokiola barne argumentuari, ‘gaia’, ‘zer’ adierazten duenari. Pentsa dezakegu, beraz, kanpoko argumentua hartzen duela bere gain. Hala iradokitzen dute ‘berotzen duena’, ‘edertzen edo apaintzen duen gauza’, ‘gogortzen duen gauza’ definizioek. Baina, hala bada, zergatik sailkatu dituzte atzizki hauek ‘baliabidea’, ‘tresna’ adierazten duten atzizki gisa?

Galdera horri erantzuteko kontuan hartu behar dugu, batetik, guztiak izen bizigabeak direla; oso argi nabarmentzen dute hori zenbait definiziok (‘edertzen edo apaintzen duen gauza’ eta abar). Bestetik, euskaraz (beste hainbat hizkuntzatan bezala) ‘tresna’, ‘baliabidea’ adjuntua (§ 23.3.1h) gauza daitekeela sintaxian sintagma ergatibo moduan: Giltza honek ixten du atariko atea, eta beste honek, berriz, etxekoa. Argi dago giltzak berak ez duela ixten, guk baliatzen dugula giltza atariko atea eta etxekoa ixteko; baina euskaraz horrela adieraz dezakegu. Baita beste modu honetara ere, jakina: Giltza honekin irekitzen da atariko atea eta beste honekin, berriz, etxekoa. Funtsean giltza zerbaitetarako baliabidea da, eta berdin dio sintagma ergatiboaren bidez gauzatzen dugun perpausean, edo postposizio sintagma baten bitartez.

Hori bera esan dezakegu hemengo izen eratorrien adieraz ere. Gogorgarri uler daiteke ‘zerbait gogortzen duen zera’ dela, baina baita beste modu honetan ere: ‘zera horren bidez zerbait gogortzen dugu’, ‘zerbait gogortzeko zera’. Alegia, ‘tresna, baliabidea’ adieran. Orobat estekailu, ‘zerbait estekatzen duen zera’ nahiz ‘zerbait estekatzeko zera’.

Argiago ikusiko dugu aurreko puntuan esandakoa hiztegietatik hartutako beste definizio hauetan: itsasgarri ‘itsasteko erabiltzen den gaia’; ongailu, ongarri ‘janariak ontzeko gaia; lurrak emankorrago bihurtzeko erabiltzen den gaia’; sendagarri, sendagailu ‘sendagaia, eritasun edo gaitz bat sendatzeko erabiltzen den gaia’; tapagailu ‘zerbait tapatzeko gailua’.

Funtsean, beraz, mota bateko zein besteko aditzoinei -gailu, -garri (nahiz -ki1) erantsirik ‘ekintza edo jarduera horretarako gaia, baliabidea’ adiera hartuko du, oro har, sortzen dugun izenak. Hori da adibide guztiak besarkatzen dituen adiera, eta jostatu aditzetik abiatuta jostailu izenak har dezakeen bakarra (‘jostetan aritzeko gauza’, eta ez ‘jostarazten duen gauza’). Balio hori bera dute aurrerago hitz elkarketan aztertuko ditugun bizigai, elikagai, edo sendagai izenek (§ 7.2.2.3f).

Bada azken puntu bat ere aipatzea merezi duena. Oinarrian dagoen aditzoinaren barne argumentua galdu egiten da, oro har; baina ager daiteke hitz elkartu bateko lehen osagai gisa: irudi-indargailu edo ohe-bigungarri.

4.4.1f Beste batzuetan, atzizkiak barne argumentua edo objektua biltzen du. Horrelakoak dira -ki2jaki, erreki—; -kizunemankizun, igarkizun—; -(k)ari1janari, eskari, emari—; -kin1eranskin—. Balio bera adieraz dezakegu gai bigarren osagai duten elkartu batzuekin ereaztergai, erregai, ikasgai, ikergai, irakasgai— (“Mugakizun bereziko izen elkartuetan”, Andregai moduko elkartuak: § 7.2.2.3f). Objektu adierako izenak sortzen dira atzizkiak barne argumentua biltzen duenean: aditzoina du (edo dio) motakoa izan ohi da, trantsitiboa edo ditrantsitiboa (§ 23.2.2.6): jaki, erreki, emankizun, igarkizun, eskari, janari, eranskin… Oinarrian dagoen aditzaren objektuarekin du zerikusia izen horien esanahiak.

Objektu adierako izenak sortzen dituzten atzizki batzuk aditzoinari eransten zaizkio eta beste batzuk, ostera, izenari (-kada2 edo -ko2). Badira bi motatako oinarriak onartzen dituztenak ere (-kari1 edo -ki2). Emankortasunari dagokionez ere, azpisail honetako atzizki guztiak baliatu izan dira euskara estandarrean hitz berriak sortzeko.

4.4.1g Leku adierako izenak sortzen dituzten -gia eta -tegi (-degi) atzizkiek osatzen dute azken azpiatala. Bien artean, -tegi da hedatuena eta emankorrena, euskara estandarrean behar izan ditugun hainbat eta hainbat izen sortzeko baliatu duguna: artxibategi, biltegi, hondakindegi, laborategi, ustiategi, zabortegi…

Adieraren araberako azpiatalak egin tresna, objektu eta leku adierako izenak sortzen dituzten atzizkiak, eta banan-banan aztertuko ditugu ondoren bakoitzari dagozkionak.

4.4.2. Tresna adierako izenen sortzaileak

4.4.2.1. -gailu

4.4.2.1a Badirudi ez dagoela zalantzarik -ailu zela forma zaharra; hala diote Azkuek eta Mitxelenak, eta hala jasotzen du Villasantek ere26. Nolanahi ere, gaurko euskaran -gailu baliatu dugu izen berriak sortzeko; eta, herskari edo txistukariaren ondoren -kailu (euskailu, herskailu, hozkailu).

Aditzoin kategoriako oinarriei eransten zaie atzizkia, eta sortzen den izena konkretua izan ohi da, aditzoinak adierazten duen ekintza horretarako ‘baliabide’ edo ‘tresna’ esanahikoa. Euskal lexikoaren historian, batez ere Iparraldeko testuetan ageri da (Hegoaldean balio berarekin -garri edo -ki1 erabiltzen ziren): bizigailu, estekailu, gantzugailu, gordailu, gozagailu, herskailu, itxigailu, jostailu, ongailu, oroigailu, sendagailu, tapagailu.

Adibide hauetan ikus dezakegu nola erabili diren horietako zenbait gure literatura tradizioan: Diote zenbaitek baietz: gero-ta gehiago argi, ongi, edergailu eta gozagailu dugula lurraren gainean (Hiriart-Urruti); Eta eginen dituzu berrogoi eta hamar hersgailu kobrezkoak (Duvoisin); Orduan ixildu zen enbaxadorea eta ez ziren Iruñen gelditu, bizigailuen hartzeko denbora baizik (Laphitz); Mariak aldiz, hartu zuen nardo hoberenetikako gantzugailu batetik libera bat; Jesusen oinak gantzutu zituen eta bere ileez xukatu; eta gantzugailuaren usainaz bethe zen etxea (Duvoisin); Gathez estekaturik eta burdiñak oiñetan emanik gorda zezaten arren, estekaillu guziak hautsirik eramaten zuen deabruak deserturat (Haraneder).

4.4.2.1b Dena den, ipar-ekialdeko testuetan erabili izan den arren, atzizki honen bidez sortutako izen bat baino gehiago darabilgu gaurko euskara estandarrean; aipatu berri ditugun horiek guztiak, eta baita besteren bat ere (atxikigailu, adibidez), aurki ditzakegu Egungo Testuen Corpusean, Egungo Euskararen Hiztegian edo Lexikoaren Behatokiaren Corpusean.

Bestalde, leku sendoa hartu du estandarrean, batez ere ‘zerbaitetarako aparatua edo tresna’ adieran: berogailu, bozgorailu, entzungailu, euskailu, haizagailu, hondeagailu, hozkailu, ibilgailu, ikuzgailu, igerigailu, igogailu, igorgailu, induskailu, lehorgailu, zapalgailu, zulagailu… Gramatikan ere baliatu dugu, juntagailu eredu harturik, lokailu eta menderagailu ere sortuaz; zehazkiago esanda, lokailu izenaren kasuan, tradizioko ‘lotura, benda’ adierari beste bat gehitu diogu, ‘diskurtso mailako lotura’ moduan defini dezakeguna.

4.4.2.1c Hona azken urteetako zenbait adibide: Halako batean, bozgorailuetatik, abisua iritsiko zaio (Goenkale); Istorio bat idazteko zein euskailu baliatzen den bost axola dit (Consumer); Laster agertuko da hondeagailu horietako bat eta kolpe batean desagerraraziko ditu etxe horretako arima guztiak (Jaio); Baina ez hargatik igerigailu zuri-beltzaz ur gaina zaplastatzen dudanean (Borda); Traktorearen indargailuan arropa katigatuta edo atzituta geratzea (Euskal Lexikoaren Behatokia); Ilunabarrean edo ilargiaren azpian, baina irudi-indargailu bat behar izaten da (ETC).

Oso atzizki emankorra da, beraz, euskara estandarrean. Esan bezala, mendebaldean, oro har, -garri edo -ki1 erabili izan dira bere ordez, nahiz gaur egun estandarrean -gailu guztiz hedatua egon. Horrenbesteraino gertatu da emankor, izen beregain gisa ere erabiltzen baita gaurko euskaran ‘tresna’ adieran: Motor elektrikoek, pila nuklearrek eta beste zenbait gailu mekanikok (Aldasoro); Hegazkinetan zapatak sartzeko ematen dizuten gailu txiki horietako bat (K. Zabala); Telebista, irratia, CD gailua, liburuak (O. Arana).

