Euskararen Gramatika

2. Perpausak: sintagmak zer diren

2. Perpausak: sintagmak zer diren

2.1. Gramatika, perpausak sortzeko gailua

2.1a Hizkuntza perpaus multzo bat dela pentsa daiteke, mugarik ez duen multzo bat. Gramatika, berriz, perpaus horiek “sortzeko” tresna bat da, multzo azkengabe honetako perpausen berri ematea du helburu. Hizkuntza baten gramatikak hizkuntza horretako perpausen, perpaus guztien, berri eman behar du. Perpausen “berri ematea” eta perpausak “sortzea” gauza bera lirateke. Azken batean, gramatika hizkuntzaren modeloa dela esan dezakegu. Horrela, euskal gramatikak esango digu, adibidez, noiz erositako arraina duzu hau? euskara dela, euskal gramatikak sortutako perpausa baita, honako hau ez bezala: *noiz arraina erositakoa duzu hau? Gaztelaniazko gramatikak, adibidez, perpaus honen tankera berekorik ez du onartzen. Ezin esan daiteke gaztelaniaz *pescado cuándo comprado es éste? edo *el pescado que quién compró es éste? Euskaraz, berriz, honako hau ere zuzena da: nork erosi zuen arraina da hau? Euskal perpaus erlatiboen barnean erraz sartzen dira galde hitzak. Gaztelaniaz ezina da. Gaztelaniak beste itzuli batera jo beharra du. Gure kasuan: quién compró este pescado? Euskaraz, modu honetan ere eman daiteke: nork erosi zuen arrain hau? Bide beretik, euskaraz noizko arraina da hau? nahiz noizkoa da arrain hau? galde daiteke. Gaztelaniaz aukera bakarra da: de cuándo es este pescado? Eta ez *pescado de cuándo es éste? Horregatik, hizkuntza bakoitzak bere gramatika duela esan daiteke, dagokion hizkuntzako perpausak sortzen dituena.

2.1b Horrenbestez, gramatikak sor dezakeen eraikin nagusia perpausa da eta perpaus honen berri eman behar du. Perpausa zerbait bada, gramatika kontzeptu bat da, gramatikari dagokion eraikuntza teoriko bat, abstraktua. Gramatikatik kanpo ez dago perpausik. Gramatikariek asmatu zuten, aspaldi, kontzeptu hau, errealitatean diren zenbait gertakari esplikatzeko asmoz sortu ere. Hizkuntza errealitatea da, gizakiok errealitatean dugun gaitasun bat. Gramatikak aipatu dugun hizkuntza gaitasun horren berri eman nahi du. Berriemate horren ondorioz sortu da perpaus kontzeptua, beste kontzeptu asko ere asmatu diren bezalaxe, adibidez, aditza, izena, artikulua, modua, adberbioa, adjektiboa, subjuntiboa, infinitiboa, aditz izena, etab. Perpausa gramatikaren oinarri-oinarrizko kontzeptua da, dena dela. Perpausa adizki batez (erosiko nuke, etorriko naiz, goazen, etortzeko, esanik…) eta honen inguruan doazen zenbait osagaiz osatua dagoela kontsidera dezakegu: DSak, AdbSak, mendeko perpausak, izen predikatuak…

Hizkuntza, azken batean, gizakiak duen jakite bat dela esan ohi da. Eta hiztunak hizkuntza dakienean, hitz egiten dakienean, alegia, zer dakien galdetuz gero, erantzun beharko genuke azken finean esaldiak osatzen dakiela. Esaldi gehienen azpian perpausak ditugu. Adibidez, adio! edo di-da esaldiak izan daitezke, baina ez perpausak. Horrenbestez, hiztuna bere hizkuntzako perpausak direnak ez direnetatik bereizteko gai dela esan behar. Perpaus zuzenak eta zuzenak ez direnak bereizteko gai dela eta abar.

2.1c Perpausa da gramatikaren banako nagusia. Esan nahi da, gramatikarentzat ez da perpausa baino goragoko banakorik, perpausa baino nagusiago izango litzatekeen bestelako unitaterik. Alegia, nolabait esateko, hotsek hitzak osatzen dituzte (kale < k+a+l+e, eder < e+d+e+r eta abar); hitzek, berriz, sintagmak (kale eder hauek < kale + eder + hau-e-k; herri maite honetan < herri + maite + hon-e-ta-n…); eta sintagmek beste sintagma nagusiago batzuk (gure herri maite honetako kale ederrak < gure + herri + maite + honetako + kale ederrak). Eta azkenik, perpausa deitzen duguna: Gure herri maite honetako kale ederrak zaborraz bete dituzte. Jakina, perpausa bera ere, sintagma bat izango da, sintagma nagusia, hain zuzen.

Gramatika, hortaz, perpausak osatzeko gailu bat da. Sukaldaritzak hainbat jaki prestatzeko errezetak ematen dizkigun bezala, gramatikak ere hainbat perpaus osatzeko bidea ematen digu. Hainbat perpaus ez ezik, perpaus kopuru azkengabea. Kopuru azkengabea, betiere beste perpaus bat gehiago eransteko gai izango baikinateke, perpaus ustez luzeena baino beste bat luzeagoa erraz asma baitaiteke beti: hori badakigu > hori badakigula uste du > hori badakigula uste duen orok gauza bera esango dizu > hori badakigula uste duen orok gauza bera esango dizulako ustea okerra da > hori badakigula uste duen orok gauza bera esango dizulako ustea okerra den bitartean… Hortaz, perpausak sortzeko ahalak ez du mugarik, teorian behintzat. Eta gainera, elementu kopuru mugatu bat erabiliz mugarik ez duen perpaus kopurua osatzeko bidea ematen digu. Gramatikak hizkuntza gaitasun honen berri emateko gauza izan behar du.

Asmatu dugun azken perpaus hori berori ez da oso erraz prozesatzeko modukoa eta, horrenbestez, hizketa arruntean ere nekez osatuko ditugu holakoak. Baina gramatikak nahi adina perpaus osatzeko bidea eskaintzen die hiztun-entzuleei.

2.2. Perpausaren osagaiak

2.2a Gramatikak esaten badigu zer den perpaus eta zer ez, gramatikak esango digu, halaber, zein diren perpausa osatzen duten atalak. Atal horiek bata bestearen segidan lerrokatuak egon behar dute nahitaez, eta, gainera, egituratuak. Gramatikan jasoak egon daitezke egitura horiek taxutzeko jarraitu beharreko arauak.

Hitz egiten dugunean hotsak kateatzen ditugu. Hots horiek esanahi jakin bat izan ohi dute. Asmo horrekin kateatzen ditugu, hain zuzen. Gramatikaren eginkizuna hotsen eta esanahien arteko erlazio horren berri ematea da. Baina nola gertatzen da bien arteko lotura? Hotsak ez dira nolanahi elkartzen. Hitzak ere ez dira edozein eratan osatzen. Adibidez, maltzurkeria, elebitasun, gorrotatzen euskal hitzak dira, ondo eratuak daude edozein euskaldunen iritziz, beste honako hauek ez bezala: *keriamaltzur, *bieletasun edo *tzegorrotan. Hitzak ez dira hotsak nolanahika elkartuz osatzen, edo hitz atalak edozein modutan antolatuz. Hitzok ere ez dira nolanahi elkartzen. Edozein euskaldunek badaki hitz segida batzuk zilegi direla (emakume guztiak, etxeko lan batzuk, elebitasun ofiziala…), eta beste batzuk ez (*guztiak emakume, *batzuk lan etxeko, *ofizial elebitasuna…).

2.2b Bestalde, hitz segida bera modu batera edo bestera interpreta daiteke, nolako egitura esleitzen diegun. Adibidez, gure etxeko lanak bi modutara interpreta daiteke: [[gure etxeko] lanak] edo [[gure [etxeko lanak]. Seinale, itxuraz berdinak diren hitz segida horiek era desberdinean egituratuak daudela. Berdin, adibide konplikatuxeagoa ematearren, nork esan dizu egingo duela? bi eratara ulertzen ahal da: [nork esan dizu [egingo duela]] nahiz [[nork egingo duela] esan dizu]. Hemen, hitz hurrenkeraz harago, bada egiturari dagokion konturen bat. Hortaz, egitura kontzeptua funtsezkoa gertatzen da gramatikan ere. Hain zuzen, hizketan sortzen diren hots horiek (eta hauen irudikapen idatzian beste horrenbeste) erakusten duten hurrenkeraz gainera, egitura abstraktu bat osatzen dutela pentsatu behar da. Alegia, ez daudela nolanahi bata besteari itsatsiak. Beraz, esanahi bat baino gehiago izan dezake, axalean itxura bakarrean agertzen bada ere. Horrek esan nahi du hotsen eta esanahien arteko lotura hori aski konplexua dela. Hau ere hiztunaren jakite baten parte da, hizkuntza jakitearen parte eta, hortaz, gramatikaren parte ere bai. Horren berri ere eman behar du gramatikak, horrenbestez.

2.3. Hitz klaseak

2.3a Gramatikaz hitz egiten hasteko, hitzak datozkigu berehala gogora. Hitz guztiak, ordea, ez dira klase berekoak. Adibidez, emakume, etxe, hiri… moduko hitzak klase batekoak direla esan ohi dugu, izen klasekoak, hain zuzen, eta polit, amorragarri, gorri, handi… beste batekoak, adjektiboak. Badira, halaber, batzuetan klase bateko eta beste batzuetan beste bateko jokatzen dutenak: busti, eraso, eragin… zenbaitetan aditz dira, baina izen edo adjektibo gisa ere lan egin dezakete.

Hortaz, hitzak dituzten ezaugarrien arabera (beste hitzekin konbinatzeko aukeren arabera, edo erakuts dezaketen morfologiaren arabera), klaseka bana daitezke, kategoriaka (§ 11.1). Gramatika tradizioan hala banatu izan dira. Horrela, bereizi ohi dira: izenak (etxe, asto, nagusitasun, lotsagabekeria…), aditzak (etorri, joan, gorrotatu, irakurri…), adjektiboak (aldapatsu, gorri, handi, nazkagarri, polit…), adberbioak (atzo, beti, gero, nekez, ongi…), determinatzaileak (bera, edozein, hauek…), kuantifikatzaileak (bost, bakoitz, oro…), juntagailuak (ala, baina, edo, eta, nahiz…), postposizioak (-gatik, -kin, -n, -tik, -ra…).

Hortaz, hitzak kategoria desberdinetan koka ditzakegu.

2.3b Hitzak sailkatzeak tradizio luzea du, eta arazo bat baino gehiago sortzen zaizkio gramatikariari nahiz hiztegigileari sailkatze honetan. Adibidez, aurreko zerrendatxo horretan sartu ditugu postposizioak ere, baina halakotzat eman ditugun -n, -tik, -ra, etab. hitzak direla onartzea ez da hain erraza. Beste hizkuntza batzuetan preposizioek bere lekua dute hiztegian (gazt.: a, de, desde, para, por…; lat.: ad, in, inter, pro…; ing.: for, in, into, to…). Hauen kideko lirateke euskaraz: -(r)en, -(r)i, -n, alde, artean… Hauek denak ez dira euskal hiztegietan aurkitzen, alde eta artean izan ezik. Helburu gisa, nolanahi ere, inork ez dio uko egiten sailkatze lan honi. Hiztegietan hitzak biltzen dira eta postposiziotzat eman ditugun elementu horiek ez dira jasotzen, morfema itsatsiak baitira. Aldiz, gaztelaniazko edo gure inguruko beste hizkuntzetako hiztegietan gure postposizio horien pareko bide diren preposizioak argiro jasoak ageri dira, eta zein kategoriatakoak diren ere esaten da. Euskal hiztegietan osagai morfologikoen berri ematen ezin hasiko gara. Gramatikan, ordea, ezinbestekoa da. Gramatikan hitz klaseez baino areago morfema klaseez mintzatu beharko genuke edo gramatika kategoriez, oro har. Hitzen edo morfemen kategoria zein den esateari ez diogu uko egin nahi izaten, nahiz eta askotan eginkizun hori zaila gertatzen den. Hiztegietan hitzak soilik jasotzen dira, eta batzuetan samurra da hitz jakin bati zein kategoria dagokion erabakitzea, baina beste batzuetan arazo gehiago izan daitezke, hiztegietan beretan agerian jartzen den bezala. Esaterako, beste edo bera moduko sarreretan, Euskaltzaindiaren Hiztegiak ez du hitz hauen kategoria zehazten17.

2.3c Dena dela, morfemak edo hitzak banatzerakoan jakin behar dugu zenbat klase bereiziko ditugun eta zein irizpideren arabera sartzen dugun hitz jakin bat klase batean edo bestean.

Sintaxiari dagokionez, ohikoa da gure inguruko hizkuntzen gramatiketan, eta gurean ere bai hein handi batean, honako hitz klase hauek bereiztea: artikulua, izena, adjektiboa, izenordaina, aditza, adberbioa, preposizioa eta interjekzioa. Gure artean, jakina, preposiziorik ez da aipatzen, baina bai postposizioa. Euskaltzaindiaren Hiztegian izenlagun hitz klasearen ondoan, izenondo ere bereizten da: on, adibidez, izenondoa da, baina ondo, ongi, adizlaguntzat ematen dira.

Beraz, bi arazo ditugu: 1) zenbat kategoria bereizi behar diren, eta 2) zein irizpideren arabera kokatuko dugun hitz edo morfema jakin bat kategoria batean ala bestean (§ 11.2). Kategorien zerrenda aldatuz joan da denboraren arabera, eta baita hitz batzuen kategoria esleipena ere. Zenbait hitzen kategoria zein datekeen ere ilun dago. Adibidez, bider hitza (cf. zenbat bider) zein kategoriatakoa den zalantzak izan ditzakegu. Zenbatzailez lagundurik agertzen denez, izen kategoriakoa dela pentsa liteke (zenbat bider / zenbat egun), baina zenbat egunetan esan daitekeen bezala, *zenbat biderretan ez da esaten. Horrenbestez, postposizioa izan daiteke edo adberbioa. Aldiz ere hala izango da? Alegia, bi aldiz [[bi aldi] -z] gisa analizatu behar dugu ala [bi aldiz] adberbio gisa, behin bezala? Galderak nonahi.

2.4. Banako lexikoak eta banako funtzionalak

2.4a Gramatikaren eginkizuna, arestian esan bezala, perpausak “sortzea” bada, eginkizun horretarako zer motatako elementuez baliatzen garen jakitea nahitaezkoa da, denak ez baitira mota berekoak. Nolanahi ere, bi mota nagusi bereiz daitezke: banako lexikoak eta banako funtzionalak11.3). Gramatikagintza, eta sintaxia bereziki, arkitekturarekin konpara daiteke, batak etxeak zer diren eta nola eraikitzen diren esaten digu, eta besteak, berriz, perpausak zer diren eta nola eratzen diren. Etxe bat egiteko modu askotako gaiak behar ditugu, ez bakarrik adreiluak, habeak, oholak, teilak, leihoak, ateak eta holakoak, zementua, burdina, iltzeak, ura, karea, etab. ere beharko dira. Hizkuntzan ere berdin, badira osagai “nagusiak” dei genitzakeenak eta badira, nahitaez, beste elementu batzuk.

2.4b Izen kategoriakoak dira munduko izaki fisikoei edo gure gogoan sortzen ditugun kontzeptu abstraktuei erreferentzia egiteko baliatzen ditugunak (etxe, herri, txakur, mutil, irakasle, teoria, askatasun, eskubide, definizio, kontraste, etab.).

Badira, halaber, beste banako lexiko batzuk, aipatu ditugun izaki horien propietateak adierazten dituztenak (apal, fidagarri, gorri, handi, jakintsu, polit, zaunkari, etab.). Hauek adjektiboak dira (§ 2.4g).

2.4c Badira aditzak ere. Perpausean gertaerak, ekintzak, egoerak, prozesuak deskribatzen dira. Horretarako, aditzak nahitaezko dira (joan, mintzatu, egon, erosi, ekarri, gustatu, nahi izan, gosaldu, eskiatu…). Aditzak munduko izakiek parte hartzen duten egoerak (bizi izan, egon, jakin…) edo ekintzak (erosi, edan, eskatu, joan…) denotatzeko erabiltzen ditugun hitzak dira. Aditz jakin batek adierazten duen ekintzan edo egoeran parte hartzaile batzuk izango dira, batzuetan gehiago, beste batzuetan gutxiago. Aditz bakoitzak esango digu zenbat parte hartzaile “behar” dituen asebetetzeko eta, horrela, perpausa osatzeko. Parte hartzaile hauek munduko izaki edo entitateak izango dira, eta hauen oinarrian izenak daude (txakur, esne, etxe, gizon…). Adibidez, edan aditzak, gutxienez, bi entitate eskatzen ditu, edaria (gaia) eta edalea (egilea): [astoak]egilea [ura]gaia [edan zuen].

2.4d Aditza predikatu bat da, eta entitateen egoerak edo ekintzak predikatzeko erabiltzen dugu. Izenak, berriz, argumentuak osatzeko baliatzen ditugu. Hala ere, izen arruntak, berez, eta besterik gabe, ezin dira argumentu izan. Horretarako, determinatzaileren bat behar dute: txakurra, esnea, liburu hauek…; etxe guztiak, etxe oro, zenbait etxe…; hamar euro, bost mutiko, hiru ikasle hauek… Izan ere, etxe edo txakur, gizon… eta antzeko izenek ez diote izaki jakin bati erreferentzia egiten, ez dute izaki jakinik denotatzen, izaki batzuen propietate bat baizik, gure kasuan etxe, txakur edo gizon izatea, alegia. Predikatu baten argumentu izango badira, determinatzaileren bat behar dute: -a, hauek, guzti-ak, oro, zenbait, hamar… Determinatzaile hauek markatzen digute erreferentzia. Horregatik, ezin dugu benetan perpausik sortu izen soilekin, determinatu edo kuantifikatu gabekoekin: *Etxe guraso gustatu da ez da perpausa; aldiz, beste honako hau bai: Etxe hau gurasoei gustatu zaie. Aditz deitzen diogu, predikazioaren euskarri izan ohi den hitz klase bati.

2.4e Eta nola dakigu hitz bat aditza dela, aditz kategoriakoa, alegia? Nolako banaketa duen ikusi behar. Aditzaren banaketa badu, aditza izango da. Eta zein da banaketa hori? Predikazioaren gunean egotea, lehenbizi: Mikel berandu etorri zen diogunean, Mikeli buruz berandu etorri zela predikatzen dugu. Predikazio honen gunean etorri aditza dugu. Holakorik gabe nekez gauzatuko da perpaus bat.

Morfologiari begiratuz gero, berriz, aditz klaseko hitzak “jokatu” egin ohi dira: josi, jostea, josiko / ekarri, ekartze, ekarriko baina baita josi diot, esan genezake, ekar ditzagun eta abar.

Bestalde, aditz klasekoei itsasten zaizkie konplementatzaileak ere (§ 2.15), ba-, bait-, -(e)la, -(e)n, adibidez: Josiko diodala uste dut (josiko diot -(e)la); Ez da zaila, denok egin baikenezake (egin bait-genezake); Josi diodan botoia (josi diot -(e)n); Hori da egin genezakeen bakarra (egin genezake -(e)n)…

2.4f Esana dugun bezala, gramatikak hizkuntzaren antolamenduaz dihardu: hitzen egituraz arduratzen da, hitzok nola elkartzen diren, gero eta egitura konplexuagoak sortuz, eta egitura hauek zer-nolako esanahia duten esanaz. Eginkizun hori modu egokian betetzeko, atal berezietan banatzen da gramatika: morfologia hitzen egituraz eta osaeraz arduratzen da (eman-go n-i-e-ke, ema-te-ko-rik ez dut, egin-kizun, egi-le, egin behar, des-egin…). Sintaxiak, berriz, hitzok nola elkartzen diren, zein hurrenkeratan ezartzen diren eta batak bestearekin zer-nolako erlazioa duten esaten digu: *Eginkizun horrek emango nizkioke egileei vs Eginkizun hori emango nieke egileei, adibidez. Hots, morfema eta hitz horiek ez dute multzo desordenatu bat osatzen. Anabasa ikaragarria litzateke hori. Hizkuntzaren errealitatea bestelakoa da: mailak daude, elementu guztiak ez dira berdinak, egiturak daude, osagaien artean erlazio bereziak daude… Hitzak zer diren eztabaidan hasi gabe ere, argi dago hitz guztiak ez direla klase berekoak. Adibidez, izen klaseko hitzak eta aditz klasekoak bereiz daitezke. Sormen, etxe, bide… hitzak izen klasekoak direla esaten du gramatikak, eta, aldiz, sortu, etxeratu, bideratuaditz klasekoak. Eta hori ez da apeta. Izan ere, multzo edo klase bateko hitzak testuinguru jakin batean ager daitezke eta beste klasekoak beste testuinguru batean. Esaterako, sormen ikaragarria, etxe ikaragarria, bide ikaragarria esan daiteke euskaraz, baina *sortu ikaragarria, *etxeratu zen ikaragarria da edo *bideratu berandu zen ezinezkoak dira normalean. Eta alderantziz, {etxeratu/sortzen/bideratuko} dira edo etxeratze / sortuz gero… zilegi diren bezala, *sormendu/*sormeten/ *sormengo ez dira ezer. Honetaz konturatzea, izen klaseko hitzak eta aditz klaseko hitzak badirela bezainbat da. Klase bereko hitzak kategoria bat osatzen dutela esango dugu. Adibidez, aditz kategoriako hitzak klase berekoak dira, aditzak. Izen kategoriakoek izenen klasea osatzen dute (§ 11.5).

2.4g Adjektibo klaseko hitzak ere bereizten direla esan dugu goian (§ 2.3a). Adjektiboek ere beren banaketa dute. Hauen testuingurua ere argia da, zeren izen klasekoen eskuinaldean kokatu ohi dira, oro har: [IS gizon [Adj jator]] hura / *[[IS [Adj jator] [I gizon]] hura; [IS talde [Adj gazte]] -a vs [I [I gazte]-talde] -a. Gizon jator hura sintagma bidezkoa da, baina ez, *jator gizon hura. Horren arrazoia da, jator adjektiboa izanik, ezin dela joan izenaren ezkerraldean. Talde gaztea sintagma ere gramatikala da. Izan ere, adjektiboa (gazte) dagokion lekuan ageri da. Baina, orduan, nolatan da zuzena gazte taldea (edo zahar etxe), gazte adjektiboa talde izenaren ezkerrean badoa? Garbi dago: gazte kasu honetan ez da adjektiboa, izen elkartu baten lehen osagaia baizik ([I [I gazte] [I talde]]). Eta norbaitek zalantzarik baldin badu, adjektiboek oso, hain, -egi, -ago moduko kuantifikatzaileak onartzen dituzte; izenek holakorik ez: *{hain/oso…} gazte taldea vs {oso/hain} talde gaztea; *gazteegi taldea vs talde gazteegia.

2.4h Adberbioak/postposizioak ere kategoria lexikotzat hartzen dira, hizkuntzalarien artean eztabaidagarri gertatzen bada ere (§ 11.3b). Azken batean, pentsa liteke adjektiboek izenarekin duten erlazio bertsua dutela adberbioek aditzarekin edo perpausarekin: Berri tamalgarria izan dugu; Tamalez, ez dakigu ezer. Tamalgarri, berri izenaren eskuinaldean baitoa, adjektiboa da. Aldiz, tamalez adberbioa da, perpaus mailan kokatua, ez IS mailan.

2.5. Sintagmen izaera orokorra

2.5a Hitzak elkartzeko arauak aski hertsiak dira. Egiturak osatzen dituzte, eta egitura hauek nolakoak diren jakin beharko dugu beste ezer baino lehen. Alde honetatik, sintagma kontzeptua ezinbestekoa gertatzen da sintaxian. Fonologian fonema eta morfologian morfema dugun bezala, sintaxian sintagma izango dugu erabiliko dugun banako nagusia.

Gramatika perpausez aritzen da eta perpausok nola eratzen diren esaten digu. Perpausak sintagmaka zati ditzakegu. Zatiketa hori, hala ere, irizpide zehatz batzuen arabera egin behar da, ezin da osagai kate bat nolanahi zatikatu, zein eragiketatan edo prozesu gramatikaletan parte hartzen duten begiratu behar da: pronominalizazio prozesuetan, leku aldaketetan, juntaduran, elipsian eta holakoetan nola lan egiten duten ikusi behar. Atalak beste atal nagusiago batzuen atal izan daitezke, gainera.

2.5b Har dezagun, adibidez, honako perpaus hau: Nire aitaren etxeko morroiek ugari daukate ogia. Zazpi hitzez osatua dago perpaus hau. Eman dezagun lau ataletan banatzen dugula. Adibidez: Nire / aitaren etxeko / morroiek ugari / daukate ogia. Atal hauek nahierara bereizi ditugu. Beste modu askotara ere bana genitzakeen. Askoz zentzuzkoagoa da, adibidez, beste honako hau: Nire aitaren etxeko morroiek / ugari daukate ogia. Hain zuzen, perpaus honen bi atal nagusiak horiexek izan daitezke. Eta atal hauetako lehenbizikoari erreparatzen badiogu, honen atalkatze zuzena hau izan liteke: [[nire aitaren etxeko] morroiek]. Alegia, hango morroiek sintagmaren bidez ordezka daiteke: hango eta nire aitaren etxeko baliokide dira. Eta atalkatzearekin jarraituz: [[nire aitaren etxe] -ko] eta ondoren [[nire aitaren] etxe] eta [[nire aita] -ren] eta, azkenik, [[nire] aita] eta [[ni] -re]. Horrenbestez, sintagma osoak, mailaz maila, barnean dituen beste sintagmak kontuan hartuta, honako egitura hau proposa genezake: [11 [10 [9 [8 [7 [6 [5 [4 [3 [2 [1 ni 1] -re 2] aita 3]-a 4] -ren 5] etxe 6] -a 7]-ko 8] morroi 9]-ak 10] -k 11].

Atalkatze hau zuzena bada, osagai bakoitzari, zenbakien ordez, dagokion etiketa ezarri beharko genioke. Atal horietako bakoitza sintagma bat da. Hauek buru bat dute, eta buru honen arabera ezarriko diogu sintagma bakoitzari dagokion etiketa. Arbola bidez irudikatu ahal dugu argiago18:

Illustration

2.5c Arbola honek zerbait erakusten digu goiko perpausaren lehenengo atalaren egituraz. Ez gaude egitura lau eta lerrokatze soil baten aurrean. Bestalde, arbolaren adarrak batzen diren guneei etiketa bat jarri diegu zenbakien ordez, hortik beherakoa zein motatako osagaia den esaten diguna: DSerg; DS; IS; PS… Izan ere, ez da aski atalak eta atalen azpiatalak behar bezala bereiztea. Horietako bakoitzak bere izaera du, eta zein kategoriatakoa den ere esan behar du gramatikak. Atalkatzeari buruz, goiko zuhaitz horretan argi ikusten da sintagmen osagaiak binaka biltzen direla (gehienez ere): ni-re > nire aita > nire aita-ren eta abar, bata bestearen osagai direla. Adabegi bakoitzetik, hortaz, goia jota, bi adar aterako dira.

2.5d Sintagmen egituraren beste ezaugarri nagusi bat ere islatzen du goiko arbolak: sintagmek buru bat dute, eta buru horren islapen gisa ulertzen dira sintagmak. Endozentrikoak direla esan ohi da. Honek esan nahi du sintagma orok buru bat eta bakarra izango duela eta buru horren kategoria bereko izango dela sintagma ere. Hori esan nahi da sintagmak endozentrikoak direla diogunean. AdbS, adibidez, adberbioa buru duen sintagma da ([AdbS [PS atzo -z] [Adb gero]]); IS, izena buru duen sintagma ([IS [zure] [I etorrera]]); PS, postposizioa buru duen sintagma ([PS [IS zu] [P -gatik]]) eta abar.

Beste hirugarren baldintza bat ere bete behar dute sintagmek, alegia, kategoria lexiko orok sintagma gisa garatu behar du. Hots, izen bat (erosketa, esaterako) IS gisa gauzatuko da nahitaez, osagarria izan nahiz izan ez. Hortaz, [IS [I erosketa]] burua besterik ez duen sintagma izango da, baina etxearen erosketa edo etxearen erosketa harrigarri ere buru beraren (erosketa) gainean eraikitako sintagmak izango dira: [DS [IS etxearen [I erosketa] harrigarri] hura] nahiz [DS [IS [I erosketa]] hura].

2.6. Kategoria lexikoak, sintagmaburu

Kategoria lexiko deitzen ditugu eduki lexikoa duten hitzak. Izenek eduki lexikoa dute, aditz gehienek ere bai. Orobat, adjektiboek eta adberbio gehienek; izan ere, badira adberbio kuantifikatzaileak (hain, oso, guztiz…) determinatzaileen pareko direnak, eta beste batzuk (ongi, buruz, poliki…), berriz, eduki lexiko garbia dutenak, eta adjektiboen pare direnak. Beraz, eztabaida liteke multzo batekoak ala bestekoak ote diren. Postposizioak ere kategoria lexikotzat hartu izan dira, eztabaidak eztabaida. Determinatzaileak eta kuantifikatzaileak, aldiz, ez dira halakotzat hartzen (§ 11.3b).

2.7. Izena eta ISa

2.7a Izenaren inguruan biltzen den sintagmari izen sintagma (IS) deitzen zaio (§ 12.2). Etxe, gizon, ur, zalantza, gezur, errespetu moduko hitzak euskal hitzak dira eta, gainera, izen kategoriakoak direla onartzen dugu. Hala markatuak etorri ohi dira sarrera horiek hiztegietan. Baina hitz horiek, bere kasa, ez dute balio perpausaren zuzeneko osagai izateko: *Etxe ikusi dugu; *Gizon etorri dira; *Ur edan dugu eta abar. Gutxienez, mugatzailea edo kuantifikatzaile bat behar dute. Horrela, beste honako hauek perpaus zuzenak dira, eta lehengo izenen gainean eraikitako egiturak bidezkoak gertatzen dira: Etxe bat ikusi dugu; Gizon hauek etorri dira; Ura edan dugu… Hauek, ordea, ISak baino zerbait gehiago dira. DSak (determinatzaile sintagmak) dira, hain zuzen, determinatzailea buru duten sintagmak direla diote hizkuntzalariek.

2.7b Badira, ordea, izen kategoriakotzat eman ohi diren beste batzuk ere, izen bereziak edo propioak. Leku edo pertsona izenak izan ohi dira maiz, adibidez: Jon, Maddi, Haritz… edo Bilbo, Ataun, Donibane… (§ 12.3.2). Hauek, diren bezalakoak direlako, inolako mugatzailerik edo kuantifikatzailerik izan ez arren, lan egin dezakete perpaus osagai gisa, etxe, gizon eta holako izen arruntek ez bezala: Jon ikusi dugu; Maddi berandu etorri da; Bilbo hiri ederra da…

Baina guri hemen axola diguna da Jon, Maddi eta Bilbo egituren pareko sintagmak etxe bat, gizon hauek eta ura direla, eta ez etxe, gizon edo ur soilak. Izen batek, bere kabuz, ez du balio perpaus baten osagai izateko. Hiztegiko hitz arruntek ez dute kontzeptu abstraktu bat baizik adierazten, ez dute balio bizitza errealeko izakiak aipatzeko. Alde horretatik, [ur] eta [ur-a] eraikin sintaktiko desberdinak dira: *Ur bota du lurrera vs Ura bota du lurrera. Jon edo Maddi izenak, berriz, ur-a sintagmaren pareko direla onartuko dugu: Jon bota du lurrera; Maddi agurtu dugu, baina ez *Jona bota du lurrera; *Maddia agurtu dugu. Ur izen arrunta dela esango dugu, eta erreferentziazko adierazpen bat osatzeko determinatzailea behar du, Jon eta Maddi izenek ez bezala, hain zuzen. Izan ere, azken hauek determinatzailerik gabe erreferentziazkoak dira; beraz, DSa osatzeko gai dira beren kabuz.

2.7c Gaurko ohiko gramatiketan, ISa eta DSa bereizi ohi dira. ISa da barnean izen kategoriako hitza daraman sintagma. Baina arestian ikusi dugun moduan, izen soilak ez du bermatzen DS bat eraikitzea. Izen propioekin bai, baina izen arruntekin nekez. DSan mugatzaileak eta kuantifikatzaileak joko garrantzitsua dute. Hitz egiten dugunean, mundu errealeko izakiei buruz hitz egin behar izaten dugu, izaki horiek zein diren, zenbat diren, nolakoak diren eta holako informazioa eman beharra izaten dugu. Erreferente jakinaz aritzeko nahitaezko dugu IS hori kuantifikatua izatea. Norbaitek esango baligu *Etxe bisitatu dut, espero izatekoa litzateke gure aldetik honako edo antzeko galdera hauek egitea: zein etxe?, zenbat etxe?, nolakoa? Eta galdera horien erantzuna ez litzateke izango goian eman duguna, beste honako hau, Etxe-a bisitatu dut, edo hauen antzekoak baizik: Bost etxe hauek bisitatu ditut; Etxe horiek bisitatu ditut; Bi etxe bisitatu ditut; Bi etxe-ak bisitatu ditut; Etxe gorri horiek bisitatu ditut; Etxe guztiak bisitatu ditut…

Izen propioak ditugunean, gauzak alderantziz gertatzen dira: Beñat ikusi dut, ez *Beñat-a ikusi dut. Bestalde, Beñat hau ikusi dut edo Bi Beñat ezagutzen ditut zuzenak dira, nahiz eta oraingoan izen arrunt gisa-edo lan egiten duen Beñat izenak; Beñat hau zoratuta dago edo Zer Beñat ikusi duzu? galdera egiten dugunean, Gure Beñat ikusi dut diogunean bezala (ikus § 12.3.2c).

2.7d Izenordainek ere izen propioen ezaugarriak dituzte, antza. Pertsona izenordainek bestelako gehigarririk gabe osa ditzakete perpaus osagaiak, DSak zehazki: Ni ikusi nauzu; Geu joango gara lehenbizi… Hemen osagai horien erreferentzia zehatza da, eta goian egin ditugun moduko galderak egitea (zer/nor ikusi duzu?) ez litzateke normala izango, esaldia ongi ulertu duenarentzat behintzat. *Zenbat geu joango gara lehenbizi? ere ez litzaioke inori onargarria irudituko.

Kontua da, izen propioek eta izenordainek ISaren erreferentzia aski zehatza ematen digutela. Izen arruntek, aldiz, zenbait determinatzaile jokoan sartzen ez bada, nekez gauzatuko dute perpausaren osagai izan daitekeen sintagma bat, erreferentea duen osagai bat.

Sintagmaren erreferentzia aipatu dugu behin eta berriro. Liburu hauek, bi liburu, bi liburu hauek, ni, gu, norbait… bezalakoek erreferentzia jakin bat dute eta orduan predikatu baten argumentu izan daitezke, adibidez: {Liburu hauek / Bi liburu / Bi liburu hauek} idatzi ditu edo Ni agurtu nau; Gu etorri gara; Norbait aterako zaigu…

2.7e Baina izenak predikatuen argumentu ez ezik, predikatu ere izan daitezke: Edozein burutazio liburu bihurtzen du; Joxepa neskame joan zen Donostiara… Liburu eta neskame izen kategoriako elementuak dira. Hortaz, hauek ere ISak izango dira, baina goian ikusi ditugunak ez bezalakoak dira. Hauetan, goian egin ditugun galderentzako lekurik nekez izango dugu: *Edozein burutazio zer bihurtzen du?; *Joxepa zer joan zen Donostiara?… Hau nahikoa ez eta oraingoan mugatzaileak eta kuantifikatzaileak ez dute lekurik: *Edozein burutazio {bi liburu / liburua / liburu hau} bihurtzen du; *Joxe eta Antton {morroiak / bi morroi} joan ziren Asteasura. Arazoa zein den argi dago: denetan izena dugu (liburu, neskame, morroi), baina izenaren islapena ISa bada, nahaste pittin bat sortzen da goian aipatu ditugunak (liburu hauek; bi liburu…) eta besteak (liburu; neskame; morroi…) zaku berean sartu nahi baditugu. Nola askatu korapiloa? Ez da hain zaila. Saia gaitezen.

2.7f Sintagmak buru baten islapenak badira, hots, buru baten babespean garatzen badira, aipatu ditugun ustezko bi IS horiek, beharbada, ez dira mota bereko sintagmak. Orobat pentsa liteke determinatzailerik edo kuantifikatzailerik onartzen ez duten izen arruntek benetan ISak garatzen dituztela. Sintagma hauekin hastea komeni zaigu, hortaz, gauzak argiago jartzearren. Aldiz, determinatzaileak eskatzen dituzten izenek ISa baino zabalagoko beste sintagma batzuk garatzen dituztela pentsa liteke. Garai batean, gizon, gizon-a, bi gizon, bi gizon haiek, denak ISak zirela onartzen zen, baina ikusi dugu Asteasura joan zen morroi eta Asteasura joan zen morroia desberdinak direla. Lehenbizikoan morroi predikatua da, eta, horrenbestez, ez du erreferenterik; bigarrenean bai: Nor joan zen Asteasura? galderari erantzuten dio. Morroia pertsona jakin bat da hemen, baina lehenbizikoan beste zerbait. Gaur, gure ISa egiazki DSa dela aldarrikatzen duen hipotesia aski onartua dago. Xehetasun handietan sartu gabe, ideia litzateke neska alaia DSa dela. Beraz, sintagmaren burua ez dela neska izena, baizik -a determinatzailea, eta, horrenbestez, sintagma hori DSa dela, eta ez ISa, hots: [DS [IS neska alai] [D-a]]. Mikel morroi ibili zen perpausean, berriz, morroi izena predikatu bat litzateke eta garatuko lukeen sintagma, IS bat: Mikel [IS [I morroi]] ibili zen.

Hortaz, ISa baino “gorago” DSa egongo litzateke, eta “beherago” AdjSa edo perpaus erlatiboa, adibidez.

Izen propioen kasuan, ISa izen soilaz osatua egongo da: [IS [I Jon]]. Kasu honetan, gainetik ø determinatzailea izango genuke, hots: [DS [IS [I Jon]] [D ø]].

Pertsona izenordainen kasuan ere, izen propioen parekoak direla proposatu izan da, baina agian zuzenago litzateke pentsatzea determinatzaileak besterik ez direla, osagarririk gabeko determinatzaileak, hain zuzen: [DS [D ni/gu/norbait…]].

2.7g Horrela, [DS [IS gizon] [D-a]], [DS [IS Andoni] [D ø]], baina [DS [D {ni/gu/norbait…}]] izango lirateke. Honek esplikatuko luke, adibidez, -tzat postposizioak ezartzen duen eskakizun bat. Alegia, goiko sintagma horiek denak ezinezkoak gertatzen dira -tzat postposizioa erantsita. Antza, horren arrazoia da sintagma horiek denak DS mugatuak direla. Hortaz: *gizon-a-tzat, *Andoni-tzat, *ni-tzat. Baina IS soila badugu, balio erreferentzialik gabeko predikatu bat azken batean, orduan perpausa zilegi gertatzen da: Morroitzat hartu zuten nahiz Morroi hartu zuten.

Horrenbestez, ISaren burua izena izango da, eta adjuntu gisa edo osagarri gisa genitiboa edo bestelako sintagma bat izan dezake:

[DS [IS gure lagun] -a]

[DS [IS lagun [AdjS berri] -a]]

[DS [IS [IS gure lagun] berri] -a]

[DS [IS [P erlat agurtu dudan] lagun] -a].

2.8. Adjektiboa, AdjSaren buru

2.8a Adjektiboa ere kategoria lexikoa dela esaten da. Eta honek ere bere sintagma islatzen du, adjektibo sintagma (AdjS), alegia. AdjSa izenaren ingurura biltzen da adjuntu gisa, ez osagarri gisa. Izenaren eskuinean kokatzen da: kantu [AdjS alai] bat; mila olerki [AdjS eder]; edozein zoko [AdjS ezkutu]; bost sagar [AdjS gazi] horiek

2.8b AdjSaren kokagune hau dela eta, gramatikari batzuek iradokitzen dute AdjSa izenaren adjuntutzat hartu eta, horrenbestez, ISaren barneko osagai dela: [DS [IS zoko [AdjS ezkutu]] -a], alegia. Alderantziz, badira bestelako proposamenak ere: AdjSa goian eta honen barneko osagaia litzateke ISa. Hots: [DS [AdjS [IS zoko] ezkutu] -a]. Honen aldeko argudio bat izan liteke, hain zuzen, honako hau: euskaraz sintagmen burua eskuinaldean kokatzen dela onartzen da, eta adjektiboa izenaren eskuinean ageri denez, sintagma horren burua adjektiboa izan liteke, ezkerrean osagarria daramala. Alegia, [DS [kantu alai] horiek] nongoak dira? ikuspegi honetatik, DS horren egitura honako honen antzekoa litzateke: [DS [AdjS [IS kantu] alai] horiek], eta ez [DS [IS kantu [AdjS alai]] horiek].

2.8c DSaren barneko osagaia den AdjSaren pareko litzateke perpaus erlatiboa, eta baita erlaziozko postposizio sintagma ([… -ko]) ere: [DS [IS [KonpS zuk atzo aurkeztu zenidan] [PS Bilboko] mutil] [AdjS argal] hura]. Horra, ISaren barnean, izen beraren lagun gisa, erlatiboa eta PSa ezkerrean, eta AdjSa eskuinaldean.

2.8d Bestalde, DStik kanpo, AdjSa (edo ISa/DSa) bestelako osagai ere izan daiteke, predikatu gisa lan egiten duenean: Oso hunkigarria izan da dena. AdjStzat hartu ohi dugu oso hunkigarria, determinatzailea gorabehera. Horrenbestez, hau dugu AdjSaren beste kokagune bat. Gainera, adberbioak bezalaxe, adjektiboak kuantifikatzaile batekin joan daitezke: [AdjS {oso/hain/izugarri…} hunkigarria]. Perpaus konparatiboak ere ager daitezke AdjSaren hedapen gisa: [AdjS ikustea bezain garrantzitsua] da entzutea. Hemen ere maila kuantifikatzailea dugu: [[QS hain [AdjS hunkigarri]] -a] bezala [[QS [KonpS atzokoa (izan zen)] bezain] [AdjS hunkigarri] -a]. Alegia, hain hunkigarria eta atzokoa bezain hunkigarria taxu bereko sintagmak dira, AdjS kuantifikatu bat edo, agian, barnean AdjS bat gordetzen duen kuantifikazio sintagma (QS deitu duguna oraingoz, deitura hoberik ezean).

2.9. Adberbioa, AdbSaren buru

2.9a Adberbioak ere sintagmak islatzen ditu. Ohiko adberbioekin (beti, gaur, ongi, pozik, honela, horrela…) AdbSa adberbioaz bakarrik osatua egon daiteke, osagai bakarra burua delarik, besterik gabe: Beti dabil horrela; Pozik dabil orain Hots: [AdbS [Adb beti/gaur/ongi/pozik/honela…]]. Adberbio hauek, nolabait, intrantsitiboak direla esan liteke, ez baitute osagarririk. Aditzentzat kontzeptu hori baliagarri bada, adberbioentzat eta beste kategoria batzuentzat ere, agian, baliagarri izan liteke. Badira hori proposatzen duten hizkuntzalariak.

2.9b Mendian gora edo basoan zehar moduko sintagmak ere badira. AdbSak direla onartzen badugu, burua adberbio bat izango litzateke. Gora hala da, eta, seguru asko, zehar ere bai. Zehar nahitaez osagarri bat ondoan duela agertuko da. Horrenbestez, oraingoan, trantsitiboa dela esan ahalko dugu, zenbait hizkuntzalarik dioten moduan. Aldiz, mendian gora sintagmaren burua gora dela pentsa daiteke, eta kasu honetan osagarriarekin edo gabe erabil daiteke: Mendian gora joango gara vs Gora joango gara. Nolanahi ere, sintagma hauen burua adberbio kategoriakoa da.

Eta, AdjSak bezalaxe, kuantifikatzaile bat ere {hain/oso/biziki…} izan daiteke tartean: Ez dabil [hain pozik]; [Biziki arin] gidatzen du

Kuantifikazio hau perpaus konparatiboaren bidez ere gauza daiteke: [Inork baino hobeto] daki berak; [Maitek bezain ongi] pintatzen du

2.9c Postposizio sintagmen burua ere maiz adberbio bat izan ohi da, eta buru horrekin batera osagarri bat ere agertuko da. Adibidez: Hemen gaudenez gero, hitz egin dezagun; Etxeaz gainera lana ere galdu duGero, gainera eta beste hainbat adberbiok postposizio gisa lan egin dezakete, adibideek erakusten duten moduan. Baina holako gehienek burujabe gisa ere lan egin dezakete: Gero hitz egingo dugu; Lana ere galdu du, gainera eta abar.

2.9d Adberbio hauen ezkerretara osagarria ager daitekeela esan dugu: [AdbS [PS hemen gaudenez] gero]; [AdbS [PS etxeaz] gainera]. Baina badira adberbio erlatibo deitzen direnak ere: arte, bitartean… Hauek ageri diren egiturek erlatiboen taxu bera dute: [PS [Perlat hemen gauden] bitartean] (hots, ‘bitartean hemen gaude eta bitarte horretan’). Honako hauetan bezalaxe, hain zuzen: [DS [Perlat hemen erosi dugun] etxea] (‘hemen etxea erosi dugu eta etxe hori’). Betiere, AdbSen aurrean gaude, bitartean, arte(an) eta holakoak adberbiotzat har baititzakegu, inesibo batetik eratorriak izan arren (bitarte-an, arte-an). Dena dela, oraingoan ere burua sintagma osoaren eskuinaldean ikusiko dugu gehienbat.

2.10. Postposizioa eta PSa

2.10a Gramatika honetan bereiziko ditugu, batetik, postposizioak (-n inesiboa; -tik ablatiboa; -ra adlatiboa; -z instrumentala, etab.: ikus 20. kapitulua eta § 21.6), eta bestetik, egiturazko kasu markak (-ø absolutiboa; -k ergatiboa; -i datiboa: ikus 18. kapitulua). Morfologiatik begiratuta, denak postposizioak direla esan liteke. Hortaz, galde liteke ea zergatik bereiz tratatzen ditugun egiturazko kasu direlakoak eta postposizio sintagmak. Bereizketa egin behar da, dudarik gabe. Izan ere, egiturazko kasua erakusten duten sintagmek zeregin berezia dute perpausean. Adibidez, subjektua, egiturazko kasu horietako baten bidez markatua egon ohi da, absolutiboaz batzuetan eta ergatiboaz besteetan. Aditzaren komunztaduran ere hiru kasu horiek hartzen dute parte, ez inesiboak edo adlatiboak, adibidez. Bestalde, egiturazko kasu direlako horiek ez dira -ko postposizioarekin elkartzen: *gizonariko gutuna (cf. gizonari eman diodan gutuna / gizonaren gutuna); *trenako bidea (cf. trena doan bidea / trenaren bidea). Aldiz, besteak bai: etxera-ko bidea; urrez-ko lepokoa; elkarreki(n)-ko errespetua… Hortaz, denak postposizio izanik ere, arrazoi sendoak badira multzo berean ez sartzeko. Horregatik, zenbaitek proposatzen duen moduan, kasuzko postposizioak (ø absolutiboaz gainera, -k ergatiboa, -(r)i datiboa eta -(r)en genitiboa) eta adberbiozko postposizioak (-n, -tik, -ra, -z…) bereiz litezke. Nolanahi ere, gramatika honetan, azken hauei deituko diegu postposizio edo postposizio sintagma. Lehenbizikoei zuzeneko deitura emango diegu: DS absolutiboa, DS ergatiboa, DS datiboa eta DS genitiboa.

2.10b Esanak esan, postposizioek beren sintagma osatzen dutela onartuko dugu, postposizio sintagma (PS), alegia, postposizioa buru duen sintagma: etxe eder hartan, menditik, Gernikara, zutaz… PSak dira. Sintagma hauen burua eskuin muturrean itsatsia ageri den postposizioa izango da, eta ezkerraldean, berriz, buru horren osagarria den DSa edo beste PSa egongo da. Buru horiek postposizio itsatsiak (§ 19.2) ez ezik, postposizio askeak (§ 19.3) ere izan daitezke. Adibidez:

etxe eder hartan

menditik

Gernikara

bost herri haietara

[PS [DS etxe eder har-][P ta-n]]

[PS [DS mendi-] [P -tik]]

[PS [DS Gernika-] [P -ra]]

[PS [DS bost herri haiek] [P ta-ra]]

zutaz

zein etxetan

[PS [DS zu-] [P ta-z]]

[PS [DS zein etxe] [P ta-n]]

jendearengan

elkarrengan

zuregatik

zuretzat

gurekin

[PS [DS jendea-ren] [P ga-n]]

[PS [DS elkar-en] [P ga-n]]

[PS [DS zu-re] [P ga-tik]]

[PS [DS zu-re] [P -tzat]]

[PS [DS gu-re] [P ki-n]]

zure barruan

gure ondotik

horri buruz

[PS [DS zu-re] [P barru-(a)-n]]

[PS [DS gu-re] [P ondo-tik]]

[PS [DS hor- -i] [P buru-z]]

etorri zarenez gero

[PS [PS [KonpS etorri zara -en] -(e)z] [P gero]]

etorri zaren bezala

[PS [KonpS øi etorri zara -en] [P bezalai]]

2.11. Aditza eta ASa

2.11a Aditzak ere, izenak bezala, bere sintagma garatzen du, bera delarik buru. Horrenbestez, aditza buru duen sintagma aditz sintagma (AS) dela esango dugu. «A» honen ondora biltzen dira DSak, elkarrekin AS deitzen duguna sortzeko. DSek marka gramatikal bereziak erakutsi behar dituzte (postposizioak, hain zuzen), aditzarekin batera lan egingo badute. Har dezagun hiztegiko aditz bat, erosi, esaterako. Honen definizio gisa honako hau esaten zaigu Euskaltzaindiaren Hiztegian: “zerbait ordainketaren bidez eskuratu”. Predikatu honen esanahiak iradokitzen dizkigun izen eta adjektibo kategoriako hitz batzuk jaso ditzakegu hiztegitik. Adibidez, etxe, polit, banku, bat, gizon, herri… Hemendik [bankuak] [herriko gizon bati] [etxe polita] erosi bezalako kate egituratua osatzeko, zenbait elementu erantsi behar izan dizkiogu hiztegiko hitz multzo horri: izenen gainean ISak osatu behar izan ditugu, hauen gainean DSak eta hauek erosi aditzari erantsi. Baina IS edo DS horiek ere zenbait marka behar izan dituzte: banku-a-k, herri-ko gizon bat-i. Ondoren, hauek denak aditzari itsatsi zaizkio, taxu bat gordeaz betiere, eta horrela lortu dugu AS dei genezakeen sintagma bat. Edo nahi bada, bankuak DS ergatiboari, subjektua denez, leku berezia eskain dakioke perpausean. Hau ohikoa da gramatiketan. Baina subjektuaren gune berezi horretara “iristeko” bidea zein den ere eztabaidatzen da hizkuntzalarien artean. Teoria zenbait badira. Gu horietan ez gara murgilduko. Aski dugu onartzea aditzarekin erlazio berezia dutela sintagma hauek guztiek. Aditzarekin bat eginda ageri den baina egiazki perpausaren buru den inflexioak, eta komunztadurak bereziki, agintzen du azkenean zein leku ematen zaien egituran absolutiboari, ergatiboari eta datiboari, egiturazko kasu deitzen direnei, hain zuzen. Dena dela, aditzaren inguruan biltzen diren osagai horiek ASa osatzen dutela onartuko dugu, aditza betiere buru dela. Adibidez: [AS [DSerg bankuak] [AS [DSdat herriko gizon bati] [AS [DSabs etxe polita] [A erosi]]]].

2.11b Aditzak mota askotakoak dira, eta bakoitzak bere osagarriak hautatzen ditu. Gure kasuan, erosi predikatuak hiru argumentu eskatzen ditu: eroslea (bankua), salerosketaren gaia (etxe polita) eta salmentaren onuraduna edo jomuga (herriko gizon bat). Badira, ordea, hainbeste argumentu behar ez dituzten aditzak. Erori-k, esate baterako, aski du argumentu bakarrarekin: etxe polit bat erori, adibidez. Argumentu bakar hau absolutiboz “jantzia” agertuko da eta beste argumenturik ezean, berau izango da subjektua: [AS [DSabs etxe polita] [A erori]]. Badira irakin edo bazkaldu bezalako aditzak ere, argumentu bakarrekoak, baina oraingoan argumentu bakar hori ergatiboz markatuta gauzatuko da: Urak ez du oraindik irakin; Hementxe bazkalduko dugu (guk). Kasu horretan, berau izango da perpausaren subjektu.

ASaren barne egitura zein den eztabaidagai da aspalditik. Sintagmaburua aditza dela argi dago. Hortik kanpo, osagai batzuk burutik hurbilago egongo dira beste batzuk baino; adibidez, osagarriak hurbilago egongo dira adjuntu soilak direnak baino. Egiturazko kasua erakusten duten osagaiek leku nabarmena izango dute ASaren barnean (hauek dira komunztaduran markatuak agertuko direnak), baina argumentu ez diren sintagmei zein leku esleitu behar zaien eztabaidagai da. Horrela, ASaren egitura biziki korapila liteke. Hiztunak ez dira korapilatzen, hizkuntzaren teoriaz ari direnak bai. Nolanahi ere, ASaren barnean beste sintagma mordo bat aurki daiteke, teorian behintzat; horrela, ASaren egitura eta osagai hierarkia zein den ikustea zailago gertatzen da.

2.11c ASa aditz baten inguruan antolatzen da, hortaz. Aditz bakoitzak, ordea, bere eskakizunak ditu. Erori aditzak, arestian ikusi dugunez, aski du argumentu bakarrarekin, erori dena zer/zein den esango diguna: teila bat erori; euri tantak erori. Euskaraz absolutibo deitzen den kasuaren bidez markatua eman ohi dugu.

Baina erori predikatu horrek inguruan bestelako osagaiak ere izan ditzake, ablatiboa (nondik), adlatiboa (nora) eta holakoak bereziki, mugimendu aditz batez ari baikara: [Teila bat]ZER erori da [teilatutik] NONDIK [gure etxeko patiora] NORA.

Erosi aditzak, berriz, absolutiboaz gainera, ergatiboa (nork) ere eskatuko du, eta beste hainbat adjuntu inesiboan, destinatiboan… Adibidez: [Gure lagunek]nork [etxe berria]zer erosi dute [Gernikan]non [udarako]noizko. Eta horrela, aditz guztiak.

2.11d Esan ohi da aditz bakoitzak bere argumentu egitura duela (§ 23.3). Argumentu egitura honek esaten digu aditz jakin baten inguruan zer-nolako osagaiak joan behar duten. Argumentu horiek, perpausean, sintagma gisa gauzatuko dira. Eta sintagma bakoitzak berari dagokion rola beteko du: bata egilea izango da, bestea gaia, bestea instrumentala, bestea lekua, etab. Adibidez, honako hitz segida hau, Jonek amari zazpi jostunek jositako gona zuria ekarri dio Bilbotik edozein euskal hiztunentzat euskarazko perpaus gramatikal bat da. Euskal hiztun horrek, gramatika pixka bat baldin badaki, perpaus hori zein osagaiz osatua dagoen ere esan dezake. Adibidez, badugu adizki nagusi bat: ekarri. Eta adizki nagusi honen inguruan zenbait osagai. Hauetako osagai batek ekartzeko ekintza hori nork gauzatu duen esaten digu, nor izan den ekarlea: Jonek, ergatiboa (§ 18.3). Bada ekarritako objektua zein den adierazten diguna ere: zazpi jostunek jositako gona zuria. Hau absolutiboan doala esan ohi dugu (§ 18.2). Gure kasuan, atal luze xamarra eta konplexua da zazpi jostunek jositako gona zuria, baina askoz elementu gutxiagorekin ere osa liteke: gona edo gona bat, besterik gabe. Beste batek, berriz, ekintza horren hartzailea zein den esaten digu: amari. Datiboan doa (§ 18.4). Eta azkenik, ekarri dio aditzaren inguruan doazenen artean, badugu beste atal bat ekartze hori nondik egin den esaten diguna: Bilbotik.

Aditzaren argumentuak sintagma gisa gauzatuak ageri zaizkigu perpausean. Horretarako, sintagmak determinatzaileak, etab. izango ditu, eta azkenean kasuari dagokion informazioa ere behar izango da.

2.11e Hiztunak hau dena badaki, nahiz eta gehienetan ez den jakite horren jakitun. Badaki, adibidez, zazpi jostunek jositako gona zuria osagaia ekarri dio aditzaren objektua dela, hau da, badaki “zer ekarri dio?” galderari erantzuten diola. Halaber, badaki sintagma hori ere egituratua dagoela, modu berezi batean egituratua, hain zuzen. Hor ere bada adizki bat, jositako, eta honen inguruan ere sintagma batzuk badira. Sintagma horietako bat zazpi jostunek dugu, subjektua. Honek josi aditzaren egile rola betetzen du, nork josi duen esaten digu. Gona sintagma ere hor dugu. Beraz, hemen ere aditza bere bi argumentuez inguratua dago, nahiz eta gona sintagma ez den ageri (zazpi jostunek gona josi). Gona hau, berez, Jonek ekarritakoa bera da. Ekarri-ren objektua dela esan dugu eta hala da. Ekarri-k, josi-k bezalaxe, bi argumentu behar ditu. Kasu honetan, perpaus erlatibo mota baten aurrean gaudela esango du gramatikak. Eta josi aditzaren objektu izango litzatekeen argumentua beste perpauseko aditzaren argumentua bera denez gero, isilpean gelditzen da, nahiz eta, perpausa interpretatuko bada, isilpean geratu den argumentu hori ere nonbait badela pentsatu behar den. Hala ulertzen dugu, behintzat. Hori dena diosku gramatikak. Modu eskematiko batean azaltzeko: [Zazpi jostuneknork gona zuriai nor josia -tako]P. Erl. gona zuriai ekarri.

Baina aditza eta honen inguruko osagai hauek ere ez daude nolanahi elkartuak. Hemen ere hierarkia bada, eta, horrenbestez, perpauseko osagai horien artean mota desberdinetako loturak eta erlazioak gertatzen dira. Adibidez, esan ohi da aditzaren inguruko horien artean badela bat besteen gainetik nabarmentzen dena, subjektu deitzen dena, hain zuzen. Eta bai izen sintagma bera, bai aditz sintagma bakoitza bere aldetik modu jakin batean egituratua egongo da. Adibidez, aditz sintagma hori [DS1 + DS2 + DS3 … + aditza] izango da. Baina honek ere bere egitura, bere hierarkia izango du: objektu zuzena deitzen duguna aditzetik hurbilago dago zehar-objektua baino, eta hauek baino gorago eta urrunago egongo da sintagmaren egituran beste edozein adjuntu. Hots: [[DS Mikelek] [AS [guri [AS gezurra esan] zigun] [PSlehengoan]]].

2.12. Kategoria funtzionalak, sintagmaburu

Kategoria funtzionalek informazio gramatikala ematen dute, gramatikak berak finkatzen dituen adiera abstraktuak, alegia. Batetik, erreferentzia finkatzen duten elementuak ditugu: determinatzailea eta inflexioa lirateke adibide argienak, eta azken hauen barnean, denbora, modua, aspektua, komunztaduraZenbatzaileak eta kuantifikatzaileak determinatzaile mota bat izan daitezke, izenordainak bezalaxe. Nolanahi ere, zenbaitetan zalantza eta eztabaida sortzen da, postposizioen eta adberbioen kasuan, esaterako.

Kategoria funtzionala da, halaber, konplementatzailea eta beste hainbat, azken urteotan proposatuak eta eztabaidagai direnak oraindik: numeroa, generoa

2.13. Determinatzailea(k) eta DSa

2.13a Arestian ikusi dugunez (§ 2.7), ISaren gainetik daukagu DSa (determinatzaile sintagma), determinatzailea buru duen sintagma. Perpauseko argumentu izateko, ISak ezinbestekoa du determinatzaile batera biltzea, IS biluziak, determinatzaile gabe, ez baitu balio predikatuaren argumentu izateko: *[IS asto] ikusi nuen vs [DS [IS asto] -a] ikusi nuen; *[IS geltoki berri] eraikiko dute vs [DS [IS geltoki berri] bat] eraikiko dute… Gauza bera, postposizioa dela eta, zeren postposizio askok osagarritzat DSa hartzen dute. Determinatzailea burua dela onartzen ez bada, ISaren osagai dela esan beharko da gutxienez. Gauzak horrela direla onartuta, deskribapen ohikoa da esatea perpausak ISa eta ASa osagai nagusiak dituela. Honek deskribapen maila soilean balioko luke, baina sintagmak buru baten gainean eraikiak direla onartzen bada, eta, horrenbestez, ISaren burua Izena bada, ikusi egin beharko litzateke gainerako osagaiek, edo gure kasuan determinatzaileak zer lan egiten duen eta zein den egituran duen kokagunea. Errazago da ustezko IS horiek determinatzailedunak direla onartzea, eta determinatzaile hau sintagmaren buru dela. DSak direla, alegia, barnean determinatzailearen osagarri delarik ISa. Adibidez, Paraje ederrak aurkitu ditugu perpauseko paraje ederrak DSa izango litzateke, -ak determinatzailea buru, eta sintagmaren barnean, buruaren osagarri paraje eder ISa: [DS [IS paraje eder] [D -ak]].

2.13b Bi eratako determinatzaileak ditugu (ikus § 15.1): batetik, mugatzailea (-a/-ak/-ok, -ik) eta erakuslea (hau/hori/hura eta hauen pluralak eta indartuak); bestetik, kuantifikatzaileak (bost, asko, zenbat, ezer, zer…). Mugatzailea eta erakuslea sintagmaren eskuin muturrean kokatzen dira. Partitibo delakoa ere (-ik) mugatzaile berezi bat dugu (ikus § 15.5). Mugatzaile kuantifikatzaileak, edo zenbatzaileak nahiago bada, gehienak ISaren ezkerraldean kokatzen dira: bost etxe polit; hiru leiho berriak; edozein mukizu; zenbat diru.

Determinatzaileen artean bateraezintasuna ere gerta daiteke. Horrela, *edozein arrain-ak okerra da, baina arrain hauek, bost arrain, bost arrain hauek akatsik gabeak ditugu. Badira, halaber, batera joan behar dutenak ere: Herri bakoitz-a begiratu behar da (*herri bakoitz); Liburu guzti-ak irakurri ditugu (*liburu guzti), esaterako. Hau dena kontuan hartu beharrekoa da gramatikan.

2.13c Izen propioak ere hor daude. Pertsona izenek, esaterako, mugatzailerik ez dute izango agerian, normalki (ikus § 15.2.2a): Pello, Itziar… izan daitezke DSak, nahiz eta agerian determinatzailerik agertu ez. Eta mugatzailearekin nahiz zenbatzaile batekin ager daitezkeenean, pentsatu behar dugu, neurri batean behintzat, izen arrunt gisa erabiliak direla: Nondik agertu da Pello hau? Adjektibo baten laguntzaz doazenean ere mugatzaile eta guzti erabiliko dugu: Antso Azkarra. Dena dela, kasuistika guztia argitzea ez da erraza. Determinatzaileek lan handia egiten dute sintaxian, eta hiztunak bere barnean dituen arauak modu esplizitu batean ematea ez da lan samurra.

2.14. Inflexioa, perpausaren (= Inflexio sintagmaren) buru

2.14a Izen arrunta buru duen ISa, bere kasa, erreferentzia seinalatzeko gai ez den bezala, AS soila, edo nahi bada, subjektua eta ASa, besterik gabe, ez dira gauza perpausa osatzeko: *Peruk mahaspasak jan; *Niri asko gusta gozokiak… ASak zerbait behar du perpausa osatutzat eman ahal izateko. Inflexioa deituko diogu osagai honi, edo laguntzailea. Honi esker, gure adibide “herrenak” perpaus oso bihurtzen zaizkigu: Peruk mahaspasak jaten ditu; Niri asko gustatzen zaizkit gozokiak. Laguntzaile terminoak badirudi adizkiari egiten diola erreferentzia batez ere, adizki laguntzaileari: etorriko litzateke; esan diogu; konta geniezaieke Gainera, adizki sintetiko deitzen direnen kasuan (natorkizu, lekarke, dihardu…), ez da erraz ikusten zer datekeen laguntzaile hori, adizki bakarrean integratua baitago. Gauzak horrela, egokiago dirudi inflexio deiturak, gaurko sintaxilari askok egiten duten moduan. Horrek aditz guztientzako balio du, sintetiko nahiz analitikoentzat, jokatu nahiz jokatugabeentzat. Eta are garrantzitsuago dena: inflexioa perpausaren osagai bat da, ez aditzarena, nahiz eta adizkiaren morfologiaren parte gisa agertzen den. Morfologiak hala agintzen baitu. Morfologiak agintzen du, DSen kasuan ere, artikulua eta postposizioa sintagmako azken elementuari itsatsiak joatea, nahiz eta egiazki sintagma osoari dagozkion: borondate oneko hiritar libreekin / borondate oneko hiritarrekin / borondate onekoekin. Adizkiarekin bat egina agertu arren, inflexioa ere perpaus osoari dagokio. Horregatik, bera dela perpausaren buru aldarrikatzen da gaur egun. Eta perpausaren burua inflexioa bada, horrek esan nahi du perpausa, azken batean, inflexio sintagma (InflS) dela. Berau da, hain zuzen, gramatika egitura nagusia, sintagma nagusia, alegia.

2.14b Horrenbestez, perpaus oro Infl buru baten gainean eraikia egongo da. Xehetasun guztietan sartu gabe, honelatsu izan litezke gauzak:

Illustration

2.14.1. Perpaus jokatuetako inflexioa

2.14.1a Inflexio delako horretan informazio ugari biltzen da. Adibidez, denbora markatzen da, Etxera noa eta Etxera nindoan perpausen artean dagoen denbora aldea inflexioan jasoa dago: noa (orainaldia) / nindoan (iragana) edo dakigu (oraina) / genekien (iragana). Aspektua ere inflexioan markatua dago, modua bezalaxe: Etxera joan naiz / Etxera joaten naiz / Etxera joango naiz / Etxera noa / Etxera joan naiteke… aspektu marka desberdinez agertzen zaizkigu. Eta Etxera joan naiteke eta Joan nadin etxera perpausetan modu desberdina adierazten du inflexioak: batean ahalera eta bestean subjuntiboa.

Inflexioan jasotzen den beste informazio nagusia pertsona eta numero komunztadura da: Pozik joango naiz (ni) / Pozik joango gara (gu) / Pozik joan haiteke (hi) / Pozik ikusten zaituztet (nik-zuek)…

2.14.1b Morfologiaren ikuspegitik, goian esan bezala, inflexioa adizkian jasotzen da, baina perpaus osoari dagokiola erraz ikus daiteke. Denbora, adibidez, perpausari dagokio, perpausean aditzera ematen den gertaera edo ekintzaren denborari egiten zaio erreferentzia, betiere hizketa unea abiapuntu dugula: Zure ilobekin ikusi zintudan badiot, iraganeko gertakizun batez ari naizelako da, atzoko edo joan den asteko gertakizun bati buruz, esate baterako, Atzo zure ilobekin ikusi zintudan (*Gaur zure ilobekin ikusi zintudan).

2.14.1c Perpausaren burua inflexioa dela kontsideratzeak baditu alde on asko, teoriari dagokionez ere. Alde on horietako beste bat ere bada, garrantzi handikoa. Izan ere, sintagma guztiak endozentrikoak direla esaten da eta hala behar duela, gainera. Garai batean, perpausa IS batez eta AS batez osatua zegoela esaten zenean, edo, onenean ere, IS batez, AS batez eta Aux batez osatutzat ematen zenean, perpausa sintagmen endozentrikotasunetik kanpo gelditzen zen. Horregatik, perpausa InflSa dela aldarrikatzeak esan nahi du perpausa sintagma bat dela eta sintagma honek buru bat duela, inflexioa. Inflexio horrek bere barnean hainbat informazio biltzen duenez, egitura ere berezia izango du. Badira hizkuntzalariak inflexio sintagma hori zenbait sintagmatan bereizteko aukera eskaintzen dutenak. Ur sakonetan murgildu gabe, aski dugu onartzea gramatikak sortzen duen sintagma nagusia, perpausa, InflSa dela. Eta Infl horretan biltzen direla, nolabait, aldia, aspektua, modua eta pertsona eta numero komunztadura.

2.14.1d Hortaz, perpausa inflexio sintagma (InflS) dela onartuta, inflexioa jarri beharko dugu perpausaren buru. Haur batek ordua galdetu zigun perpausak, adibidez, honako egitura hau izango luke, gutxi gorabehera, ikuspegi honetatik:

Illustration

2.14.2. Perpaus jokatugabeetako inflexioa

2.14.2a Perpaus jokatugabeetan inflexioa ez da hain konplexua gertatzen. Izan ere, komunztadurarik ez da, ez eta denbora markarik ere. Adibidez, Zuk egitea nahi dut eta Zuk egitea nahi nuen: hauetan ageri diren mendeko perpausetan ez da denbora diferentziarik egiten; perpaus nagusietan bai, noski, (nahi dut vs nahi nuen), adizki jokatuak baititugu. Perpaus hauen baliokide diren beste hauetan (Zuk egin dezazun nahi dut vs Zuk egin zenezan nahi nuen), aldiz, bai. Subjuntiboa aditz jokatua da eta aldia markatzeko aukera ematen du. Perpaus jokatugabeak, ez.

2.14.2b Aspektuari dagokionez, zu agurtzearren eta zu agurtu arren adiera desberdinekoak dira. Kasu honetan, agurtze / agurtu kontrakotasuna aspektuzkoa dela dirudi. Beste batzuetan, ordea, aspektu hori neutralizatua gertatzen da: Eskerrik asko deitzeagatik diogunean, aspektu burutua edo burutugabea izan daiteke. Aldiz, aspektua gorabehera, Zu agurtzeagatik kritikatu naute esaten da. Zu agurtu (izan)agatik kritikatu naute perpausak aspektu marka desberdina du, baina formalki hala izanik ere, marka horrek ez du aspektu baliorik, perpaus kontzesiboak osatzeko modu bat da.

2.14.2c Horrenbestez, perpausa InflSa dela onartuta, inflexioa jarri beharko dugu buru perpaus jokatugabeetan ere. Nik kontu hori {jakitea / jakin izana} harrigarri egin zitzaion perpauseko inflexioan zer biltzen den garbi ez badago ere, -t(z)e/-tu atzizkiak izango lirateke inflexio horren adierazpenak (aspektu diferentziaren bat adierazteko edo):

Illustration

2.15. Konplementatzailea, KonpSaren buru

2.15a DSak perpaus barnean kasu markaz edo postposizioz hornituak doazen bezala (gizona-k, gizona-ri, gizon haue-ta-z, gu-re-kin, zu-en-gan-a eta abar), perpausak ere (InflSak) modu jakinean markaturik agertuko dira beste perpaus baten mendeko direnean: [Etorriko nintze-la] esan nion; [Erosi duzu-n] arraina garestia da; Ez dakit [zenbat balio du-en]… Mendeko perpaus hauek -(e)n/-(e)la markaz hornituak ageri dira. Marka hauei deitzen diegu konplementatzaile. Perpaus jokatuari erantsita ageri diren -(e)n, -(e)la, bait- dira nagusiak (§ 30.6). Beste hizkuntzetarako proposatu izan diren konplementatzaileen pareko direla onartzen da: [InflS [KonpS [InflS bihar jai egingo dute]-(e)la] erabaki dute]. Marka hauek perpaus osoari dagozkio, kasu postposizioak DS osoari dagozkion bezala.

Adibidez, Zu hain pozik ikustearekin denok poztu ginen perpausean txertaturiko perpaus mendekoa, xehetasun askotan sartu gabe, honelatsu analizatu ahalko litzateke: [PS [DS [InflS Zu hain pozik ikuste]-a]-re-kin] denok poztu ginen.

Maiz perpausek berek ere postposizio bat izan ohi dute ondoren: [PS [InflS etorriko naiz]-ela] uste dut; [PS [InflS gonbidatu naute]-n-ez gero].

2.15b -(e)la forma bera oinarrian (-en) konplementatzaileaz eta -la postposizioaz osatua dagoela dirudi. Baina erabileraren eraginez, forma biak batu eta -(e)la forma konplexua eratu da, nonbait. “Gramatikalizazioa” izan dela pentsa daiteke, zeinetan -en “konplementatzailea + -ela postposizioa “konplementatzaile konplexu” gisa erabiltzera pasatu den. Ondorioz, honela azter daiteke aurreko adibideko sintagma: [KonpS [InflS etorriko naiz]-(e)la], honako hau bezalaxe: ez dakit [KonpS [InflS joango naiz]-en].

2.15c Adizki jokatugabea duten mendeko perpausetan -(e)n/-(e)la/bait-en ordez, ohiko DSetan agertzen diren kasu markak edo postposizioak agertuko dira: [Zu han ikustea-k] poztu ninduen; [Zu agurtze-ra] etorri naiz; [Hori ikusi-rik], kezkatu nintzen… Hemen ikusten ditugun markak DS arruntetan ikusten diren berberak dira. Eta hauek ere konplementatzailetzat har litezke, edo agian zuzenago, esan beharko genuke konplementatzaileak eta gainerako postposizioak, direla kasu postposizioak, direla adberbio postposizioak, funtsean gauza bera direla. Gauza bera dira, kategoria bera, deitzen ditugun bezala deitzen ditugula. Nolanahi ere, ikuspegi honetatik perpausaren egitura eta egitura horren osagaiak nola taxutzen diren argiago ikus daiteke.

Illustration

2.16. Juntaduraren arazoak

2.16a Arestian “konplementatzaile(ak)” izena erabili dugu, baina horiei “menderagailu” ere deitu izan zaie euskal gramatikan. Beste hizkuntza batzuetan, berriz, “menderakuntza-juntagailu” deitura ere erabili izan da. Guk hemen “juntagailu” kategoria juntadurarako gordeko dugu (ikus 28. kapitulua). Juntagailuak euskaraz ere badira, baina koordinaziozkoak dira, koordinazio juntadura gauzatzen dutenak. Hauetan juntagaiak sintaktikoki maila bereko izan ohi dira ([InflS [InflS etorri da] [junt [eta] [InflS berehala alde egin behar izan du]]), eta ez bata bestearen mendeko ( [[KonpS [InflS berehala alde egin behar izan du] [Konp-ela]] uste dut] perpausean gertatzen den bezala). Konplementatzaileak, izan ere, postposizioen edo kasu marken pareko lirateke, eta ez juntagailuen pareko19.

2.16b Joango naiz eta zerbait esango diot moduko perpaus juntatuak bereziak dira sintagmen kontu honetan. Hauetan ez dugu buru baten gainean garatutako sintagmarik. Burua eta osagarriaren artean hierarkia dago, mendekotasuna. Juntadura bestelako egitura bat da: [InflS [InflS Joango naiz ] eta [lnflS zerbait esango diot]]. Bai juntadura eta bai menderakuntza DSen artean ere gertatzen da: [DS [DS haurraren] guraso -ak] vs [DS [DS haurra] eta [DS gurasoak]]. Zenbakien egituran ere bi eratako erlazioak ikusten ditugu: [hamar [mila]] vs [[mila] eta [hamar]]. Bietan zenbatekoa adierazten dugu, baina batean 10.000 (hamar bider mila) dena, bestean 1.010 da (mila gehi hamar). Juntaduran bururik ez dagoenez, juntagaiak eta juntadura bera kategoria bereko izan ohi dira. Aldiz, mendekotasun erlazioa dagoenean, buruak agintzen du sintagmaren kategoria zein den.

Hortaz:

Illustration

Baina

Illustration

2.17. Interjekzioak, esaldi mailako elementuak

Interjekzioak eta heiagorak perpausetik kanpoko osagaiak dira. Esaldian maiz tartekatzen dira, baina betiere perpausaren egituratik at geratzen dira: adio, agur, aupa, ene!, ai, ai ama…

Interjekzioek hizketa ekintzak gauzatzen dituzte. Ez dituzte ekintzak edo gertaerak deskribatzen, loreak gustuko ditut moduko perpaus batek egin dezakeen moduan, ekintzok gauzatu egiten dituzte. Jendea agurtzeko (agur, hepa…), harridura edo samina azaltzeko (ai!, ai ene!), zin egiteko (alajainkoa, alafede…) erabiltzen ditugu. Hitz klase bat dira, bistan da, eta hiztegietan ager daitezke, baina interjekzioek ez dute sintagmarik islatzen. Bestelako sintagmak interjekzio edo heiagora izan daitezke, nolabait: perpaus bat adibidez (on egin dizula!, burutik pasatzea ere!, ez eta pentsatu ere, tira!…), edo determinatzaile sintagma bat (nolako lanak!, zer lotsa!), adjektibo sintagma bat (lotsagarria), baina interjekzio batek ez du perpaus bat osatzen, ez eta interjekzio sintagmarik ere. Horregatik, nekez eman ahalko dugu interjekzio bat zehar-estiloan. Aldiz, galderak, aginduak eta adierazpenak erraz eman daitezke.

17 Biak kategoria bereko dira, determinatzaileak, egituraz konplexuak: bera < ber -a (cf. Ber gizon-a) eta bigarrena kontrakoa, beste < ber ze (ber –ez gizon –a > bertze gizona).

18 -KO postposizioaren osagarria DS dela ezarri dugu. Alegia: [nire aitaren etxe (-a)] -KO], baina zehazki mintzatuz, nire aitaren etxeko-ren azpian dagoena [… etxe-an-ko] dugula esan beharko litzateke. Gauzak soiltze aldera egin dugu horrela. (Ikus § 21.8).

19 Hala ere, baditugu euskaraz juntagailu sortu eta menderagailu edo bihurtu direnak: garestia da baina erosiko dizut > erosiko dizut, garestia da baina. Bigarren aldaeran, garestia da baina PStik hurbil dago.

Oharra
Euskararen Gramatika Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen ekarria da. Beraz, lanak ez du eragozten edo baldintzatzen Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak etorkizunean ondu edo moldatu ditzakeen alor honetako bestelako lanak, arauemaileak ere aintzat harturik.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper