Euskararen Gramatika

3. Morfologia lexikoa: sarrera

3. Morfologia lexikoa: sarrera

3.1. Sarrera: definizioak eta atalak

3.1a Hitzen egitura aztertzen duen atalari esaten zaio Morfologia. Euskarari dagokionez, garrantzi handikoa da atal hori, Gramatika honetan zehar determinatzaile sintagmak, aditzaren jokabidea, mendeko perpausak emateko modua eta abar aztertzean ikusiko dugunez. Gramatika honetako bigarren kapituluan esan dugu hizkuntza bateko hotsak kateatuaz osatzen ditugula hitzak (§ 2.1c), eta hala da. Baina gogoan izan behar dugu hotsak hizketako unitateak direla, entzuten ditugunak, eta horien atzean unitate abstraktuak daudela, fonemak, esanahiak bereizteko balio diguten elementurik txikienak. Azken hauek hizkuntzako unitateak dira, egiaz entzuten ez ditugunak, entzuten ditugun hots horien abstrakzioz sortuak. Adibide bat emateko, euskaraz /p/ eta /k/ edo /s/ eta /z/ fonemak ditugula esaten dugu. Lehen biei esker bereizten ditugu katu eta patu; bigarrenei esker, jazo eta jaso. Baina gero, hitz baten hasieran, edo bokal artean, edo amaieran gertatu, ez ditugu beti berdin-berdin ahoskatzen /p/ edo /k/; hala ere, ahoskera aldaera horiek ez ditu kontuan hartzen gure belarriak. Euskaldun askok, bestalde, antzera ahoskatzen dituzte /s/ eta /z/, baina badakite euskarak bi fonema horiek bereizten dituela. Fonetika esaten diogu hotsen azterketaz arduratzen den gramatikaren atalari; fonologia, aldiz, fonemak aztergai dituenari.

Fonemen eta hitzen artean, ordea, baditugu beste osagai batzuk ere, morfema deitzen ditugunak. Morfemek lagunduko digute hitzen egituraren berri ematen. Bigarren kapituluan esan dugu (§ 2.2a) hitzak ez direla nolanahi osatzen: maltzurkeria, elebitasuna edo gorrotatzen euskal hitzak direla, baina ez *keriamaltzur, *tasunbiele edo *tzegorrotan. Hau da, fonemak ezin ditugu nolanahika elkartu hitzak osatzeko. Baina adibide horiek erakusten digute hitz horien barruan badirela “hitz atalak” ere. Izan ere, zaila da “hitza” zer den definitzea. Hala ere, Semeak nota onak ekarri ditu perpausean, adibidez, bost hitz bereizten ditugu: semeak, nota, onak, ekarri eta ditu. Badirudi, intuizioz, bi zuriuneren artean doan elementuari deitzen diogula “hitz”.

Baina euskaldunak badaki bost hitz horietako batzuk, aldi berean, elementu batez baino gehiagoz daudela osatuak; beste batzuk, ostera, ez. Nota hitzak ez du barne egiturarik, ezin dugu hor beheragoko elementurik bereizi; gainerakoetan, berriz, elementu bat baino gehiago bereizten ditugu. Semeak hitzak honako egitura hau du: seme-a-k; onak hitzak on eta a-k elementuak ditu; eta beste biak ere honela zatituko ditugu: ekarr-i, d-it-u (agerian, behintzat, ez baitago bestelako elementurik, nahiz adizki laguntzailea aztertzean ikusiko dugun amaieran badela ikusten ez den elementu bat, morfologian gauzatzen ez den elementu bat, semeak subjektuari dagokiona). Era berean, goraxeago aipatu ditugun maltzurkeria edo elebitasun hitzetan, gai gara osagai txikiagoak bereizteko: maltzur eta keria, lehen hitzean, ele, bi eta tasun, bigarrenean. Morfema esaten zaie hitzen eta fonemen arteko osagai horiei. Morfemak dira esanahia duten unitate txikienak, gehiago zati ezin daitezkeenak. Fonemak dira morfema baino txikiagoak, baina fonemek ez dute berez esanahirik. Morfologia da morfemen berri ematen digun gramatikaren atala, bai eta hitzak sortzeko morfemak nola antolatzen diren aztertzen duena ere (zergatik maltzurkeria bai, baina *keriamaltzur ez). Hau da, Morfologia hitzen egituraz eta osaeraz arduratzen da.

Morfema guztiak, ordea, ez dira mota berekoak. Bakarrik ager daitezkeen ala ez kontuan hartuta, morfema askeak, beregainak, eta morfema lotuak, hizkiak, bereizten dira; ematen duten informazioaren arabera, morfema lexikoak eta morfema gramatikalak ere bereiz daitezke. Lehen ere aipatu ditugu, bigarren kapituluan, “banako lexikoak” eta “banako funtzionalak” (§ 2.4) eta aurrerago ere izango ditugu aztergai kategoria lexiko eta funtzionalen arteko desberdintasunak (§ 11.3). Laburbilduz, morfemak dira unitate txikienak (esanahia edo funtzio gramatikala dutenak), eta hitzak unitate gorenak (hein batean autonomia sintaktikoa duten morfema-elkartzeak), hala nola nota, semeak, ekarri, ditu… Morfema lexikoak eta hitzak bat etor daitezke; goiko adibideetan, nota morfema da eta hitza, aldi berean. Ondorengo lerroetan aztertuko ditugu morfema batzuen eta besteen arteko berezitasunak.