Izen konkretu, zenbakarri, ‘baliabide, tresna’ adierakoak sortzen dituenez, ondoren beste atzizki batzuk ere ager daitezke. Hauek dira, adibidez, corpusetan aurkituak: berogailudun, hozkailugile.

4.4.2.2. -garri (-karri)

4.4.2.2a Atzizki hau adjektiboak sortzekoen artean zehazkiago aztertzen den arren (§ 5.5.2), sartu egin dugu —Azkue eta Villasanteri jarraiki— atzizki izen sortzaileen artean. Atzizkiaren lemaz ez dago zalantza handiegirik; aldaera bakarra, txistukariaren ondotik ager daitekeen (baina nahitaezkoa ez den) herskari ahoskabeduna da, -karri (euskarri).

Du motako aditzari eransten zaio (§ 4.4.1b), eta ‘baliabidea’, aditzoinak adierazten duen jarduera horretarako ‘zera’ balioa ematen dio sortzen duen izenari: altxagarri, babesgarri, berogarri, bigungarri, estalgarri, euskarri, freskagarri, gogorgarri, indargarri, itsasgarri, leungarri, lokarri, luzagarri, ongarri, oroigarri, pizgarri. Honetan -gailu atzizkiaren baliokide dela esan dugu (§ 4.4.1c). -garri atzizkiak aditzaren bi argumentuetatik kanpokoa xurgatzen du; argumentu hori, askotan, ‘tresna’ izan daiteke (ergatibo sintagma baten bidez gauzatzen dena), baina ‘kausa’ ere izan daiteke (§ 5.5.2, §23.3.1b), esaterako, oroigarri edo bizigarri izenetakoa (‘zerbait oroitarazten duen gauza’, ‘zerbaiti bizirik iraunarazten diona’). Barne argumentua, ‘gaia’, hitz elkartu bateko lehen osagarri gisa ager daiteke, ohe-bigungarri.

4.4.2.2b Beraz, izen eratorri hauek guztiak bizigabeak diren neurrian, erraz har daiteke kanpo argumentu hori ‘tresna, baliabide’ gisa: ‘zerbait luzarazten, biguntzen… duen tresna edo baliabidea’; edo, beste hitzetan esanda, ‘norbaitek zerbait luzarazten, biguntzen… du baliabide horren bidez’ (§ 4.4.1e). Horixe da, hain zuzen, Artiagoitiak (2003) -garri aktiboaren oinarri diren du motako aditzez dioena: subjektu instrumentala duten aditzak direla.

Hona hemen zenbait adibide: Ara hemen sei ohe-bigungarri, ondo beteak; sei buruazpiko, sei berogarri, bi berriak eta lau zarrak, danetara beharda ta (Agirre); Bestalde guk debekatzen ditugu altxagarri kimikoak, naturalak izan behar dutelako (Herria); Ziklismo mundu tradiziozaleak barre egin zion Greg Lemondi, Luxenburgoko aitzin etapan heldulekuan halako luzagarri berezi bat ipinita aurkeztu zelako (Berria); Inguru likidoak gel bihurtzeko gogorgarri bat gehitzen zaie, agarra, ohiz (Mikroorganismoen biologia, EHU); Izadiak berak ipiñi ditu, bada, indargarri edo laguntza sendoak (Villasante); Margolan bat zahartzen denean, ehun berri bat jartzen diote atzean. Baina horretarako erabili diren itsasgarriek analisietan eragina dutela topatu du (J. Gallego, Berria).

Oinarri gisa izen bizigabe konkretuak hartzen dituzten atzizkiak aurki ditzakegu -garri honen ondoren: euskarridun, lokarrikada, ongarrigintza

4.4.2.2c Izen kategoriako -garri eratorrietan oinarriko aditzaren kanpo argumentua xurgatzen du ia beti atzizkiak. Hori da eredu emankorra. Baina Iparraldean ikusgarri izenak bestelako eredua erakusten du; ikuskizunen baliokide izanik, -garrik barne argumentua xurgatzen du, ‘ikusten dena’ (eta ez ‘ikusteko balio duena’). Hala nola Ainhize-Monjoloseko “Hiru zitxun” ikusgarria, askok ezpainak milikatuz igurikatzen dutena (Herria). Erabilera honetan, beraz, objektu adierako izenak sortzen dituzten atzizkien pareko da (§ 4.4.3).

4.4.2.3. -ki1

Beste hainbat atzizkiren kasuan bezala, -ki bat baino gehiago bereiziko dugu, oinarriaren kategoria eta atzizkiaren adiera kontuan hartuta. Hala egin zuen Azkuek ere. Hemen aztergai dugun -ki1 hau aditzoinari eransten zaio, goraxeago esan bezala, du motako aditzoinei, eta ‘baliabidea’ adierako izenak sortzen ditu: beroki, estalki, iragarki, iragazki, tapaki. Eta mota horietako izenei erants dakizkiekeen atzizkiak ager daitezke ondoren, hala nola iragarkigile edo iragarkigintza. (Ikus -ki2 § 4.4.3.2, -ki3 § 6.2.4).

4.4.3. Objektu adierako izenen sortzaileak

4.4.3.1. -kada2 (-ada)

Adibide gehienetan oro har -kada aldaera aurkituko dugu, eta -ada zaharkitua geratu da. Hor dago, adibidez, OEHko datua, Larramendiren 1745eko aizkorada sarrerari, aizkorakada nagusitu zaio testuetan. Eta azken forma horri eman diote sarrera hiztegiek.

Izen konkretua, bizigabea du oinarri atzizki honek, eta sortzen duen izenak ‘kolpea’ (oinarriko izenak adierazten duen zeraren bidez emandako ‘kolpea’) adiera hartzen du: aizkorakada, egurkada, harrikada, makilakada, ostikada

4.4.3.2. -kari1

4.4.3.2a Atzizkiaren lemari (oinarrizko formari) dagokionez, [+gizakia] motako izenak sortzen dituen -ari, eta izen bizigabeak, konkretuak sortzen dituen -kari bereizten dituzte Azkuek eta Villasantek. Bigarren atzizki honen lematzat biek herskaridun forma ematen dute. Egia da aspaldi sorturiko izenetan -ari aldaera ageri dela, edari, egosari, hobari, janari, opari… Baina -kari da nagusitu den aldaera. Horren erakusgarri dira, esaterako, egosari vs egoskari, eltzari vs eltzekari bikoteak; bietan -karidun izena da euskara estandarrerako aukeratua.

4.4.3.2b Mota bateko baino gehiagoko oinarriak har ditzake atzizki honek, nahiz atzizkiak esanahi bertsua ematen dien sortzen diren izenei, ‘objektua, zera’, alegia:

Aditzoinei erants dakieke, da zein du motako aditzoinei. Kasu batean zein bestean, -kari1 atzizkiak aditzoinaren barne argumentua biltzen du (§ 4.4.1f): edari, eginkari, egoskari, eskari, gertakari, helkari, opari, salkari.

Denbora erreferentzia duten izenei erantsirik, maiztasun horrekin gertatzen den, idazten den, argitaratzen den… zera adierazten du: astekari, egunkari, hilabetekari, urtekari. Adiera kontuan harturik, hemen sar ditzakegu hamaboskari, hiruhilabetekari, seihilabetekari zein biurtekari ere, nahiz oinarrian zenbatzailea edo zenbatzaile sintagma izan (hiru hilabete, sei hilabete)27.

Fonologiaren arloko terminoak sortzeko baliatu dugu azken urteetan, batzuetan ahoko parteren bat adierazten duten izenei erantsirik: ezpainkari, sabaikari, sudurkari, zintzurkari; hemen sar dezakegu txistukari ere. Beste batzuetan, ostera, artikulazio modua adierazten duen oinarria dugu, aditzoin kategoriakotzat har dezakeguna: herskari, igurzkari, trabari.

Baditugu, azkenik, otordua adierazten duten afari, bazkari, gosari eta berriagoa den askari ere, ihartutzat jo ditzakegunak.

Ondoren ager daitezke beste atzizki batzuk: aldizkarigile, aldizkarigintza, oparidun, oparigile, oparigintza

4.4.3.3. -ki2

Mota bateko baino gehiagoko izenak har ditzake oinarri atzizki honek, baita aditzoinak ere (§ 4.4.2.3). Baina sortzen diren izenak, ñabardurak ñabardura, oro har, izen konkretuak, bizigabeak direnez, egoki ikusi dugu guztiak hemen biltzea.

Oinarri eta adierei dagokienez, izen oinarria dutenak bilduko ditugu lehenik, eta aditzoina oinarri dutenak ondoren:

a) Batzuetan, animaliak adierazten dituzten izenak aurkituko ditugu oinarrian, eta izen eratorriak animalia horien ‘haragia’ hartzen du esanahi: ahateki, ardiki, bildoski, eperki, zerriki. Edo animalien gorputzeko atalak adierazten dituzten izenak: odolki, saiheski.

b) Beste batzuetan, ‘jateko zerbait’ adierazten du izen eratorriak, eta oinarriko izenak, berriz, nondik sortzen den, zertaz egiten den jateko hori: barazki, esneki, gozoki, izozki.

c) Izen konkretua ere, biziduna zein bizigabea, izan daiteke oinarri, eta izenak adierazten duen multzo, klase horretako bat/banakoa izendatzen du eratorriak: aingeruki, emazteki, gauzaki, gizaki, liburuki.

d) Zenbatzaileei erantsirik, batetik adieraz dezake erditze batean sorturiko haurretako bakoitza: biki, hiruki (zazpiki, aldiz, zazpi hilabeteko haurdunaldiaren ondoren sortua da). Bestetik, hiru nahiz lau alde dituen figura geometrikoa ere adierazten du: hiruki, lauki.

e) Aditzoinari erantsirik sortzen diren izenek aditzoin horren objektuari egiten diote erreferentzia: erreki ‘okela errea’, inprimaki ‘orri inprimatua’, janzki… (ikus § 4.4.1e).

-ki2 atzizkia daramaten izenek ondoren har ditzakete beste batzuk, hala nola gozokigile, izozkigintza, izozkitegi, laukidun eta abar.

4.4.3.4. -kin1

Aditzoin kategoriako oinarriari eransten zaio -kin1; aditzoina da (inkoatiboak, egoera aldaketa adierazten duten hondatu, zahartu modukoak batzuk) edo du (emendatu, eraiki, erantsi) motakoa izan ohi da, eta, aditzoinari eransten zaizkion sail honetako gainerako atzizkiek bezala, barne argumentua biltzen du eratorpen atzizki honek (ikus § 4.4.1e): emendakin (‘gehigarria, eranskina’ adierazten duena, eta ez gaur askotan ematen zaion ‘zuzenketa’ adiera; erdal enmienda izenaren baliokidearena, alegia), eraikin, eranskin, errekin, hondakin, zaharkin. Beste batzuetan, adiera ez da guztiz gardena, ezin da asmatu aditzoinaren esanahitik abiatuz; halakoak dira: etekin, mozkin.

Aditz intrantsitiboa dute oinarri etorkin (izen biziduna, salbuespentzat hartzekoa), izakin izenek. Atzizkiak argumentu bakar hori hartzen du bere gain.

Adberbio kategoriako haboro eta sobera ikus ditzakegu haborokin eta soberakin izenetan, nahiz zuzenagoa izan daitekeen haboro izan, sobera izan aditzak hartzea oinarri; izen eratorriaren esanahia bat etorriko da, hartara, gainerakoekin, ‘haboro dena’, ‘sobera dena’. Eta atzizkiak aditzaren argumentu bakarra, barne argumentua, hartuko luke bere gain.

XX. mendearen hasieran aparatuak izendatzeko ere erabili zen: hegazkin, urrutizkin, urrutikuskin. Oinarrien kategoria ezin da eredu emankortzat hartu (hegaz (egin), urruti hitz (egin), urruti ikus), kategoria lexikoa izan ordez, aditz sintagmak baititugu. Atzizkiaren erabilerari dagokionez ere, zuzenagoa izango zen -garri, -gailu edo -ki1 baliatzea.

4.4.3.5. -kizun1

Garai batean euskarak bi aldaerak zituen, herskariduna (-kizun) eta herskarigabea (-izun); baina beste hainbat atzizkiren kasuan bezala (-asun/-tasun, -ari/-kari, -eria/-keria, -oi/-koi, -or/-kor…), herskariduna nagusitu da.

Aditzoina hartzen du oinarri atzizki honek, du edo dio motakoa gehienetan (asmatu, eman, erantzun, eskatu, galdetu, igarri, ikusi, irakurri, jasan, kontatu, ospatu) nahiz da motakoa (agertu, etorri, gertatu). Atzizkiak barne argumentua, ‘gaia’ hartzen du bere gain eta, beraz, izen eratorriak ‘igartzen dena, eskatzen dena, asmatzen dena, kontatzen dena, ospatzen dena’ eta abar adierazten du: asmakizun, eginkizun, emankizun, eskakizun, etorkizun, galdekizun, gertakizun, ikaskizun, irakurkizun, jasankizun, kontakizun, ospakizun

Predikatu sintagmak osatzen dituzten adjektiboak ere sortzen ditu atzizki honek (§ 5.5.3).

4.4.3.6. -ko2

Askotan postposizio sintagmari erantsirik izenlaguna sortzeko funtzioa duen atzizki hau zenbaitetan eratorpen atzizki bihurtu dela esan daiteke (§ 4.2.5, § 5.6.3). Halere, jatorria kontuan izanik edo, Villasantek ez du eratorpen atzizkien zerrendan aipatzen. Atzizkiak, bestalde, ez du aldaerarik; baina ezin da ahaztu eratorpen atzizkietan ez bezala, e lotura-bokala agertzen dela oinarria kontsonantez amaitzen denean (muturreko eta abar), eta belarritako, oinetako izenetan oso argi ikusten da pluraleko sintagmek leku postposizioak hartzen dituzteneko -eta- (ikus § 21.7, § 21.8).

Sortzen diren izenak konkretuak eta bizigabeak izan arren, adiera ez da beti bera:

Gorputz atalen bati erreferentzia egiten dion izenari erantsirik, ‘janzkia’ adierako izenak sortzen dira: belarritako, buruko, gerriko, lepoko, oinetako, soineko…

Beste batzuetan, gorputz atalei erantsirik, ‘kolpea’ adiera hartzen du izen eratorriak (gorputzeko gune horretan hartzen dena edo ematen dena): betondoko, ipurdiko, kokotseko, matraileko, muturreko…

Erraz aurki dezakegu beste atzizkiren bat, bereziki a) puntuko izenen ondoren: oinetakogile, oinetakogintza, soinekodun, soinekogintza, gerrikogin, gerrikogintza

4.4.4. Leku adierako izenen sortzaileak

4.4.4.1. -gia

4.4.4.1a Hainbat aldaera edo alomorfo izan ditu atzizki honek gramatikariek diotenez28, baina -gia da bereziki Zuberoako euskaran erabili den atzizki honen lema; hala ematen dute Salaberryk (1856) eta Lafittek (1944). Eta hauxe da, hain zuzen, Iparraldean hedatuena. Leku batzuetan gertatutako -a itsatsiaren galera goiztiarrak azalduko luke zubereraren - aldaera (bazkagü, egongü, dagoeneko Maisterrek) eta gainerakoak, Hegoaldekoak direnak (aipagarria da mende honetako Hegoaldeko autoreak izatea batik bat -gu aldaera darabiltenak). Euskaltzaindiaren Hiztegian -gia hobetsi da. OEHko corpuseko adibideek ere argi erakusten digute -gia dela lema egokia.

4.4.4.1b Aditzoinari eransten zaio -gia; atzizkiak ‘lekua’ adiera ematen duen heinean, berdin dio zein motatako aditzoinei eransten zaien, ez baitu eraginik aditzaren argumentu egituran: bilgia, egongia, gordagia, hazgia, igarangia, jangia, jargia, langia, sargia

Ikus ditzagun euskal literaturako adibide batzuk: Bilgia nagusia izan arren Chinon, ibilia naiz ere ikuska Idahon (Xalbador); Kamelua eta Mikaela heldu dira ezkerretik, aintzineko aldetik, gordagiatik hurbil (Barbier); Haren arima gaixoa, nahi gabez bere lekhutik, eta egongiatik ialki (Tartas); Badakit non zaudian, Satanen jargia den lekhian (Intxauspe).

4.4.4.2. -tegi (-degi)

4.4.4.2a Lemari dagokionez, hemen ere -egi forma zaharrari (jauregi)29, herskaridun -tegi nagusitu zaio; hauxe da forma nagusia, hitz berriak sortzeko erabili dena. Hasierako herskari ahoskabea, sudurkariaren edo albokariaren ondoan ahostun bihurtuko litzateke (-degi).

Izen konkretu bizigabeak zein bizidunak izaten ditu oinarri eta atzizkiak ‘lekua’ adiera gehitzen die. Beraz, oinarriak adierazten dituen ‘zera’ horiek dauden lekuari egiten dio erreferentzia izen eratorriak: apaiztegi, apezpikutegi, ardandegi, arrandegi, artegi, bizartegi, epaitegi, erlategi, eritegi, errementaldegi30, itegi, jauregi, liburutegi, lorategi, oilategi, okindegi, santutegi, zerritegi eta abar.

4.4.4.2b Euskal literatura ondareko izenak dira aipatu berri ditugunak. Azken urteetan sortuak, berriz, beste hauek: auzitegi, aztarnategi, barnetegi, berotegi, euskaltegi, filmategi, frutategi, gasolindegi, kafetegi, kontsultategi, negutegi, urdaitegi, zabortegi… Hauen artean sar dezakegu laborategi ere, gaztelaniazko laboratorio eratorriaren egokitzapentzat har dezakeguna.

Eredu nagusia izenari gehitzea izan arren, badira aditzoinari erantsirik sortu diren izenen adibideak ere: amildegi, apaindegi, biltegi, entzutegi, haurtzaindegi31, hornitegi, ustiategi, zaindegi.

Toponimian ere ugari aurki dezakegu -tegi, baina, jakina, Alonsotegi, Antsotegi, Baltzategi edo Gomistegi aspaldi ihartu zen eredu baten lekuko dira.

4.5. Eratorpena. Atzizki izen-sortzaileak (V). Gertaera, egoera edo ondorio izenen sortzaileak (-dura, -era2, -keta3, -kunde, -kuntza, -men/-pen, -tza3/-tze, -tze/-te, -zio, -ginan)

4.5.1. Sarrera

4.5.1a Oro har euskal gramatikarien artean gutxi aztertu izan dira ‘nominalizazio’ deituriko atzizkiak. Aditzoinari eransten zaizkion atzizkiez ari gara, jakina. Atzizkiak gehitzen duen esanahiari dagokionez, bat datoz hizkuntzalariak bi motatako adiera bereiztean: aditzoinak adierazten duen gertaera edo ekintza hori gauzatzea, batetik, eta ekintza horren ondorioa, bestetik. Baina askotan bi adierak nahasten dira; ez da erraza bereiztea noiz den gertaera eta noiz ondorioa. Areago, izen eratorri berak bi adierak har ditzake. Gaztelaniaz, esaterako, compra izenak ‘ekintza’ balioa du la compra me ocupó toda la mañana diogunean; ‘ondorio’ balioa, berriz, la compra de hoy está sobre la mesa perpausean. Bestalde, ‘ekintza’ terminoaren egokitasunaz ere badira zalantzak; ‘ekintza’, ‘gertaera’, ‘prozesua’… guztiak erabili dira zerbait gertatzea, gauzatzea, egitea, adierazteko. Nolanahi ere, ‘ekintza’ eta ‘ondorioa’ dira oraindik ere termino erabilienak.

4.5.1b Euskaraz, Azkuek “denota acto” dio oro har, nahiz bi azpisailetan banatzen dituen ondoren aztertu ditugun atzizkiak: “derivados operativos” izeneko azpisailean biltzen ditu -era eta -keta; “derivados nominales efectos” azpisailekoak dira, berriz, -ada eta -dura. Ekialdeko gramatikariek ere (Lafittek 1944 eta Arotçarenak 1951, adibidez) “action” eta “résultat” sailak bereizi izan dituzte. Lafitteren sailkapenean, “action” adierazten dute -keta, -kunde, -kuntza, -men (-mendu), -pen, -tza, -tze eta -tate atzizkiek; “résultat”, ondorioa, berriz, -men (-mendu), -pen eta -dura atzizkiek. Hualdek (2003b) atal bakarrean bildu zituen guztiak, ‘ekintza’ edo ‘ondorioa’ adieraz dezaketen atzizkien atalean; dena den, xehetasunen bat ematen du dioenean atzizki batzuek gehienbat ‘ekintza’ adierazten dutela (-pen, -keta edo -menduk) eta beste batzuek ‘ondorioa’ (-dura), nahiz bereizketa ez izan oso zorrotza.

4.5.1c ‘Ekintza’ (gertaera) eta ‘ondorioa’ bereizten lagun dezaketen irizpideak eman dituzte zenbait hizkuntzalarik, hala nola Grimshaw-k (1990) edo Artiagoitiak (2000):

Gertaera izenek ez dute pluralik onartzen.

Gertaera izenek nekez onartzen dute erakuslea.

Gertaera izenak ez dira predikatu gisa agertzen.

Gertaera izenek erraz onartzen dituzte iraupena adierazten duten modifikatzaileak; ondorio izenek, ez.

Gertaera izenek nekez onartzen dituzte adjektiboak.

Gertaera izenek ez dute bat zenbatzailea onartzen.

4.5.1d Bestalde, kontuan hartu behar da atzizki berak adiera bat baino gehiago har ditzakeela (goraxeago eman dugu gaztelaniazko adibide bat), Lafitteren sailkapenean ikusi berri dugun bezala; areago, izen berak ere, erabileraren arabera, balio bat edo bestea izan dezake. Sarrera izenak ‘ekintza’ adieraz dezake (zure sarrera ustekabekoa izan da); zinemara joateko sarrerak erosten ditugunean, ostera, ‘gauza’ bat erosten dugu; eta zinean bertan sarrera eta irteera leku ñabardura hartzen duten izenak dira, ekintza zein lekutan edo zein lekutatik egin behar den adierazten digutenak. Ez da harritzekoa, beraz, atzizki bat aztertzean adiera bat baino gehiago ikustea; arestian aipatutako Lafitteren (1944) sailkapenean ere -men/-mendu bi sailetan ageri da.

4.5.1e Azkenik, kontuan izan behar dugu ‘ekintza’ edo ‘gertaera’ adierazten duten neurrian, ondoren aztertuko ditugun atzizkien bidez sortzen ditugun izenak argumentudunak direla (§ 12.3.5). Horrek esan nahi du aditzoina zein motatakoa den eta nolako argumentu egitura duen ere aztertu beharko dela, argumentu egitura hori ‘heredatu’ egingo baitu izen eratorriak. Adibideetan ikusiko dugu argumentu horiek nola ageri diren. Hala ere, salbuespenak beti izango dira, hala gertatzen baita ‘ekintza/ondorio’ motako izen hauekin inguruko hizkuntzetan ere.

4.5.2. -dura (-tura)

4.5.2a Lemari eta aldaerei (alomorfoei) dagokienez, -tura/-ture atzizki erromantzearekin lotu den atzizki honek -tura aldaera har dezake txistukariaren ondoan (aztura, herstura; egitura partizipioaren azken sudurkaria erori ondoan); eta -kura ere ageri da bilkura izenean.

Batez ere ekialdekoa da atzizki hau, eta gehienbat da/du motako aditzei erantsirik aurkitzen dugu; zehazkiago esateko, inkoatibo/kausatibo motakoei (§ 23.2.2.2c): apaindu, beztitu, elikatu, gaizkoatu, garbitu, gogortu, harritu, hedatu, kilikatu, kutsatu, laztu, uhertu, zimurtu… Baina du motakoak ere ez dira falta (deitu, egin, josi, lotu…), ez eta da motakoak ere (hozitu, kexatu):

abiadura, apaindura, azpildura, aztura, beztidura, deitura, egitura, elikadura, etendura, gantzudura, garbidura, gaizkoadura, gogordura, hanpadura, harridura, hedadura, herstura, kexadura, kilikadura, kutsadura, jostura, laztura, ñabardura, uherdura, umidura, zimurdura

4.5.2b Euskal gramatikariek, oro har, ‘ondorioa’, ‘emaitza’ balioa eman diote atzizki honi (eta, beraz, sortzen dituen izen eratorriei, § 4.5.1b). Hau da, apaindura izenak ez du ‘apaintzea’ adierazten, horren ondorioa baizik. Berdin esan daiteke gogordura, harridura, laztura eta beste hainbat izenez. Beraz, izen eratorriak ez ditu heredatuko aditzaren argumentuak (hauek ez dute zertan azaldu perpausean), eta, aldi berean, izen horiek har ditzakete plural markak, adjektiboak, zenbatzaileak…

Hona hemen zenbait adibide: Izadiaren edo gizonen ankerkeria bortitzek laztura eta sumindura eragin dezakete, baina ez dizute eragiten gauzatxo etsigarri batzuk ikustean bizkarrean eragiten dizun hozkirri hori (J. Zabaleta); Hedadura lau eta grisetan ez zen bizitza aztarnarik ikusten (Otsoa); Bihotz taupaden erritmoa bizkortu zitzaion, garondoko kilikadura areagotu, nerbioak dantzan jarri (M. A. Mintegi); Kaleko Gabon apaindurak seinalaturik (Goenkale); Beren alkandorak, jaietako beztidurak, Madrilen enkargatzen dituzte (Azurmendi); Datuek ñabardurak behar dituztela, alegia (Heras).

4.5.2c Baina ez dago beti hain argi ‘ondorioa’ ala ‘gertaera’ adierazten duen (eta orduan aditzaren argumentua agertuko zaigu izenaren inguruan). Gogordura izenari, esaterako, bi adiera ematen dizkio Egungo Euskararen Hiztegiak: ‘ariketa fisikoa eginda gero gorputzean sentitzen den mina; gorputz atalen bat gogortzea’. Eta hanpadura izenean lehen adiera ‘hanpatzea’ ematen du Euskaltzaindiaren Hiztegiak (zauriaren hanpadura), eta bigarren adiera, hizkuntzalaritzakoa, ‘enfasia’.

Hitz berri mordoxka sortu da, gainera, euskara estandarrean, besteak beste hizkuntzalaritzan, edo matematiketan: batura, berretura, biderkadura, hanpadura, kendura, komunztadura (Etxeberri Sarakoak erabilia), zatidura… Matematika arloko terminoetan argi adierazten da ‘ondorioa’ adiera: ‘batuketaren emaitza’, ‘berreketaren emaitza’, ‘biderketaren emaitza’ eta abar.

4.5.3. -era2 (-kera)

4.5.3a Mendebaldeko atzizki honen lematzat -era hartu izan da, -kera batik bat txistukari (afrikatu)aren ondoren ageri delako. Azkuek aitatzen duen banaketa, -era = ‘ekintza’ / -kera = ‘modua’ ez da, beraz, askotan betetzen.

4.5.3b Oinarrian da motako aditzoina du askotan32; argumentu bakarrekoa, beraz (nahiz hor ditugun erabilera edo ezaguera ere)33. Askotan atzizkiak mugimendua edo egoera aldaketa adierazten du. Adierari dagokionez, sortzen dituen izenak ‘gertaera’ izenak dira, aditzoinari dagokion gertaera hori gauzatzea adierazten dutenak: agerrera, amaiera, bukaera, etorrera, hasiera, ibilera, igoera, irteera, jaitsiera, piztuera, sarrera, sorrera eta abar. Argumentudun izenak dira, beraz, -era atzizkiaren bidez sortzen ditugunak; argumentu hori behin baino gehiagotan izenlagun gisa agertuko da testuan: Bat-batean edan dudan esne beroak Alto de Portillorako patarraren igoera erraztu dit (Aintziart); Ontzien sarrera eta deskarga ikusi nahi nuen (Sarrionandia); Tolosako trenaren irteera (Zaldua); Ikerlariak bidali zituen Saulen etorrera ziurtatzera (Elizen arteko Biblia).

Hala ere, izenondoz, plural markaz… lagundurik ere ikus ditzakegu izen eratorri hauek literatura testuetan. Horrek pentsarazten digu ‘ondorio’ balioa ere badutela; ez, behintzat, ‘gertaera’ balio soila (§ 4.5.1c): Aste osoan hura zen irteera bakarra, festa-gune bakarra (Aristi); Galduak ditut hainbat eta hainbat orri ere hara-hona egindako ibileretan (Lertxundi).

4.5.3c Bestalde, -era atzizkiak eman diezaioke ‘modua’ adiera ere izen eratorriari; halakoetan, bai da eta bai du motako aditzoinak aurkituko ditugu: egoera, erabilera, ibilera, hizkera, idazkera, janzkera.

4.5.3d Zenbait izen eratorrik har ditzakete beste adiera batzuk ere; esaterako, ‘gunea’, ‘lekua’, irteera eta sarrera izenen kasuan. Edo izen konkretu, zenbakarria, ‘tiketa’, sarrera izenak.

Bestalde, batez ere mendebaldeko testuetan erabili den atzizki honen parekoa da ipar-ekialdeko euskaretan -tze4.5.9).

4.5.4. -keta3

4.5.4a Literatura tradizioan, du motako aditzak hartu ditu, gehienbat, oinarri atzizki honek; euskara estandarrean ere -keta atzizkiaz sortutako izen askok du motako aditza dute oinarrian. Aditz horiek askotan ‘egilea-gaia’ (garbitu, hil…) argumentu egitura dute, ekintza bat adierazten dute. Garrantzitsua da argumentu egitura nabarmentzea, du motakoak izan arren, ‘esperimentatzailea’-‘gaia’ egiturakoek, hau da, aditz psikologiko deitu zaienek (desiratu, deitoratu, mespretxatu, pairatu, sentitu, sufritu…), oro har, ez baitute -keta hartzen. Sortzen den izenak bi adierak har ditzake, bai ‘ekintza’ (edo ‘gertaera’), bai ‘ondorioa’:

araketa, ardazketa, azterketa, bahiketa, bozketa, erosketa, galdeketa, garbiketa, harilketa, heziketa, hilketa, irakurketa, ikasketa, ikerketa, mozketa, salaketa, sendaketa, soilketa, zainketa, zapalketa, zorrozketa, zuriketa, zuzenketa

4.5.4b Euskara estandarrean da motako aditzei ere erantsi zaie -keta, ‘gertaera’ adierako izenak sortzeko. Gure corpusetan aurki daitezke biraketa (Lurraren eta ilargiaren biraketa-ardatzen ezberdintasuna), erorketa, susperketa (Sektorearen susperketa itsas garraioaren hazkundetik dator) eta abar. Euskaltzaindiak tradizioko eroriko arautu du, eta suspertze; biraketa, aldiz, onartu du euskara estandarrerako (oso erabilia da, besteak beste Fisikaren arloan).

4.5.4c ‘Ekintza’ adierako izenak erraz har dezake barne argumentua, ‘gaia’ (edo objektua) biltzen duen izenlaguna34; edo hitz elkartu batean ageri bada, lehen osagaiak adieraziko du objektua. Orobat, iraupena adierazten duen modifikatzailea (izenlaguna) ere har dezake: Lehen ekintza publikoa Aramburu jeneral eta presidente ohiaren bahiketa eta hilketa izan zen, 1970eko maiatzean (Berria); Diru-zuriketa; tortura-salaketa; emazteen kontrako bortizkeriaren salaketa (Herria); Egoitza eder eta lasaiak ziren, gaixo larrien zainketarako prestatuak (Otsoa); Era guztietako labanen zorrozketa (Goienkaria); Atentatuaren ikerketari dagokionez (Berria).

‘Ekintza’ adierakoak dira Matematikaren arloan sortu diren hauek ere: batuketa, biderketa, kenketa, zatiketa.

4.5.4d ‘Ondorio’ adierakoa denean, ostera, plural marka, adjektiboak, erakusleak, kuantifikazioa… onartuko ditu (§ 4.5.1c): Mexikoko beste edozein hiri handitan 100 mila biztanleko 12 hilketa eta 18 bahiketa izaten dira, eta Ciudad Juarezen, berriz, 66 hilketa eta 133 bahiketa izaten dira (Berria); Artezia berezia erakutsi duela inguruko herrien ikerketa praktiko guztiak bereganatzen (Pérez Iglesias); Ez egin salaketa faltsurik (Elizen arteko Biblia); Ikerketa historikoan aspalditik egiten zen galdera horrek ez du erantzun errazik (Navarro).

4.5.4e Adiera ‘ekintza’ (‘jarduera’) izanik ere, oinarritzat aditza ez duten adibideak ere baditugu: zuketa, noketa, zezenketa… Baita oinarrian izena ala aditza duten oso argi ez dauden lehiaketa, sariketa, txapelketa adibideak ere.

‘Jarduera’ balioa nabarmentzen da oinarrian izena izanik, ‘bila joan’ adierazten duten ondoko izen hauetan ere: andraketa, ardiketa, arrainketa, egurketa, lurketa, ogiketa, ongarriketa, sagarketa, urketa… Batez ere ipar-ekialdeko euskaretakoa da balio hau. Eta zaila da hitz eratorria izen kategoriakoa den esatea, askotan predikatu egituran ageri baita bildu, ibili, joan… aditzez lagundurik (ikus 23.2.1.3.5), baina ez beti; horrek eraman zuen, hain zuzen ere, Lafitte -keta atzizkiaren balio hau atzizki adberbio-sortzaileen artean sailkatzera: Ni bihotz-keta nabila, eta ez ogi edo arroltze-keta (Joanategi); Lehenago ere ardiketa ibilia zen, frangotan, alderdi heetan, bortu zoko guzietan bezala (J. Etxepare); Izraeldarrek gizon bat larunbatarekin egurketa zabilala hatzeman zuten eta Moisi eraman (Arbelbide); Guazen ogiketa Versaillarat (M. Elizanburu); Hain xuxen, tenore hartan herriko neskatxa gazteak harat biltzen ohi ziren urketa (Zerbitzari); Edo mahasti aitzurre, mendian harri-zerratze […] mendiko ongarriketa35 (Larre). Maiz ageri da -ketan (‘zertan’) forman ere: Lau egunez aritu ginen lurketan (Duvoisin).

Jarduera balioa nabarmena da -keta atzizkiaz sortu eta -n inesibo postposizioaz lagundurik erabiltzen ditugun hizketan, berriketan, jostaketan, igeriketan eta abarretan. Baina izen hauek (eta sail berekoak diren igerian, aitzurrean, musean, ehizan edo jolasean) ezin ditugu aditzetik eratorritako izentzat hartu (§ 11.5e).

4.5.5. -kunde

4.5.5a Atzizki honek ez du gaur egun emankortasun handirik. Literaturako testuei begiratuz gero, erabilera modu bat baino gehiago ikusiko dugu, betiere aditzoina oinarri duela. Batetik, izen zaharrak ditugu, oro har ekialdekoak, eta ‘gertaera’ zein ‘ondorioa’ adierazten dutenak: aiherkunde, bahikunde, desirkunde, egikunde, nahikunde. Elkhargana erakusten dute aiherkundea (Etxeberri Ziburukoa); Noizik behin ethortzen zeizkidan […] Iainkoa baithan phentsatzeko desirkunde batzuk (Axular); Zure nahikundea balinbada nik ohorerik ez izatea, zure gogara egin bedi (Duvoisin). Gehienak bildu ditu Euskaltzaindiaren Hiztegiak eta gaurko corpusetan ere ageri dira.

4.5.5b Bestetik, baditugu XIX. mendearen amaierakoak eta XX. mendearen hasierakoak, batez ere, erlijioari lotuak: agerkunde, berpizkunde, deikunde, Igokunde, Jasokunde, sorkunde; baina baita oldarkunde ere; guztiek ‘gertaera’ adiera dutela esan daiteke: Jaunaren zerura igokundea (Vitoria-Eleizbarrutirako Kristiñau-Ikasbidea); Jaunaren agerkundea (Kerexeta).

4.5.5c Eta baditugu izen berriagoak ere, gehienak euskara estandarrekoak, -kunde/-kuntza4.5.6) bikotean aurki ditzakegunak; adierari dagokionez, bikote horretako izen bakoitzak du bere ñabardura: aurkikunde, erakunde, federakunde, hauteskunde, hazkunde, zabalkunde… Xehekiago aztertzen baditugu, aurkikunde izenak bi adiera ditu: lehena, goiko agerkunde edo igokunde-ren sailekoa (Gurutze Deunaren Aurkikundea); bestea, ‘aurkikuntza’ definitzen du Euskaltzaindiaren Hiztegiak: Aurkikunde horiek psikologian eta medikuntzan erabil daitezke (Goienkaria); Gaur egun edozein egiaztapen, aurkikunde edo teknikak […] berekin nahi du zientziaren bedeinkapena (Lertxundi). Erakunde ihartua dago; erakuntza izenak ‘eratzea’ adierazten du, baina ez erakunde-k. Federakunde eta federakuntza erdal federaciónen ordain erabili dira (eta badute lekua gaurko corpusetan), baina federazio da estandarrerako arautua. Hazkunde eta hazkuntza sinonimotzat ematen ditu Euskaltzaindiaren Hiztegiak adiera batean; baina hazkuntza izen eratorrian, ‘(animaliak) hazi’ adiera da oinarritzat aukeratua (abere hazkuntza). Zabalkunde eta zabalkuntza, biak erabiltzen dira euskara estandarrean (nahiz zabalkunde izan erabiliena, ia hiru bider agerraldi gehiago baititu zabalkuntza-k baino Egungo Testuen Corpusean). Bien arteko aldeari dagokionez, ez da askotan erraza ñabardurak antzematea; hala ere, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera, badirudi zabalkunde ‘zerbaiti buruzko ezagutza edo norbaiten ideiak haien berri ez dutenengana helaraztea’ dela: Isilpeko informazioaren zabalkundea kontrolatu (Euskadiko Museoei buruzko Legea); zabalkuntza izenak, aldiz, zabaldu aditzaren beste adiera bat du oinarri batzuetan: Zirkonia purua polimorfikoa da eta […] 1.170 °C lortzen direnean, bolumen-zabalkuntza bat gertatzen da (Monasterio). Baina gehienetan zaila da zabalkunde / zabalkuntza bikotean aldeak ikustea.

4.5.5d Bada azkenik beste erabilera bat ere: pertsona adierazten duen izenari erantsi eta pertsona horien bilera-edo esan nahi duen izen eratorria sortzen duen -kunde, alegia. Egia da pentsa dezakegula beste atzizki bat dela, forma berekoa, baina beste balio batekoa, oinarrian den izenaren eta izen eratorriaren adiera ere azpisail honetan aztertzen ari garen izenen ‘ekintza’ (‘gertaera’), ‘ondorioa’ adieratik aldentzen den heinean. Dena den, oso adibide gutxi ditugunez hemen aipatzea iruditu zaigu egokiena; Emakunde da euskara estandarrean bide horretatik sortu den bakarra (erakunde baten izen propioa): aitakunde, Emakunde, gizakunde; Azkuek jaso zituen bere hiztegian, baina ez dute ia lekukotasunik testuetan.

4.5.6. -kuntza

4.5.6a Batez ere da/du motako aditzak ditu oinarrian atzizki honek: aldakuntza, asmakuntza, aurrerakuntza, bahikuntza, banakuntza, behakuntza, bereizkuntza, bustikuntza (Fonetika eta Fonologiaren arlokoa), eraikuntza, hezkuntza, hobekuntza, ikerkuntza, salakuntza, zapalkuntza. Askotan aditzoin berari -keta4.5.4) eta -kuntza erantsirik sorturiko bikoteak ikusiko ditugu, baina bietako bat da bestea baino askoz erabiliagoa (gehienetan -keta atzizkiduna: aldaketa / aldakuntza; asmaketa / asmakuntza; bahiketa / bahikuntza; banaketa / banakuntza; behaketa / behakuntza; bereizketa / bereizkuntza, sorketa / sorkuntza); edo aditzaren adiera jakin bat hartzen du oinarri batek (aurreraketa, esaterako, lasterketetan edo auto batek bestea aurreratzeari dagokio). Bestalde, -kunde atzizkia ere izan dezake ondoan (§ 4.5.5c).

4.5.6b Maiztasuna, agerraldi kopurua alde batera utzirik, ez da erraza bikote horietan zer alde dagoen zehaztea. Ikus, adibidez, ondorengo adibidea, ez dirudi ia alderik dagoenik ikerketa eta ikerkuntza eratorrien artean: Unibertsitatean ikerkuntza egiteko diru kopuruak atzera egin du, bistan denez, bederatzi urte horietan, diru gehiena unibertsitateari ez dagokion ikerketa militarretan erabili baita (Pérez Iglesias); Asmakuntza horrek, beste batzuekin batera, hala nola buztingilearen gurpila edo biribilak marrazteko konpasa, egundoko ospea eman zion (Juan Garzia); Transmisio mota horrek beste bereizkuntza bat ekarri zuen (Jon Muñoz); Ondoko salakuntza hauek egozten zaizkizue (Navarro). Adibide horietan ‘ondorioa’ balioa dute izen eratorriek, erakuslez, adjektiboz, bat zenbatzaileaz… lagundurik baitoaz. Beste hauetan, aldiz, ‘gertaera’ adierazten du: CIAk lagundu egin zuen, bestela CIArentzat berarentzat ere lan egiten zuen gizonaren bahikuntzan (Jimenez); Argindar ekoizpen zein erregai banakuntza sareez azken urteotan jabetu izanak (Sokarros).

Aditzoinaren argumentu egitura ‘esperimentatzailea’-‘gaia’ denean, ez du ondoan -keta atzizkiaz sorturiko izena izango: pairakuntza (izatekotan, pairamen); ez eta oinarria da motako aditza denean ere: azarkuntza (‘ausardia’).

4.5.7. -men/-pen

4.5.7a Lemari dagokionez, zaila zaigu alomorfo bakarra oinarrizkotzat hartzea. Jatorriari begiratuz (Mitxelenak 1977b: 346), Azkuek eta Villasantek -men ematen dute lematzat eta gainerakoak aldaeratzat. Baina gaur egun -pen dela hedatuena esango genuke eta ingurune fonetikoak ez duela gehiegi laguntzen, nahiz herskariaren ondoko ahoskabetzeaz sortua izan -pen (*oroitmen > oroipen, cf. orhitmen, Tartas); itzulpen, laburpen edo eratorpen eratorrietako -pen aldaera ez du ingurune fonetikoak azaltzen. Areago, aldaera bakoitzak ñabardura jakin bat hartu duela ere esan dezakegu, beheraxeago ikusiko ditugun bikoteak aintzat hartzen baditugu —aitormen eta aitorpen, hedamen eta hedapen, irudimen eta irudipen, ukimen eta ukipen eta abar—. Aldaera huts zirenak atzizki beregain bihurtzeko bidean egon daitezke. Bada beste aldaera bat ere, -mendu, latinezko -mentumekin lotura garbia duena. Ekialdeko erabilera zaharrean askotan maileguei lotzen zaien forma dirudi eta oro har -tu partizipiodunei.

4.5.7b Oinarria du motako aditza izan daiteke, halakoak dira gehienak: adierazi, aipa(tu), aitor(tu), barka(tu), bedeinkatu, ebatzi, ekarri, ekoitzi, eratorri, gaitzetsi, goretsi, irakatsi, itxaron, luza(tu), labur(tu), lor(tu), onetsi, salba(tu), senti(tu)… Beste hauek, berriz, du motakoak izan arren, argumentu bakarrekoak dira (intrantsitibo ergatibodunak, ikus § 23.2.2.1): etsi, iraun. Eta badira da edo zaio motako aditzoinak ere, nahiz askoz bakanagoak izan; atzeratu (da/du), galdu (da/du), gibelatu (da/du), hasi, iruditu, urrikaldu… Aditz horietatik eratorriak dira ondorengo izenak:

adierazpen, aitormen/aitorpen, aipamen, atzerapen, aurrerapen, barkamen, bedeinkapen, burutapen, ebazpen, ekarpen, ekoizpen, eratorpen, etsipen, gaitzespen, galmen, goresmen/gorespen, irakaspen, irudipen, itxaropen, itzulpen, laburpen, lorpen, luzapen, onespen, salbamen, ukipen, urrikalmen

Beste eratorri hauek, berriz, -mendu aldaeradunak dira:

aitzinamendu, barkamendu, deliberamendu, gibelamendu, liluramendu, luzamendu, manamendu, pagamendu, salbamendu, urrikalmendu

4.5.7c Adierari dagokionez, de Rijken (1991) iritziz, -penek ez du ‘ekintza’ adierarik, ‘burututako’ zerbait adierazten du, eta hala da askotan, adierazpen, aitorpen, ekarpen, ekoizpen, itzulpen, laburpen, lorpen… ez baititugu ulertzen gehienetan ‘adieraztea’, ‘aitortzea’, ‘ekartzea’… gisa, baizik ‘adierazi dena’, ‘ekarri dena’, ‘lortu dena’ eta abar. Baina nahikoa da Euskaltzaindiaren Hiztegiak edo Egungo Euskararen Hiztegiak ematen dituzten definizioak ikustea ohartzeko ‘gertaera, gauzatzea’ ere adieraz dezakeela -men/-pen atzizkiaz eratorririko izenak: bedeinkapen ‘bedeinkatzea’; iraupen 1. ‘irautea’, 2. ‘zerbaitek bere hartan dirauen denbora’; hastapen 1. ‘hastea, hasiera’, 2. ‘ikasi behar den zerbaiten hasierako gaiak’ (pluralean); ekoizpen ‘ekoiztea; ekoiztearen ondorioa’; galmen ‘galtzea, hondatzea’, Dena den, testuinguruan ikusi behar da ‘ondorioa’ ala ‘gertaera’, zein balio duen eratorriak. Horretarako azpisail honen hasieran aipatu ditugun irizpideak har ditzakegu kontuan (§ 4.5.1c).

Honako adibide hauetan ‘gertaera’ balioa erakusten dute izen eratorriek: Tebasko gerratearen eta Troiako galmenaren aurretik (X. Amuriza); Unibertsoaren hastapeneko beroaldian (Segurola); Peruko limoi eta mango ekoizpenaren %40 Tambogrande eta San Lorenzo bailaretan ekoizten da (Berria); San Diegoko eliza berriaren bedeinkapena egin zenean ere, 1781eko abuztuan (A. Garikano); Joan den igandean, aldiz, Ortzaizen, lau herritar gaztek dute Fedearen Aitormenaren besta ospatu (Herria); Norbanakoak bere burua sakrifikatu beharra du kolektibitate baten salbamenerako, baina hau ez da aritmetika ergel bat (J. Zabaleta).

4.5.7d ‘Ondorioa, emaitza’ adierakoak dira, berriz, beste hauek, zenbatzailez, adjektiboz, plural markaz… lagundurik doazenak: Itzulpen batek itzultzailearen garaira ekartzen du testua (Lertxundi); Ikastetxeei dagokie orain aztertu eta ekarpenak egitea (Argia); Hainbeste ekoizpenen hutsaltasunaren aurrean (Berria); Irakaspen ona izan liteke izurria (Garate); Lau gai hauek, euskal foraltasuna ezagutzeko funtsezkoak, modu trebe eta errazean jorratzen ditu, baita irakurleari orri gutxitan laburpen bikainean eskaini ere (Jimeno).

4.5.7e Goraxeago esan bezala, -men aldaerak ‘ahalmen’ adiera hartu du, batetik, gorputzaren zentzumenak adierazten dituzten dastamen, entzumen, ikusmen, ukimen, usaimen izenetan; bestetik, hizkuntza batean bereizten ditugun gaitasun motak adierazten dituzten entzumen, idazmen, irakurmen, mintzamen, ulermen eratorrietan. Baina baita beste hauetan ere: irudimen ‘gizakiak, gogoan irudi edo ideia berriak sortzeko duen ahalmena’; asmamen ‘asmatzeko ahalmena’; maitamen ‘maitatzeko ahalmena’…

4.5.8. -tza3/-tze

Lemari dagokionez, zaila da mendebaldeko eta ekialdeko forma desberdinen artean bat hautatzea oinarrizkotzat; areago, Mitxelenaren (1977b) iritzia kontuan izanik, bi atzizki desberdin izan daitezke, eta ez euskalki mailako aldaera hutsak36. Nolanahi ere, atzizki bakartzat har dezakegu ekialdeko -tze hau eta hurrengo puntuan aztertuko duguna.

Aditzoinak da nahiz du motakoak izan daitezke, eta sortzen den izenak maizenik ‘ondorioa’ balioa du, baina ‘gertaera, egitea’ ere adieraz dezake: aitortza/aitortze, bizitza/bizitze, egoitza, ekintza, emaitza, ezagutza, ezkontza, higuintza, iraultza, jaiotza/jaiotze, jakintza/jakite, laguntza, sendotza eta abar.

4.5.9. -tze/-te

4.5.9a Lafittek -tze ematen du lematzat; Azkuek, berriz, -te. Garbi dago forma baten edo bestearen aukera aditzoinaren inguruneak baldintzatzen duela, neurri batean. Badira euskalki mailako desberdintasunak ere, bizkaieraz askotan -te aurkitzen baita gainerako euskalkietan -tze erabiltzen den izenetan (ekarte/ekartze, errete/erretze, hilte/hiltze, jote/jotze…), baina euskara estandarreko aldaerei lotuko gatzaizkie.

Txistukariaren eta sudurkariaren ondotik, oro har -te aurkitzen da euskalki guztietan (edate, haste, ikaste, ikuste, iraute, jakite eta abar). Dena den, Mitxelenaren (1977b) hitzen aurrean zaila da lematzat forma bakarra aukeratzea37.

4.5.9b Edozein aditzoinek onartzen du -tze atzizkia. Berau da, hain zuzen, ‘ekintza’ edo ‘gertaera’ adierazteko markatugabea dena, beste edozeinen ordez ager daitekeena. Kontuan izan behar da, dena den, izenak sortzen dituen atzizkiaz ari garela, eta ez perpaus jokatugabeek duten nominalizazio moduaz (ikus § 30.6.3.1)38. Alde honetatik, askoz maizago aurkituko ditugu -tze atzizkiaz sorturiko izenak Iparraldeko testuetan (azken batean, aurreko puntuan ikusi dugun -tze bera da), gertaera izen balioan (erakusleaz lagundurik ere bai, inoiz edo behin): Mariaren sortzeak bozkariotan ezarri du Zerua (Andre-dena); Bihotz onez oroitze utsak atsegin ta gustoz urturik bezala uzten du bihotza (Mendiburu); Euskaraz mugagabeak ere aurrera daitezke […] aurreratze horrek, azkenik galdegaia altxa dezake (Mitxelena); Arabako [euskararen] atzeratzearen kezka argi azaltzen du, esate baterako, Aita Kardaberatzek (Mitxelena); Elkarren ondo-ondoan zeuden neskak, urre eta beltz, eguzkiaren sartzea interesik gabe miresten, lepoko zapiak ukituz, irribarreak zuzenduz elkarri (Navarro); Goiz batez Boris Klotz medikua, haste hartan ezagutu nuena, jin zitzaidan (Etxehandi); Larunbatean, abendoak 18, Olentzeroren jiteak airostuko ditu Baionako karrikak (Herria).

4.5.9c Gertaera izenak osatzen dituen heinean, aditzoinaren argumentu egitura heredatu egiten du izen eratorriak, eta horrek esan nahi du argumentu horiez lagundurik azaldu behar duela: dela hitz elkartu baten bidez (eguzki-ilkite, eguzki-sartze)39, dela izenlagunaren bidez (eguzkiaren sartzea, Olentzeroren jitea). Gerta daiteke argumentua testuan lehenago aipatua delako berriro ez ematea: goraxeago eman dugun Mitxelenaren adibidean, Euskaraz mugagabeak ere aurrera daitezke dio lehenik; argi dago, beraz, zer den aurreratzen dena (edo duguna). Horregatik da errazago ondoren erakuslea erabiltzea eta argumentua isilpean uztea: aurreratze horrek

4.5.9d Mendebaldeko -era atzizkiaren (§ 4.5.3) baliokide dela esan daiteke (hasiera/haste, etorrera/jite, sarrera/sartze eta abar).

Baina behin baino gehiagotan, adjektiboz, erakuslez edo ‘ondorio’ adierako izenekin ohikoak diren beste elementu batzuez lagundurik ere aurkituko ditugu -tze atzizkidun izenak. Hona hemen adibide batzuk: Heriotze bakarra estaltzen dute lau sortzek (J. Etxepare); Oroitze onek aita naigabez bete, eta alabari negar eragiten zion (Lardizabal); Bainan izan da halere joaite baino aise jite gehiago (Herria). Hala ere, ez dirudi ‘ondorio’ balioa beste atzizki batzuekin bezain argi ikusten denik.

4.5.9e Bada gure artean beste auzi bat ere, zenbateraino den egoki euskara estandarrean -tze atzizkiaz baliatzea izenak sortzeko. Mitxelenaren iritzia ekar dezakegu hona: “norbaitek esan omen du hizkuntza landuetan -te -tze bezalako gramatika-atzizki arrunt batek ordezkari hoberik eta berezirik izan ohi duela. Tira, ingelesa aski landua eta ikasia da eta -ing ez dabil hain urrun gure atzizkitik. Hala guztiz, ordez, barra-barra erabiltzen dute -ing” (1988a [1984]: 45)40.

4.5.10. -zio (-zino, -zione, -ziño)

4.5.10a Atzizki erromantze hau oro har maileguei eransten zaiela dio Villasantek, baina euskal oinarriei erantsirik ere aurki daitekeela. Euskalkien araberako aldaerak ditu: -ziño, bizkaieraz (-zinoe ere ageri da bizkaierazko testuetan); -zino, zenbait autore lapurtarrek ere badarabilte; -zio, batik bat gipuzkeraz; -zione, Iparraldeko euskalkietan. Villasantek berak -zio gomendatzen du literatur hizkuntzarako, bokalarteko sudurkaria erortzea oso fenomeno ezaguna delako, eta, gainera, -zio delako literatur hizkuntzan azken urteetan hedatuena. Gomendio hau, eta aldaeren hedadura gogoan izanik eman zuen Euskaltzaindiak batasunerako 9. araua, -zio aldaera hobesten duena.

Ikus honetaz Euskaltzaindiaren 9. araua: “-zio”, Bilbon, 1994ko azaroaren 25ean onartua.

Oro har, -tu motako partizipioa hartzen duten aditzoinei eransten zaie atzizki hau, eta sortzen diren izenek ‘ondorioa’ adiera hartzen dutela esan daiteke: amorrazio, asmazio, begitazio, burutazio, deizio, gogorazio, harrizio, kantsazio, segizio.

4.5.10b Ondorengo adibideetan ikus dezakegu -zio atzizkiaren bidez sorturiko izenek onartzen dutela ondoan adjektiboa, plural marka… (ikus § 4.5.1c): Burutazio illun oien artean urari bere burua emateko tentazio gogor batek eman zion (Kardaberaz); Orduan bai amorrazio ederra artu nuala! (Uztapide); Lamiak eta sorginak, eta gizonen asmazio eta imintzio guztien nahasketa bat (Aresti); Desegiñ ziran baña alako amesak, / begitanziño areek gaur jataz garratzak (Arrese Beitia).

4.5.10c Baina badira adibideak gertaera izentzat har ditzakegunak: Txorakeriarik eta alferrikako buru-kantsaziorik gabe (Segurola). Nolanahi ere, ez du ia emankortasunik gaur egun hitz berriak sortzeko.

4.5.11. -ginan, -ginean

Beti zertan adierazten du; ez da, beraz, izena. Baina nonbait sartzekotan, gertukoena ekintza, gertaera izenen saila da. Testuetan adibide gutxi daude, eta formari dagokionez ere biak ageri dira, -ginan eta -ginean: bertsoginan, txorixoginan, kakaginan, txixaginan… Bost idazleok bertsogiñan maixu handien trebetasuna erakutsi eben (Akesolo); Bai Plaentxian ta bai Eibar-en, bertsogiñan asten diranian, Gipuzkoako euzkerarako joera dabe (San Martin).

4.5.12. Beste atzizki batzuk: -ada, -antza/-antzia

Beste bi atzizki aztertuko ditugu hemen, labur, euskal lexikoan hainbat hitz sortzeko baliatu diren arren, nahiko ihartutzat eman ditzakegunak.

4.5.12.1. -ada

Aditz esapidea, onomatopeia + egin egitura izan ohi duena, aurkituko dugu oinarrian: irrist egin, purrust egin, tarrat egin, txirrista egin, zizt egin, zurrut egin… Izena + egin egiturako aditz lokuzioa dugu bultzada izenaren kasuan. Batzuetan aditzoin kategoriako oinarria ere ikus daiteke: bultza(tu), irrista(tu), zizta(tu).

Sortzen den izenak ez du ‘gertaera’ adierarik, ‘ondorioa’ baizik. Hala erakutsiko lukete gertaera izenak ondorio izenetatik bereizteko aipatu ditugun ezaugarriek (§ 4.5.1c): plural marka har dezakete, baita erakusleak ere; bat zenbatzailearekin ager daitezke, baita adjektiboekin ere… Bultzada, irristada, purrustada, tarratada, taupada, zaplada, zarrastada…

Hona hemen zenbait adibide: Sirenen ondoren oso baxu zihoazen helikopteroen harrabotsak eta tankeen burrunbadak zerbait gogorra jazoko zela adierazi ziguten (B. Bilbao); Zotza purrustada batez ahotik lurrera botaz (Goenkale); Zarrastada bortitz batek goitik behera inarrosi ninduen (Ladron Arana).

Azkuek eta Villasantek izen bizidunei —batzuetan izen propio ere badirenei— erantsirik sortutako Zamakolada, Matxinada edo Karlistada eta horien antzekoak aipatzen dituzte, aspaldi honetan izen berririk sortu ez duen bide baten adierazgarri. Villasantek dioenez, Mitxelenak erdal sanrocada, gamazada eta abarren hurbiltasuna ere aipatu zuen.

4.5.12.2. -antza/-antzia

Atzizki erromantze honen lematzat Villasantek -antza aldaera ematen du, nahiz Mitxelenak berak esan bi formak, -antza (erdal -ança zaharra) eta -antzia (erdal -ançia), latinezko atzizki beretik eratorriak direla.

Oinarrian mailegu bidez hartutako aditzak aurkituko ditugu; eta behin baino gehiagotan zalantza ere sor dakiguke benetan euskaraz eratorria ote den, ala izen osoa den maileguz hartua (esperantza, perseberantzia, usantza…). Nolanahi ere, emankortasun urrikoa izan da euskal lexikoaren ondarean: akabantza, alegrantzia, eskudantzia, fidantza, frogantza, obligantza, salutantzia, signifikantza.

Adjektiboa, bat zenbatzailea, erakuslea… ondoan har dezaketenez, ‘ondorioa’ adierako izenak direla esan daiteke: Eskudantzia hek bere [neskatxen] arintasunagatik gerthatu zaizkotela (Duhalde); Ordukoa zen oraikoaren seinale bat, figura bat, pintura bat, eta signifikantza bat (Axular); Guzieri salutanzia eder bat egin ondoan, hurbildu zen nereganat (J. B. Elizanburu).

4.6. Zero atzizkia

Hizkuntzalari askok erabili duten kontzeptua da (beste askoren artean, Varelak 1990 edo Spencerrek 1991), inolako atzizkirik gabe, hau da, marka formalik gabe, aditzetik eratortzen den izenaren berri emateko. Beste batzuek, Cabrék eta Rigauk (Cabré y Rigau 1985), esaterako, ‘aldaketa sintaktikoa’ terminoa erabili dute honetarako. Halako aldaketen auzia zertan datzan ere aipatzen dute azken hizkuntzalari horiek: nola jakin zein den oinarria eta zein eratorria? Euskaraz irabazi, eduki, ukitu, isuri eta abarren kasuan, izena da aditzetik eratorria ala alderantziz? Beste batzuetan amai-amaitu, jorra-jorratu, aipu-aipatu bezalako bikoteak ditugu, non ezin den besterik gabe onartu aditza dela izenetik eratorria (Mitxelena 1977d: 252). Ikus, halaber, § 6.1. Euskaltzaindiaren lanean (EGLU-II 1987b: 84): “partizipioaren forma ukanik ere, izen hutsak dira” esaten da itzuli, bizi edo erauntsi modukoez, beste hau gehituaz: “izen izaera hori zer gisaz lotua den itxura bereko aditzarekin, hemen aipatzerik ez dugun arazoa da”. (§ 25.2.3).

Berez adjektiboa substantibatzen denean, izen balioan erabiltzen denean, edota partizipioak adjektibo balioa hartzen duenean ere, modu honetako aldaketak genituzke (§ 25.2.2).

20 Izen jakin bati buruz predikatzen dira adjektiboak eta izen hori hartzen da adjektiboaren argumentutzat (ikus honetaz Baker 2003): mutil handi esatean, mutil izenaz predikatzen dugu handi nolakotasuna. Beraz, handitasun izena ere zerbaiten edo norbaiten “handitasuna” izango da.

21 Aditzoinari erantsirik sorturikoak dira egitate, ikustate, jakitate eta besteren bat. Ihartutzat eman ditzakegu, hurrenez hurren, ekintza, begirune edo jakituria izenen baliokide diren hauek ere.

22 Oinarria esan aditzoina izan daiteke (cf. esaten) nahiz esate aditz izena (Mitxelena 1977b).

23 Atzizki hauei buruzko informazio zabalagoa nahi duenak ikus ditzake Azkarate 1995 eta Gràcia et al. 2000.

24 Ikus Lopez Mendizabal 1962 eta Pagola 2005.

25 Azkuek eta Villasantek gai azpiatal honetan sartzen duten arren, hitz elkarketan aztertzen da Gramatika honetan, Euskaltzaindiaren sailkapenari jarraiki (§ 7.2.2.3f).

26 Mitxelenaren ohar gisa ematen du Villasantek ondokoa: “Parece claro, y es lo que siempre se ha sostenido entre lingüistas, que -ailu (forma secundaria -gailu) es románico de origen (lat. aculum), romance no castellano allo, all, en mirail, por ejemplo, castellano ajo, como oc(u)lu, castellano ojo; lotailu supone claramente lot-ailu, no -gailu” (Villasante 1974: 78).

27 Villasantek dioenez, ekialdean larunbatkari eta abarrek zuten adberbio baliotik abiatuz (larunbatero-ren parekoa) sortu diren izenak, oro har ‘urtean behin argitaratzen dena‘, ‘astean behin argitaratzen dena‘… adierazteko baliatu ditugunak. Bide batez, aipagarriak dira zenbatzaile sintagma egiturako oinarriak dituzten hiruhilabetekari, seihilabetekari, biurtekari… izenak lexikoan sortzen baitira, oro har. Hau da, kategoria lexikoak dira oinarriak (ez sintagmak) eta atzizkiak erantsirik, kategoria lexikoak sortzen dira.

28 Azkuek euskalkien arabera banatzen ditu: -gu ematen du lematzat, Erronkarin eta Zuberoan erabiltzen dela adieraziaz; horren aldaeratzat hartzen ditu -gio, Erronkarin eta Aezkoan erabiltzen dena, eta -go, Nafarroa Beherean. Lhandek (1926) -gi (-gu atzizkiaren aldaeratzat hartzen duena) eta -gia ematen ditu sarreratzat.

29 Beste batzuetan ez dago jakiterik -egi ala -tegi den atzizkiaren forma: artegi, itegi… oinarriaren amaieran herskaria dagoenez, hitz berrian beti herskari ahoskabea genuke, atzizkia bokalez nahiz kontsonante herskariz hasi (Mitxelena 1977b: 250).

30 Errementari izenak azken bokala galdu eta -r > -l aldaketa gertatu da, oinarriari atzizkia gehitzean (ikus § 3.1h “hots legeak”).

31 Berez hitz elkartua, haur + zaindegi (ikus § 7.2.7 “hitz elkartu sintetikoak”).

32 Da motakoa dela diogu, horietako bat baino gehiago du motakoak ere izan daitezkeen arren, hau da, inkoatibo/kausatibo motakoak, -era atzizkia da motakoari, inkoatiboari gehitzen zaiolako: ‘piztu da’ baliotik sortzen da piztuera (ez ‘piztu du’ baliotik); ‘sortu da’ > sorrera (ez ‘sortu du’) eta abar.

33 -era, -keta edo -men/-pen atzizkien oinarri diren aditzoinen sailkapen xeheagorako, ikus Azkarate 2008.

34 Gogoan izan behar da, ordea, sarritan izenlagunak ‘egilea’ adierazten duela, eta ez ‘gaia’: maltzur haren salaketa.

35 OEHk ‘acarreo de abono’ itzultzen duena.

36 “Es para mí dudoso si -tza/-tze, que en algún caso (cf. bizitza/-tze ‘vida‘, eriotza/heriotze) son variantes de un mismo sufijo, occidental y oriental, respectivamente, lo son siempre. Tal vez haya que contar, en parte, con sufijos de origen distinto” (Mitxelena 1977b: 500).

37 “En algunos dialectos -te y -tze alternan en el sustantivo verbal […]. No debe pensarse, sin embargo, que -tze sea el resultado de t + t: se trata probablemente de sufijos de distinto origen” (Mitxelena 1977b: 346).

38 Gai honetan sakondu nahi duenak jo dezake, besteak beste, Goenagaren (1984) lanera.

39 Horrelako adibide asko ikusiko ditugu hitz elkarketa aztertzean; zehazki, izen elkartu sintetikoen zer-nolakoen berri ematean (§ 7.2.7).

40 Gai honetaz gehiago jakin nahi duenak irakur dezake Azkarate 2009.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper