Kokapena:
11.1a Gramatika kategoriak hizkuntzetako ale lexikoak sailkatzeko erabiltzen diren klase formalak dira, esate baterako, izenak, aditzak, adjektiboak, postposizioak eta abar. Sail horietan sartzen ditugun aleek ezaugarri morfosintaktiko eta, hein batean, semantiko berberak izaten dituzte. Adibidez, mahai eta erle ale lexikoak izenak direla esaten dugu, biek banaketa morfosintaktiko bertsua dutelako eta biek egiten diotelako erreferentzia munduan edo gure gogoan existitzen den entitate bati. Dena dela, aurrerago ikusiko dugun bezala, sarritan ale lexikoak kategorietan sailkatzeko erabiltzen diren irizpideak ez dira oso argiak; izan ere, kategoria berberei egozten zaizkien aleek ez dituzte beti ezaugarri berberak izaten, eta alderantziz, kategoria desberdinetako aleek berdintsu jokatzen dute zenbait testuingurutan.
11.1b Kategoria kopuruari dagokionez, ez dago hizkuntzalaritzan erabateko adostasunik. Askotarikoak dira kopurua ezartzeko ezintasun horren arrazoiak. Arestian aipatu dugun irizpide garbien urritasunari gaineratzen zaio hizkuntzen arteko aldakortasuna. Izan ere, normalean zerrendatzen diren kategoria guztiak ez daude hizkuntza guztietan. Ezaguna da, esaterako, hizkuntza askotan guretzat hain oinarrizkoa den adjektibo kategoria ez dela existitzen. Adjektiboen ordez, izenak edota aditzak erabiltzen dituzte hizkuntza horietan. Bestetik, hizkuntza batean kategoria bati egozten zaizkion ezaugarriak, beste hizkuntza batzuetan ez dira beti kategoria bereko aleetan aurkitzen. Bestalde, hizkuntza batean oinarrizkoa dirudien kategoria batek, beste batetik eratorria irudi lezake beste hizkuntza batean. Laburbilduz, kategoria gramatikalen zerrenda unibertsal bat egitea lan zaila (edo ezinezkoa) dirudi. Hala eta guztiz ere, gramatika honetan ditugun helburuak betetzeko asmoz, guk hemen oinarrizko hamar kategoria zerrendatuko ditugu, euskararen gramatika kategoriak ulertzeko eta deskribatzeko lagungarri izango zaigulakoan: izena, aditza, adjektiboa, postposizioa, adberbioa, determinatzailea, flexioa, mailakatzaileak, menderagailuak eta juntagailuak.