3.1b Begi bistakoa da adibide gisa eman dugun perpaus horretako elementuak ez direla guztiak modu berekoak. Batzuk beregainak dira, independenteak —seme, nota, on, ekar—, kategoria lexiko jakin bat dute, dela izena (seme, nota), dela adjektiboa (on), dela aditzoina (ekar); informazio lexikoa ematen dute; morfema lexiko beregainak dira. Kapitulu bana eskainiko diogu gramatika honetan kategoria hauetako bakoitzari, eta han aztertuko ditugu xeheki izen kategoriako, adjektibo kategoriako edo aditz kategoriako hitzen ezaugarriak. Beste osagai batzuk, aldiz, hizkiak dira, beste elementu bati loturik erabili behar dira nahitaez; askotan informazio gramatikala ematen dute hizki horiek. Hasieran eman dugun perpausean (semeak nota onak ekarri ditu) honako hauek dira morfema gramatikalak edo funtzionalak: -a, -k (bi ditugu gure perpausean), d-, -it-, u. Areago, badakigu bi k horiek ez direla berdinak, lehenak ‘nork’, subjektua, markatzeko balio duela eta bigarrenak, aldiz, plurala markatzeko. Informazio gramatikala ematen dute horiek guztiek: sintagmak osatzeko beharrezko diren elementu gramatikalak adierazten dituzte —artikulua, numeroa, kasu marka—, edo, aditzen kasuan, aspektua, aldia, pertsona, numeroa… Kategoria funtzionalak dira horiek guztiak. Dagokien lekuan ikusiko ditugu banan-banan hauek guztiak gramatika honetan. Dena den, kategoria lexiko eta funtzionalen arteko banaketa ere ez da beti hain argia euskaraz (§ 11.4).

Informazio gramatikala ematen dute, era berean, adizki laguntzaileari loturik mendeko perpausa zer motatakoa den, perpaus nagusian zer funtzio sintaktiko betetzen duen adierazten duten hizkiek: -ela, -en, ba-… Beste hauek ere, eta, baina, hala ere, ezen… informazio gramatikala ematen dute, nahiz hitz beregainak izan. Flexio Morfologia esaten zaio informazio gramatikala ematen duten hitz eta hizkiak aztertzen dituen morfologiaren atalari, kategoria funtzionalak aztertzen dituen morfologiaren atalari. Morfema gramatikalak ditu aztergai flexio morfologiak, horietatik gehienak morfema lotuak, hizkiak, dira. Nolanahi ere, badira morfema gramatikal beregainak ere, goraxeago ikusi dugun moduan; hor aipatuez gain, -z gain, -en gainean, -i buruz motako postposizioek ere funtzio gramatikalak adierazten dituzte.

3.1c Baina badira bestelako hizkiak ere. Leku menditsuak atsegin ditut perpausean, baditugu goiko perpauseko (semeak nota onak ekarri ditu) elementuen parekoak: leku, atsegin, a, k, d, it, u, t. Menditsu, ordea, beste bi elementutan zati dezakegu: mendi eta tsu. Berdin gertatzen da beste perpaus honetan ere: Edertasuna pasakorra da; horko edertasun eta pasakor hitzek honako egitura hau dute: eder + tasun eta pasa + kor, hurrenez hurren. Horko -tasun eta -kor ere ez dira beregainak, beste elementu bati loturik ageriko zaizkigu beti; baina ez dute funtzio gramatikalik adierazten, kategoria lexiko bateko oinarri bati loturik, beste kategoria lexiko bat osatzen dute. Gure adibideetan, mendi (izena) + -tsu > menditsu (adjektiboa); eder (adjektiboa) + -tasun > edertasun (izena); pasa (aditzoina) + -kor > pasakor (adjektiboa). Eta esanahi lexikoa dutela esan daiteke, ‘nolakotasuna’, ‘ugaritasuna’, ‘joera, erraztasuna’ adiera gehitzen diotela lotzen zaien izenari, adjektiboari edo aditzoinari. Beraz, menditsu, pasakor, edertasun… hitzen egitura ere azter daiteke, baina egitura horretan ez dago flexio hizkirik; bestelakoa da hitz horien egitura.

3.1d Azkenik, beste mota bateko egitura duten hitzak ere badira euskaraz, adibidez sagar tarta, neska-mutilak, bizarzuri, edo odolustu. Izena da sagar tarta, baina, aldi berean, beste bi izenez osatua dago, sagar eta tarta. Neska-mutilak hitzaren egitura aztertzean, bi izen aurkituko ditugu, neska eta mutil, gehi -a (artikulua) eta -k (plural marka). Bizarzuri adjektiboa ere beste bi elementuz osatua dago, bizar izena eta zuri adjektiboa; orobat odolustu aditza, odol + hustu egitura duena. Kategoria lexikoak dira guztiak, beste kategoria lexiko batzuez osatuak.

Morfologia lexikoa deitzen zaio edertasun, pasakor, menditsu, sagar tarta, bizarzuri, odolustu eta horien antzeko hitzen egitura aztertzen duen morfologiaren atalari. Morfologia lexikoak kategoria lexiko bati hizkiak erantsirik beste kategoria lexiko bat sortzeko erregelak edo bi kategoria lexiko elkartuz beste kategoria lexiko bat sortzeko erregelak aztertzen ditu.

3.1e Informazio lexikoa ematen duten hitzen egitura du aztergai Morfologia lexikoak, hitzen egitura aztertzeko eta hitz berriak sortzeko hizkuntza jakin batek duen erregela-multzoa. Bi azpiataletan banatzen da: eratorpena eta hitz elkarketa. Bi elementu aske, beregainez osatzen dira hitz elkartuak, bi kategoria lexiko elkartuz beste kategoria lexiko bat sortzen da: sagar tarta, seme-alabak, kale-garbitzaile, mihiluze, zuri-gorri… Zer motatako hitz elkartuak dituen euskarak, zein erregela multzo baliatzen dugun horiek sortzeko, horixe du aztergai hitz elkarketak. Hitz eratorrietan, aldiz, elementuetako bat da askea, beregaina; eta oinarri horri hizki bat erantsiaz sortuko dugu hitz berri bat: des-egin, mendi-tsu, zuri-tasun, liburu-tegi, barre-garri, iraun-kor… Hitz eratorriak nola sortzen ditugun, zein erregelaz baliatzen garen aztertuko du eratorpenak. Nolanahi ere, hitz elkarketaren eta eratorpenaren arteko muga ez da beti hain argia; batzuetan zaila da esaten hitz jakin bat eratorria ala hitz elkartua den. Halakoak dira, esaterako, aldi, bide edo gune bigarren osagai dituztenak: lanaldi, ikasbide edo ikergune7.2.2.3f).

3.1f Morfologia lexikoak hitzen egitura aztertzen duela esan dugu; sintaxiak, aldiz, perpausen egitura aztertzen du. Baina hizkuntzalariek azpimarratu dute badirela parekotasunak morfologia lexikoaren eta sintaxiaren artean. Zehazkiago esanda, perpausetan eta perpausetako osagaietan, sintagmetan, buru den elementu bat izaten da, zer motatako sintagma den markatzen duena: -a artikuluak, esaterako, determinatzaile sintagma osatzen du; -k ergatibo morfemak kasu-sintagma markatzen du eta abar (§ 1.4, § 2.5).

Modu berean, hitz eratorri eta elkartuetan ere osagaietako bat buru izango da; hau da, zer motatako kategoria lexikoa sortzen den erabakiko du. Adibidez, mendi izenari -tsu atzizkia erantsirik menditsu adjektiboa sortu da euskaraz; argi dago atzizkia dela adjektibo kategoria eman diona oinarrian dagoen izenari. Halaber, ikus aditzoinari -garri erantsi eta ikusgarri adjektiboa sortu da; atzizkia da hor ere hitz berriaren kategoria lexikoa erabakitzen duena. Berdin gertatzen da beste hauetan ere: zuri (adjektiboa) > zuritasun (izena), urdin (adjektiboa) > urdindu (aditza), eros (aditzoina) > erosketa (izena), edo oilo (izen biziduna) > oilategi (izen bizigabea), pilota (izen bizigabea) > pilotari (izen biziduna). Orobat hitz elkarketan, elkartzen ditugun bi osagaietatik batek erabakitzen baitu hitz elkartuaren kategoria eta azpikategorizazioa: egunkari (izen bizigabea) + saltzaile (izen biziduna) > egunkari-saltzaile (izen biziduna), odol (izena) + hustu (aditza) > odolustu (aditza), hanka (izena) + motz (adjektiboa) > hankamotz (adjektiboa). Horregatik esango dugu euskaraz, oro har, burua eskuinean dutela hitz eratorri eta elkartuek (aurrerago zehaztuko ditugu salbuespenak).

3.1g Kategoria lexiko batzuek argumentu egitura dutela esan dugu, hau da, osagarri deitzen ditugun elementuak behar dituzte inguruan, eta osagarri horiek aseko dute argumentu egitura hori. Aditzek eta postposizioek ere (buruz, gainean, barru, gain, kontra…) izan ohi dute argumentu egitura, eta baita zenbait adjektibo eta izenek ere, argumentudun izenek, hain zuzen ere (§ 2.11b-2.11d, § 7.2.5-7.2.7, § 8.2.3, § 14.7e, § 14.9.3a, § 23.3). Beste hitz batzuetan esanda, osagarriak eskatzen dituzte. Ikuspegi honetatik, argi dago eratorpen bidez izenetik edo adjektibotik aditza sortzen dugunean, argumentudun kategoria lexikoa sortzen dugula.

Baina zer gertatzen da argumentu egitura duen kategoria horietako bat hitz eratorri bateko oinarri denean, edo hitz elkartu bateko osagai denean? Batzuetan argumentu egitura hori deuseztatu egiten dela esan dezakegu, ez duela inolako eraginik, sortzen den hitz berrian: irakurri aditzak, esaterako, nork (egilea) eta zer (gaia) zehaztea eskatzen du, baina irakurgela izena sortzean ezabaturik geratzen dira bi osagarriak. Oro har hala gertatzen da hitz elkartuko lehen osagaia aditza denean: erakustoki, jangela, ikastetxe… Izen kategoriako hitza sortzen denez, hor ez dugu argumentu egiturarik. Beste batzuetan, aldiz, atzizkiak hartzen du bere gain argumentuetako bat: saldu aditzak ere nork (egilea) eta zer (gaia) eskatzen du, eta egilea hartzen du bere gain -tzaile atzizkiak saltzaile izenean; beste argumentua modu batean zein bestean gauza daiteke, liburuen saltzailea, liburu-saltzailea… Agian ez da saltzaile izenaren ondoan agertuko, baina orduan testuinguruak argituko digu zer saltzen duen saltzaile horrek; entziklopedia bat erosi dut eta saltzaileak esan dit ez naizela sekula damutuko perpausean, esaterako, argi dago zer saldu didaten. Batez ere aditz kategoria oinarri duten atzizkiak aztertzean (§ 4.2.4, § 4.4.1, § 4.5.1, § 5.4.6, § 5.5) eta hitz elkartu sintetikoak aztertzean arduratuko gara argumentu egituraz (§ 7.2.7, § 8.2.3).

3.1h Zenbait hitz elkartu eta eratorri aztertzean ohartzen gara aldaketak gertatu direla bi kategoria lexikoen elkargunean (hitz elkartuetan) edo oinarriaren eta atzizkiaren artean (eratorrien kasuan); hots lege deitu die Euskaltzaindiak aldaketa horiei. Hala, artasoro, otalur, artile, itsasgizon, besamotz, iturburu, arnas aparatu, Euskal Herri, atalburu, artadi, iturgin, harakin, euskalgintza, itsaski eta beste hainbatetan, beste itxura bat hartu dute arto, ote, ardi, itsaso, beso, iturri, arnasa, euskara, atari eta haragi izenek. Arto, ote eta beso bi silabakoak dira eta -e/-o bokala dute amaieran, baina azken bokal hori -a bihurtu da artasoro, artadi, otalur, besamotz hitzetan.

Hiru silabako izenak dira itsaso, iturri eta arnasa, bokalez amaitzen direnak; bokal hori galdu egin da iturburu, iturgin, itsasgizon, itsaski eta arnas aparatu izen elkartu zein eratorrietan.

Beste kasu batzuetan zerbait konplexuagoak dira aldaketak, azken bokala erori ondoren kontsonanteek ere zenbait aldaketa izan ditzaketelako. Euskara, edo atari izenek azken bokala galdu ondoren amaierako posizioan geratu den -r > -l bihurtu da; horrela sortu dira Euskal Herri, euskalgintza edo atalburu. Haragi edo ardi izenetan, ostera, azken bokala erortzean geratu den kontsonante herskaria ahoskabe bihurtzen da artile hitz elkartuan; eta -gin atzizkiko herskaria ere ahoskabetu egiten da harakin edo okin hitz eratorrietan (haragi + -gin > harakin, ogi + -gin > okin).

Baina, batetik, aldaketa horiek ez dira beti gertatu hitzak sortzean; hortxe ditugu arto irin, arto bizar, arto makila, besobakar, beso-buru (besabururen ondoan), besomotz, atari aurre (atalaurreren ondoan), iturri-bide, iturri aska, iturri txorrota, haragi gihar, haragi salda, haragi pusketa eta abar. Bestalde, Euskaltzaindiak esana du “Hitz elkartuen osaera eta idazkera” 25. arauan, “Orain eratzekoak diren elkarteetan ez da komeni behinolako hots-aldatze legeak, aspaldixko galdurik daudenak, berpizten jardutea”. Beraz, hiztegietan aurkituko ditugu hots aldaketa horiek izan dituzten hitz elkartu eta eratorriak; baina hots lege horiek ez daude gaur euskaraz bizirik hitz berriak sortzeko orduan.

3.1i Bi motatako hizkiak bereizi ditugu morfema lotuen artean: flexio morfemak eta morfema lexikoak edo eratorpen morfemak (hitz eratorriak osatzen dituztenak). Lehen motakoek informazio gramatikala ematen dutela esan dugu; bigarrenek, aldiz, informazio lexikoa, kategoria lexiko bati erantsirik beste kategoria lexiko bat sortzeko baliatzen ditugula.

3.1j Hizkuntzalariek honako bereizketak azpimarratu dituzte flexio morfemen eta eratorpen morfemen artean:

1) Flexio morfemek ez dute hitzaren kategoria aldatzen; morfema lexikoek, aldiz, bai. Mendi izena da eta izen izaten jarraitzen du mendia, mendiak, mendiari… sintagmak osatzean. Adjektibo bihurtzen da, ordea, -tsu morfema erantsi eta menditsu osatzean. Egia da behin baino gehiagotan morfema lexikoak ez duela kategoria lexikoa aldatzen, baina bai, behintzat, azpikategorizazioa: pilota izena da, eta baita pilotari ere; -ari atzizkiak ez du kategoria aldatu. Baina pilota izen bizigabea da eta pilotari izen biziduna. Liburu izen bizigabea da, eta halakoa da liburutegi ere; baina ez dituzte osagai berak onartzen inguruan batak eta besteak: Hamar liburu irakurri ditut / *Hamar liburutegi irakurri ditut; Hirurehun orrialdeko liburua / *Hirurehun orrialdeko liburutegia; Donostiako udal liburutegi nagusia / *Donostiako udal liburu nagusia eta abar. Hala ere, hizkuntzalariek azpimarratu dute aurrizkiek ez dutela oinarriaren kategoria aldatzen: egin/desegin, egin/berregin; egia da, baina aurrizkiek ere informazio lexikoa ematen duten heinean, oinarriaren esanahia aldatzen dute.

2) Eratorpen morfemak flexio morfemen aurretik doaz, ezin dira eratorpen morfemen artean tartekatu: zuritasunaz, baina *zuriztasuna edo *zuriaztasun. Egitura zuzena hauxe da: zuri - tasun (eratorpen morfema) - a - z (flexio morfemak azken biak).

3) Flexio morfemak nahitaezkoak dira kategoria lexikoak —izena, adjektiboa edo aditza— perpausean erabiltzeko (§ 2.4d, § 2.14a), baina eratorpen morfemak ez. Liburu izenak ezinbestekoa du artikulua eta kasu marka edo postposizio marka: Liburua irakurri dut, Liburuak harritu nau edo Liburuetan gauza interesgarri asko aurki daitezke. Ez du, esaterako, -tegi eratorpen atzizkiaren beharrik.

4) Eratorpena (eta baita hitz elkarketa ere) errekurtsiboa da; hau da, eratorpen morfema baten bidez kategoria lexiko bat sortu, eta kategoria honi beste eratorpen morfema bat erants diezaiokegu beste kategoria bat sortzeko: ikus(i) > ikusgarri > ikusgarritasun. Flexioa, aldiz, ez.

5) Eratorpen morfemek klase zabala osatzen dute, elementu berriak sar daitezke. Klase itxiak osatzen dituztenak, eta horrenbestez morfema berririk sarean onartzen ez dutenak, flexio hizkiak dira. Euskaraz, aurrizki bihurtzen ari zaizkigun aurre-, gain- eta horien antzekoak aipa ditzakegu eratorpenaren eta hitz elkarketaren artean gertatzen diren aldaketen lekuko (ikus § 7.2.2.4a). Eta flexioaren iraunkortasunaren lekuko dugu, berriz, aditzaren morfologian zu bigarren pertsona singularrari dagokion adizki forma oraindik ere pluralgileekin agertzea, halako balioa zuen garaien erakusgarri: ikusi zaitut.

6) Flexioa erregularra da, eratorpena ez; informazio gramatikal bera ematen dute beti flexio morfemek (plurala -k morfemak, pluralgilea -it- morfemak adizki laguntzailean, datiboa -i kasu markak…). Eratorpenean, berriz, maiz samar aurki ditzakegu esanahi aldaketak atzizki jakin baten bidez eratorritako hitzean; -era atzizkiak, aditzari erantsirik, ‘gertaera’, aditzari dagokion ekintza gertatzea adierazten du oro har (igoera, jaitsiera, hasiera, amaiera…), baina sarrera ez da ‘sartzea’ bakarrik, sartzeko lekua ere bada, eta baita sartzeko txartela ere (sarrerak erosi ditut).

7) Flexio morfemak eranstean ez da inoiz aplikatzen eratorpenean edo hitz elkarketan ikusi dugun moduko hots legerik (ikus § 3.1h): ardi ez da inoiz art- bihurtuko artikulua edo kasu marka hartzean. Eta, alderantziz, eratorpen morfema bat eranstean, edo hitz elkartu bat osatzean, ez dugu aurkituko flexio morfemak eranstean aurki dezakegun lotura hizkirik: hezur izenak -e- lotura bokala behar du -k kasu marka eransteko, zenbait hezurrek; ez du, ordea, inolako lotura bokalik behar kontsonantez hasten den eratorpen morfema bat hartzeko, hezurtsu.

Flexio hizkiak eranstean gertatzen dira bestelako aldaketak ere. Pluraleko artikuluari kasu markak edo postposizio atzizkiak eranstean gertatzen direnak, esaterako: semeak + -k > semeek, semeak + -i > semeei, gizonak + -i > gizonei; mendia + -ra > mendira, lurra + -n > lurrean… Halaber, aditzari menderagailuak eranstean: nekarren + -la > nekarrela, zuen + -la > zuela. Badira, azkenik, aldaketa nabarmenagoak ere, bereziki erakusleen flexioan: hura/hari/han, hau/honi/hemen eta abar. Morfologia diakronikoak ematen du aldaketa horien berri.

3.1k Dena dela, Hualdek (1991), Baztan, Arbizu eta Ondarroako azpieuskalkiak aztertzean, bokal asimilazioa eta bustikuntza dela-eta, flexio hizkiek bezalako jokabidea duten eratorpen atzizkiak eta jokabide desberdinekoak bereizi ditu. Mitxelenarengan (1977b) ere aurki daitezke hainbat aipamen eratorrien bokal asimilazioaz.

3.2. Eratorpena: atzizkiak, aurrizkiak eta artizkiak

3.2a Kategoria lexiko jakin bateko oinarriari hizki bat, beregaina ez den morfema bat erantsirik beste kategoria lexiko bat sortzeari deitzen diogu eratorpena. Hizkiak posizioaren arabera bereizten ditugu: aurrizkiak, oinarriaren aurrean, ezkerrean txertatzen direnak; atzizkiak, oinarriari eskuinean gehitzen dizkiogunak. Artizkiak edo infijoak ere aipatu dituzte euskal gramatikariek, bereziki -ra- aditz arazle zaharretan ikus dezakeguna: eragin, eraman, erakarri, irakatsi eta abar. Baina aspaldi utzi zion emankor izateari; artizki hori daramaten aditzei ere ez diegu gaur balio arazlerik ikusten, oro har: irakatsi ez da ikasarazi, eraman ez da emanarazi… (§ 23.2.1.2). Horregatik bi azpiatal nagusi egingo ditugu eratorpena aztertzean, aurrizkiei dagokiena eta atzizkiei dagokiena. Azken hauek aztertuko ditugu lehenik, ugarienak baitira eta baita emankorrenak ere.

3.2b Orain arte esandakotik erraz atera daiteke ondorioa zein informazio mota eman behar den atzizkiak aztertzean. Lehenik, atzizkiaren beraren oinarrizko forma zein den erabaki beharko dugu; izan ere, behin baino gehiagotan gertatuko zaigu atzizki batek forma bat baino gehiago erakustea, adibidez, bertsolari, aurrelari, pilotari, kazetari edo ardandegi, liburutegi.

Alomorfo deitzen zaie aldaera horiei, eta, esan bezala, atzizkiaren oinarrizko forma zein den eta gainerako aldaerak zein ingurunetan ageri diren zehazten saiatu beharko dugu. Ondoren, atzizki bakoitzak zein motatako kategoria lexikoa sortzen duen zehaztu beharko da. Irizpide hau kontuan hartuz, izenak, adjektiboak eta aditzak sortzen dituzten atzizkiak bereiziko ditugu, batik bat. Atzizki adberbio sortzaileak ere aipatu ditugu, baina gutxi dira eta badituzte ezaugarri bereziak. Hirugarrenik, esanahi lexikoa duten heinean, zein motatako izenak, adjektiboak edo aditzak sortzen dituzten. Laugarren, zein kategoria lexikori eransten zaizkion; hau da, oinarriaren kategoria lexikoa zein den. Eta, azkenik, beste eratorpen morfema baten ondoren edo aurretik ager daitezkeen ala ez. Informazio hori guztia izango dugu kontuan forma bereko bi atzizkiren aurrean gauden ala ez erabakitzeko: -arik, esaterako, itxuraz forma bakarra izan arren, batzuetan izen bizidunak, lanbidea adierazten dutenak sortzen ditu (pilotari, dendari), eta beste batzuetan izen bizigabeak (janari, edari). Beraz, -ari1 eta -ari2 ditugula ondorioztatu beharko dugu.

3.2c Gramatika gehienetan egiten den modura, sortu den hitzaren kategoria lexikoa hartuko dugu irizpide nagusitzat atzizkien sailkapena egitean. Eta kategoria bakoitzaren barruan, azpisailak egingo ditugu, gure artean Azkuek (1923-1925) egin bezala, zein motatako izena, adjektiboa… sortzen den bereiziaz. Atzizkirik emankorrenak, hitz berriak sortzeko oraindik ere baliatzen ditugunak baino ez ditugu aztertuko; gainerakoez, euskal lexikoaren ondarean antzeman ditzakegunez, baina hitz berririk sortzeko balio ez digutenez, aipamen orokor bat baino ez dugu egingo.

3.3. Hitz elkarketa: izenak, adjektiboak, aditzak eta adberbioak

3.3a Definizioa. Hitz-elkarketa/4 lanean honela definitzen da hitz elkarketa: “Bi hitz elkartuz adierazle berri bat sortzeko bidea dela esan ohi da hitz-elkarketa”. Beste modu batera, esan dezakegu kategoria lexiko jakin bateko osagaiak edo lexemak elkartzen ditugula kategoria lexiko jakin bat izango duen beste lexema bat sortzeko. Kapitulu honen hasieran emandako adibideak berriro hartuz, sagar izena da eta kategoria berekoa da tarta ere. Bi horiek elkartuz, beste izen bat sortu dugu: sagar tarta. Izenak dira neska eta mutil ere, eta bi horiek elkartuz beste izen bat sortuko dugu, neska-mutilak (pluralean erabili beharrekoa, edo, behintzat ez singularrean (§ 7.1.2). Aditzoina da eser eta izena leku, eta bi horiek elkartzetik sortzen da eserleku izena. Izena da odol eta aditza, berriz, hustu; hortik sortu dugu odolustu aditza. Adjektiboak dira zuri eta gorri, eta adjektibo kategoriakoa da biak elkartuz sortu dugun zuri-gorri ere. Izen kategoriako osagaia, bizar esaterako, eta adjektibo kategoriakoa, zuri adibidez, elkar ditzakegu bizarzuri moduko adjektiboak sortzeko. Edo izena, ate, eta adberbioa, joka, uztartuz, ate-joka adberbio elkartua sortuko da eta abar. Esan bezala, kategoria lexikoak dira guztiak, beste kategoria lexiko bat sortzeko elkartu ditugunak.

Hitz elkartuek, bestalde, balio generikoa izaten dute, ez dute erreferentzia konkretu, jakinik izaten. Txori kaiola izen elkartuak kaiola mota bat adierazten du, ez kaiola jakin bat. Berdin gertatzen da beste edozein izen, adjektibo, aditz edo adberbio elkarturekin ere. Horrexegatik dira osaeraz zalantzazkoak azken urteetan ugaritu zaizkigun artzain eguna, euskara eguna, odolki eguna eta horien kidekoak. Urteko egun jakin batez ari garen heinean, egokiago litzateke artzainen eguna, euskararen eguna eta abar esatea.

3.3b Burua eta modifikatzaile/osagarri egitura. Kapitulu honen hasieran esan dugu sintaxi egituretan bezala, morfologia egituretan ere, hau da, hitz elkartu eta eratorrietan, badela osagai bat buru dena. Hitz elkartuei dagokienez, elkartzen ditugun bi osagaietatik batek erabakitzen du hitz elkartuaren kategoria eta azpikategorizazioa (§ 3.1f): egunkari (izen bizigabea) + saltzaile (izen biziduna) > egunkari-saltzaile (izen biziduna), odol (izena) + hustu (aditza) > odolustu (aditza), hanka (izena) + motz (adjektiboa) > hankamotz (adjektiboa). Horregatik esaten dugu euskaraz, oro har, burua eskuinean dutela hitz elkartuek, nahiz aurrerago ikusiko ditugun bestelako egiturak ere (esaterako, dvandva motako elkartuak edo atributu eta koordinazio egiturakoak, § 7.1, § 8.1). Esanahi orokorra ere bigarren osagaiak ematen du: behi esne esatean esneaz ari gara, esne-mota jakin batez. Berdin gertatzen da burdin barra izen elkartuan ere; barra batez ari gara, baina ez edozein motatako barraz, baizik burdinaz egindakoaz. Horregatik deitzen diogu euskaraz “mugakizun” buru den bigarren osagai horri, esanahia mugatzen diolako ezkerreko osagaiak. Eta ezkerreko osagaiari, berriz, “mugatzaile”, bigarrenaren esanahia mugatzen duelako.

Esan bezala, badira bestelako egiturak ere, bi osagaiak buru diren egiturak, alegia (senar-emazteak, makina-erreminta…), dagokion lekuan aztertuko ditugunak. Hitz elkartu endozentriko deitu izan zaie horiei guztiei, burua, osagai nagusia, egitura elkartuaren barruan dutelako. Badira bestelakoak ere, burua ‘kanpoan’ dutenak eta horregatik exozentriko deitzen zaienak. Horrelakoetan, elkartuaren ezaugarri gramatikal eta semantikoak ez datoz bat osagaien ezaugarriekin. Hitz elkartu exozentrikotzat hartuko ditugu irakurketa metaforikoa duten artaburu, astaputz, baba-lore, txoriburu eta abar; jatorriz mendekotasunezko izen elkartu izanik, bigarren adiera bat hartu dutenak, ‘argi gutxiko pertsona’, ‘ergela, sineskorra’, ‘buru gutxiko pertsona’… Zazpigarren kapituluan jardungo dugu hitz elkartu exozentrikoez (§ 7.2.10).

Mendekotasunezko elkartu endozentrikoetan, mugatzailearen eta mugakizunaren arteko erlazioa bi modutakoa izan daiteke: modifikatzaile-buru harremana, edo osagarri-buru harremana. Lehen motako harremana izango dugu mendekotasunezko izen elkartu gehienetan. Mugakizuna, eskuineko osagaia, bera bakarrik ager daiteke, eta hala agertzen da sarri askotan; alegia, ez dago inolako arazorik sagar tarta izen elkartuko tarta izena bakarrik erabiltzeko, ez du behar ezkerrean bestelako elementurik. Berdin gertatzen da burdin barra, metal ur, patata lur, telefono kabina, trumoi laino edo olio argi izen elkartuetako mugakizunekin ere (barra, ur, lur, kabina, laino, argi izenekin). Ezkerreko osagaiak modifikatzaile zeregina duen heinean, mugatu egiten du eskuinekoaren esanahia, baina mugakizunak ez du ezkerreko modifikatzaile horren beharrik.

Baina badira izenak osagarria hautatzen dutenak. Horrelakoak dira erlaziozko izenak —adibidez, senidetasun izenak, irudi izenak (argazki, erretratu, irudi…), beste izen batzuk (etsai, arerio, jabe, lagun, nagusi…), izen abstraktuak (arazo, ardura, asmo, aukera, antz, baldintza, behar, berri, defentsa, eite, erruki, eztabaida, hipotesi, ideia, itxura, kontu, kritika, kezka, lege, maitasun/gorroto, nahi, premia, susmo, teoria, uste)— eta aditzetik eratorritako izenak (Artiagoitia 2011). Erlaziozko izenetan, aita edo izeba esatean beharrezkoa zaigu noren aita edo izeba den zehaztea; informazio hori askotan izenlagunak emango digu, edo aditz komunztadurak (izebak eman dit esaten badut, argi dago nire izebaz ari naizela)… Berdin gertatzen da jabe, etsai edo arerio izenekin nahiz erretratu, argazki eta antzekoekin. Erlaziozko izenak mugakizun direnean, osagarri funtzioa betetzen du askotan mugatzaileak: etxe jabe, emakume irudi; baina modifikatzaile ere izan daiteke gatz irudi ‘gatzezko irudi’ (eta ez ‘zeren irudi’). Aditzetik eratorritako izena edo adjektiboa mugakizun denean, aditz horren argumentu egitura izan behar dugu kontuan, argumentu egitura horrekin zer gertatzen den ere aztertu beharko dugu. Argumentuetako bat hitz elkartuko lehen osagaiak bete dezake, liburu-saltzaile eta ohe-bigungarri izenetan, esaterako, gertatzen den bezala (§ 7.2.7, § 8.2.3). Oro har, aditzetik eratorririko izen, adjektibo eta adberbioak dira argumentu egitura dutenak. Kategoria horietako elkartuak aztertzean, edo aditz elkartuez jardutean kontuan hartuko dugu, beraz, argumentu egitura.

3.3c Sailkapena. Euskaltzaindiak sailkapen zehatza eskaini zuen hamazazpi multzotan banatuaz hitz elkartuak, eta xeheki aztertu zuen multzo edo hitz elkartu mota horietako bakoitza lau liburukitan (ikus bere webgunean Hitz-elkarketa/1, Hitz-elkarketa/2, Hitz-elkarketa/3 eta Hitz-elkarketa/4). Horien guztien berri emango dugu ondoren, baina irizpide nagusi batzuen barruan txertatuko ditugu azpimultzo horiek. Izan ere, hitz eratorriak sailkatzean egin bezala, hitz elkarketan ere ohikoa izaten da hitz elkartuaren kategoria hartzea irizpide nagusitzat. Beraz, izen elkartu, adjektibo elkartu, aditz elkartu eta adberbio elkartuen artekoa da lehen bereizketa. Horietako bakoitzean, osagaien kategoriaren araberako azpisailak egiten dira. Izen elkartuetan, esaterako, izen+izen motakoak, aditzoin+izen motakoak eta abar. Adjektibo elkartuetan, adjektibo+adjektibo egiturakoak, izen+adjektibo egiturakoak…

Irizpide gehiago ere hartu dira kontuan, ordea, hitz elkartuak sailkatzean. Esaterako, bi osagaiak maila berean dauden, ala osagaietako bat bestearen mendeko den; irizpide horren arabera, bereiziko ditugu izeba-osabak, afari-merienda batetik, eta txori kaiola, sagar tarta bestetik. Lehenek, ‘izeba eta osaba’, ‘afaria eta merienda’ (aldi berean den otordua) adierazten dute; bigarrenek, ‘txorientzako kaiola’, ‘sagarrez eginiko tarta’… Irizpide hori baliatu da Dvandva elkartuak, Atributu eta koordinazio elkartuak eta Mendekotasunezko elkartuak bereizteko. Azken hauetan, mendekotasunezko elkartuetan, eta zehazkiago izen+izen egiturakoetan, bi osagaien arteko harreman semantikoari ere erreparatu izan zaio. Hau da, gorago esan dugunaren arabera (§ 3.3b), ezkerreko osagaiak eskuinekoaren esanahia mugatzen badu, mugatze motak bereizi dira; burdin barra izenean, barra ‘zertaz’ egina dagoen zehazten du mugatzaileak (ezkerreko osagaiak); txori kaiola izenean, aldiz, kaiola ‘zertarako’ den ematen du aditzera lehen osagaiak. Dagokion kapituluan jardungo dugu erlazio semantiko hauetaz (§ 7.2.2.2).

Eta, bestalde, osagaien kategoriaz gain, morfologia egiturari ere erreparatu izan zaio, aditzetik eratorririko izen eta adjektiboak bigarren osagai (mugakizun) dituzten elkartuen azpimultzoa egiteko: hitz elkartu sintetiko deitu zaie bertso-jartzaile edo begi-mingarri egiturakoei (ikus § 7.2.7, § 8.2.3).

3.3d Berrelkarketa. Behin eta berriro errepika daitekeen baliabidea da hitz elkarketa. Gramatikaren ikuspegitik ez dago horretarako mugarik, ez euskaraz eta ez beste hizkuntzetan ere; alegia, bi osagaik eratutako elkartua, aldi berean, beste elkartu bateko osagai bihur daiteke; eta hau, aldi berean, hirugarren elkartu bateko osagai eta abar. Euskaltzaindiak adierazi bezala, lan-bilera mahaia, bide-laguntza elkartea, dantza-talde mota, harri-jasotze txapelketa, landare-izen zerrenda, lansari-igoera, mendi-portu izenak, pinu-adar muturrak, udal musika-eskola, gurdi-ardatz aldaketa, administrazio-hiztegi batzordea, ganadu lehiaketa-erakusketa, esne-hauts saltzailea, euskal aldizkari-zuzendari-bilera edo soinu-uhin-hedapen- abiadura moduko izen elkartuak ez dira ezinezko euskaraz. Berrelkarketa deitu zaio euskaraz prozedura horri. Hitz elkartuen azterketari eskainitako liburukietan sailez sail aipatzen dira berrelkarketak; bi motatako egiturak ikusiko ditugu, edo osagaietako bat (edo biak) egitura koordinatuak dituztenak, hala nola ardi eta abere talde, hitz ugaritasun eta edertasun, mendetasun eta zintzotasun hitz eta agindu. Horrela ulertzen ditugu izen elkartu horiek: ‘ardi talde + abere talde’, ‘hitz ugaritasun eta hitz edertasun’, ‘mendetasun hitz + mendetasun agindu + zintzotasun hitz + zintzotasun agindu’. Ugariak dira euskaraz mugatzaile koordinatua dutenak; gutxiago dira mugakizun koordinatudunak, eta guztiz bakanak bi osagaiak koordinatuak dituztenak. Ugariak dira [[iz + iz] + iz] egiturakoak ere: aizkora-joko egun, azahar-ur tanto, bertsopaper txapelketa, eliza kantari talde, esne-zopa katilu, herri-hitz hiztegi, kamioi-motor hotsak eta abar.

Euskaltzaindiak “Hitz elkartuen osaera eta idazkera” arauan esanaren arabera, beharrik ez dagoenean ez genuke hirutik gorako hitz elkartuetara jo behar: hobe euskal aldizkarietako zuzendarien bilera, soinu-uhinen hedapen-bidea edo Mendibilgo Udalaren kirol-patronatua, ezen ez euskal aldizkari-zuzendari-bilera, soinu-uhin-hedapen-bidea eta Mendibilgo udal-kirol-patronatua. Baina, eransten zuen Euskaltzaindiak, “aitortu behar da hor ez dagoela gramatika-debekurik; pragmatika nagusitzen da, zer den ulergarriago, zenbat osagaiko elkartea prozesa dezakeen gure burmuinak”. Kasuistika zehatzagoa aurkituko du irakurleak Hitz-elkarketa/4 liburukian, noiz den errazago berrelkarketa.

3.3e Hots legeak eta idazkera. Kapitulu honen hasieran aipatu ditugu hots legeak, hitz eratorriak eta hitz elkartuak sortzean bi osagaien artean gertatzen diren aldaketak, alegia (§ 3.1h). Han esandakoaz gain, beharrezkoa da zenbait xehetasun ematea hitz elkartuei dagokienez. Lehenik, gogoan izan behar da hots lege horiek ez direla betetzen hitz elkartu mota guztietan: mendekotasunezko elkartuetan bakarrik aurki ditzakegu hasieran aipatu moduko aldaketak. Esan nahi da gari-artoak izen elkartuan, esaterako, ez dugula inoiz gal aldaera aurkituko, hor bi osagaiak maila berean ditugulako; bai, ordea, galsoro, hor gari izenak soro mugatzen duelako, zein soro motaz ari garen zehazten duelako. Baina mendekotasunezko elkartuetan ere, lehen osagaia (mugatzailea) eratorria bada, nekez gertatuko da aldaketarik (*bertsolal elkarte, *txistular talde).

Hots aldaketa guztiek ere ez dute hedadura bera izan (-i askoz maizago erori izan da -u baino, esaterako). Hedadura handiagoa izan duten aldaketak ere zenbait hitzetan gertatu dira, eta horietan ere ez beti: begi, ardi, argi, idi, arto, beso, etxe edo iturri mugatzaile direnean, aurki ditzakegu bet-, art-, art-, it-, arta-, besa-, etxa-, itur- forman: betile, artile, artizar, iteuli, artaburu, besamotz, etxalde, iturburu… Baina beste askotan inolako aldaketarik gabe aurkituko ditugu, Hitz-Elkarketa/2 liburukiko adibideek erakusten dutenez: begi-keinu, begi-kolpe, begi-azal, ardi-larru, ardi-esne, ardi-gazta, ardi-txabola, ardi-txakur, argi-txinta, argi-izpi, arto-erregutada, arto-jale, arto-alor, beso-lan, beso-gihar, etxe-erretze, etxe-abere, iturri-belar, iturri-ertz, iturri-lats, iturri-leku, iturri-txori… Ildo beretik, haragi izenak, eratorriak sortzean eman ditu harakin eta harategi; hitz elkarketan, ordea, gure adibidetegiak haragi-xerra, haragi-trontzo edo haragi-puxka bildu ditu. Hori guztia kontuan izanik eman zuen Euskaltzaindiak gomendioa “orain eratzekoak diren elkarteetan ez da komeni behinolako hots-aldatze legeak, aspaldixko galdurik daudenak, berpizten jardutea” (25. araua).

Hitz amaierako -a bokala —a itsatsia— erortzeari dagokionez, bost izenetan onartu du Euskaltzaindiak azken bokal hori galtzea izen elkartua osatzerakoan: burdin(a), eliz(a), hizkuntz(a), kultur(a), literatur(a), natur(a). Eta -ia amaierako izenetan, hasieran libre utzi bazuen ere azken bokala galtzea, Euskaltzaindiaren Hiztegian historialari, zientzialari, zientzia-ikasketak eta abar hobetsi dira. Hau da, -ia amaiera bere horretan gordetzea.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper